1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
209E/2025 EBAZPENA, ekainaren 3koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimentzen baita Ribaforadako udal mugartean produktu kimikoak fabrikatzeko, ontziratzeko eta banakatzeko instalazio baten aldaketa funtsezkoa, helburu duena zentro logistiko bat ezartzeko proiektua eta partzialki aldatzea poliol-isozianatozko nahasketa aurrepolimerizatuak fabrikatzeko eta ontziratzeko jarduera. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Dow Chemical Ibérica SL da.
Egun abian den instalazio horrek ingurumen baimen bateratua du, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta eman baitzitzaion; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 17.1 eta 4.1 taldeetan.
2024ko azaroaren 27an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen. Proiektu horren helburua da zentro logistiko bat ezartzea eta partzialki mantentzea poliol-isozianatozko nahasketa aurrepolimerizatuak fabrikatzeko eta ontziratzeko jarduera, lehendik dauden instalazioen erabilera aldatuz.
2025eko urtarrilaren 7an, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak irizpen baten bidez erabaki zuen aldaketa hori funtsezkoa zela, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.
Beraz, eta halaxe xedatu delako Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26.5 artikuluan, aldaketa funtsezko hori ezin da gauzatu ingurumen baimen bateratua aldatzen ez den bitartean.
Instalazioa ez dago sartuta irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan (errege dekretu horren bidez substantzia arriskutsuak dauden istripu larrietako berezko arriskuak kontrolatzeko neurriak onesten dira).
Baimen honek berekin dakar azaleko uretan zeharkako isuria egiteko baimena, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikuluan eskatzen dena.
Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honek barne hartzen du atmosferara isuriak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.
Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 16. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, proiektua jendaurrean jarri zen hogei egunez, eta ez zen inolako alegaziorik aurkeztu.
Bertzalde, ez dago ingurumen baimen bateratuaren dokumenturik, instalazio horrek bere jarduera aurrera eramateko bete behar dituen ingurumen baldintzak biltzen dituenik. Jarduera sailkatuaren udal lizentzia emateko edo aldatzeko zenbait ebazpen daude eta horien bidez joan dira ezartzen funtzionamenduko ingurumen baldintzak denboran zehar.
Horregatik, beharrezkotzat jo da ingurumen baimen bateratua eguneratzea, jarduera sailkatuaren udal lizentziaren emateetan eta aldaketetan oinarritzen den dokumentu bategin baten bidez, errazago ikusi ahal izateko zein diren instalazioaren funtzionamenduak bete behar dituen ingurumen baldintzak.
Ebazpen proposamena hamabortz egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Baimena ematea aldaketa funtsezko bat egiteko produktu kimikoak fabrikatzeko, ontziratzeko eta banatzeko instalazio batean, zentro logistiko bat ezartzeko proiektua gauzatu ahal izateko, eta partzialki aldatzeko poliol-isozianatozko nahasketa aurrepolimerizatuak fabrikatzeko eta ontziratzeko jarduera. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Ribaforadako udal mugartean dago eta haren titularra Dow Chemical Ibérica SL da.
Bigarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatuta mantentzea hondakin arriskutsuen sortzaile gisa, 15P01208017632000 zenbakiarekin. Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Sortzen diren hondakinei dagokien edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.
Hirugarrena.–Hondakin urak jabari publiko hidraulikora isurtzeko baimena mantentzea, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, bat etorriz uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Uren Legearen testu bateginaren hamargarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin. Ebazpen honen I. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bortz urteko indarraldia du eta bortz urtetik bortz urtera automatikoki berrituko da, une bakoitzean eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen badira.
Laugarrena.–Atmosferara isuriak egiteko baimena mantentzea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta, epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurietan gertatzen den edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari.
Bosgarrena.–Ebazpen hau ematen denetik bi urte igarotzen badira proiektua gauzatzen hasi gabe, edo lau urte igarotzen badira proiektua bukatu eta abian jarri gabe, funtsezko aldaketarako baimena iraungitzat eta ondoriorik gabekotzat joko da, abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Seigarrena.–Aldaketa abian jarri aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
Zazpigarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua abian jarri dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.
Zortzigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak bete ezean, ingurumen arloko diziplina-neurriak hartuko dira, hain zuzen, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean biltzen direnak, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, hori ere aplikatuko baita.
Bederatzigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hamargarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Hamaikagarrena.–Ebazpen hau Dow Chemical Ibérica SLri, Ribaforadako Udalari eta NILSAri igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko ekainaren 3an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.
Iragarkiaren kodea: F2507989