Iragarkia
132. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 3a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
LIZARRA
Deialdia, bete daitezen Udaltzaingoko agente lehenaren bi plaza, kategoriaz igotzeko lehiaketaren bidez. Epe berria eskabideak aurkezteko
Alkatetzaren 2025eko ekainaren 16ko 635. Ebazpenaren bidez, erabaki da baiestea Alkatetzaren maiatzaren 12ko 522. Ebazpenari paraturiko errekurtsoak, 6. oinarria eta merezimenduen eranskina aldatzeari dagokionez Udaltzaingoko agente lehenaren bi plaza kategoriaz igotzeko lehiaketaren bidez betetzeko deialdian; orobat, agindu da ireki dadila beste epe bat deialdian parte hartzeko eskabideak aurkez daitezen. Hona hemen deialdiaren oinarriak:
OINARRIAK
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da betetzea Lizarrako Udaltzaingoko agente lehenaren bi plaza, kategoriaz igotzeko lehiaketaren bidez. Lanpostuak funtzionario araubidekoak dira, C mailakoak, eta 7.4 eta 7.30 zenbakiak dituzte plantilla organikoan.
–7.4 plaza: barne igoerako txandarako plaza, Lizarrako Udaltzaingoko kideendako.
–7.30 plaza, euskara nahitaezkoa duena, B2 maila: igoera-txandarako plaza, irekia dagoena Nafarroako polizia guztietako kideei (Nafarroako Foruzaingoa, Nafarroako toki-erakundeetako poliziak, udal agenteak), baldin betetzen badituzte ezarritako baldintzak.
1.2. Deialdi hau dela medio izendatzen diren izangaiak bihurtuko dira Lizarrako Udaleko funtzionario publiko, eta Udaltzaingoko agente lehen izanen dira. Segituko dute Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliaturik, eta bertan alta emanik, araubide horren babespean.
Baldin eta deialdi honetako lanpostuetako edozeinetarako izendatutako funtzionarioak jada afiliaturik badaude eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean, hots, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den hartan, aukera izanen dute bertan segitzeko edo Gizarte Segurantzan afiliatzeko.
1.3. Zerbitzu berezietako egoeran deklaratuta dauden izangaiek, Nafarroako polizia kidegoetako kideak kategoriaz igotzeko trebakuntza ikastaroak egin bitartean, jasoko dituzte beren jatorrizko lanpostuan aitortuta dauzkaten ordainsariak, osorik, deialdia egiten duen administrazio publikoarengandik, egoera horrek dirauen bitartean.
1.4. Izendatzen diren izangaiek izanen dituzte karguari dagozkion eginkizunak, bai eta honako hauetan ezarritako eskubideak eta betebeharrak ere: azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legea (Nafarroako Poliziei buruzkoa) eta foru lege hori garatzen duten arauak.
1.5. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da.
2. oinarria.–Aplikatu beharreko araudia.
Prozedura hau honako arau hauen mende egonen da: 23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa; 718/2003 Foru Dekretua, abenduaren 29koa, onesten duena Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, onesten duena Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua; aplikatzekoak diren gainerako arauak; eta deialdi honetako oinarriak.
3. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
3.1. Kategoriaz igotzeko barne igoerako lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Barne-igoerako txanda:
- Gutxienez 3 urteko antzinatasuna izatea, jabetza hartu zuen egunetik zenbatzen hasita, Nafarroako polizia kidego bateko agentearen lanpostuan.
- Lizarrako Udaltzaingoko jatorrizko lanpostuan egotea jarduneko zerbitzuan, edo zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.
–Txanda irekia:
- Gutxienez 3 urteko antzinatasuna izatea, jabetza hartu zuen egunetik zenbatzen hasita, Nafarroako polizia kidego bateko agentearen lanpostuan.
Udal agenteen kasuan, lanpostuaren jabetza hartu zuten egunetik gutxienez ere 3 urteko antzinatasuna izatea udal agente lanpostuan, eta frogatzea gainditu dutela Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroa, eman duena Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Segurtasun Eskolak, beharrezkoa baita polizia izateko.
Jatorrizko lanpostuan egotea jarduneko zerbitzuan, edo zerbitzu berezietan edo eszedentzian.
Euskarazko B2 titulua edo baliokidea izatea, edo eskabidean eskatzea maila egiaztatzeko proba egiteko.
3.2. Izangaiek betebehar horiek bete beharko dituzte parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzean eta lanpostuaz jabetu arte.
4. oinarria.–Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
4.2. Eskabideak aurkeztu beharko dira –I. eranskineko eskabide ereduari jarraituz– Lizarrako Udalaren egoitza elektronikoan, Lizarrako Udalaren erregistro orokorrean (Sorkunde Garbiaren pasealekua 1, atzealdea, Lizarra), 9:30etik 13:30era, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren bideetako edozein erabiliz (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea); azken kasu horretan, eskabidea aurkeztu izanaren frogagiria igorri beharko da posta elektronikoaren bidez personal.langileak@estella-lizarra.com helbidera, ezarritako epearen barnean.
Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea nahitaez aurkeztu beharko dute I. eranskineko eredu normalizatuaren arabera.
Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
4.3. Izangaiek, eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
4.3.1. Barne-igoerako txandarako izangaiak:
–Izangaiek alegatutako merezimenduen frogagiriak. Deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera alegatu beharko dira.
–Lizarrako Udaltzaingoko agente lanpostuaren jabetza hartuz geroztik, Udalak ofizioz aurkeztuko du hiru urteko antzinatasuna gutxienez ere baduela frogatzen duen dokumentazioa, baita interesdunaren egoera administratiboari buruzkoa eta egindako eta aitortutako zerbitzuei buruzkoa ere.
4.3.2. Txanda irekirako izangaiak.
–Izangaiek alegatutako merezimenduen frogagiriak. Deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera alegatu beharko dira.
–Organo eskudunak emandako ziurtagiria, frogatzen duena izangaiak gutxienez 3 urteko antzinatasuna duela, Nafarroako Polizia kidego bateko kide gisa, lanpostuaren jabetza hartu zuen egunetik. Ziurtagiri berean adierazi beharko da zein den interesdunaren egoera administratiboa.
–Udal agenteen kasuan, administrazioak egiaztatuko du, ofizioz, interesdunak gainditu duela polizia izateko oinarrizko ikastaroa; horretarako, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak frogatu beharko du hala dela.
–Euskarazko B2 titulua edo haren baliokidea, edo mailakatze proba egiteko eskaera.
Bi kasuetan, deialdiko baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztien frogagiriei gehituko zaie merezimenduen zerrenda ordenatu bat, jarraikiz baremoan ageri den puntuazio-eskemari. Izangaiek alegatzen dituzten merezimenduak administrazio honen esku baldin badaude, adierazi egin beharko du, eta berariaz adieraziko du zer espediente zehatzetan dauden.
Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.
Izangaiek aurkeztu beharko dute dokumentazio jatorrizkoa edo kopia konpultsatua edo behar bezala autentifikatua, indarrean dagoen legeriaren arabera.
5. oinarria.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.
5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, zuzendu beharreko akatsak adierazita, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.
Ezarritako epean inork eskaerarik aurkezten ez badu, ebazpen bat emanen da, adierazten duena bete gabe gelditu dela kategoriaz igotzeko lehiaketa.
5.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoren, alkateak ebazpen bat emanen du, onesteko onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
Bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda.
5.4. Behin-behineko eta behin betiko zerrendetan –deialdiko txanda bakoitzerako bat–, zeinak aipatu baitira aurreko apartatuetan, datu bakar bat agertuko da:
–Lanbide identifikazioko zenbakia.
–Izangaia Nafarroako zer polizia kidegotakoa den, edo tokiko zer erakunderi dagoen atxikia.
5.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdiko prozeduran eskatutako baldintzak.
Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
6. oinarria.–Kategoriaz igotzeko lehiaketa nola eginen den.
6.1. Kategoriaz igotzeko lehiaketak hiru fase izanen ditu:
1. Lehiaketaldia.
2. Oposizioaldia.
3. Gaikuntza ikastaroa.
Ariketak 2025eko ekainetik aurrera eginen dira.
Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da hautaprobak non, noiz eta zer ordutan eginen diren. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak argitara emanen dira, 48 ordu lehenago, Udalaren Interneteko atarian (deialdiaren web fitxan) eta iragarki-taulan.
Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den araudiaren arabera.
Proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Prozesutik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak. Probak hasita daudela bertaratzen direnak ere kanporatu eginen dira.
6.2. Lehiaketaldia.
Baloratuko dira izangaiek alegatu eta behar bezala frogatutako merezimenduak:
–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak:
- 35 puntu, gehienez.
–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk, poliziaren eginkizunekin zerikusia dutenak:
- 25 puntu, gehienez.
–Hizkuntzak jakitea: frantsesa, ingelesa eta alemana:
- 15 puntu, gehienez.
–Euskaraz jakitea: 5,25 puntu, gehienez.
–Ohoreak eta sariak: 2,5 puntu, gehienez.
Epaimahaiak kalifikatu eta puntuatuko ditu aurreko apartatuetarako aurkeztu eta justifikatutako merezimenduak, deialdi honen II. eranskineko baremoaren arabera. Lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezteko unean aurkeztu eta frogatu beharko dira merezimendu horiek, agiri bidez. Epaimahaiak inola ere ezin izanen du frogatutzat hartu aurkeztu ez den eta agiri batez frogatu ez den merezimendurik, eta ezin izanen du eman, apartatu bakoitzeko, adierazitako gehieneko puntuazioa baino puntu gehiago.
Epaimahaiak eskatzen ahalko ditu lehiakideek aurkeztutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.
Fase hau bukatutakoan, epaimahaiak Lizarrako Udaleko iragarki-taulan eta Interneteko atarian (deialdiaren web fitxan) argitaratuko ditu behin-behineko puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du erreklamazioak aurkezteko, argitaratzen diren egunetik hasita, izangaiek beren eskubideen arabera komeni zaiena alegatu dezaten.
Behin epaimahaiak ebatzirik behin-behineko emaitzen aurka aurkeztutako erreklamazioak, onetsiko ditu merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak, eta argitaratuko ditu Lizarrako Udalaren iragarki-taulan eta Interneteko atarian (deialdiaren web fitxan).
6.3. Oposizioaldia.
6.3.1. Proba teoriko-praktikoa.
Gehienez 150 puntu lortzen ahalko dira. Hartan, ariketa bat izanen da lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruz, eta idatziz erantzun beharko zaie test motako 100 galderari. Galdera bakoitza erantzuteko lau aukera eskainiko dira, eta bakarra izanen da zuzena. Ongi erantzundako galdera bakoitzeko 1,50 emanen dira, eta gaizki erantzundako bakoitzeko 0,50 puntu kenduko dira.
Epaimahaiak finkatuko du probaren gehieneko iraupena, hura hasi baino lehen.
Proba hau egiteko ezin da inolako testurik kontsultatu, ez eta kalkulagailurik edo bestelako material edo gailu elektronikorik ere, ez bada bolaluma urdina edo beltza.
Proba hau baztertzailea izanen da eta, gainditzeko, 75 puntu lortu beharko dira gutxienez.
6.3.2. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren (NAPI) proba psikoteknikoa. Horren helburua da zehaztea zenbateraino egokitzen diren izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara.
Proba teoriko-praktikoa gainditu dutenek bakarrik eginen dute proba hau.
Psikologia Aplikatuaren Atalak (Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua) eginen du proba hori. Proba horretan 70 puntu lortzen ahal dira gehienez, eta ez da baztertzailea izanen. Lortutako puntuazioa loteslea izanen da kalifikazio-epaimahaiarentzat.
Profil profesiografikoa zehaztea: proposatuko dute NAPIko Psikologia Aplikatuaren Atalak eta deialdiko kalifikazio-epaimahaiak, edo hark izendatutako langileek. Azken kasu horretan, lanpostuaren beharrak eta eskakizunak ezagutu beharko dituzte. Azterketa horretatik abiatuta, zehaztuko dira ebaluatu beharreko faktoreak edo gaitasunak, baita eginkizunak behar bezala gauzatzeko beharrezkoak diren eskakizunak ere. Profil profesiografikoaren proposamena epaimahaiari helaraziko zaio, probak hasi aurretik onar dezan.
Kalifikazio-epaimahaia, probak egin aurretik, arduratuko da garrantzizkotzat jotzen diren gai guztiak baliabide egokien bidez argitaratzeaz. Horretarako, NAPIko arlo psikoteknikoko teknikariekin koordinatuko da, eta horiek emanen dizkiote profilean jasotako eta baloratu beharreko faktoreak eta zuzentzeko eta kalifikatzeko irizpideak.
Probak bi zati hauek izanen ditu:
–Lehenbizikoan, 2 galdera-sortari erantzun beharko zaie; nortasunari eta/edo lanerako gaitasunari buruzkoak izanen dira.
–Bigarrenean, elkarrizketa bat eginen da, taldeka edo banaka. Kalifikazio bat lortzeko, ezinbestekoa izanen da bi zatietara agertzea.
6.4. Proba bakoitza kalifikatu ondoren (proba teoriko-praktikoa eta proba psikoteknikoa), epaimahaiak parte-hartzaileek lortutako puntuazioak paratuko ditu Lizarrako Udalaren iragarki-taulan eta Interneteko atarian (deialdiaren web fitxan), eta 5 egun balioduneko epea emanen du, interesdunek erreklama eta alega dezaten beren eskubidearen arabera komeni zaiena, balorazio horri buruz.
Erreklamazioak aurkezteko epea amaituta eta horiek ebatzi ondoren, epaimahaiak onetsiko du izangaien behin betiko guztizko puntuazioen zerrenda, eta argitaratuko du aipatutako tokietan, gaikuntza ikastarora onartutako izangaien zerrendarekin batera. Betiere, gaikuntza ikastarora onartutakoak ezin dira izan deialdiko lanpostu kopurua baino gehiago.
Berdinketarik bada, lehenetsiko dira administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasun onartu handiena dutenak. Hala ere berdinketak baldin badirau, izangai zaharrenaren alde joko da.
7. oinarria.–Trebakuntza ikastaroa.
7.1. Zerbitzu berezien egoeran deklaratzea.
Lizarrako Udaltzaingoko agente lehena izateko ikastaroa egiteko (Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du), hautapen-prozedura gainditu duen izangaiak deklaratuko dira zerbitzu berezietako egoeran, jarraikiz azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 50.4 artikuluari (Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legea).
Trebakuntza ikastaroa egiteko onartutakoen zerrendarekin batera adieraziko da ikastaroa zer toki, egun eta ordutan hasiko den.
7.2. Izaera baztertzailea.
Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako trebakuntza ikastaroa baztertzailea da. Ikastaroa bukatutakoan, izangaiei "gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen zaie, eta azken horiek ezin izanen dira izendatu.
Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du trebakuntza ikastaroa, eta Eskolak berak erabakitzen duena iraunen du.
Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak trebakuntza ikastaroan izangaiei emandako kalifikazioak lotesleak izanen dira kalifikazio-epaimahaiarentzat.
7.3. Ikastaroa bukatutakoan, izangaiak jarduneko egoerara itzuliko dira automatikoki, zerbitzu berezietako egoeran deklaratu zirenean zuten lanpostura.
Zerbitzu berezietan deklaratzeak ez du aldaketarik sortuko izangaiaren gizarte aurreikuspeneko sisteman, segituko baitu jatorrizko lanpostuan zuenarekin.
Zerbitzu berezietako egoeran deklaratuta dagoen izangaiak, Nafarroako polizia kidegoetako kideak kategoriaz igotzeko trebakuntza ikastaroak egin bitartean, jasoko ditu bere jatorrizko lanpostuan aitortuta dauzkan ordainsariak, osorik, deialdia egiten duen administrazio publikoarengandik, egoera horrek dirauen bitartean.
Zerbitzu berezietako egoera bukatutakoan, aurreko apartatuan aipatutako ordainsari-erregimena izateari utziko zaio, eta horrek ez du ekarriko eskuratutako eskubiderik, ez eskubide pasiborik sortuko, ezta deialdiko lanpostuaren ondoriozko inolako eskubiderik ere.
8. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.
8.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
–Epaimahaiburua:
- Marta Ruiz de Alda Parla, Lizarrako Udaleko alkatea.
- Ordezkoa: Santos Mauleón Urra, Lizarrako Udaleko zinegotzia.
–Epaimahaikideak:
- Rodrigo García de Galdiano Usúa, Lizarrako Udaleko Udaltzaingoko burua.
- Ordezkoa: Santos Elvira Luzuriaga, Lizarrako Udaltzaingoko agente lehena.
- David Ganuza Orzaiz, Lizarrako Udaltzaingoko agente lehena.
- Ordezkoa: Patxi Martinez de Goñi Urrizelki, Lizarrako Udaltzaingoko agente lehena.
- Soraia María Pires Pires, Lizarrako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.
- Ordezkoa: Lizarrako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat.
–Epaimahaikide idazkaria:
- José Luis Navarro Resano, Lizarrako Udaleko idazkaria.
- Ordezkoa: Estíbaliz Goñi Razquin, Aiegiko Udaleko idazkaria.
8.2. Epaimahaia eratuko da epaimahaiburuak deituta, probak hasi baino lehenago.
8.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Betiere, mahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan edo, bestela, haien ordezkoek.
8.4. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
8.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruzko auzi guztiak. Epaimahaiak espezialistak hartzen ahalko ditu proba baterako edo guztietarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
9. oinarria.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.
Trebakuntza ikastaroa bururatu ondoan, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariak kalifikazio-epaimahaiari igorriko dizkio izangaiek trebakuntza ikastaroan lortutako kalifikazioak, haien aldeko izendapen proposamena egin dezan.
Ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du hautapen prozeduran jarraitzeko eskubidea galtzea. Hori gertatuz gero, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio berehala.
Epaimahaiak izangaien aldeko izendapen-proposamena egin dezan, ezinbestekoa da "gai" kalifikazioa lortzea trebakuntza ikastaroan.
10. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.
10.1. Eskatutako agiriak aurkeztu ondoren, Lizarrako Udaleko Alkatetzak kategoriaz igotzeko lehiaketa gainditzen duten izangaiak izendatuko ditu Lizarrako Udaltzaingoko agente lehen, eta izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
10.2. Izendatutako izangaiek karguaren jabetza hartuko dute haien izendapenean erabakitzen den egunean. Behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez duenak igoerarako eskubidea galduko du.
11. oinarria.–Datuen babesa.
Izangaiei honako hauek komunikatzen zaizkie, jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):
–Lizarrako Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.
–Datuen tratamenduaren helburua da deialdiko lanpostu hutsa betetzea, langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
–Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:
- Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua. Tratamendua beharrezkoa da, betetzeko tratamenduaren arduradunari dagokion lege betebehar bat.
- Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.b) artikulua. Tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz aplikatzeko kontratuaren aurreko neurriak.
–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatzeko eta ezabatzeko jarraibideak).
–Legez ezarritako kasuetan komunikatuko dira datuak, eta deialdian xedatutakoaren arabera argitaratuko dira.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetan, egoitza elektronikoaren bidez, edo datuak babesteko ordezkariaren helbidera joz (dpd@estella-lizarra.com).
* Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.
12. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka nahiz honen oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:
–Berraztertzeko errekurtsoa, zuzenduko zaiona egintza eman duen organoari, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenduko zaiona Nafarroako administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
–Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenduko zaiona Nafarroako Administrazio Auzitegiari, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi ondotik.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka aurkez daiteke gora jotzeko errekurtsoa, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Lizarran, 2025eko ekainaren 16an.–Alkatea, Marta Ruiz de Alda Parla.
I. ERANSKINA.–DEIALDIAN ONARTUA IZATEKO ESKABIDEA
DEIALDIA, BETE DAITEZEN UDALTZAINGOKO AGENTE LEHENAREN BI PLAZA, KATEGORIAZ IGOTZEKO LEHIAKETAREN BIDEZ
IZEN-DEITURAK | |||
NANa/IFZa | SORTEGUNA | ||
ZUZENDARIA | |||
HERRIA | P.K. | TELEFONOA | |
HELBIDE ELEKTRONIKOA | |||
AZALTZEN DUT:
–Betetzen ditudala eskatzen diren baldintza guzti-guztiak, ezarritako denboran eta moduan, honako honi dagokionez: deialdia, bete daitezen Lizarrako Udaltzaingoko agente lehenaren bi plaza, kategoriaz igotzeko lehiaketaren bidez. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ................ zenbakian, 2025eko ................................-aren ............(e)(a)n.
–Eransten dudala deialdian parte hartzeko eskatutako dokumentazioa.
Nortasun agiri nazionala edo pasaportea, indarrean.
I. eranskinean agertzen den titulazioa.
Izangaiak lehiaketaldian aurkezten dituen merezimenduen frogagiriak.
10 euroko tasa ordaindu izanaren frogagiria.
B motako gidabaimena.
–Desgaitasuna dudala eta, hortaz, behar ditudan egokitzapenak eskatzen ditudala, haietarako arrazoiak adierazita (beste orri batean zehaztuko dira eskatutako egokitzapenak eta eskaeraren arrazoiak).
–Aurkezten dudala minusbaliotasuna dudala frogatzen duen agiria, erakunde eskudun batek emana.
Horrenbestez, ESKATZEN DUT onar nazatela aipatutako hautapen prozesuan.
………………………(e)n, 2025eko .........................................aren ..........(e)(a)n
(Sinadura)
Datuen babesa. Tratamenduaren arduraduna: Lizarrako Udala. Helburua: langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea. Eskubideak: datuetan sartzeko eta datuak zuzentzeko eta deuseztatzeko eskubideak, bai eta bestelako eskubideak ere, jarraikiz deialdiaren 3.4 oinarrian adierazitako informazio gehigarriari.
II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA
A) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu, gehienez.
1.–Nafarroako polizietakoren batean modu finkoan egindako zerbitzu-urte bakoitzeko: 1,50 puntu polizia-agentearen lanpostuan.
2.–Deialdiaren xede den enpleguan, Nafarroako Polizia-kidegoetan bitarteko gisa egindako zerbitzuen urte bakoitzeko: 1,65 puntu.
3.–Administrazio publiko batean, bestelako Segurtasun Indar eta Kidegoetan, lanpostu finkoan, egindako zerbitzuak: 1,50 puntu, polizia edo agente lanpostuan.
4.–Edozein administrazio publikotan polizia kidegoetakoak ez diren lanpostuetan egindako zerbitzuak: urte bakoitzeko 0,25 puntu.
Oharrak:
1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.
2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.
3. Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.
4. Izangaia zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo aritu bada unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horiek kontatuko dira egoera horietan sartu aurretik zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala.
B) Polizia-eginkizunarekin lotutako formazioa, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu, gehienez.
1.–Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu, kreditu akademiko bakoitzeko (edo horren baliokidea eskola-ordutan): 10 puntu, gehienez.
Oharrak:
1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, eskola-orduen zatikiak hainbanatu eginen dira.
2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.
3. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.
4. Puntuazio berarekin baloratuko da parte hartzea administrazioak agindutako edo baliozkotutako prestakuntza ekintzetan, nahiz eta ez bete erakunde antolatzaileari dagozkion baldintzak. Horien artean, espresuki sartuko dira sindikatuek antolatutakoak, administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean.
5. Atal honetan aipatutako merezimenduak baloratuko dira soilik baldin deialdiko lanpostuarekin zerikusia badute. Ez dira inondik ere baloratuko agente lehenaren lanpostua eskuratzeko prestakuntza ikastaroak.
2.–Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: 4 puntu, gehienez.
Oharrak:
1. Unibertsitateko lizentzia edo gradua: 2,0 puntu.
2. Unibertsitateko diplomak eta doktoretza: 1,0 puntu.
3. Masterrak: 0,75 puntu.
4. Segurtasun pribatuko zuzendaria: 0,50 puntu.
5. Adituak eta espezialistak: 0,25 puntu.
3.–Txostenak edo komunikazioak aurkeztu izana biltzarretan edo jardunaldietan aurkeztea, lan zientifiko edo ikerlan bekadunak edo sarituak egin izana eta haiek aldizkari espezializatuetan argitaratu izana, betiere zerikusirik badute poliziaren eginkizunekin: 3 puntu gehienez, kalifikazio-epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan izanik lana edo jarduera norbanakoak egina den edo taldeka, eta kontuan izanik, orobat, biltzarra edo argitalpena den tokikoa, eskualdekoa, nazionala edo nazioartekoa.
4.–Epaimahaiak baloratu beharreko beste merezimendu batzuk, betiere zerikusirik badute poliziaren eginkizunekin: besteak beste, sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako bekak edo egonaldiak, edo parte hartzea kontsulta-, aholkularitza-, partaidetza- edo ordezkaritza-organoetan: 2,50 puntu, gehienez.
5.–Sariak: 2,50 puntu gehienez.
–Zerbitzu goraipagarrien plakagatik: 1,25 puntu.
–Zerbitzu goraipagarrien dominagatik: 0,75 puntu.
–Jendaurreko esker onagatik: 0,50 puntu.
–Esker on pribatuagatik: 0,25 puntu.
6.–Sektore publikoaren esparruan prestakuntza jardueretan irakasle gisa parte hartzea eta/edo horrelakoak antolatzea, betiere zerikusirik badu poliziaren eginkizunekin: 2 puntu gehienez, kalifikazio-epaimahaiak baloratu beharrekoak, iraupenaren arabera.
C) Hizkuntzak jakitea: ingelesa, frantsesa eta alemana (gehienez ere: 15,00 puntu).
–Ingelesez, frantsesez eta alemanez jakiteagatik (hizkuntza horietako bakoitzeko 5 puntu gehienez).
–A1 maila: 1 puntu.
–A2 maila: 2 puntu.
–B1 maila: 3 puntu.
–B2 maila: 4 puntu.
–C1 maila: 5 puntu.
D) Euskara jakitea.
5,25 puntu gehienez:
–7.4 plaza:
- B1 maila: 1,75 puntu.
- B2 maila: 3,50 puntu.
- C1 maila: 5,25 puntu.
Tituluak eta ziurtagiriak baloratuko dira jarraikiz Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailei. Maila horiek jasotzen dira NAPIko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean, horren bidez ezarri baitziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, jarraikiz Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuari (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).
Goragoko mailari dagokion puntuazioa emanen da, eta ez dira inoiz batuko hizkuntza bereko bi maila edo gehiagoko puntuazioak.
III. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.
2.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa.
3.–Zigor Kodea. 10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa: III. titulua. VI. titulua. VIII. titulua. IX. titulua. XIII. titulua. XVII. titulua. XVIII. titulua. XXII. titulua.
4.–Prozedura Kriminalaren Legea. I. liburua: IV. titulua: Nori dagokion delitu eta falten ondoriozko akzioak gauzatzea. II. liburua: I. titulua: Salaketa. VI. titulua: II. kapitulua: Atxiloketa eta IV. kapitulua: Defentsa-eskubidea erabiltzea, abokatuaren laguntza, eta atxilotuei eta presoei eman beharreko tratua, eta VIII. titulua: Toki itxian sartu eta hori miatzea; liburuak eta paperak miatzea; eta idatzizko posta eta posta telegrafikoa geldiarazi eta irekitzea.
5.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, onesten duena Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina.
6.–1428/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, onesten duena Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorra.
7.–16/2014 Jarraibidea, Segurtasuneko Estatu Idazkaritzarena, jarduteko protokoloa onesten duena Segurtasun Indar eta Kidegoentzat, diskriminazioaren lege-arauak urratzen dituzten gorroto-delituen eta jokabideen aurrean.
8.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
9.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa.
10.–4/1997 Lege Organikoa, abuztuaren 4koa, hizpide duena Segurtasun Indar eta Kidegoek bideokamerak erabiltzea eremu publikoetan (Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua abuztuaren 4an).
11.–Lizarrako Udaleko udal ordenantza ez-fiskalak:
a. Udal ordenantza, arautzen duena bide publikoaren txukuntasuna.
b. Udal ordenantza, arautzen duena hiriko bide publikoaren garbitasuna (aldaketa argitaratu zen 2021eko 210. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 7an).
c. Udal ordenantza, arautzen duena merkataritza ez-egonkorra.
d. Udal ordenantza, arautzen duena konpainia-animaliak edukitzea.
e. Udal ordenantza, arautzen duena bide publikoan jartzea terrazak, beladoreak eta ostalaritzari lotutako bestelako elementuak.
f. Udal ordenantza, arautzen dituena aisiarako biltoki eta txabisketarako lokalak Lizarrako udal-mugartean.
g. Udal ordenantza, arautzen duena Lizarrako hirigune historikora eta komertzialera ibilgailuak sartzeko sistema. Kamera bidezko kontrola, sartzeko eta aparkatzeko.
Oharra: gai guztiak baloratuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz, baina egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak ere baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.
Iragarkiaren kodea: L2508609
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
