2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Hirigintza-hitzarmena Baiona etorbideko 38an. Behin betiko onespena
Iruñeko Udalak, 2025eko ekainaren 5ean egin osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:
PLE 05-JUN-25 (6/CU).
«Toki-erakundeek, hirigintzaren arloan dituzten eskumenen esparruan, hirigintzaren funtzio publikoa gauzatzean, akordioak egin ditzakete pertsona publikoekin zein pribatuekin (kasuan kasuko lurren jabe direnekin zein ez direnekin) hirigintza jarduera hobeki eta eraginkorrago garatzen lagun dezaten.
Ildo horretan, Iruñeko Udalak interes publikokotzat jotzen du hiriarentzat Donibane auzoko hirigintza-eraldaketako jarduketa proposamen bat, auzoa erabat eraikia baitago, jarduketak ahalbidetuko duelako haren xede den lurzatian, etxebizitza libreak ez ezik, etxebizitza babestuak eta eremua dinamizatu eta berroneratuko duen zuzkidura espazio publiko bat (Civivoxa) ere egitea. Baiona etorbidearen eta Martín Azpilcueta kalearen bidegurutzean kokatua dagoenez, auzoaren erdigunean, kokapen egokia du erabilera mota horretarako, eta auzoko beste zuzkidura batzuk osatuko ditu, hala nola Yamaguchiko liburutegia.
Hitzarmen honen xedea da hirigintza-jarduketa hori arautuko duen esparru orokorra ezartzea. Izan ere, Baiona etorbideko 38ko lurzatian (katastroko 3. poligonoko 243. lurzatia) aplikatu beharreko determinazioetan aldaketak egin behar dira bertan eraikigarritasuna handitu ahal izateko eta erabilera publikoak eta bizitegi erabilera pribatuak bateragarri egiteko eta, halaber, horiek garatzeko eta gauzatzeko beharrezkoak diren determinazioak eta proposatzen diren jarduketei lotutako betebeharrak ezarri behar dira.
Iruñeko Udalak, 2025eko apirilaren 3an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen "Iruñeko Udalaren eta Gaiaz 38 Taldea SL enpresaren arteko hirigintza-hitzarmena" izeneko dokumentua, Donibane auzoan hirigintza-eraldaketarako jarduketa-proposamen bat garatzeko. Erabaki hori argitaratu zen 2025eko 80. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 24an.
Dokumentua jendaurrean jarri ondoren, eta ezarritako epea igaro ondoren, ez da alegaziorik edo iradokizunik jaso, eta Udalbatzak hasierako onespena eman zion eduki bera izanen du dokumentuak.
Horiek horrela, honako hau erabaki da:
1. Behin betiko onestea "Iruñeko Udalaren eta Gaiaz 38 Taldea SL enpresaren arteko hirigintza-hitzarmena, Donibane auzoan hirigintza-eraldaketako jarduketa proposamen bat garatzeko". Agiri hori erabaki honen eranskinean jasoa dago.
2. Alkateari ahalmena ematea hitzarmena sinatzeko.
3. Hitzarmena jasotzea Hirigintza-hitzarmenen artxiboan, jarraikiz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 26. artikuluari (legegintzako foru-dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).
4. Erabaki hau jakinaraztea Gaiaz 38 Taldea SL enpresari, eta kasu bakoitzean bidezko diren errekurtsoen berri ematea».
Ebazpen honen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da:
–Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita; edo, bestela,
–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.
Iruñean, 2025eko ekainaren 13an.–Alkatea, Joseba Asiron Saez.
Iragarkiaren kodea: L2508560