Iragarkia
130. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 1a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LARRAIOZKO KONTZEJUA
Ordenantza, herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Larraiozko Kontzejuak, 2025eko apirilaren 14an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Larraiozko Kontzejuko (Txulapain) herri-lurretako aprobetxamenduen erabilera arautzen duen kontzeju-ordenantza; 2025eko 80. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 24an.
Jendaurreko aldian ez zen erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu, eta, beraz, ordenantza behin betiko onesten da, eta osorik argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan eta ondorengo aldaketetan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Larraiotzen, 2025eko ekainaren 9an.–Kontzejuko burua, Angel María Huarte Arzoz.
ORDENANTZA, HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Larraiozko Kontzejuaren herri-ondasunen administrazioa, xedapen egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea.
2. artikulua. Herri-ondasunak dira bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.
3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute tributurik izanen beren gain.
4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, orain arte izan dituen aldaketak eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, galarazi gabe xedatzen dena Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan.
II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN EGINTZAK
5. artikulua. Herri-ondasunak erabili, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Larraiozko Kontzejuari dagozkio.
Herri-ondasunen arloan Larraiozko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.
6. artikulua. Lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak deklaratu beharko du onura publikoa edo soziala, eta, hori egin baino lehen, Larraiozko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela lortu beste bide batzuen bitartez, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.
Herri-ondasunak desafektatu ondoren, beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat jasoko da betiere, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen edo betetzen ez diren kasuetarako.
Itzuli beharra gertatzen bada, lur horiek Larraiozko Kontzejuaren ondarera itzuliko dira, herri-ondasun gisa.
Prozedurari dagokionez, jarraikiko zaio 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATZEA ETA BERRESKURATZEA
7. artikulua. Larraiozko Kontzejua herri-ondasunak zaindu, defendatu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzari, bere legezko eginbeharrak betetze aldera.
8. artikulua. Larraiozko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusita eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, akzio zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.
9. artikulua. Larraiozko Kontzejuak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa dela-eta edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura dela-eta. Komunikazio horien gaineko erabakia hartu beharko du Kontzejuak.
10. artikulua. Larraiozko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko eta berariazko onespena beharko du, ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.
11. artikulua. Baimen, emakida edo beste edozein titulu dela-eta herri-ondasunen gainean sortu diren eskubideak iraungitzeko, eta haiek ekarritako okupazioak ere iraungitzeko, Larraiozko Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aurretik kalte-ordaina emanen da edo ez, zuzenbideak ezartzen duenaren arabera.
12. artikulua. Larraiozko Kontzejuak herri-ondasunei buruzko kontratuetan parte hartzen duenean, berak interpretatuko ditu kontratu horiek, eta berak ebatziko ditu, halaber, haiek betetzean sortzen diren zalantzak.
Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratistek jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.
13. artikulua. Larraiozko Kontzejuak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren akzioak sustatzen ez dituenean, posible izanen da auzotarren akzioa, horretarako ezartzen den eran. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie Kontzejuak herritarrei.
IV. TITULUA.–HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDUA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
14. artikulua. Honako aprobetxamendu hauek arautzen ditu ordenantzak:
1. Herri-larreen aprobetxamendua.
2. Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.
3. Etxerako egurraren aprobetxamendua.
4. Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.
15. artikulua. Oro har, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateetako titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.
b) Txulapaingo Udalaren biztanle erroldan bizilagun gisa inskribaturik egotea hiru urte lehenagotik.
c) Aprobetxamenduak ibarreko zein herritan dauden, urtean bederen bederatzi hilabetez eta jarraian bizitzea bertan.
d) Inolako zor fiskalik ez izatea Larraiozko Kontzejuarekin.
Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.
Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen diren zalantzak Larraiozko Kontzejuak ebatziko ditu, banan-banan.
II. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA
1. ATALA.–LARREEN APROBETXAMENDUA
16. artikulua. Aprobetxamenduen ondorioetarako, Larraiozko Kontzejuak kudeatzen dituen herri-larreak dira udal katastroan izaera eta titulartasun horiekin jasorik daudenak.
Herri-larre horiek lurzatika edo horien atalka aprobetxatuko dira, behar bezain handiak badira, edo bestela, lurzati edo atal horiek multzotan antolatuta, larrearen aprobetxamendua errentagarria izateko adinako hedadura izan dezaten; hori guztia Larraiozko Kontzejuaren irizpidearen arabera.
17. artikulua. Herri-ondasunen aprobetxamendua modalitate hauen arabera eginen da, eta lehentasun-ordena honetan:
a) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez. Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako titularrak izanen dira onuradunak herri-larreen aprobetxamenduaren herritarrentzako zuzeneko adjudikazioan. Horrez gain, egoitza izan beharko dute lurzatiak dauden herrian berean, eta aziendak Txulapaingo Udalaren katastroan izan beharko dituzte. Haiek urte osoan udal mugartean egon beharko dute eta, halaber, alta emanda eduki beharko dituzte Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan, eta erregistro hori ustiapen liburuan jaso. Horrez gain, titularrak toki erakundearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.
b) Enkante publikoan adjudikatuz.
18. artikulua. Herriko abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta ez da zilegi haien azpierrentamendua edo lagapena.
Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren epea zortzi urtekoa izanen da eta 15 urteraino luza daiteke, bi aldeen artean ados jarrita.
Larraiozko Kontzejuaren kalkuluen arabera, azienda larriko 1 unitate da (AzLU = behi bat) herri-larreek urtero jasan dezaketen batez besteko azienda-karga, hektarea bakoitzeko.
Azienda moten arteko baliokidetasun hauek ezartzen dira:
a) Behi azienda larriko abelburua, 1 AzLU.
b) Zaldi azienda larriko abelburua, 1 AzLU.
c) Ardi azienda edo ahuntz azienda larriko abelburua, 0,15 AzLU.
Herri-larreak erabiltzen dituen aziendak bete beharko du Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea, herri-larreak aprobetxatzen dituen abereen osasun babesari dagokionez. Aipatu legean eta bere erregelamenduetan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.
19. artikulua. Debeku da zerri-azienda larrean bazkatzea.
Debeku da, arras, erretzen diren lurretan inolako aziendarik larratzea Foru Araudiaren eskakizun eta baimenak bete gabe. Lur horiek larratzeko mugatuta egonen dira, eta ezarritako zehapena jasanaraziko zaie bertan sartzen diren azienda guztiei.
Halaber, debeku da, arras, inolako aziendarik larratzea baso-berritzeko itxitako lurretan, Udalaren organo eskudunak zehazten dituen urteetan, eta ezarritako zehapenak aplikatuko dira.
20. artikulua. Udalak herri-lurren aprobetxamendu horietarako urteko kanona ezarriko du aprobetxamenduaren hasieran.
Udalak onetsitako adjudikazio-prezioa urtero berrikusiko da, Nafarroako KPIaren igoera edo aldaketara egokitzeko, egungo Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legeari jarraikiz.
Urte bakoitzari dagokion kanonaren zenbatekoa epe bakarrean ordainduko da, ekitaldi bakoitzaren hasieran.
Ordenantza honetan ezarritako larratze kuotak aldatzen ahalko dira Kontzejuak egoki deritzonean, teknikari eskudun batek balorazioa egin ondoren larreen benetako balioari buruz eta egiten diren azpiegitura edo hobekuntzak amortizatzeko kostuari buruz, halakoak egiten direnean. Kuotak betiere aldatuko dira aldaketa egitea erabaki den urte naturala bukatu baino lehen, tarifa berriak hurrengo urtearen hasieran jar daitezen indarrean. Kanona izanen da beti balio erreal horren %80tik %90era bitartekoa, 6/1990 Foru Legearen 150. artikuluari jarraikiz.
Ordenantza honetako sistemetako edozeinen bitartez aprobetxamenduaren adjudikaziodun direnek konpromisoa hartuko dute itxituretan, ataketan eta berezko elementuetan aprobetxamenduaren ondorioz sortutako kalteak konpontzeko. Loteetan egiten diren hobekuntzak Kontzejuaren kontura izanen dira. Horretarako, aprobetxamendutik bildutakotik urtero ehuneko bat ezarriko da, Kontzejuak erabakita. Ekitaldia gauzatu bitartean hobekuntzarik egiten ez bada, zenbateko hori hurrengo ekitaldietarako metatuko da. Larraiozko Kontzejuak nahi bezala erabakiko du loteetan hobekuntzak noiz eta nola eginen diren.
21. artikulua. Herritarrei zuzenean adjudikatu ondoren, eremuren bat sobera gelditzen bada eta Larraiozko Kontzejuak hala erabakita, lurra erreserba modura gelditzen ahalko da beste eskabide batzuei erantzuteko, edo bestela, enkante publikoa eginen da, Larraiozko Kontzejuak erabakitzen dituen urteetarako, indarrean dagoen araudiaren arabera.
2. ATALA.–LARREAK HERRITARREI ADJUDIKATZEKO PROZEDURA
22. artikulua. Toki Korporazioaren erabakiaren bidez, epe bat emanen da eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten, betiere Larraiozko Kontzejuaren iragarki-taulan ediktua atera ondoren.
23. artikulua. Eskabideekin batera aurkeztuko dira 15. artikuluak aipatzen dituen agiriak, abelburu kopurua egiaztatzeko zerga-eskakizunaren egiaztagiria, eta indarreko araudiak -azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak- aipatzen duen osasun ziurtagiria.
24. artikulua. Kontzejuak behin-behineko adjudikazioa eginen du, gorabehera hauek kontuan harturik, besteak beste:
a) Lehentasuna emanen zaie guztira diru-sarrera txikienak dituzten familia-unitateei.
b) Lurrak adjudikatuko dira larreek jasan dezaketen abere-kargaren arabera. Lehentasuna izanen dute abeltzaintza ogibide nagusi gisa dutenek.
25. artikulua. 1. Behin-behineko adjudikazioa eginda, erakundearen taulan iragarkia jarriko da eta epe bat emanen da erreklamazioak aurkezteko.
2. Adierazi epea iragandakoan erreklamaziorik jaso ezean, behin-behineko adjudikazioa behin betikoa izanen da.
Bestela, toki-erakundeak aurkeztu diren erreklamazioak ebatziko ditu, eta bidezkoa dena erabakiko du behin betiko adjudikazioari buruz.
3. Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez ez badira herri-larre guztiak adjudikatzen, sobera gelditu direnak enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira, ordenantza honen 18. artikuluan ezarritakoarekin bat datorren epe baterako.
III. KAPITULUA.–ETXERAKO EGURRAREN APROBETXAMENDUA
26. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu ondoan, Larraiozko Kontzejuak etxeetarako egur-loteak banatuko dizkie ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei, baldin erroldako egoitza aprobetxamenduaren jabe den herrian badute.
Horretarako, basogintzako administrazioak epaitzak seinalatuko ditu jasotako eskabide kopuruaren arabera, eta adjudikazioa interesdunen artean zozkatuko da.
27. artikulua. Larraiozko Kontzejuak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Larraiozko Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.
28. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.
Epaitzen aprobetxamenduko egurra ateratzeko epea izanen da entregatzeko egunetik urte bereko abenduaren 31ra arte, eta betiere gutxienez 4 hilabetekoa izanen da. Larraiozko Kontzejuak, klimatologia dela eta, badu eskubidea epe hori luzatzeko, bai eta epaitzak entregatzeko eguna aldatzeko eta egokiak iruditzen zaizkion beste aldaketa batzuk egiteko ere. Epealdi hori iraganik, epaitzak egiaztatuko dira. Larraiozko Kontzejuak zehapena ezarriko du aprobetxamendurik ez egiteagatik edo zati batean soilik egiteagatik.
29. artikulua. Etxerako egurraren aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero finkatuko du Larraiozko Kontzejuak aurrekontu arruntean.
30. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra jaso ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendiko pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere kasu eginen diete Kontzejuan eginkizun horren ardura duen langileak edo Nafarroako Gobernuko basogintzako administrazioko langileek ematen dituzten jarraibideei. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei hiru urtez ukatuko zaie aprobetxamendu hau.
31. artikulua. Epaitzan seinalatutako zuhaitz guztiak aprobetxatuko dira. Epaitza behar bezala aprobetxatzeko, markatuta ez dagoen zuhaitzen bat bota behar bada, kontsulta eginen zaie Nafarroako Gobernuko basogintzako administrazioari edo Kontzejuan lan horretaz arduratzen diren langileei. Kontzejuaren adostasuna beharko da, ez bada zehapenik nahi.
32. artikulua. Haizeak botatako zuhaitzak, zuhaitz ihartuak edo obren ondorioz eraitsiak etxerako egurretarako aprobetxatzen ahalko dira salbuespen gisa, baldin eta egurra beste erabilera batzuetarako aprobetxagarria ez bada. Betiere, basogintzako administrazioaren berariazko baimena eta Kontzejuaren onespena beharko da. Kontzejuak zeregin hori duten langileen txostena edukiko du. Eskaeren ordenaren arabera eman eta banatuko da aprobetxamendua herritar interesdunen artean, balorazio kanona ordaindu ondotik. Egur lote horiek bateragarriak izan daitezke urteko epaitza arruntekin, baldin eta nahikoa egur badago. Ezin izanen dute etxerako egurraren aparteko aprobetxamendu hori egin oraindik aurreko urteetako egurra atera gabe duten herritarrek.
33. artikulua. Larraiozko Kontzejuak urtero epe bat irekiko du epaitzak eskatzeko. Lehenik eta behin, aztertuko da aurreko urteko epaitzen nondik norakoa, eta dagozkien herritarrei zehapenak aplikatuko zaizkie, bidezko bada. Eskaeren eta dagoen egurraren arabera markatuko dira epaitzak mendian. Gerora, jaso diren eskaeren artean zozkatuko dira.
34. artikulua. Erabat debekatuta dago zaborra, bidoiak edo edonolako hondakinak mendian uztea.
IV. KAPITULUA.–LABORANTZAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA
35. artikulua. Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:
a) Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak.
b) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.
c) Enkante publikoan adjudikatzea edo Kontzejuak zuzenean ustiatzea.
Kontzejuak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, azaldutako ordenaren arabera.
1. ATALA.–HERRITARRENTZAKO LEHENTASUNEZKO APROBETXAMENDUAK
36. artikulua. Aprobetxamendu modu horren onuradun izateko, familia-unitateetako titular diren herritarrek bete beharko dituzte 15. artikuluan ezarritako baldintzak, eta familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerek izan beharko dute lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak, edo familia-unitatearen diru-sarrerek izan beharko dute, guztira, soldata hori halako bat eta erdi baino txikiagoak.
Familia-unitatean baldin bada ezintasun fisikorik edo psikikorik duen kiderik, agiri bidez frogatuta, kide horietako bakoitzeko kontuan hartu beharreko diru-sarrera izanen da lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren parekoa.
Errenta mailak zehazteko aintzat hartu beharreko irizpideek datu objektiboak izanen dituzte oinarri, hala nola: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak edukitzea errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez, landa-lurraren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergapegarria, hiri-lurraren gaineko kontribuzioaren kapital zergapegarria –norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta–, eta horren gisako beste edozein datu.
37. artikulua. Modu honetarako eredu-lotearen azalera izanen da berariaz onetsitako baldintza-agirian ezarritakoa.
38. artikulua. Aprobetxamenduaren epea ez da 8 urtetik beherakoa izanen. Urte anitzeko laboreen kasuan, eta Udalak baimendu ondoan, epe hori laborearen bizitza baliagarriaren arabera luzatzen ahalko da.
39. artikulua. Asko badira herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamendurako ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateak, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Larraiozko Kontzejuak, aurretiaz Nafarroako Gobernuaren baimena izanik, ordenantza honen aurreko artikuluetan jasoriko faktoreak beheratzen ahalko ditu, proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Larraiozko Kontzejuak laborantzako herri-lurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa mota honetarako.
40. artikulua. Aprobetxamendu modu honen bidez herri-lurretako lurzatiak hartzen dituzten onuradunek ordainduko duten kanona urtero eguneratuko da nekazaritzako KPIaren arabera, Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunak urtero onesten duenari jarraikiz.
41. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste era batez ustiatu.
Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan elkartzen badira eta kide guztiek 15. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.
42. artikulua. Ezintasun fisikoagatik edo beste arrazoiren batengatik, titularrak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, dela adjudikatzeko unean, dela aprobetxamenduaren epean zehar, hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez adjudikatuko ditu Larraiozko Kontzejuak lurzati horiek, hau da, herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren bidez. Larraiozko Kontzejuak adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie lurzatien onuradunei, kanona kendu ondotik..
Udalak izanen du ahalmena erabakitzeko noiz dagoen ezintasun fisikorik edo beste arrazoiren bat, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.
Laborantza apartzerian ematen duten edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaldia bukatu arte.
Herri-lurzatiak kentzen zaizkien onuradunek Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.
43. artikulua. Larraiozko Kontzejuak egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.
Honako kasu hauetan iritziko zaio ez dela zuzeneko laborantza pertsonalik egiten:
a) Nekazaritzako makinak edukita, horiek ez erabiltzea adjudikatutako herri-lurrak lantzeko.
b) Landazaintza Zerbitzuaren edo Herri-lurren Batzordearen txostenaren arabera, adjudikatutako lurzatiak zuzenean eta pertsonalki lantzen ez direnean; horrelakoetan, ordenantza honetan eta aplikatzekoa den araudian ezarritakoari jarraikiko zaio.
c) Ondoko alderdi hauen gaineko frogagiriak eskatu (adjudikaziodunek berek edo Larraiozko Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak) eta agindu epean aurkezten ez badira: lur-lanak egin izana, lehengaiak erosi izana eta produktuak saldu izana.
d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean ez bada aitortzen nekazaritzako etekinik, horretara beharturik ez egonik ere.
e) Adjudikatutako lurzatiaren %80 bederen ez lantzea.
f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarren batzuei errentan ematen zaizkienean.
2. ATALA.–HERRITARRENTZAKO ZUZENEKO ADJUDIKAZIOKO APROBETXAMENDUAK
44. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, gelditzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako titular diren herritarren artean.
45. artikulua. Herritarrentzako lehentasunezko adjudikazioa egin ondotik erabakiko du Larraiozko Kontzejuak herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko loteen azalera, kontuan hartuta zenbateko azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden, familia-unitate bakoitzaren diru-sarrera garbiekiko alderantzizko proportzioan.
46. artikulua. Adjudikazio epea ordenantza honetan adierazitako bera izanen da: gutxienez 8; gehienez ere labore motaren bizitzaren arabera.
47. artikulua. Adjudikaziodunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, ordenantza honetako artikuluetan xedatutakoa bete beharko da.
48. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurren eskaintza gainditzen badu, behin lehentasuna duten herritarrentzako adjudikazioa egin ondoren, ezetsiko dira diru-sarrera handienak dituzten familia-unitateetako titularren eskaerak.
Familia-unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honetan ezarritako irizpideei jarraikiko zaie.
3. ATALA.–LARRAIOZKO KONTZEJUAREN ZUZENEKO USTIAPENA EDO ENKANTE PUBLIKOA
49. artikulua. Larraiozko Kontzejuak, aurreko ataletan zehaztutako prozedurak aplikatu ondoren, baldin badago laborantzako lurrik sobera, enkante publikoan eginen du adjudikazioa, eta hurrengo adjudikazioa noiz egin behar den, bada, ordura arteko epea emanen du.
Larraiozko Kontzejuak ezarriko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa, eta hura izanen da inguruko gisako lurrak errentan emateko prezioaren antzekoa. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, organo eskudunak onetsitako nekazaritzako KPIaren arabera.
Enkantea egin ondoren laborantzako lurrik gelditzen bada sobera, Larraiozko Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.
4. ATALA.–ADJUDIKATZEKO PROZEDURA
50. artikulua. Larraiozko Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartu eta Kontzejuaren iragarki-taulan ediktua agertuta, hamabost egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herri-lurzatien adjudikazioa eska dezaten.
51. artikulua. Eskaerari erantsiko zaio honako alderdi hauei buruzko zinpeko deklarazio bat:
a) Herriko biztanleak izatea, gutxienez hiru urte lehenagotik, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.
b) Kontzeju honekiko betebehar fiskalak egunean izatea.
c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute ea haietariko inork duen ezintasun fisikorik edo psikikorik.
d) Familia-unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai kontzeju honetan, bai beste batzuetan; lehorreko lurrak ala ureztalurrak diren zehaztuko da.
e) Familia-unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz besteko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal-mugarte honetan, bai beste batzuetan; lehorreko lurrak ala ureztalurrak diren zehaztuko da.
f) Familia-unitateko kide bakoitzaren hiri-lurreko ondasunen zergapeko kapitalak, kenduta norberaren etxebizitzari dagokiona, bai udal-mugarte honetan, bai beste batzuetan.
g) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentetakoak.
Zinpeko deklarazioa egiaztatzeko, Larraiozko Kontzejuak badu ahalmena beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa eskatzeko, errenta mailak egiaztatze aldera, agiri eta datu objektiboetan oinarrituak, ordenantza honetan zehazten den bezala.
52. artikulua. Kontzejuak, osoko bilkuran bildurik, onartuen zerrenda onetsiko du adjudikatzeko modu bakoitzean, bai lehentasunezkoan bai zuzenekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.
53. artikulua. Larraiozko Kontzejuaren iragarki-taulan jarriko da aprobetxamendu modu bakoitzean onartutakoen behin-behineko zerrenda, hamabost egun balioduneko epean, egoki iritzitako alegazioak egin daitezen. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe.
54. artikulua. Alegaziorik eta zuzendu beharreko akatsik izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du, eta onetsiko du modu bakoitzean herri-lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda.
55. artikulua. Ikusita herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia-unitateetako titularren behin betiko zerrenda, adjudikatuko dira ordenantza honetan ezarritakoaren araberako ezaugarriak eta azalerak dituzten loteak.
Laborantzako herri-lurren gainerako eremuei dagokienez, Larraiozko Kontzejuak laborantzako loteak egin eta adjudikatuko dizkie herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren behin betiko zerrendan dauden familia-unitateetako titularrei.
Lurzatien adjudikazioa buruturik, onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurzatien zerrenda jendaurrean jarriko da iragarki-taulan, 15 egunean, eta Kontzejuko Batzarrak zerrendak onetsiko ditu.
56. artikulua. Alegaziorik baldin bada argitaratutako zerrenden aurka, horiek ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.
V. KAPITULUA.–HERRI-LURRETAKO BESTE APROBETXAMENDU BATZUK
57. artikulua. Ehiza aprobetxamendua, ehiza barrutiak herri-lurrak sartuz eratu badira, indarrean dagoen Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legean eta haren osagarri direnetan ezarritakoari jarraikiz arautuko da.
58. artikulua. Larraiozko Kontzejuak kasu bakoitzerako prestatzen dituen baldintza-agirien arabera eginen da ondareko uren emakida, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiapena eta herri-lurretan egin nahi den beste aprobetxamendu edo hobekuntza oro. Gainera, 15 egunean gutxienez jarri beharko da jendaurrean eta Nafarroako Gobernuak onetsi beharko du.
VI. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN
59. artikulua. Larraiozko Kontzejuak indarrik gabe utz ditzake proiektuek ukituriko herri-lurren gaineko aprobetxamenduen adjudikazioak, indarreko araudian ezarrita dagoenaren arabera, zehazki Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua onesteko urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 217.etik 224.era bitarteko artikuluetan.
V. TITULUA
60. artikulua. Larraiozko Kontzejuaren herri-lurretan dauden bideak nola erabili eta nola baliatu arautzen da. Araudirik ezak eta gerta daitezkeen gehiegikeriek eta erabilera txarrek ekarri dute erregulazioa; izan ere, udal betebeharra da haiek onik zaintzea.
61. artikulua. Bideak erabil daitezke udalerrian ezarrita dauden nekazaritzako, abeltzaintzako, basogintzako, industriako edo aisiako jarduera guztietan, betiere ordenantza hauen gainerako artikuluetan ezarritako mugekin.
62. artikulua. Behar diren mugak ezartzen ahal zaizkio ibilgailu motordunen pisuari; batez ere, kontuan hartuta zoruaren egoera, ur bideen gaineko pasabideak eta drainatzeko azpiegiturak. Kasu bakoitzean, gehieneko tona kopurua ezarriko da.
63. artikulua. Hezetasunagatik eta lurzoruaren egoeragatik, mugatu daiteke bideak zer sasoitan erabili, ez daitezen hondoratu eta desegin. Horri dagokionez, bideak erabiltzeagatik hondatzeko arriskua badute, Nafarroako Gobernuko Basozaintzaren eta Udalean zeregin hori duten langileen oharrei jarraituko zaie.
64. artikulua. Bide eta pistetatik kanpo herri-lurretan barna ibilgailu motordunek debeku dute zirkulatzea, salbu eta nekazaritzako, abeltzaintzako edo basogintzako jardueretarako ibilgailuak badira.
65. artikulua. Debeku da ibilgailu motordunetan zernahi lehiaketa, lasterketa edota jarduera turistiko egitea, salbu eta Udalak baimena ematen badu.
66. artikulua. Erakunde eta entitate publikoetako ibilgailuek ez dute baimenik behar, beren eginkizunak betetzen ari direnean.
67. artikulua. Jarduerarik egin nahi izanez gero, eta hori kapitulu honetan ezarritako mugen aurka baldin badoa, baimena eskatu beharko zaio Kontzejuari. Halaber, baimena eskatu beharko du lanean bide bat era intentsiboan erabiltzekoa denak.
Kontzejuak egoki iruditzen zaizkion muga osagarriak eta fidantzak ezarriko ditu kasu bakoitzean, aintzat hartuz dena delako jarduera, bideak erabiltzeko urte sasoia eta baimendu beharreko ibilgailuak.
68. artikulua. Baimena eskatu behar duenak eskabidea bete beharko du eta bertan adierazi lana eginen duen enpresaren edo partikularraren izena, lan mota, erabili nahi dituen bideak, ibilgailuen tonajea –gehienekoa eta batez bestekoa–, eta zenbat denborarako den.
69. artikulua. Eskabideak ikusita, Larraiozko Kontzejuak onartu edo ukatu eginen du baimena, erabili beharreko bideetan sor daitezkeen arriskuen arabera.
Baimenak urtebeterako dira edo adjudikatutako lanak iraun bitarte.
Baimen guztiek fidantza edo abala jartzea ekarriko dute; Larraiozko Kontzejuak kalkulatuko du berak bideen gain zenbatesten duen arriskuaren arabera, eta itzuliko da bidea kalterik gabe lehengoratu dela frogatzen denean. Pasatzeko kuota ere ezar dezake Larraiozko Kontzejuak, bideen erabilera eta amortizazioa kontuan harturik; horren berri emanen dio, aldez aurretik, erabiltzaileari.
Ez dute berariazko baimenik beharko ordenantza honen 14. artikuluan jasotzen diren aprobetxamenduetako baten adjudikaziodunek. Dena dela, bete beharko dituzte horien erabilerarako ezarri diren arauak.
70. artikulua. Bide guztietan zirkulatzeko, gehieneko abiadura orduko 30 kilometro da hiru ardatzeko edo gehiagoko ibilgailuentzat, eta orduko 40 kilometro gainerako ibilgailuentzat. Nolanahi ere, abiadura mantsotu beharko da tartean oinezkorik, aziendarik eta abar agertzen bada, istripuak eta eragozpenak sor ez daitezen.
Beti dute lehentasuna nekazari, abeltzain eta basozainen ibilgailuek eta, haien artean, karga gehien daramanak.
VI. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
71. artikulua. Arau-hauste administratiboak dira jarraian adierazita dauden egitateak, eta zehazten diren zehapenak ezarriko zaizkie:
a) Aprobetxamendua behar den bezala, zuzenean eta pertsonalki ez egitea.
Herri-larreen aprobetxamenduan: aprobetxamendu horretarako eskubidea hiru urtean galtzea.
Etxerako egurraren aprobetxamenduan: hartarako eskubidea urtebetean galtzea, baldin aprobetxamendua zati batean soilik egiten bada, eta hiru urtean galtzea, gehiegizko aprobetxamendua egiten bada. Gainera, isun ekonomikoa ere ezartzen ahal da, epaitzaren balorazioa halako 5ekoa.
b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak ezarritako epeetan ez ordaintzea.
Halakoetan, hilabeteko epea emanen da %20ko errekarguarekin ordaintzeko. Epe horretan ordaindu ezean, aprobetxamendurako eskubidea galduko da.
Horren ondorioetarako, gordailuzainak zordunen idatzizko zerrenda bat aurkeztuko du, bai borondatez ordaintzeko aldiaren bukaeran, bai errekarguarekin ordaintzeko epearen bukaeran.
c) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrentzako aprobetxamendua, aprobetxamendu modua edozein delarik ere.
Etxerako egurraren aprobetxamenduan: hartarako eskubidea urtebetean galtzea, baldin aprobetxamendua zati batean soilik egiten bada, eta hiru urtean galtzea, gehiegizko aprobetxamendua egiten bada. Gainera, isun ekonomikoa ezartzen ahal da, epaitzaren balorazioa halako 5 bitartekoa.
d) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.
30 euroko isuna, epea gainditzen den egun bakoitzeko.
e) Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ez dituen titular baten azienda larratzea.
Eskubiderik izan gabe azienda Udalaren herri-lurretan larratzen den bakoitzean, 60 euroko zehapena behi edo zaldi aziendako buru bakoitzeko, eta 30 eurokoa ardi aziendako buru bakoitzeko. Zenbateko horiei gehituko zaizkie azienda dena delako lekutik eramatearen ondoriozko gastuak (araua hautsi duen titularraren konturakoak, osorik) eta sortutako kalte-galeren ordaina.
f) Herri-lurretan zaborra eta bestelako hondakinak uztea.
Zabor edo hondakin unitate bakoitzeko 30 euro ordaintzea. Zenbateko horiei gehituko zaizkie zaborrak jasotzearen ondoriozko gastuak (araua hautsi duen titularraren kargura, osorik) eta sortutako kalte-galeren ordaina.
Hildako abereak bertan uzteagatik zehapena ezarriko da; hain zuzen, Larraiozko Kontzejuak legearen araberako baldintzetan abereak jaso eta garraiatzeagatik ordaindu behar duen kostua, eta gainera, 30 euroko zehapena abelburu xehe bakoitzeko eta 60 eurokoa abelburu larri bakoitzeko.
g) Nafarroako Gobernuko basozainek edo eginkizun hori duten Larraiozko Kontzejuko langileek ordenantza hau urratzen duten ekintzen berri emanen dute.
Ordenantza honetan xedatuta dagoena urratzen duten edo herri jabetzetan kalteak edo gehiegikeriak ekartzen dituzten beste egitate edo ekintza guztiei, bai eta zehapena ekartzen duten ekintza guztiei ere, aplikatzen ahalko zaie Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 178. artikulua; zehazki:
–Zehapenak izanen dira produktuen balioa halako bost eta hamar bitartekoak. Ezin denean kalkulatu aprobetxatu denaren balioa edo sortutako kaltearen balioa, zehapena izanen da 60 eurotik 12.000,02 eurora bitartekoa.
–Arestian xedatu dena gorabehera, kalteak ordaindu egin beharko dira eta erantzukizunei aurre egin beharko zaie, halakoak daudenean; halaber, bidezkoa bada, konfiskatuko dira legez kanpo lortu diren produktuak eta arau-haustean erabili diren bitartekoak edo tresnak.
AZKEN XEDAPENA
Bakarra.–Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan.
Iragarkiaren kodea: L2508306
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
