1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
436E/2025 EBAZPENA, maiatzaren 25ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, proiektu honi buruzko ingurumen-inpaktuaren txostena egiten duena: Sesmako udal mugartean (Nafarroa) sarea eraikitzeko eta hura egokitzeko "GLIDE" industriatik RAA-E02 sarera biometanoa injektatzeko administrazio-baimen eta lanak baimentzeko proiektua. Nedgia Navarra SA enpresak sustatu du.
Ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura hasteko, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetza Zuzendaritza Nagusiko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak, 2024ko abenduaren 27an, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari aurkeztu zion honako proiektu hau: Sesmako udal mugartean (Nafarroa) sarea eraikitzeko eta hura egokitzeko "GLIDE" industriatik RAA-E02 sarera biometanoa injektatzeko administrazio-baimen eta lanak baimentzeko proiektua. Nedgia Navarra SA enpresak sustatu du.
Sustatzaileak, "Glide" industriak eginiko lotura eskaera aintzat harturik, aurreikusita du eraikitzea kanalizazio bat eta injekzio modulu bat, biometanoa injektatzeko haien gas naturala banatzeko sareetan. Bere ezaugarriak direla-eta, proiektua Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4.f) "gasbideak" taldean sartzen da; horregatik, legean ezarritakoarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zaio.
Proiektuak honako osagai hauek izanen ditu: biometano injekzio modulu bat, "Glide" upgrading instalazioko gasa iragazi, erregulatu eta usaina emateko, Sesmako 11. poligonoko 194. lurzatian jarriko dena (La Pinilla alderdian, udalerriaren hegoaldean eta mendebaldean eta NA-129 errepideko 32. kilometro-puntuaren parean; X=573.119,00; Y=4.698.972,00 UTM ETRS89 30 koordenatuetan gutxi gorabehera). Oinplano errektangularreko edukiontzi bat da, 6,1 m x 2,44 m eta 2,5 metro inguru garaierakoa, 1 m-ko perimetroko espaloiarekin, eta bi gelatan banatua (erregulazioa eta neurketa, eta kontrola).
Gainera, 16 bar-eko operazio presio maximoa (OPM) izanen duen lurpeko hoditeria jarriko da, L245 DN 4" altzairuzkoa eta 41 metro luze; jartzekoa den injekzio modulutik abituko da eta iparraldean eta lurzati berean dagoen "RAA-E02" banaketa-sarearen konexio-puntuan amaituko da (X=573.124,94; Y=4.699.012,73 UTM ETRS89 30 koordenatuetan gutxi gorabehera). Sistemak instalazio osagarriak izanen ditu: Ebakitze balbula, karga hargunea, ukondoak, potzentzia hargunea, etab.
Txosten honen eranskinean jasotzen da gas instalazioaren kokapen planoa.
21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera, kontsultak egin zaizkie ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei. Zehazki, Sesmako Udalari eta Sustrai Erakuntza Fundazioari egin zaie kontsulta. Kontsulta bidali eta 20 egun iraganik erantzunik jaso gabe, jarraipena ematen zaio ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedurari.
–Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta:
Aurkeztutako agiriak ikusirik eta proiektuaren exekuzioak, ustiapenak eta hura bertan behera uzteak izan dezaketen ingurumen-inpaktua azterturik, Ingurumen Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak (Ebaluaziorako Atalaren bidez) aditzera ematen du ezen, 21/2013 Legearen III. eranskinean horri buruz bildutako irizpideetan oinarrituta, proiektuak, 41 metroko luzerako gasbidea egitea lurpeko kanalizazioan, zeinak ingurumen balio garrantzitsurik gabeko lehorreko laboreko lurzati bati eragiten baitio, ez duela ondorio kaltegarri nabarmenik eraginen ingurumenean, baldin eta betetzen badira ingurumen-inpaktuaren txosten honetako baldintzak. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legeriaren arabera behar diren bertzelako baimenak lortu beharra.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Nedgia Navarra SA enpresak administrazio-baimen eta lanak baimentzeko sustatutako proiektuak, Sesma udal-mugartean (Nafarroa) sarea eraikitzeko eta hura egokitzeko "Glide" industriatik RAA-E02 sarera biometanoa injektatzekoak, ez dakarkio ondorio kaltegarri nabarmenik ingurumenari, ingurumen eraginaren txosten honetan ezarritako baldintzetan.
2. Aurrekoa gorabehera, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:
1.–Lanak hasi aurretik, argi mugatuko dira tokian bertan lanerako kaleak eta materialak pilatzeko gunea.
2.–Zanga ireki ondoren eta ahal den lasterren bete beharko da, barnean animaliarik harrapatuta ez dagoela egiaztatu ondoren. Zanga zabalik gelditzen bada egun batetik bertzera, arrapalak jarri beharko dira, hara ezustean eror daitezkeen animaliak atera ahal izateko.
3.–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.
4.–Obran bertan berrerabiltzen ez diren hondeaketako soberako lurrak bertatik kenduko dira, eta baimendutako hondakin kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu. Sortzen diren gainerako hondakin guztiak era egokian kudeatu behar dira, haien ezaugarrien arabera, bat etorriz hondakinei buruzko araudi indardunarekin.
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Sesmako Udalera, Basozaintzara ("Lizarra hegoaldea" barrutia) eta interesdunari.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 25ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
ERANSKINA.–KOKAPEN PLANOA

Gasbide berriaren kokapen planoa (41 m luzera), Sesmako 11. poligonoko 194. lurzatian.
Iragarkiaren kodea: F2507706