Iragarkia
132. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 3a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ITURMENDI
Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez eta funtzionarioen araubidean betetzeko
Iturmendiko Udaleko Alkatetzaren 2025eko ekainaren 16ko ebazpen baten bidez, deialdi bat onetsi da, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat.
OINARRIAK
1. oinarria. Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez eta funtzionarioen araubidean betetzea Iturmendiko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat.
1.2. Era berean, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, hautapen prozeduran lanposturik lortzen ez duten izangaiekin (9. apartatuan ezarritakoarekin bat), lanpostuak aldi baterako betetzeko, zerbitzuan sortzen diren beharren arabera.
1.3. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bateginean eta Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan D mailari dagokion ordainsaria izanen du lanpostuak, bai eta Iturmendiko Udaleko plantilla organikoan jasotzen diren osagarriak ere, eta Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaio.
1.4. Ordutegia eta lanaldiaren araubidea izanen dira Udalak zerbitzuaren beharrei erantzuteko ezarritakoak, eta behar horien arabera aldatzen ahalko dira.
1.5. Lanpostuak euskarazko nahitaezko hizkuntza eskakizun hau du: B2 maila.
1.6. Prozesua gainditzen dutenen zerrendarekin eginen da zerrenda bat, lehenik, deialdiaren xede den lanpostu hutsa betetzeko eta, bigarrenik, aldi baterako kontratazioak egiteko. Halakoetan, kontratazioak eginen dira hertsiki lotuz hautaprobak gainditu dituzten izangaien arteko puntuazio ordenari.
1.7. Deialdi honen ondorioz izendatzen den izangaiak honako eginkizun hauek izanen ditu, besteak beste:
–Azpiegitura publikoak mantentzeko lanak, hala nola hilerria, bideak konpontzea, plaza publikoak, parkeak eta lorategiak, udaletxea, kontsultategia eta Udalaren gainerako higiezinak.
–Kaleak eta bide publikoak garbitzeko lanak.
–Berdeguneak, zuhaiztiak, loreak eta zuhaixkak mantentzeko lanak (kimatzea, belardia moztea, landatzea, ereitea, ongarria botatzea...), barnean direla udalerriko ureztapenak kudeatzea. Izurrite arruntei aurre egiteko bitartekoak ere kudeatuko ditu, eta beharrezkoak diren tratamenduak aplikatuko ditu, horretarako baliatuz metodo jasangarriak, ekologikoak eta ingurumena errespetatzen dutenak.
–Igeltserotzako lanak, iturgintzakoak, oinarrizko elektrizitatekoak, soldadurakoak, zurgintzakoak, pinturakoak eta lorezaintzakoak, beharrezkoak direnak azpiegituren, parkeen, lorategien, berdeguneen eta udal-eraikinen ohiko mantentze-lanetarako. Beharrezkoa bada, konponketak eta obra txikiak ere eginen ditu.
–Toki batetik bestera mugitzea eta instalatzea hiri barneko altzariak eta objektuak: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak, eta abar.
–Bere jardun-eremuarekin lotutako makineria, ibilgailu, erreminta eta lanabesak kontrolatzea, maneiatzea, mantentzea eta konpontzea, bai eta erreminten eta makinen behar posibleak proposatzea eta justifikatzea ere. Orobat, egin beharko ditu udal-ibilgailuaren oinarrizko mantentze- eta zaintze-lanak.
–Basolanak eta ingurumena zaintzera bideratutakoak, bai eta ibaiak eta ezpondak zaintzekoak ere; hori guztia udalaren eskumenen esparruan.
–Eremu publikoak prestatzea ospakizunetarako, eta haietan behar diren gauzak jartzea. Agertokiak eta bestelako altzariak muntatzea eta desmuntatzea jai eta ekitaldi publikoetan.
–Udaletxea eta gainerako ekipamenduak garbitzea.
–Hilerriko zerbitzu integraleko lanak. Desobiratzeak eta hobiratzeak.
–Kontrolatzea eta begiratzea ea betetzen diren Udalaren ordenantzak, eta ikuskapena egitea hirigintza eta ingurumen gaietan, begiratuta eta jasota ea betetzen den araudia honako hauen gainean: lizentziak eta obrak, bide publikoaren okupazioa, isurketak eta abar.
–Udalaren hainbat zerbitzu koordinatzea: hilerria, kale-garbiketa udal eraikinen garbiketa, lorategien zaintza, udal eraikinetako mantentze-lanak, instalazio eta azpiegituren mantentze-lanak, bai eta zerbitzu horietara atxikitako langileen eta aldi baterako kontratatzen direnen lana koordinatzea, planifikatzea eta haiekin elkarlanean aritzea.
–Haren ardura izanen da udal langileei betearaztea laneko segurtasun eta higieneko eta laneko arriskuen prebentzioko neurriak.
–Zaintzea udal-mugartea, trafikoa, aparkamendua eta bide publikoen okupazioa.
–Administrazio-lanetan laguntzeko eginkizunak, haren esku uzteko modukoak.
–Bere maila eta kategoriaren barnean agintzen zaizkion gainerako lanak.
1.8. Lanpostua bete gabe utz dezake epaimahaiak, iritziz gero izangaietatik bakar batek ere ez duela lanpostuan aritzeko behar bezalako jakintza maila, gaitasun edo prestakuntzarik.
2. oinarria. Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla medio.
Parte har de zakete, orobat, espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko tratatuek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude, bai eta herritar horien ondorengoek eta –legez bananduta ez badaude– ezkontidearenek, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.
b) Adinez nagusia izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.
c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hau izatea: DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Lehen Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat; edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.
Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.
d) Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B2 mailaren baliokidea den titulua edo ziurtagiria izatea edo eskatutako hizkuntza-maila zehazten duen proba bat gainditzea, jarraikiz otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretuan xedatutakoari (haren bidez arautu zen euskararen erabilera Nafarroako Administrazio Publikoetan). Proba hori eginen da lehenengo proba baino lehen.
Probak egin eta kalifikatuko dituzte Euskarabideko edo Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuko langileek edo horiek eskuordetzen dituztenek.
e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
f) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.
g) B motako gidabaimena izatea.
2.2. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, bai eta hautaketa-prozeduran zehar eta kontratazioak iraun bitartean ere.
3. oinarria. Eskabideak aurkeztea.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Iturmendiko Udaleko Erregistro Orokorrean, 30 egun naturaleko epearen barnean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Aipatu eskabideak deialdian I. eranskin gisa argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta horiekin batera aurkeztuko dira honako agiri hauek:
a) Nortasun agiri nazionalaren kopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen duen beste agiri baliokideren batena.
b) Eskatutako tituluaren kopia konpultsatua, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
c) Euskara tituluaren kopia konpultsatua, Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatu ahalko dena edo ofizialki baliokidea den titulua aurkeztuta; bestela, proba bat gainditu beharko da, izangaiaren hizkuntza maila behar adinakoa dela egiaztatzeko.
d) Lehiaketaldian izangaiak baliatu nahi dituen merezimenduen jatorrizko agiriak edo kopia autentifikatuak.
e) Izangaiaren gidabaimenaren kopia konpultsatua; gutxienez B motakoa behar du.
3.2. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
4. oinarria. Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Iturmendiko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Iturmendiko Udalaren iragarki-taulan. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da izangai onartuen behin betiko zerrenda.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta horiek ebatzita, Iturmendiko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bai eta Iturmendiko Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan ere.
Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
5. oinarria. Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
Epaimahaiburua: Kai Galartza Cervera, Iturmendiko Udaleko alkatea.
Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.
1. epaimahaikidea: Javier Zelaia Etxarri, Urdiaingo Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua, funtzionarioa.
Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.
2. epaimahaikidea: Alberto Tollar Marquinez, Etxarri Aranazko zerbitzu anitzetako langilea, funtzionarioa.
Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.
3. epaimahaikidea: Susana Mendinueta Flores, Cederna Garalur elkarteko teknikaria.
Ordezkoa: Alaitz Ibarguren Beloki, Iturmendiko Udaleko arkitekto aholkularia.
Epaimahaikide-idazkaria: Eunate Nicuesa Txakon, Iturmendiko Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: María Barkos Berruezo, Lakuntzako Udaleko idazkaria.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Iturmendiko Udalari hala jakinarazi, baldin suertatzen badira urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako ezarrita dauden arrazoiak (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaiaren osaera aldatzen bada abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla medio, izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.
5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago kideen gehiengo osoa gutxienez.
Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren apartatuen interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, laguntzeko proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
Epaimahaiak eskatu ahal izanen ditu erabakiak hartzeko behar dituen txosten tekniko eta juridikoak.
6. oinarria. Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.
Hautapen-prozesua bi fasetan eginen da, hurrenez hurren, oinarri hauetan adierazitako moduan: lehenbizi, lehiaketaldia, eta bigarrenik, oposizioaldia. Oposizio-lehiaketan, guztira, 100 puntu lortzen ahalko dira. Horietatik, 20 puntu lehiaketaldiari dagozkio, eta 80 puntu, berriz, oposizioaldiari.
6.1. Lehiaketaldia.
6.1.1. Lehiaketaldian, 20 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ez da baztertzailea izanen.
Oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea egitean aurkeztu eta egiaztatu beharko dira merezimendu guztiak. Agiri horiek jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatuak izan beharko dute, bestela aurkeztu gabetzat joko baitira.
Merezimenduen baloraziotik ateratzen diren puntuazioak oposizioa hasi baino lehen argitaratuko dira Udalaren web-orrian eta ediktu-taulan, eta aditzera emanen da hurrengo bost egun balioduneko epean izangaiek erreklamazioak aurkezten ahalko dituztela.
Egindako zerbitzuen apartatuan alegatutako merezimenduak frogatu beharko dira dagokion administrazio publikoaren ziurtagirien bidez, eta ziurtagiri horietan agertu beharko dira lan egindako denbora, kategoria profesionala eta lanaldiaren iraupena.
6.1.2. Kalifikazio-epaimahaiak deialdiko baremoaren arabera kalifikatuko eta puntuatuko ditu alegatutako eta frogatutako merezimenduak.
6.1.3. Agiriek eduki beharko dute aipatutako baremoa aplikatzeak eskatzen duen informazio guztia. Ez dira kontatuko justifikatzen ez diren merezimenduak.
Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu azalpenak eta datu osagarriak, lehiakideek alegatutako merezimenduen gainean.
Deialdia argitaratu ondotik egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.
6.1.4. Lehiaketaldiak 20 puntuko balorazioa izanen du gehienez. Honela banatuko dira puntuak:
a) Deialdi honetako zerbitzu anitzetako lanpostuaren gisako eginkizunetan beste administrazio publiko batzuetan edo enpresa pribatuetan egindako zerbitzuengatik, II. eranskinarekin zerikusia duten lanak egiteagatik, administrazio publikoaren esparruan: 2 puntu urteko. Gehienez 8 puntu eskuratzen ahalko dira.
Zerbitzuak frogatuko dira dagokion erakundeak emandako ziurtagiri baten bidez. Ziurtagirian agertu beharko dira zerbitzuaren iraupena, betetako lanbide-kategoria eta lan-bizitzaren txostena. Dokumentazio horretan agertu behar dira izendapenaren edo lan-harremanaren hasiera eguna eta bukaera eguna (edo, kasua bada, indarrean jarraitzen duela), izendapenaren eta kontratuaren xedea eta lanaldi mota. Baldin deialdia egiten duen toki-erakundeari berari badagokio ziurtagiri hori ematea, eskatzaileak ez du aurkeztu beharko.
Urte kopuruak ez badu egiten zenbaki oso bat, dagokion proportzioan kalkulatuko da puntuazioa.
Lanaldia osoa ez bada, dagokion proportzioan kalkulatuko da, orobat. Zerbitzuak bete izana frogatzen duten agirietan espresuki adieraziko da zerbitzu haiek lanaldi osokoak ala murriztukoak ziren, eta lanaldia murriztua bazen, zenbatekoa zen.
b) Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duen prestakuntza-titulazioa edukitzeagatik, eta lanpostuarekin lotutako LH2, erdi mailako gradua edo haren baliokidea den titulazioa edukitzeagatik, irizpide hauen arabera ateratzen diren puntuazioak emanen dira:
–Erakunde publiko aitortuek antolatutako ikastaro bakoitzeko, lanpostuaren eginkizunekin zerikusia badute eta gutxienez 20 ordu eta gehienez 50 ordu irauten badute: 2 puntu.
–Erakunde publiko aitortuek antolatutako ikastaro bakoitzeko, lanpostuaren eginkizunekin zerikusia badute, eta 50 orduko iraupena gutxienez: 5 puntu
–Goi-mailako heziketa zikloko edo batxilergoko titulazioa edukitzeagatik. 1 puntu emanen da.
c) Euskaraz B2 mailatik gorako jakite-maila edukitzeagatik, titulu ofizial bidez frogaturik: 2 puntu.
6.1.5. Epaimahaiak bere iritzia arrazoituz baloratuko ditu izangai bakoitzaren kasuan egokitzat jotzen dituen merezimenduak. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak alegatu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik.
Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan argitara emanen du izangai bakoitzak lortutako puntuazioa.
Lehiaketaldian eskuraturiko puntuak oposizioaldian lortutako puntu guztiei batuko zaizkie, eta horren emaitza izanen da oposizio-lehiaketan guztira eskuraturiko puntuazioa.
6.2. Oposizioaldia.
6.2.1. Alkatetzak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta ebazpen horretan zehaztuko dira oposizioko lehenbiziko proba egiteko tokia, eguna eta ordua.
Oposizioaldiko proba bakoitza zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin, eta, halaber, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.
Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena, edo, bestela, epaimahaiak nortasuna frogatzeko nahikoa irizten dion beste identifikazio agiri bat.
Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.2.2. Oposizioaldiko probak honako apartatu honetan zehaztutakoak izanen dira, deialdiko II. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzkoak, eta gai-zerrendako ordena berean eginen dira.
6.2.3. Oposizioan 80 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ariketa hauek izanen ditu:
6.2.3.1. Lehen ariketa.
Ariketa teorikoa izanen da, eta II. eranskineko gaiei buruzko galdera batzuei (galdera laburrak eta/edo test motakoak) erantzun beharko zaie idatziz. Gehienez 50 galdera labur izanen dira, edo test motakoak, non hiru edo lau aukera emanen baitira galdera bakoitzari erantzuteko. Ongi erantzundako galdera bakoitzari 1 puntu emanen zaio, eta erantzun oker bakoitzagatik 0,5 puntu kenduko dira. Erantzun gabe utzitako galderak ez dira puntuatuko, eta haiengatik ez da punturik kenduko.
Kalifikazioa: ariketan gehienez 50 puntu lor daitezke.
Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 25 puntu lortzen ez dituztenak.
6.2.3.2. Bigarren ariketa.
Proba praktiko batzuk egin beharko dira, lanpostuarekin zerikusia izanen dutenak, II. eranskinean jasotako gaiei buruzkoak.
Apartatu honetan gehienez ere 30 puntu emanen dira, eta gutxienez 15 puntu lortu beharko dira bigarren ariketa honetako proba guztietan.
7. oinarria. Probak gainditzen dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.
7.1. Hautaprobak bukaturik, epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian jarriko du probak gainditzen dituztenen zerrenda, oposizio-lehiaketan lortutako kalifikazioekin, eta lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik. Gero, zerrenda hori Alkatetzari igorriko dio, eta, horrekin batera, igorriko dio probak puntuazio altuenarekin gainditu dituen izangaia izendatzeko –eta, beraz, kontratatzeko– proposamena eta espediente osoa.
Halaber, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda osatzeko proposamena igorriko dio, aldi baterako kontratazioetarako poltsa eratzeko. Izan ere, hura erabiliko da, indarrean dagoen bitartean, egitekoak diren kontratazioak egiteko. Indarraldia 4 urtekoa izanen da gehienez.
Izendatzeko proposamen hori argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, iragarki-taulan eta Udalaren webgunean.
7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hamabost egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalaren Erregistro Orokorrean:
1.–Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
2.–Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoak betetzeko ezgaiturik edo gabeturik, eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.
3.–Osasun ziurtagiria, frogatzen duena ez duela eritasunik edo akats fisikorik, galarazten dionik karguaren eginkizunetan aritzea. Izangaiak minusbaliotasunen bat alegatzen badu, egiaztagiri bat aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana, non azalduko baitute bateragarriak direla hura eta deialdi honetako xede den lanpostua.
7.3. Aipatu epearen barnean, eta aski arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, hautaturiko izangaiak ez baditu aurkezten aipatu agiri horiek, ezin izanen da izendatu eta, beraz, bere jarduketa guztiak deuseztaturik geldituko dira, galarazi gabe deialdian parte hartzeko eskabidean egin faltsukeriagatik legokiokeen erantzunbeharra.
7.4. Aurreko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, lanpostua beteko du 7.1 oinarrian aipaturiko gaindituen zerrendan ondo-ondotik datorren izangaiak. Harekin ere aurreko apartatuetan adierazitako moduan jokatuko da.
8. oinarria. Izendapena, lanpostu hutsaren adjudikazioa eta jabetza hartzea.
8.1. Alkateak Iturmendiko Udaleko funtzionario izendatuko du aurreko apartatuetan ezarritakoa betetzen duen izangaia, eta behar den kontratua sinatuko du, bete dezan zerbitzu anitzetako lanpostua.
8.2. Kontratua sinatzearen eta lanpostuaren jabetza hartzearen ondorioz, izendatua funtzionario bilakatuko da, eta izanen ditu indarreko xedapenek Iturmendiko Udalaren zerbitzuko langile horientzat ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta hartan alta emanen zaio, araubide horretan xedatutakoaren babesean.
8.3. Izendatutako izangaiak 30 eguneko epean jabetu beharko du lanpostuaz, izendapena egiten den egunetik zenbatzen hasita.
Epe horretan eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badu, galduko ditu Iturmendiko Udaleko enplegatu izateko eskubide guztiak. Kasu horretan, jarraikiko zaio deialdiaren 7.4 apartatuan ezarritakoari.
Kontratatutako izangaiak bi hilabeteko probaldia egin beharko du, eta kontratuak berariaz adieraziko du hori. Epe horretan, langileak izanen ditu betetzen duen lanpostuari dagozkion eskubide eta betebehar berberak, plantillakoa balitz bezala, eta lan-harremana desegiten ahalko da probaldia bukatutakoan, alderdietako edozeinek hala nahi badu, inolako arrazoirik alegatu gabe eta aurreabisurik eman gabe.
9. oinarria. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.
9.1. Zerrendan lehentasuna finkatzeko, probetan lortutako puntuazio handienari erreparatuko zaio. Berdinketa egonez gero, bigarren proban (proba praktikoa) puntuazio handiagoa erdietsi dutenen alde jokatuko da. Berdinketak bere horretan segituz gero, lehiaketaldian puntuazio handiagoa erdietsi duenaren alde jokatuko da.
9.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan sartuko dira bi ariketetan (teorikoa zein praktikoa) eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortu duten guztiak.
9.3. Artikulu honen bidez osatzen diren zerrendek 4 urteko indarraldia izanen dute gehienez.
9.4. Zerrenda kudeatuko da oinarri hauetan xedatutakoaren arabera, eta oinarriotan xedatuta ez dagoen orotan, Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoari jarraikiko zaio.
9.5. Lokalizatuak izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), bai eta helbide elektroniko bat ere. Informazio hori une oro eguneratua eduki behar dute.
9.6. Aldi baterako kontratazioa egin behar denean lanpostu baterako, dei eginen zaio une horretan zerrendako lehen lekuan dagoen izangaiari. Izangai bakoitza lokalizatzeko bi saiakera eginen dira telefonoz bi lanegun jarraitutan, eta dei horien frogak jasoko dira; alegia, eguna, ordua eta inguruabarrak. Telefonozko harremana izateko lehenbiziko saiakerarekin batera, mezu elektroniko bat bidaliko da izangaiak emandako helbide elektronikora. Mezu elektroniko hori bidaltzen denetik egun bateko epean erantzunik lortzen ez bada, eta telefonoz hitz egiterik ere ez bada, zerrendako hurrengoari deituko zaio.
Udala izangai batekin harremanetan jarri, eta kontrataziorako eskaintza bat eginik, izangaiak erantzuten ez badu edo uko egiten badio, zerrendako azkeneko postura igaroko da, salbu eta frogatzen badu arrazoi justifikatuengatik uko egiteko kasu batean dagoela, 9.7 apartatuan xedatutakoarekin bat.
Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan duen lehentasunari eutsiko dio eta zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.
Izendapena eginda, Udalak aldi baterako kontratatuko du proposaturiko izangaia.
9.7. Honako hauek onartuko dira arrazoi justifikatu gisa eskainitako lanpostuan kontratatzeari uko egiteko, eta, beraz, ez dute izangaiaren lehentasun ordena aldatuko aldi baterako kontratazioko izangaien zerrendetan:
a) Aldi baterako ezintasuna.
b) Amatasun edo aitatasun baimena.
c) Hiru urtez azpiko haurra zaintzea, edo hiru urtez azpiko adingabea harrera iraunkorrean edo adoptatua izatea.
d) Zaindu behar izatea bigarren mailara arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena adina, istripua edo eritasuna dela kausa.
e) Norberaren ezkontza edo parekatutako egoera, jarraikiz uztailaren 3ko 6/2000 Legeari (Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko Legea), baldin eskainitako kontratazio administratiboaren hasiera eguna badago hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturaleko epearen barnean.
f) Kontratazioren bat indarrean izatea, izan administrazio-araubidekoa edo lan-araubidekoa.
g) Ikasketak aurrez aurre egiten egotea, eskaintzen den kontratuaren ordutegi berean.
h) Desgaitasunen bat behar bezala onartua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren ezaugarri bereziekin.
Aipatu egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute –uko egin dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik– agiri bidez eta modu fede-emailean justifikatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean segituko dute.
Uko egiteko arrazoi justifikatua frogatzen duen dokumentazioa epe barrenean ez aurkeztea.
10. oinarria. Errekurtsoak.
10.1. Deialdiaren eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat jar daiteke:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.
10.2. Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
11. araua. Datuen babesa.
Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:
–Iturmendiko Udala da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.
–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetan, egoitza elektronikoaren bidez (datuak babesteko izapideak).
–Datuak gordeko diren epea: datuak aipatu helburua betetzeko behar den denboran gordeko dira, eta biltegiraturik edukiko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Era berean, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).
Iturmendin, 2025eko ekainaren 16an.–Alkatea, Kai Galartza Cervera.
I. ERANSKINA.–ITURMENDIKO UDALAREN HAUTAPEN PROZESUAN ONARTUA IZATEKO ESKABIDEA
Deiturak eta izena | |||
NANa edo agiri baliokidea | Jaioteguna | ||
Jaioterria (herria, probintzia, herrialdea) | Nazionalitatea | ||
Helbidea (kalea, zenbakia, solairua, posta kodea, herria) | |||
Telefonoa | Helbide elektronikoa | ||
AZALTZEN DUT:
–Behean sinatzen dudan honek aditzera ematen dut betetzen ditudala honako deialdi honetan eskatzen diren baldintza guzti-guztiak, ezarritako denboran eta moduan: ................ zenbakia duen Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako deialdia, ............................./......................................../...........(e)(a)n.
–Eransten dudala deialdian parte hartzeko eskatutako dokumentazioa.
–Euskararen .......... jakite-maila frogatzeari dagokionez (markatu bidezkoa dena):
Eskabide honi gehitzen diodala euskaraz honako jakite-maila hau izatearen ziurtagiriaren
kopia: ........................
Euskararen jakite-maila frogatzeko proba egitea eskatzen dudala.
Desgaitasuna dudala eta, hortaz, behar ditudan egokitzapenak eskatzen ditudala, haietarako arrazoiak adierazita (beste orri batean zehaztuko dira eskatutako egokitzapenak eta eskaeraren arrazoiak), eta desgaitasuna frogatzeko dokumentazioa erantsi dudala, erakunde eskudunak emana.
Aurkezten ditudala lehiaketan baloratzeko agiriak.
Horrenbestez, ESKATZEN DUT onartua izatea aipatutako hautapen-prozesuan.
.......................................(e)n, ...............(e)ko .................................aren ..................(e)(a)n
(Sinadura)
Datuen babesa.–Bete beharrez 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak soilik erabiliko direla hautapen prozesuan Udalak dituen eskumenak erabiltzeko, eta batuko zaizkiela Udalaren edo entitatearen datu basea osatzen duten fitxategiei. Erabiltzen ahalko dituzu fitxategietan sartzeko, datuak zuzentzeko eta ezabatzeko eta aurka egiteko eskubideak, Erregistro Orokorrera zuzendurik.
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1.–Iturmendi: kokapen geografikoa, azalera, biztanleria, lekuak, alderdiak, errekastoak, fauna, landaredia. Udal ondasun eta instalazioen, eraikinen eta zerbitzuen ezaugarriak eta antolaketa. Udalaren osaera.
2.–Iturmendiko Udalaren ordenantzak (herri-aprobetxamenduak, auzolana, udal lokalen erabilera, etab.).
3.–Iturmendiko Udal Plan Orokorrean jasotako hirigintzako araudi orokorra, urtarrilaren 21eko 53/2005 Foru Aginduaren bidez behin betiko onetsia. Plan horren xedapenak eta araudi osoa 2005eko otsailaren 14ko 19. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren. Hirigintzaren gaineko kontrola eta diziplina.
4.–Administrazio publikoen administrazio-prozedura erkidearen oinarrizko gaiak: jakinarazpenak, administrazio-egintzak. Udalaren antolamendua eta eskumenak.
5.–222/2016 Foru Agindua, ekainaren 16koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, sua lurzoru urbanizaezinean nola erabili arautzen duena, oihaneko suteak prebenitzeko.
6.–Oinarrizko ezagutzak laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauez eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauez. Segurtasuna, makinak eta erremintak erabiltzean.
7.–Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Erremintak. Materialak. Zolatzea eta alikatatzea. Kofratuak eta paretak egitea. Obrak egoera onean zaintzea eta haiek mantentzeko lanak. Obra-makineria arina eta ertaina maneiatzea.
8.–Zurgintzako oinarrizko lanak, esaterako: ate-leihoak doitzea, sarrailak, sarraila-zilindroak eta pertsianak eta gisakoak.
9.–Ohiko argien zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak. Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoa eta diferentziala.
10.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen gaineko mantentze-lanak: sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuituak betetzea eta airez purgatzea, galdara-gelak eta haien berezko elementuak. Ezagutzea instalazio termikoetan efizientzia energetikoa hobetzeko sistemak (eguzki-energia termikoa, energia geotermikoa, biomasa).
11.–Ezagutzea, maneiatzea eta mantentzea lorezaintzako eta basogintzako produktuak, makinak eta erremintak (sasi-garbitzeko makina, belarra mozteko makina, heskai-moztekoa, aizkora, motozerra, altueran kimatzeko plataforma jasotzailea). Fitosanitarioak aplikatzea.
12.–Lorezaintzako eta basogintzako ezagutzak. Iturmendiko herri-basoa antolatzeko plana.
13.–Hondakinen tratamendua eta haiei buruzko ezagupen orokorra.
14.–Aritmetikako eta geometriako oinarrizko ezagupenak.
Iragarkiaren kodea: L2508616
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
