130. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

109C/2025 EBAZPENA, ekainaren 12koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaile kontratatuen eta ikertzaile kontratatuen hitzarmen kolektiboa erregistratzea, gordailutzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Aztertu da Nafarroako Unibertsitate Publikoak aurkeztutako hitzarmen kolektiboaren testua, irakasle eta ikertzaile kontratatuei eta ikertzaile kontratatuei aplikatzekoa (kode zenbakia: 31102462012025), zeina erregistro honetan sartu baitzen 2025eko maiatzaren 14an, 2025eko apirilaren 16an enpresaren ordezkaritzak eta gehiengo sindikalak sinatua.

Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Nafarroako Unibertsitate Publikoak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa, irakasle eta ikertzaile kontratatuei eta ikertzaile kontratatuei aplikatzekoa (kode-zenbakia: 31102462012025).

Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2025eko ekainaren 12an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IRAKASLE ETA IKERTZAILE KONTRATATUEN ETA IKERTZAILE KONTRATATUEN HITZARMEN KOLEKTIBOA

I. KAPITULUA.–HITZARMENAREN XEDEA ETA ALDEAK

1. artikulua. Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen kolektibo honen xedea Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaile kontratatuen eta ikertzaile kontratatuen lan kondizioak ezartzea eta arautzea da.

2. artikulua. Aldeen zehaztapena.

Hitzarmen hau itundu dute, alde batetik, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, zeina Irakasleen Gaietarako errektoreordeak ordeztu baitu errektorearen delegazioz, eta, bestetik, irakasle eta ikertzaile kontratatuen eta ikertzaile kontratatuen ordezkariek, hau da, APDIC, CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek, sindikatu horiek baitaude eta legezko legitimazioa eta gehiengo konbentzionala baitute.

II. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

3. artikulua. Eginkizun eta lurralde esparrua.

Hitzarmen hau Nafarroako Unibertsitate Publikoari aplikatuko zaio, eta, beraz, NUPek Iruñean eta Tuteran dituen lantokietako eta hemendik aurrera sortzen direnetako ikastegi eta unibertsitate-institutu guztiei, bai eta irakaskuntza- nahiz ikerketa-eginkizunak betetzen diren bestelako lantoki edo egitura guztiei ere.

4. artikulua. Langile esparrua.

Hitzarmen honetako arauak harreman juridiko-laboral baten bidez eta honako modalitate eta figura hauetakoren batean Nafarroako Unibertsitate Publikoarekiko lotura duten irakasle eta ikertzaile guztiei eta ikertzaile guztiei aplikatu behar zaizkie:

a) Unibertsitate Sistemari buruzko 2/2023 Lege Organikoan (LOSU, 2023ko martxoaren 22koa) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetan jasoak dauden modalitateen bidezko irakasle eta ikertzaile kontratatuei.

b) Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 14/2011 Legean (2011ko ekainaren 1ekoa, 2022ko irailaren 5eko 17/2022 Legeak aldatua) jasoak dauden kontratu modalitateen bidezko ikertzaile kontratatuei.

5. artikulua. Denbora esparrua.

1. Hitzarmenak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta lau urteko indarraldia izanen du.

2. Hitzarmenaren indarraldia urtez urte luzatuko da baldin eta aldeetako batek hitzarmena espresuki salatzen ez badu hitzarmenaren edo haren luzapenen indarraldia bukatzen den egunaren aurreko hiru hilabeteetan. Hitzarmenaren salaketa espresua idatziz egin behar da, eta idatziz jasoa utzi behar da beste aldeari horren jakinarazpena egin zaiola.

Jakinarazpen hori jaso eta hilabeteko epean beranduenez, bi aldeek negoziazio batzorde bat eratzen hasi behar dute, eta horretarako egutegi edo negoziazio plan bat finkatu beharko dute.

Hitzarmena espresuki salatu denetik beste akordio espresu bat adosten duten arte, hitzarmen honek indarrean segituko du oso-osorik.

6. artikulua. Aurreko kondizioak konpentsatzea eta irenstea.

Hitzarmen honetan ezarritako kondizio guztiek, soldatei buruzkoak izan edo ez, ordeztu, konpentsatu eta irentsi eginen dituzte hitzarmenaren indarraldia hasi baino lehenagoko kondizioak –kondizio guztiak eta urte osoa kontuan hartuta–, edozein dela ere haien izaera eta jatorria.

7. artikulua. Kondizio hobeak.

Errespetatu eginen dira, kondizio hobe pertsonal gisa, langileak ordura arte izandako kondizioak, baldin eta hitzarmen honetan ezarritakoak baino hobeak badira –kondizio guztiak eta urte osoa kontuan hartuta–.

8. artikulua. Kondizio guztiekiko lotura.

Hitzarmenean adostutako kondizioek osotasun organiko eta zatiezin bat osatzen dute, eta den-denak multzo gisa hartu behar dira kontuan. Bi aldeek hitzematen dute ezen, ebazpen judizial baten bidez hitzarmena partez edo osorik baliogabetuko balitz, beste hitzarmen bat negoziatuko dutela edo berriz negoziatuko dituztela klausula batzuk.

9. artikulua. Arau subsidiarioak eta osagarriak.

Hitzarmen honetan ezarriak ez dauden alderdiei dagokienez, Espainian edo Nafarroako Foru Komunitatean gai honi buruz indarrean diren arauak aplikatu behar dira, arauetan ezarritako moduan; zehazki, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuan lan kontratua duten langileei buruz ezarria dagoena aplikatu behar da oro har, eta, beraz, bazterrean geldituko dira langile funtzionarioei bakarrik aplikatu beharreko arauak. Horren osagarri gisa, gai honetaz Langileen Estatutuan ezarria dagoena aplikatu behar da.

10. artikulua. Bateraezintasun araubidea.

Hitzarmen honen aplikazio esparruko langileei Administrazio Publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunei buruzko 53/1984 Legean (1984ko abenduaren 26koa) ezarritako bateraezintasun araubidea aplikatuko zaie, bai eta Unibertsitate Sistemari buruzko 2/2023 Lege Organikoan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoa ere.

Lanaldi osoko irakasle kontratatuei 53/1984 Legearen 16.2 artikuluan ezarria dagoen bateraezintasun araubidea aplikatuko zaie (1984ko abenduaren 26koa, Administrazio Publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunei buruzkoa).

11. artikulua. Berdintasunaren printzipioa.

1. Langileen artean tratu- eta aukera-berdintasuna bultzatzea oinarrizko printzipio bat da, zeharka barneratua dago hitzarmen honen edukian, eta hitzarmena aplikatzeko modua interpretatzeko irizpidea ere bada.

Bereziki, funtsezko printzipio horretan oinarrituta genero ikuspegiari dagokionez egiten diren jarduketek bat etorri behar dute Nafarroako Unibertsitate Publikoak onetsitako Berdintasun Planaren helburu eta jarduketa-ildoekin, bai eta hitzarmena eta haren luzapenak indarrean direlarik plana ordezten dutenekin ere.

2. Irakasle edo ikertzaileren batek sexu-jazarpenik eta sexuan oinarritutako jazarpenik pairatuz gero, une horretan indarren dauden Jazarpen Sexualeko eta Sexuan oinarritutako Jazarpeneko Protokolo eta Akordioetan ezarritakoari jarraikiz babestuko da.

3. Lan kondizioei dagokienez, iraupen mugatuko kontratua duten langileak ezin izanen dira haiekin parekatzeko modukoak diren langile finkoak baino okerrago tratatu iraupen mugatuko kontratua izate hutsagatik, non eta ez dagoen arrazoi objektiboekin justifikatua bestelako tratua emanen zaiela.

III. KAPITULUA.–IRAKASLE ETA IKERTZAILE KONTRATATUEN LANPOSTU ZERRENDA

12. artikulua. Lanpostu zerrendaren definizioa eta aplikatu beharreko xedapenak.

1. Irakasle eta ikertzaileen lanpostu zerrenda (aurrerantzean, LPZa) irakasle eta ikertzaileen lanpostuen zerrenda da, eta irakasle eta ikertzaile funtzionarioen lanpostuez gain irakasle eta ikertzaile kontratatuenak ere hartzen ditu barrenean.

2. Lanpostuak sortzeko, sailek egindako eskaerak aztertuko ditu irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordeak, NUPeko Irakasleei buruzko Politika arautzeko Jarraibide indardunetako irizpideen arabera.

3. Enpresa-batzordeari informazioa eman eta kontsulta eginen zaio irakasleak kontratatzeko deialdietan sartuko diren lanpostuen gainean, zer lanpostu sartuko diren erabaki baino lehenago eta nahikoa aurrerapenarekin, enpresa-batzordeak nahi dituen alegazioak aurkez ditzan idatziz.

4. Urtean behin, urtarrilean, irakasle eta ikertzaile kontratatuek eta ikertzaile kontratatuek aurreko urteko abenduaren 31n indarrean zituzten kontratu guztien zerrenda emanen dio NUPek enpresa-batzordeari.

IV. KAPITULUA.–JARDUERA PROFESIONALAREN ANTOLAMENDUA ETA LAN PRESTAZIOAREN EDUKIA

13. artikulua. Lanaren antolamendua.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoari dagokio jarduera profesionala eta lana zuzentzeko eta antolatzeko botereaz baliatzea, bat etorriz hitzarmenean eta aplikatu beharreko legeetan xedatua dagoenarekin eta langileen ordezkariek dituzten eskubide eta eskumenak galarazi gabe.

2. Lana antolatzearen helburua goi hezkuntzaren zerbitzu publikoa eraginkorra izatea eta hura hobetzea da, ahalik eta hobekien baliatuz haren irakasle eta/edo ikertzaileez eta haien eskura jarritako baliabide materialez. Honako irizpide hauek izanen dira inspirazio iturri lana antolatzeko:

a) Giza baliabideen planifikazioa eta antolamendua, haiek profesionalizatzera, promozionatu eta egonkortzera eta haiei prestakuntza ematera bideratua.

b) Langile plantillak zerbitzuaren beharretara egokitzea eta horretarako nahikoak izatea.

c) Laneko prozesu eta metodoen arrazionalizazioa, sinpletzea eta hobetzea.

d) Irakasle eta ikertzaileen eta hitzarmen honen eraginpeko gainerako langileen lan jardunaren ebaluazioa, beharrezkoa bada.

e) Laneko osasunaren sustapena eta laneko segurtasuna eta osasuna zaintzea.

f) Tratu berdintasuna bultzatzea enplegua lortzeko, mantentzeko eta sustatzeko gaietan.

14. artikulua. Lan prestazioaren edukia.

Irakasle eta ikertzaile kontratatuen prestazioan hau sartzen da: titulazio ofizialak irakasteko behar diren jarduera akademiko guztiak egitea ikasketa-planei edo titulu berekiei jarraikiz. Irakasle eta ikertzaile horiek Unibertsitateak organo eta instantzia eskudunen bidez eta Irakaskuntza Programazio egokiaren arabera esleituko dizkien irakaslanak egin behar dituzte, bai eta klaseak prestatzeko lanak, ezarritako egunetan azterketak egitekoak eta zuzentzekoak, tutoretzak eta lan prestazioa betetzen dela bermatzeko beharrezkoak diren gainerako lanak ere.

Horretaz gain, kontratuan ikerketa- eta kudeaketa-jarduerak jasoak dituzten langileek ikerketako, transferentziako eta nazioartekotzeko jarduerak eginen dituzte hala badagokie, bai eta sailaren, ikastegiaren, institutuaren edo unibertsitatearen kudeaketa- eta administrazio-beharrei erantzuteko beharrezkoak diren beste jarduera batzuk ere. Horretarako, Nafarroako Unibertsitate Publikoko instalazioen ardura duen pertsonak bere eginkizunak behar bezala betetzeko behar dituen baliabideak izanen ditu zerbitzu gehienak ematen dituen lekuan.

Ikertzen aritzeko baizik kontratatzen ez diren ikertzaile kontratatuen prestazioa eginkizun horrek berezko dituen jarduerez osatua egonen da, kontratazio deialdian eta lan kontratuan ezarritako kondizioetan. Halako langileek lanpostu egokia izateko eskubidea dute, eta beren eginkizunak behar bezala betetzeko behar dituzten baliabideak izanen dituzte.

Baldin eta Unibertsitateak nahitaezko prestakuntza-jardueraren bat egitea eskatzen badie ikertzaileei, horretan pasatutako denbora lan denbora gisa kontatuko da ondorio guztietarako, baita soldata eta urteko lanaldia kalkulatzeko ere.

15. artikulua. Lan egiteko lekua.

1. Hitzarmen kolektibo hau aplikatzekoa duten langileek Nafarroako Unibertsitate Publikoaren edozein lantoki edo egituratan eginen dute esleitu zaien irakaslana edo ikerketa. Organo eskudunak zehaztuko du non, bere beharren arabera.

Hala ere, baliteke Nafarroako Unibertsitate Publikoarenak ez diren lantoki edo egituretan egin behar izatea lan, ikerketa-jarduerak direnean batik bat, baldin eta leku hori beharrezkoa eta egokia bada dena delako lana egiteko.

2. Kontratua indarrean den bitartean, Unibertsitateak zilegi du lantokia campus, ikastegi, sail edo institutu batetik beste batera aldatzea, baldin eta kontratuaren ondoriozko gainerako eskubideak errespetatzen badira eta langilea ados badago.

3. Kontratua formalizatu duen langileak bere lan lekua ez den herri batera joan behar badu geroago eta zerbitzu arrazoiengatik, kalte ordaina ordainduko zaio, errektoreak aldez aurretik espresuki aginduta, irakasle eta ikertzaile funtzionarioei aplikatu beharreko arauetan ezarritako kontzeptu eta zenbateko berekin.

V. KAPITULUA.–KONTRATU MODALITATEAK ETA KONTRATUAREN IRAUNALDIA

LEHENBIZIKO ATALA.–IRAKASLE ETA IKERTZAILEEI BURUZ

16. artikulua. Kontratazio modalitateak.

Hitzarmen kolektibo hau aplikatzekoa duten irakasle eta ikertzaileak lan araubidean kontratatuko dira, unibertsitate sistemari aplikatu beharreko legeetan arautuak dauden unibertsitateko kontratazio modalitate espezifikoen bidez.

Osasun Zientzietako irakasgaiak irakasten dituzten langileek, horretaz gain, osasun arloko legeetan ezarritako arau espezifikoak eta haiek aplikatzearren osasun arloko instituzioekin sinatzen diren hitzarmenetan ezarritakoak bete behar dituzte.

17. artikulua. Irakasle laguntzaile doktoreak.

Irakasle laguntzaile doktoreak haiei aplikatu beharreko unibertsitate legerian ezarria dagoen helbururako kontratatzen dira. Kontratuaren gehieneko iraunaldia ez da izanen haiei aplikatu beharreko legezko aurreikuspenetan ezarritakoa baino luzeagoa, eta kontratua arduraldi osokoa izanen da. Kontratua azkendu egin bazaio kontratuaren gehieneko iraunaldia bukatu delako NUPen edo beste unibertsitate batean, ezin izanen da modalitate honen bidez pertsona bera berriz kontratatu. Ezin izanen dira modalitate honetan kontratatu Unibertsitateei buruzko 6/2011 Lege Organikoan (2011ko abenduaren 21ekoa) edo Unibertsitatea Eraberritzeko 11/1983 Lege Organikoan (1983ko abuztuaren 25ekoa) irakasle laguntzaile doktorearen figurarako arautua dagoen kontratuaren gehieneko iraunaldia agortu duten irakasleak.

18. artikulua. Irakasle kontratatu iraunkorrak.

Irakasle kontratatu iraunkorrak haiei aplikatu beharreko unibertsitate legerian ezarria dagoen helbururako kontratatzen dira. Kontratua finkoa eta mugagabea izanen da, eta arduraldi osokoa, nahiz eta, salbuespenez, interesdunak zilegi duen arduraldi partziala eskatzea irakasle kontratatu iraunkorrei aplikatu beharreko lege eta prozeduretan ezarritako kondizioetan.

19. artikulua. Irakasle elkartuak.

1. Irakasle elkartuak haiei aplikatu beharreko unibertsitate legerian ezarria dagoen helbururako kontratatzen dira. Kontratua mugagabea izanen da, eta arduraldi partzialekoa. Irakasle elkartuek irakaslana baizik ez dute izanen, eta lan jarduera estraakademiko batekin lotua egon beharko du. Kontratua ustekabeko kausa objektibo baten ondorioz baliogabetzen ahalko da aplikatu beharreko unibertsitateko eta lan arloko legerian ezarria dauden kondizioetan.

2. Osasun Zientzietako osasun laguntzako irakasle elkartuak haien arau espezifikoen arabera kontratatuko dira.

20. artikulua. Ordezko irakasleak.

1. Ordezko irakasleak haiei aplikatu beharreko unibertsitate legerian ezarria dagoen helbururako kontratatzen dira. Lanpostua erreserbatzeko eskubidea duten irakasle eta ikertzaileak ordezteko irakasleen kontratuak aldi baterakoak eta arduraldi partzialekoak izanen dira, eta irakaslana besterik ez dute barne hartuko. Kasu guztietan, kontratazioaren kausa justifikatuari lotuak egon behar dute kontratuek.

2. Irakasleak aldi baterako eta lanpostu jakin bat behin betiko bete arte betetzeko hautaketa-prozesua bukatu bitartean kontratatzen badira, indarrean diren arauen arabera eginen da kontratazioa.

21. artikulua. Irakasle bisitariak.

1. Irakasle bisitariak haiei aplikatu beharreko unibertsitate legerian ezarria dagoen helbururako kontratatzen dira. Modalitate honetan, beste unibertsitate eta ikerketa-zentro batzuetako irakasle eta ikertzaile espainiarrak zein atzerritarrak kontratatzen ahalko dira, irakaslanari eta ikerketari ekarpen esanguratsua egiten ahal diotenak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Politikan ezarriak dauden ikerketa- eta irakaskuntza-lerroekin bat etorriz.

Kontratua bi urtekoa izanen da gehienez ere, ezin izanen da ez luzatu ez berritu, eta arduraldi osokoa edo partzialekoa izaten ahalko da.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren barreneko arauen arabera eginen da kontratazioa.

3. Artikulu honetan ezarria ez dagoen guztian, irakasle bisitariei dagozkien arauak aplikatu behar dira.

22. artikulua. Irakasle nabarmenak.

Irakasle nabarmenak haiei aplikatu beharreko unibertsitate legerian ezarria dagoen helbururako kontratatzen dira. Modalitate honetan, karrera akademikoa edo ikerketakoa atzerrian egiten ari diren irakasle eta ikertzaile espainiarrak zein atzerritarrak kontratatzen ahalko dira, zeinen bikaintasuna eta ekarpen zientifiko, teknologiko, humanistiko edo artistikoa garrantzitsua baita eta nazioartean aitortua. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren araudi espezifikoak arautuko du kontratu mota honen iraunaldia, edukia eta araubide juridikoa, eta subsidiarioki 14/2011 Legearen 23. artikuluan edo haren ordezkoan xedatua dagoenak.

BIGARREN ATALA.–IKERTZAILEEI BURUZ

23. artikulua. Ikertzaileak.

Ikertzailetzat hartzen dira behar den titulazioaren jabe izanda ikerketan aritzen direnak 14/2011 Legean (2011ko ekainaren 1ekoa) jasotako kontratazio modalitateen babesean. Honela ulertzen da ikerketa: gizakiari, kulturari eta gizarteari buruzko ezagutza handitzearren modu sistematikoan egindako sormen lana, ezagupen horiek aplikazio berriak sortzeko erabiltzea eta haiek transferitzea eta dibulgatzea.

24. artikulua. Doktoratu aurreko ikertzaileak.

Doktoratu aurreko ikertzaileak doktoratu aurreko kontratuaren modalitatean kontratatuko dira. Halako kontratuen helburua da lizentziadunek, ingeniariek, arkitektoek eta 300 ECTStik gorako (European Credit Transfer System) graduren eta/edo unibertsitate masterren bat dutenek edo haien baliokidea den titulazioren bat dutenek ikerketa-lanak egitea proiektu espezifiko eta berri baten esparruan, baldin eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza-programa batean onartu badituzte.

25. artikulua. Ikertzaile doktoreak (sarbide kontratuak).

Doktoratu ondoko ikertzaileak ikertzaile doktoreen sarbide kontratuaren modalitatean kontratatuko dira, honako helburu nagusi honekin: batez ere ikerketa- eta garapen-lanak, jakintza transferitzekoak eta berrikuntzakoak egitea, ikertzaileek hobekuntza eta espezializazio profesionaleko maila handia lortzera bideratuak eta beren esperientzia profesionala egonkortzea ekarriko dutenak.

26. artikulua. Ikertzaile nabarmenak.

Ikertzaile nabarmenak ikertzaile nabarmenen kontratuaren modalitatean kontratatuko dira, honako helburu nagusi honekin: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eginkizun eta helburuen esparruan, giza taldeen zuzendari-lana egitea ikertzaile nagusi gisa eta ikerketa-zentroen, jakintza transferitzekoen eta berrikuntzakoen edo dena delako jakintza-arloan oso garrantzitsuak diren instalazio zein programa zientifiko eta teknologiko berezien zuzendari-lana egitea.

27. artikulua. Ikerketa-proiektuak egiteko ikertzaileak.

1. Ikerketa-proiektuak egiteko ikertzaileak jarduera zientifiko-teknikoen kontratuaren modalitatean kontratatuko dira, edo horretarako laneko arau egokietan jasotako beste modalitate batzuetan.

Halako kontratuak ikerketa-lerro zientifiko eta tekniko espezifiko batzuetan jarduera jakin batzuk egitera egonen dira loturik bakar-bakarrik.

2. Oro har, lanaldi osokoak izanen dira, baina zilegi izanen da lanaldi txikiagoak finkatzea. Kasu horretan, Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bateginaren 12. artikuluan araututako lanaldi partzialeko kontratuaren bidez arautuko dira. Lanaldi partziala lanaldiaren %50ekoa izanen da gutxienez ere.

3. Lanpostua lortzeko baldintzak, lanpostuaren eginkizunak eta lansari kondizioak nolakoak diren kontuan hartuta, ikerketa zientifikoko eta teknikoko proiektu espezifikoak egiteko kontratatutako ikertzaileak honako kategoria hauetakoren batean sailkatuko dira:

a) Proiektuko laguntzailea. Behar den titulazioa: gradua, diplomatura, arkitektura teknikoa, ingeniaritza teknikoa edo hezkuntzaren alorreko ministerio eskudunaren arabera Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko (MECES) 2. mailari (graduari) dagozkion titulazioak.

b) Proiektuko lankidea. Behar den titulazioa: gradua (300 ECTSkoa gutxienez), unibertsitate masterra, lizentzia, arkitektura, ingeniaritza edo hezkuntzaren alorreko ministerio eskudunaren arabera Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko (MECES) 3. mailari (masterrari) dagokion titulazioren bat.

c) 1. motako proiektuko lankide doktorea. Behar den titulazioa: doktorearen titulazioa.

d) 2. motako proiektuko lankide doktorea. Behar den titulazioa: doktorearen titulazioa, gutxienez 4 urteko antzinatasuna duena.

28. artikulua. Bikaintasuneko ikertzaileak.

Bikaintasuneko ikertzaileak jarduera zientifiko-teknikoen kontratuaren modalitatean kontratatuko dira, edo Espainian edo atzerrian esperientzia egiaztatua eta prestigioa izanik beren ikerketa-arloan merezimendu oso aipagarriak dituzten ikertzaileak kontratatzeko modua ematen duten modalitateetan, deialdi bakoitzean ezarritakoarekin bat etorriz. Nazioartean ikerketa-ibilbide aparta izanik lidergo gaitasunean bikainak diren hautagaiak hartuko dira kontuan.

1. Bikaintasuneko ikertzaileei ebaluatu eginen die beren ikerketa-jarduera Ikerketa Batzordeak, 5 urtetik behin kontratua hasten denetik, eta ezarritako prozeduraren arabera. Ebaluazioa positiboa izanez gero, ikertzaileek eskubidea izanen dute osagarri bat jasotzeko, zeina unibertsitateko katedradunek irakaskuntzako merezimenduengatik jasotzen duten osagarriaren parekoa izanen baita. Gehienez ere, sei osagarri izanen dituzte.

Ebaluazioa negatiboa izanez gero, ikertzaileari kontratua azkenduko zaio arrazoi objektibo horrengatik. 3 hilabete lehenago jakinaraziko zaio hori.

2. Bikaintasuneko ikertzaileen ordainsaria lanaldi osoko unibertsitateko katedradunek jasotzen dutenaren parekoa izanen da oinarrizko soldatari, destinoko osagarriari eta osagarri espezifikoari dagokienez. Zilegi izanen da, horretaz gainera, produktibitate-osagarri bat jasotzea, irakaskidego horretako kideek jasotzen dutenaren parekoa eta haien kondizio beretan, hau da, kontuan hartuta seiurteko bakoitzean egindako ikerlanaren ebaluazioa.

3. Bikaintasuneko ikertzaileek, horretaz aparte, 37/2009 Foru Dekretuan (2009ko apirilaren 20koa) unibertsitateko katedradunen irakaskidegoko irakasleei esleitutakoen pareko osagarriak ere eskuratu ditzakete dekretuan ezarritako kondizioetan.

29. artikulua. Ikertzaile finkoak.

Ikertzaile finkoak doktorearen titulua duten ikertzaileak izanen dira, eta jarduera zientifiko-teknikoen kontratuaren modalitatean edo indarrean den araudiak ezarritako modalitateetan kontratatuko dira, deialdi bakoitzean ezarritakoarekin bat etorriz.

1. Ikertzaile finkoei ebaluatu eginen die beren ikerketa-jarduera Ikerketa Batzordeak, 5 urtetik behin kontratua hasten denetik, eta ezarritako prozeduraren arabera. Ebaluazioa positiboa izanez gero, ikertzaileek eskubidea izanen dute osagarri bat jasotzeko, zeina unibertsitateko titularrek irakaskuntzako merezimenduengatik jasotzen duten osagarriaren parekoa izanen baita. Gehienez ere, sei osagarri izanen dituzte.

Ebaluazioa negatiboa izanez gero, ikertzaileari kontratua azkenduko zaio arrazoi objektibo horrengatik. 3 hilabete lehenago jakinaraziko zaio hori.

2. Ikertzaile finkoen ordainsaria lanaldi osoko unibertsitateko unibertsitateko irakasle titularrek jasotzen dutenaren parekoa izanen da oinarrizko soldatari, destinoko osagarriari eta osagarri espezifikoari dagokienez. Zilegi izanen da, horretaz gainera, produktibitate-osagarri bat jasotzea, irakaskidego horretako kideek jasotzen dutenaren parekoa eta haien kondizio beretan, hau da, kontuan hartuta seiurteko bakoitzean egindako ikerlanaren ebaluazioa.

3. Ikertzaile finkoek, horretaz aparte, 37/2009 Foru Dekretuan (2009ko apirilaren 20koa) unibertsitateko titularren irakaskidegoko irakasleei esleitutakoen pareko osagarriak ere eskuratu ditzakete dekretuan ezarritako kondizioetan.

30. artikulua. Onurei buruz.

1. Ikertzaileek zilegi izanen dute irakasle lanean laguntzea Nafarroako Unibertsitate Publikoan doktoratu ondoko ikertzaileek eta prestakuntzaldian daudenek irakasle lanean laguntzeko araudian ezarritako moduan. Behar bezala aitortuko da ikertzaileek egindako irakasle lana.

2. Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen onura berberak aitortuko dizkie NUPek gainerako modalitateetako ikertzaileei, bereizkeriarik eta espezifikotasunik gabe.

a) Sarbidea izanen dute Unibertsitateko liburutegira eta beren eginkizunak betetzeko baliagarriak diren gainerako funts bibliografiko eta ikus-entzunezkoetara. Horretarako, instalazioetan sartzeko identifikazio sistema pertsonalak izanen dituzte.

b) Unibertsitatearen zerbitzu eta instalazio guztiak erabiltzen ahalko dituzte arauetan ezarritako kondizioetan.

c) Ikerketarako prestakuntza-programak egiten ahalko dituzte NUPeko irakasle eta ikertzaileen kondizio beretan. Irakasleen prestakuntza-programei dagokienez, ikasposturik libre badago egiten ahalko dituzte.

VI. KAPITULUA.–IRAKASLE ETA IKERTZAILE KONTRATATUEN HAUTAKETA

31. artikulua. Irakasle eta ikertzaileen hautaketa.

1. Irakasle eta ikertzaile kontratatuak haiei aplikatu beharreko legezko aurreikuspenetan ezarritakoarekin bat etorriz eta horretarako hautaketa-prozesuen bidez hautatuko dira, kontratu modalitate edo figura bakoitzerako lege horietan ezarritako irizpideen arabera.

2. Horretarako, eta hitzarmen honetan berariaz ezarria dagoena galarazi gabe, Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakasle kontratatuen lanpostuetarako langileak hautatzeko indarrean den barne-araudia aplikatu beharko da. Kontuan hartuko dira baita ere Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuaren artean sinatutako hitzarmen indardunean unibertsitateko ikerketan eta irakaskuntzan lankidetzan aritzeko ezarriak dauden arauak. Bestetik, Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoan irakasle eta ikertzaile kontratatuak hautatzeko ezarria dagoena ere aplikatuko da.

VII. KAPITULUA.–LANALDIA ETA ARDURALDIA

32. artikulua. Lanaldia.

1. Arduraldi osoa duten irakasle eta ikertzaile kontratatuen eta ikertzaile kontratatuen lanaldia irakasle eta ikertzaile funtzionarioentzat ezarria dagoena izanen da.

2. Arduraldi partziala langilearen kontratuan finkatua dagoena izanen da.

3. Lanaldi arrunta astelehenetik ostiralera izanen da. Ebaluazioaldi arruntean eta berezian, hala ere, larunbatetan ere egiten ahalko dira probak, aldez aurretik ikastegiko zuzendariak erabaki arrazoitua hartuz gero. Enpresa-batzordeak zilegi du hori eskatzea.

Egoera ezohiko batzuetan, egin behar den irakaslanaren eta ikerketa-lanaren izaeragatik laneko lanaldi arrunteko egunetatik kanpo egin behar bada lan, zilegi izanen da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren lantokiak edo lanaldi arruntetik kanpo lan egiteko dena delako lekua erabiltzea.

4. Lanaldi osoko irakasle eta ikertzaileen lanaldian, irakaslana, ikerketa-lana eta prestakuntzakoa sartuko dira, bai eta kudeaketa-beharrei erantzutekoa ere, haien kontratuetan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren barne-araudian arautua dagoen moduan.

Lanaldi osoko ikertzaileen lanaldian, haien kontratuetan jasoak dauden jarduerak sartuko dira.

Era berean, lanaldi partzialeko irakasle eta ikertzaile kontratatuen eta ikertzaile kontratatuen jarduerak ere haien kontratuetan jasotakoak izanen dira.

5. Lanpostua erreserbatzeko eskubidea duten irakasle eta ikertzaileak zein irakasle elkartuak ordeztuko dituzten irakasleen lanaldian, irakaslan akademikoa sartuko da bakar-bakarrik, eta ezin izanen da bestelako unibertsitate-jarduerarik egin. Irakaslanaren barrenean, hitzarmen honen 34.1 artikuluan deskribatutako irakaskuntza-jarduera guztiak hartuko dira lanalditzat.

6. Aldi baterako eta lanpostu jakin bat betetzeko hautaketa-prozesua bukatu bitartean kontratatzen badira irakasleak, haien lanaldian sartuko da ordezten ari diren lanpostuari dagokion jarduera akademikoa.

33. artikulua. Irakasleen irakaskuntza-ahalmena.

Irakasle eta ikertzaile kontratatuek legez dagokien irakaskuntza-ahalmena izanen dute, edo beren kontratuetan jasoa dagoena. Irakaskuntza-ahalmena murrizteko aukera egonen da Nafarroako Unibertsitate Publikoko araudi indardunekin bat etorriz.

34. artikulua. Irakasle eta ikertzaileen irakaslana.

1. Irakaskuntza-jarduera akademikotzat hartzen dira honako hauek: ikasgelan, mintegietan edo laborategian egiaz emandako irakastorduak, irakaskuntza-materiala prestatzea, klaseak prestatzea, tutoretza-orduak, ikasketa-amaierako lanen zuzendaritza, ikasketa-amaierako lanak ebaluatzeko epaimahaietan parte hartzea, curriculumetik kanpoko nahitaezko eta aukerako praktiken tutoretza, curriculumetik kanpoko praktiken tutoretza, azterketak prestatzea, egitea eta zuzentzea, irakaskuntza-gidak egitea eta eguneratzea, irakasgai, jakintzagai eta titulazioak koordinatzeko bileretara joatea, prestakuntza-ikastaroetan eta irakaskuntza hobetzekoetan parte hartzea, irakasleen irakaslana ebaluatzeko deialdietan parte hartzea, irakaskuntza berrikuntzako proiektuen deialdietan parte hartzea, saileko eta ikastegietako kontseiluetara joatea eta deskribapen horretan jasoak ez dauden beste jarduera batzuk.

2. Irakasleen irakaslan akademikoaren urteko orduen plangintza akademikoa egiteko, kontuan hartuko dira urteko gehieneko irakaslan akademikoa kalkulatzeko, irakasgaiak esleitzeko eta irakasteko ordutegia ezartzeko une bakoitzean aplikatu beharreko arauak. Horri loturik, irakaslan akademikoak –Unibertsitatearen araudian jasotako edozein tipologia eta enkargutan– ezin izanen du gainditu, oro har, LOSUn lanaldi osoko irakasle funtzionarioei ikasturte bakoitzean irakaslanerako ezarritako gehieneko kopurua, hargatik salbuespenezko egoerak eragotzi gabe, non beharrezkoa izanen baita zerbitzuaren arrazoiengatik une jakin batzuetan irakaslan akademikoa handitzea baldin eta eragindako irakaslea ados badago.

Baldin eta irakaskuntzaren antolamenduaren inguruko salbuespenezko ustekabeko arrazoiak direla-eta Irakaskuntza Jarduera Osoaren Koefizientea (IJOK) %90etik gorakoa duten irakasle eta ikertzaileek seihilekoaren hasieran aurreikusi gabeko irakaslana hartu behar badute urgentziaz beren gain eta horregatik beren IJOKren %100 gainditzen badute, hurrengo ikasturtean konpentsatuko zaie hori, irakastorduen bidez.

Irakasle elkartu eta ordezkoei dagokienez, haien irakaskuntza-mandatua ezin da inola ere izan haien egiazko irakaskuntza-ahalmenaren %100 baino handiagoa.

3. Irakaskuntza-programazioaren arabera eta irakaslana behar bezala eta zentzuz eman ahal izateko, irakaslana malgutasunez banatzen ahalko da irakastaldian zehar, egutegi akademikoa errespetatuz beti.

4. Irakasle kontratatuei irakaskuntza duina eta kalitatezkoa emateko modua bermatuko zaie, unibertsitateko irakasleei eskatzen zaien irakaskuntzako estandarrekin bat datorrena. Horretarako, irakasleek irakasteko egokiak diren baliabide materialak eta ingurunekoak eskuratzeko modua dutela bermatu behar du Nafarroako Unibertsitate Publikoak. Gai horri dagokionez, baldin eta ingurunearekin eta ikasleen portaerarekin lotutako arrazoiengatik ezinezkoa bada irakaskuntza duina eta kalitatezkoa ematea artikulu honetan ezarritako moduan, irakasleei eskubidea aitortzen zaie behar diren neurriak har ditzaten.

Irakasleek halako neurriren bat hartu behar izanez gero, Bizikidetza Batzordeari jakinarazi beharko diote, zer arazo dagoen jakinik neurriak hartu ahal izateko.

5. Irakasleek irakaslana aukeratzeko, sail bakoitzeko barne erregelamenduan ezarriak dauden arauak bete behar dira, halakorik badago. Halako erregelamendurik ez badago, Irakaslana Esleitzeko Jardunbide Onen Gidaliburuan irakaslana esleitzeko ezarria dagoena hartuko da kontuan. Kasu guztietan, irakasleei esleitutako irakaskuntza-mandatua zatitzea eta sakabanatzea saihestuko da. Horretaz gainera, irakaslana esleitzeari buruz Berdintasun Planean jasotako arauak aplikatuko dira lehentasunez.

Irakaslana esleitzeko prozesuan irakasle elkartuei esleitutako irakasgaiak errespetatu eginen dira lehentasunez.

6. Irakaslana esleitzeko moduak irakasle kontratatuei aukera eman behar die unibertsitateko irakaskidegoetan sartzeko akreditazioa eskuratzeko aukerak areagotuko dizkien irakaskuntza-mandatuaren tipologiak izan ditzaten.

7. Ikertzaileak irakaskuntza-lanetan lankidetzan aritzeko arauek erraztasunak emanen dituzte haien karrera unibertsitarioa garatzeko beharrezkoak diren eta haien kontratazioa arautzen duten deialdietan baimenduak dauden irakaskuntza-jarduerak egin ditzaten. Horretarako, sailek ahalegina eginen dute bermatzearren ikertzaileek prestakuntza osagarria eskuratzeko irakaskuntza-jarduerak egiteko aukera dutela, baldin eta horretarako irakaslana esleigarri badago.

35. artikulua. Irakasle eta ikertzaileen beste jarduera akademiko batzuk.

1. Irakaskuntza-jarduera ez-akademikotzat hartzen dira ikerketako jarduerak eta jakintza transferitzekoak, honako hauek besteak beste: autonomia-erkidegoko, Espainiako edo nazioarteko transferentzia-proiektu edo -kontratuetan parte hartzea, beste erakunde batzuekiko ikerketa-hitzarmenen zuzendaritzan eta/edo garapenean parte hartzea, argitalpen zientifikoak prestatzea eta artikulu zientifikoak argitaratzea aldizkari espainiarretan edo nazioartekoetan, biltzar eta jardunaldietan hitzaldiak aurkeztea, ikerketa-egonaldiak egitea, ikerketa-institutuen barne eta kanpo jardueretan parte hartzea, ikerketa-taldetan parte hartzea, spin-off enpresak sortzea, katedren zuzendaritzan eta/edo garapenean parte hartzea eta artikulu honetan jasoak ez dauden beste ikerketa-jarduera batzuk.

2. Irakaskuntza-jarduera ez-akademikotzat hartzen dira honako kudeaketa-jarduera hauek: errektore izatea, errektoretza-taldeko kide izatea, ikastegi, sail, doktoretza-eskola edo ikerketa-institutuen zuzendari izatea edo kide bakarreko beste kudeaketa-karguren bat edukitzea, ikastegi eta sailetako zuzendaritza-taldeetako kide izatea, doktoretza-programak koordinatzea, sail, ikastegi edo batzordeetako bileretara joatea, ikastegi, sail edo unibertsitateko beste batzorde batzuetako kide izatea, eskabideak betetzea, txosten akademikoak/irakaskuntzakoak egitea, nazioarteko programa akademikoak/irakaskuntzakoak koordinatzea eta gainbegiratzea, ikasleen mugikortasunarekin lotutako jarduerak egitea, plantillaren ordezkari hautetsiekin lotutako jarduerak eta artikulu honetan jasoak ez dauden beste kudeaketa-jarduera batzuk.

3. Unibertsitateak bultzatu eta zaindu eginen du ikerketako eta kudeaketako lanak dituzten irakasle kontratatuek unibertsitateko irakaskidegoetan sartzeko akreditazioa eskuratzeko aukerak areagotuko dizkien jarduerak egin ditzaten.

4. Bestelako jarduera akademikoak egiteagatiko arduraldia Unibertsitatearen estatutuek eta aitorpenei buruz indarrean diren arauek ezarriko dute.

36. artikulua. Irakasle kontratatu iraunkorren arduraldia.

1. Irakasle kontratatu iraunkorrek arduraldi osoan edo partzialean betetzen ahal dituzte eginkizunak.

Unibertsitateko irakaskidegoetako irakasleen kondizio eta ondorio berberak izanen dituzte arduraldi partzialeko irakasle kontratatu iraunkorrek.

2. Arduraldia aldatzeko eskaera seihileko akademikoaren hasiera baino lehen egin beharko da, arau indardunen arabera.

3. Irakasle kontratatu iraunkorrak ezin dira behartu Unibertsitateak emandako arduraldia aldatzera.

4. Adierazitako epetik kanpo ezin izanen da arduraldi aldaketarik baimendu seihileko akademikoa bukatu arte, non eta ez den gertatzen behar bezala justifikatutako salbuespenezko kausaren bat.

5. Unibertsitateko irakaskidegoetako irakasleei aplikatzen zaien proportzio berean doituko da irakasle kontratatu iraunkorren hileko ordainsaria. Ordainsari osagarriei dagokienez ere unibertsitateko irakaskidegoetako irakasleei eragiten dieten mugak aplikatuko zaizkie irakasle kontratatu iraunkorrei.

37. artikulua. Lan-egutegia eta -ordutegia.

1. Irakasle eta ikertzaileen lan-ordutegia egutegi akademikoari, irakasteko ezarritako ordutegiei eta azterketa-egutegiari egokituko zaio, eta lanaldia betetzen dela ziurtatuko da.

2. Irakaslanaren eta irakasteko orduen esleipena egitean, ziurtatuko da ez direla 8 ordu baino gehiago pasatuko irakasleen eguneko lanaldia hasten denetik bukatzen den arte eta ez direla egunean 5 ikastordu baino gehiago ematen. Horrek ez du galaraziko ordu gehiagoko banaketa bat egitea baldin eta eragindako irakasleak adostasun espresua erakusten badu eta behar bezala justifikatua badago.

3. Irakasle elkartuen kasuan, sailek erraztasunak emanen dituzte irakaslanaren esleipenak modua eman dezan lan jarduera mantentzeko, baldin eta haien arlo profesionalarekin lotutako irakaskuntzako behar espezifikoak badaude. Irakasleei esleitutako irakaslana zatitzea eta sakabanatzea saihestuko da, ahalegina eginez irakasleen jarduera nagusiarekin bateragarria den ordutegia eta LOSUk langile horientzat ezarritako eginkizunari ahalik eta gehien egokitutako mandatuak esleitzeko.

4. Irakasle eta ikertzaile kontratatuen lan-egutegia urtero negoziatuko da enpresa-batzordearekin eta urtero onetsiko du Gobernu Kontseiluak.

5. Ikertzaile kontratatuen kasuan, NUPek egutegi orokor bat emanen die, eta hor zehaztuko da zer egunetan egonen diren itxiak eraikinak; egun horietan, kode batekin edo baimen espresuarekin bakarrik sartzen ahalko dira. Urtarrilean prestatu behar da egutegi hori, eta enpresa-batzordearen eskura egonen da.

6. Ikertzaile kontratatuek beren lanaldi-ordutegiaren eta lan-egutegiaren barrenean eginen dituzte ikerketa-jarduerak, hargatik eragotzi gabe ikerketa-jardueraren ezaugarri bereziengatik eta salbuespenez lanaldia egokitu edo luzatu behar izatea. Baldin eta ikertzaileak irakaskuntza-lanetan lankidetzan aritzen badira, ikertzaileak irakaskuntza-lanetan lankidetzan aritzeko arauetan ezarria dagoena aplikatu beharko da.

38. artikulua. Deskonexio digitala.

Bermatu eginen da lanalditik kanpoko deskonexio digitalerako eskubidea, langileen atseden denbora errespetatzeko, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 88. artikuluan ezarritakoaren arabera. Hori dela eta, irakasleek eskubidea izanen dute tutoretza-orduetatik kanpo ikasleen komunikazioei ez erantzuteko, baina horrek ez ditu salbuesten deskonexioaldiaren ondoren ahalik eta lasterren ikasleei arreta emateko betebeharretik. Gainerako komunikazioei dagokienez, hitzarmen honen eraginpeko langileek eskubidea izanen dute lanalditik kanpo komunikazioei ez erantzuteko, baldin eta ez bada salbuespenezko egoeraren batengatik urgentziazkoa izaten Unibertsitatearen aldetik komunikatzea.

Deskonexio digitalerako eskubidea bermatzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoak konpromisoa hartzen du NUPeko langileei zein ikasleei behar bezala jakinarazteko irakasle eta ikertzaileek eskubide hori dutela eta garrantzitsua dela unibertsitateko komunitate guztiak errespetatzea.

VIII. KAPITULUA.–OPORRAK, BAIMENAK, LIZENTZIAK ETA ESZEDENTZIAK

39. artikulua. Oporrak eta jaiegunak.

1. Ordaindutako oporrak urtean hogeita bi egun baliodun izanen dira. Zerbitzuan emandako denbora urtebete baino txikiagoa bada, proportzioan dagokion opor egun kopurua izanen da.

Irakasle eta ikertzaileek irakastalditik kanpo hartu beharko dituzte opor egunak. Edonola ere, opor egunek bateragarriak izan behar dute zerbitzuaren beharrekin, eta, bereziki, irakaskuntza-beharrekin.

Ikertzaileek proiektuaren garapenarekin bateragarriak diren egunetan hartuko dituzte opor egunak, eta, irakaskuntzan laguntza ematen badute, haren planifikazioarekin bateragarria denean. Urte naturaleko lehen hiruhilekoan, edo, hala badagokio, kontratua sinatu ondorengo lehen hiru hilabeteetan, ikertzaile kontratatuek lan-egutegi indibiduala adostuko dute haien gainbegiralearekin edo ikertzaile arduradunarekin; hartan, halaber, ikerketa-beharren ondorioz egutegian izaten ahal diren aldaketak sartuko dira.

Oporraldia gainbegiralearekin edo ikertzaile arduradunarekin adostu beharko da, eta egutegi horretan jasoa geldituko da. Hala ere, ikerketak berak hala eskatzen badu, posible da egutegi horretan ezarritako oporraldia aldatzea, betiere adostu ondoren. Edonola ere, ikertzaileek urte naturalaren barnean hartu beharko dituzte oporrak.

Urte naturala bukatzean ikertzaileren batek opor egunak gastatu gabe baditu, urte berriaren urtarrilaren 31ra arte gastatzen ahalko ditu.

2. Langile baten kontratua eteten denean seme edo alaba bat jaiotzeagatik eta zaintzeagatik, haur baten adopzioagatik eta haurra adopzio xedez zaintzeagatik, haurdunaldiko arriskuagatik edo edoskitze naturaleko aldiko arriskuagatik, langile horrek etenaldia bukatu ondoren hartu beharko ditu oporrak, nahiz eta dagoeneko bukatua egon oporrei dagokien urte naturala. Kasu horietatik aparte, bestelako kontingentziengatik edo aldi baterako ezintasunagatik opor egunak urte natural horretan hartu ezin badira –izan osorik edo zati batean–, langileak ezintasuna amaitu ondoren hartzen ahalko ditu, betiere hemezortzi hilabete baino gehiago igaro ez badira oporrak sortu diren urtearen amaieratik.

3. Irakasle eta ikertzaileen jaiegunak egutegi akademikoan jaieguntzat hartzen direnak izanen dira. Ikertzaileen jaiegunak laneko egutegian jaieguntzat hartzen direnak izanen dira.

4. Artikulu honetan aipatzen diren gaiei dagokienez, bermatu eginen da ikertzaile funtzionarioentzat aurreikusitako tratamendu bera izanen dutela langile kontratatuek.

40. artikulua. Baimenak, lizentziak eta eszedentziak.

Hitzarmen honen esparruan sartzen diren langileek 2015eko urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 48. eta 49. artikuluetan ezarritako baimenak izanen dituzte –Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen legea–, bai eta irakasle eta ikertzaileen oporrak, lizentziak eta baimenak arautzen dituen Nafarroako Unibertsitate Publikoaren araudian ezarritako gainerako lizentziak eta baimenak ere.

Bai irakasle eta ikertzaileek eta bai ikertzaileek borondatezko eszedentzia eskatzen ahalko dute, gutxienez lau hilabetekoa eta gehienez bost urtekoa, Langileen Estatutuaren Legearen 46. artikuluan ezarritakoaren arabera. Halaber, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen 89. artikuluan ezarritako baldintzetan, eszedentziak hartzen ahalko dira familia-taldekatzeagatik, senideak zaintzeagatik, genero-indarkeriagatik eta terrorismoaren indarkeriagatik, betiere artikulu honetan aipatzen diren gaietan irakasle eta ikertzaile funtzionarioentzat aurreikusitako tratamendu berarekin.

41. artikulua. Bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa kontziliatzea.

Aurreko artikuluetan jasotako lanaldi, ordutegi, opor, lizentzia, baimen eta eszedentziei buruzko erregulazioa aplikatuko da kalterik egin gabe Nafarroako Unibertsitate Publikoko langile publikoen bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa kontziliatzeari buruzko akordioetan arautzen ahal diren kondizioei, betiere irakasle eta ikertzaile funtzionarioentzat aurreikusitako tratamendu berarekin.

Indarreko araudian jasoak dauden irakaskuntza-ahalmenaren murrizketak osorik aplikatuko dira. Hona hemen murrizketa horiek egiteko arrazoiak: amatasun eta aitatasun baimenak, mendekotasuna duen pertsona edo adingabea zaintzea, iraupen luzeko aldi baterako ezintasunak eta bizitza pertsonala eta familiakoa kontziliatzeari lotutako beste edozein baimen. Kasu horietan, irakaskuntza-jardueraren minimoak –batez ere irakaskuntzari dagokiona–, zeinak araudian ezarriak baitaude, modu proportzionalean murriztuko dira.

42. artikulua. Norberaren kontuak.

Bai irakasle eta ikertzaileek eta bai ikertzaileek, urtean zehar, eskubidea izanen dute gehienez ere ordaindutako sei baimen egun hartzeko norberaren kontuengatik. Egun horiek interesatuari komeni zaionaren arabera hartzen ahalko dira, saileko edo dagokion institutuko zuzendariak baimena eman ondoren, eta betiere zerbitzuaren beharrak eta, zehazki, irakasleen irakaskuntza-betebeharrak errespetatuz. Egun horiek ez dira azterketa-egunetan hartzen ahalko. Gainera, artikulu honetan adierazitako baldintza berberetan, irakasle eta ikertzaile funtzionarioak parekatzearen ondoriozko egun gehigarriak hartzen ahalko dira, aplikatzekoa den araudiaren arabera. Edonola ere, irakasle eta ikertzaile funtzionarioentzat ezarritako tratamendu berbera izanen dute.

43. artikulua. Erretiroa.

1. Borondatezko erretiroa eskatzeko, Gizarte Segurantzaren araubidean ezarritako eskakizunak eta baldintzak bete beharko dituzte langile kontratatuek.

2. Nahitaezko erretiroa ofizioz deklaratuko da, irakasle eta ikertzaile funtzionarioentzat aurreikusitako baldintza berberetan.

3. Aurreko paragrafoan ezarritako erretiro adina kontuan hartuko da hargatik eragotzi gabe langileek gutxieneko kotizazio aldia osatu ahal izatea, aldi hori beharrezkoa baita pentsiorako eskubidea sortzeko; kasu horretan, langile horiek gabealdi hori osatzean gauzatuko da erretiroa.

44. artikulua. Irakasleen kidegoen araubidearekin parekatzea.

Hitzarmen honetan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan lizentzia eta eszedentziei buruz indarrean dauden araudi espezifikoetan aurreikusita ez dagoen guztian, irakasle eta ikertzaile funtzionarioentzat aurreikusitako eszedentzia, etenaldi, lizentzia eta bajen araubidea aplikatuko zaie langile kontratatuei.

45. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.

Irakaskuntza-ahalmena zenbatzeari dagokionez, aldi baterako ezintasuneko aldiek modu proportzionalean murriztuko dute irakasleen egiazko irakaskuntza-ahalmena, edozein dela ere aldi horien iraupena eta tipologia; hori dena Unibertsitatean indarrean dagoen araudiaren arabera eginen da, eta IAPan islatuko da.

Edozein arrazoirengatiko murrizketek proportzio berean eraginen diote eskatzailearen egiazko irakaskuntza- eta ikerketa-ahalmenari. Egiazko irakaskuntza-ahalmenari eragiten dion edozein egoerak berekin ekarriko du irakaskuntza-jardueraren gutxieneko eskakizunean murrizketa egotea, betiere modu proportzionalean.

IX. KAPITULUA.–PRESTAKUNTZA ETA MUGIKORTASUNA SUSTATZEA IRAKASKUNTZARAKO ETA IKERKETARAKO

46. artikulua. Prestakuntza.

1. Unibertsitateak lan araubideko irakasle eta ikertzaile guztien eta ikertzaile guztien prestakuntza sustatuko du prestakuntza-planen bidez, haien garapen profesionala bultzatzeko helburuarekin.

2. Irakasle kontratatu iraunkorrek irakasle funtzionarioen aukera berberak izanen dituzte Unibertsitateak antolatu eta bultzatutako prestakuntza-jarduerak egiteko. Unibertsitatean egiten diren prestakuntza- edo ikerketa-laguntzen deialdi guztietan hartzen ahalko dute parte.

47. artikulua. Irakasle berrien irakasteko prestakuntza.

Prestakuntza espezifiko bat ezarriko zaie laguntzaile doktoreen kontratua duten irakasleei, eta prestakuntza hori kontratuaren lehenbiziko urtean egiteko eskubidea eta betebeharra izanen dute.

48. artikulua. Irakasle eta ikertzaileen mugikortasuna.

1. Mugikortasuna lanaldi osoa duten irakasle kontratatuen eskubidea da, eta ezagutza zientifikoak, teknologikoak, humanistikoak, artistikoak, kulturalak eta linguistikoak indartzen laguntzen du, bai eta sormena eta garapen profesionala ere.

2. Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren (LOSU) 66. artikuluari jarraikiz, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 17. artikuluan eta harekin bat datozenetan ikertzaileentzat aurreikusitako mugikortasunaren erregulazioa aplikatuko zaie irakasle eta ikertzaileei, betiere honako hauei dagokienez: ikerketa-egonaldiak; ezagutzan oinarritutako beste erakunde, entitate edo enpresa bati atxikitzea; edo aldi baterako eszedentzia, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Espainiako Sistema gauzatzen duten beste eragile publiko batzuetan sartzeko. Lege arau horretan ezarriak ez dauden alderdiei dagokienez, Nafarroako Unibertsitate Publikoak beste unibertsitate batzuekin edo goi-hezkuntzako erakundeekin, ikerketako beste organismo publiko edo pribatuekin, ikerketa-institutuekin edo jakintzan oinarritutako entitate edo enpresekin sinatzen dituen mugikortasun hitzarmenak aplikatuko dira, bai eta autonomia-erkidegoen artean egindako akordioak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren berezko araudia ere.

3. Irakasle kontratatu iraunkorrek irakasle funtzionarioen aukera berberak izanen dituzte Unibertsitateak antolatzen eta bultzatzen dituen mugikortasun jarduerak egiteko.

4. Irakasle laguntzaile doktoreentzako mugikortasun jarduera espezifikoak ezarriko dira.

49. artikulua. Irakasle eta ikertzaileen mugikortasuna akreditazioa lortzeko baldintzak betetzeko.

Mugikortasuneko mekanismoak eskainiko dira –hala nola deialdi espezifikoen bidezko laguntza ekonomikoak- irakasle eta ikertzaile kontratatuek aukera izan dezaten beste unibertsitate eta/edo ikerketa-zentro batzuetan ikerketa– edo irakaskuntza-jarduerak egiteko, bai eta akreditazioaren ondorioetarako eskatzen diren baldintzak betetzeko ere, beharrezkoak baitira unibertsitateko irakasleen kidegoetara eta irakasle kontratatu iraunkor izateko lanpostuetara sartzeko.

LOSUren 66. artikuluaren arabera, irakasle eta ikertzaileek Nafarroako Unibertsitate Publikoari atxikita jarraituko dute, atxikipen aldiak antzinatasunerako zenbatuko dira eta ez dute eragozpenik jarriko ibilbide profesionalean aurrera egiteko.

X. KAPITULUA.–SINDIKATUEN EKINTZARAKO ETA PARTAIDETZARAKO ESKUBIDEAK

50. artikulua. Unibertsitateak ofizioz emandako informazioa alde batera utzi gabe, enpresa-batzordeak honako alderdi hauei buruzko informazioa eskatzen ahalko du, alde batera utzi gabe artikulu honetan berariaz aipatzen ez diren eta interesgarriak izan daitezkeen beste alderdi batzuk:

a) Egutegi akademikoa eta irakaskuntza-ordutegia.

b) Unibertsitatearen aurrekontua eta memoria ekonomikoa. Bakoitzaren ale bat jasoko du, bai eta irakasle eta ikertzaile kontratatuei eragiten dieten lan kondizioekin loturiko beste edozein dokumentu ere.

c) Honako hauei buruzko txostenak: absentismoa eta haren arrazoak; laneko istripu eta gaixotasunak eta haien ondorioak; istripuen tasa; laneko ingurumenari buruzko aldizkako azterlanak edo azterlan bereziak; eta erabiltzen diren prebentzio mekanismoak.

d) Kontratuen kopia oinarrizkoa, egiaztatzeko edukia bat datorrela indarrean dauden legeekin, dagozkion figuren ordainsariak barne.

e) Hitzarmen honek eragiten dituen langileek laneko baldintzen inguruan jarritako kexak eta erreklamazioak.

Baldin eta desadostasunik badago, aurreko apartatuko informazioa osatzen duen dokumentazioarekin, egoera behar bezala ulertu eta aztertzeko beharrezkoak diren dokumentuen kopia emanen dio Unibertsitateak langileen ordezkaritzari. Kopiak formaturik egokienean emanen dira, hau da, formatu fisikoan zein digitalean.

51. artikulua. Orduen kreditua.

Langileen Estatutuaren 68 e) artikuluan adierazten den enpresa-batzordea osatzen duten langileei aitortutako ordu murrizketari dagokionez, murrizketa horrek irakastorduak gutxitzea ekarriko du, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Enpresa-batzordea osatzen duten langileak ikertzaileen taldekoak badira, Langileen Estatutuaren 68 e) artikuluan aitortutako ordu murrizketa hori kontuan hartuko da jarduera akademiko osoa zenbatzerakoan, unibertsitateko irakasleen kidegoetako irakasleei eragiten dieten baldintza eta ondorio berberekin.

52. artikulua. Irakasle eta ikertzaile kontratatuen eta ikertzaile kontratatuen eskubideak: ordezkaritza kolektiboa, bilerak eta negoziazioa.

Unibertsitateko irakasle eta ikertzaile kontratatuek Langileen Estatutuaren 4. artikuluan ezarritako lan kondizioak dituzte, eta horietako bat askatasunez sindikatzeko eskubidea da. Era berean, Langileen Estatutuaren 2. artikuluko eskubideak ere badagozkie: ordezkaritza kolektiboa, bilerak eta negoziazioa.

Bereziki, aitortzen da Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileek eskubidea dutela Unibertsitateko lokaletan biltzeko, batzarrerako aurreikusitako baldintza berberetan, eta eskubidea dutela beren argitalpenak Unibertsitatean libreki zabaltzeko, hau da, sindikatuan afiliatutako pertsonentzat eta irakasle eta ikertzaile guztientzat interesgarriak izaten ahal diren abisuen berri emateko.

53. artikulua. Enpresa-batzordeen eskumenak eta bermeak. Hautaketa-prozedura.

Enpresa-batzordeen eskumenak eta bermeak Langileen Estatutuaren 2. tituluko 64. eta 68. artikuluetan daude jasoak. Era berean, haien osaera eta hautaketa-prozedura Langileen Estatutuaren 2. tituluan eta Askatasun Sindikalari buruzko 1985eko abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoaren 6. eta 7. artikuluetan daude jasoak.

54. artikulua. Sindikatuen eta afiliatuen eskubideak.

Askatasun Sindikalari buruzko 1985eko abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoan ezarritakoari heltzen dio.

XI. KAPITULUA.–KONTZILIAZIO ETA BERDINTASUN PLANAK

55. artikulua. Nafarroako Unibertsitate Publikoak dagozkion neurriak aplikatuko ditu langile kontratatuen bizitza pertsonala, familia eta lana kontziliatzen laguntzeko, betiere indarrean dagoen legeriaren arabera.

56. artikulua. Nafarroako Unibertsitate Publikoak behar diren neurriak hartuko ditu genero arrakala murrizteko, Berdintasun Planaren bidez eta honako hauekin bat etorriz: Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako 2007ko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 43. artikulua; Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen 2015eko urriaren 23ko 2/2015eko Legegintzako Errege Dekretuaren 17.4 eta 24.2 artikuluak; Unibertsitate Sistemari buruzko 2/2023 Lege Organikoaren (LOSU, 2023ko martxoaren 22koa) 65. eta 75. artikuluak; eta Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 4. artikulua.

57. artikulua. Bizitza pertsonala eta lana kontziliatzeko neurriei dagokienez, bai eta hitzarmen honen eraginpeko langileen lan baldintzei eragiten dieten berdintasun neurriei dagokienez ere, kontuan hartuko da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Berdintasun Planean ezarritakoa, bai eta arlo horretan onartutako beste edozein dokumentu ere, nahitaez edo borondatez bete beharrekoa.

XII. KAPITULUA.–LANEKO ARRISKUEN PREBENTZIOA

58. artikulua. Laneko osasunaren eta segurtasunaren arloan babes eraginkorra izateko eskubidea.

1. Hitzarmen hau aplikatzeko eremuan sartzen diren langile guztiek eskubidea dute laneko osasunaren eta segurtasunaren arloan babes eraginkorra izateko, bai eta legez eta erregelamenduz hartzen diren neurriak behatzeko eta praktikan jartzeko ere, laneko arriskuen prebentzioa bermatzeko. Modu espezifikoan, ikertzaileentzat egokiak eta guztientzako nahikoak izanen diren babes indibidualeko ekipoen hornidura bermatuko du.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Laneko Arriskuen Prebentziorako Unitateak arrisku psikosozialen arloan dituen eskumenak alde batera utzi gabe, irakasle eta ikertzaile kontratatuek eta ikertzaile kontratatuek osasun laguntzako zerbitzura jotzen ahalko dute ongizate emozionalarekin lotutako gaietan informazio eta orientazio zerbitzuak jasotzeko. Hori dena aholkularitza psikologikoaren eta osasun mentalarekin loturiko programa eta baliabide integralak baliatuz jasoko dute, betiere langileari dagozkion eginkizunen esparruan garatutakoak.

59. artikulua. Aplikatzekoa den araubidea.

Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko 1995eko azaroaren 8ko 31/1995 Legean eta hura garatzeko araudian xedatutakoa aplikatuko da. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren zerbitzuko langile guztien laneko arriskuen prebentzioaren eta osasunaren babesaren arloan onetsitako araudia eta indarrean dauden akordioak ere hitzarmen honen eremuan aplikatuko dira.

60. artikulua. Laguntza juridikoa jasotzea irakaskuntzatik eratorritako kausen aurrean.

Interesdunak eskaera arrazoitua egiten badu eta errektoreak berariazko baimena ematen badu, Zerbitzu Juridikoko letraduek Unibertsitateko langile publikoak defendatzen ahalko dituzte epaiketetan, baldin eta ekintzen edo ez-egiteen ondorioz langileen aurka bideratzen diren prozedura judizialek lotura zuzena badute langileen eginkizunak edo karguak legez betetzearekin, eta intereseko gatazkarik ez badago Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin edo haren edozein langilerekin.

61. artikulua. Lanposturako egokitzapena.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak behar diren baliabideak emanen dizkie irakasle eta ikertzaile guztiei eta ikertzaile guztiei beren zeregin akademikoak behar bezala bete ditzaten.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoak zaindu eginen du unibertsitatea irisgarria izan dadin langile guztientzat.

XIII. KAPITULUA.–JARRAIPEN BATZORDEA

62. artikulua. Eraketa eta osaera.

1. Hitzarmen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hilabetearen barnean, Jarraipen Batzordea eratuko da hitzarmenaren interpretaziotik, zaintzatik eta aplikaziotik sortzen diren arazoak aztertu eta ebazteko.

2. Jarraipen Batzordea honako hauek osatuko dute: Nafarroako Unibertsitate Publikoko ordezkaritza batek (gehienez lau pertsona) eta enpresa-batzordeko ordezkariek, zeinen botoa ponderatua egonen baita irakasle eta ikertzaile kontratatuen eta ikertzaile kontratatuen ordezkariak hautatzearren egindako hauteskunde sindikaletan lortutako ordezkaritzaren arabera. Batzordea osatzen duten langileak desberdinak izan daitezke bilera bakoitzean, eta, kideren bat aldatuz gero, dagokion aldeak izendatuko du. Alde bakoitzak aholkulariak izendatzen ahalko ditu bileretara joateko; hitza izanen dute, baina ez botorik.

3. Jarraipen Batzordea eratu eta hurrengo bi hilabeteetan, batzordeak bere funtzionamendua arautzeko erregelamendu bat idatzi eta onetsiko du; hartan, honako hauek jasoko ditu: eginkizunak; osaera; egoitza; bilerak; aktak; akordioen lotura, baliozkotzea eta argitalpena; desadostasunen ebazpenak; indarraldia; azpibatzordeen sorrera; eta eginkizunak hobeki garatzeko beharrezkotzat jotzen diren gai guztiak.

4. Jarraipen Batzordeak indarrean jarraituko du harik eta hitzarmen hau ordeztuko duen beste hitzarmen bat indarren sartzen den arte. Interpretazioari eta aplikazioari buruz hartutako erabakiek hitzarmenean adostutakoaren balio bera izanen dute. Izaera orokorrekoak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Batzordeko kideen gehiengo soilez hartuko dira erabakiak.

63. artikulua. Eginkizunak.

Laneko legeriak esleitutako eginkizunak alde batera utzi gabe, Jarraipen Batzordeak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Hitzarmen hau aplikatzea, zaintzea eta interpretatzea.

b) Hitzarmena aplikatzearen edo interpretatzearen ondoriozko gatazka kolektiboen berri izatea eta haiek ebaztea.

c) Barne funtzionamendurako erregelamendua egin eta onestea.

d) Lan- eta azterketa-batzorde espezifikoak sortu eta eratzea.

e) Hitzarmenean berariaz esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

64. artikulua. Gatazkak konpontzeko judizioz kanpoko prozedura.

1. Hitzarmen honen indarraldian sortzen diren gatazkak –baliteke sortzea alderdi sinatzaileek edo hitzarmenaren eraginpeko pertsonaren batek klausula konbentzionalen bat modu dibergentean interpretatzearen ondorioz– Jarraipen Batzordeari aurkeztu beharko zaizkio, eta hark idatziz ebatziko ditu, gehienez ere 45 eguneko epean. Erabakia loteslea izanen da bi alderdientzat.

2. Jarraipen Batzordeak ezin izanen du esku hartu erreklamazioak bide judizialetik aldi berean tramitatzen diren kasuetan.

3. Gatazkaren bat sortzen bada, hitzarmena sinatzen duten alderdiek auzibidetik kanpoko mekanismoak erabiltzen ahalko dituzte horiek konpontzeko.

XIV. KAPITULUA.–DIZIPLINA-ARAUBIDEA

65. artikulua. Diziplina-araubidea.

Oro har, eta Langileen Estatutuaren 58. artikuluaren esparruan, unibertsitateko irakasleen kidegoei dagokien diziplina-araubidea aplikatuko zaie hitzarmen honen eremuan sartzen diren irakasle eta ikertzaileei. Laneko legeria osagarri gisa aplikatuko da kapitulu honetan eta funtzio publikoko legeek Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuan jasotako diziplina-araubidea garatzeko ematen dituzten arauetan ezarriak ez dauden egoeretan.

66. artikulua. Prozedura.

1. Prozedura bat dator Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 98. artikuluan xedatutakoarekin.

2. Jurisdikzio eskudunaren epai irmo bidez bidegabeko kaleratzea aplikatzen bazaio laneko kontratatu mugagabea duen irakasle edo ikertzaile bati, eragindako pertsonak erabaki beharko du kalte-ordaina jaso nahi duen edo berriz onartua izan nahi duen.

XV. KAPITULUA.–ORDAINSARIEN ARAUBIDEA

67. artikulua. Soldataren egitura.

Irakasle eta ikertzaile kontratatuei oinarrizko ordainsarien eta ordainsari osagarrien kontzeptuak ordainduko zaizkie. Oinarrizko ordainsariak honako hauek osatuko dituzte: soldata, antzinatasuneko osagarria eta aparteko ordainsariak. Hitzarmenean jasotako beste ordainsariak osagarriak izanen dira.

68. artikulua. Antzinatasuneko osagarria.

1. Irakasle eta ikertzaile kontratatuek eta ikertzaile kontratatuek antzinatasuneko osagarria jasoko dute zerbitzu emandako hiru urte bakoitzeko.

Osagarri hori zehazteko, edozein administrazio publikotan emandako benetako zerbitzu guztiei dagokien denbora zenbatuko da, 1978ko abenduaren 26ko 70/1978 Legean ezarritako baldintzetan.

2. Zenbatekoa A taldeko A1 azpitaldeko funtzionarioei dagokiena izanen da, I. motako irakasle elkartuen kasuan izan ezik; izan ere, A taldeko A2 azpitaldeko funtzionarioei dagokiena aplikatuko zaie harik eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 76. artikuluan aipatzen diren unibertsitateko tituluen ezarpena orokortu arte. Zenbateko hori arduraldiaren araubidearekiko proportzionala izanen da.

3. Nafarroako Unibertsitate Publikoak ofizioz ordainduko du espediente pertsonalean jasota dauden egindako zerbitzuei dagokien antzinatasuneko osagarria.

Espediente pertsonalean jasoak ez dauden zerbitzuek ez dute ondorio ekonomikorik izanen haiek aurkeztu eta hurrengo hilabetera arte.

4. Administrazio Publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunei buruzko 1984ko abenduaren 26ko 53/1984 Legea aplikatuko zaie lanaldi partzialeko irakaskuntza eta sektore publikoko zerbitzuak uztartzen dituzten langileei.

69. artikulua. Kargu akademikoagatiko osagarria.

Kargu akademikoengatiko osagarrien zenbatekoa irakasleen kidegoetako funtzionarioei aitortzen zaiena izanen da.

70. artikulua. Banakako merezimenduengatiko osagarri pertsonalak.

Irakaskuntzako, kudeaketako eta ikerketako banakako merezimenduengatik osagarri pertsonalak badituzte eta balorazioa kanpoan egina bada, irakasle kontratatu doktoreek eta irakasle kontratatu iraunkorrek eskubidea izanen dute osagarri horiek jasotzeko, legez ezarritako araubidearen arabera.

Irakaskuntzako edo ikerketako banakako merezimenduengatik osagarri pertsonalik izanez gero, irakasle laguntzaile doktoreek eskubidea izanen dute osagarri horiek jasotzeko, legez ezarritako araubidearen arabera.

Irakasle elkartuen kasuan, adostu da ezen irakaskuntza-merezimendua (irakaskuntza-tartea) beren lanaldiarekiko proportzionala izanen dela.

Ordezko irakasleen kasuan, adostu da ezen irakaskuntza-merezimendua (irakaskuntza-tartea) beren lanaldiarekiko proportzionala izanen dela.

71. artikulua. I3 txostenaren ebaluazio positiboagatiko osagarri pertsonala.

Irakasle kontratatu doktoreek eta irakasle kontratatu iraunkorrek, baldin eta I3 txostenaren ebaluazio positiboa jaso badute, aukera izanen dute osagarri pertsonal bat jasotzeko. Osagarri horren zenbatekoa unibertsitateko irakasle titularren ordainsariekin duten aldea izanen da.

72. artikulua. Soldaten taula.

Irakasle laguntzaile doktoreen ordainsaria 2025eko oinarrizko soldatak osatuko du, eta urtero igoko da Nafarroako administrazio publikoetarako onartutako soldata-igoeraren arabera. Horri "hitzarmeneko osagarria" izeneko osagarri bat gehituko zaio, 1. eranskinean adierazitakoa. Osagarri hori 2029tik aurrera sartuko da oinarrizko soldatan.

Irakasle elkartuen ordainsaria 2025eko oinarrizko soldatak osatuko du, eta urtero igoko da Nafarroako administrazio publikoetarako onartutako soldata-igoeraren arabera. Horri "hitzarmeneko osagarria" izeneko osagarri bat gehituko zaio, 1. eranskinean adierazitakoa. Osagarri hori 2029tik aurrera sartuko da oinarrizko soldatan. Osasun laguntzako irakasle elkartuek ere ordainsari hori bera jasotzeko eskubidea izanen dute.

Ordezko irakasleen ordainsaria 2025eko oinarrizko soldatak osatuko du, eta urtero igoko da Nafarroako administrazio publikoetarako onartutako soldata-igoeraren arabera. Horri "hitzarmeneko osagarria" izeneko osagarri bat gehituko zaio, 1. eranskinean adierazitakoa. Osagarri hori 2029tik aurrera sartuko da oinarrizko soldatan.

Irakasle kontratatu iraunkorren ordainsaria 2025eko oinarrizko soldatak osatuko du, eta urtero igoko da Nafarroako administrazio publikoetarako onartutako soldata-igoeraren arabera. Horri "hitzarmeneko osagarria" izeneko osagarri bat gehituko zaio, 1. eranskinean adierazitakoa. 2028tik aurrera, oinarrizko soldata unibertsitateko irakasle titularren oinarrizko soldataren berdina izanen da.

2027an, irakasle funtzionarioei esleitutako osagarriaren %50 kobratuko dute irakasle kontratatu iraunkorrek, osagarri espezifikoaren (bosturtekoa) irakaskuntza-merezimenduengatiko osagaiaren kontzeptuan, baita produktibitate osagarriaren %50 ere (seiurtekoa). Hori dena irakasle funtzionarioen baldintza berberetan.

2028an, irakasle funtzionarioei esleitutako osagarriaren %100 kobratuko dute irakasle kontratatu iraunkorrek, osagarri espezifikoaren (bosturtekoa) irakaskuntza-merezimenduengatiko osagaiaren kontzeptuan, baita produktibitate osagarriaren %100 ere (seiurtekoa). Hori dena irakasle funtzionarioen baldintza berberetan.

Funtzionario ez diren irakasle eta ikertzaile doktoreen ordainsariak hitzarmen honen 1. eranskinean ezarritakoak izanen dira.

Ikerketa zientifikoko eta ikerketa teknikoko proiektu espezifikoak egitea xede duten ikertzaile kontratatuen kategorien kasuan –hitzarmenaren 27. artikuluan daude definituak–, 2026ko urteko ordainsari gordina 2. eranskinean jasotakoa izanen da arduraldi osoa dutenentzat. Ordainsari hori urtero igoko da Nafarroako administrazio publikoentzat onartutako soldata-igoeraren arabera.

XVI. KAPITULUA.–IBILBIDE ETA GARAPEN PROFESIONALA

73. artikulua. Irakasleen lanpostuak sortzea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak unibertsitateko irakasleen kidegoetako lanpostuak eta irakasle kontratatuen lanpostuak sortu eta deituko ditu, Gobernu Kontseiluak horretarako onetsitako prozeduren esparruan.

Irakasle eta ikertzaile kontratatuen lanposturen batean arduraldi osoko kontratua duten irakasleek, baldin eta legezko baldintzak betetzen badituzte goragoko lanpostu batean edo unibertsitateko irakasle titularren lanpostuan sartzeko, atxikiak dauden sailari eskatzen ahalko diote irakasle lanpostuen deialdi prozeduretan parte hartzeko, irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordetzak kontuan har dezan, Gobernu Kontseiluak irakasleei buruz onetsitako politikaren arabera.

Irakasleei buruzko politikak ezartzen duenaren arabera, Nafarroako Unibertsitate Publikoak irakasle laguntzaile doktoreen egonkortzea sustatuko du, ahal dela irakasle horiek unibertsitateko irakasle titularren lanpostuak betez.

Irakasle kontratatu iraunkorrek aukera izanen dute, atxikiak dauden sailaren bidez, unibertsitateko irakasle titularren lanpostuak sortzeko eskaera egiteko, betiere beharrezko akreditazioa badute.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak urtero emanen dio enpresa-batzordeari lanpostuetarako deialdiaren berri, bai unibertsitateko irakasleen kidegoetako lanpostuena, bai irakasle kontratatu iraunkorrena. Deialdiko lanpostuak Gobernu Kontseiluak irakasleei buruzko politika aplikatzearen ondorioz sortuko dira. Harik eta Unibertsitateak lan-ibilbidean mailaz igotzeko figura bat egituratzen ez duen bitartean, erraztasunak emanen ditu irakasle kontratatu iraunkorrak unibertsitateko irakaskidegoetara igarotzeko.

74. artikulua. Irakasle elkartuen promozioa.

2. motako irakasle elkartu doktoreek eskaera bat egiten ahalko dute, atxikiak dauden sailaren bidez, 3. motara igarotzeko. Horrek esan nahi du dagokion lanpostuaren deialdia egiten ahalko dela, betiere eskaerari erantzuten bazaio.

75. artikulua. Ramón y Cajal programan kontrataturiko langileak.

Ramon y Cajal programaren arabera Nafarroako Unibertsitate Publikoak kontratatzen dituen pertsonek eskaera bat egiten ahalko dute irakasle kontratatu iraunkorren lanpostu bat sor dadin, edo, bestela, unibertsitateko irakasle titularren lanpostu bat. Horretarako, legezko baldintzak bete beharko dituzte.

Nolanahi ere, Ramón y Cajal programaren babesean kontratatutako langileak egonkortzeari buruz legez ezartzen den araudia bete beharko du Nafarroako Unibertsitate Publikoak.

76. artikulua. Lanpostuak betetzea.

1. Kontratazio lanpostuak lehiaketa bidez beteko dira beti, Unibertsitatearen kontratazio araudiak ezartzen duen bezala.

2. Unibertsitateko irakaskidegoen lanpostuak Estatuko araudi orokorrean ezarritako moduan beteko dira.

3. Nafarroako Unibertsitate Publikoak irakasleei buruzko politika bat diseinatuko du, lanpostuak antolatzeko irizpide argiak ezarriko dituena, eta kontratazio aldia amaitzen duten irakasle laguntzaile doktoreak egonkortzea lehenetsiko du.

77. artikulua. Eskaerak eta prozedura.

Lanpostuen eskaerak, nolanahi ere, sailen bidez edo eskatzaileen bidez tramitatu beharko dira, eta irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordetzari zuzendu beharko zaizkio. Irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordetzak erabakiko du lanpostuak sortzea eta onestea, betieren enpresa-batzordean aurkeztu eta eztabaidatu ondoren. Enpresa-batzordeari hitzarmen honen 12.3 artikuluaren arabera jakinaraziko zaio.

78. artikulua. Ikertzaileen promozioa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikertzaileen ibilbide profesionalerako eskubidea aitortzen du, 2022ko irailaren 5eko 17/2022 Legeak aipatzen dituen baldintzetan –lege horrek Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legea aldatzen du–. Ibilbide hori garatzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoak politika bat eginen du ikertzaileak sustatzeko, eta enpresa-batzordeari haren berri emanen dio, bai eta politika hori aplikatzearen ondorioz sor daitezkeen sustapen prozesuen deialdien berri ere.

XVII. KAPITULUA.–EUSKARA NORMALIZATZEA ETA SUSTATZEA

79. artikulua. Euskara eta Plan Gidaria.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen arabera, euskara unibertsitatearen hizkuntza berekia da, eta, beraz, ikertzaile eta irakasle guztiek dute hura jakiteko eta erabiltzeko eskubidea.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Euskarazko Ikasketen Plan Gidariaren bidez, bere hizkuntza-politikaren ildo nagusiak ezarriko ditu lau ardatzen bitartez: irakaskuntza, irakasleak, irakaskuntza-materialak eta prestakuntza. Horrela, euskararen normalizazioan eta sustapenean aurrera egiteko konpromisoa hartzen du, euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeko jarduera proaktiboa eta eraginkorra mantenduz. Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleei buruzko politikaren diseinuan ere kontuan hartuko da euskararen erabileraren sustapena.

80. artikulua. Prestakuntza eta euskararen erabilera sustatzea.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak irakasle eta ikertzaile kontratatuen euskalduntzea sustatuko du bi helburu betetzearren: euskara normalizatzea eta haren erabilera sustatzea erakundearen hizkuntza bereki gisa, eta hizkuntza-profil hori duten irakasleen kopurua handitzea, langile horiek, prestakuntza jaso ondoren, klaseak euskaraz eman ditzaten.

2. Irakasle eta ikertzaile kontratatuek eta ikertzaile kontratatuek dohainik izanen dituzte euskalduntzeko ikastaroak. Ikastaro horiek erakunde egiaztatuek emanen dituzte, eta langile horien beharren eta aukeren arabera emanen dira.

3. Epe ertain eta luzera euskarazko eskaintza akademikoa handitzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, enpresa-batzordearekin negoziatu ondoren, euskara sustatzeko plan bat garatuko du. Plan horretan, irakasleentzako aitortzak antolatuko dira, eta hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuak dituzten irakasleen betebeharrak ezarriko dira.

81. artikulua. Euskararen erabilera lan harremanetan.

Unibertsitateak tramite administratiboak euskaraz egin ahal izatea sustatuko du, eta, horretarako, dokumentazio administratiboa eta informazio instituzionala hizkuntza horretan eskuragarri egon daitezen saiatuko da. Era berean, lan eginen da irakasle eta ikertzaileentzat eta ikertzaileentzat garrantzitsua den informazio instituzionala euskaraz eskuragarri egon dadin, hala nola lan arlokoa, arlo akademikokoa eta arlo administratibokoa. Ildo horretan, Unibertsitateak aurreikusi egiten du dagozkion materialak itzuli eginen direla eta komunikazio instituzionala bi hizkuntzetan eginen dela, unibertsitatearen esparruan komunikazio inklusiboa eta eraginkorra bermatzeko.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.–Aplikatzeko eremuan sartutako kontratuak.

4. artikuluaren ondorioetarako, eta alde batera utzi gabe irakasle eta ikertzaileen eta ikertzaileen lan kontratu modalitateei eragiten dieten arauak, hitzarmen hau indarrean jarri ondoren, honako kategoria eta kontratu hauei aplikatuko zaie:

–Irakasle kontratatu doktoreak.

–Irakasle laguntzaile doktoreak (LOU).

–Irakasle laguntzaileak (LOU).

–Irakasle elkartuak (LOU).

–Irakaskuntzako ordezko irakasleak (36/2009 Foru Dekretua).

Ikertzaileak, jasoa gelditzen den bezala 2022ko irailaren 5eko 17/2022 Legean –lege horrek Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 14/2011 Legea aldatzen du–.

Bigarrena.–Modu osagarri eta subsidiarioan aplikatu beharreko araudia.

Hitzarmen honi jarraikiz modu osagarri eta subsidiarioan aplikatu beharrekoa den araudiari dagokionez, zeina Nafarroako Unibertsitate Publikoko barneko araudia baita, baldin eta arau horietako edozein aldatzen bada, horren berri emanen zaio enpresa-batzordeari, eta entzun eginen zaio onespena eman baino lehen.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaile kontratatuen araubidea arautzen duen foru araudia aldatu eta onetsi ondoren hartuko du indarra hitzarmen honetan ezarritako ordainsarien araubideak.

Bigarrena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoak, LOSUren babesean, doktoratu aurreko ikertzailearen figura bat garatuko du, egitura finkatzea edo plantilla gehiago garatzea eskatzen duten arlo eta esparru akademikoak eta ezagutzakoak estrategikoki indartzeko.

1. ERANSKINA.–IRAKASLE ETA IKERTZAILE KONTRATATUEN ORDAINSARIAK

KATEGORIA

URTEKO HITZARMENEKO OSAGARRIA (euro)

2026 (euro)

2027 (euro)

2028 (euro)

1. motako irakasle elkartua-4 ordu

1.598,68

1.884,48

2.027,37

1. motako irakasle elkartua-3 ordu

1.199,17

1.413,53

1.520,71

1. motako irakasle elkartua-2 ordu

798,97

941,86

1.013,30

1. motako irakasle elkartua-1 ordu

399,49

470,93

506,65

2. motako irakasle elkartua-4 ordu

249,36

535,15

678,05

2. motako irakasle elkartua-3 ordu

187,03

401,39

508,56

2. motako irakasle elkartua-2 ordu

124,67

267,56

339,00

2. motako irakasle elkartua-1 ordu

62,34

133,78

169,50

3. motako irakasle elkartua-4 ordu

43,66

310,99

489,20

3. motako irakasle elkartua-3 ordu

32,75

233,23

366,89

3. motako irakasle elkartua-2 ordu

21,83

155,49

244,60

3. motako irakasle elkartua-1 ordu

10,92

77,75

122,30

1. motako irakasle elkartua-4 ordu-publikoa

1.370,30

1.615,27

1.737,75

1. motako irakasle elkartua-3 ordu-publikoa

1.027,86

1.211,60

1.303,46

1. motako irakasle elkartua-2 ordu-publikoa

684,83

807,31

868,55

1. motako irakasle elkartua-1 ordu-publikoa

342,42

403,65

434,27

2. motako irakasle elkartua-4 ordu-publikoa

213,73

458,70

581,19

2. motako irakasle elkartua-3 ordu-publikoa

160,31

344,04

435,91

2. motako irakasle elkartua-2 ordu-publikoa

106,86

229,34

290,57

2. motako irakasle elkartua-1 ordu-publikoa

53,43

114,67

145,29

3. motako irakasle elkartua-4 ordu-publikoa

37,43

266,56

419,32

3. motako irakasle elkartua-3 ordu-publikoa

28,07

199,91

314,48

3. motako irakasle elkartua-2 ordu-publikoa

18,71

133,28

209,66

3. motako irakasle elkartua-1 ordu-publikoa

9,36

66,64

104,83

Irakasle laguntzaile doktorea

4.774,88

4.974,88

4.974,88

Kontratatu doktorea I / IKI

78,62

678,62

UT parekatzea

Irakaskuntzako ordezko irakaslea (UET)-8 ordu

998,01

998,01

998,01

Irakaskuntzako ordezko irakaslea (UET)-7 ordu

926,72

926,72

926,72

Irakaskuntzako ordezko irakaslea (UET)-6 ordu

855,43

855,43

855,43

Irakaskuntzako ordezko irakaslea (UET)-5 ordu

712,86

712,86

712,86

Irakaskuntzako ordezko irakaslea (UET)-4 ordu

570,82

570,82

570,82

Irakaskuntzako ordezko irakaslea (UET)-3 ordu

428,41

428,41

428,41

Irakaskuntzako ordezko irakaslea (UET)-2 ordu

285,14

285,14

285,14

Irakaskuntzako ordezko irakaslea (UET)-8 ordu-publikoa

855,43

855,43

855,43

Irakaskuntzako ordezko irakaslea (UET)-7 ordu-publikoa

794,33

794,33

794,33

Irakaskuntzako ordezko irakaslea (UET)-6 ordu-publikoa

733,23

733,23

733,23

Irakaskuntzako ordezko irakaslea (UET)-5 ordu-publikoa

611,02

611,02

611,02

Irakaskuntzako ordezko irakaslea (UET)-4 ordu-publikoa

489,27

489,27

489,27

Irakaskuntzako ordezko irakaslea (UET)-3 ordu-publikoa

367,21

367,21

367,21

Irakaskuntzako ordezko irakaslea (UET)-2 ordu-publikoa

244,41

244,41

244,41

2. ERANSKINA.–2026KO URTEKO ORDAINSARI GORDINAK, IKERKETA ZIENTIFIKOKO ETA IKERKETA TEKNIKOKO PROIEKTU ESPEZIFIKOAK EGITEARREN LANALDI OSOAN KONTRATATUTAKO IKERTZAILEEN KATEGORIA BAKOITZERAKO

Categoría / Kategoria

Retribución bruta anual (euro) en 2026

(tiempo completo) Urteko ordainsari gordina
(euroak) 2026an (lanaldi osoko ikertzaileak)

Ayudante de Proyecto

Proiektuko laguntzailea

21.822,90

Colaborador de Proyecto

Proiektuko lankidea

26.544,10

Colaborador Doctor de Proyecto Tipo 1

1. motako proiektuko lankide doktorea

30.003,87

Colaborador Doctor de Proyecto Tipo 2

2. motako proiektuko lankide doktorea

39.679,50

Iruñean, 2025eko apirilaren 16a

Vicerrector de Profesorado /Irakasleen Gaietarako Errektoreordea

APDIC

CCOO

CSIF

ELA

LAB

UGT

Iragarkiaren kodea: F2508695