2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LARRAUN
Deialdia, taxi-lizentzia bat adjudikatzeko
Larraungo Udalak, 2025eko ekainaren 10ean egindako osoko bilkuran, erabaki zuen deialdi bat onestea, hiriko taxi-lizentzia bat adjudikatzeko, lehiaketa bidez, Larraungo udal-mugarterako.
Eskaintzak aurkezteko epea 20 egunekoa izanen da, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Mugiron (Larraun), 2025eko ekainaren 25ean.–Alkatea, Mikel Uharte Martija.
OINARRI ARAUTZAILEAK, TAXI ZERBITZUA EMATEKO LIZENTZIA ADJUDIKATZEKO
1.–Xedea.
Oinarri hauen bidez, Udalak taxi-lizentzia bat adjudikatu nahi du lehiaketa bidez, bat etorriz Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legean ezarrita dagoenarekin.
Zerbitzua osorik emanen da Larraungo udalerrian; hiriarteko zerbitzuak emateko, lizentziaren titularrak dagokion baimena eskatu beharko dio Nafarroako Gobernuari.
2.–Araubide juridikoa.
Honako araudi honetan jasotzen da deialdi honen xedeko lizentziari ezarriko zaion araubide juridikoa:
–6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.
–1955eko ekainaren 17ko Dekretua, Udalbatzetako Zerbitzuen Erregelamendua onesten duena.
–280/1990 Foru Dekretua, Nafarroako Toki Erakundeen Ondasunen Erregelamendua onesten duena.
–9/2005 Foru Legea, Taxiari buruzkoa, eta hura aldatzen duen uztailaren 2ko 22/2013 Foru Legea.
Ordenantza udal-mugartean taxi-zerbitzua arautzen duena, 2025eko ekainaren 10ean Larraungo Udalbatzak onartua.
Eta aipatutakoak garatu edo osatzen dituzten gainerako xedapenak.
3.–Parte hartzeko baldintzak.
1. Lehiaketan parte hartzeko bete behar diren baldintzak honako hauek dira:
a) Pertsona fisikoa izatea, Larraunen erroldatua.
b) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko herrialde batekoa, edo Espainiak sinaturiko nazioarteko akordio, itun eta hitzarmenen ondorioz halako baldintzarik eskatu behar ez zaion atzerriko beste herrialde batekoa; edo, bestela, norberaren kontura garraioan aritzeko lan-baimen egokia izatea, Espainian dauden atzerritarren eskubide eta askatasunei buruzko legeetan xedatutakoaren arabera.
c) Ez edukitzea beste taxi-lizentzia bat.
d) Indarrean dagoen legerian ezarritako zerga-, lan- eta gizarte-arloetako betebeharrak betetzea.
4.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.
1. Eskaerak Larraungo Udalaren Erregistro Orokorrean (Gabari Etxea, Mugiron) aurkeztuko dira edo egoitza elektronikoan (www.larrau.eus) 20 egun naturaleko epean, iragarki hau argitaratzen den hurrengo egunetik hasita.
Proposamenak postaz ere bidaltzen ahal dira; horretarako, interesdunak egiaztatu beharko du posta-bulegoan igorpena noiz egin duen, gordekinaren bidez. Orobat, eta aurreko paragrafoan adierazitako epearen barrenean, proposamena bidali duela egiaztatu beharko du mezu elektroniko bidez (info@Larraun.eus). Beharkizun horiek bete ezean, ez da onartuko ezarritako epetik kanpo jasotzen den proposamenik.
Dena dela, proposamenak aurkezteko epea bukatu eta 4 egun natural iragandakoan, ez da onartuko postaz igorritako proposamen bakar bat ere.
5.–Agiriak.
Eskaerak bi gutun-azal itxitan aurkeztuko dira, idazkun honekin: "Taxi-zerbitzua emateko lizentzia bat adjudikatzeko lehiaketa", eta izen-abizenak, NAN zenbakia eta eskaera egiten duen pertsonaren sinadura, baita gutun-azal bakoitzaren izenburua ere, honela:
–1. gutun-azala: Dokumentazio administratiboa.
–2. gutun-azala: Dokumentazio teknikoa.
1. "Dokumentazio administratiboa" izeneko 1. gutun-azalak honako hau izanen du barnean:
1.1. Eskaera egiten duenaren nortasun agiri nazional indardunaren fotokopia.
1.2. Gidabaimen indardunaren fotokopia.
1.3. Indarrean dagoen araudian ezarritako zerga-, lan- eta gizarte-arloetako betebeharrak betetzen dituela frogatzen duen agiria.
–Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria eta, halaber, lizitatzaileak zerga-betebeharrak dituen administrazio publikoetako organo eskudunen ziurtagiria, ordainketak eguneratuta dituela diotenak. Ziurtagiri horiek proposamenak aurkezteko epea bukatzen den eguna baino sei hilabete lehenagokoak edo berriagoak izanen dira.
–Gizarte Segurantzaren ziurtagiria, gehienez ere proposamenak aurkezteko epea bukatu baino sei hilabete lehenago emana. Hartan frogatuko da langileak Gizarte Segurantzaren sisteman inskribatuta daudela, edo afiliatu eta alta eman zaiela, behar diren kotizazio-agiriak aurkeztu direla, eta indarrean dauden xedapenetan agindutakoa Gizarte Segurantzari ordaindu zaiola (salbu eta lizitatzaileak ez badu nahitaez aplikazio-eremuaren barnean egon behar).
–Lizitatzailearen deklarazioa edo, bestela, ahalordedunarena edo ordezkariarena, non bere erantzukizunpean baieztatuko baita betebehar guztiak egunean daudela segurtasun-arloan, laneko osasunean eta laneko arriskuen prebentzioan, indarrean dauden xedapenetan agindu bezala.
2. "Dokumentazio teknikoa" izeneko 2. gutun-azalean, 1. eranskineko ereduarekin bat, eskatzaileak aurkezten duen dokumentazioa sartuko da, proposamen ekonomikoa izan ezik, oinarri hauen 6. klausulan ezarritako irizpideen arabera baloratu eta puntuatu dadin.
6.–Adjudikazio irizpideak.
Lizentziak adjudikatzeko, honako irizpide hauek erabiliko dira, behar bezala haztatuak:
1. Ibilgailua minusbaliotasuna dutenak garraiatzeko egokitua izatea, gurpil-aulkiak jasotzeko plataformarekin: 15 puntu.
2. Edukiera handia: 10 puntu bitarte.
–9 lagunendako tokia, gidaria barne: 10 puntu.
–8 lagunendako tokia, gidaria barne: 8 puntu.
–6 lagunendako tokia, gidaria barne: 6 puntu.
–5 lagunendako tokia, gidaria barne: 5 puntu.
3. Zerbitzua eskaintzea: 7 puntu, gehienez.
Alderdi honetan gehienez ere 7 punturekin baloratzen da zerbitzua aldi berezi batzuetan emateko konpromisoa, hala nola gauez, jaiegun eta asteburuetan, baita zerbitzua asteko zazpi egunetan ematea ere.
–Gauak, jaiegunak eta asteburuak: puntu bat.
–Asteko 7 egunak: puntu bat.
Atal honetan baloratuko da ibarreko herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea; horretarako, euskara-maila frogatuko da, titulu bat edo antzeko agiri bat aurkeztuta. 5 puntu. B-2.
Euskarari dagokionez, Larraungo Udalak antolatzen dituen probak gainditzea ere onartuko da. Maila-proba horiek deialdi hau argitaratu ondoren egin daitezke eta, horrenbestez, deialdia argitaratu ondoren aurkez daitezke egiaztagiriak. Nolanahi ere, izangaiak prozesuan parte hartzeko eskabidearekin batera, adierazitako probetan aurkezteko konpromisoa aurkeztu beharko dut.
4. Esklusibotasuna: 10 puntu.
10 punturekin baloratuko da taxi-zerbitzua esklusibotasunez ematea. Hau da, taxilari lanbidean esklusiboki aritzea. Alderdi hori erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko da.
5. Alderdi teknologikoak: 2 puntu.
2 puntu emanen zaizkio baldin eta tokiak aurkitzen eta nabigazioan laguntza ematen duten elementu teknologikoak baditu (GPSa, Help-bidea edo beste aplikazio batzuk).
6. Gutxiago kutsatzen duten erregai eta motorrak:
Gehienez ere 10 puntu emanez baloratuko da gutxiago kutsatzen duten erregai eta motorrak erabiltzea, konpromisoa eskaintzen bada hori dakarten ibilgailuez baliatzeko. Hurrengo baremoari jarraikiko zaio.
–0 isurpenen kalifikazioa duen ibilgailua: 10 puntu.
–ECO Hibrido entxufagarria kalifikazioa duen ibilgailua: 7 puntu.
–ECO kalifikazioa duten gainerako ibilgailuak: 4 puntu.
Guztirako puntuazioan berdinketa gertatzen bada, Larraungo udalerrian taxi-zerbitzua arautzen duen ordenantzaren 5.2 artikulua eta uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 5.5 artikulua betez, emakumeak taxiaren sektorean sartzea ahalbidetzen duen eskaintzaren alde eginen da, hau da, emakume eskatzaileen alde. Hala ere, berdinketak jarraitzen badu, zozketa bidez ebatziko da.
7.–Kalifikazio batzordea.
Agiriak kalifikatu eta proposamenak baloratuko dituen batzordea honako hauek osatuko dute:
Batzordeburua: Mikel Uharte Martija, Larraungo alkatea.
Ordezko batzordeburua: Josu Oreja Arratibel, Larraungo udal zinegotzia.
Batzordekidea: Miguel María Mugiro Sorabilla, Larraungo udal zinegotzia.
Ordezkoa: Joseba Xabier Artzeluts Bizkarrondo, Larraungo udal zinegotzia.
Batzordekidea: Ainhoa Fernández Galdeano, Larraungo udal zinegotzia.
Ordezkoa: Irune Juanena Ayestaran, Larraungo udal zinegotzia.
Batzordekide idazkaria: Ana Alduntzin Navarro, Larraungo udal idazkaria.
Ordezkoa: Joanes Aleman Ollo, Araitz eta Beteluko udal idazkaria.
8.–Agirien kalifikazioa.
Proposamenak aurkezteko epea bukatuta, batzordeak, barne ekitaldian, lizitatzaileek 1. gutun-azalean aurkeztutako dokumentazio orokorra kalifikatuko du, kanpoko jenderik aurrean ez dela.
Udalaren iragarki-taulan argitaratuko da izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda. Izangaiek erreklamazioak egiten ahal dituzte, eta akatsak zuzendu, onartutako eskatzaileen behin-behineko zerrendan adieraziko den epean.
Eskatzaileen behin-behineko zerrendan zehazten den egunean argitara emanen da, Udalaren iragarki-taulan, Larraungo udal-mugartean hiriko taxi-zerbitzua eskaintzeko lizentzia eskuratzeko izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda. Behin-behineko zerrendan bazterturik ez badago, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatu eta horrela adieraziko da.
Eskatzaileen behin betiko zerrendan zehaztuko da gutun-azal ekonomikoak irekitzeko eguna, ordua eta tokia, baita 2. gutun-azalaren puntuazioa noiz irakurriko den ere.
Lizentzia eskuratzeko izangaiak ezagututa, barne-ekitaldian, 2. gutun-azala ireki eta edukia aztertuko da, 6. oinarrian adjudikatzeko bildutako irizpideei jarraituz.
9.–Proposamenak irekitzea.
Batzordeak, behin betiko zerrendan zehazten den egunean, orduan eta tokian eginen den ekitaldi publikoan, 2. gutun-azalaren edukiaren azterketan lortutako puntuazioaren berri emanen du, adjudikatzeko irizpideekin bat.
Biharamunean, Udalaren iragarki-taulan lehentasun ordenaren araberako puntuazio-zerrenda emanen da argitara, lehiaketan den lizentzia eskuratzeko 10. oinarrian zehaztutako moduan.
10.–Lizentziaren adjudikazioa.
1. Eskaintzak aztertuta, haietako bakoitzari lehentasun-ordena esleituko zaio, guztira lortutako puntuazioarekin bat.
2. Organo eskudunak lizentziaren behin-behineko adjudikazioa onetsiko du.
3. Behin-behineko adjudikaziodunak adjudikazioa jakinarazi eta hiru hilabeteko epean, egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, lizentzia emateko eskatu zaizkion baldintzak betetzen dituela frogatzeko; eta bereziki:
–Zein ibilgailuri atxikiko zaion lizentzia, haren gaineko dokumentazioa. Aurkeztutako eskaintzarekin bat etorri beharko du, eta Taxiari buruzko Foru Legean eta arlo hori arautzen duen ordenantzan ezarritako ezaugarriak beteko ditu.
–Aseguruen kontratazioa eta, hala denean, kontratatutako gidariarena.
4. Behin-behineko adjudikaziodunak adjudikazioa jakinarazi eta 3 hilabeteko epean, lizentzia eskuratzeko baldintzak betetzen dituela frogatzen duen dokumentazioa aurkezten ez badu, eta, bereziki, ibilgailuarena, aseguruen kontratazioa eta, hala denean, soldatapeko gidariarena, atxikitako bermea bahituko zaio eta lizentziak adjudikatzeko prozesutik baztertuko da. Horrela, lehentasun-ordenaren arabera lizentziaren behin-behineko adjudikaziodun izan ez den lehendabiziko hautagaiak hartuko du haren tokia.
Prozedura hau dela eta, behin-behineko adjudikaziodunen zerrendan berronartutako hautagaiek lehen aldiko adjudikaziodunen baldintza berak izanen dituzte, baita 600 euroko bermea jarri beharra ere, behin-behineko adjudikaizoa jakinarazi eta astebeteko epean.
5. Dokumentazio hori aurkeztuta, Udalaren osoko bilkurak behin betiko emanen dio taxi-lizentzia adjudikaziodunari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da nor den Larraungo udal-mugartean hiriko taxi-zerbitzua eskaintzeko lizentziaren behin betiko adjudikazioaren hartzailea.
11.–Lizentziaren titularraren betebeharrak.
Taxi-lizentziaren adjudikaziodunak Taxiari buruzko 9/2005 Foru Legearen 6. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko ditu, taxi-lizentziaren titular izateko.
Era berean, lehiaketan baloratu diren ezaugarriak oro, 6. oinarrian zehaztutako irizpideekin bat, lizentziari atxikita mantendu beharko dira, lizentzia indarrean egon bitartean.
12.–Jurisdikzioa eta errekurtsoak.
Lizentzia adjudikatzen duen organo eskudunak erabakiko ditu lehenik oinarri hauek aplikatu eta interpretatzean sor daitezkeen gorabehera guztiak. Haren ebazpenak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean eta 39/2015 Legean ezarritakoarekin bat aurkaratzen ahal dira, eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan errekurrituz gero, jurisdikzio horri buruzko legean ezarritakoarekin bat.
Iragarkiaren kodea: L2509091