130. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

105C/2025 EBAZPENA, ekainaren 3koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita Uharteko Udalaren zerbitzuan ari diren funtzionarioen eta lan-kontratudunen hitzarmen kolektiboa (2025. urtetik 2028. urtera bitartekoa) erregistratzea, gordailutzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ikusirik Uharteko Udalaren zerbitzuan ari diren funtzionarioen eta lan-kontratudunen hitzarmen kolektiboa (2025. urtetik 2028. urtera bitartekoa) (kode zenbakia: 31100082142025), erregistro honetan sartu dena 2025eko maiatzaren 09an, eta 2025eko apirilaren 24an sinatu zutena udalaren eta sindikatuen ordezkariek.

Funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen gaineko laneko agintaritzak akordioaren testuaren kontrol formalaren eskumena besterik ez du betetzen, egiaztatzeko Langileen Estatutuaren 85.3 artikuluan hitzarmen kolektiboendako ezarritako gutxieneko edukia betetzen duela.

Esandakoa hala delarik ere, ohartarazi behar da toki-erakundeak abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren aplikazio eremuari atxikiak direla; haren bidez onetsi ziren Nafarroako Administrazio Publikoetan ari diren Langileen Estatutua eta haren garapenerako erregelamenduak. Han jasotzen diren arauak bete beharrekoak dira, eta ez minimoetakoak.

Honako hauetan xedaturikoari jarraikiz: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 84.3 artikulua, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuak eta Hitzarmen kolektiboak, lan-akordio kolektiboak eta berdintasun-planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidanak, honako hau,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Uharteko Udalaren zerbitzuan ari diren funtzionario publikoen eta lan-kontratudunen hitzarmen kolektiboa (2025. urtetik 2028. urtera bitartekoa) Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzeko agintzea. (Kode zenbakia: 31100082142025).

Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezaten.

Iruñean, 2025eko ekainaren 3an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

UHARTEKO UDALAREN ZERBITZUAN ARI DIREN FUNTZIONARIOEN
ETA LAN-KONTRATUDUNEN HITZARMEN KOLEKTIBOA.
2025. URTETIK 2028. URTERA BITARTEKOA

HITZAURREA

Uharteko Udala eta ordezkari politikoak nahiz langileen ordezkari diren sindikatuak bat etorri dira Administrazioaren helburuan; hau da, gizartearen eskaerei erantzun behar zaiela eta lehentasuna eman behar zaiola eskaera horiek azkar eta modu eraginkor eta efikazean betetzeari.

Orobat, uste dute kalitateko zerbitzu publikoak izatea eta giza baliabideen kudeaketa eraginkorra bateragarriak direla langileen laneko baldintzen hobekuntzarekin.

Sinatzaileek badakite Administrazioa modernizatzeko prozesua bultzatu behar dela, eta hor ezinbestekoa dela sindikatuen zeregina, administrazioaren zerbitzuko langileen berezko ordezkariak direnez gero.

Uharteko Udalak eta sindikatuek uste dute modernizazioa emeki-emeki egin behar dela, esparru guztietan, kemenez egin beharrekoa. Kudeatu, eskumenak eta erantzukizunak banatu, eginkizunen emaitzak neurtu eta ekoizpen-tasa handitzeko sistema eta teknika berriak behar ditu, espezializazioaren bidez. Lanpostu bakoitzari eskumen zehatz batzuk dagozkio, plantilla organikoan adierazi behar direnak. Horren guztiaren ondorioz, administrazioko langileen irudia hobetu eta duintzen da.

Bi aldeek uste dute jarduketa horiek, profesionaltasunetik eta kudeaketatik begiratuta, solaskide sozialen lankidetzan eta elkarren arteko konfiantzan oinarritu behar direla, zein bere eremuan, eta prozesuari urtebetetik gorako epea eman behar zaiola.

Genero berdintasuna:

Emakumeen eta gizonen arteko tratu berdina eta aukeren berdintasuna da akordio honen printzipio gidarietako bat, oinarrizko tresna dena enpleguan generoa dela-eta diskriminazio zuzena eta zeharkakoa ezabatzeko, sexu jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren kontra egiteko eta lana, familia eta bizitza pertsonala bateratzeko.

Emakumeen eta gizonen arteko tratu berdinak berarekin dakar sexuagatiko inolako diskriminaziorik ez izatea, diskriminazio hori zuzenekoa nahiz zeharkakoa izan, eta, bereziki, amatasun-egoeraren, familia-betebeharrak hartzearen eta egoera zibilaren ondoriozko diskriminaziorik ez izatea (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 3. artikulua).

Sexuagatiko zuzeneko diskriminazioa da antzeko egoera batean, sexuaren ondorioz, pertsona batek egoera berean dagoen beste batek baino tratu eskasagoa izatea, orain nahiz iraganean, edo horren arriskua izatea. (Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 6.1 artikulua).

Sexuagatiko zeharkako diskriminazioa honako hau da: itxuraz neutroa den xedapen, irizpide edo jardunbide batek sexu bateko pertsonendako desabantaila zehatz bat ekartzea beste sexuko pertsonen aldean, salbu xedapen, irizpide edo jardunbide horiek modu objektiboan justifikatzen badira xede legitimo batekin, betiere xede horiek lortzeko bideak beharrezkoak eta egokiak badira. (Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 6.2 eta 6.3 artikuluak).

Sexuagatiko jazarpena honako hau da: pertsona baten sexua dela-eta, haren duintasuna gutxiesteko eta giro beldur-eragilea, degradatzailea eta iraingarria sortzeko asmoz egiten den jokabide oro. Sexuan oinarrituriko bereizkeriatzat hartuko da, halaber, eskubide bat gauzatzea edo eskubide bat gauzatzeko espektatiba baldintzatzen bada sexu jazarpen edo sexuan oinarrituriko jazarpen egoera bat onartzera behartzeagatik (Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 7.2, 7.3 eta 7.4 artikuluak).

Sexu jazarpena honako hau da: pertsona baten duintasunaren aurka egiteko asmoa duen edo ondorio hori eragiten duen edozein sexu jokaera, hitzezkoa nahiz fisikoa, batez ere giro beldur-eragilea, degradatzailea edo iraingarria sortzen badu. Sexuan oinarrituriko bereizkeriatzat hartuko da, halaber, eskubide bat gauzatzea edo eskubide bat gauzatzeko espektatiba baldintzatzen bada sexu jazarpen edo sexuan oinarrituriko jazarpen egoera bat onartzera behartzeagatik (Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 7.1, 7.3 eta 7.4 artikuluak).

Laneko eta familiako bizitza bateragarri egitea: Familiako arrazoiak direla-eta baimenak emateko sistemak ezartzea, baita guraso baimenak eta haurrei eta adinekoei arreta ematekoak ere, eta lan-ingurunean egitura eta antolaketa bat sortzea gizonek eta emakumeek errazagoa izan dezaten lana eta etxeko nahiz familiako ardurak bateratzea. (Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko terminoen glosarioa. Europako Batzordea).

Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko benetako berdintasuna lortu nahian, garrantzitsua da emakumezkoak subjektu aktibotzat hartzea gizartean; hartara, gizartean parte hartzen dutela eta haren zati direla ahaztuta ez dira mespretxatu edo desagerrarazi behar eguneroko mintzairan. Hori oinarritzat hartuta, eta erabili beharreko idatzizko eta ahozko lengoaiari dagokionez, akordio honek eta Udalaren eta sindikatuen ordezkarien artean dauden lan-harreman guztiek lengoaia inklusiboa eta ez-sexista erabiliko dute.

Inguruabar horiek guztiak kontuan harturik, bi aldeek sinatu dute hitzarmen/akordio hau:

1. artikulua. Aplikazio eremua.

Akordio honen xedea da harreman juridiko laboralen arabera Uharteko Udalean eta Musika Patronatuan ari diren funtzionarioen, lan-kontratudunen, aldi baterako zein finko, kontratudun administratiboen eta beste edozein langileren lan-baldintzak arautzea.

Kontratuen bidez gauzatzen direnez, betebeharrak eta eskubideak sortzen dira aplikazio eremu osoan.

Akordio honek berariaz uzten ditu indarrik gabe, eta, hortaz, ondoriorik gabe ere bai, kasuan-kasuan aplikatu ziren aurreko hitzarmen eta akordio guztiak.

Akordio/hitzarmen hau onesteko, testu osoan hitzartutako guztia hartu da kontuan, osotasuna baita, eta, zuzen aplikatzeko, orokorrean eta banakoei begira jokatuko da, baina, betiere, langile bakoitzari begira, zein bere maila eta talde profesionalean.

Baldintza bakoitzaren balio eta aplikagarritasun osoa edo partziala baldintza multzoaren eta bakoitzaren balioaren eta aplikagarritasunaren araberakoa da. Beraz, deuseztasuna, deuseztapena, errebokazioa edo beste edozein arrazoi dela-eta, zeinahi baldintzak erabat edo partzialki eraginkortasunik ez badu, aurreko akordio/hitzarmenera itzuliko da, dela osorik dela zati batez eraginkortasunik gabetzat jotzen den gaian.

2025eko urtarrilaren 1etik 2028ko abenduaren 31ra bitarte izanen du indarra. Indarraldia bukatu aurreko hiru hilabeteetan espresuki haren bukaera iragarri ezik, hurrengo urteetarako luzatu eginen da. Betiere, hurrengo hitzarmena izenpetu arte indarrean iraunen du.

Hitzarmena salaturik, bere klausula arauemaileek eta betebeharren klausulek (bake betebeharra izan ezik) indarrean jarraituko dute eta erabat aplikagarriak izanen dira hurrengo hitzarmenak ordeztu arte.

Hitzarmena salatzen denetik hogei hilabete igaro badira eta alderdiek ez badute akordiorik lortu gaur egungo hitzarmena ordezten duen hitzarmenaren negoziazioan, indarreko araudian aurreikusitako bitartekaritza edo arbitraje prozedurara joaten diren adostuko dute. Betiere, hitzarmen honek indarrean jarraituko du hurrengo hitzarmena adostu arte.

Aldeek onesten dutenean hartuko du indarra akordioak, eta 2025eko urtarrilaren 1etik ondorio ekonomikoak izanen ditu.

Akordio honetan aipatzen ez den guztian, Nafarroako Gobernuak eta bere lan-kontratudunek izenpeturiko hitzarmenean, Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bateginean, Nafarroako Gobernuak eta bere funtzionarioek izenpeturiko akordioan, Langileen Estatutuan eta aplikatzekoak diren beste orotariko arauetan xedaturikoa izanen da arau.

Sinatutako baldintzen edozein aldaketa langileen ordezkarien adostasunaz egin beharko da.

Aurrekoa gorabehera, hitzarmen honetan jasotako alderdi partzial eta zehatzak berariaz negoziatzen ahalko dira alde batek hala eskatzen duenean eta udalez gaindiko arauak aplikatu behar diren guztietan, aldaketek hobekuntzarik badakarte langileendako.

2. artikulua. Lanaren antolaketa.

Lana antolatu eta zuzentzea administrazioen organo eta zuzendaritza talde eskudunei dagokie.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, ordezkari sindikalek eskubidea dute lan-baldintzak ezartzeko erabiltzen diren prozeduretan parte hartzeko, indarra duten xedapenen arabera eta laneko araudiak enpresa batzordeei, langile batzordeei eta langileen ordezkariei gai honetan aitortzen dizkien eskumenei dagokienez.

3. artikulua. Lanaldia.

Nafarroako Gobernuak finkatuko du lanaldia. Oro har, 1.592 ordukoa izanen da urtean. Lanaldi zatituan, igande eta jaiegunetan barne, lan egiten dutenek eta goiz eta arratsaldez, jaiegunetan barne, lan egiten dutenek 1.554 ordu eginen dituzte; gaueko txanda finkoak egiten dituztenek 1.535 ordu eginen dituzte; eta goiz, arratsalde eta gaueko txandetan ari direnek 1.457 ordu izanen dituzte.

Nafarroako Gobernuak hitzarmen honetan adierazten den urteko lanordu kopurua baino txikiagoa ezarriko balu Nafarroako Administrazio Publikoetako langileendako, automatikoki aplikatuko litzaieke kopuru bera Uharteko Udaleko funtzionarioei, administrazio-kontratudunei eta lan-kontratudunei.

a) Eguneko lanaldia, orokorrean, astelehenetik ostiral goizera bitartekoa izanen da, eta 7 ordu eta 20 minutukoa izanen da. Mahai paritarioan ordu malgutasuneko araubidea onetsiko da, eta aplikatu eginen zaie Udalean edo haren patronatuan zerbitzuak betetzen dituzten langileei, betiere eman beharreko zerbitzua eta lana behar bezala egitearen kaltetan ez badoa.

b) Eguneko lanaldi jarraitua 6 ordukoa edo luzeagoa duten langileek gehienez 30 minutuko atsedenaldia izanen dute. Lanaldia lau ordu eta erditik gorakoa eta sei ordutik beherakoa bada, aipatutako etenaldia hamabost minutura murriztuko da. Atsedenaldi horrek ez dio eraginen zerbitzu emateari, eta, orokorrean, 10:00etatik 14:00etara hartzen ahalko da.

Langileak 17:00ak arte edo geroago arte lanean jarraitzen badu, aurreko paragrafoko etenaldia 10:00etatik 16:00etara bitartean hartzen ahalko da.

c) Aurreko apartatuetan aipatzen den lanaldi banaketa familia eta lana bat etorrarazteko lanaldi mota bereziren bat hartua daukaten langileei ez zaie aplikatuko, ez eta ordu-konpentsazioa dutenei ere. Horiek, betiere, beren lan-egutegi espezifikoa bete beharko dute. Egutegi horrek langile guztiendako ezarririko lanaldiaren urteko lanordu kopurua bete beharko du. Batzorde Paritarioko negoziazio mahaia osatzen duten langileen ordezkariekin negoziatuko da aldez aurretik.

Ikastetxeetan lan egiten duten langileen kasuan, beren ordutegia ikastetxeko irakastorduetara egokituko da.

d) Aurreko apartatuetan aipatzen den lanaldi banaketa ez zaio aplikatuko Udaltzaingoaren Zerbitzuari, akordio honen I. eranskinean ezarritakoak arautuko baitu, ez eta musika eskolako langileei, eskolazainei eta gazte lokaleko hezitzaileei ere, II., III. eta IV. eranskinetan hurrenez hurren ezarritakoak arautuko baitu horien lanaldi banaketa.

e) Akordio/hitzarmen kolektibo honetan aipatzen den jai-egutegia urtero zehaztuko da, Nafarroako Gobernuak Foru Komunitateko langileendako finkatzen duenarekin bat, Uharteko festak kontuan hartuz. Hona hemen festa egun horiek:

–Herriko festak: (7) jaietako lehen bost egunak, gehi jaietako bigarren asteburuari dagozkion bi egunak.

–San Juan eguna: Abenduaren 27a.

Egun horiek jaiegunak bezala ordainduko dira.

f) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileek Iruñetik kanpo egiten badute lan, jaietako bezpera jaieguntzat hartuko da 12:00etatik aurrera. Uharteko kasuan, bezpera beti larunbata denez, hiru ordu horiek beste egun batzuetan finkatuko dira urteko egutegia egitean, aldez aurretik langileen ordezkariei galdetuta.

g) Larunbatak ez dira laneguntzat joko, oporrak, lizentziak eta abar zenbatzeko, eta jaieguntzat joko dira, lan-egutegiaren ondorioetarako. Kasu horretan, bidezko ordainak aplikatzeko zenbatuko dira.

h) Orain ezarririk dauden ordutegi, lan-txanda, egutegi eta oporrak betiere langileen ordezkariei entzun ondotik aldatuko dira. Arrazoiak eman beharko dira horretarako.

i) Mahai paritarioan ordu telelaneko araubidea onetsiko da, eta aplikatu eginen zaie Udalean edo haren patronatuan zerbitzuak betetzen dituzten langileei, betiere eman beharreko zerbitzua eta lana behar bezala egitearen kaltetan ez badoa.

4. artikulua. Oporrak.

Oporrak urtero onesten den lan-egutegian finkatuko dira, Nafarroako Gobernuaren araudia aintzat hartuta, eta urte natural bakoitzaren barnean hartu beharko dira. Opor egun horiek hartzeko epea gehienez ere hurrengo urteko urtarrilaren 31ra arte luzatzen ahalko da, langilearen hautura.

Udalaren Zerbitzuak saiatuko dira oporraldiak bata bestearen ondotik hartzen, ez batera, langileak ordezteko kontratuak errazkiago egin daitezen.

Oro har, langile guztiek eskubidea dute erregelamenduz zor zaizkien oporren erdiak gutxienez udan hartzeko (ekainaren 15etik irailaren 15era). Gainerakoa urtean zehar hartuko dute, zerbitzuko beharren arabera.

Ikastetxeetako langileek beren zentroko oporraldiekin batera hartuko dituzte oporrak, behar bezala justifikatutako zerbitzu beharrek kontrakoa agintzen dutenean izan ezik. Udaltzaingoaren Zerbitzua I. eranskinaren arabera zuzenduko da; Musika Patronaturako, ikus hitzarmen honen II. eranskina, eta gazte lokaleko hezitzaileei dagokienez, ikus IV. eranskina.

Hamabost lanegunetik gorako oporraldiak behin-behineko langileekin beteko dira, zerbitzuaren beharren arabera eta zerbitzuburuak aldez aurretik egindako txosten edo balorazio loteslearekin.

Opor egunak ezin izanen dira diru truke ordaindu, ez osorik ez hein batean, salbu eta enpresa utziz gero edo eszedentzia hartuz gero, opor guztiak hartu ez direnean.

Aurreko atalean xedaturikoaren salbuespen gisa, langileek eskubidea izanen dute oporrak erditze, adopzio edo harreraren ondoriozko lizentzien eta gurasotasun baimenen edo lanaldi osoko edoskitze aldiaren ondoren hartzeko, opor horien urte naturala bukatu bada ere.

Larunbatak ez dira kontatzen oporren barrenean.

Urteko oporrak idatziz eskatuko dira dagokion urteko martxoaren baterako, eta lotuta dagoen arloko buruak baimendu beharko ditu, zerbitzuaren beharrak bete ondotik. Oporraldiak banatzeko lehentasuna txandaka arautuko da eta langilearen familia erantzukizunak hartuko dira lehentasun irizpidetzat, are gehiago familia gurasobakarren, banandutako edo dibortziatutako pertsonen kasuak. Oporrak eskatu ondotik, eman direla ulertuko da horien ukapenaren berri ematen ez bada horiek eskatzeko azken egunetik hamar laneguneko epean. Ukatzeko ebazpenak arrazoitua izan beharko du beti. Nolanahi ere, edonoiz eskatzen ahalko da oporrak aldatzea.

Aurreko paragrafoan araututakoa alde batera utzita, bost opor-egun geldituko dira langileak erabilgarri, eta ez ditu jaso beharko, nahi ez badu, aurreko paragrafoan azaldutako eskaera orokorrean. Egun horiek izateko, eskaera idatziz egin beharko zaio dagokion zerbitzuburuari edo eskuordetzen duenari. Ukatuz gero, arrazoitua eta idatziz erantzun beharko dio, gehienez ere bost laneguneko epean. Epe hori igaro eta berariazko erantzunik eman ez bada, horiek baimendutzat joko dira.

Zerbitzuak uzten badu, baimena emanen da 14 urtetik beherako seme-alabak dituztenek arauzko oporrak eskolako oporrekin batera eskatzeko. Baldintza beretan, hilabete bat gehiago ere eskatzen ahal dute, eta dagokion soldata murrizketa aplikatuko zaie.

5. artikulua. Baimenak eta lizentziak.

Langileek, aurrez jakinarazi eta justifikatuta, hala badagokio, lana uzten ahalko dute langilearen araubidearen arabera aplikatu beharreko arauan ezarritako arrazoiengatik eta aldietan, hain zuzen 11/2009 Foru Dekretua, opor, lizentzia eta baimenei buruzkoa, bai eta Legegintzako 2/2015 Errege Dekretua ere. Nolanahi ere, familiako arreta/kontziliaziorako eta seme-alabak zaintzeko baimenak langile guztiei aplikatuko zaizkie, langilearen araubidea edozein izanik ere.

Hitzarmen honen aplikazio eremuko langileek eskubidea izanen dute, erdituz gero edo haur bat seme-alabatzat hartuz gero, lizentzia hartzeko. Lan arloko legeetan zehaztuko dira lizentzia horren baldintzak, arau horietantxe zehaztuko baita hartu beharreko laguntzaren zenbatekoa. Hurrengo aldea zehaztuko da: amatasun/aitatasun/adopzioagatiko lizentzia 19 astera arte handitzea, gehi lau aste gehiago erditze anizkoitzaren kasuan.

Artikulu honek aipatzen dituen baimenak eskuratu nahi dituzten langileek haiek eskuratzeko eskatzen diren baldintzak betetzeari buruzko egiaztagiriak aurkeztu beharko dizkiote organo eskudunari.

Senar-emazteei dagozkien eskubideak izatezko bikoteei edo bizikideei berdin-berdin dagozkie, sexu orientazioa aintzakotzat hartu gabe.

Baimen eta lizentziei dagokienez, baldin eta langileak zuzenean jotzen badu kontsultara edo baimenaren edo lizentziaren gertaera eragilea egiten den tokira lantokitik igaro gabe, baimenak joan-etorrirako arrazoizko denbora ere hartuko du barne; orokorrean, ordu erdi. Era berean, kontsultaren ondotik langilea ez bada lanpostura itzultzen, baimenak iraupen bereko denbora baliokidea hartuko du barne. Denbora hori ere aplikatuko da baimenek lanpostutik ateratzea eta ondotik itzultzea badakarte.

VI. eranskina gehitu da, baimen eta lizentzia nagusien laburpen taularekin, eta eguneratzen ahalko da aplikatu beharreko araudia aldatuz.

6. artikulua. Eszedentziak.

Bete eginen da Legegintzako 251/1993 Foru Dekretuan, eszedentziei buruzko 25-28bis artikuluetan eta 30. artikuluan xedatutakoa, jarraian adierazitakoak zehaztuta:

1.–Arrazoitutako kausarik ezean, ordezteko kontratazioak eginez beteko dira eszedentzien ondoriozko plaza hutsak.

2.–Seme-alabak zaintzeagatik 27.1 artikuluan jasotako eszedentzia bereziari dagokionez, hiru urte gehiagorako soldatarik gabeko baimena gaitzen da eszedentziaren ondotik, betiere zerbitzuaren beharrek hala ahalbidetzen badute, eszedentziaren ezaugarri berekin, kotizazioa alde batera utzita.

3.–27.3 artikuluan jasotako paragrafoaren bukaeran testu hau erantsi da: "Era berean, egoera horretan dauden langileek eskubidea izanen dute lanbide prestakuntzako ikastaroetara joateko, Udalak edo Patronatuek deituta, batez ere lanera itzuli behar dutenean".

7. artikulua. Lanaldiaren eta lansariaren murrizketa.

Lanaldi murriztapenari dagokionez, bete eginen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuan ari diren langileendako araututakoa, eta aplikatuko zaie bai funtzionarioei, bai lan-kontratudunei.

Akordio/hitzarmen hau onesteko egunean, apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretua aplikatu behar da, adierazitako puntu hauek zehaztuta:

–3.1.a artikuluan, "12 urte" esaten duen tokian, "14 urte" izanen da.

–4.1.c artikuluan, "12 urte" esaten duen tokian, "14 urte" izanen da.

–9.2 artikuluan, bukaeran, honako hau gehituko da: "4.1.a artikuluan edo 3.1.a artikuluan babestutako murriztapena bada, gizarte segurantzarako kotizazioa kalkulatzeko, kontuan hartuta lanaldiaren ehuneko ehunarekin jasoko lukeen ordainsaria.

8. artikulua. Genero indarkeriako biktimak.

Emakumeen aurkako indarkeriaren biktima izan diren izangaiek eskubidea izanen dute bere lan-denbora murriztu edo berrantolatzeko, beste lantoki batera mugiarazteko eta eszedentzia eskatzeko, berariazko legediaren arabera. Lanera itzul daitezen, halaber, lanpostua egokitzeko eta desgaitasuna dela eta behar dituzten laguntzak jasotzeko eskubidea ere izanen dute.

Genero indarkeriaren eta sexu indarkeriaren ondoriozko egoera fisikoak edo psikologikoak direla-eta lanera guztiz edo aldi batean ez joatea justifikaturik egonen da, eta ordaindu eginen da, baldin eta arretako gizarte zerbitzuek edo osasun-zerbitzuek (egokia denaren arabera) hala erabakitzen badute, baztertu gabe langileak absentzia horien berri ahalik eta lasterren ematea enpresari.

Indarkeriaren biktima diren emakumezko langileek, haien babesa edo gizarte laguntza osorako duen eskubidea eraginkorra izateko, aurretik gutxieneko zerbitzu aldia eman beharrik gabe eskatzen ahalko dute eszedentzia egoera, eta ez zaie eskatuko egoera horretan irauteko eperik.

Lehendabiziko sei hilabeteetan eskubidea izanen dute betetzen zuten plaza erreserbatzeko, eta aldi hori kontuan hartuko da antzinatasunaren, karreraren eta aplikatzekoa zaien gizarte aurreikuspeneko araubideko eskubideen ondorioetarako.

Epaitegiko jarduketek hala eskatuta, hiru hilabeteko luzapenak baimentzen ahalko dira, gehienez ere hemezortzi, lehenago adierazitako ondorio berberekin, biktimaren babeserako eskubidearen eraginkortasuna bermatzeko.

Eszedentzia honetako lehenbiziko bi hilabeteetan emakumezko langileak eskubidea izanen du ordainsariak osorik jasotzeko, bai eta, egoki denean, bere ardurapean dituen seme-alabengatiko familia prestazioak ere.

Eskubideok aintzat hartzea ekarriko duen indarkeria egoera egiaztatuko da honako hauetan ezarritako modalitateekin: 14/2015 Foru Legearen, apirilaren 10ekoaren, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoaren 4. artikulua, eta 10/2022 Lege Organikoaren, irailaren 6koaren, Sexu Askatasunaren Bermeari buruzkoaren, 37. artikulua.

9. artikulua. Gidabaimena berritzea.

Lanpostu bat eskuratzeko edozein gidabaimen eskatu bada, berritzeko gastuak ordainduko dira. Era berean, zerbitzuaren beharrak direla-eta gidabaimena erabiltzea onartu dutenek hori kobratzeko eskubidea izanen dute. Erakunde eskudunak ezartzen duen kosturainokoa izanen da laguntza hori, hertsiki harturik: kudeatzaile komisiorik, errekargurik eta bestelakorik gabe.

10. artikulua. Aseguruak.

1.–Udalean edo patronatuetan sei hileko antzinatasuna duten lan-kontratudun finkoendako eta aldi baterako lan-kontratudunendako edo administrazio-kontratudunendako 40.000 euroko banakako bizi-aseguru bat itunduko da, lan-istripuak edo lanbide-gaixotasunak ez beste zergatikoek eragindako heriotza eta erabateko ezintasun iraunkorra estaliko duena. Langile guztiei aseguru horren kopia bana emanen zaie.

2.–Udaleko edo patronatuetako funtzionarioendako, administrazio-kontratudunendako, lan-kontratudun finkoendako eta aldi baterako lan-kontratudun edo administrazio-kontratudunendako, istripu aseguruko poliza kolektibo bat hitzartuko da lanorduetan edo "in itinere" gerta daitezkeen istripuetarako, heriotza kasurako 59.100 euroko estaldura izanen duena eta 103.400 eurokoa, aldiz, erabateko ezintasun iraunkor, oso edo partzialerako, baremoaren arabera. Polizaren baldintzen eta estalduraren kopia gaurkotua emanen zaie ordezkari sindikalei.

3.–Udalak edo patronatuek erantzukizun zibileko aseguru gaurkotua izanen dute, funtzionarioek, administrazio-kontratudunek, lan-kontratudun finkoek eta aldi baterako lan-kontratudunek beren eginkizunen jardunean egiten ahal dituzten kalteetarako, are delitu nahiz edozein modutako hutsegite deklaratutako egintzen ondoriozkoak badira.

4.–Ondasunen kontra burututako egintza txikiziogile eta terroristek eragindako kalteen ordaina. Udaleko langileendako atentatuaren erreibindikazioaren salbuespena ezartzen da, kalte-ordaina jasotzearen ondorioetarako, eta honako prozedura hau ezarri da jarraibidetzat:

a) Kalteak ofizialki salatzea.

b) Kalteen aurrekontua eskatzea.

c) Uharteko Udaleko erregistroan kalte-ordainen eskaera idatzia aurkeztea, salaketarekin eta aurrekontuarekin batera.

d) Kalte horiek langilea Udaleko langilea zelako gertatu izanaren aztarnaren bat izatea.

5.–Ibilgailu guztiak gidaria eta laguntzailea babesten dituzten polizekin aseguratuak egonen dira eta, indarra duten legeetan ezarririko moduan, ibilgailuen ikuskapen teknikoa gainditu beharko dute. Langileen segurtasuna bermatzeko, segurtasun aktibo eta pasiboko osagarriak hertsiki mantenduko dira (gurpilak, balaztak, uhalak eta abar).

Langileen ordezkariei aseguru gaurkotu guztien kopia bat emanen zaie.

6.–Langileak lanpostua utzi behar badu lan-arrazoiak direla kausa, zerbitzuburuari jakinarazi beharko dio jakin dezan eta istripuen kasuetako babesa aplikatzeko, eta horrez gain, protokolo honi jarraituko dio:

a) Lehenik, Udalak herritarren esku jarritako garraio publikoa eta garraiobideak erabiliko dituzte.

b) Horretarako aukerarik ez badago, udal ibilgailuak erabiliko ditu.

c) Hori posiblea ez balitz, taxiaren zerbitzua erabiliko du, langileria arloko buruak aldez aurretik baimena emanda.

d) Hori ezinezkoa bada, bere ibilgailu pertsonala ibiltzen ahalko du. Bere ibilgailu propioa erabiltzen badu, inola ere derrigorrezkoa izanen ez dena, kilometrajea kobratuko du, akordio/hitzarmen honen ordainsariei buruzko artikuluan ezarritakoaren arabera.

11. artikulua. Osasun azterketa eta osasun prestazioak.

Urtero, langile guztiei osasun azterketa eginen zaie, haiek nahi izanez gero, eta tetanosen, gripearen eta hepatitisaren kontra txertatuko dira.

Azterketa ginekologikoa eginen da bi urtean behin langile finkoendako eta behin-behineko langileendako, sei hiletik gorako antzinatasuna badute eta hala eskatzen badute.

Azterketa urologikoa eginen da bi urtean behin langile finkoendako eta behin-behineko langileendako, sei hiletik gorako antzinatasuna badute eta 45 urte baino gehiago, hala eskatzen dutenean.

Aldi baterako kontratudunek kontratudun finkoek eta funtzionarioek dituzten osasun prestazio berak izanen dituzte. Batzorde Paritarioak aztertuko du norekin komeni den osasuna zaintzeko zerbitzua eta prebentzio zerbitzua.

Betaurrekoak apurtzeak (500 euro arte, gehienez ere) eta odontologiak dakartzaten gastuen zenbatekoaren %100 ordainduko zaie langileei (faktura erakutsita eta zerbitzuburuak behar bezala justifikatuta), gastu horiek lanaldian eta lanpostuaren ondorioz edozein inguruabarrek eragiten baditu.

Udalak edo patronatuek kontrataturiko bahitetxea arduratuko da lantokietan botika-ontziak paratzeaz eta aldatzeaz.

2.000 euroko poltsa bat sortuko da Gizarte Segurantzak pagatzen ez dituen errehabilitazio tratamenduetarako laguntzetarako, errehabilitazio horren zuzeneko zergatikoa lan-istripu bat edo lanbide-gaixotasun bat izanez gero eta medikuaren aginduz egin bada.

12. artikulua. Prestakuntza eta ikasteko laguntzak.

1.–Akordio/hitzarmen honen esparruko langile finko eta mugagabeei erraztasunak emanen zaizkie titulu profesionalak edo akademikoak eskuratzeko ikasketak egiteko, lanbide heziketako ikastaroetara joateko eta lanbide birmoldaketarako eta gaikuntzarako ikastaroak egiteko.

Langileriaren arloko buruak eta zerbitzuburuak aztertuko dituzte langileen prestakuntza beharrak. Horiek emanen eta erabakiko dituzte bai artikulu honetan sartzen diren ikastaro motak, bai ondotik azaldutako irizpideak aplikatuz egokitu beharreko ordutegia. Langile bati eskatutako ikastaroa ukatuz gero, langileei ordezkariei jakinaraziko zaie uko izana eta horren arrazoiak, eraman dezaten, beharrezko iritziz gero, Batzorde Paritariora; azken honek berrikusi eginen du, eta emateari buruzko azken erabakia hartuko du.

Langileen prestakuntza errazteko, Udalak edo Patronatuak konpromisoa hartzen dute honako neurri eta irizpide hauek hartzeko, betiere zerbitzuaren beharrek hala ahalbidetzen badute:

a) Ikastaroa udaleko eginkizunak betetzeko nahitaezkoa edo funtsezkoa dela uste bada. Honako hau da irizpidea: langileak ahalegina eginen du eta udalak edo patronatuak, ordainetan, gastuekin eta orduekin konpentsatuko du.

Udal intereserako egokitzapenaren arabera, Udalak proposatuta, langileak aldaketa teknikoetara egokitzeko lanaldiaren barnean zein horretatik kanpo antolatzen diren ikastaroei eta lanbide birmoldaketarako eta hobekuntzarako ikastaroei dagokienez, lanean emandako ordutzat hartuko da langileak ikastaroetan ematen duen denbora, eta zerbitzua dela-eta egindako gastuengatik erregelamenduz ezarritako kalte-ordainak kobratzeko eskubidea izanen du (kilometrajea, dietak eta abar). Langile guztiek, salbuespenik gabe, behar den prestakuntza jasotzen duela zainduko da.

b) Langileak proposatzen baditu udalean edo patronatuan duen lanpostuarekin eta lanbide-karrerarekin zuzeneko harremana duten lanbide-prestakuntza eta -hobekuntzako ikastaroak, eta lanaldian egitekoak badira, haietara joateko, irizpidea hau da: langileak ahalegina eginen du, eta udalak edo patronatuak, trukean, ordainsaria emanen dio, ikasteko laguntzen apartatuan araututakoaren arabera, bai eta urteko berrogei orduko baimen ordaindua ere, gehienez, ikastaroetara joateko.

c) Langilearen ekimenez proposatutako ikastaroak edo ikasketak ez badaude zuzenean lotuak langilearen lanpostuarekin, baina bai Udalak egiten dituen zereginekin, Udalak, trukean, ordainsaria emanen dio, ikasteko laguntzen apartatuan araututakoaren arabera, eta lanorduetan bada, baita horretan emandako denboraren %50 ere, gehienez 40 ordu urtean.

d) Langileei erraztasunak ematea Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak, Nafarroako Segurtasun eskolak, Nafarroako Gazteriaren Institutuak eta antzeko organoek antolaturiko prestakuntza ikastaroetara joateko.

2.–Laguntza ikasketetarako.

a) Udalak edo patronatuek konpromisoa hartzen dute urtero poltsa bat sortzeko, gutxienez ere 6.000 eurokoa, hala eskatzen duten langileei erraztasunak emateko prestakuntza ikastaroetan izena emateko.

Laguntzak emateko erabiliko diren irizpideak honako hauek dira:

–Langile finkoek nahiz mugagabeek eskatzen ahalko dituzte laguntzak.

–Laguntzak gainditutako ikasturteko emanen dira; hortaz, aipatu ikasturtea bukatu ondoren eginen da eskaera.

–Ez da laguntzarik emanen aurretik jasotako kontzeptu eta ikasturte beragatik.

Honako zenbateko eta baldintza hauetan banatuko dira laguntzak:

–Hizkuntza eskolako ikasketengatik, irakaskuntza ertainetako ikasketengatik eta unibertsitaterako sarrera-ikasketengatik: matrikularen kostua, gehienez 195 euro.

–Ikastaroengatik:

Gehienez ere 390 euro lanpostuarekin zuzenean lotutako ikastaroetarako (1.b puntuan jasota), eta lanpostuarekin lotutako lanbide heziketako erdi- eta goi-mailengatik, unibertsitateko graduengatik eta masterrengatik.

Gehienez ere 195 euro Udalaren berezko lanekin lotutako ikastaroetarako (1.c puntuan jasota).

b) Eskaerak ikastaroa bukatuta aurkeztu beharko dira. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

–Laguntza eskatzen den ikasturterako ordaindutako zenbatekoaren egiaztagiria.

–Laguntza eskatzen den ikasturtea gainditu izanaren egiaztagiria.

Laguntza ematearen aldeko erabakia hartzen bada, ordainketa hilabeteren buruan eginen da gehienez, eskaera egiten denetik. Mota horretako laguntzak eta titularraren zein bere ezkontidearen lan-hitzarmen edo -akordioetatik ateratzen diren antzeko laguntzak bateraezinak izanen dira.

Udalak berariazko jarraibideak egiten eta onesten ahalko ditu, laguntzak aurkezteko eta ebazteko prozedura normalizatuak barne hartuta, indarrean den administrazio prozeduraren araudia beteta betiere.

c) Urtero ikasketen burtsa horren onuradunen zerrenda sindikatuen ordezkariei emanen zaie.

Laguntza ematearen aldeko erabakia hartzen bada, ordainketa urtea bukatu baino lehen eginen da, gehienez ere hilabeteko epean eskaera egiten denetik. Mota horretako laguntzak eta titularraren zein bere ezkontidearen lan-hitzarmen edo -akordioetatik ateratzen diren antzeko laguntzak bateraezinak izanen dira.

Udalak berariazko jarraibideak egiten eta onesten ahalko ditu, laguntzak aurkezteko eta ebazteko prozedura normalizatuak barne hartuta, indarrean den administrazio prozeduraren araudia beteta nolanahi ere.

13. artikulua. Baja istripuagatik edo eritasunarengatik.

Lan-istripu edo -eritasunak sortutako bajen kasuan, langileak istripua gertatutako edo eritasunaren hasierako egunean legokiokeen lansaria jasoko du, gehi urteko lan-egutegi onetsian legozkiokeen jaiegunen, gaueko txanden eta guardien %100.

Langilearen aldi baterako ezintasuna eritasun arrunt baten edo lanetik kanpoko istripu baten ondorio baldin bada, ezintasun egoera hasi zenean esleiturik zituen hileroko ordainsari kontzeptuak konputatuko dira, eta, orobat, txandakako lanari dagozkionak, horrelakorik baldin bada. Kontzeptu horiei dagozkien kopuruak batuko dira.

Langile batek, oporretan dagoela, baja hartzen badu, oporraldia eten eta falta zaizkion egunak lizentziaren edo baimenaren ondotik edo alta medikoarekin lanera itzuli ondotik hartuko ditu, opor egun horien urte naturala bukatu bada ere.

Langileak baja izaten badu bere kontuetarako baimen egunak nahiz aparteko orduak egiteagatiko denbora konpentsazioak hartu aurretik, edo data nahiz epe zehatz batean gauzatzekoak ez diren baimen ordainduak edo lizentziak hasi baino lehen, egun horiek gero hartuko dira, langilea bere lanpostura itzultzen denean, urte naturala bukatu bada ere.

Medikuaren baja edo alta hartzen dutenek eta lanera edozein arrazoirengatik lanera joaten ez direnek arduradunari jakinarazi behar diote ahalik eta lasterren, lana egoki antolatu ahal izateko.

Hamabost lanegunetik gorako edozein baja aldi baterako langileekin beteko da, kasuan kasuko zerbitzuburuak aldez aurretik txosten loteslea eginda.

14. artikulua. Lan-osasuna.

1.–Laneko arriskuen prebentziorako araudiaren aplikazio eraginkorra bultzatuko da, arreta honako alderdi hauetan jarriz bereziki:

a) Arriskuen ebaluazioa.

Arriskuen hasierako ebaluazioa eginen da, lanpostuz lanpostu, onetsitako prozeduren eta finkatutako lehentasun-hurrenkeraren arabera.

Arriskuak ebaluatu eta emaitzak ikusirik, prebentzio-jardueraren plangintza eginen da, neurri zuzentzaileak, prestakuntzakoak eta jarraipen edo kontrolekoak hartuz, detektatzen diren arrisku-egoeren aurrean, administrazio bakoitzeko arduradunek beren gain hartu beharreko planaren edo programaren barnean.

Prebentzio jardueren plangintza behar bezala egite aldera, Administrazioak behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak jarriko ditu eta diru baliabide egokiak esleituko ditu.

b) Laneko arriskuen prebentziorako lan-prozedurak.

Laneko arriskuen prebentzioaren arloan, lan-prozedurak ezarri eta eguneratuko dira, arreta honako hauetan jarriz bereziki:

Kontratak eta azpikontratak. Ondasunak eskuratu edo erostea. Osasunaren zaintza.

Laneko istripuak eta lanbide eritasunak. Larrialdietarako neurriak eta planak.

Prestakuntza eta informazioa.

c) Langileen osasuna zaintzea eta kontrolatzea.

Langileei aldian-aldian mediku azterketa eginen zaie, lanpostu bakoitzean izaten ahal diren arriskuen arabera.

d) Beren lanpostuan jarduteko ezintasuna duten langileen birkokapena.

Langile ezinduak lanean aritzeko beste toki batera eramateko prozedurak abian jartzea, Osasun Batzordearen bidez.

Horretarako, erregelamendua aldatu da. Izan ere, beste toki batera joateko aukerak lehentasuna izanen du lanpostu hutsak betetzeko beste edozein prozeduraren gainetik.

Beste toki batera eramateko prozedura horien barruan Gizarte Segurantzako Araubide Orokorreko langileak sartzeko aukera aztertzea, baldin eta ohiko lanpostuan aritzeko baliaezintasun iraunkor osoa aitortu bazaie.

e) Larrialdietarako planak edo neurriak.

Administrazioko lantoki guztietan larrialdietarako planak edo neurriak idatzi eta betearaziko dira, eta behar den tokietan simulazioak eginen dira aldian-aldian.

f) Langileendako prestakuntza eta informazioa.

Langileendako prestakuntza eta informazioa bultzatuko dira, prestakuntza teoriko eta praktikoa jaso dezaten, nahikoa eta egokia, beren lanpostuan atzemandako arrisku faktoreak kontrolatzeko hartu beharreko babes eta prebentzioko neurriei buruz.

Prestakuntza emanen da, administrazioan sartzean lehenbizikoz eta aldian-aldian lan-baldintzak aldatzen badira ekipo berriak erosi edo teknologia berriak ezarri direlako, eta lanpostuarekin zerikusia duten alderdi guztiak ukituko dira.

g) Segurtasun eta Osasun Batzordeak.

Segurtasun eta Osasun Batzorde bat sortuko da. Prebentzioko ordezkari batek, langileen sindikatuen eta udalak prebentzio lanetarako izendaturiko langilearen ordezkari batek eta udaleko zinegotzi batek osatuko dute.

Prebentzio lanetarako ordezkari eskudunak hilean 10 ordu ordainduko kreditua izanen du, eginkizun horiek garatzeko. Ordezkari sindikala ere bada, ordu horiek berezkoak dituen orduei gehituko zaizkie.

2.–Segurtasun arroparen edo norberaren babeseko ekipoen poltsa bat, beste inori ezin emanezkoa, udaleko eta haren erakunde autonomoetako langile guztiei bermea emanen diena esleitzen zaizkien lanak egiteko behar dituzten babes osagaiak izateko. Poltsa hori nahitaez erabiltzekoa izanen da.

3.–Zerbitzuburu bakoitzak zainduko du Udaleko Prebentzio Zerbitzuak segurtasun arloan emaniko neurri zuzentzaileak betearazten eta aplikatzen direla eta segurtasun arloko arauak betetzen direla. Horretarako behar den prestakuntza izanen du. Gutxienez ere laneko arriskuen prebentziorako oinarrizko ikastaroa egina izanen du.

4.–Udalak Prebentzio Zerbitzuarekin kontrataturiko ikastaroak xede dituzten langile guztiek nahitaez egin beharko dituzte.

5.–Absentismoa.

Akordio hau sinatzen dutenek konpromisoa hartu dute lan-absentismoa kontrolatu eta, behar bada, murrizteko neurriak bultzatzeko, horretarako neurri hauek hartuz, besteak beste:

a) Lan-absentismoa neurtzeko sistemak hobetzea eta absentismoaren jarraipena egitea, arrazoiei buruz beharrezkoak diren azterketak eginez eta, behar denean, absentismoa murrizteko neurriak hartuz.

b) Lan egin gabeko denborari dagozkion ordainsariak automatikoki kentzea puntualtasun eta asistentzia falta justifikatuta ez dagoenean, alde batera utzita faltek dakartzaten neurri zigortzaileak. Puntu hau aplikatu aurretik behin bakarrik ohartaraziko zaio falten egileari.

c) Ordezkapenen kostu ekonomikoaren azterketa, eta hartzea, hala badagokio, kostua gutxitzeko behar diren neurriak, ezartzen diren gutxieneko zerbitzuak ematea bermatuta.

d) Mahai paritarioa aktibatzea (informatzailea); Langileen Batzordeko kideek eta langileen ordezkariek osatuko dute, eta puntu honetan absentismoa kontrolatu eta murrizteko erabakitako neurriak zehaztuko ditu, baita udal organo eskudunak onetsitako guztiak ere, Udalak antolatzeko duen gaitasunaren arabera.

15. artikulua. Aparteko orduak eta guardia lokalizatuak.

Aparteko orduak.

1.–Langileen ordezkariek eta Uharteko Udalak eta patronatuek konpromisoa hartzen dute aparteko orduak gutxitzeko. Helburua haiekin bukatzea da.

Halakorik bada, aparteko orduak bakarrik salbuespen gisa eginen dira. Kasuan kasuko zerbitzuaren arduradunak arrazoiak eman beharko ditu idatziz. Langileak ez dira behin ere behartuak egonen urtean 50 aparteko ordu baino gehiago egitera.

Diru-ordainen ordez atsedenaldiak ematea izanen da udal edo patronatuen araua, eskatzaileek berek aparteko orduak eskudirutan kobratzea eskatu ezik. Urtean gehienez ere 50 aparteko ordu egiten ahal dira.

2.–Salbuespenezko kasu horietarako arau hauek ematen dira:

a) Betiere, gutxienez aparteko bi ordu kontatuko dira.

b) Larrialdietako lanak lanorduetatik kanpo egiteko, boluntarioak eskatuko dira beti, eta inor aurkezten ez bada, dagokion zerbitzuburuak izendatuko du.

Lanak bukatzeko orduaren eta hurrengo lanaldia hasteko orduaren artean 8 orduko atsedenaldia egon beharko da gutxienez. Baldin eta lan-egutegiaren arabera atsedenaldi horretan lan egin behar badu, lan egindakotzat hartuko da ondorio guztietarako, lanpostura joan beharrik gabe.

c) Herriko festetan eta ezartzen ahal diren bestelako ekitaldietan, aldi baterako langileen kontratazioak bultzatuko dira edo lan-antolaketa aldatuko da, aparteko orduak gutxitzeko. Hautatze irizpideak langileen ordezkariei jakinaraziko zaizkie.

d) Herriko festen egunetan Nafarroako Gobernuko izozte/elurteetako jaiegunetako ordua bezala kobratuko da aparteko ordua. Egun horiek jaiegunak bezala ordainduko dira.

e) Urteko beste edozein jaiegunetan edo gaueko orduetan jaiegunetako aparteko bi ordu zenbatuko dira gutxienez, eta horri gaueko lanaren konpentsazioa gehituko zaio gaueko ordutegian egiten bada. Azken kasu horretan, langilea guardian dagoelako joaten bada, guardia hori kobratuko du, baina ez du gaueko lanaren konpentsazioa kobratuko.

f) Diru konpentsazioaren ordez atsedenaldia emanez gero, bi orduko atsedenaldia egonen da jaietako ordu bakoitzeko.

Laneguna izanez gero, lanordu bakoitzeko ordu bat eta berrogeita bost minutuko atsedena hartzeko eskubidea izanen da.

Aparteko orduak ordaintzeko emaniko atsedenaldia hurrengo lau hilabeteetan hartu beharko da.

g) Langileen Batzordeak, langileen ordezkarien laguntzaz, aparteko orduak kontrolatuko ditu, langile batek ere berrogei aparteko ordu baino gehiago ez egiteko moduan, erregelamenduak ezarri bezala.

Gainera, langileen ordezkariei zerbitzu bakoitzean eginiko aparteko orduen berri emanen zaie hilero.

h) Lanaldia luzatzen bada, arduradunak berariaz eskatuta, denbora hori minutuen arabera konputatuko da eta honela konpentsatuko da: lehen minututik 30. minutura bitarte, minutu bakoitza bi minutu gisa konputatuko da. 31. minututik aurrera, minutu bat eta 45 segundo konputatuko dira minutu bakoitzeko.

i) Ohiko lanaldiaz kanpo egiten diren ehorzketak honelaxe pagatuko dira:

–Lanegunetan 15:00etatik aurrera eginiko ehorzketa bakoitzagatik langileei (maila gorabehera) Nafarroako Gobernuaren soldaten tauletan ezarritako ordainsariak ordainduko zaizkie: izozte/elurteetako jaiegunetako 2 aparteko ordu, E mailakoak.

–Larunbatetan, igandeetan edo jaiegunetan eginiko ehorzketa bakoitza: aurreko puntuan ezarritakoaren bikoitza ordainduko da.

Ehorzketa bakoitzera gutxienez ere udaleko bi langilek joan beharko dute.

j) Babes zibileko alertetan (elurteetan, uholdeetan eta abarretan) bertan egon beharreko guardia zerbitzuak Nafarroako Gobernuko lansarietan izozte/elurteetako aparteko ordu gisa ezarririkoaren arabera pagatuko dira.

k) Udaltzaingo Zerbitzurako, I. eranskinean ezarririkoa aplikatuko da, eta Ugazte/Gazteriako IV. eranskinekoa.

Guardia lokalizatuak.

1.–Zerbitzu jakin batzuetan etengabeko zerbitzua emateko beharrari erantzuten dio guardia lokalizatuen araubideak.

Guardia lokalizatua da Udaleko langileek kasuan kasuko lanpostutik kanpo egindako zerbitzua, baldin eta zerbitzu horretan langileak lokalizatuta eta destinatuta dagoen zerbitzuarekin harremanetan egoteko betebeharra badu, edozein bidetatik egiten zaizkion errekerimendu guztiei erantzuteko eta zerbitzuan fisikoki hasteko moduan, eskatzen zaionetik ordu erdira.

Zerbitzu anitzetan guardia lokalizatuak ezarriko dira, ostiralean eta jaiegunen bezperetan 15:00etatik 21:00etara eta larunbatetan 9:00etatik 20:00etara; eta igande eta jaiegunetan 9:00etatik 20:00etara. Udaltzaingoko Zerbitzuan, bertaratuta betetzen ez diren orduak guardia lokalizatuak eginez beteko dira.

Guardia lokalizatuak egin nahi dituzten langile boluntarioek ekitatiboki eginen dituzte.

Guardia lokalizatuak egiteagatik, akordio/hitzarmen honetako ordainsarien apartatuan zehaztutako konpentsazio ekonomikoa emanen da.

16. artikulua. Uharteko Udaleko Administrazioan langileak sartu eta mailaz igotzea eta funtzionarioak mugitzea.

Udalaren premia eta zerbitzu iraunkorrei dagozkien lanpostuak langile finkoen edo aldizkako langile finkoen bitartez beteko dira, kasu orotan, Udal Administrazioaren zerbitzuko langileen lan-egonkortasuna bermatzeko. Sartzeko, mailaz igotzeko eta mugitzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileendako araututakoa beteko da, puntu hauek zehazturik:

1.–Akordio/hitzarmen kolektibo honetan langileak mailaz igotzeko ezartzen den araubidea antolaketaren garapenak behar duen langileen gaitasunarekin bat dator eta haren oinarriak langile talde bakoitzaren gaitasuna eta praktika eta diharduten lanpostura egokitzea izanen dira.

Burutzako postuak adjudikatzeko sistema objektiboa ezarriko da, merezimendu-lehiaketa bidez, maila berekoak direlarik, eta oposizio lehiaketa murriztu bidezko barne igoera bidez, goragoko hurrengo mailakoak direlarik.

2.–Mailaz igotzea da lan-kontratudun finkoen edo funtzionarioen kategoria aldatzea, maila batetik goragokoa den hurrengora.

3.–Lanpostuetarako edozein deialdi egin baino lehen, egungo langileen barne mugikortasuna agortuko da, lekualdatze lehiaketen bidez.

Lanbide maila edo taldeari edo kategoria baliokideei ez dagozkien eginkizunak egiteko eginkizunen nahitaezko mugigarritasuna teknika edo antolaketaren aldetik arrazoiak daudenean onartuko da bakarrik eta arrazoi horiek konpontzeko beharrezkoa den denborarako bakarrik, hori dena langileen duintasuna eta haien lanbide-prestakuntza eta maila-igoera galarazi gabe.

4.–Eraginkortasuna eta zuhurtasuna dela-eta, lanpostuen antolaketa eta eginkizunak aldatzea komeni bada, eta aldaketa horrek nahitaez lanpostuak goragoko maila batean kokatzera behartzen baditu, udalak, salbuespen gisa, hautaproba murriztuak egiten ahalko ditu bere langileen artean, baldin eta deialdiaren xede diren lanpostuek plantillako lanpostu kopurua gehitzen ez badute.

5.–Barne-igoerako lanpostuak lortu ahal izateko, betebehar hauek lortu beharko dira:

a) Deialdiaren xede den lanpostu berekoa edo beheragokoa izatea.

b) Administrazio Publikoetan egiazki bost urtez zerbitzuak eman izana frogatzea. Urte horietako hiru abiaburuko mailan emanak beharko ditu langile hautagaiak.

c) Borondatezko eszedentzian ez egotea.

d) Dagozkion hautaprobak gainditzea. Hautagaien artean berdinketarik gertatuz gero, Udal honetan antzinatasunik handiena duen langilea lehenetsiko da eta berdinketak badirau, zozketa publikoa eginen da.

6.–A eta B mailetako lanpostu hutsetarako, eta egin beharreko eginkizunak direla-eta berariazko titulu bat behar duten horietarako, aurreko puntuan eskatzen direnez gain, maila bakoitzerako ezarririk dagoen titulua izanen da ezinbesteko betebeharra.

7.–Aldi baterako kontratazioa.

Aldi baterako kontratatu aitzin, udalak eta haren erakunde autonomoek aukera emanen diete dagokion kontratazio zerrendan dauden bertako langile finkoei bete nahi dituen lanpostuetan aritzeko, Udalaren Zerrenden Kudeaketan finkatutako moduan.

7.1.–Aldi bateko kontratuak lan berezi eta puntualetarako lanetarako bakarrik izanen dira zilegi. Behin-behineko langileak ezin dira %8tik gora izan.

7.2.–Aldi baterako langileak hautatzea.

Lan-kontratua mugagabea ez duten lan-kontratudunak abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 95. artikuluan eta haren xedapen osagarrietan, bereziki ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren IV. tituluan, ezarritakoaren arabera hautatuko dira.

Aldi baterako langileak hautatzeko prozedurek kontratazioa ahalik agudoena egitea bermatu beharko dute.

Xede horretarako, indarrean den eta Batzorde Paritarioak onetsiriko zerrendak sortu eta kudeatzeari buruzko akordioa aplikatuko da.

Kontratatzen diren langileek betiere orotariko betebeharrak eta bete beharreko lanpostuen gainerako baldintzak bildu beharko dituzte.

Plantilletako lanpostu hutsak aldi baterako betetzeko kontratatzen diren langileek kasuan kasuko deialdian ezartzen den egunean utziko dute lanpostua eta betiere sartzeko hautaprobetan lanpostua lortu duen izangaia lanpostuaz jabetzen den egunean.

7.3.–Langileen ordezkarien parte-hartzea. Enpresa Batzordeek edo langileen delegatuek, hala eskatzen badute, aldi baterako lan-kontratudun langileak hautatzeko prozeduretan parte hartzen ahalko dute, ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuak onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2 artikuluaren c) atalean aurreikusi bezala, aipatu erregelamenduaren 37. artikuluan lan-kontratudun finkoak hautatzeko aurreikusiriko moduan; dena den, parte hartze horregatik ez da prozedura geldiaraziko edo atzeratuko.

Hori eskatu eta gero, Erregelamenduaren 42.2 artikulu horren a) eta b) apartatuetan ezarririko kasuetan, langileen ordezkariei bi prozedura horien babesean eginiko kontratazioen berri emanen zaie, kontratuak egin ondotik.

7.4.–Aldi baterako lan-kontratazioen faseak Administrazioak berak kudeatuko ditu, eta ordezkari sindikalei horien berri emanen zaie.

8.–Kontratuaren forma.

Kontratazio mota bakoitzerako eskumena duen legeriari jarraikiz eginen dira kontratuak edo, bestela, lortzen den akordioaren arabera, administrazio kontratuen kasuan. Idatziz eginen dira beti. Indarreko legediak lan-kontratuen modalitate batzuetarako ezartzen dituen aipamen berariazkoez gain, espresuki adierazita egonen dira honakoak:

–Zein taldetakoa den.

–Lanpostua eta haren plantilla zenbakia.

–Probaldiaren iraupena.

–Ordainsarien egitura eta zenbatekoa, langile finkoenak bezalakoak izanen direnak.

9.–Probaldia.

Aldi baterako langileek probaldi bat pasatu beharko dute:

–A mailako langileak: Sei hilabete.

–B mailako langileak: Sei hilabete.

–C mailako langileak: Bi hilabete.

–D mailako langileak: Bi hilabete.

–E mailako langileak: Hilabete.

Kontratatzen den langile horrek aurreko hamabi hilabeteetan ere kontraturik izan badu, eta probaldia gaurgero gainditu badu, probaldia ezarritakoaren %50 izanen da, betiere antzeko lanpostua bete behar badu.

17. artikulua. Goragoko edo beheragoko kategoriako lanak.

a) Langileek ezin izanen dituzte egin lanbide talde handiagoko edo antzeko kategoriako eginkizunak. Horiek behin-behinean baino ezin izanen dira egin, eta langilearen ordainsariak gauzatzen ari den lanari lotutako talde edo kategoriari dagozkionak parekatzen dituen osagarria kobratuta.

b) Aitortu zaion lanbide kategoria baino goragoko kategoriako eginkizunak urte batean sei hilabete baino gehiagoz edo bi urtean zortzi hilabete baino gehiagoz egiten dituen langileak udalari lanbide sailkapen egokitua eskatzen ahalko dio.

c) Enpresak uko egiten badio, langileen ordezkariek txostena egin ondotik, zilegi du jurisdikzio eskudunean erreklamatzea.

d) Goragoko kategoriako eginkizunak egiten direnean baina mailaz igotzea bidezko ez denean, langileak eskubidea izanen du esleituriko kategoriaren eta egiazki egiten duen eginkizunaren arteko aldea kobratzeko.

e) Nahitaezko edo ustekabeko beharrengatik, langile batek bere kategoria baino beheragoko lanetan aritu behar baldin badu, ezinbesteko denboran arituko da bakarrik, inoiz ez sei hilabete baino gehiagoz. Bere lanbide kategoriari dagozkion sari eta eskubideei eutsiko die. Langileen ordezkariei jakinarazi beharko zaie.

18. artikulua. Langileak beste lanpostu batean kokatzea.

Osasunagatik lanpostuak aldatu beharko dira, betiere Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren osasun txostenarekin eta langile bati ere kalterik egin gabe.

Udalak edo patronatuek beste osasun azterketa bat egiten ahalko diote langileari lehen txostena egiaztatzeko. Bestelako txostenik izan ezik, loteslea izanen da udal edo patronatuendako.

55 urte betetzean, lan nekagarri, toxiko edo arriskutsuak egiten dituzten langileak beren gaitasunei egokiago zaizkien beste lan batzuk egiten hasiko dira, beren zerbitzuaren barnean. Lan horiek bigarren jarduerako lantzat joko dira, posible izanez gero. Halaber, langile hauek kalean egiten dituzten lanak murriztuko dira.

Dagokion epaimahai medikoak horretarako aholkua ematen badu, adin horretara iritsi baino lehen hasiko dira langileak bigarren jarduerako lanetan.

19. artikulua. Epaimahaiak.

1.–Udalak laguntza juridikoa emanen die langile guztiei, udalak esleituriko zerbitzuak egitearen ondorioz auzitara emanak direnean. Udaleko langileen kontra erasorik edo atentaturik gertatuz gero, Udala akusazio partikular gisa aurkeztuko da epaitegietan.

2.–Udalak bere gain hartuko du edonolako prozesu judizialetan parte hartzen duten langileen laguntza juridikoa eta prokuradorea, gertaerak haien eginkizunetan aritzeagatik gertatu badira.

3.–Egoki irizten badio, udaleko langileak libreki aukera dezake laguntza juridiko pribatua eta prokuradorea. Hori udalak ordainduko du eta udaleko aholkulari juridikoak ezartzen duen muga ekonomikoa izanen du, Nafarroako Abokatuen Elkargoak ezarritako irizpideak oinarri hartuta.

20. artikulua. Eskubide sindikalak.

1.–Nafarroako Gobernuak bere langileei aitortu dizkien berak dira.

2.–Langileen Batzordeak gutxienez ere kide bat izanen du langileak hautatzeko prozesu guztietan, epaimahaikidea izanen delarik lan-kontratudun eta funtzionarioendako lanpostuak betetzeko prozesuetan, lekualdatze lehiaketetan, mailaz igotzekoetan eta aldi baterako hautatzeko probetan.

Langileak hautatzeko prozeduretan, langileen delegatuek prozesuan parte hartzeko ordezkariak izendatuko dituzte (Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren onesten duen 113/1985 Foru Dekretuaren 21. art.).

3.–Udaleko langileak ukitzen dituzten gai orokorren berri emanen zaio Batzordeari, horien gainean erabaki baino lehen, bai eta arau aplikagarria dela-eta haiengan eragina duten gai berezien berri ere.

4.–Langileak kontratatzeko argibideak hartuko dira haien beharrei eta haien kontratu motari dagokienez.

5.–Negoziazio Mahaiko, Batzorde Paritarioko eta antzekoetako langileek horietaz arduratzeko adinako denbora izanen dute ordu sindikaletatik aparte.

6.–Hitzarmen honen aplikazio eremuko langileen ordezkariek 20 orduko kreditu ordaindua izanen dute hilean. Ordezkarien kredituak haietako batenean metatzen ahalko dira. Kreditu hori hiru hilean behin kontatuko da.

21. artikulua. Biltzeko eskubidea.

1.–Uharteko Udaleko eta Musika Patronatuko langileek batzarrean biltzeko eskubidea dute, udalaren beraren lokaletan eta beren lanarekin loturiko gaietarako.

2.–Batzarrak lanaldiaren hasieran edo bukaeran egin beharko dira. Salbuespenez, batzarrak lanaldiaren beste tarte batean egiten ahalko dira, horrela kalte gutxiago egiten bazaio zerbitzuen ohiko funtzionamenduari.

Deialdia langileen ordezkariek edo langileen %33k baino gehiagok eskatuta egin beharko da. Deialdian eguneko aztergaiak eta batzarrerako eguna jarri beharko dira.

Langileen ordezkariek deialdiarekin batera jakinaraziko dute enpresa kanpotik joanen direnen kopurua, eta enpresak hori jaso izana adierazi beharko du.

Langileen ordezkariek, batzarra bukatu eta ahal bezain laster, Udalari buruz hartutako erabakiak jakinaraziko dizkiote Alkatetzari.

22. artikulua. Ordainsariak.

Ordainsariei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileendako araututakoa beteko da, puntu hauek zehazturik:

1.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko lan-kontratudunendako eta funtzionarioendako Aurrekontu Orokorrei buruzko Legeetan zehaztuko dira maila edo taldeen ordainsariak.

2.–Soldaten berrikuspena. Nafarroako KPI errealaren gehikuntza.

Erosahalmenari eutsiko zaio, KPI erreala hurrengo apartatuan aipatzen den gehikuntza baino handiagoa izanez gero.

Aplikatzea eragozten duen udalaz gaindiko araudirik ezean, KPI errealaren eta aurreikusiriko KPIaren arteko aldea zuzenean aplikatuko zaie ordainsariei. Finkagarria izanen da, eta uneko urteko urtarriletik aurrera izanen ditu ondorio ekonomikoak eta horrela hurrengo urteetan. Nolanahi ere, soldata publikoendako erregelamenduzko igoeretatik gorako zenbatekoen gainean aplikatuko da.

4.–Antzinatasuna.

Lan-kontratudunek, funtzionarioek, administrazio-kontratudunek eta aldi baterako langileek osagarri bat kobratuko dute antzinatasunagatik, Administrazio Publiko bakoitzean emaniko denbora guztiagatik, bai kontratudun finko gisa, bai aldi baterako langile gisa.

Administrazio bakoitzean sartuz geroztik egindako zerbitzuen arabera kontatuko da antzinatasuna.

Langileen antzinatasun denbora gisa zenbatuko da, aurreko atalean xedatutakoarekin bat etorriz, dagokion administrazioan sartu aurretik beste edozein administrazio publikotan emandako denbora.

Ofizioz ordainduko da antzinatasuna bete den egunetik aurrera, eta atzeraeraginez, behar den baino geroago egiten diren ordainsariei orokorrean ezarritako legezko mugekin.

Funtzionarioendako aplikagarri den antzinatasun eta graduko ordainketari dagokion ordainsari araubidea aplikatuko zaie lan-kontratazioko araubideko langileei honako jarraibide hauen arabera legokiekeena izan ezik:

–Baldin eta Udaleko eta Patronatuko lan-araubideko langileei hirurtekoen araberako antzinatasuna kobratzea badagokie akordioa/hitzarmena sinatzean, kobratzeko eskubidea izanen dute oraindik, harik eta pertsonak gradu bati edo gehiagori dagokion antzinatasuna sortzen duen arte (6 urte eta 7 hilabete; lehen graduan sartzen da, eta orduan, gradu-bosturtekoak sistema onuragarriagoa zaie). Aldaketa automatikoki eginen du Udalak (ez borondatezkoa).

–Udalean sartzen diren langileak zuzenean sartuko dira bosturtekoen eta graduen sisteman, duten lan-araubidea edozein izanik ere. (lan-kontratudunek ez dute hirurtekorik kobratuko beraz, baizik eta bosturtekoak eta graduak)

5.–Txandakako lana.

Txandakako lanaren osagarria ezarriko da txanda birakarietarako (hau da, hiruhileko baten lanegun guztien heren batetik gorakoetan lanorduak aldatuak dituztenendako) edo goizaren eta arratsaldearen artean zatituriko txandetarako, kasuan kasuko mailako hasiera bateko sariaren 100eko 6koa.

6.–Arriskuak eta nekagarritasuna.

Enpresa espezializatu batek baloratuko du lanpostu bakoitzaren arrisku maila eta osagarri bat emanen zaie toxikotasuna, nekagarritasuna edo arriskua sortzen duten egoeretan aritzekoak diren lanpostuei, arrisku bereziarengatik.

Osagarri horren zenbatekoa ez da behin ere kasuan kasuko mailako hasiera bateko lansariaren 100eko 10 baino gehiagokoa izanen eta enpresa espezializatuak arriskuak ebaluatzeko prestaturiko agirian zehazturiko arrisku mailaren araberakoa izanen da.

Lorezainen, zerbitzu anitzetako langileen eta Ugazte animatzaileen kasuan, 4. arrisku-maila dutenez, arrisku bereziaren osagarria 100eko 8koa izanen da.

Eraikinen garbitzaileen eta atezainen kasuan, berriz, 3. arrisku-maila dutenez, arrisku bereziaren osagarria 100eko 6koa izanen da.

7.–C, D eta E mailetako osagarria.

Mailarengatiko osagarriak C, D eta E mailei ordainduko zaizkie, %12, %12 eta %15, hurrenez hurren.

8.–Guardia lokalizatuak: Nafarroako Gobernuak kasuan kasuko mailarako ezartzen duena pagatuko da.

9.–Konpentsazioa jaiegunean:

Igandean edo jaiegunetan aritzen diren langileek mailaren araberako diru konpentsazioa izanen dute, Nafarroako Gobernuaren ordainsarien taulekin bat.

Era berean, jai-ordu gisa ordainduko dira larunbatetan lan egindako orduak, eta ohiko lanaldian lan egiten bada baino ez da jaieguneko lanaldi gisa zenbatuko hurrengo paragrafoaren ondorioetarako.

Igande edo jaiegunetan lan egiteagatik ezarririko ordaina 100eko 50 gehituko da eginiko 33. jaiegunetik aurrera.

10.–Gaueko lana:

Lana gauez egiten duten langileek, lanegunean edo jaiegunean izan, mailaren araberako konpentsazioa izanen dute, Nafarroako Gobernuaren ordainsarien taulekin bat.

Ordain hau pagatzeko, gaueko lana 22:00etatik 8:00ak bitarte eginikoa da, eskuarki ezarririko lanaldia egiten duten langileena izan ezik, behin ere ez baitute ordain hori hartuko.

11.–Igande edo jaiegunetan eginiko lanagatik diru-ordaina gauez eginiko lanaren ordainari gehituko zaio, bi gorabeherak batera gertatzen direnean.

12.–Aurreko artikuluetan xedatutakoak ukitzen dituen langileek eskubidea izanen dute urte bakoitzaren bukaeran, oporraldiari dagokion ordainsariaren kontzeptuan, aurreko urtean gauez eta jaiegunetan lan egiteagatik hartutakoaren batez bestekoa hartzeko.

13.–Aurreko artikuluetan ezarritako diru konpentsazioetan, baita erregelamendu bidez ordutan hartzen direnetan ere, bilduak daude lanpostu guztietan gerta daitezkeen gorabeherak eta berezitasunak oro; besteak beste, txandakako lanaldiak, txanden arteko informazio ematea, etab. Lanpostuen ezaugarriak aldatuz gero, bestelako osagarri batzuk aplikatuko dira.

14.–Familia-laguntza.

Familia laguntzaren kontzeptuan Uharteko Udaleko langile guztiei (funtzionarioa, administrazio-kontratuduna, lan-kontratuduna, aldi baterakoa) urteko zenbateko bat ordainduko zaie familia inguruabarren arabera, Nafarroako Gobernuaren berariazko araudia aplikatuta, hain zuzen 58/1984 Foru Dekretua, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen ordainsariei buruzko behin-behineko erregelamenduarena.

16.–Langileek auto partikularra erabiltzen badute laneko funtzioen barruan, kilometrajea ordainduko zaie ekitaldi bakoitzean Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioetako langileendako onesten diren zenbatekoen arabera.

17.–Aparteko orduen prezioen zenbatekoak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioetako langileendako ekitaldi bakoitzean onesten direnak izanen dira.

23. artikulua. Aurrerakinak.

1.–Uharteko Udaleko eta bere Patronatuetako langile finkoek eta mugagabeek aukera izanen dute soldataren aurrerakin arruntak edo bereziak eskuratzeko.

a) Soldataren aurrerakinak:

soldataren aurrerakinak izanen dira eta hilabetean behin emanen dira, eskatzeko unera arte sorrarazitako egunen kargura. Aurrerakina dagokion hilabeteko nominatik deskontatuko da. Langile finko eta mugagabeek ez ezik, aldi baterako langileek ere eskatzen ahalko dute aurrerakina.

b) Aurrerakin arruntak:

24.000 euroko funtsa sortuko da. Gehienez ere 3.000 euro eskatzen ahalko dira. Eskatzaileak gehiago nahiko balu, hala adieraziko beharko du eskabidean eta funtsik gelditzen bada, Langile Batzordeak erabakiko du.

Aurrerakin arruntaren eskabideak urte bakoitzeko urrian aurkeztuko dira.

Eskatutako baldintza guztiak betetzen direla egiaztatutakoan, Alkatetzak aurrerakinak emateari buruzko ebazpena emanen du.

Aurrerakina dagokion urteko urtarrilean ordainduko da.

Itzultzeko epea gehienez hogeita lau hilabetekoa da eta zati berdinetan itzuliko da; jaso duenak bere esku dauka lehenago kitatzea. Aurrerakina jasotzen den urtarrileko nominatik aitzina deskontatuko zaio langileari nominatik.

Aurrerakin mota bakoitzari esleituko zaion diru-zenbateko osoa bertan eskatu diren aurrerakin guztiei erantzuna emateko aski ez baldin bada, zozketan erabakiko da zein langilek jasoko duten aurrerakina. Lehentasuna izanen dute aurretik soldata aurrerakinik jaso ez dutenek, eta berdinketa egonez gero, Uharteko Udalean antzinatasun handien dutenek.

Soldata aurrerakina itzultzen ari dela, langileak edozein arrazoirengatik Administrazioan baja hartzen badu edo hilabetez edo gehiagoz ordainsaria galtzea edo etetea dakarren egoeraren batean jartzen bada, une horretan itzultzeko gelditzen zaion zenbateko osoa likidatuko du derrigorrez.

c) Aurrerakin bereziak:

6.000 euroko funtsa sortuko da.

Salbuespenezko arrazoiak direla medio, ezin bada aurrerakin arrunta izapidetu arte itxaron, aurrerakin berezia eskatzeko aukera egonen da, eta Batzorde Paritarioak aurrerakina ematea aztertuko du.

2.–Soldata aurrerakina eskatzen dutenek bete beharreko baldintzak.

a) Soldata aurrerakina eskatzen ahalko dute 1. puntuan aipatutako langileek, betiere eskaera egiten duten unean eta aurrerakina ematen eta ordaintzen zaienean Uharteko Udalean eta bere patronatuetan badaude zerbitzu ematen eta ordainsariak jasotzen.

b) Ezin izanen dute soldata aurrerakinik eskatu eskaerak aurkezteko epean aurretik emandako beste aurrerakin bat itzultzen ari diren langileek. Aldez aurretik osorik kitatu bada, aurrerakina itzultzeko hasiera batean ezarritako epe osoan zehar aplikatuko da bazterketa hori.

3.–Hemen ezarritakoaren arabera emandako aurrerakinak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 22/1998 Foru Legearen 15. eta 16. artikuluetan xedatutako araubidearen eta hori erregelamenduz garatzen duen araudiaren mende egonen dira.

Soldata aurrerakinetan urtero ematen ahal den gehieneko diru-zenbateko osoa izanen da dagokion ekitaldiko Uharteko Udaleko Aurrekontuetan kontzeptu horretarako erabilgarri dagoen aurrekontua.

24. artikulua. Plantilla organikoa.

1.–Langileen ordezkariei plantilla organikoaren proposamenaren kopia bat igorriko zaie. Hutsik dauden lanpostu guztiek agertu beharko dute eta uneko urtean dei eginen da haietarako.

Lan publikoaren eskaintza langileen ordezkariei jakinaraziko zaie.

2.–Langileak mailen arabera sailkatuko dira eta mailen barruan kategorien arabera, esleiturik dauzkaten eskumenen eta horiek egiteko zailtasun-maila eta trebetasunaren arabera. Kategorietan, ohi bezala, igoera-txanden, lekualdatzeen edo birkokatzeen bidez sartuko dira langileak, oposizio lehiaketa ireki edo murriztuaren bidez.

3.–Hitzarmenak plantilla organikoan indarrean dagoen bitartean, udalak eta langileen ordezkariek batera beharrak baloratu ondotik, zerbitzu guztiek ongi jarduteko behar diren plaza guztiak sortuko dira.

Udalak eta sindikatuen ordezkariek plantilla organikoa, haren balizko aldaketak eta lan eskaintza publikoa negoziatuko dituzte urtero, osoko bilkuran onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik. Negoziazio horien barruan, dauden hutsuneak betetzeko behar diren lanpostuak sortzeko aukera eztabaidatuko da.

4.–Plantilla organikoko lanpostu bakoitzari zenbaki bat emanen zaio eta haren eskumenak eta haren eginkizunak argi eta garbi zehaztuko zaizkio lanpostua betetzen duenari.

5.–Euskara Uharteko udalerrian erabili eta sustatzeko ordenantza betez, lanpostu bakoitzerako hizkuntz eskakizun bat ezarriko da, plantilla organikoan agertuko dena.

6.–Eskumen eta eginkizun horiek bat etorriko dira aplikatzekoak diren lan eta administrazio arloko legeekin eta sindikatuen ordezkariekin eta zerbitzuburuekin adostuko dira.

25. artikulua. Euskara.

Administrazio elebiduna lortu eta zerbitzua euskaraz ematen ahal dela bermatzeko, Udalak erraztasunak emanen dizkie euskaldundu nahi duten langile guztiei.

Hizkuntz politikari dagokionez, Uharteko Udala eta patronatuak Nafarroako Gobernuak bere langileendako ezarria daukanari eta euskara Uharteko udalerrian erabili eta sustatzeko ordenantzari lotuko zaizkie, udalak edo patronatuek aukera hori hobetzeko aukera deusetan galarazi gabe.

Udal honen xede denez Uharteko biztanle guztiei bermatzea arreta eta zerbitzuen eskaintza Nafarroako hizkuntza berekietako edozeinetan izanen dutela, nahi duten langileek beren lanpostuarekin bat datorren hizkuntza maila edo goragoko bat eskuratzeko bitartekoak jarriko dira, aintzat hartuz hitzarmen honek udalaren barneko mugigarritasuna jasotzen duela. Horretarako, indarra duen araudian ezarritakoari jarraituko zaio.

Udalak zehaztuko du zein plazetarako izanen den euskara bete beharreko eta ziurtatu beharreko eskakizun espezifikoa. Era berean, langileen hizkuntz gaitasuna orientatuko du, hau da, lanpostuaren destinoarengatik edo ezaugarriengatik behar handiagoa duten sustapen ekintzei lehentasuna emanen die.

26. artikulua. Langileria.

1.–Behar duen lantoki bakoitzean aldagela bat izanen da, horretarako bakarrik erabiliko dena.

2.–Udal edo patronatuen zerbitzu batzuei eta ibilgailuen parkeari loturiko material guztia, aldagelak, jantokia eta osasun zerbitzuak zentralizatuko dira.

Zerbitzu anitzetako lokalaren zati bat zerbitzu horretarako bulegotako erabiliko da.

3.–Urtero bilera bat eginen da, zerbitzuen arteko funtzionamendua koordinatzeko eta zerbitzuetarako materiala erosi behar den aztertzeko. Bilera hori hurrengo urteko aurrekontua prestatu baino lehen eginen da. Bilera horretara ukituriko zerbitzuburuak, langileen ordezkariak eta udalaren edo patronatuen ordezkariak joanen dira.

4.–Larrialdi zibiletarako oinarrizko jarduketa-protokoloak ezarriko dira, egoera bakoitzerako hautatuko diren langileekin.

5.–Gorabeheren barne-erregistro bat sortuko da, zeinetara edozein langilek jotzen ahalko baitu kasuan kasuko zerbitzua hobetzeko proposamenak egiteko eta, udalaren instalazioetako, hiriko altzarietako edo seinale publikoetako txikizioak eta laneko segurtasun eta higienearen, lorezaintzaren edo administrazioaren arloetako akatsak adierazteko, baita lanaren etekinak eta herritarrendako zerbitzua hobetzeko beste edozein ohar ere.

6.–Egunero udalaren barneko agiriak eta kanpoko oharrak aztertuko dira zerbitzuburu bakoitzari igortzeko, horrek konpon ditzan. Zerbitzuburuak antolatuko ditu normalean eginkizunen lehentasunak, berritasunak aurreikusiriko lan-egutegira egokituko dituelarik. Aurretik jarduteko arauei jarraituz, urteroko lanaren 100eko 80ak aldez aurretik programaturik beharko du. Lanaren 100eko 20 ustekabeko gertaeretarako izanen da.

Aurrea hartzea funtsezkoa da herritarrei kalitateko zerbitzu bat eskaintzeko.

7.–Erregistro hori informatizatua eta online (webgune batean) egonen da. Hori dela eta, zerbitzuko buru bakoitzak harekin lan egiteko behar dituen baliabideak izanen ditu.

8.–Eskumenen orotariko organigrama bat banatuko da, langile guztien esku izanen dena, eskumen bakoitza nori dagokion jakin eta lana ongi egin dezaten. Komunikazioetarako bide egokiak sortuko dira.

27. artikulua. Jantzi eta ekipo pertsonalak

1.–Lanbide batzuetako (obra, lorezaintza, garbiketa eta atezaintzako) langile finkoek eta behin-behinekoek beren eginkizunetarako egoki diren jantziak izanen dituzte.

2.–Udaleko kasuan kasuko batzordeak erabakiko ditu kostua, mota eta saltzailea, langileen iritzia entzun ondotik. Halaber, Udalak segurtasun jantzi eta tresnak emanen dizkie langileei beren eginkizunak egin ditzaten.

3.–Obrak, lorategiak eta kaleen garbiketa:

–Udan:

  • Mahuka motzeko 2 polo; prakak, 2 pare.
  • Zapatila 1 pare.
  • Udako bota 1 pare.
  • Udako galtzerdiak, 2 pare; 1 kapela.
  • 1 txaleko distiragarri homologatu.

Apirilaren 1ean banatuko dira.

–Neguan:

  • 1 polar.
  • 1 txano.
  • Mahuka luzeko 2 atorra.
  • Praka lodiak, 2 pare.
  • 2 jaka.
  • 1 jertse, idun garaikoa.
  • 1 anorak.
  • 1 txaleko.
  • Gore-tex bota 1 pare.
  • Katiuska 1 pare.
  • Neguko galtzerdiak, 2 pare.
  • Uretako 1 jantzi.

Urriaren 1ean banatuko dira.

Jantzi guztiak urtebeterako izanen dira, polarra, anoraka, udako botak, uretako botak, txalekoa, uretako jantzia, gore-tex botak eta txaleko distiragarria izan ezik, bi urtean behin banatuko dira-eta.

4.–Udaltzaingoa:

–Udan:

  • Mahuka motzeko poloa. Bi, lanpostuan aritzen den lehenengo urtean edo uniformea aldatzean, eta beste bat, berriz, hurrengo urteetan. Zapatak edo Botak, bi urtean behin pare bat.
  • Galtzerdi finak, urtean hiru pare.
  • Prakak. Bi, lanpostuan aritzen den lehenengo urtean edo uniformea aldatzean, eta beste bat, berriz, hurrengo urteetan. Jertse bat bi urtean behin.

Urte bakoitzeko maiatzaren 1a baino lehen banatuko dira.

–Neguan:

  • Mahuka luzeko poloa. Bi, lanpostuan aritzen den lehenengo urtean edo uniformea aldatzean, eta beste bat, berriz, hurrengo urteetan.
  • Galtzerdi lodiak, urtean hiru pare.
  • Prakak. Bi, lanpostuan aritzen den lehenengo urtean edo uniformea aldatzean, eta beste bat, berriz, hurrengo urteetan.
  • Jertse edo polar bat bi urtean behin.
  • Hiru laurdeneko anoraka, hiru urtean behin.
  • Arropa termikoa (prakak eta kamiseta), urtean behin.
  • Zapatak edo Botak, bi urtean behin 1 pare.

Urte bakoitzeko azaroaren 1a baino lehen banatuko dira.

Osagarriak: Eskatu ahala emanen dira, beharren arabera.

  • Uretako arropak (jaka luzea eta prakak).
  • Uhalak.
  • Eskularruak.
  • Txapela.
  • Bestelakoak: makila, girgiluak, islatzaileak, defendatzeko espraia, buletinak eramateko poltsa, labana, etab.

5.–Ikastetxeetako atezainak:

  • 2 txamarra, 1 parka urdin.
  • 3 praka pare; udako 2 praka pare eta neguko 2 praka pare.
  • Pintore 1 lan-jantzi.
  • 3 atorra, mahuka motzeko 2 polo urdin argi, eta mahuka luzeko 2.
  • Segurtasuneko eskalapoi edo zapatila 1 pare.
  • Segurtasuneko zapata 1 pare.
  • Jertse 1, 2 kirol-jertse itsas urdin eta 2 jantzi polar.
  • Udako 2 galtzerdi eta neguko 2.
  • 2 kamiseta termiko.

Material hori urtero emanen da.

6.–Udal eraikinetako garbitzaileak:

  • 3 mantal edo pijama sanitario.
  • 3 pare eskalapoi edo zapatila.

Material hori urtero emanen da.

7.–Lanean hondatzen diren jantzi guztiak lehen aipatu diren epeak kontuan hartu gabe aldatuko dira.

Hondaturiko edozein arropa aldatzeko, dagokion zerbitzuburuari jakinarazi beharko zaio.

8.–Bi aldeak ados daudela, idatziz, jantzi batzuen kalitatea hobetzea negoziatzen ahalko da, gutxiagotan aldatuz.

Material guztien kalitatea egin beharreko lanetarako egokia izanen da.

9.–Urtebete baino gutxiagorako kontratatzen diren langileei lanean diharduten aldiarekiko proportzioan banatuko zaie arropa.

10.–Kalean lan egin ohi duten langileen arropa guztia islagailuen bidez nabarmenduko da. Lorategietako zerbitzuetako langileen oinarrizko kolorea berdea izanen da. Garbitzaileena, horia. Besteena, urdina.

11.–Hornidura aurreikusiriko datan emanen da, sindikatuek eskaturik. Eskaera hori idatziz aurkeztuko zaio jantzien arduradunari.

12.–Arduraduna edo hark eskuordetutakoa ardurako da langileei arropa emateaz. Horrela gertatu ezik, epeak betetzen ez badira, langileak hautaturiko erosleengana joaten ahalko dira arropa bila.

13.–Prebentzioko ordezkariek aldez aurretik gainbegiratuko dituzte emanen diren jantziak.

28. artikulua. Udalaren instalazioen erabilera.

Uharteko Udaleko eta haren patronatuetako langileek, haien ezkontideek, izatezko bikoteek eta ondorengoek eskubidea izanen dute udaleko kirol instalazioetan sartzeko, Uhartean erroldaturikoek bezala.

Sasoian egoteak lesioak saihesten ditu eta lanari on egiten dio, estresa eta laneko bajak gutxituz. Hori dela eta, udaleko langileek udaleko kirol instalazioak (hezegunea eta gimnasioa zehazki) astean bi egunean erabiltzen ahalko dituzte, dohainik. Lanpostu bakoitzak dituen arazoetarako ariketen taulak banatuko dira.

Udaleko eta haren patronatuko langileen seme-alabek Uhartean erroldaturikoek baldintza berak izanen dituzte Haur Eskolako postuetan sartzeko.

Musika eskolan sartzeko, Uharteko Udaleko langileek, haien ezkontideek, izatezko bikotekideek eta ondorengoek lehentasuna izanen dute Uharten bizi ez direnen aurrean, eta Uhartean erroldaturikoei aplikatzen zaizkien tarifa berak ordaindu beharko dituzte.

Udalak antolatzen dituen ikastaro eta/edo jardueretan edo bere laguntza nahiz babesa ematen duen zerbitzuetan, bai eta udal instalazioen erabilera eta luperketan ere, udalarendako lan egiten duten langileek Uhartean erroldaturikoei aplikatzen zaizkien baldintza eta tarifa berak izanen dituzte.

29. artikulua. Funtzionario bihurtzea nahi izanez gero.

Nafarroako Gobernuak beste epe bat irekitzen badu Nafarroako toki entitateetako lan-kontratudun finkoak funtzionario bihurtzeko, Uharteko Udalak eta Patronatuek aukera horretaz baliatzeko erraztasunak emanen dizkiete beren langileei, baita erakunde autonomoetakoei ere.

30. artikulua. Batzorde Paritarioa.

1.–Hitzarmen hau aplikatzeko edo interpretatzeko sortzen diren zalantzak argitzeko, Batzorde Paritarioa osatuko da, honako kide hauek izanen dituena: administrazio ordezkarien kopuru zehatz bat (udalaren osoko bilkuraren gehiengoaren ordezkariekin) eta Udaleko ordezkari sindikalen kopuru bera; kopuru hori Batzordea osatzeko unean zehaztuko da. Indarra duten arauek kasu bakoitzean zehazten dituzten ahalmenak izanen ditu batzorde horrek jarduteko.

Batzorde horren esku daude hitzarmenaren interpretazioa, jarraipena, zaintza eta edukiaren garapena, baita haren mende jarritako gatazkak aztertu eta erabakia hartzea ere arazoei irtenbidea emateko prozeduretan; orobat, premiazkoa denean, hitzarmenaren edukia osatzea, hitzarmen honetan ezarritakoari jarraikiz.

Kide bakoitzak boto bat izanen du. Ordezkariren batek eskatzen badu, botoa haztatua izanen da, administrazioko nahiz sindikatuetako ordezkaritza egiaztatuaren arabera.

Hitzarmen honetan xedatutakoaren interpretazioaz edo aplikazioaz edozein gatazka kolektibo planteatu aurretik (hala aurretiazko erreklamazioa eginez edozein administraziori edo laneko agintaritza eskudunari, nola eskumena duten organo jurisdikzionaletan), auzia Batzorde Paritarioaren esku jarriko da.

Aldian-aldian bilduko da, desadostasunen bat sortu edo garatzeko beharrik bada, bi alde horietako edozeinek hala eskaturik. Bilera egiteko eskaria egiten denetik hamabost lanegun iraganez gero bilera egin gabe, eskaria egin duen alderdiak aukera izanen du agintaritza eskudunari edo justizia epaitegiei erreklamatzeko, bidezkoa den moduan.

Batzordeak hartzen dituen erabakiak ebazpenak emateko eskudun den udaleko organora igorriko dira.

Jarraipen Batzordeari kontsulta eginda, haren irizpena erabakitzailea izanen da, eta aktan jaso beharko da. Edonola ere, alderdiek, libreak eta independenteak izanik, edozein unetan ustez dauzkaten eskubideak erabiltzen ahalko dituzte, behar den denboran eta moduan, agintari edo jurisdikzio eskudunaren aurrean, legez indarra duten xedapenen arabera.

Aipaturiko Batzordeak hitzarmen honen xede diren gaiei buruz eta hura interpretatzeko edo garatzeko hartzen dituen erabakiak hitzarmenean sartuko dira eta haren izaera juridiko bera izanen dute, erregistratu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren. Azken tramite horiek akordio batzuetan bakarrik beteko dira, Batzordearen iritziz beharrezkoak direnetan, hain zuzen ere.

2.–Batzorde Paritarioan harturiko akordioen testua Uharteko Udaleko langileen ordezkariei jakinaraziko zaie.

31. artikulua. Enplegu publikoaren sustapena.

Enplegu publikoa sustatzeko, pribatizatu diren lanak Udalari itzultzeko metodoa aztertuko da.

Udalaren langileek egiten ahal dituzten lanak ez zaizkie esleituko enpresa pribatu edo publikoei. Udalaren langileak diogunean ulertu behar da udalak une bakoitzean dituen langileez edo zerbitzuak egiteko behar lituzkeen langileez ari garela. Beraz, baliteke lanpostuak sortu eta lan publikoaren eskaintza egin behar izatea.

Lan edo zerbitzuren bat enpresei esleitu beharra badago, akordio honetatik legez aplikatzen ahal diren baldintza guztiak jaso eta aplikatzeko eskatuko zaie. Halakoetan aldi baterako kontratatzen diren langileak subrogatu egin beharko dira, Langileen Estatutuaren 44. artikuluarekin bat.

32. artikulua. Eguneratzea.

Akordio/hitzarmen honetan barne hartutako zenbateko eta ordainsari guztiak Nafarroako KPIaren arabera eguneratuko dira urtero, betiere udalaz gaindiko araudiak ahalbidetzen badu eta erregelamenduzko eguneratzeak gaindituz gero.

I. ERANSKINA.–Udaltzaingoa

Udaltzaingoko langileen lan-baldintzak Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen arabera arautuko dira, eta lege horretan berariaz ezarrita ez dagoen guztian, Nafarroako Administrazio Publikoetako gainerako funtzionarioei oro har aplikatu beharreko arauen arabera eta, horrez gain, akordio/hitzarmen honetan erabakitakoaren arabera.

1.–Lanaldia eta lan-egutegia.

Lanaldiari buruz hitzarmen honetan araututakoa galarazi gabe, honako hauek zehaztu dira:

a) Eguneko lanaldia, oro har, 7 ordu eta berrogeita bost minututik 8 ordura bitartean izanen da; goiz eta arratsaldeko txandetan eginen dira, 07:00etatik 22:30era arte; txandek 15 minutuan bat eginen dute gutxienez, langileek informazioa elkarri trukatzeko.

Aurreko paragrafoan hitzartutako lanaldiaren iraupena uniformea izanen da urtero onesten den egutegian.

Ezohiko moduan, betiere langileen ordezkarien adostasunarekin, lanaldi luzeagoa ezartzen ahalko da herritarrei zerbitzu hobea ematearren, zerbitzuaren baliabideak optimizaturik.

b) Bidezko ordu konpentsazioez gain, langileek akordio/hitzarmen honetan finkaturikoaren araberako konpentsazio ekonomikoak jasotzeko eskubidea izanen dute, txandaka, gauez eta jaiegunez egindako lanaren truke.

c) Betiere beren lan-egutegi berariazkoari lotuko zaizkio, zeinak orokorrean ezarritako lanaldiaren urteko ordu kopurua beteko baitu, egiten dituzten txanden arabera.

d) Agente bakoitzari behar adinako aurrerapenarekin jakinaraziko zaizkio ordutegia edo dagozkion txandak, eta asteko atsedenaldirako eskubidea izanen du: gutxienez 24 orduko atsedenaldia jarraian, txanden arteko 10 orduko gutxieneko aldiaz gain.

e) Egutegiak egiteko oinarri gisa erabiltzen den urteko lanaldia modu orekatuan banatuko da urtean zehar, betiere zerbitzuaren beharrak aintzat hartuta. Hartarako, indarrean jarri baino hilabete lehenago bederen, zerbitzuburuak berariazko lan-egutegia eginen du urtero, eta bertan bete beharreko urteko lanaldi osoa eta haren banaketa jasoko dira, zerbitzuak zer egunetan emanen diren jasoko dira, bai eta dagozkien guardia lokalizatuak eta jaiegunetako lana ere, oporraldiak koadratzeko zain.

f) Udaltzaingoko kide orok eskubidea izanen du urteko asteburuen erdiak gutxienez gozatzeko. Atsedenaldi horiek lan-egutegietan jasoko dira, eta asteburu batean bai eta bestean ez hartuko dira.

g) Gutxieneko zerbitzuak ezartzen dira txandak osatu behar dituzten agenteen kopuruaren arabera. Zerbitzua gutxieneko kopurutik behera utzi dela joko da, baldin eta txandetan:

  • a) Bi pertsonak baino gutxiagok betetzen badituzte, baldin eta aurreko urteko txanda guztietan bi pertsona gutxienez aritu badira, ondotik sorturiko eta justifikaturiko ezintasun motaren baten ondoriozko salbuespenak izan ezik.
  • b) Gainerako kasuetan bete gabe gelditzen badira.

g) Administrazioak eta ordezkari sindikalek absentismoa murriztu eta presentzia kontrola hobetu nahi dute, eta ahal den neurrian murriztu nahi dituzte, orobat, egindako aparteko orduak eta soberakintzat jotako zerbitzuak; hartarako, bi ordezkaritzek parte hartuta, haiek hobetzeko neurriak hartuko dira.

2.–Oporrak, lizentziak eta baimen ordainduak.

Opor, lizentzia eta baimen ordainduei buruz akordio/hitzarmen honetan araututakoa galarazi gabe, honako hauek zehaztu dira:

a) Urte bakoitzeko martxoaren bata baino lehen, langileek oporrak hartzeko lehentasuna aurkeztuko diote zerbitzuburuari. Lehentasunak adieraztean, langileek opor egunik gorde nahi ote duten eta, hala bada, zenbat izanen diren adierazten ahalko dute. Zerbitzuburuak aldez aurretik eskatuta ere, langileek ez badute halakorik aurkezten, zerbitzuburuak berak erabakiko du oporraldiak nola esleitu. Lehentasun eta aldaketa horiek 10 egun balioduneko epean sartuko dira egutegian.

Oporrak markatutako egunetan baino lehen hartu nahi badira edo ondotik aldez aurretik lehentasunen eskaera egin gabe edo lehentasunen eskaeran gordetako egunak gozatu nahi izanez gero, aparteko orduengatiko ordu konpentsazioa hartzeari buruz eranskin honetan arauturiko prozedura beteko da.

Langileek, Udaleko gainerako langileek urtero dituzten opor-egunez gain, 20 egun izanen dituzte urtean asteburuetan edo jaiegunetan opor gisa markatzeko, txanda aldaketen edo soberakintzat jotako zerbitzuak deitzearen ondorioetarako.

Zerbitzuko arrazoiak tarteko, bateraezintasunik bada adierazitako lehentasunak aplikatzeko, honako irizpide hau beteko da:

–Aurreko hiru urteetan lehentasunak gehien aldatu behar izan dituen langileak aukeratuko du. Berdinketarik bada, Uharteko Udalean antzinatasun handiena duenak aukeratuko du.

3.–Txanda aldaketak.

a) Zerbitzuak eta txandak langileen artean aldatzen ahalko dira, betiere egin behar dituztenak ados badaude eta dagokion buruak edo hark eskuordeturikoak aldez aurretik eta espresuki onartzen baditu. Dagokion buruak edo hark eskuordeturikoak espresuki onartzen ez badu, zerbitzuaren beharrengatik dela justifikatu beharko du, eta idatziz jakinaraziko die interesdunei. Aldaketa horiek eskatzeko, interesa duten pertsonek idatzizko eskaera egin beharko diote zerbitzuburuari. Zerbitzuburuak edo hark eskuordeturikoak 48 orduko epean emanen du ebazpena derrigorrez, eskaera jaso edo jakinarazten zaion unetik aurrera zenbatzen hasita. Epe hori igarota, eskaera onartu dela ulertuko da baldin eta ez bada ebazpen espresurik eman.

b) Salbuespen gisa, eta behar bezala arrazoituta badago, zerbitzuaren lan-egutegia aldatzen ahalko da sortzen diren larrialdiko eta/edo prestakuntzako beharren arabera, eta gainerako beharrak jasoko dira zerbitzuburuak, Udaleko langileen buruak eta horretarako hartutako langileen ordezkariek osatutako mahaian eta dagokion tresnan. Aldaketa hori ezin da arbitrarioa izan, eta dagokion arloko buruak arrazoitu beharko du, eta idatziz helarazi beharko zaie interesdunei.

c) Soberakintzat hartutako zerbitzuak / prestasun araubidea apartatuan araututakoan inskribatutako langileei txanda aldaketak egiten ahalko zaizkie zerbitzuak hala behar duenean. Aldaketa horiek ez dira inoiz arbitrarioak izanen, eta justifikatuta egonen dira zerbitzuaren funtzionamendu normalaren barruan.

Buruak edo eskuordetzen duenak eginiko txanda aldaketak ukitutako langileei jakinaraziko zaizkie astebete lehenagotik gutxienez, eta errespetatuko da betiere, ahal izanez gero, txanden artean gutxienez ere 10 ordu egotea.

Zerbitzuburuak edo hark eskuordeturikoak honako irizpide hau aplikatuko du langileen txanda aldatzeko:

–Lehenik eta behin, egun beretan txanda ezberdinetan ari diren langileen txandak aldatuko dira, eranskin honetan ezarririko gutxieneko zerbitzuak aintzat hartuta. Baldintza hori betetzen dutenen artean, uneko urte naturalean derrigorrezko aldaketa gutxien jasan duen langileari. Berdinketarik bada, Uharteko Udalean antzinatasun gutxien duenari. Ezin bada halakorik egin zerbitzua minimoen azpitik gelditzen delako, hurrengo paragrafoa aplikatuko da.

–Egutegiko ezberdintasunak direla-eta, atsedenaldian dagoenari eskatuko zaio. Oporrak ez dira atsedenalditzat hartuko. Baldintza hori betetzen dutenen artean, uneko urte naturalean derrigorrezko aldaketa gutxien jasan duen langileari. Berdinketarik bada, Uharteko Udalean antzinatasun gutxien duenari. Deialdirako, lanegunetara egindako aldaketak eta jaiegun eta asteburuetara aldatutako egunak bereiziko dira.

Egindako aldaketen xedea istripuagatiko edo gaixotasunagatiko bajak betetzea bada, aldaketa horiek adostasunez leheneratzen ahalko dira ordeztutako pertsona bere lanpostura itzultzen denean edo bere lanpostura itzultzeko asmoaren berri garaiz ematen duenean. Adostasunik ez badago, aldaketa leheneratzen ahalko da aldez aurretik ukitutako pertsonari abisatuta, gutxienez ere 48 ordu lehenago.

Aldaketa horiek ez dute inola ere sortuko hurrengo artikuluan adierazten den kasurik edo ordainik.

4.–Soberakintzat hartzen diren zerbitzuak / prestasun araubidea.

Polizia zerbitzuak hobeki kudeatzeko, Soberakintzat hartutako zerbitzuak / prestasun araubidea deitutako sistema eratzea aurreikusten da; bertan urtero eta borondatez inskribatzen ahalko dira Uharteko Udaltzaingoko langile guztiak. Honela zuzenduko da:

a) Egutegia onartu eta gero zerbitzuko betebeharrak direla-eta premiazkoa balitz atsedenaldian dauden agenteak lanean aritzea, Administrazioak espresuki eta aldez aurretik laneratzeko eskatzen dien agente horiek eman egin beharko dituzte zerbitzu horiek, dela txanda osotan dela ordukako errefortzutan; nolanahi ere 4 ordu zenbatuko dira gutxienez.

b) Antolatzaileak soberakin/prestasuntzat hartuko ditu zehaztutako zerbitzu horiek, ez dira lanaldi gisa zenbatuko eta eranskin honetako ordainsarien apartatu honetan arautu bezalako ordaina izanen dute.

c) Zerbitzuburuak edo hark eskuordeturikoak honako irizpide hau aplikatuko du sorturiko soberakinak langileekin betetzeko:

–Lehenik eta behin, egutegiko ezberdintasunak direla-eta atsedenaldian dagoenari eskatuko zaio, bete beharreko zerbitzuaren eta egutegian esleitutako edozein txandaren artean gutxienez ere 10 orduko tartea badago. Oporrak ez dira atsedenalditzat hartuko.

–Baldintza horiek betetzen dituztenen artean, uneko urte naturalean soberakintzat hartutako ordu gutxien egin duen langileari. Berdinketa egonez gero, aurreko urte naturalean soberakintzat hartutako ordu gutxien egin duenari, eta berdinketak segitzen badu, Uharteko Udaleko zerbitzuen antzinatasun handien duenari.

d) Txanda edo ordukako errefortzu horiek ez dira inola ere automatikoki sortuko, eta beti nahitaezkoa izanen da Burutzak soberakintzat hartzea eta hark espresuki eskatzea.

e) Sobera betetzeko eskaera lehenik jasotako agenteak eskaerari uko egiten ahalko dio, betiere hartarako eskatzen zaion beste agente batek betetzen badu, betiere besteak uko egin izanaren berri emanik. Zerrendako kide guztiek uko eginez gero, lehenik eskatu zaion pertsonak bete beharko du, hari baitagokio betetzea puntu honetan deitzeko ezarritako irizpidearen arabera.

5.–Aparteko orduak.

Aparteko orduei buruz akordio/hitzarmen honetan araututakoa galarazi gabe, honako hauek zehaztu dira:

a) Ordu konpentsazioa hartzeko, honakoa egin beharko da:

–Zerbitzuburuari baimena eskatu gutxienez ere 10 lanegun lehenago aldaketak zerbitzua eranskin honetako 1. puntuan azaldutako minimoen azpitik uztea dakarrenean.

–Baimena berariaz adierazitako aurrerapenik gabe eskatzea, baldin eta aldaketa horrekin zerbitzua ez bada minimoen azpitik gelditzen. Beti emanen da baimen hori, salbu eta zerbitzuko beharrak direla-eta, ezinezkoa bada (behar bezala justifikatuko da hori).

Baimen hori eskuratzeko, beharrezkoa izanen da zerbitzuburuaren baimen berariazkoa. Berak baloratuko ditu zerbitzuko beharrak eta aukerak. Eskaerari ukatuz gero, idatziz helarazi beharko dio eskatzaileari, dagozkion arrazoiak azaldurik.

Baldin eta ezin badira eskaera guztiak eman agenteen artean datak bat datozelako, irizpide hau aplikatuko da:

–Aurreko bi urteetan eskaerak gehien ukatu egin zaizkion langileari emanen zaio baimena. Berdinketarik bada, Uharteko Udalaren zerbitzuan antzinatasun handien duenari.

b) Aparteko orduak denboran gozatzeko, hurrengo 120 egun naturalen barruan egin beharko da, haien gertaera eragilea izan zenetik zenbatzen hasita. Horrela egin ezean, nominan kobratuko dira orduak iraungi ondotiko hilabeteetako edozeinetan, interesdunak hala eskatuta.

6.–Auzitegira agertzea.

Udaltzaingoaren Zerbitzuko kide bati, lanean ari ez dela, epaitegi batera edo beste segurtasun kidego batera joan behar bada, zitazioarekin eta zerbitzuko arrazoiengatik, aparteko orduekin konpentsatuko zaio, barne hartuta joan-etorriko ibilbideetan emandako denbora (Uhartetik kalkulatuta).

Epaitegiko egiaztagiria aurkeztu beharko da, bertan irteera ordua adierazita.

7.–Lan-bilerak.

Zerbitzu orduez kanpoko lan-bilerak denboraz aparteko ordu gisa konpentsatuko dira edo emandako ordu bakoitzeko ordu eta erdiko ordainaz, beti bi ordu gutxienez zenbatuta.

Alkatetzari 24 orduko aurrerapenarekin jakinaraziko zaizkio egin nahi diren bilera guztiak, bai bilera bitartean bai "in itinere" gertatzen diren istripuen aseguruaren ondorioetarako.

8.–Antzinatasun konputagarria: sartzeko ikastaroa.

Udaleko plantillan sartu aurretik Nafarroako Gobernuaren mendeko Segurtasun Eskolan prestakuntza ikastaroa egin zutenei, antzinatasun kontuetarako 1997ko abenduaren 29ko Erabakian onartzen den bezalaxe onartzen zaie epe hori (testua 1998ko 9. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 21ean).

9.–Prestakuntza fisikoa.

a) Lanpostu honetarako behar den sasoian egoteko, baimena ematen zaie Udaltzaingoko agente eta agintariei kirol instalazioak dohainik erabiltzeko (hain zuzen, eremu hezea eta gimnasioa).

b) Halaber, ahal dela beste udal batzuekin hitzarmenak eginen dira, Udaltzaingoko langileek Uhartetik kanpoko kirol instalazioetara joateko aukera izan dezaten.

10.–Defentsa pertsonala.

Udaltzaingoko langileak, arautzen dituzten legeek zenbait egoeratan indarra proportzionalki erabiltzera behartzen dituztenez, fisikoki, psikologikoki eta intelektualki prestatuta egon behar dira, indarraren erabilera ahalik eta eraginkorrena eta arrazionalena izan dadin.

Prestakuntza beren eginkizunak betetzeko eskubide beharrezkoa dela kontuan hartuta, "Defentsa pertsonalean" arituz sasoi onean izan nahi duten agenteek horren kuotak aurkeztuko dituzte Administrazioak %50 ordain diezaien, gehienez ere 20 euro hilean.

11.–Ordainsariak.

Udaltzaingoko langileen ordainsariak dagoen udalez gaindiko berariazko araudiaren arabera zuzenduko dira, hain zuzen Nafarroako Poliziei buruzko 23/2018 Foru Legearen arabera, eta bertan jasota ez dagoenari dagokionez, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bateginaren Legegintzako 251/1993 Foru Dekretuaren arabera.

Akordio/hitzarmen honetan ordainsariei buruz araututakoa eta aplikagarria galarazi gabe, honako hauek zehaztu dira:

1.–Konpentsazioa ordutegi prestasunagatik.

Ordutegi prestasunagatiko konpentsazioaren helburua izanen da erakundeak ezarritako zerbitzu-beharren ondorioz ohiko lanalditik kanpo egindako orduak konpentsatzea, eta ordu horiek zerbitzuaren barruko aldi baterako langileek betetzea ezinezkoa denean ordainduko dira. Eranskin honetan aurreikusita dauden eta soberakintzat hartutako zerbitzuetan / prestasun araubidean sorturiko orduen konpentsazioagatik ordainduko da konpentsazioa, era honetan:

–Baldin eta langileari astebetean baino gutxiagoan jakinarazten bazaio edo deialdiak badakar urtean egin behar duen ordu kopurua gainditzea, orduka konpentsatuko da, 27,94 euro/ordu laneguna bada edo 34,93 euro/ordu jaieguna bada, gehi gaueko lanaren osagarria, hala badagokio.

Konpentsazioak urtero eguneratuko dira, dagozkien ordainsari pertsonalen ehuneko berean.

II. ERANSKINA.–Musika eskola

1.–Kontratazioa eta enpresa uztea.

a) Kontratazioa.

Hitzarmen honen eraginpeko langileak lan-kontratu mugagabeetarako eta behin-behineko eta bitarte baterako kontratuetarako legez ezarritako modalitateen bidez kontratatzen ahalko dira, eta lan-baldintza berberak izanen dituzte denek.

Langileen kontratua 12 hilabetekoa izanen da, modalitatea gorabehera.

Lanaldi partzialeko kontratu mugagabea duten langileen kasuan, zuzendaritzak, ikasturte bakoitzaren hasieran, idatziz jakinaraziko dizkie beren lanaldiak aurreko ikasturtearekiko izan dituen aldaketak.

Kontratuaren ezaugarriei eta betebeharrei dagokienez, indarra duten legezko xedapenei men eginen zaie.

2.–Lanaldia.

Eskolan aritzen diren irakasleek lanaldi hau izanen dute:

Astean 34 ordu. Astelehenetik ostiralera, honela:

a) 23 zuzeneko irakaskuntza-ordu, ikasleekin.

b) Irakastordu ez diren 11 ordu:

–Zentroan egon beharreko eskolarik gabeko 5 ordu, irakasleak talde lanean, koordinazioan, ikasleekin eta gurasoekin harremanetan eta berariazko beste zenbait lanetan aritzeko.

–Ikasgelaz kanpoko sei ordu.

Lanaldi partzialeko irakasleek eskolarik gabeko denbora bat eman beharko dute zentroan, proportzionalki dagokiena, eta beren kontratuan eskolatik kanpo eman beharreko denbora ere agertuko da.

Zuzendariak, irakasle gisa duen lanaldiaren barnean, 7 ordu emanen ditu astean zuzendaritza-lanetan.

Idazkariak, irakasle lanaz gain, 5 ordu emanen ditu astean Patronatuko idazkaritza-lanetan.

Ezein kasutan ezin izanen da erregelamenduz ezarritako lanaldia gainditu.

Irakasleek ezarrita dagoen ordutegitik kanpo ikasleekin aparteko jardueretan sartzen dituzten orduak (kontzertuak, entseguak, trukeak eta abar), irakastordu ez diren ikasgelako ordutegiarekin konpentsatuko dira.

3.–Urteko oporrak.

a) Hitzarmen honek ukitzen dituen langile guztiek hilabete bat opor ordaindu, bederen, izanen dute zerbitzu aktiboko urte oso bakoitzeko. Jarduneko zerbitzuan emandako aldia urtebetetik beherakoa izan bada, opor egunak proportzioan aterako dira.

Oporrak, nagusiki, udaldian hartuko dira eta horiei buruzko lan-legeetan ezarritakoari jarraikiz emanen dira.

Langileen oporraldia egutegian paratuko da eta Patronatuko Batzordeari aurkeztuko zaio ikasturtea hasi baino lehen, honek onets dezan.

Lan-egutegia prestatzean, musika eskolaren beharrak kontuan hartuko dira.

b) Aste Santuan eta Eguberrietan, irakasleek eskolak ikasleendako finkatuko duen oporraldi bera izanen dute.

III. ERANSKINA.–Ikastetxe Publikoaren etxezaintza

1.–Lanaldia.

a) Zentroko etxezaintzan aritzen diren pertsonek ikastetxearen ordutegira egokituko dute berea.

Oporrak, ahal dela, irakastalditik kanpo hartu beharko dira.

IV. ERANSKINA.–Ugazte-Uharteko Gazte Lokala

1.–Animazio lanpostuen lanaldia.

Nafarroako Gobernuak finkatuko du Ugazte-Uharteko Gazte Lokaleko animazio soziokulturaleko langileendako lanaldia.

Zentroaren beharrak betetzeko, lanpostu batzuek ezaugarri desberdinak dituzte lanegunei eta ordutegiei dagokienez; hortaz, honela ezartzen da:

a) Astean zeharreko lanaldia duen lanpostuak, oro har, urtean 1.592 orduko lanaldia daukanak, honela banatuko du urteko orduen kopurua:

–Ugazte neguan jendeari irekitzeko ordutegia:

  • Astelehenetik ostegunera, 17:00etatik 21:00ak arte.
  • Ostiraletan eta jaiegunen bezperan (astean zehar), 17:00etatik 22:00etara.

–Ugazte udan jendeari irekitzeko ordutegia:

  • Astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 22:00etara.

b) Asteburuetako lanaldia duen lanpostuak, oro har, urtean 1.554 orduko lanaldia daukanak, honela banatuko du urteko orduen kopurua:

–Ugazte neguan jendeari irekitzeko ordutegia:

  • Larunbatetan 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 22:00etara.
  • Igande eta jaiegunetan, 17:00etatik 22:00etara.

–Ugazte udan jendeari irekitzeko ordutegia:

  • Larunbatetan, 11:00etatik 13:30era eta 18:00etatik 22:00etara.
  • Igande eta jaiegunetan, 18:00etatik 22:00etara.

c) "Lotura" deitutako lanpostuek aldizka lan egiten dute beren artean, lanaldia lanegunetan eta asteburuetan dutela, eta, orokorrean, 1.554 orduko lanaldia dute urtean. Langileok urteko orduak banatuko dituzte arestian azaldutako irekitze ordutegian,hala lanegunetan nola jaiegunetan.

Aurretik azaldutako lanpostu guztietan, egutegian sobera gelditutako orduak, urteko lanaldiak osatu arte, ordu poltsa izeneko sisteman sartuko dira, zeina eranskin honetan aurrerago arautua baitago.

Taldearen bilera bat eginen da astean. Talde osoaren artean hitzartu beharreko ordutegia izanen du, eta ohiko bi lanordu gisa zenbatuko da beti.

Urtero erabakitako lan-egutegian ezarriko da lokala zer egunetan ixten den. Lokala itxita egonen da urtarrilaren 1, 5 eta 6an, maiatzaren 1ean, Uharteko jaietan (9 egun iraileko hirugarren astelehenaren aurreko larunbatetik) eta abenduaren 24, 25, 27 eta 31n, eta horiez gain, urtean zehar zerbitzuak antolaturiko jardueren arabera (adibidez, txangoak, udalekoak eta bestelako jarduerak) erabakitzen diren beste egun batzuetan.

2.–Prestasuna eta malgutasuna konpentsatzea.

a) Egutegia onartu eta gero zerbitzuko betebeharrak direla-eta premiazkoa bada atsedenaldian dauden langileak lanean aritzea, Administrazioak espresuki eta aldez aurretik laneratzeko eskatzen dien langile horiek eman egin beharko dituzte zerbitzu horiek, dela txanda osotan dela ordukako errefortzutan.

b) Antolatzaileak soberakin/prestasuntzat hartuko ditu zehaztutako zerbitzu horiek, lanaldi gisa zenbatuko dira, eta honako ordain hau izanen dute:

–Langileari astebete baino gutxiagoko aurrerapenarekin baina 48 ordu baino gehiagokoarekin abisatzen bazaio, soberakinak aparteko orduekin beteko dira eta ekonomikoki konpentsatuko dira (jaieguna edo arrunta, dagokionaren arabera) gehi dagokion gaueko lanaren osagarria, bidezkoa bada.

–Langileari 48 ordutik beherako aurrerapenarekin abisatzen bazaio, betetzen diren orduak honela konpentsatuko dira ekonomikoki:

  • Laneguna bada, jaieguneko aparteko ordu gisa ordainduko da.
  • Jaieguna bada, jaieguneko aparteko ordua bider 1,5 eginda ordainduko da.
  • Gehi gaueko lanaren osagarria, bidezkoa bada.

c) Zerbitzuburuak edo hark eskuordeturikoak honako irizpide hau aplikatuko du sorturiko soberakinak langileekin betetzeko:

–Lehenik eta behin, egutegiko ezberdintasunak direla-eta atsedenaldian dagoenari eskatuko zaio, bete beharreko zerbitzuaren eta egutegian esleitutako edozein txandaren artean gutxienez ere 12 orduko tartea badago. Oporrak ez dira atsedenalditzat hartuko.

–Baldintza horiek betetzen dituztenen artean, uneko urte naturalean soberakintzat hartutako ordu gutxien egin duen langileari. Berdinketa egonez gero, aurreko urte naturalean soberakintzat hartutako ordu gutxien egin duenari, eta berdinketak segitzen badu, Uharteko Udaleko zerbitzuen antzinatasun handien duenari.

d) Txanda edo ordukako errefortzu horiek ez dira inola ere automatikoki sortuko, eta beti nahitaezkoa izanen da Burutzak soberakintzat hartzea eta hark espresuki eskatzea.

e) Sobera betetzeko eskaera lehenik jasotako langileak eskaerari uko egiten ahalko dio, betiere hartarako eskatzen zaion beste langile batek betetzen badu, betiere besteak uko egin izanaren berri emanik. Zerrendako kide guztiek uko eginez gero, lehenik eskatu zaion pertsonak bete beharko du, hari baitagokio betetzea deitzeko ezarritako irizpidearen arabera.

3.–Txanda aldaketak:

Zerbitzuak eta txandak langileen artean aldatzen ahalko dira, betiere egin behar dituztenak ados badaude eta dagokion buruak edo hark eskuordeturikoak aldez aurretik eta espresuki onartzen baditu. Dagokion buruak edo hark eskuordeturikoak espresuki onartzen ez badu, zerbitzuaren beharrengatik dela justifikatu beharko du. Aldaketa horiek eskatzeko, interesa duten pertsonek idatzizko eskaera egin beharko diote zerbitzuburuari. Zerbitzuburuak edo hark eskuordeturikoak 48 orduko epean emanen du ebazpena derrigorrez, eskaera jaso edo jakinarazten zaion unetik aurrera zenbatzen hasita. Epe hori igarota, eskaera onartu dela ulertuko da baldin eta ez bada ebazpen espresurik eman.

4.–Oporrak:

Ugazte - Uharteko Gazte Lokaleko animazio soziokulturaleko langileek nahitaez hartuko dituzte oporrak lokala itxita egon beharreko egunetan, eta opor-egun batzuk geldituko dira hartzeko, hurrengo paragrafoan lanpostuen arabera zehazten direnak.

Lokala itxita egonen den egunak ez ezik, langileek opor-egun batzuk izanen dituzte eskura, urtean zehar nahi dutelarik har ditzaten. Egun kopurua zehaztuko da eranskin honetan 1. puntuan azaldutako lanpostuen arabera, eta honako hau da:

a) Lanposturako, 10 egun izanen dira.

b) Motako lanposturako, 4 egun izanen dira.

c) Motako lanposturako, 7 egun izanen dira.

Egunok idatziz eskatu beharko dira, eta zerbitzuburuak baliozkotu edo ukatuko ditu, irizpide hau aplikaturik:

Baldin eta antolatzaileek, eragozten eta justifikatzen duten premiazko arrazoirik gabe, uneko urte naturalean lokala langile bakarrarekin irekitzeko egunak uzten badituzte, aurrerapen jakinik gabe eginen da eskaera, eta beti baimenduko da, baldin eta beste langile bat gelditzen bada txanda/ordutegi horretan berean lanean.

Baldin eta antolatzaileek lokala irekitzeko egun guztiak gutxienez bi langilerekin betetzen badituzte, eskaera 10 laneguneko aurrerapenaz egin beharko da, zerbitzuburuak eskatzailea ordezteko aukera izan dezan. Eskaera onartu eginen da beti, behar bezala justifikaturiko arrazoirik ezean, eta dena delako arrazoia idatziz helaraziko zaio eskatzaileari.

Opor-egunok hartzen diren lanaldietako orduak langilearen ordu poltsara joanen dira, eta zerbitzuaren beharren mende geldituko dira.

5.–Ordu poltsa:

"Ordu poltsa" deitutakoan langileen ordu arrunt batzuk sartuko dira, eta erabili eginen dira urtean zehar sortzen diren zerbitzuko jarduerei, kanpalekuei eta beharrei aurre egiteko eta haiek betetzeko.

Orduok urteko egutegian sartuko dira langileak eta zerbitzuburuak adosturik, zerbitzuaren beharrak eta langileen prestasuna aintzat hartuta.

Langilearen borondatearen kontra abenduko jardueraren bat bertan behera gelditzen bada egutegian langileei hura adjudikatu ondotik, lokala egun horretan normaltasunez irekitzeko gelditzen diren jardueraren orduak ez dira ordu poltsara joanen, eta urteko orduak zenbatzeko, lan egindakotzat hartuko dira.

Enpresaren erantzukizuna eta eskumena da lana antolatzea; hortaz, urte bukaeran langile guztien poltsako ordu guztiak agortzeko ardura izanen du. Eta dena delakoagatik agortu ez badira, ezin izanen dira igaro hurrengo urteko poltsara, eta lan egindakotzat hartuko dira.

V. ERANSKINA.–Lanean etsaitasunezko jokabideei aurrea hartzeko
eta horien kontra jarduteko protokoloa

1.–Sarrera.

Osasunari buruzko Lege Orokorrak, langileen osoko osasunaren babesari buruz ari dela, 21. artikuluan nabarmentzen duenez, pertsonen osasunaren zainketak patologia fisikoen zein psikikoen babesa ere barnean hartu behar du.

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) adierazita du laneko baldintzek osasunean duten garrantzia, eta Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legeak enpresaburua behartzen du langileen osasuna babestuko duten neurriak hartzera; bestetik, lana pertsonari egokitzeko printzipioa jasotzen du –lanpostuen nolakoari dagokionez– eta prebentzioa planifikatu beharra, teknikaren, lanaren antolaketaren, lanaren baldintzen eta gizarte harremanen arteko multzo koherente bat bilatuz (15.1 artikulua). OMEk zentzurik zabalenean eta sozialenean definitzen du osasuna: "Osasuna ongizate fisiko, mental eta sozialaren egoera erabatekoa da eta ez bakarrik gaixotasun eza".

Halaber, Langileen Estatutuak 4.2 artikuluan ezartzen du langileen osotasun fisikoa zaintzeko, segurtasun eta higiene politika izateko eta bere intimitatea errespetatzeko eta bere duintasuna kontuan hartzeko eskubidea, barne izanik arraza edo etnia, erlijioa edo sinesmenak, desgaitasuna, adina edo sexu orientazioa direla-eta jazarpenaren aurreko babesa, baita sexu jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren aurreko babesa ere.

2.–Definizioak.

Mari France Irigoyen psikiatrak ondoko lau talde hauetan banatzen ditu lantokian pertsonen artean izan daitezkeen etsaitasunezko ekintzak:

–Pertsonaren izen onaren edo duintasunaren kontra doazen ekintzak: adierazpen laidogarriak edo iraingarriak egitea edo besteen aurrean itxura fisikoaz, keinuez, ahotsaz, sinesmen pertsonalez, politikoez edo erlijiosoez iseka egitea, zurrumurruak zabaltzea, arazo psikologikoak leporatzea, hitz lizun edo umiliagarriekin iraintzea.

–Lana egitearen kontra doazen ekintzak: gehiegizko lana ematea, edo zailegia edo egin behar ez dena, lanik ez ematea edo lan-tresnak eskuratzea eragoztea, lanpostuari dagozkionak baino lan apalagoak edo maila goragokoak ematea, jarduketa edo erabaki guztiei erantzutea sistematikoki, egindako lana sobera edo bidegabe kritikatzea, eskubideak erabiltzea eragoztea, lan arriskutsuak egitera behartzea, kontuan ez izatea Prebentzio Zerbitzuko medikuen oharrak...

–Bakartzea eta komunikazioa ukatzea: pertsona baten jarduna sistematikoki etetea, soilik idatziz komunikatzea, pertsona baten komunikazioa haren lankideekin edo alderantziz murriztea edo debekatzea, lantokia isolatzea, pertsona bati ez ikusiarena egitea soilik besteekin arituz, zuzendaritzarekin elkarrizketa bat izateko eskaera ukatzea...

–Indarkeria fisikoa edo ahozkoa: pertsona bat mehatxuen bidez kikilaraztea, fisikoki erasotzea modu apalean bada ere (bultzaka edo atea muturren aurrean itxiz...), oihuka edo irainka hastea pertsona baten kontra, errespetu falta ezaugarri pertsonalengatik...

Ekintza edo jokabide erasokorrak aldian-aldian edo noizean behin gerta daitezke (pertsonen kontrako erasoa edo indarkeria) edo jokamolde gisa egitura daitezke, denboran mantenduz (jazarpen psikologikoa, jazarpen morala edo mobbing-a).

2.1.–Jazarpen psikologikoa (jazarpen morala edo mobbing-a).

Europar Batasunak emandako definizioaren arabera, jazarpen morala da edozein jokaera diskriminatzaile, iraingarri, umiliagarri, beldur eragile edo bortxazko, baita bizitza pribatuan bidegabe sartzea ere, horrelako jokaerek pertsona baten duintasunari eraso egiten badiote lanean edo lanari lotuta, pertsona horri edo hark egindako lanari omena kenduz, halako moduan non erasandakoari kalte psikiko edo/eta fisikoa eragiten zaion.

Biktimak M. F. Irigoyenek zehazturiko 4 taldeetako edozein egoera pairatzen du.

2.2.–Erasoak edo indarkeria pertsonen kontra.

Aurretik azalduriko ekintzetako edozein noizbehinka gertatu eta ondorio negatiboa badu hura jasaten duenarengan pertsonen kontrako eraso edo indarkeriatzat joko da.

Prebentzioko 489. ohar teknikoaren arabera, laneko indarkeria kanpokoa izan liteke (lapurretak, bezeroen, erabiltzaileen, pazienteen indarkeria eta abar) edo barnekoa (indarkeriaz jokatzen duenak laneko harremana duenean biktimarekin, bai lankideen artean, bai goragoko mailakoek beren mendeko langileei edo alderantziz).

Jarduteko protokoloa kanpoko erasoen aurrean: Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren martxoaren 31ko 964/2008 Ebazpena, lantokian kanpoko erasoei aurrea hartzeko eta horien kontra jarduteko plan orokorra onesten duena.

2.3.–Tratu txarra nagusien aldetik.

Barneko indarkeriaren eremuan figura bat definitu da, "goragoko mailakoek egindako tratu txarra". Hierarkian gorago daudenen jokabidea da, laneko talde osoa edo haren parte bat presio handiaren mende jartzen duena, mendekoak indarkeriaz eta begirunerik gabe tratatuta. Jazarpen psikologikoan ez bezala, zuzendaritzakoen tratu txarra ikusi egiten den portaera da eta, eskuarki, talde jakin batek hartzen du tratu txarra.

3.–Xedea eta aplikazio eremua.

Protokolo honek legezko eskakizunak betetzen ditu eta etsaitasunezko jokabideei aurrea hartzea du helburu, baita behar bezalako arreta ematea ere gertatzen diren kasuei. Horretarako, udalak eta bere patronatuek baliabideak eskuratuko dituzte, erasoa gertatzen denean, arreta osoa emateko erasoaren biktimari eta haren laneko eta familiako inguruneari, lanaren, osasunaren eta legearen ikuspuntutik.

Prozedura honen edukia Segurtasun eta Osasun Batzordeak onetsiko du eta Uharteko Udalean eta Musika Patronatuan lan egiten duten pertsona guztiei aplikatuko zaie, funtzionarioak nahiz lan-kontratudunak izan.

3.1.–Printzipioen deklarazioa.

Udalak, bere egitekoak betetzean, pertsonen duintasuna errespetatzea eta pertsonari berez dagozkion eskubide bortxaezinak babestea ditu oinarrizko printzipiotzat.

Hortaz, udalean lan egiten duten pertsonek aukera eta berdintasun tratua gozatzeko eskubidea dute. Hala, gizabidez, errespetuz eta duintasunez tratatuak izan behar dute eta ez da inola ere onartuko eskubide horiek urratzea bere baitan.

Erakundean lan egiten duten pertsonen identitate pertsonal eta profesionala garatuz zerbitzuen kalitatea hobetzeko asmoz, udalak eta bere patronatuek debekatu egiten dute bere erakundearen barrenean, eta batez ere lan-esparruan, ekintza edo jokabide erasokorrak izatea. Horretarako, kasu bakoitzean egokiak diren neurriak, prebentziozkoak nahiz legezkoak, hartuko dira.

4.–Prebentzioa.

Prozedura honen aplikazio eremuan sarturiko langile guztiek eskubidea dute haren edukia ezagutzeko.

Protokolo hau udaleko eta bere patronatuetako plantillaren artean zabalduko da bitarteko informatikoen bidez.

Gainera, sor daitezkeen beharren arabera, plantilla osoarendako aldizkako eta etengabeko prestakuntza etengabea eginen da.

–Gatazkak kudeatu eta ebazteko prestakuntza langile guztiei.

–Etsaitasunezko jokabideen prebentzioari buruzko prestakuntza, langileen kudeaketa eta gatazken ebazpena, bereziki azpimarratuz zuzendarien, karguen eta agintarien parte-hartzea.

–Oinarrizko prestakuntza bitartekaritzari buruz bitartekotza edo adiskidetze prozesuan nola edo hala parte hartzen dutenendako, barnean sartuta prebentzioko ordezkariak.

Uharteko Udalak eta bere patronatuek konpromisoa hartzen dute aldizkako eta etengabeko prestakuntza egiten jarraitzeko, betiere aurrekontu-mugen barrenean.

Lanaren antolakuntzatik eratorririko arrisku psikosozialen ebaluazio eta prebentziorako, Segurtasun eta Osasun Batzordeak erabakiko du zein den aplikatu beharreko metodoa, eta horretarako, udalak eta bere patronatuek kontrataturiko prebentzioaren arloko kanpoko enpresa baten aholkularitza izanen du.

5.–Jarduteko prozedura.

5.1.–Kasuak atzematea.

Kasuak lau egoeratatik atzeman daitezke:

–Etsaitasunezko jokabideek ukituriko pertsonarengandik.

–Agintariengandik, batez ere agintari zuzenak badira eta erne badaude ea udaleko eta bere patronatuetako pertsonen artean etsaitasunezko jokabiderik agertzen den.

–Enpresako beste pertsona batek etsaitasunezko jokabideak pairatu dituela antzematen duten lankideengandik.

–Sindikatuen ordezkariengandik.

5.2.–Kasuen kudeaketa.

Ondoren laburbiltzen dira esku-hartzeak izan ditzakeen bi kudeaketa mailak. Bitartekotzatik hastea gomendatzen da, baina ez da ezinbestekoa.

5.2.1.–Konponbidea bitartekaritzaren bidez.

Kasu honetan, bi aldeek konponbiderako konpromisoa hartuko dute. Hainbat bitartekarik hartzen ahal dute parte (besteak beste, Prebentzio Zerbitzuak, biktimari informazioa eta aholku emateko bakarrik), eta ez da bestelako dokumentaziorik jasoko (Prebentzio Zerbitzuari kontsulta egiten bazaio, orduan bai, legeak hala aginduta).

–Etsaitasunezko jokabide onartezinak (lehen fasean) jasan dituen edo jasaten ari den biktima bultzatu egiten da egoera lehen saioan zuzenean konpontzen saia dadila eta, modu estraofizialean, behar den pertsonarekin edo taldearekin. Horretarako, informazioa eta aholkuak bilatzeko, honako hauengana jo dezake:

  • Udaleko edozein ataletan hierarkian gorago dagoena.
  • Prebentzio Zerbitzua.
  • Ordezkari sindikala.

–Beste aldearekin egon behar duenean, biktimak eskatzen duen edozein izaten ahal du laguntzaile, eta biktimak hala eskatuz gero, hura saiatuko da konponbidea errazten adiskidetze eta bitartekaritza baliatuz. Egoera maila honetan konpontzeko ahalegin guztiak lehenbailehen egin beharko dira, salaketa jakinarazi ondoren.

–Kudeaketaren lehen maila honetan, 10 egun baliodunekoa da konponbidearen epea, salaketa aurkezten denetik.

–Aldeetako baten ustez, proposatzen den konponbidea bidezkoa ez bada, beharrik gabe luzatzen bada edo arrakastarik izan ez badu, kudeaketaren bigarren mailari heltzen ahal dio, kudeaketaren hurrengo mailari heltzen ahal dio kasua aztertzeko.

5.2.2.–Salaketa jasotzea.

Protokolo honen aplikazio eremuan sartua dagoen langile orok, uste badu jazarpen psikologikoa edo etsaitasunezko jokabideak jasaten ari dela, edo horrelako egoeren berri dakien beste edozein pertsonak salaketa jartzen ahalko dute idatziz, bi kasuetan aski zantzu aurkeztuz, Uharteko Udaleko eta bere patronatuetako Prebentzio Zerbitzuan.

5.2.3.–Hasierako azterketa.

Prebentzio Zerbitzuak hasierako azterketa txiki bat eginen du kasuaren datu objektiboei buruz salaketa benetakoa dela egiaztatzeko; horretarako, besteak beste, kontatzen diren egintzen koherentzia aztertuko da, edota zehaztugabetasunik eta kontraesanik ote dagoen, edo egintzen lekukorik ote dagoen egiaztatuko da. Beharrezkoa balitz, kanpoko aholkularitza ere eska dezake.

Lehen azterketa honen ondorio gisa, Prebentzio Zerbitzuak honakoa egiten ahalko du:

–Salaketari tramiterako sarrerarik ez eman haren egiazkotasuna ez egiaztatzeagatik edo protokolo honen esparrukoa ez izateagatik.

–Prozedura informalari hasiera eman.

–Prozedura formalari hasiera eman.

–Egokitzat jotzen bada, kautelazko neurriak proposatzea.

5.2.4.–Prozedura informala.

Betiere ukituriko pertsonaren egoerak ahalbidetzen badu, salaketa jaso ondoko hamar egunetan emanen zaio hasiera.

Prebentzio Zerbitzuak parte hartuko du atzemandako arazoa konpontzen saiatzeko. Prebentzio Zerbitzua salaturiko pertsonarekin harremanetan jarriko da, bere jarrerari buruzko kexa bat dagoela jakinarazteko eta bere bertsioa ezagutzeko.

Prozedura informalaren xedea da arazoa konpontzea prozedura formalari hasiera eman beharrik gabe. Horrela, ondoko egoera hauek eman daitezke:

–Salatzaileak eta salatuak/salatuek egoera identifikatzen eta aztertzen dute eta ez errepikatzeko konpromisoa lortzen da.

–Prebentzio Zerbitzuak hainbat jarduketa proposatzen ditu arazoa konpontzeko eta eta bi aldeek beren akordioa eta adostasuna erakusten dute.

–Ez da inolako akordiorik lortzen eta Prebentzio Zerbitzuak egokitzat jotzen badu, prozedura formalari hasiera ematen zaio azken horrek eskatuta.

Kasu horretan, Prebentzio Zerbitzuak prozedura informalaren emaitzaren berri emanen dio prebentzioko koordinatzaileari eta Segurtasun eta Osasun Batzordeari.

Edozein unetan, salaturiko pertsonak salaturiko jarrerak berriz errepikatzen baditu egoera are gehiago larriagotuz, eta Prebentzio Zerbitzuak egokitzat jotzen badu, hasiera eman beharko zaio prozedura formalari.

5.2.5.–Prozedura formala.

Prebentzio Zerbitzuaren bitartekotzaren bidez arazoa konpondu ez bada, lanean jarraituko da eta konponbideren bat bilatzen saiatuko da Batzorde Paritario baten bidez.

Honako kide hauek izanen ditu Batzordeak:

–Langileriaren ardura duen zinegotzia edo hark eskuordeturikoa.

–Prebentzioko koordinatzailea.

–Prebentzioko bi ordezkari.

–Prebentzio Zerbitzuko teknikari bat.

–Arloko zerbitzuburua.

Batzorde Paritarioak ikerketaren diseinuan eta garapenean parte hartuko du, eta horretarako, oharrak, iradokizunak eta galderak eginen ditu, edozein unetan informazioa eska dezakeelarik.

Batzordeko kide guztiek ikus dezakete bilduriko informazioa, baldintza beretan.

Elkarrizketaturiko pertsonek, hala eskatuz gero, legezko ordezkari bat edo ordezkari sindikal bat aldean dutela agertzen ahalko dira. Laguntzaile horiek ez dute inolako erantzukizunik izanen ikerketaren exekuzioan.

Prebentzio Zerbitzuak honako hauetan oinarrituriko ikerketa abiaraziko du:

–Informazioa biltzea: elkarrizketak lankideei, arazoa duenari eta gatazkaren ustezko arduradunari edo arduradunei.

–Faktore psikosozialen balorazioa.

–Dokumentazioa biltzea.

–Kanpoko aholkularitza, teknikoa nahiz legezkoa.

–Ondorioen txostena prestatzea.

Ikerketa hau egiteko epea 15 egunekoa izanen da; epe hori luzatzen ahalko da, aldez aurretik justifikatuta.

Batzordeak txostena aztertuko du eta etsaitasunezko jokabideen kasua konpontzeko egokitzat jotzen dituen prebentzio neurriak proposatuko ditu.

Ondokoei igorriko zaie txostena:

–Aurreikusiriko prebentzio neurriak aplikatu behar dituen arloko zuzendaritzari.

–Batzorde Paritarioari, beharrezkoa balitz inplikaturiko alderdietako bati zehapen-espedientea hastea.

–Inplikaturikoei.

–Segurtasun eta Osasun Batzordeari.

Prozesuko fase guztien eta emandako ebazpenaren berri emanen da.

Proposaturiko neurrien jarraipena eginen da, eraginkorrak ote diren ikusteko. Prebentzio Zerbitzuak eta Batzordeko kideek eginen dute jarraipen hori.

Laneko gatazketan jarduteko prozedura ebazteko epea bi hilekoa izanen da gehienez, salbu eta behar bezala justifikaturiko kausa batek jarduketak epe horren barnean gauzatzea galarazten badu.

Txostena igorrita eta proposaturiko jarduketak aintzat hartuta, salatzailea ados ez badago, enpresaz kanpoko instantzietara jotzen ahalko du: Lan Ikuskatzailetza, Institutu teknikoak eta abar.

6.–Bermeak.

Uharteko Udalak eta bere patronatuek langile guztiei bermatuko die protokolo honen prozedurei heltzeko eskubidea, eta ziurtatuko da ez dutela larderiarik, bidegabeko traturik, diskriminaziorik edo errepresaliarik jasaten. Babes hori aplikatuko zaie, halaber, kasu bat ikertzean informazioa ematen dutenei edo protokolo honen edozein prozeduratan parte hartzen dutenei.

Protokolo hau aplikatzeari buruzko informazio guztia erabiltzean bermatuko da parte hartzen duten guztien intimitaterako eskubidea. Prozeduran parte hartzen duten pertsonek, bai eta inplikaturiko alderdiek ere (salatzailea, salatua, lekukoak), egia esateko betebeharra dute, konfidentzialtasuna eta erreserba gordetzeko betebeharra eta ezin izanen dute bilduriko salaketen edo lekukotzen edukiari buruzko informazioa transmititu edo zabaldu. Konfidentzialtasuna bortxatzeak dagokion diziplinako erantzukizuna ekarriko du.

Batzorde Paritarioko kideek ez dute parte hartuko, Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. artikuluan parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean baldin badaude. Salatzaileek eta/edo salatuek aipatu batzordeko kideak errefusatzen ahalko dituzte aipatu artikuluan adieraziriko egoeretakoren batean baldin badaude.

Protokolo honekin, Uharteko Udalak eta bere patronatuek konpromisoa hartzen dute kasua ebatzi arte eramateko, kasu guztietan datuen konfidentzialtasuna bermatuz eta haiek ez direla erabiliko agiri honetan ezarririko beste helburu batzuetarako ziurtatuz.

7.–Protokoloaren ebaluazioa.

Urtero baloratuko dira protokoloa aplikatzearen ondoriozko emaitzak eta emaitza horiek hala gomendatzen badute, protokoloa berrikusi eginen da.

Iragarkiaren kodea: F2508035