Iragarkia
130. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 1a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
BERRIOZAR
Deialdia, bete dadin eskola-sustatzailearen plaza bat, oposizio-lehiaketaren bidez
Gobernu Batzarraren 2025eko ekainaren 11ko erabaki baten bidez, deialdi bat onetsi zen, honako oinarri hauei jarraikiz:
OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da betetzea eskola-sustatzailearen plaza bat, Berriozarko Udalerako, oposizio-lehiaketa prozeduraren bidez, betiere betez printzipio hauek: lehia askea, berdintasuna, merezimendua, gaitasuna eta publikotasuna. Plaza 123 zenbakiarekin dago identifikatua plantilla organikoan.
1.2. Lanaldi osoko lanpostua izanen da. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira, eta organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.
1.3. Lanpostuak B mailako ordainsariak izanen ditu, bat etorriz Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduarekin (onetsi zen uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez) eta Berriozarko Udalari aplikatzen zaizkion gainerako xedapenekin. Halaber, izanen ditu plantilla organikoan jasotzen diren osagarri guztiak.
1.4. Lanpostuaren eginkizunak honako hauek dira, aipatze hutsez eta bertzelakoak baztertu gabe:
–Gizarte eta hezkuntza arloko esku-hartzea, adingabe migratzaileekin eta gutxiengo etnikoetako adingabeekin.
–Ikustea ea zer adingabe ez diren joaten eskolara, eta banakako plan bat egitea esku hartzeko, absentismoa prebenitzeko.
–Absentismoa, eskola-porrota eta bortizkeria: egoera horiei jarraipena egitea eta horiek kontrolatzea.
–Abiaraztea hezkuntza-laguntzako baliabideak, ikastetxeetatik kanpo, ikasleendako eta haien familiendako, eta/edo baliabide horiei jarraipena egitea.
–Bultzatzea adingabeek parte hartzea gune eta baliabide soziokomunitarioetan.
–Familiei laguntzea, aholku ematea eta bitartekaritza egitea.
–Laguntzea eskola-bitartekaritza programak abiarazten, ikastetxeetan.
–Laguntzea osasuna sustatzeko eta ingurumeneko programak egiten, ikastetxeetan.
–Lan egitea koordinaturik ikastetxeetako zuzendaritza-taldeekin.
–Ikastetxeetan zailtasunak dituzten adingabeekin esku hartzea.
–Laguntza ematea Mankomunitatearen gizarte zerbitzuen haur eta familien programari.
–Koordinatzea Mankomunitatearen gizarte zerbitzuen haur eta familien programako profesionalekin.
–Bertze profesional batzuekin koodinatzea eta sareko bileretan parte hartzea.
–Behar diren proposamenak diseinatzea eta gauzatzea, sustatze aldera ikastetxearen, ingurune sozialaren eta familien arteko harremanak.
–Familiei laguntzea, ikastetxeekin duten harremanean.
–Laguntzea eta aholku ematea egoera ahulean dauden familiei, izapide administratiboak egiteko (erraterako, bekak eta dirulaguntzak eskatzea etab.).
–Aisialdiko guneak dinamizatzea ikastetxeetan (jolas-ordua, jantokia etab.), eta, hala, erraztea ikasle guztiak integratzea.
–Aisialdi guneetan ikasle guztiak sozializatzeko aisialdi jardueretan parte hartzea.
–Berriozarko Ohitura Osasungarriak Sustatzeko Komunitate Proiektuan dagoen figura profesionala.
–Udalaren zerbitzuekin koordinatzea: Kultura, Berdintasuna, Kirola, Gizarte Ekintza, Gazteria, Euskara, etab.
–Eta, oro har, egitea arestian deskribatutakoen antzeko zeregin guztiak, bai eta zerbitzua dela-eta agintzen zaion bertze edozein eginkizun edo zeregin ere, lanpostuari dagokionez eta haren mailaren eta kategoriaren barnean.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Deialdi honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko bertze estaturen batekoa edo, jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunei, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa; orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko bertze estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, betiere 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.
c) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
d) Honako titulu hauek izatea: Gizarte Hezkuntzako edo Gizarte Laneko diploma, unibertsitateko gradua edo baliokidea.
Atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioaren frogagiria.
e) Euskaraz jakitea, C1 maila, EGA edo horren baliokidea egiaztatzen duen ziurtagiria aurkezturik. Orobat frogatzen ahalko da eskatutako jakite mailaren proba espezifikoa eginda, 103/2017 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz (Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta mendeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen Foru Dekretua).
f) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.
g) Haurrendako eta nerabeendako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, haur-hezitzaile lanpostuan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.
2.2. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak, bai eta hautapen prozesuak iraun bitartean eta lanpostuaren jabetza hartu arte ere.
3.–Eskabideak eta aurkezteko epea.
3.1. Eskabideak telematikoki aurkeztu behar dira nahitaez, "Deialdia, eskola-sustatzailearen lanpostu bat betetzeko, oposizio-lehiaketaren bidez" izapidea erabiliz. Izapide hori sortuko da Berriozarko Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.berriozar.es/default.aspx). Aukeran, NAN elektronikoa / ziurtagiri elektronikoa edo Cl@ve erabil daitezke.
Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), "administrazioek haiekin harremana nahitaez bitarteko elektronikoz izan beharra ezarri ahal izanen dute zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen multzo batzuendako, haien gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bertzelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta eskuragarritasuna badutela".
Halaber, 2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 26ko 19/2024 Foru Legearen 27. artikuluan (Nafarroako Administrazio Publikoek deitutako hautapen prozesuei buruzko xedapenak), hau ematen da aditzera: "Nafarroako administrazio publikoei ahalmena ematen zaie Administrazioan sartzeko edo bertako lanpostuak betetzeko hautapen-prozesuen deialdietako eskabideak eta gainerako dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkez daitezela eskatzeko".
Eskabidea eginen da Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.berriozar.es/default.aspx) sortuko den honako izapidean eskuragarri dagoen formularioaren bidez: "Deialdia, eskola-sustatzailearen lanpostu bat betetzeko, oposizio-lehiaketaren bidez". Eskabidean izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela eskatzen diren baldintza guzti-guztiak hautapen-prozesuan parte hartzeko.
Hautapen prozesuan parte hartu ahal izateko, izangaiek 42,40 euro ordaindu beharko dituzte, espedientea formalizatzeagatik eta azterketa eskubideengatik. Banku-txartelaren bidez ordainduko da. Ordainketa egiteko aukera egonen da egoitza elektronikoan, izena emateko gaituta dagoen izapide berean. Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.
Azterketa eskubideetarako tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean (23. ordenantza) ezarritakoarekin bat, honako hauek tasak ordaintzetik salbuetsita egonen dira:
–%33ko edo handik gorako desgaitasun maila aitortua dutenak.
–Deialdia argitaratzen den egunerako, lan eskatzaile gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramatenak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikatutako kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik ez izatea, hilean zenbatuta.
Lan-eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo moldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.
Behar den tasa ez ordaintzea nahikoa arrazoi izanen da izangaia hautapen-prozesutik baztertzeko.
Ez da azterketa eskubideen itzulketarik izanen baldin izangaia baztertzen bada interesdunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik, erraterako beharkizunak ez betetzeagatik edo deialdian eskatutako agiriak ez aurkezteagatik.
3.2. Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.
3.3. Eskaerari, behar bezala bete ondotik, honako agiri hauek erantsiko zaizkio:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen bertze agiri baliokideren batena.
b) Eskatutako titulazioaren fotokopia.
c) Hala badagokio, euskararen ezagutza egiaztatzen duen dokumentazioa edo proba egiteko eskabidea.
d) Lehiaketa-fasean baloratu behar diren alegatutako merezimenduen ziurtagiriak.
e) 6. oinarrian xedatutakoa aplikatzeko, eta denborak eta baliabideak egokitzea eskatzeko, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute, agiri hauetako baten kopiaren bidez:
–Organo eskudunak emandako ziurtagiria.
–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.
f) Kasua bada, tasa ordaintzetik salbuesteko egiaztagiria.
Desgaitasuna duten izangaiek eskatzen ahalko dute epeak eta moduak egokitzeko, ariketak egiteko, hala behar izanez gero. Kasu horietan, eskabidean, bertze orrialde batean, adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Berriozarko Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta aginduko du argitara dadila Berriozarko Udalaren web fitxan.
4.2. Behin-behineko zerrenda web fitxan argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, halakorik balego, Berriozarko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Berriozarko Udaleko egoitza elektronikoan argitara dadila. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da hautaprobak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Berriozarko Udalaren egoitza elektronikoan.
Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta Berriozarko Udalaren web fitxan argitaratuko da.
4.4. Azterketa eskubideak ez dira itzuliko, baldin izangaiak bazterturik gelditzen badira izangaiei berei egozten ahal zaien arrazoi batengatik.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:
1.–Epaimahaiburua: Iker Marriezcurrena Celaya, Berriozarko Udaleko alkatea.
2.–Epaimahaikidea: Berriozarko Udaleko funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen batzordeak proposamenez izendatua.
3.–Epaimahaikidea: Leire Arrieta Recondo, Berriozarko DBHIko zuzendaria.
4.–Epaimahaikidea: Ander Elcano Sanchez, Berriozar Mendialdea II HLHIPko zuzendaria.
5.–Epaimahaikide-idazkaria: Bidane Zabalza Alonso, Berriozarko Udaleko giza baliabideetako arduraduna.
Kalifikazio-epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.
5.2. Kalifikazio-epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 39/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Kalifikazio-epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren auzi guztiak.
5.5. Kalifikazio-epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eskatzen ahal du, proba baterako edo guztietarako. Aholkulari horien laguntza norberaren espezialitate teknikora mugatuko da.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da: lehiaketaldia lehenbizi, eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
6.1. Lehiaketaldia.
Oposizioa gainditu duten izangaiei baloratuko zaie lehiaketaldia, eta 30 puntu izanen ditu gehienez, baremo honen arabera:
6.1.1. Laneko esperientzia. Gehienez ere 30 puntu:
–Edozein administrazio publikotan sustatzailearen lanetan egindako urte bakoitzeko: 3 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 10 urte.
Egindako zerbitzuak baloratzeko, kontuan hartuko dira honako inguruabar hauek:
a) Bete diren lanpostuen maila, haietan eskatutako titulazioa eta lanpostuen izena.
b) Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
c) Lanaldi partzialeko zerbitzuak badira, lanaldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
d) Bertze zerbitzu batzuekin aldi berean egindako zerbitzuen kasuan, puntuaziorik handiena dutenak bakarrik baloratuko dira.
e) Lanean egindako denbora baloratzeko, aurkeztu beharko da, zerbitzuak zein administraziotan egin diren, harexek eginiko ziurtagiri bat, betetako eginkizunak frogatzen dituena eta lanpostu horretarako eskatu zen titulazioa adierazten duena.
6.1.2. Merezimenduak baloratzean, kontuan hartuko dira soilik deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak.
6.1.3. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.
Azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko dira izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.
6.1.4. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
6.1.5. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek eskuratutako behin-behineko puntuazioak, Berriozarko Udalaren egoitza elektronikoan, eta bortz egun balioduneko epea emanen da, puntuazioak argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.
6.1.6. Epaimahaiak behin-behineko emaitzen aurka aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak argitaratuko dira Berriozarko Udalaren egoitza elektronikoan.
6.2. Oposizioaldia.
2.1.e) oinarrian hizkuntzarako eskatutako jakite-maila agiri bidez frogatu ez dutenei eta proba hori egitea eskatu badute, dei eginen zaie euskara proba egin dezaten. Proba horretan ariketak eginen dira, idatzizkoak eta ahozkoak, eta horien bidez zehaztuko da izangaia gai den ala ez, C1 hizkuntza mailari dagokionez. Probaren emaitza gai edo ez gai izanen da; gai kalifikazioa lortzen ez duten izangaiak hautapen prozesutik baztertuko dira.
Aurreikusirik dago oposizioaldia hastea 2025eko irailean. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
Proban kasu teoriko-praktiko bat ebatzi beharko da, labur erantzun beharreko galderez edo test motako galderez osatua, epaimahaiaren erabakiaren arabera. Galdera horiek deialdi honetako I. eranskineko gai-zerrendan jasotako gaiekin eta bete beharreko lanarekin zerikusia duten kasu praktikoei buruzko galderekin eta deialdi honetako I. eranskineko gai-zerrendan jasotako gaiekin lotuta egonen dira. 70 puntu emanen dira, gehienez. Bazterturik geldituko dira gutxienez ere 35 puntu lortzen ez dituzten izangaiak. 120 minutu iraunen du, gehienez ere.
Probarako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela agertu behar dute. Oposiziotik baztertuko dira azterketara agertzen ez direnak edo nortasuna frogatzen ez dutenak arestian aipatutako agirietako baten bidez.
Proba hau egiteko ezin da inolako testurik kontsultatu, ez eta kalkulagailurik edo bertzelako materialik erabili ere, ez bada bolaluma urdina edo beltza.
6.2.1. Probak 70 puntuko kalifikazioa izanen du, gehienez ere. Izangaien zerrendan sartuko dira hautaproban ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortzen duten izangaiak (21 puntu).
Agertzen ez diren izangaiak oposiziotik baztertuko dira.
Probaren kalifikazioa burututakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Udalaren web-orrian, eta bortz egun balioduneko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkezteko. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira eta horiek ere Udalaren web-orrian argitaratuko; behar denean, proba gainditu duten izangaiak eta baztertuak adieraziko dira.
Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.
Probetan iruzurrik egiten bada, edozein delarik ere, izangaia berehala baztertuko da, eta, gainera, behar diren jarduketa penalak gauzatuko dira, bidezkoak badira.
7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda.
7.1. Proben kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du Berriozarko Udalaren web-orriko egoitza elektronikoan, lortutako guztizko puntuazioaren arabera ordenatuta, izangai bakoitzak oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako kalifikazioak batuta.
7.2. Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, ebatziko da hautaproban puntuaziorik handiena dutenen alde.
Berdinketak segitzen badu, ebatziko da lehiaketaldian puntuazio handiena lortu duenaren alde. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak segitzen badu, ebatziko da kalifikazio-epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez.
8.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.
8.1. Udalaren web fitxan izendapen proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean, izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
a) Lan arloko Balorazio Klinikoaren eta Ikuskatzailetza Medikoaren Atalak egindako txostena (Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Lan Osasunaren Zerbitzuko atala), edo, hala badagokio, Berriozarko Udalak izendatutako eta behar bezala akreditatutako kanpoko erakunde batek egindako txostena, frogatzen duena ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragotziko liokeenik lanpostuaren eginkizunak betetzea.
Izangaiek desgaitasunen bat alegatu badute, gainera, aurkeztu beharko dute desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.
b) Zinpeko adierazpen edo adierazpen solemne bat, aditzera emateko pertsona ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
Izangaiak Espainiako nazionalitatea ez badu, zinpeko deklarazio bat aurkeztu beharko du, adierazteko ez duela diziplina-zehapenik edo zigor penalik, eragozten dionik sartzea bere estatuko funtzio publikoan.
c) Ziurtagiri bat, frogatzeko ez dela kondenatua izan epai irmo baten bidez sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere.
d) Europar Batasunetik kanpoko herrialderen batekoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.
8.2. Inork agiri horiek adierazitako epean aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbertzeko kasuetan izan ezik, ezin izanen da izendatu eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira. Hori, dena dela, ez da eragozpen izanen eskabidea faltsutzeagatik duen erantzukizuna eskatzeko, kasua bada.
8.3. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko da hutsunea, eta aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da harekin.
9.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.
9.1. Izendapena.
Eskatutako agiriak aurkeztu ondoan, Tokiko Gobernu Batzarrak hartutako erabaki baten bidez, eskola-sustatzaile izendatuko da oposizioa gainditu dutenen artean puntuaziorik handiena eskuratu duena.
Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
9.2. Jabetza hartzea.
Izangaiak izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko du lanpostuaz.
Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez dutenek Berriozarko Udalean sartzeko eskubide guztiak galduko dituzte, ezinbertzeko kasuetan izan ezik. Hala bada, deialdiaren 8.3 apartatuan ezarritakoari jarraikiko zaio.
Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede den lanposturako izendatua izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen den izangaia Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu, eta hartan alta emanen zaio araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badago edo Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako bertze araubide batean izena emana bada; orduan, eta izendatu aurretik, babes araubide horretan segitzea ala Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea aukeratzen ahalko du.
Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, data horretan bertze administrazio publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 8.3 apartatuak agintzen duen moduan beteko da.
10.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
10.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari jarraikiz, honako zerrenda hauek sortuko dira, aldi baterako kontrataziorako, hautapen-prozesuan parte hartu ondotik lanpostua lortu ez duten izangaiekin:
a) Probak gainditu baina lanposturik eskuratu ez duten izangaien zerrenda.
b) Hautaproban gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.
10.2. Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen zerrenda eta Berriozarko Udalean kontratatua izateko izangaien zerrenda.
Hautapen probako epaimahaiak espedientea igorri ondoren, Berriozarko Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du eta bertan onetsiko lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrenda eta hautaproban gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.
Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren hurrenkera: probak gainditu bai, baina lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera; gainerako izangaien kasuan, lehenbiziko ariketan lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketarik gertatzen bada, hura ebazteko, aplikatuko dira deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak.
Izangaiak aldi baterako kontratatzeko zerrendan sartzeak ez du berekin ekartzen interesdunei onartu izana 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituztela, horiek frogatu behar baitira oinarri honetan ezartzen den eran.
Izangaiei aldi baterako kontrataziorako deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88.b artikulua eta hurrengoak (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina), eta Berriozarko Udalak onetsitako kudeaketarako arau indardunak.
Aski justifikatutako ezinbertzeko kasuetan izan ezik, kontratatuak izateko eskatzen zaizkien agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzearen ondoriozko eskubide guztiak, horrek deusetan eragotzi gabe parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna, kasua bada.
11.–Datuen babesa.
Izangaiei honako honen berri ematen zaie, jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO) zehazki, haren 13. artikuluari:
–Berriozarko Udalaren ardura da deialdiko parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamendua.
–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostuak betetzea.
–Hona hemen oinarri juridikoa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, kontratu bat gauzatzeko, interesduna denean kontratu horren alderdi bat, edo tratamendua beharrezkoa denean kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, berak eskatuta).
–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
–Datuak komunikatuko dira legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege-Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2. f artikuluarekin.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, datuak babesteko ordezkariaren bidez dpd@berriozar.es helbidean edo webgunearen bidez (www.berriozar.es).
–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.
12.–Errekurtsoak.
12.1. 39/2015 Legearen 112. artikuluan aipatzen diren kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
12.2. Deialdi honen oinarrien aurka edo aplikatzeko egintzen aurka, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, errekurtso hauetako bat jar daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren arabera (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legea), bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
Hori guztia, bat etorriz ezarrita dagoenarekin urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1–Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: langile motak. Funtzionario publikoen hautapena. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. Administrazio egoerak. Eskubideak eta betebeharrak. Ordainsariak. Lan-kontratudunak.
2.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea: prozeduran interesdun direnak; jarduteko gaitasuna eta interesdun kontzeptua; ordezkaritza; administrazio-prozeduran interesdunek beren burua identifikatzea eta sinatzea. Administrazio publikoen jarduera: arau orokorrak, erregistroak, administrazio-isiltasuna, epemugak eta epeak (zenbaketa). Administrazio egintzak: baldintzak. Efikazia, jakinarazpena. Administrazio prozedura erkidea. Bermeak. Faseak. Administrazio errekurtsoak: printzipio orokorrak, gora jotzeko errekurtsoa eta berraztertzeko errekurtsoa.
3.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa: abstenitzea eta errekusatzea. Zehatzeko ahalaren printzipioak. Administrazio publikoaren erantzukizuna eta administrazio publikoen zerbitzuko agintari eta langileen erantzukizuna. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.
4.–5/2018 Foru Legea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa: II. titulua, I. eta III. kapituluak; III. titulua, I., II. eta III. kapituluak.
5.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen Oinarriei buruzkoa. II. titulua: udalerria. I. kapitulua: lurraldea eta biztanleria. II. kapitulua: antolamendua. V. titulua: toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea: I. kapitulua: funtzionamenduaren araubidea. IV. kapitulua: herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea.
6.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua: udalerria, Nafarroako toki-erakunde gisa. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea. IV. titulua: toki-erakundeen ondasunak. V. titulua: jarduerak, zerbitzuak eta obrak. IX. titulua: Nafarroako toki-erakundeen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, aurkaratzea eta kontrola: bereziki, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).
7.–Berriozarko Udalaren Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako ordenantza.
8.–Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea.
9.–Haur eta familien programa oinarrizko gizarte zerbitzuetan.
10.–Eskola-absentismo kasuetan jarduteko Nafarroako protokoloa.
11.–Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesaren esparruko prozeduraren II. eskuliburua.
12.–10/2021 Foru agindua, urtarrilaren 29koa, ikastetxeetan bizikidetza hobetzeko, Kanpo Lana programaren bidez.
13.–47/2010 Foru dekretua, abuztuaren 23koa, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetako ikasleen eskubide eta eginbeharrak.
14.–204/2010 Foru agindua, abenduaren 16koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako eta pribatu itunduetako bizikidetza arautzen duena.
15.–4/2023 Foru Legea, martxoaren 9koa, justizia errestauratiboari, bitartekaritzari eta jardunbide errestauratibo komunitarioei buruzkoa.
16.–Nafarroako Gobernuko kanpoko erasoen aurkako protokoloa.
17.–Genero-indarkeriaren kasuetan esku hartzea.
18.–Eskolako jazarpen kasuetan esku hartzea.
19.–Indarkeriarik gabeko komunikazioa.
20.–Berriozarko lan komunitarioko sarea.
21.–Ijitoen kultura.
22.–Migrazio-dolua.
23.–Gatazkak konpontzea eta gatazka bitartekaritza.
Berriozarren, 2025eko ekainaren 11n.–Alkatea, Iker Mariezcurrena Celaya.
Iragarkiaren kodea: L2508703
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
