Iragarkia
130. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 1a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
99C/2025 EBAZPENA, maiatzaren 28koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita Kemira Iberica SA enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratzea, gordailutzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Ikusi da Kemira Iberica SA enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31100592012014), erregistro honetan sartu baitzen 2025eko apirilaren 30ean, 2025eko martxoaren 28an enpresaren eta sindikatuen ordezkariek sinatu, eta behar ziren zuzenketak egin ondoren.
Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta hitzarmen kolektiboak, lan-akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidanak, honako hau,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Kemira Iberica SA enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31100592012014).
Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezaten.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 28an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
KEMIRA IBÉRICA SAU ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA
HITZARMENA BERRITZEA (31100592012014)
1. artikulua. Aldeak zehaztea.
1. "Hitzarmen kolektibo hau izenpetzen dute, batetik, KEMIRA enpresak, ugazaben aldetik; eta, bestetik, langileen ordezkariek, langileen aldetik.
2. artikulua. Langile eremua, eremu funtzionala eta iraunaldia.
–Eremu funtzionala eta langile eremua.
1. Hitzarmen honek enpresak Villatuertan duen lantokiari atxikita dauden langile guztiei eragiten die, salbu eta salmenta departamentuan aritzen direnei, Bartzelona-Tarragonako hitzarmenari atxikita baitaude.
2. Betiere, goi zuzendaritzako kideak, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 2.1.a) artikuluan aipatzen direnak, hitzarmen honen aplikazio-eremutik kanpo daude.
–Iraunaldia.
Hitzarmen kolektibo honek hiru urte iraunen du, eta haren indarraldia 2024ko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 31ra artekoa izanen da.
3. artikulua. Hitzarmena salatzeko modua eta baldintzak.
Hitzarmena automatikoki salatuko dute negoziazio batzordea osatzen duten alderdiek 2024ko irailaren 30ean. Hilabeteko epean, negoziazio mahai bat eratuko da, hurrengo hitzarmena negoziatzen hasteko.
Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, berariaz adostu da ezen, hitzarmena salatu eta itundutako iraunaldia amaitu ondoren, hitzarmenak indarrean jarraituko duela harik eta bi aldeek horren ordezko bat sinatzen duten arte.
4. artikulua. Hitzarmen honetan hitzartutako lan-baldintzak ez betetzea (ez aplikatzea).
Enpresak ezin izanen dio inola ere heldu hitzarmen hau ez aplikatzeko aukerari Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluko prozeduraz baliatuz, eta saiatu beharko da muga-eguna baino lehen hitzarmena berriz ere negoziatzen, beste hitzarmen bat lortzeko edo hura berrikusteko Langileen Estatutuaren 86.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Bi alderdiek espresuki erabaki dute, desadostasunak konpontzeko, Nafarroako Lan Auzitegiko lanbide arteko akordioaren adiskidetze eta bitartekaritza prozesuen mende jarriko direla beti. Arbitraje prozedura aplikatuko da, bakar-bakarrik, haren mende jartzeko bi alderdien arteko akordioa badago.
5. artikulua. Batzorde paritarioa.
Batzorde paritario bat eratu da, hitzarmenaren sinatzaileek osatua; bertan, gehienez ere hiru kide izanen dira langileen aldetik, eta beste hiru kide enpresaren aldetik.
Batzordearen bi aldeetako edozeinek hura biltzeko eskaturik, 15 eguneko epean bilduko da, beranduenez.
Orobat, batzordeak gehienez 7 eguneko epean emanen du ebazpena, bilera egiten den egunetik hasita.
Batzordeak eskumen hauek izanen ditu:
A) Hitzarmen kolektibo honetako edozein arau interpretatzea.
B) Hitzarmen honetako konpromisoak garatzea.
Batzorde paritarioa bilduko da ordezkaritza batek, dagozkion eskumenak erabiliz, biltzeko eskatzen duen bakoitzean.
Batzorde paritarioan dagoen sindikatuen ordezkari bakoitzak, eta, orobat, enpresaren ordezkariak aholkularien laguntza izaten ahal dute. Aholkulari horiek hitza izanen dute, baina botorik ez.
Edozein batzordekidek ordezko bat izaten ahalko du, batzordeari aurretik abisatzen badio.
Batzorde paritarioaren akordioek baliozkotasuna izateko, ordezkaritzaren bi aldeek berretsi behar dituzte.
Batzorde paritarioko kide titularrek eskubidea izanen dute bilkura-egunetan baimen ordaindua izateko, eta eginkizun horiek betetzearen ondorioz sortzen diren gastuak enpresak ordainduko ditu.
6. artikulua. Balioaniztasuna.
Lan-prestazioa ituntzean langileak eta enpresaburuak balioaniztasun funtzionala edo talde baten baino gehiagoren berezko erantzukizunak betetzea adosten badute, eginkizun nagusien arabera zehaztuko da soldata, hau da, maila altuagoa duten eginkizunen arabera, ez denbora gehienean betetzen diren eginkizunen arabera. Balioaniztasuna denbora jakin baterako ezartzen bada, jardueraren osagarri baten bidez likidatzen ahalko da taldeen arteko soldaten aldea, eta ezarritako denbora horretan kobratuko da.
7. artikulua. Malgutasuna.
Langileen Estatutuaren 34.2 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, erabaki da lanaldiaren %100 modu erregularrean banatuko dela. Hortaz, ez da posible modu irregularrean banatzea, hitzarmen honetan berariaz xedatutakotik aparte.
Artikulu honetan ezarritakoa gorabehera, enpresaren malgutasun beharrak orain arte bezala beteko dira, betiere langileekin eta langileen ordezkariarekin adostuta.
7bis artikulua. Mantentze-lanetako guardiak.
1.–Asteko guardiak:
Guardiak igandeko 22:00etan hasiko dira, eta ostiraleko 06:00etan bukatuko.
Hauxe da eguneko guardialdia: 22:00etatik 06:00ak arte.
Guardia-aste bakoitzeko 262,5 euroko osagarria sortuko da.
Lantegian arazoak konpontzen emandako orduak gaueko aparteko ordutzat hartuko dira.
Erabilitako orduen kontaketari begira, kontuan hartuko den gutxieneko denbora bi ordu izanen dira, zeinahi delarik erabili den denbora.
Egindako lanak bukatzen direnetik ohiko lanaldia hasi bitarte, gutxienez, 8 orduko atsedenaldia utziko da.
Dei bat dela-eta goizeko 4:00etatik aurrera lanera joanez gero, jarraian lan eginen da, eta, guztira, 8 orduko lanaldia eginen da.
2.–Jaiegunetako edo asteburuetako guardiak:
Asteburuetan edo jaiegunetan produkzioa izanez gero, mantentze-lanetako langile bat guardian egonen da, eta guardiagatik 100 euro jasoko ditu (8 orduko guardialdia).
3.–Deiaren ondoriozko plusa.
Deiaren ondoriozko plusa, parteko ordu baten baliokidea, ordainduko zaio ardura une hartan, guardien ordutegitik kanpo, hartzen duen mantentze-lanetako arduradunari, edo une horretan ardura hori ez duenari.
Ohiz kanpoko dei hori justifikatu eta onetsi beharko du mantentze-lanetako gainbegiraleak edo une hartako instalazioko arduradunak.
8. artikulua. Lanaldi partzialeko kontratua: aparteko orduak.
Aparteko orduak ohiz kanpoko egoera hauetan eginen dira bakar-bakarrik:
–Ezinbesteko kasuak (ezbeharrei eta ohiz kanpoko beste kalte batzuei aurrea hartzeko edo horrelakoak konpontzeko).
–Soberako lana egiteko langileak kontratatzea ezinezkoa denean.
–Segurtasunaren, higienearen eta ingurumenaren babesaren gaineko nahitaezko prestakuntza jarduerak lanorduetan egiten direnean, eta, horren ondorioz, lan-txandak aldatzea ezinezkoa denean.
Nolanahi ere, langileen ordezkariek egoera horietako baten aldeko jakinarazpena eman beharko dute, eta ezinbesteko kasuetan a posteriori izaten ahalko da. Ordu horiek noizbehinkakoak direnean, aparteko orduak ordaintzeko itundutakoari jarraikiz ordainduko dira, eta, gertakari zehatz batzuen ondorioz egiten badira, kasuan-kasuan erabakiko da konpentsazioa.
I. eranskinean finkatzen dira gaur egungo balioak; hala ere, zilegi izanen da balio horiek aldatzea hitzarmen honetatik aparte.
9. artikulua. Bizitza pertsonala eta lana bateratzea: lanaldi murrizketa legezko zaintzagatik.
Langileek lanaldia murrizteko eskubidea izanen dute Langileen Estatutuaren 37.6 artikuluan ezarritako kasu eta baldintzetan. Murrizketa hori gauzatzeko, eguneko, asteko, hilabeteko edo urteko lanaldia hartzen ahalko da erreferentzia-alditzat.
10. artikulua. Onura sozialak.
10.1. Jantokia instalazioetan.
Lanaldia enpresaren instalazioetan egiten denean, otorduen zerbitzua eskainiko da, enpresaren kargura, 11 eurokoa gehienez ere; hortik gorakoa, langilearen kargura izanen da.
Ezin bada, edo kasu partikularren batean beste jarduera pertsonal batzuekin bateraezina bada, jatetxeetarako tiketak emanen dira (paperean edo "contactless" txartelean).
10.2. Eguberrietako saria.
Urtero, 160 euro garbi emanen zaizkio langile bakoitzari, BEZik eta garraiorik gabe.
Enpresan eta jarraian urtebete gutxienez daramaten langileek ordainsari hauek izateko eskubidea izanen dute:
10.3. Eskolarako laguntza.
500 euro urtean, seme edo alaba bakoitzeko, jaiotzen denetik eta ikasten ari diren bitartean, 25 urte bete arte.
10.4. Desgaitasunagatiko laguntza.
690 euro hilean, egoera horretan den seme edo alaba bakoitzeko.
10.5. Jaiotza-saria.
30 eguneko soldata erreala.
10.6. Saria ezkontzeagatik eta izatezko bikotea osatzeagatik.
30 eguneko soldata erreala.
Sari hau gehienez ere bi aldiz kobratzen ahalko da, eta egoera berria egiaztatzen duen ziurtagiria beharko da.
11. artikulua. Oporrak aldi baterako ezintasun egoera bitartean.
Oporraldian zehar aldi baterako ezintasun bat gertatu eta langileak ezin baditu oporrak hartu berez dagokion urte naturalean, ezintasuna bukatzean hartzen ahal ditu, ezintasuna sortu duen kontingentzia eta igarotako denbora edozein direla ere. Eskubidez zenbat opor egun dagozkion Langileen Estatutuaren 38.1 artikuluan ezarrita dago.
12. artikulua. Kaleratzeak.
Unean-unean indarra duen legedia aplikatuko da. Kaleratze kolektiboen kasuan, indarreko legedian ezarritako baliabideez gainera, hilabete bateko negoziazioaldia itundu da. Epe horretan negoziazio mahai bat irekiko da enpresaren eta langileen artean kaleratzearen balizko alternatibak aztertzeko.
13. artikulua. Soldatak.
Behin soldata igoera aplikatuta, soldaten taula hauetan jaso da urteko oinarrizko soldata:
SOLDATEN TAULAK
Honela gelditu dira oinarrizko soldaten taulak hitzarmen honen urte bakoitzerako:
2024. urtea (%4,5).
4. taldea: 40.831 euro.
5. taldea: 45.539 euro.
2025. urtea (%4).
4. taldea: 42.463 euro.
5. taldea: 47.361 euro.
2026. urtea (%4).
4. taldea: 44.162 euro.
5. taldea: 49.255 euro.
Taula horietan ez dira jaso, ez antzinatasuna, ez txandakako lana, ezta bonusa ere.
Baldin eta 2025. eta 2026. urteetarako Estatuko KPI orokorra handiagoa bada hitzartutako soldata igoera baino, urteko soldata bermatzeko klausula aplikatuko da, ekitaldi bakoitzeko KPI errealaren arabera, %1eko mugarekin 2025an eta %2ko mugarekin 2026an.
Berme klausularik badago, hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.
Atzeraeragineko ondoriorik gabe eta gehikuntza aplikatu zen soldata-masa gordinaren gainean aplikatu beharrekoa.
Langile berriei prestakuntzarako soldata ordaintzea hitzartu da: dagokion taldeko soldataren %90 lehenengo sei hilabeteetan, eta %100 handik aurrera.
Hitzartutako soldata igoerak 4., 5. eta 6. taldeei aplikatuko zaizkie. Gainera, banakako akordioak errespetatuko dira.
Antzinatasuna irizpide hauei jarraikiz ordainduko da:
ALDI BAKOITZAREN BALIOA | METATUTAKO | URTEAK | |
1. hirurtekoa | 25 | 25 | 3 |
2. hirurtekoa | 25 | 50 | 6 |
1. bosturtekoa | 50 | 100 | 11 |
2. bosturtekoa | 50 | 150 | 16 |
3. bosturtekoa | 50 | 200 | 21 |
4. bosturtekoa | 50 | 250 | 26 |
5. bosturtekoa | 50 | 300 | 31 |
6. bosturtekoa | 50 | 350 | 36 |
7. bosturtekoa | 50 | 400 | 41 |
Opor-egun gehigarri bat egonen da bigarren bosturtekotik aurrera (16 urte).
Txandatasuna irizpide hauei jarraikiz ordainduko da:
–97,56 euro/hil 2024. urtean.
–101,46 euro/hil 2025. urtean.
–105,52 euro/hil 2026. urtean.
Gaueko lana.
Enpresak ezarritako gaueko txanda bere txandaketan sartzen duten langile guztiek bi opor egun gehiago izanen dituzte.
Gaueko lanaldian lan egiteak konpentsazio ekonomiko hau sortuko du:
–4. taldea:
- 2024: 60,41 euro, gauez egindako lanaldi bakoitzeko.
- 2025: 62,82 euro, gauez egindako lanaldi bakoitzeko.
- 2026: 65,33 euro, gauez egindako lanaldi bakoitzeko.
–5. taldea:
- 2024: 80,95 euro, gauez egindako lanaldi bakoitzeko.
- 2025: 84,18 euro, gauez egindako lanaldi bakoitzeko.
- 2026: 87,55 euro, gauez egindako lanaldi bakoitzeko.
Diru kopuru horiek, eta txandakako lanari dagokiona, handituko dira unean-unean hitzarmen kolektiboaren gainerako soldata-kontzeptuetarako ituntzen den igoerarekin bat.
Langileek, 55 urte bete ondotik eta erretiroa hartu arte, gaueko txanda edo gaueko guardiak ez egitea erabakitzeko eskubidea izanen dute, baldin eta enpresak txanda beteta badu.
Bonusa.
Enpresan ezarritako gehieneko bonusa oinarrizko soldataren %10 da.
Banaketa edo eskema unean-unean zehaztuko da, enpresako taldearen helburu edo politiken arabera.
Dietak.
Langile guztien bidaiak ordaintzen dira, betiere Kemira taldeak gastu horiek ordaintzeko duen politika indardunari jarraikiz. Egiaztagiririk ez badago, 4 euro ordainduko dira gosari bakoitzeko eta 10,50 euro bazkari eta/edo afari bakoitzeko.
Ostatu gaua.
Askotariko gastu gisa, etxetik kanpora igarotzen den gau bakoitzeko 50 euro ordainduko dira nominan.
13.1 artikulua. Pentsio plana.
Kemira Estellako langile guztiek parte hartzen ahalko dute Kemira Ibérica SAren pentsio planean, jarraian zehaztutako araubide finantzarioarekin. Enpresak urteko soldata gordinaren %1eko ekarpenak eginen dizkio pentsio planari, eta langileen ekarpenak urteko soldata gordinaren %0,5ekoak izanen dira. Ekaineko nominatik deskontatuko da.
Hala nahi duten langileek borondatezko ekarpenak egiten ahalko dizkio pentsio planari, ekaineko lehen hamabostaldian, betiere une bakoitzean ezarritako muga fiskalak betetzen badira.
14. artikulua. Aldi baterako ezintasuna, edozein dela ere kontingentzia.
Aldi baterako ezintasun egoeretan, kontingentzia edozein delarik ere (eritasun arrunta, lanekoa ez den istripua, laneko eritasuna edo laneko istripua), langilea lanean balego kobratuko lituzkeen ordainsari guztien %100 ordainduko du enpresak lehenengo egunetik hasi eta kontingentzia bukatu arte, absentismoa eta bajaren arrazoia zeinahi delarik ere.
Kontingentzia arruntengatik gertatzen diren aldi baterako ezintasun prozesuak kudeatzeko (hots, kontrola, jarraipena eta estaldura ekonomikoa) Gizarte Segurantzarekin lankidetzan ari den entitatearekin (Mutua) sinatutako lankidetza-hitzarmena iraungitzen denean, enpresak legez ezarrita dauden baldintza eta epeetan salatu eta ebatziko du hitzarmen hori, eta aldi baterako ezintasun prozesu horien kudeaketa Gizarte Segurantzako entitate kudeatzaileari (GSIN) esleituko dio, eta ezin izanen du berriro itundu kudeaketa hori Gizarte Segurantzarekin lankidetzan ari diren entitateekin (Mutuak).
15. artikulua. Urteko lanaldia, laneko egutegia, txandak eta oporrak.
15.1. Lanaldia.
- Gehienez 1.728 orduko lanaldia 2024rako.
- Gehienez 1.720 orduko lanaldia 2025erako.
- Gehienez 1.720 orduko lanaldia 2026rako.
15.2. Lan-egutegia eta txandak.
Urteko jaiegunen egutegi ofiziala argitaratu eta hilabeteko epean gehienez, enpresako zuzendaritzak urteko lan-egutegia adieraziko du, langileen ordezkariei entzutea emanda.
Adostutako lan-egutegia oinarri harturik, enpresak txandak eta lan-ordutegiak finkatuko ditu, lehen aipatutako urteko lanaldiaren arabera.
Behin lan-egutegiak prestatu eta txandak eta ordutegiak finkatu ondotik, iragarki-taulan argitaratuko dira.
Langileek astebete izanen dute aldaketak eskatzeko. Enpresak hiru eguneko epean erantzun beharko du.
Txanden egutegia eta ordutegiak behin betiko onetsi ondotik, enpresak edozein txanda edo ordutegi aldatzeko, langilearen onespena beharko da, eta, aldatuz gero, 35 euro ordainduko zaizkio.
15.3. Oporrak.
Urteko oporrak izanen dira 15.1 artikuluan finkaturiko ordu kopuruaren eta urteko lanorduen arteko aldea.
16. artikulua. Ordaindutako lizentziak.
- Ordaindutako 16 orduko baimena 2024rako.
- Ordaindutako 24 orduko baimena 2025erako.
- Ordaindutako 24 orduko baimena 2026rako.
Enpresan aplikatu beharreko gainerako lizentzia ordainduak II. eranskinean ageri dira; II. eranskinean jaso ez diren kasuetan, industria kimikoaren XX. hitzarmenari segituko zaio.
17. artikulua. Hitzarmenaren gainerako gaiak.
Hitzarmenaren gainerako gaietan Industria Kimikoaren XXI. Hitzarmen Sektorialean eta aplikatzeko gainerako lege arauetan jasoko dira, barne hartuta hitzarmen kolektibo guztietan negoziatu eta nahitaez jaso beharrekoak.
Hitzarmen honek 2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioak izanen ditu.
I. ERANSKINA–APARTEKO ORDUEN BALIOA
KONTZEPTUA | FAKTORE |
EGUNEAN | 1,6 |
EGUNEAN GAUA | 1,9 |
OSTIRAL GAUA | 2,6 |
LARUNBAT GOIZA | 2,2 |
LARUNBAT ARRATSALDEA | 2,4 |
LARUNBAT GAUA | 3 |
IGANDE GOIZA | 2,7 |
IGANDE ARRATSALDEA | 2,8 |
JAIEGUN GOIZA | 2,7 |
JAIEGUN ARRATSALDEA | 2,8 |
JAIEGUN GAUA | 3 |
Asteburuko beharra ordu bakar batzuetakoa baldin bada, ordainduko den gutxieneko balioa lau ordukoa izanen da, lanean denbora gutxiago egoten bada ere.
II. ERANSKINA.–LIZENTZIAK
Langileak, ahal den neurrian aurrez abisatuta, baimena du lanera ez joateko, ordaindua izateko eskubidearekin, arrazoi hauengatik eta bertan adierazten den denborarako:
1. Hamabost egun natural, ezkontzeagatik edo izatezko bikotea osatzeagatik.
2. Haurrak jaiotzeagatik, bi egun; horietako bat egun balioduna izan beharko da, erregistrora joateko. Lau egun ere izaten ahalko dira, kirurgia-operazio bat (zesarea) beharrezkoa bada edo fakultatiboak gaixotasun bat diagnostikatuz gero, edo langileak joan-etorria egin behar badu horretarako. Azken kasu horretan, irizpide honi jarraituko zaio aipatu lizentzia handitzeko: 100-200 km-ko distantzia bidaia bakoitzeko, egun bat gehiago; 200 km-tik gora, 2 egun gehiago; hori guztia, non ez dagoen besterik dioen ebazpen judizialik edo enpresako itunik, kontuan hartuta non dauden herria eta ospitalea. Amak ospitalean egon behar badu jaiotzagatiko baimenak iraun bitartean, egun horiek jarraian edo etenak eginda hartzen ahalko dira ospitalizazioa bitartean.
3. Ezkontideak, izatezko bikotekideak edo odol edo ezkontza bidezko bigarren mailara arteko ahaideek (izatezko bikotekidearen odol bidezko ahaideak barne) edo langilearekin etxe berean bizi den eta haren zaintza behar duen beste edozein pertsonak istripu edo eritasun larria baldin badu, ospitaleratu behar badute edo etxean atseden hartzea eskatzen duen ospitaleratzerik gabeko ebakuntza kirurgikoa baldin badu edo hiltzen bada: bost lanegun. Ospitaleratzearen edo ospitaleratu gabeko ebakuntza kirurgikoaren aurreko egunean gaueko txanda duten langileek txanda horretan hartzen ahalko dute baimen ordaindua, baldin eta adierazitako egoerak 14:00ak baino lehenago gertatzen badira.
4. Langilearen nahiz haren ezkontidearen seme-alaben, gurasoen nahiz anai-arreben ezkontzagatik: egun natural bat, ezkontzaren eguna bera.
5. Egun bat, ohiko bizilekua aldatzeagatik.
6. Behar-beharrezkoa den denbora, publikoa eta pertsonala den eginbehar saihetsezin bat betetzeko, boto ematekoa barne. Lege edo hitzarmen bidez ezarritako arau batean denbora-tarte jakin bat finkatua dagoenean (botoa emateko eskubidea erabiltzeko, esaterako), absentziaren iraupenaz eta ordain ekonomikoaz arau hartan xedatutakoari jarraituko zaio. Gainerako kasuetan, publikoa edo pertsonala den nahitaezko eginbehar bat bete beharreko egunaren bezperan gaueko txanda duten langileek txanda horretan hartzen ahalko dute baimen ordaindua, baldin eta dagokion eginbeharraren zitazioa 14:00ak baino lehenagoko bada.
Besteak beste, publikoa eta pertsonala den nahitaezko eginbehar hartuko dira Espainian bizi eta lan egiteko baimenak berritzeko tramiteak, baldin eta horietarako zitazioa pertsonala bada eta ezinezkoa bada langileak beste pertsona baten esku uztea ordezkaritza.
7. Ahaideak zaintzeko baimena: Ordaindutako 4 eguneko baimen urtean premiazko eta familiako premiei erantzuteko; kasurako, medikuarengana joatea eta premiazko izapideak egitea. Egunok orduka hartzen ahal dira, eta aplikagarriak dira odol nahiz ezkontza bidezko ahaidetasuneko bigarren mailara arteko ahaideak zaintzeko.
8. Zortzi asteko guraso baimena: Ordaindutakoa ez bada, baimen honek langileei aukera ematen die 8 urtera arteko seme-alabak edo harreran hartutako adingabeak zaintzeko. Jarraituan edo jarraitu gabe hartzen ahal da, eta guraso bakoitzarendako banako eskubidea da.
9. Langileak ikasketa edo lanbide titulu bat lortzeko ikasketa arautuak egiten baldin baditu, behar-beharrezkoa den denbora azterketetara joateko. Azterketa egiteko langileak 100 kilometrotik gorako joan-etorria egin behar badu, baimena egun osorako emanen da. Distantzia hori langilearen bizilekutik neurtuko da, noranzko bakarrean. Azterketaren aurreko egunean gaueko txanda duten langileek txanda horretan hartzen ahalko dute baimen ordaindua, baldin eta azterketaren deialdia 14:00ak baino lehenagoko bada.
10. Behar-beharrezkoa den denbora, jaio aurreko azterketa medikoak egiteko eta erditzea prestatzeko tekniketan trebatzeko, lanorduetan egin behar badira.
11. Langilearen kargu dagoen lehen graduko ahaide bati medikuaren kontsultara laguntzeko, behar-beharrezkoa den denbora hartuko da, baldin eta kontsultategiko ordutegia eta lanaldia batera gertatzen baldin badira.
Baimen hori hartzeko, irizpide hauek hartuko dira aintzat:
a) Ezkontideari laguntzeko, zenbaki honetan aipatzen diren gainerako baldintzak bete beharko dira.
b) Laguntza beharra zehaztearen ondorioetarako, ezkontidea edo lehen mailako ahaidea langilearen "kargura" dagoela ondorioztatuko da baldin eta laguntza horren benetako beharra baldin badu adinagatik edo istripu edo eritasun bategatik, eta hori dela eta, gauza ez bada bere kasa moldatzeko edo medikutara bakarrik joateko.
c) Pazienteak langilearen helbide berean bizi beharko du; bestela, antzeko egoera bat eskatuko da, pazienteak eguneroko bizitzan langilearekiko mendekotasun handia duela erakusteko; esate baterako, etxean edo zahar etxe batean bizi diren adineko gurasoak izatea.
d) Ezkontidea edo ahaidea medikutara eramateko, langileak aurreko 2. apartatuan adierazita dagoen bezala egin behar badu joan-etorri bat, ez da ondorioztatuko ahaidea langilearen kargura dagoenik.
e) Laguntza behar duela frogatu beharko da, lagundu aurretik edo ondotik; horretarako, fakultatiboaren egiaztagiria edo agiri ofiziala aurkeztu beharko da, eta bertan frogatu ahaidearen egoera dela-kausa ezinezkoa duela kontsultara laguntzarik gabe joatea aipatzen diren arrazoiengatik.
f) Adinari dagokionez, mendekotasuna eta, beraz, laguntza beharra dagoela ulertuko da legez adinez nagusia izan arte; hau da, 18 urte bete arte.
12. Semeak edo alabak, behar baino lehen jaio delako edo jaio ondotik beste edozein arrazoirengatik, ospitaleraturik egon behar badu, aitak edo amak eskubidea izanen du lantokitik ordubete ateratzeko.
Behar bezala frogatutako ohiz kanpoko kasuetan, aurreko apartatuaren 1etik 3ra bitarteko zenbakietan ezarritako lizentziak behar den denborarako emanen dira; kasu horretan, lizentziak emateko baldintzak adosten ahalko dira, baita ordainsariak kobratzea edo ez kobratzea ere.
Lizentziaren gertaera eragilea beste herrialde batean gertatzen denean, 6 egun emanen dira (horietatik 4 ordainduak eta beste 2 soldatarik gabeko lizentzia izanen dira). Soldatarik gabeko lizentzia-egun gehiago ematen ahalko dira, enpresa eta langilea ados jarriz gero, baldin eta xedeko herrialdearen kokapenagatik eta eskura dauden garraioengatik beharrezkoa bada.
Langileen ordezkariekin bestelako itunik egin ezean, artikulu honetan aipatutako lizentzietan jaso beharreko ordainsarian sartuko dira finko izaera duten kontzeptu guztiak, langileek lanaldi arruntean eta jarduera normalean jasotzen dituztenak; aldakorrak diren osagarriak eta/edo lana benetan emateagatik jasotzen direnak soilik geldituko dira hortik kanpo.
Lizentzia jasotzeko, baldin eta ospitaleratu behar bada ezkontidea edo izatezko bikotekidea, edo odol edo ezkontza bidezko bigarren mailara arteko ahaideak, izatezko bikotekidearen odol bereko ahaidea barne, bai eta aurrekoak ez diren pertsonak ere baldin eta langilearekin etxebizitza berean bizi badira eta hirugarren apartatuan jasotakoaren benetako zaintza behar badute, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:
a) Ospitaleratzetzat bakarrik hartuko da ospitale batean 24 orduz edo denbora gehiagoz egotea, eta dagokion ospitaleratze-agiriarekin.
b) Ahaideren bat larrialdietara joatea edo hartan laguntza jasotzea ez da ospitalizaziotzat hartuko, salbu eta egonaldia 24 ordutik gorakoa baldin bada. Hortaz, kasu horretan bakarrik sortuko da artikulu honen 3. apartatuanadierazitako ospitalizazioagatiko lizentziarako eskubidea.
c) Lizentzia jasotzeko, nahitaez aurkeztu beharko da langilearen senidearen ospitaleratze-txostena, ospitalean egon dela ziurtatzeko.
d) Ospitalizazio kasuak ukitutako ahaidearen ospitalizazio bakoitzari dagozkio, haietako bakoitzaren zergatiak berdinak izan edo desberdinak.
Artikulu honetan jasotako lizentzia kasu guztietan, lizentziaren hasierako eguna gertaera eragilearen egun bera izanen da, salbu eta ospitalizazio kasuetan; izan ere, kasu horietan lizentzia gero ere hartzen ahalko da, baina baldin eta gertaera eragileak orduan ere badago; hau da, ezkontideak, izatezko bikotekideak edo odol edo ezkontza bidezko bigarren mailara arteko ahaideek, izatezko bikotekidearen odol bidezko ahaideak barne, edo langilearekin etxe berean bizi den eta haren zaintza behar duen beste edozein pertsonak ospitaleratu behar badute edo etxean atseden hartu behar badute. Kasu horretan, langileak erabakiko du nola hartu lizentzia, egun jarraituetan edo ez, betiere behar den denborarekin abisatuta.
Artikulu honetako kasu guztietan lizentzia ordaindua hartzeko eskubidea aitortuko zaie bai ohiko senar-emazteei, bai edozein eremu geografikotan sortu diren edo sortzen ahal diren erregistro publikoetan legez erregistratutako izatezko bikoteei, bai, halako erregistrorik izan ezean, batera egiletsitako notario-eskritura publiko baten bidez egiaztatzen diren bikoteei. Nolanahi ere, lizentzia hartzeko ezarri diren eskakizunak betetzen direla modu fede-emailean frogatu beharko da enpresaren aurrean.
Artikulu honen 1. apartatuan aipatzen den lizentziaren kasuan, langileak idatzizko eskaera aurkeztu beharko du enpresan, egoera justifikatzen duten agiriekin batera, bikote egonkorra inskribatu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Hala egin ezean, bere eskubideak preskribatuko du.
Iragarkiaren kodea: F2507799
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
