130. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

93C/2025 EBAZPENA, maiatzaren 15ekoa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita Productos Kol SL enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Aztertu da Productos Kol SL enpresaren hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31101062012016), zeina erregistro honetan sartu baitzen 2025eko apirilaren 14an, 2025eko apirilaren 2an enpresaren eta sindikatuen ordezkariek sinatua, eskatutako zuzenketak egin ondoren.

Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin,

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Productos Kol SL enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode-zenbakia: 31101062012016).

Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2025eko maiatzaren 15ean.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

PRODUCTOS KOL SL ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA
2024-2027 ALDIRAKO

I. KAPITULUA.–APLIKAZIO EREMUA.

1. artikulua. Aldeak zehaztea.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

II. KAPITULUA.–SOLDATA-POLITIKA.

3. artikulua. Indarraldia, iraupena eta luzapena.

4. artikulua. Ordainsariak.

5. artikulua. Aparteko haborokinak.

6. artikulua. Mozkinen paga.

7. artikulua. Absentismoko plusa.

8. artikulua. Aldi baterako ezintasunaren ondoriozko soldata-osagarria.

9. artikulua. Antzinatasuna.

10. artikulua. Produkzio prima.

11. artikulua. Kilometrajea.

12. artikulua. Gaueko lana.

13. artikulua. Baldintza hobeak.

III. KAPITULUA.–LANALDIA.

14. artikulua. Urteko lanordu kopurua.

15. artikulua. Aparteko orduak.

16. artikulua. Oporrak.

17. artikulua. Lizentziak.

IV. KAPITULUA.–LANBIDE SAILKAPENA.

V. KAPITULUA.–LANAREN ANTOLAKETA.

VI. KAPITULUA.–KONTRATAZIOA.

VII. KAPITULUA.–ESKUBIDE SINDIKALAK ETA SOZIALAK.

VIII. KAPITULUA.–LAN OSASUNA.

AZKEN KLAUSULA.

2024KO ORDAINSARIEN TAULA.

I. KAPITULUA.–Aplikazio eremua

1. artikulua. Aldeak zehaztea.

Productos Kol SLren hitzarmen kolektiboa sinatu duten alderdiak: alde batetik, enpresaren ordezkari gisa, Productos Kol SL enpresaren zuzendaritza, eta, bestetik, langileen ordezkari gisa, enpresa batzordea, honako hauek osatua: Pep Comella Pons, Sara Soteras Osés eta M.ª Pilar Sanchez Cano, CCOO sindikatuaren ordezkariak; Ana Isabel Sola Ozcoidi, Andrés Puente Borrero; eta Jose Miguel San Miguel Ibañez, ELA sindikatuaren ordezkariak; eta Asier Alcalde Bengoa eta Alfonso Leoz Moriones, LAB sindikatuaren ordezkariak.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Hitzarmen kolektibo honek Productos Kol SL enpresan du eragina (egoitza Zangozan du), bai eta enpresa horretan zerbitzuak ematen dituzten pertsona guztiengan ere. Enpresak ehungintza-industriaren sektorean gauzatzen du bere ekoizpen jarduera.

II. KAPITULUA.–Soldata-politika

3. artikulua. Indarraldia, iraupena eta luzapena.

Hitzarmen kolektibo honen indarraldia 2024ko urtarrilaren 1ean hasiko da, eta 2027ko abenduaren 31n bukatuko.

Itundutako iraupena bukatu ondoren, bi alderdietako edozeinek salatu ez badu, hitzarmena urtero luzatuko da.

Hitzarmen hau salatu nahi bada, hitzarmena edo luzapena bukatu baino 3 hilabete lehenago gutxienez salatu beharko da.

Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, berariaz adostu da ezen, hitzarmena salatu eta itundutako iraunaldia bukatu ondoren, hitzarmenak indarrean jarraituko duela harik eta bi aldeek horren ordezko bat sinatzen duten arte.

4. artikulua. Ordainsariak.

2024. urteko ordainsariak: 2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, 2023ko soldata-taulen gaineko soldata-igoera hau ezartzen da: aurreko urteko Estatuko KPIa gehi %1,5, gehieneko eta gutxieneko mugarik gabe.

2025. urteko ordainsariak: 2025eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, 2024ko soldata-taulen gaineko soldata-igoera hau ezartzen da: aurreko urteko Estatuko KPIa gehi %1,5, gehieneko eta gutxieneko mugarik gabe.

2026. urteko ordainsariak: 2026ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, 2025eko soldata-taulen gaineko soldata-igoera hau ezartzen da: aurreko urteko Estatuko KPIa gehi %1,5, gehieneko eta gutxieneko mugarik gabe.

2027. urteko ordainsariak: 2027ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, 2026ko soldata-taulen gaineko soldata-igoera hau ezartzen da: aurreko urteko Estatuko KPIa gehi %1,5, gehieneko eta gutxieneko mugarik gabe.

5. artikulua. Aparteko haborokinak.

Uztaileko eta eguberrietako aparteko paga bakoitza osatzen dute jarduera arruntaren hilabeteko soldatak, antzinatasunak, mozkinen pagak eta absentismoaren plusak. Hau da, jarduera arruntaren hileko soldatak, gehi antzinatasunak, gehi aurreko bi kontzeptuen %13ak.

Paga horiek, besterik itundu ezean, uztailaren hasieran eta abenduaren 20an ordainduko dira, hurrenez hurren.

Enpresaren eta langileen artean adostuta, hitzarmen honetan aurreikusitako aparteko haborokinak 12 hilabetetan hainbanatzen ahalko dira.

Aparteko haborokinak ordaintzearen ondorioetarako, benetan lan egindako denboratzat hartuko dira laneko istripuen, lanbideko eritasunen edo amatasunaren ondoriozko aldi baterako ezintasunaren baja aldiak, bai eta haurdunaldiko arriskuaren ondoriozkoak ere.

Halaber, enpresaren eta langilearen artean adostuta, aparteko haborokinen ordainketa urteko seihileko natural bakoitzean benetan lan egindako denboraren proportziozkoa izan daiteke, hau da, uztailekoa lehenengo seihilekoari dagokionez, eta eguberrietakoa bigarren seihilekoari.

Gainera, bi alderdiek finkatzen ahal dute ordainsarien sistema nola eta zein baldintzatan egokitu aurreko paragrafoan ezarritakoari.

6. artikulua. Mozkinen paga.

Jarduera arrunterako ezarritako soldaten baturaren %6 izanen da mozkinen paga, eta, behar denean, antzinatasuneko saria bider 425 egun eginda handituko da. Zenbateko hori urtarrilean ordainduko da urtero; nolanahi ere, enpresak aldi laburragoetan ordaintzea erabaki dezake.

7. artikulua. Absentismoko plusa.

Jarduera arrunterako ezarritako soldaten baturaren %7 izanen da absentismoko plusa, eta, behar denean, antzinatasuneko saria bider 425 egun eginda handituko da. Plus hori ordainduko da laneko absentzien indizea, zein diren ere arrazoiak, %8ra iristen ez den kasuetan, hori langile bakoitzarentzat hilabetean kontatuta; hilabetean hiru puntualtasun falta izanez gero, %7 hori galduko da.

Aldi baterako ezintasun kasuetan, langileak benetan jasotzen duen prestazioaren gainean kalkulatuko da absentismoko plusa, non ez den hura laneko istripu baten ondorioa, orduan prestazioaren zenbatekoan egonen baita kontatuta.

Artikulu honen ondorioetarako, Langileen Estatutuaren 37. artikuluko 3. paragrafoaren eta hitzarmen honen 17. artikuluaren babesean hartutako legezko baimen egunak ez dira absentismorako arrazoi gisa kontatuko, aldez aurretik abisatu eta justifikatuz gero.

8. artikulua. Aldi baterako ezintasunaren ondoriozko soldata-osagarria.

Laneko istripu baten, 24 ordutik gorako ospitalizazio baten, amatasunaren eta haurdunaldiko arriskuaren ondoriozko aldi baterako ezintasunaren kasuan, enpresek oinarrizko soldataren %100 arteko soldata-osagarria ordainduko dute, gehi antzinatasuna, halakorik bada, eta absentismoko plusa eta mozkinak.

Medikuarengana joateko lanpostua utzi behar duten langileen kasuan, horren ondorioz aldi baterako ezintasuna ematen bazaie, eta lanaldiaren %50ean jada lan egin badute, %100ean lan egintzat joko da.

Justifikatutako gaisotasunen kasuan, arduradunari abisatuta, eta legezko beste xedapen batzuek langileari aitortzen dizkioten eskubideak galarazi gabe, langileak soldataren %50 kobratuko du, baina onura hori ez da urtean lau egun baino gehiagotan izanen.

9. artikulua. Antzinatasuna.

2013ko urriaren 1etik aurrera, enpresaren zerbitzuan emandako denboragatik, ordainsarien aldian aldiko igoerak jarduera arrunteko soldataren %4ko bost bosturteko izanen dira, hitzarmenean jasotako industria jardueraren sektore guztietarako eta langile talde guztientzat.

Prestakuntza aldia kontuan hartuko da antzinatasunerako.

Errespetatuko dira langileek 2013ko urriaren 1a baino lehen egindako bosturtekoak, %6koak baitira. Aipatu datatik aurrera, bosturteko berriak oinarrizko soldataren %4koak izanen dira, %24ra arte, gehienez ere.

10. artikulua. Produkzio prima.

Productos Kol enpresaren kontratua duten lantegiko eta biltegiko langile guztiek, kontratu horrekin enpresan urtebeteko antzinatasuna badute, produkzio primarako eskubidea daukate.

Prima horrek ez die gainbegiraleei eta arduradunei eragiten.

Enpresak eta batzordeak, urtero, ekitaldia hasi aurretik, erabakiko dituzte helburuak eta ordaintzeko modua.

–Produktibitatea edo emaitzak izaten ahal dira helburuak, bai eta enpresak, batzordearekin adostuta, finkatzen duen beste edozein helburu ere.

–Ordainketa hilabetero egin daiteke, edo zati bat hilabetero eta beste zatia ekitaldia bukatutakoan; edo ordainaldi bakar batean, edo ukitutakoek erabakitzen duten beste edozein modutan.

Ez dute produkzio prima hori jasotzeko eskubiderik izanen hilean 8 absentzia-egun baino gehiago izan dituzten langileek. Absentziak kontatzeko, laneko absentzia mota guztiak hartuko dira kontuan, salbu eta medikuagatik, ordu sindikalengatik, norberaren aukerako egunengatik, oporrengatik edo gehiegizko lanaldiengatik gertatzen direnak.

Orobat, ez da produkzio primarik sortuko abian den hilabetean baldin eta aurreko bi hilabeteetan langileak 8 absentzia-egun baino gehiago izan baditu eta aurreko hilabetean produkzio prima kobratu badu. Aurreko hilean prima kobratu ez badu, berriz 8 absentzia-egun baino gehiago izanez gero bakarrik deskontatzen ahalko zaio.

Hitzarmen kolektiboa indarrean dagoen 4 urteetan, produkzio prima 2.300 eurokoa izanen da urtean.

Productos Kol enpresan lanean hasten diren lantegiko eta biltegietako langileek, kontratu horrek enpresan urtebete baino gutxiagoko antzinatasuna badu, hileko hasierako ekoizpen prima oso bat jasotzeko eskubidea izanen dute, 100 eurokoa. Prima hori nominako gainerako kontzeptuak bezala kobratuko da.

Urtea betetakoan, artikulu honen hasieran aipatutako ekoizpen prima arrunta izanen dute.

11. artikulua. Kilometrajea.

Enpresak behar duelako, langileak ohiko lantokitik beste toki batzuetara joan behar duenean, enpresak jarriko du garraiobide egokia, ez baldin badago garraiobide publiko eta kolektibo egokirik, eta azken hori enpresaren kargura izanen da.

Enpresak eta langileak azken horren ibilgailua erabiltzea adostuz gero, enpresak idatzita eman beharko du bidezko baimena, eta 0,35 euro ordainduko da kilometro bakoitzeko.

Enpresan duten eginkizuna dela-eta beste ordainketa sistema bat adostuta duten langileak aurreko horretatik salbuesten dira; esate baterako, saltzaile bidaiariak eta merkataritza ordezkariak.

12. artikulua. Gaueko lana.

Artikulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, gaueko 10etatik goizeko 6ak arte egindako lanari gauekoa esaten zaio.

Gaueko langileen lanaldia ez da, batez beste, 8 ordutik gorakoa izanen egunean, hamabost eguneko epealdian. Langile horiek ez dute aparteko ordurik eginen.

Aurreko paragrafoan xedatua aplikatzeko, gutxienez ere bere eguneko lanaldiaren hiru ordu gauaz egiten duenari esaten zaio gaueko langilea, baita epe horretan bere urteko lanaldiaren heren bat, gutxienez ere, egitea aurreikusita duenari ere.

22:00etatik 24:00ak arte eta 0:00tik 6:00ak arte lan egindako orduei ordainsari osagarri bat emanen zaie, gaueko lanaren plusa deitua, zeina oinarrizko soldataren %60koa izanen baita.

13. artikulua. Baldintza hobeak.

Enpresarekin dituzten itunengatik edo banakako akordioak izateagatik, langileren batek, guztirako batuketa eginda, baldintza hobeak izanez gero, errespetatu eginen zaizkio.

II. KAPITULUA.–LANALDIA

14. artikulua. Urteko lanordu kopurua.

a) Urteko lanaldia:

Urteko lanaldia 1728 ordukoa izanen da 2024rako, 1724 ordukoa 2025erako, 1716 ordukoa 2026rako eta 1712 ordukoa 2027rako, bai lanaldi jarraituetarako bai lanaldi zatituetarako, benetan eta egiaz egindako lanorduak betiere, deusetan galarazi gabe langileek benetako lanaldi efektiboengatik dituzten baldintza onuragarriagoak errespetatzea, ordu horien urteko zenbaketa adierazitakoa baino txikiagoa bada:

Hitzarmenaren indarraldian zehar legezko xedapen baten bidez lanaldi txikiagoren bat onetsiko balitz, legezko xedapen horretan ezarritakoari jarraituko litzaioke.

b) Lanaldiaren malgutasuna:

Merkatuaren inguruabarrengatik, lan pilaketagatik, gehiegizko eskaeragatik edo haien murrizketa edo eskasiagatik, denboraldi aldaketagatik edo antzeko beste arrazoi batzuengatik, enpresaren ohiko jarduera izanda ere, enpresaburuak erabakitzen ahalko du lanaldia itundutakoa baino luzeagoa edo laburragoa izatea, zazpi egun lehenago eta bere erabakia langileen legezko ordezkaritzari justifikatuta, betiere ondoren aipatzen diren modua eta baldintzak betez:

Enpresaburuak hogeita hamar lanegun izanen ditu urtean, non ezartzen ahalko baitu gehienez ere bederatzi orduko lanaldia egunean eta berrogeita bost ordukoa astean, alde batera utzita, berariaz, larunbatak, igandeak eta jaiegunak, besterik adostu ezean.

Konpentsatzeko, egun osoko atsedenaldiak hartuko dira, lanaldia handitu eta ondoko hiru hilabetean. Alderdiek hala adostuta, atsedenaldi hori lanaldi igoerari dagokion ordainsariaren truke konpentsatzen ahalko da.

Erabilera horrek ez du inoiz hitzarmen honetan ezarritako lanaldia handituko, non ez duten aldeek besterik adosten.

Enpresak eta langileen ordezkariak, lan egutegiak prestatzen dituztenean, enpresa bakoitzeko merkatuaren ezaugarriak eta produkzioaren inguruabarrak kontuan izaten saiatuko dira, artikulu honetan onartutako malgutasunaren erabilera ahalik eta txikiena izan dadin.

Enpresa eta langileak ados jarrita, hitzarmen honen 17. artikuluan ezarritako norberaren aukerako orduak horretarako erabiltzen ahalko dira.

Artikulu honetan itundutakoan funtsezko aldaketaren bat egiteko, aldez aurretik langileen legezko ordezkariekin negoziatu beharko da, eta, adostasunik lortzen ez bada, Langileen Estatutuan ezarritakoari jarraituko zaio.

Ahal den neurrian langileen egoera pertsonalak kontuan hartuko dira, adingabeak zaintzeko ardura badute edo haurdun badaude, eta kasu bakoitzean horiekin negoziatuko da ordutegi malgua aplikatzeko modurik egokiena.

15. artikulua. Aparteko orduak.

Aurreko beste akordio batzuetan ezarritako irizpideari eutsiz, hitzarmena izenpetu duten alderdiak bat datoz ohiko aparteko orduak kenduko dituen politika sozial solidario batek ondorio onuragarriak ekar ditzakeela aitortzean. Horretarako, gomendatzen da, kendutako aparteko orduen ordez, langileen eta enpresaren ordezkariek, indarra duten kontratazio moten barrenean, kontratazioak egiteko aukera azter dezatela elkarrekin.

Arestian aipatu den enplegu helburuari dagokionez, arlo horretako nazioarteko esperientziak ikusirik eta indarra duen araudiaren arabera, hitzarmen hau izenpetu duten alderdien iritziz onuragarria da egiturazko aparteko orduak balio bereko atsedenarekin konpentsatzea, diruz ordaindu ordez.

Bestetik, aparteko ordu motei dagokienez, honako hau erabaki da:

a) Ezbeharrak edo bestelako kalte ezohiko eta urgenteak konpontzeko aparteko orduak, eta, orobat, lehengai galkorrak galtzeko arriskurik bada: egitea.

b) Ustekabeko eskarietan, ekoizpen handiko aldietan, ustekabeko lanera ez joateak gertatzen direnetan, txanda aldaketetan edo kasuan kasuko jarduera motaren ondoriozkoak diren egiturazko beste egoera batzuetan beharrezkoak diren aparteko orduak: mantentzea, betiere legez ezarritako kontratazio motaren bat erabiliz ordeztu ezin direnean.

Enpresako zuzendaritzak hilero jakinaraziko die enpresa batzordeari, langileen delegatuei eta sindikatuen delegatuei zenbat aparteko ordu egin diren, zergatikoak azalduz, eta, hala bada, atalez atal banatuak. Halaber, informazio hori eta gorago azaldutako irizpideak kontuan harturik, enpresak eta langileen legezko ordezkariek aparteko orduen izaera eta mota zehaztuko dituzte, hitzarmen kolektiboetan itundutakoaren arabera, eta hilero lan arloko agintaritzari jakinaraziko diote, Gizarte Segurantzako kotizazioari buruz indarra duten arauetan ezarritakoa bete dadin.

Langileen Estatutuaren 35.5 artikuluan ezarritakoari jarraituz, aparteko orduak egunez egun erregistratu eta astero batuko dira. Langileari hileko laburpenaren kopia emanen zaio dagokion partean. Hori guztia, lanaldia era irregularrean banatzeko aukera galarazi gabe, hitzarmen kolektiboan horrela ituntzen bada.

Nolanahi ere, aparteko orduak diruz ordaintzen ahalko dira, edo aparteko ordu bakoitzeko ordu bat eta hiru ordu laurdeneko atsedenaz konpentsatzen. Bai konpentsazio mota bai atsedena hartzea enpresa eta langilea ados jarrita gauzatuko dira.

16. artikulua. Oporrak.

Urteko oporraldia hogeita hamar egun naturalekoa izanen da langile guztientzat.

Oporrak hartzeko garaia honela finkatuko da:

–Produkzioko langileentzat, hiru aste jarraian uda garaian.

–Biltegiko, bulegoetako eta mantentze-lanetako langileek beren arduradunekin adostuko dituzte oporrak.

Enpresaburuaren eta batzordearen artean adostuta, oporraldia bi zatitan hartzea ere erabakitzen ahalko dute. Adostasunik izan ezean, hurrengo irizpideak erabiliko dira:

a) Enpresaburuak oporralditik kanpo uzten ahal du enpresaren sasoikako jarduera produktibo handieneko garaia, langileen legezko ordezkariekin hitz egin ondoren.

b) Enpresaburua eta langileen legezko ordezkariak ados jarrita, langile guztien oporraldiak finkatzen ahal dira, dela opor txandak bata bestearen atzetik antolatuta, dela lan jarduerak erabat etenda, salbu eta kontserbazio lanak, konponketak eta antzeko lanak.

c) Alderdien artean adostasunik ez izatera, jurisdikzio eskudunak ezarriko ditu oporrak hartzeko egunak, eta horren erabakiaren kontrako errekurtsorik ezin izanen da jarri. Prozedura sumarioa eta lehentasunezkoa izanen da.

Langileak bi hilabete lehenago gutxienez jakinen du oporrak noiz hartu.

d) Emakumezko langileek amatasuneko aldi baterako ezintasunari enpresak ezarritako oporraldia eransten ahalko diote. Amatasun kasuetan, adopzioa eta familia-harrera barne, eta, orobat, haurdunaldiko arriskuagatiko aldi baterako ezintasun kasuetan, kontratuaren etetea oporren aldian gertatzen bada, opor egun horiek etenaldia amaitu eta berehala hartzen ahalko dira.

Artikulu honetan aurreikusi ez den orotan gaur egungo Langileen Estatutuaren 38. artikuluan edo horren ordezko arauan ezarritakoa beteko da.

17. artikulua. Lizentziak.

Langileen Estatutuan ezarritako lizentziak aplikatuko dira, une bakoitzeko legeriaren arabera. Horrela, bada, hura aldatu ondoren gerta daitekeen edozein aldaketa alde batera utzi gabe, aldez aurretik enpresari jakinarazita eta ondoren justifikatuta, langilea lanera etorri gabe geratzen ahalko da, ordainsaria jasotzeko eskubidearekin, honako arrazoi hauetako batengatik eta honenbeste denborarako:

–Hamabost egun natural, ezkontzeagatik edo izatezko bikotea erregistratzeagatik.

–Aita, ama, seme-alabak edo anai-arrebak ezkontzen badira, egun ordaindu bat.

–Lau egun ezkontidearen, gurasoen, aitaginarreba-amaginarreben, seme-alaben, ezkontzazko seme-alaben, anai-arreben eta ezkontzazko anai-arreben heriotzagatik, eta bi egun odol edo ezkontza bidezko bigarren mailara bitarteko beste edozein ahaideren heriotzagatik, aurreko kasuan jaso ez bada.

Arrazoi hori dela-eta langileak bidaia bat egin behar badu, epea egun bat gehiago luzatuko da ehorzketaren lekua langilearen bizilekutik 125 eta 300 km artean badago, eta beste egun bat gehiago 300 km baino gehiago badira.

–Aitona-amonen eta biloben heriotzagatik, bi egun. Bi egun izanen dira, edo gehiago, langileak aurreko puntuan aipatu bezalako joan-etorria egin behar duenean.

–Osaba-izeben, osaba-izeba politikoen eta iloben heriotzagatik, egun ordaindu bat.

–Ohiko bizilekua aldatzeagatik: egun bat.

–Ordaindu gabeko baimena emanen da, beharrezkoak diren orduak adinakoa, seme-alaba adingabeei, gurasoei edo aitaginarreba-amaginarrebei eta ezkontideari medikuaren kontsultara lagun egiteko. Osasun zerbitzuekin hitzordua jarrita baldin badago, enpresari aldez aurretik jakinaraziko zaio, eta ondoren horren frogagiria aurkeztuko da beti. Ahaleginak eginen dira baimen horiekin enpresako antolaketari ahalik eta kalte gutxien egiteko. Ahal delarik, ez da langile bat baino gehiago izanen egun berean. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ezarritako nahitaezko azterketa pediatrikoak egitera seme-alaba adingabeak eramateko behar diren orduak ordainduak izanen dira, baina gehienez ere urtean behin.

–Ezkontideak, izatezko bikotekideak edo odol edo ezkontza bidezko bigarren mailara arteko ahaideek (izatezko bikotekidearen odol bidezko ahaideak barne) edo langilearekin etxe berean bizi den eta haren zaintza behar duen beste edozein pertsonak istripu edo eritasun larria baldin badute, ospitaleratu behar badituzte edo ospitaleratzerik ez baina etxean atseden hartzea eskatzen duen ebakuntza kirurgikoa baldin badute: bost egun.

–Behar-beharrezkoa den denbora, publikoa eta pertsonala den eginbehar saihetsezin bat betetzeko, boto ematekoa barne. Legez edo hitzarmen bidez ezarritako arau batean denbora jakin bat finkatua badago, arau horretan absentziaren iraupenari eta horren konpentsazio ekonomikoari buruz xedatuta dagoenari jarraituko zaio.

Goian aipatu den eginbehar hori betetzeagatik hiru hilabeteko tartean lanorduetako %20 baino gehiagotan ezin izan bada lana bete, enpresak 46.1 artikuluan araututako eszedentzia egoerara pasa dezake langilea.

Langile batek kalte-ordaina kobratzen badu eginbeharren bat betetzeagatik edo karguren batean jardun beharragatik, diru kopuru hori bera deskontatuko zaio enpresak ordaintzen dion soldatatik.

–Eginkizun sindikaletan edo langileen ordezkaritza lanetan aritzeko, lege bidez edo hitzarmenen bidez ezarritakoari jarraikiz.

–Jaio aurreko azterketak egiteko eta erditzea prestatzeko tekniketan trebatzeko, adopzioaren, harreraren edo adoptatzeko egiten den zaintzaren kasuetan, informazio eta prestakuntza saioetara joateko eta egokitasun deklarazioaren aurreko txosten psikologiko eta sozialak egiteko, behar-beharrezkoa den denbora, betiere lanorduetan egin behar badira.

–Lau egun, gehienez, ezinezkoa baldin bada lantokira iristea edo hara ailegatzeko behar diren zirkulazio-bideetatik pasatzea agintaritza eskudunek joan-etorrietarako ezarritako gomendio, muga edo debekuen ondorioz, edo arrisku larriko eta berehalako egoera bat gertatzen bada, barne daudela hondamendi edo fenomeno meteorologiko kaltegarri baten ondoriozkoak. Lau egunak igaro ondoren, baimena luzatuko da hura ekarri zuten inguruabarrak desagertu arte, ezertan galarazi gabe enpresak lan kontratua eteteko edo lanaldia murrizteko aukera, ezinbesteko kasuetan, 47.6 artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

Lanaren izaera bateragarria baldin bada urrutiko lanarekin, eta komunikazio-sareen egoerak horretarako bide ematen badu, enpresak martxan jartzen ahalko du, eta begiratuko du betetzen direla Urrutiko Lanari buruzko uztailaren 9ko 10/2021 Legean jasotako gainerako betebehar formal eta materialak, eta, bereziki, bitarteko, ekipamendu eta tresna egokien hornidura.

1. Jaiotzaren, adopzioaren, adoptatzeko zaintzaren edo harreraren kasuan, Langileen Estatutuaren 45.1.d) artikuluarekin bat, langileek eskubidea izanen dute ordu batez lanetik kanpo egoteko, bularreko haurra zaintzearren, horrek bederatzi hilabete bete arte. Ordu hori bi zatitan banatzen ahal da. Ume baten baino gehiagoren jaiotze, adopzio, adoptatzeko zaintza edo harrera kasuetan, baimenaren denbora modu proportzionalean handituko da.

Eskubide hori erabiltzen duenak lanaldiaren ordubeteko murrizketarekin ordezkatzen ahal du, hala nahi badu, helburu berbererako.

Apartatu honetan jasotako lanaldi murrizketa langileen eskubide indibiduala da, eta eskubidea baliatzeko aukera ezin zaio beste guraso, adoptatzaile, zaintzaile edo harreragileari utzi. Hala ere, enpresa bereko bi langilek subjektu eragile beragatik baliatzen badute eskubide hori, aldi berean baliatzeko aukera mugatzen ahalko da enpresaren funtzionamenduari lotutako arrazoi funtsatu eta objektiboengatik, idatziz behar bezala adierazita. Kasu horretan, enpresak plan alternatibo bat eskaini beharko du bi langileak eskubide horretaz baliatzen direla bermatzeko eta kontziliazio-eskubideak baliatzea ahalbidetzeko.

Bi gurasoek, adoptatzaileek, zaintzaileek edo harreragileek iraupen eta erregimen berean baliatzen badute eskubide hori, denbora hori bularreko haurrak hamabi hilabete bete arte luzatzen ahal da, eta soldata proportzioan murriztuko da umeak bederatzi hilabete betetzen dituenetik aurrera. Langileek eskubidea izanen dute ordu batez lanpostutik kanpo egoteko seme edo alaba bat garaia baino lehen jaiotzen bada edo, arrazoia edozein dela ere, jaio ondoan ospitalean egon behar badu.

2. Langileek eskubidea izanen dute ordu batez lanpostutik kanpo egoteko seme edo alaba bat garaia baino lehen jaiotzen bada edo, arrazoia edozein dela ere, jaio ondoan ospitalean egon behar badu. Orobat, lanaldia gehienez 2 ordu murrizten ahalko dute, eta lansaria ere proportzioan murriztuko zaie. Baimen hau baliatzeko, artikulu honetako 4. atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

3. Legezko zaintza dela-eta, langileren batek bere kargura baldin badu hamabi urtetik beherako haurren bat edo ordaindutako lanik egiten ez duen eta desgaitasuna duen pertsona bat, eskubidea izanen du eguneko lanaldia murrizteko, soldata ere hein berean murriztuta, haren iraupenaren zortziren bat gutxienez eta erdia gehienez ere.

Eskubide bera izanen du, adinagatik edo istripu edo gaixotasun baten ondorioz, bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen ezkontidea, izatezko bikotekidea edo bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideren bat –izatezko bikotekidearen odol ahaideak barne– zaindu behar duen langileak.

Gurasoek, adoptatzeko zaintza dutenek edo harrera-egile iraunkorrek eskubidea izanen dute lanaldia gutxienez erdira murrizteko, soldata proportzio berean murriztuta, bere kargura dagoen adingabea zaintzeko ospitalean dagoen bitartean eta tratamendu jarraitua behar duenean minbizia (tumore gaiztoak, melanomak eta kartzinomak) edo beste edozein gaixotasun larri duelako, gaixotasun horrek ospitalizazio luzea eskatzen badu eta zaintza zuzena, jarraitua eta etengabea beharrezkoa bada. Hori egiaztatzeko, autonomia erkidegoko osasun zerbitzu publikoen edo osasun arloko administrazio organoaren txostena aurkeztu beharko da. Langileak horretarako baimena izanen du semeak edo alabak edo adoptatzeko zaintza edo harrera iraunkorreko pertsonak hogeita hiru urte bete arte.

Ondorioz, semeak edo alabak edo adoptatzeko zaintza edo harrera iraunkorreko adingabeak hemezortzi urte betetze hutsak ez du berekin ekarriko lanaldi-murrizketa amaitzea, zaintza zuzena, jarraitua eta etengabea behar izaten jarraituz gero.

Hala ere, zaindu beharreko pertsonak 18 urte bete ondotik, lanaldia murrizteko eskubidea onartzen ahalko da, pertsona horrek 23 urte betetzen dituen arte, minbizia edo gaixotasun larria adin nagusira iritsi baino lehen diagnostikatu bazaio, betiere eskaera egiteko unean aurreko paragrafoetan ezarritako baldintzak egiaztatzen badira, adina izan ezik.

Era berean, murrizketa hori izateko eskubidea mantenduko da pertsonak 26 urte bete arte, baldin eta, 23 urte bete baino lehen, gainera, %65eko edo gehiagoko desgaitasuna frogatzen badu.

Hitzarmen kolektiboaren bidez, baldintzak eta kasuak ezar daitezke lanaldi murriztu hori lanaldi osotan metatu ahal izateko.

Ezkontzaren deuseztatze, banantze eta dibortzio kasuetan, izatezko bikotea azkentzen den kasuetan edo genero indarkeriaren biktima izatea egiaztatzen denean, lanaldia murrizteko eskubidea zaindu beharreko pertsonarekin bizi den gurasoaren, zaintzailearen edo harrera-egilearen alde aitortuko da, betiere eskatzen diren gainerako baldintzak betetzen baditu.

Apartatu honetako hirugarren eta laugarren paragrafoetan aurreikusitako kasuetan dagoen gaixoa ezkontzen bada edo izatezko bikote bat osatzen badu, lanaldia murrizteko eskubidea izanen du haren ezkontideak edo izatezko bikotekideak, betiere eskubide hori izateko baldintzak frogatzen baditu.

Apartatu honetan araututako lanaldiaren murrizketak langileen banako eskubidea dira, gizonezkoak zein emakumezkoak izan. Hala ere, enpresa bereko bi langilek subjektu eragile beragatik baliatzen badute eskubide hori, aldi berean baliatzeko aukera mugatzen ahalko da, enpresaren funtzionamenduari lotutako arrazoi funtsatu eta objektiboengatik, idatziz behar bezala arrazoituta. Kasu horretan, enpresak plan alternatibo bat eskaini beharko du bi langileek eskubide hori baliatzen dutela bermatzeko eta kontziliazio eskubideak baliatzea ahalbidetzeko.

Eskubide hori erabiltzean, kontuan hartuko da emakumeen eta gizonen arteko erantzukidetasuna sustatzea eta, halaber, genero rolak eta estereotipoak betikotzea saihestea.

4. Lanaldia murrizteko baimena baliatzeko ordutegia eta aldia zehaztea, 1., 2. eta 3. apartatuetan aurreikusi bezala, langileari dagokio, bere lanaldi arruntaren barrenean. Hala ere, hitzarmen kolektiboetan irizpideak ezartzen ahalko dira 6. atalean aipatzen den lanaldi murrizketaren ordutegia zehazteko, kontuan harturik langilearen bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa bateratzeko eskubideak eta enpresen ekoizpen eta antolaketa beharrak. Langileak, ezinbesterik gertatu ezean, enpresaburuari hamabost eguneko edo hitzarmen kolektiboan ezarritako aurrerapenez abisatu behar dio, eta bularreko haurra zaintzeko baimena edo lanaldi-murrizketa noiz hasiko eta bukatu den zehaztuko du.

Artikulu honetako 1., 2. eta 3. apartatuetan zehaztutako baimenen epe eta orduen zehaztapena dela-eta enpresaren eta langilearen artean sortzen diren desadostasunak lan arloko jurisdikzioak ebatziko ditu, lan jurisdikzioa arautzen duen urriaren 10eko 36/2011 Legearen 139. artikuluan ezarritako prozeduraren bidez.

5. Genero indarkeriaren, sexu indarkeriaren edo terrorismoaren biktimatzat aitortuta dauden langileek, egiaz babestuak izan daitezen eta gizarte laguntza integrala izan dezaten, eskubidea izanen dute lanaldia murrizteko (soldata hein berean murriztuko zaie), edo beren lan denbora berrantolatzeko, ordutegia egokituz, ordutegi malguaz baliatuz edo enpresak lan denbora antolatzeko dituen beste bide batzuk erabiliz. Eskubidea izanen dute, halaber, lana osorik edo zati batean urrutitik egiteko edo modalitate hori uzteko, sistema hori ezarrita badute, baldin eta bi kasuetan zerbitzu mota hori bateragarria bada langileak betetzen dituen lanpostuarekin eta eginkizunekin.

Kasu jakin horietan eskubide horiek erabiltzen ahal dira lan hitzarmen kolektiboetan edo enpresaren eta langileen ordezkarien arteko akordioetan ezartzen diren moduan, edo enpresaren eta ukitutako langilearen artean ados jarrita. Horrelakorik izan ezean, eskubide horiek langileak berak zehaztuko ditu, aurreko atalean ezarritako arauak aplikatuz, desadostasunak ebazteari dagozkionak barne.

6. Langileak eskubidea izanen du ezinbesteak eraginik lanera joan gabe gelditzeko, baldin eta ahaideekin edo bizikideekin zerikusia duten premiazko familia-arrazoiengatik sortzen bada halabehar hori, edo berehala bertaratzea eskatzen duen gaixotasun edo istripuren bat gertatzen bada.

Apartatu honetan aurreikusitako arrazoiengatik hartzen dituzten absentzia-orduei dagokien soldata jasotzeko eskubidea izanen dute langileek (urtean lau egunen baliokideak), hitzarmen kolektiboan ezarritakoaren arabera edo, halakorik ezean, enpresaren eta langileen legezko ordezkarien arteko akordioaren arabera. Horretarako, langileek absentziaren arrazoia egiaztatu beharko dute.

Ordaindutako baimen horiez gain, erabilera libreko egunak ezartzen dira. Erabilera libreko 2 egun eta erabilera libreko beste egun ez-ordaindu bat hartzen ahalko dira urtean. Betebeharrak:

–7 egun lehenago emanen da abisua.

–Sail bakoitzean eta aldi berean, langile batek bakarrik hartzen ahalko ditu erabilera libreko ordu horiek, eta plantillako %10ek gehienez ere egun berean.

Artikulu honen ondorioetarako, ezkontidetzat joko da langilearekin modu afektiboan eta benetan bizi den pertsona. Hori horrela dela enpresaburuari agiri bidez eta modu sinesgarrian frogatu behar zaio, lizentzia eskatzean.

18. artikulua. Medikura joateko orduak.

Enpresako langileek ordaindutako 16 ordu izanen dituzte urtean medikuaren kontsultara edo espezialistaren kontsultara joateko, aldez aurretik justifikatuta. Nolanahi ere, orokorrean harturik, eskuratutako akordio eta eskubide onuragarrienak errespetatuko dira.

19. artikulua. Eszedentziak.

1. Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginak (2015eko urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 46. artikuluaren 3. apartatuan dioena aplikatuko zaie, orobat, minusbaliatu fisiko edo psikiko bat zaindu behar duten langileei, bai eta lege testu horren 46.3 artikuluaren idazketa berrian jaso diren kasuei ere, zeinak jaso baitira Langilearen Familia eta Lan Bizitza Uztartzea Sustatzeko azaroaren 5eko 39/1999 Legearen indarrez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren indarrez, betiere hartan ezarritako moduan eta lege horiek indarra duten bitartean. Horren arabera, hauek dira egoera horiek:

–Langileek eskubidea izanen dute hiru urte arteko eszedentzia hartzeko seme edo alaba bakoitza zaintzeko, haurra norberak sortua edo adoptatua izan, edo harrera-prozesuan izan, bai modu iraunkorrean bai adoptatu aurreko fasean, behin-behinekoz izanda ere. Hiru urte horiek haurra jaiotzen denetik edo, bestela, epaileen edo administrazioaren ebazpenaren egunetik aurrera kontatuko dira.

–Eszedentziarako eskubidea izanen dute, halaber, adinagatik edo istripu edo eritasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen ahaideren bat –odol nahiz ezkontza bidezko bigarren gradura artekoa– zaindu behar duten langileek. Gehienez ere bi urteko eszedentzia izanen da, negoziazio kolektiboan epea luzatu ezean.

Apartatu honetan ezartzen den eszedentzia langile bakoitzaren eskubidea da, gizonezkoa izan edo emakumezkoa izan, eta zatika hartzen ahal da. Hala ere, baldin subjektu eragile bera zaintzeko eskubidea badute enpresa bereko bi langilek edo gehiagok, enpresaburuak mugatzen ahal du aldi berean erabiltzea eskubide hori, baldin enpresaren funtzionamenduarekin lotutako bidezko arrazoirik bada.

Beste subjektu eragile batek beste eszedentzialdi bat izateko eskubidea sortzen duenean, hura hastearekin bukatuko da ordura artekoa, halakorik izanez gero.

Artikulu honen arabera eszedentzian ematen duen aldia antzinatasunerako zenbatuko zaio langileari, eta lanbide prestakuntzako ikastaroetara joateko eskubidea izanen du; enpresaburuak jakinaraziko dio ikastarootan parte hartzeko aukera, batez ere langilea lanera itzultzen denean. Lehenbiziko urtean lanpostua gordetzeko eskubidea izanen du. Epe hori bukatuta, gordeko zaion lanpostua lanbide talde berekoa edo kategoria baliokide batekoa izanen da.

Aurrekoa hala izanik ere, langilea ofizialki aitortutako familia ugari bateko kidea baldin bada, lanpostua 15 hilabetez gordeko zaio, gehienez ere, kategoria orokorreko familia ugaria denean, eta 18 hilabetez, gehienez, kategoria berezikoa denean.

2. Urtebetetik gorakoa ez den eszedentzia eskatzen duten langileak enpresara berehala itzuliko dira, eszedentziaren eskaeran ezarritako epean gertatzen bada, Langileen Estatutuak 46. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoaren arabera.

Arestian xedatutakoa minusbaliatu fisiko edo psikikoren bat zaindu behar duten langileei ere aplikatuko zaie.

3. Behar bezala justifikatutako kausaren bat izanez gero, langileek ordaindu gabeko eszedentzia hartzeko eskubidea izanen dute, lanpostua gordetzeko eskubidearekin; eszedentzia hori gutxienez hilabetekoa izanen da, eta justifikazioa zuzendaritzaren eta batzordearen artean adostuko da. Eszedentziak ez du inoiz oporrak izateko balioko.

4. Langileek eskubidea izanen dute gutxienez 3 hilabetekoa eta gehienez 3 urtekoa izanen den eszedentzia hartzeko, luzatzeko eskubiderik gabe. Langilea berehala itzuliko da enpresara, betiere eszedentziaren eskaeran ezarritako epean gertatzen bada.

5. Lanaldia murriztea: Legezko zaintza dela eta, langileren batek bere kargura izanez gero 13 urtetik beherako haur bat edo ordaindutako lanik egiten ez duen minusbaliatu fisiko, psikiko nahiz zentzumenezkoren bat edo adineko pertsona bat, eskubidea izanen du lanaldia murrizteko, zortziren bat gutxienez eta erdia gehienez ere, soldata ere hein berean murriztuta.

Langileari dagokio baimenaren orduak eta epea zehaztea bere eguneroko lanaldi arruntaren barrenean, eta enpresaburuari hamabost egun lehenago jakinaraziko dio noiz itzuliko den bere lanaldi arruntera.

Gainera, enpresa eta langilea elkarrekin ados jarrita, lanaldia %50eraino murrizteko baimena eman daiteke, soldata ere hein berean murriztuta.

Ordutegia zehaztean, ahal den neurrian, produkzioko antolakuntza beharrak kontuan hartuko dira.

4. apartatu honetan aurreikusi ez den orotan indarreko Langileen Estatutuaren 37.5 artikuluan eta hurrengoetan edo horren ordezko arauan ezarritakoa beteko da.

6. Enpresa batean enplegu erregulazioko espediente kolektiboa egiten bada, eszedentzian diren langile guztiak hartuko dira kontuan, ondorio guztietarako.

IV. KAPITULUA.–LANBIDE SAILKAPENA

20. artikulua. Lanbide kategoriak.

Hitzarmen honen eraginpeko enpresetarako izendegia lanbide mailatan eta funtzio arlotan sailkatu da.

Lanbide mailak enpresako funtzio arlo bakoitzari aplikatzen zaizkio. Bost dira, hauek hain zuzen:

Produkzio arloa: Fabrikazio prozesuarekin zuzenean loturiko jarduera guztiak biltzen ditu.

Mantentze-lanen eta zerbitzu orokorren arloa: Instalazioen, eraikinen eta makinen mantentze-lanak, kontserbazioa eta konponketak egiteko jarduera guztiak biltzen ditu, eta, orokorrean, osagarritzat jo daitezkeen eginbehar guztiak (zaintza eta garbiketa).

Administrazioaren eta informatikaren arloa: Ondoko helburu hauek dituzten jarduerak biltzen ditu:

1. Informazioa lortzea eta prestatzea, bai eskuzko prozedura tradizionalak erabiliz bai informatika bidez.

2. Antolakuntza ereduak antolatu, artikulatu eta zehaztea.

3. Enpresa, orokorrean, kudeatzea eta aholku ematea.

Merkataritzaren eta biltegien arloa: Honako funtzio hauek dituzten jarduerak biltzen ditu, besteak beste: bezeroak erakartzea, produktua haien beharren arabera definitzea, produktuak banatzea eta saltzea, horien barne daudela produktu bukatuen eta –antzekoak baitira– lehengaien espedizio eta biltegiratze lanak egitea eta karga horiek mugitzea.

Sorkuntzaren eta garapen teknikoaren arloa: Ondoko helburu hauek dituzten jarduerak biltzen ditu:

1. Jantzigintzako produktuak, produkzio prozesuak, erabiltzen diren materialak eta behar diren instalazioak sortu, garatu eta hobetzea, bai eta patroiak egitea ere.

2. Bulego teknikoaren produkzioari buruzko aurrekontuak prestatzeko eta kontrola egiteko jarduerak.

3. Kalitatearen kontroleko eta laborategiko jarduerak.

Arlo horiek jantzigintzako enpresa estandar batean kontzeptu aldetik egin daitekeen azpisailkapenari dagozkio. Lotura zuzenik ez dago arloen kokapen fisikoaren eta haien izenaren artean.

Azaldu diren arlo guztietan, maila hauek ezarri dira:

A maila.

Laguntzailea: enpresako edozein produkzio sailetako lanpostu bat betetzen duen langilea da. Eskatzen zaio, batez ere, lan fisikoa eta/edo arreta izatea garbiketa lanetan, makinetako zamalanetan, barneko garraioan edo eskuzko lan errazetan, hau da, trebezia edo prestakuntza berezirik behar ez dutenetan, nahiz eta, batzuetan, egokitze aldi labur bat behar izan.

Koefiziente historikoa 1,30; Erreferentziako soldata 33,50 euro eguneko.

B maila.

Espezialista: konplexuak ez diren lanak egiten dituen langilea da, nolabaiteko aldiberekotasun maila bat eta/edo mugimenduen koordinazioa eskatzen dutenak, baita lanaren xehetasun txikietan erabakiak hartu beharra ere, prozesuaren barnean metodo estandarrei jarraikiz eta gainbegiratze handiaren pean.

Lan horietan aritzeko beharrezkoa da lanerako lanbide prestakuntza edo antzekoa izatea, enpresan bertan edo enpresatik kanpo praktikaren bidez frogatua, eta langileak bere eginkizunetan nolabaiteko espezializazioa izatea.

Koefiziente historikoa 1,35; Erreferentziako soldata 34,85 euro eguneko.

C maila.

C.2 mailako ofiziala: lan normalak egiten dituen langilea da, nolabaiteko konplexutasuna duten mugimenduen koordinazioa eta/edo aldiberekotasun maila bat eskatzen dutenak, baita laneko xehetasunetan erabakiak maiz hartu beharra ere, enpresako prozesuaren barnean emaitzen gaineko gainbegiratze handiaren pean.

Koefiziente historikoa 1,40; Erreferentziako soldata 36,14 euro eguneko.

Lan horietan aritzeko beharrezkoa da lanbide heziketa, lanerako lanbide prestakuntza edo antzekoa, enpresan bertan edo enpresatik kanpo praktikaren bidez frogatua, baita esperientzia handia ere, edo titulazioa edo LH-I eta egokitze aldi bat.

C.1 mailako ofizial espezializatua: lan zailak egiten dituen langilea da, horietarako nolabaiteko koordinazio intelektuala eskatzen dutenak, baita lan arruntak ez direnak egiteko gaitasuna ere, zeinetan metodo orokorrak soilik erabil baitaitezke; gainera, enpresaren prozesuaren barruan, erabakiak hartzeko nolabaiteko ekimena eskatzen zaio eta taldeko buruari laguntzea edo lanpostu talde homogeneoak gainbegiratzea eta koordinatzea.

Koefiziente historikoa 1,55; Erreferentziako soldata 39,95 euro eguneko.

Lan horietan aritzeko beharrezkoa da lehenengo mailako lanbide heziketa izatea (LH-1) edo antzekoa, praktikaren bidez abalatua, eta fabrikazio prozesua erabat ezagutzea, gehi esperientzia maila handia.

D maila.

Taldeburua (edo arduraduna)/Produkzioko teknikaria: batez ere langile operatiboez osatuta dagoen talde baten gaineko agintea duena. Bere eginkizunak betetzeko, eskatzen zaio behar den gaitasuna izatea lan homogeneoak integratzeko, koordinatzeko eta gainbegiratzeko.

Lan horietan aritzeko beharrezkoa da lehenengo mailako Lanbide Heziketa izatea (LH1) edo antzekoa, praktikaren bidez abalatua, eta fabrikazio prozesua erabat ezagutzea, gehi esperientzia maila handia eta berariazko tekniken gaineko prestakuntza osagarria edo, bestela, bigarren mailako Lanbide Heziketa (LH2), gehi esperientzia nahikoa.

Koefiziente historikoa 2,10; Erreferentziako soldata 54,18 euro eguneko.

E maila.

Goi mailako teknikaria (edo departamentuko burua): batez ere langile operatiboez eta erdi mailako kargudunez osatutako talde baten gaineko agintea duena. Lana planifikatzeko, koordinatzeko eta programatzeko eta bere agindupean dauden langileak gainbegiratzeko gaitasuna eskatzen zaio.

Bere eginkizunak betetzeko, lan homogeneoen multzoak integratu, koordinatu eta kontrolatu beharko ditu.

Bere lanerako LH2 behar du, edo goragoko maila, edo praktikaren bidez abalatutako esperientzia handia.

Koefiziente historikoa 2,30; Erreferentziako soldata 59,37 euro eguneko.

F maila.

Saileko burua/Erdi mailako kargudun teknikaria: lantaldeak edo unitate operatibo txikiak zuzentzea eta gainbegiratzea eskatzen du. Erdi mailako kargudun teknikariek ziurtatzen dute zereginak behar bezala eta ezarritako estandarren arabera egiten direla.

Beren eginkizuna betetzeko, beren kargura dituzten langileen eguneroko jarduerak koordinatu eta antolatu behar dituzte, egindako lanaren kalitatea gainbegiratu eta ziurtatu behar dute, prozedura operatiboak ezarri eta monitorizatu behar dituzte, eta taldeko kideen eta antolamendu-egituraren goiko mailen arteko komunikazioa erraztu behar dute.

Beren lanerako LH2 behar dute, edo goragoko maila, edo praktikaren bidez abalatutako esperientzia handia (horrek esan nahi dezake urteetako esperientzia izatea antzeko roletan).

Koefiziente historikoa 2,40; Erreferentziako soldata 75,93 euro eguneko.

G maila.

Zuzendaritzako kidea: erakundearen barruko unitate operatibo, sail edo atal bateko jarduerak planifikatu, zuzendu eta kontrolatzeko arduraduna da. Zuzendaritzako kideek helburuak ezartzen dituzte, estrategiak eta politikak garatzen dituzte eta erakundearen helburuak betetzen direla ziurtatzen dute.

Beren eginkizuna betetzeko, plan estrategikoak eta operatiboak prestatu eta gauzatu behar dituzte, diziplina anitzeko taldeak zuzendu eta koordinatu behar dituzte, erakundea hazteko eta garatzeko funtsezko erabakiak hartu behar dituzte, errendimendua eta ezarritako helburuekiko aurrerapena monitorizatu eta ebaluatu behar dituzte, baliabideak (giza baliabideak zein baliabide materialak) eraginkortasunez kudeatu behar dituzte, eta komunikazioa mantendu behar dute erakundeko beste arlo batzuekin eta kanpoko eragileekin.

Lan horiek aurrera eramateko, goi mailako unibertsitate-prestakuntza behar da (gradua edo lizentzia), edo esperientzia nabarmena zuzendaritza postuetan. Askotan, graduondoko ikasketak baloratzen dira, hala nola masterrak edo MBA masterrak.

Koefiziente historikoa 2,50; Erreferentziako soldata 83,89 euro eguneko.

Lanbide sailkapena taldeka eta mailaka aplikatzeko irizpideak:

a) Enpresak eta langileen ordezkariek elkarrekin aztertuko dute enpresako lanpostu bakoitza zein mailari dagokion. Lanpostu bati edo batzuei buruz adostasunik lortzen ez bada, hitzarmenaren batzorde teknikoari kontsulta eginen zaio, ekintza judizial edo laneko gatazka batean sartu baino lehen.

b) Batzorde teknikoa. Batzorde tekniko bat eratu da, hitzarmen hau izenpetu duten enpresako ordezkariek eta sindikatuetakoek osatuta, erdibana, ezarritako mailen aplikazioan sor daitekeen edozein desadostasun aztertu eta ebaluatzeko.

Batzorde teknikoak hiru hilean behin bilera arrunta eginen du, beharrezkoa bada. Bilera bereziak ere egiten ahalko dira, aldeetako batek eskatuta, presako arazoez hitz egiteko. Lanbide mailak edo taldeak ezarri ondorengo 12 hilabeteetan egiten diren kontsulta guztiei 30 eguneko epean erantzunen zaie, batzordeak jasotzen dituen unetik aurrera.

c) Enpresako akordioak: Lanbide kategorien gainean dauden akordioak, hitzarmen hau izenpetzen den egunean enpresan indarra dutenak, errespetatu eginen dira.

d) Berme pertsonalak. Jantzigintzako hitzarmen nazionalean bildutako berme pertsonalak hitzarmen honetan ere aplikatuko dira.

1972ko Ehungintzako Lan Ordenantza zaharrak bere garaian errespetatu zituen baldintza hobe haiek, ordenantza hark indarra hartu aurretik enpresek ezarrita zeuzkatenak, errespetatu eginen dira hitzarmen honetan ere, gaur egunean indarrean jarraitzen badute, bederen.

Era berean, hitzarmenean ezarritakoa orokorrean eta urteko kopuruan gainditzen duten egoera pertsonalak errespetatu eginen dira, eta "ad personam" mantenduko dira hertsiki.

e) Lehentasuna: Hitzarmen honetako talde izenek, egin diren definizioen arabera, lehentasuna izanen dute orain arte enpresek eta langileek erabili duten beste edozein izenen gainean.

Interpretazioan arazorik sortuz gero, hitzarmen honetan definitutako lanbide taldeak izanen du lehentasuna, eta ez orain arte erabilitako kategoria historikoak.

21. artikulua. Maila apalagoko lanak.

Kategoria apalagoko lanak egin behar izanez gero eta hilabetea baino gehiago luzatzen badira, txandatan antolatuko dira, enpresak dituen antolakuntza eta teknikako baliabideak eta giza baliabideak kontuan hartuta, betiere.

22. artikulua. Erdi mailako kargudunak eta profesional teknikoak.

A.–Etengabeko prestakuntza eta eguneratze profesionala izateko eskubidea. Ordaindutako aldiak hitzartzen ahal dira alderdi horri erantzuteko.

B.–Langile bat aitortu zaion lanbide kategoriako baino goragoko eginkizunetan urte batean sei hilabete baino gehiago edo bi urtean zortzi hilabete baino gehiago aritzen bada, zilegi izanen du enpresaren zuzendaritzari eskatzea egokitu diezaiotela lanbide sailkapena.

Enpresak uko egiten badio, enpresa batzordeak txostena egin ondoren, zilegi du jurisdikzio eskudunean erreklamatzea.

Goragoko kategoriako eginkizunak egiten direnean baina mailaz igotzea legearen edo hitzarmenen arabera bidezko ez denean, langileak eskubidea izanen du esleituriko kategoriaren eta egiazki betetzen duen eginkizunaren arteko aldea kobratzeko.

C.–Lan arloan indarra duen legeria gainerako langileei bezala aplikatuko zaio agintari taldeari, funtsean haien enpleguaren egonkortasuna ziurtatzeko.

D.–Langileak goragoko maila bateko lanetan ari behar badu, kategorien arteko aldea kobratuko du, egindako orduen, egunen edo hilabeteen arabera.

V. KAPITULUA.–Lanaren antolaketa

23. artikulua. Lanaren antolaketa.

Arau hauei lotuz, lanaren antolaketa enpresako zuzendaritzari dagokio soilik, eta bera izanen da horren erantzulea, eta langileen legezko ordezkariei jakinaraziko die, legeetan eta hitzarmen honetako artikuluetan ezarri bezala.

Aipatu ahalmena gutxitu gabe, langileen ordezkarien eginkizuna izanen da lanaren antolaketari eta arrazionalizatzeari buruz orientatzea, proposamenak eta txostenak egitea, etab.

Lanaren antolaketak arau hauek ditu:

1. Jarduera eta, ondorioz, ezarritako errendimendua betetzea.

2. Behar diren makinak edo lana esleitzea, langileak bete-betean jardun dezan.

3. Fabrikazio prozesuko hondakinen indizeak eta kalitate onargarriaren indizeak finkatzea.

4. Esleitutako makineria zaintzea, artatzea eta garbitzea, baldin eta hori kontuan hartu bada lan eta jarduera kopurua zehazterakoan.

5. Langileak tokiz mugitzea eta birbanatzea, antolaketaren eta produkzioaren beharrei erantzuteko. Nolanahi ere, jasotzen ziren ordainsariak errespetatuko dira eta egokitzeko behar den denbora emanen da.

6. Enpresako langile guztiei jarduera normala eskatzea.

7. Ordainsaria garbi eta erraz kalkulatzeko formula finkatzea, plantillako langile guztiek aise uler dezaten.

8. Pizgarri bidezko ordainketa sistema bat finkatzea. Sail batean edo batzuetan soilik aplikatuko balitz, pizgarria jasoko lukete, halaber, horren ondorioz lan karga handiagoa –hots, jarduera normalean langileko eta orduko izan ohi duten lan karga baino handiagoa– duten langileek.

9. Lan metodoetan, tarifetan eta langileen banaketan aldaketak egitea, eginkizunak aldatzea eta makinen eta materialen aldaketa teknikoak egitea, kasuan kasuko azterketa teknikoa erraztearren.

10. Lan kargak, errendimenduak eta tarifak egokitzea langintza metodoa, fabrikazio prozesua, lehengaiak, makinak edo horien baldintza teknikoak aldatzearen ondorioz sortutako egoera berrietara.

11. Lanaren antolaketaren gainean enpresaburuen eta langileen artean sortzen diren arazoak Lan arloko Agintaritzan edo Jurisdikzioan aurkez ditzakete langileen legezko ordezkariek, arazo horiek, besteak beste, lanbide kalifikazioari, ordainsariei edo zentzuz eska daitekeen lan kopuruari edo lanaren kalitateari eragiten dietenean. Aipatu agintaritzak edo jurisdikzioak legez ezarritako epeetan eta tramiteen bidez emanen du bere ebazpena.

Enpresa ez bada baliatzen aurreko artikuluko epigraferen batean edo batzuetan ezarritakoaz, ez da uko egiten diola ulertuko.

Ezartzeko edo aldatzeko prozedura.

I.–Lanaren antolaketa sistemak ezartzeko edo aldatzeko prozedura ondorengo hau izanen da:

1. Enpresako langileen ordezkari sindikalei idatziz jakinaraztea, hamabost egun aurretik gutxienez, lanaren antolaketa ezartzeko edo aldatzeko asmoa dagoela, eta horren oinarrizko edukiaren berri ere ematea. Egindako azterketaren kopia emanen zaie. Jakinarazpen horrek eragina izanen du zuzenean edo zeharka ukitzen dituen langile guztiengan.

2. Tarifa berrien edo antolaketa berrien esperimentazioa ez da hamar aste baino gehiago luzatuko.

3. Probaldia amaitutakoan, enpresako langileen ordezkaritza sindikalaren adostasuna edo desadostasuna eskatzea, arrazoitua eta idatziz. Hamabost eguneko epean adierazi beharko da eta, epe hori amaitu eta idazkia aurkeztu ez bada, ados dagoela ulertuko da.

4. Hamar eguneko epean, langileen idazki arrazoitua jaso eta gero, edo aurreko atalean ezarritako isilbidezko adostasuna eman ondoren eta 24. artikuluan ematen diren ahalmenak erabiliz, enpresak bere erabakiaren berri emanen dio, idatziz, langileen ordezkaritza sindikalari.

5. Hamabost eguneko epean, plantillako langileek errekurtsoa paratzen ahalko dute, jurisdikzio eskudunari zuzendua, enpresaren ebazpenaren kontra, zeinak espediente osoa igorriko baitio hari, behar den ebazpena eman dezan hilabeteko epean, bidezkoak diren txosten teknikoak aztertu ondotik. Ebazpen horretan zenbait faktore hartuko dira kontuan, besteak beste: lehenago ematen ziren ordainsariak, makina edo ekipamendu berrien errendimenduen eragina, neurtu gabea den eta pizgarria duen lanerako 67.2 artikuluak ezartzen dituen diru-sarreren gutxieneko bermeak eta, orokorrean, beste edozein faktore, estimulu ekonomikoan, langileen errendimenduan eta enpresaren errentagarritasun egokian oinarritua.

6. Lantokietan agerian jartzea lanpostu bakoitzari esleitutako eginbeharren xehetasunak eta onetsitako tarifak.

7. I. paragrafo honetan araututakoa aplikatzerakoan desadostasunik izanez gero, Langileen Estatutuaren 41. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

II.–Lan antolaketaren sistema orokorrean aldaketak egiteko, partzialak soilik, antolaketa ez bada nabarmen aldatzen, adibidez: ohiko ereduen aldaketa eta tarifen aldaketa sinplea –betiere, sisteman aldaketa orokorrak egin gabe– nobedadeko ehungintzako aldaketak, lan egiteko metodoen aldaketak eta abar. Horrelakoetan prozedura honi jarraituko zaio:

1. Ez da beharrezkoa izanen ordezkaritza sindikalari aurrez jakinaraztea.

2. Probarako edo egokitzeko aldia gehienez ere hiru astekoa izanen da.

3. Epe hori iraganik, aldaketa zuzena izan dela ulertuko da baldin eta sei eguneko epean eragozpenak jartzen badizkiote ukitutako langileek.

Ados ez daudenek beren desadostasuna, arrazoitua, jakinaraziko diete enpresako zuzendaritzari eta langileen ordezkari sindikalei. Azken horiek sei egunen buruan beren txostena idatziz aurkeztuko diote enpresari.

4. Beste sei eguneko epean, enpresak aldaketaren gaineko erabakia hartuko du.

5. Ukitutako langileek, beste sei eguneko epean, ebazpenaren kontrako errekurtsoa para dezakete, jurisdikzio eskudunari zuzendua, eta hark ebatziko du artikulu honen I.5 puntuan ezarritakoari jarraikiz.

III.–Artikulu honetan zehaztu diren epeetako egunak lanegunak direla ulertuko da.

Aurreko artikuluan aipatu probaldietan, langileak aurreko hamabi asteetako batez besteko ordainsaria jasoko du, eta arauek diotena baino jarduera handiagoak lortzen baditu, ezarritako tarifen arabera ordainduko zaizkio; tarifak onesten direnean, kontzeptu horregatik jaso beharreko zenbateko guztiak erregularizatuko dira. Tarifak behin betiko finkatzen ez badira, goragoko jarduera ordainduko da, jarduera normala gainditzen duen proportzioan.

Pizgarrien berrikuspena.

Pizgarri sistema bat ezarria duten enpresek, jarduera neurtua edo destajukoa izan, kasu hauetan berrikusten ahalko dute:

a) Tarifa bera duten langileen batez besteko ordainsariak kasu bakoitzean jarduera normalerako ezarritako ordainsariak baino %40 handiagoak direnean.

b) Ezarritako lan kopuruak ez datozenean bat itundutako jarduerekin.

c) Lan metodoak kalkulatzean edo aldatzean akats nabarmenak egin direnean.

Definizioak.

Lanaren antolaketan printzipio eta definizio hauek kontuan hartuko dira:

1. Laneko jarduera normaltzat jotzen da langileak bere erantzukizuna zein den jakinik egiten duena, ahalegin iraunkor eta zentzuzkoaz, gai den zuzendaritzaren mendean, gorputza eta burua sobera nekatu gabe, baina pizgarri bidezko ordainsari baten estimulurik gabe.

Jarduera hori neurketa sistemetako 100, 75 edo 60 indizeei dagokiena da.

2. Jarduera hoberena da batez besteko langile batek, bere lanbide bizitzari kalterik egin gabe, egin dezakeen handiena, egunean zortzi orduz arituz.

Arestian aipatu neurketa sistemetako 140, 100 eta 80 indizeei dagokie.

3. Jarduera normalean egiten den lan kopurua da batez besteko langile batek halako jardueran egiten duena, errekuperatzeko denbora barne.

4. Jarduera hoberenean egiten den lan kopurua da batez besteko langile batek halako jardueran egiten duena, errekuperatzeko denbora barne.

5. Errendimendu normala da langile batek jarduera normalean ordu batean egiten duen lan kopurua.

6. Errendimendu hoberena da langile batek jarduera hoberenean ordu batean egiten duen lan kopurua.

7. Martxan dagoen makinari dagokion denbora da makina horrek lan unitate bat baldintza tekniko jakin batzuetan egiteko ematen duena.

8. Langile baten denbora normala da operazio bat jarduera normalean egiteko ematen duen denbora, errekuperatzeko denbora kontatu gabe.

9. Lan librea da langile batek jarduera hoberenean denbora osoan egiten duen lana.

Lan libreko produkzio hoberena errendimendu hoberenari dagokiona da.

10. Lan mugatua da langile batek jarduera hoberenean denbora osoan egiterik ez duen lana.

Jarduera mugatua izatearen arrazoiak makinako lana, taldean lan egitea edo langintza metodoaren baldintzak izan daitezke. Ordainketaren ondorioetarako, arestian aipatutako mugen ondorioz langileak izaten dituen itxaronaldiak jarduera normalean lan eginen balu bezala ordainduko zaizkio.

Lan mugatuan, produkzio hoberena aterako da kontuan hartuz produkzioko gutxieneko denbora honela osatuta dagoela: makina martxan dagoen denbora gehi makina geldi dagoelarik jarduera hoberenean egindako lan kopurua. Makinen edo ekipamenduen interferentziak kasuz kasu kalkulatuko dira.

24. artikulua. Lanbide prestakuntza.

Enpresak behartutako prestakuntzan emandako denbora benetan lan egindako lanordutzat hartuko da.

Prestakuntza ikastaroetara egindako joan-etorriak benetan lan egindako lanordutzat hartuko dira, eta hitzarmen honen 11. artikuluak ezartzen duenaren arabera ordainduko dira, hau da, 0,32 euro kilometro bakoitzeko.

VI. KAPITULUA.–KONTRATAZIOA

25. artikulua. Berdintasuna lanean.

Debekatua dago langileen adina, sexua, jatorria edo ideologia dela-eta edozein bereizkeria kaltegarri egitea ordainsarietan, lanaldian eta gainerako lan baldintzetan. Bereziki, enpresaburua behartua da balio bereko lanagatik soldata bera ordaintzera, bai oinarrizko soldata eta bai soldata-osagarriak ere, sexua dela-eta inolako diskriminaziorik egin gabe.

26. artikulua. Langile gazteak.

Langile gazteek arau hauek bete beharko dituzte:

1. Lan egiteko gutxieneko adina. Lan egiteko gutxieneko adina 16 urte izanen da, gai horretaz Lanaren Nazioarteko Erakundeak emandako ebazpena betez.

2. Ikasketak egiteko lizentziak. Ikasketak edo horien osagarriak egiten ari diren langile gazteek azterketetara joateko lizentzia ordainduak izanen dituzte, aurrez justifikaturik. Denbora hori ez zaie opor egunetatik deskontatuko.

3. Eskubide sindikalak. Langile gazteak, lanean hasten denetik eta bere kontratazio-araubidea gorabehera, eskubide sindikal guztiak izanen ditu.

Langile gazteei egiten zaizkien kontratu berriak eta bereziki prestakuntza kontratuak enpresan dauden sindikatuek kontrolatuko dituzte. Langile gazteen kontratazioa, nolanahi ere, enplegu bulegoen bitartez eginen da.

Sindikatuek eskubidea izanen dute langile gazte horien lana nola doan gainbegiratzeko; halaber, ikasteko metodoak proposa ditzakete eta prestakuntza programen prestakuntzan parte har dezakete.

4. Gizarte eskubideak. Betiere bi sexuetako gazteen aukera-berdintasuna errespetatuko da, inolako bereizkeriarik gabe.

Langile gazteei kirolean eta oporraldietan dituzten ohiturak errespetatuko zaizkie, eta enpresak hitz ematen du behar dituzten baliabideak emanen dizkiela.

26. artikulua. Enplegu-aniztasuna.

Enpresak hitz ematen du ez duela langile berririk hartuko enplegu-aniztasunaren araubidean. Horrelakotzat joko da astean 40 ordu baino gehiago lan egitea, enplegu desberdinetako orduak batuta, bai eta lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako pentsioa izatea ere.

28. artikulua. Probaldia.

Langileak enpresan lanean hastean proba gisan arituko direla ulertuko da, idatziz horrela agertzen bada. Probaldiaren iraupena alda daiteke bete beharreko lanpostuaren arabera, eta ez da, inondik ere, ondoko eskalan finkatutako denbora baino luzeagoa izanen.

7. Teknikariak, zuzendaritzako kideak eta tituludunak eta arduradunak eta saileko buruak: 6 hilabete.

8. Gainerako langileak: 3 hilabete.

29. artikulua. Behin-behineko kontratua.

Langile berriak kontratatzean, ahal den neurrian eta aukera-berdintasuna errespetatuz, enpresako langileen ahaideek izanen dute lehentasuna.

Merkatuaren gorabeherek, zereginen pilaketak edo eskaera gehiegi izateak eragindako iraupen mugatuko kontratuen iraupena gehienez ere 12 hilabetekoa izanen da 18 hilabeteko tartean, aipatu diren arrazoiak sortzen direnetik hasita, horrela arautua baitago Langileen Estatutuaren testu bateginaren 15. artikuluaren 1. zenbakiaren b) apartatuan.

30. artikulua. Aldi baterako laneko enpresak.

Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko enpresek ezin izanen dute langileak lagatzeko kontraturik egin honako kasu hauetan:

a) Greban dauden pertsonak ordezteko.

b) Erregelamenduz ezarritakoaren arabera, langilearen segurtasunerako edo osasunerako bereziki arriskutsuak diren jardueretan edo lanetan aritzeko.

c) Enpresak bete nahi dituen lanpostuak aurreko 12 hilabeteetan amortizatu baditu bidegabeko kaleratzearen bidez edo Langileen Estatutuaren 50., 51. eta 52.c) artikuluetan ezarritako arrazoiengatik, ezinbesteko kasuetan izan ezik.

d) Agintea edo konfiantza edo goi mailako zuzendaritzako kontratuak inplikatzen dituzten lanpostuak betetzeko.

e) Aldi baterako laneko enpresa batekin kontratu bat egin aitzin, enpresak behartuak daude langileen ordezkariei ondokoen berri ematera:

–ABLEaren izena.

–Egin beharreko lana eta langile kopurua.

–Kontratuaren iraupena eta lanaldia.

–Kontratuaren kostua.

Langileak lagatzeko kontratua idatziz formalizatuko da beti, eta era horretako kontratuak bakarrik eginen dira hitzarmen honetan bildutako xedapen guztiak, soldatei buruzkoak barne, beren langileekin betetzen dituzten enpresekin.

Klausula honetan aurreikusi gabeko guztian, 14/1994 Legean eta maiatzaren 29ko 417/2015 Errege Dekretuan edo horiek ordezten dituzten xedapenetan xedatuari jarraituko zaio.

31. artikulua. Aurreabisua.

Beren lan harremana nahita amaitu nahi duten langileak behartuak daude enpresari aurrez jakinaraztera, epe hauen barrenean:

–A, B, C, C1 mailak: 15 egun aurretik.

–D maila: 30 egun aurretik.

–E maila: 60 egun aurretik.

VII. KAPITULUA.–ESKUBIDE SINDIKALAK ETA SOZIALAK

32. artikulua. Laneko arropa.

Enpresek urtean laneko bi jantzi emanen dizkiete beren zerbitzuko langileei. Erabilitako jantzia itzuli egin beharko da berria ematen den bakoitzean edo lan kontratua bukatu edo amaitzen denean.

33. artikulua. Haurdun dagoen emakumearen lanpostua.

Behin-behinekoz lanpostu egokiagoa emanen zaie haurdun dauden emakumeei, aldatzea beharrezkoa badute, medikuak justifikatu ondoren eta enpresako aukera teknikoak eta antolaketarenak kontuan hartuta.

Gizonen eta Emakumeen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritako eskubide guztiak biltzen ditu hitzarmen honek.

Productos Kol enpresako langileek eskubidea dute lanetik alde egiteko, lansaria izateko eskubidea galdu gabe, jaio aurreko azterketak, erditzearen prestaketa teknikak eta "in vitro" ernaltze praktikak egiteko, baita haurdunaldia eteteko ere. Horretarako, aldez aurretik enpresaburuari abisatu beharko zaio, eta eskatutakoa lanaldiaren barruan egin beharra justifikatu beharko da.

Gurasoetako batek lanetik ordubetez ateratzeko eskubidea izanen du bederatzi hilabetetik beherako haurrari bularra edo esnea emateko. Denbora hori bi zatitan bana daiteke, edo lanaldia ordubetez murriztu hasieran edo bukaeran. Era berean, edoskitzeko orduak batu eta denak jarraian hartzeko aukera ere izanen da, amatasunagatiko etenaldiaren ondoren.

34. artikulua. Eskubide sindikalak.

Batzordeko kideei dagozkien ordu ordainduen kreditua urtean metatzen ahal da zentral sindikal bereko kideen artean.

Horretarako, poltsa bat sortuko da urte hasieran, zentral sindikal bereko ordezkari guztien urteko ordu guztiekin, eta zentral sindikal horretako ordezkariek aipatu orduak erabiltzen ahalko dituzte, baina ez, orotora, dagozkienak baino gehiago.

Enpresak sindikatuko ordezkariei bilera baterako dei egin eta bilera hori bat ez badator sindikatuko ordezkariaren lan ordutegiarekin, aurreko edo hurrengo lanalditik kenduko ditu, besterik gabe, bilera horretan sartutako orduak, nola nahi duen sindikatuko ordezkariak, eta lanean emandako ordutzat hartuko dira ondorio guztietarako.

Langileen ordezkarien lan ordutegia bat baldin badator bilkura orduekin, ordu horiek lanean emandako ordutzat joko dira.

Enpresak antolatzen dituen bilerak ez dira inoiz ordu kredituan sartuko.

Hitzarmen honen indarraldian zehar, legez hautatutako ordezkariei enpresako hitzarmena negoziatzen emandako orduak ez zaizkie kontatuko Langileen Estatutuan ezarritako ordu kredituaren barrenean.

35. artikulua. Enpresa batzordea.

Legeek emandako eskubideak eta ahalmenak galarazi gabe, eginkizun hauek aitortzen zaizkio Enpresa Batzordeari:

1. Enpresako zuzendaritzaren aldetik informazio hau jasotzea:

a) Hiru hilean behin, enpresari dagokion sektore ekonomikoaren bilakaera orokorra, negozioen bilakaera eta entitatearen produkzioaren eta salmenten egoera, enpresaren produkzio programa eta enpleguaren arloan izan dezakeen bilakaera.

b) Urtero, honako hauek ezagutzea eta eskuragai izatea: balantzea, emaitzen kontua, memoria eta, enpresa akzio edo partaidetza bidezko sozietatea baldin bada, bazkideei ematen zaizkien agiri guztiak.

c) Enpresak gauzatu aurretik, honako hauei buruzko informazioa: plantillaren berregituraketak, itxialdi osoak edo partzialak, behin betikoak edo aldi batekoak, lanaldiaren murrizketak, enpresako instalazioen lekualdatze osoak edo partzialak eta enpresak lanbide prestakuntzaz dituen planak.

d) Gaiaren arabera, hauei buruzko informazioa ere bai:

  • i. Laneko antolaketa sistemak ezartzea edo berrikustea eta horiek sor ditzaketen ondorioak: denboren azterketak, primen eta pizgarrien sistemak ezartzea eta lanpostuen balorazioa.
  • ii. Enpresaren bat-egitea, irenspena edo haren "status" juridikoaren aldaketa, enplegu kopuruan eragina baldin badute.
  • iii. Enpresaburuak enpresak erabiltzen dituen lan kontratuen ereduak emanen dizkio enpresa batzordeari, zeinak eskubidea izanen baitu behar diren erreklamazioak egiteko, enpresari zuzenduak eta, hala behar izanez gero, lan arloko agintaritza eskudunari.
  • iv. Falta oso astunengatik ezarritako zehapenak eta, bereziki, kaleratze kasuak.
  • v. Absentismo indizea eta horren zergatiak, laneko istripuak eta lanbide eritasunak eta horien ondorioak, istripu tasak, enpresan sartu diren langileen kopurua, enpresa utzi dutenena eta mailaz igo direnena.

2. Orobat, honako gai hauek begiratuko ditu:

a) Lanaren eta Gizarte Segurantzaren arloan indarra duten arauak betetzea eta enpresako itun, baldintza eta ohiturak errespetatzea; era berean, enpresaburuaren eta erakunde edo epaitegi eskudunen aurrean bidezkoak diren legezko ekintzak gauzatzea, hala behar denean.

b) Irakaskuntzaren kalitatea eta eraginkortasuna enpresak prestakuntzarako eta gaitasuna hobetzeko dituen zentroetan.

c) Segurtasun eta higiene baldintzak, enpresako lanean.

3. Plantillako langileen edo haien familiakoen alde ezartzen diren gizarte ekintzen kudeaketan parte hartzea, arauz ezartzen den moduan.

4. Enpresako zuzendaritzarekin lankidetzan aritzea, enpresaren produktibitatea mantentzen eta handitzen laguntzeko neurriak bete ahal izateko.

5. Enpresa batzordeari, organo kolegiatua den aldetik, gaitasun prozesala aitortzen zaio bere eskumeneko esparruan eginkizun administratiboetan edo judizialetan aritzeko.

6. Enpresa batzordeko kide guztiek, batzordeak berak eta laguntza ematen duten adituek, halakorik bada, isiltasun profesionalez jokatu beharko dute artikulu honi dagokionez, artikulu honen 1. puntuko a) eta c) apartatuetan ezarritakoari buruz izan ezik, baita enpresa batzordeko kide izateari utzitakoan ere, eta bereziki zuzendaritzak isilpekotzat jotzen dituen gaien inguruan.

7. Langileak hautatzeko prozesuetan indarreko araudia edo araudi itundua betetzen dela zainduko du batzordeak, bai eta diskriminaziorik ezaren, sexuen arteko berdintasunaren eta enplegu politika arrazionala sustatzearen printzipioak ere.

Enpresa batzordeek dituzten bermeei eta hileko ordu kreditu ordainduei dagokienez, Langileen Estatutuak agindutakoari jarraituko zaio.

36. artikulua. Erretiroak.

Hitzarmen hau sinatu duten aldeek aztertu dute zer-nolako ondorio onuragarriak sortzen ahal dituen 64 urte betetzean eskubide pasiboen %100arekin erretiratzeko sistema ezartzeak eta, aldi berean, enpresak enplegu bulegoetan erregistratutako langabeak kontratatzeak.

Erretiro aurreratu horiek langile interesdunek berariaz eta idatziz eskatuta gauzatuko dira enpresetan, enpresarekin ados jarrita, eta ordezkapen kontratua mugagabea izanen da.

Hori guztia abuztuaren 1eko 27/2011 Lege Dekretuan edo ordezko xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

Erretiro partziala: Enpresak erretiro partziala emanen die une bakoitzean indarra duen legedian ezarritako baldintzak bete eta erretiro partziala hartu nahi duten langile guztiei. Lanaldi murrizketaren portzentajea eta lanaldiaren banaketa enpresarekin adostu beharko dira. Errelebo kontratua bukatzen denean, enpresak mugagabe bihurtuko du erreleboa hartu duen langilearen kontratua.

37. artikulua. Leialtasun plusa.

Plus berri bat ezarri da, leialtasun plusa, ondorengo baldintzak betetzen dituzten langile guztiei ordainduko zaiena, zenbateko hauek emanez 2024an:

ADINA

JASO BEHARREKO ZENBATEKOA

60 urte betetzean

4.368,79 euro

61 urte betetzean

3.986,52 euro

62 urte betetzean

3.604,27 euro

63 urte betetzean

2.894,30 euro

64 urte betetzean

2.512,07 euro

65 urte betetzean

2.184,38 euro

Langileak plus hori kobratuko du finikitoaren hartu-agiria ordaintzen zaionean, edozein inguruabar dela medio enpresa uzten badu eta aipatu diren baldintzak betetzen baditu.

Hitzarmenaren indarraldiko urteetan, diru kopuru horiek hitzarmeneko taulak igotzen diren portzentaje beretan igoko dira.

38. artikulua. Osasun azterketak.

Enpresak erraztasunak emanen dizkie bere langileei urteko osasun azterketak erakunde ofizialetan egiteko, eta erakunde horiei eskatuko die txostenen kopia bana eman diezaietela langile interesdunei.

Erakunde ofizialek ez badute urteko osasun azterketa egiten, enpresak saiatuko dira osasun azterketak istripuen mutualitateetan edo entitate laguntzaileetan egiten. Azterketa horiek lanorduetan eginen dira.

39. artikulua. Bizi aseguru kolektiboa.

Enpresak aseguruen poliza kolektiboa kontratatuko du bere kontura 2024. urterako; poliza horrek 34.016,74 euroko kapital aseguratua estaliko du laneko istripuaren ondoriozko heriotza gertatuz gero, eta 38.877,40 eurokoa laneko istripuaren ondoriozko lanerako erabateko ezintasun iraunkorra gertatuz gero.

Hitzarmenaren indarraldiko hurrengo urteetan, diru kopuru horiek hitzarmeneko taulak igotzen diren portzentaje beretan igoko dira.

Heriotza kasurako, plantillako langileek kalte-ordainaren onuraduna izenda dezakete. Hori egin ezean, legez dagokiona izanen da onuraduna.

Enpresak polizaren hartu-agiri ordainduaren fotokopia emanen die langileen ordezkariei.

Enpresak hitz eman du poliza horiek kasu gehiagotara hedatuko dituela, langileen ordezkariekin ados jarri ondoren.

Sinatzen den polizak ez ditu inondik ere bere gain hartuko sinadurako eguna baino lehen edo indarra hartzeko eguna baino lehen gertatutako istripuen ondorioak.

40. artikulua. Segurtasuna eta higienea.

18 urtetik beherako langileek ez dute beren indarrez gaineko ahalegin fisikoa eskatzen duen lanik eginen, ezta jarduera osasungaitz, nekagarri edo arriskutsurik ere, Lanaren Nazioarteko Erakundeak nazioartean aitortu eta Espainiako Estatuak berretsitakoaren eta indarra duten beste xedapenek arlo horretan ezarritakoaren arabera.

Laneko segurtasun eta higiene batzordeak eratzen ahalko dira, legeek ezarritako eginkizunekin, eta enpresa bakoitzeko langileen ordezkariek edo enpresa batzordeko kideek osatuko dituzte.

Batzordeetako kideek eskubidea izanen dute enpresak ordaindutako segurtasun eta higiene arloko prestakuntza ikastaroetan parte hartzeko, gehienez ere bi ikastaro urtean, bakoitza 16 ordukoa.

41. artikulua. Lan hitzarmena ez aplikatzea.

Enpresak ezin izanen dio inola ere heldu hitzarmen hau ez aplikatzeko aukerari Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluko prozeduraz baliatuz, eta saiatu beharko da muga-eguna baino lehen hitzarmena berriz ere negoziatzen, beste hitzarmen bat lortzeko edo hura berrikusteko Langileen Estatutuaren 86.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Bi alderdiek espresuki erabaki dute, desadostasunak konpontzeko, Nafarroako Lan Auzitegiko lanbide arteko akordioaren adiskidetze eta bitartekotza prozesuen menpe jarriko direla beti. Arbitraje-prozedura aplikatuko da, bakar-bakarrik, haren menpe jartzeko bi aldeen arteko akordioa badago.

Ekonomia, teknika, antolaketa edo produkzio arloko arrazoiak direla eta, enpresak hitzarmen kolektibo hau aldi batez ez aplikatzea nahi badu, langileen ordezkariekin akordiorik lortzen ez bada eta aplikagarriak diren lanbide arteko akordioen gatazkak konpontzeko prozedurek desadostasuna ebazten ez badute, bi alderdien arteko akordioa beharko da (enpresaren ordezkaritza eta langileen ordezkaritzaren gehiengoa) aplikazio ezaren gaineko desadostasuna Hitzarmen Kolektiboetarako Aholku Batzorde Nazionalaren edo Nafarroako Foru Komunitatean sortzen ahal den hirualdeko organoaren menpe jartzeko.

42. artikulua. Interpretaziorako batzorde paritarioa.

Batzorde paritario bat eratuko da, hitzarmenaren sinatzaileek osatua, non gehienez ere 8 kide arituko baitira: 4 langileen aldetik eta 4 enpresaren aldetik.

Batzordeak eskumen hauek izanen ditu:

a) Hitzarmen kolektibo honetako edozein arau interpretatzea.

b) Hitzarmen honetako konpromisoak garatzea.

Dituen eskumenen ondorioz, edozein ordezkaritzaren heren batek eskatuz gero bilduko da Batzorde Paritarioa.

Batzordea biltzeko deialdia jakinarazpen baten bidez eginen da, bildu baino gutxienez zazpi egun lehenago. Idazki bat erantsiko zaio jakinarazpenari, interpretatu behar den auzia planteatzeko.

Batzorde Paritarioan dauden sindikatuen ordezkaritza bakoitzak 2 aholkulariren laguntza izaten ahal du gehienez, baita enpresaren ordezkaritzak ere. Aholkulariek hitza izanen dute, baina botorik ez. Edozein batzordekidek ordezko bat izaten ahalko du, baldin batzordeari aurretik abisatzen badio.

Batzorde Paritarioa enpresaren lokaletan bilduko da.

Batzorde Paritarioaren akordioak baliozkoak izanen badira, ordezkaritza bakoitzaren botoen %51 aldekoak izan beharko dira; alegia, akordio horietan, alderdi kide bakoitzeko kideen gehiengoa ados egon beharko da, eta bildu denetik astebete igaro baino lehen ebatzi beharko da auzia.

Batzorde Paritarioan sortzen diren desadostasunak Nafarroako Lan Auzitegian konponduko dira, Nafarroako Lan Gatazkak konpontzeko Auzitegiko adiskidetze eta bitartekotza prozedurei jarraikiz. Arbitraje-prozedura aplikatuko da, bakar-bakarrik, haren menpe jartzeko bi aldeen arteko akordioa badago.

Batzorde Paritarioko kide titularrek eskubidea izanen dute bilkuretarako baimen ordaindua izateko hura biltzen den egunetan, eta eginkizun hauek betetzen sortzen diren gastuak enpresak ordainduko ditu.

43. artikulua. Gatazkak auzibidetik kanpo konpontzea.

Bi alderdiek adostu dute auzibidetik kanpoko bitartekotza, adiskidetze eta, hala behar badu, arbitraje prozeduretara eramatea hitzarmen kolektibo honetako gaietan sor daitezkeen desadostasun guztiak, bai eta Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan bildutako lan baldintzei buruzkoak ere, bi alderdiek baiesten duten lanbide arteko organo independente baten esku-hartzea onartuz desadostasun horiek zuzentzeko.

VIII. KAPITULUA.–LAN OSASUNA

44. artikulua. Laneko arriskuen prebentzioa.

Langileen segurtasunak eta osasunak duten garrantziaz jabeturik, hitzarmen honen izenpetzaileek Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean biltzen diren prebentziorako printzipioak berretsi dituzte eta premiazkotzat jo dute laneko arriskuak kudeatzeko politika bat finkatzea sektoreko enpresa bakoitzean, baita horietako maila funtzional eta hierarkiko guztietan ere.

45. artikulua. Arriskuen ebaluazioa.

Enpresaburuak eta enpresako plantillako langileek konpromisoa hartu dute sektoreko laneko arriskuen ebaluazioa abian jartzeko. Ebaluazio horretan laneko segurtasun, higiene, ergonomia eta antolaketari dagozkion arriskuak detektatu eta, hala bada, ebaluatu egin beharko dira.

Arriskuak detektatzean eta ebaluatzean, baita prebentzio neurriak ezartzean ere, enpresetako prebentzioko delegatuek parte-hartze aktiboa izanen dute.

46. artikulua. Amatasunaren babesa.

Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 16. artikuluan jasotako arriskuen ebaluazioak erakusten badu haurdun dauden edo erditu berri diren emakumeen segurtasun eta osasunerako arriskua dagoela, eta gauza bera gertatzen dela haurrari bularra emateko garaian, enpresaburuak behar diren neurriak hartuko ditu eta emakumearen lan baldintzak edo lan denbora egokituko ditu, langile hori arrisku horren eraginpean egon ez dadin. Neurri horietako bat, beharrezkoa denean, gaueko edo txandakako lanik ez egitea izanen da.

Lan baldintzak edo lan denbora egokitzea ezinezkoa denean edo, egokitu arren, lanpostuaren baldintzek kalte egin badiezaiokete emakumeari edo fetuari, eta halaxe ziurtatzen badute Gizarte Segurantzako edo mutualitateetako zerbitzu medikoek, langilea artatzen duen Osasun Zerbitzu Nazionaleko txosten medikoarekin batera, orduan emakumeak bere egoerarako egokia den bestelako lanpostu edo eginkizun bat bete beharko du. Enpresaburuak zehaztu beharko du, langileen ordezkariekin hitz egin eta gero, halako arriskurik ez duten lanpostuen zerrenda.

Lanpostu edo eginkizun aldaketa mugigarritasun funtzionalaren arau eta irizpideekin bat eginen da. Arau horiek aplikatu ondoren, lanpostu edo eginkizun egokirik ez badago, zilegi izanen da langileari bere lanbide taldeari edo kategoriari ez dagokion beste lanpostu bat ematea, baina bere jatorrizko lanpostuko ordainsarietarako eskubidea izaten jarraituko du.

Lanpostuz aldatzea teknikoki eta objektiboki ezinezkoa bada, edo eskaera egitea bidezkoa ez bada justifikatutako arrazoiengatik, lan-kontratua eteten ahalko zaio haurdunaldiko arriskuagatik, bere segurtasuna edo osasuna babesteko behar den denborarako, eta aurreko lanpostura edo lanpostu egoki batera itzultzea ezinezkoa den bitartean.

Aurreko lehen hiru paragrafoetako prebentzio neurriak bularra emateko garaian ere aplikatuko dira, lan baldintzak kaltegarriak badira emakumearen eta haurraren osasunerako, eta horixe ziurtatzen badu langilea artatzen duen Gizarte Segurantzako medikuak.

47. artikulua. Genero indarkeria.

Genero indarkeriaren biktima izan diren langile emakumezkoei, epaileak haiek babesteko agindua eman baldin badu, edo Ministerio Fiskalaren txosten baten bidez adierazi bada demandaren jartzailea genero indarkeriaren biktima izan dela ondorioztatzeko zantzuak daudela, Genero Indarkeriaren Aurka Oso-osoko Babesa Emateko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoan arautzen diren lan baldintzen gaineko eskubideak bermatuko zaizkie, eta, zehazki, 21., 22. eta 23 artikuluetakoak.

48. artikulua. Berdintasuneko, aniztasuneko, inklusioko eta diskriminaziorik ezeko planak.

Enpresak nahitaez bete beharko ditu une bakoitzean berdintasunaren, aniztasunaren, inklusioaren eta diskriminaziorik ezaren politikei buruz indarrean dauden arau guztiak.

49. artikulua. Aniztasunarekiko eta LGTBI inklusioarekiko konpromisoa.

Productos Kol SLk aitortzen du aniztasuna funtsezko eta ezinbesteko balioa dela bere antolamenduan, eta, beraz, konpromisoa hartzen du ingurune inklusiboa eta errespetuzkoa bermatzeko LGTBI pertsonentzat.

50. artikulua. Berdintasunerako eta diskriminaziorik ezerako neurriak.

LGTBI pertsonei tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioa bermatzeko, honako neurri hauek hartzen dira:

–Diskriminaziorik ezaren klausula: Enpresak bere egiten ditu diskriminaziorik ezaren eta tratu-berdintasunaren printzipioak, edozein dela ere diskriminatzeko arrazoia: sexuagatik, egoera zibilagatik, adinagatik, arraza- edo etnia-jatorriagatik, egoera sozialagatik, erlijioagatik edo sinesmenengatik, ideia politikoengatik, sexu-orientazioagatik, genero-adierazpen edo –identitateagatik, sexu– eta genero-aniztasunagatik edo familia-aniztasunagatik, desgaitasunagatik, gaixotasunagatik, sindikatu batean afiliatuta egoteagatik edo ez egoteagatik, bai eta hizkuntzagatik ere, indarrean dagoen legeriak ezartzen duen bezala. Hala, debekatu egiten du diskriminazioa dakarren edozein jokabide, bai eta indarkeria edo jazarpen mota oro ere.

–Norberak sentitzen duen generoa eta izena erabiltzea. Trans pertsonek barne-dokumentu eta erregistro guztietan beren genero-identitatearen arabera tratatuak izateko duten eskubidea bermatuko da, bai eta barne-komunikazioan norberak sentitzen duen izena erabiltzekoa ere.

–Barne-araudia egokitzea: Barne-politikak eta jokabide-kodea berrikusiko dira, LGTBI pertsonekiko errespetua eta inklusioa bermatzeko.

–Langileak hautatzeko eta gora egiteko prozesuen protokoloak: Lanbide karrera baldintza berberetan egiteko irizpide objektiboak eta bermeak ezarriko dira, eta joera diskriminatzaile guztiak saihestuko dira beti.

–Trans identitateei lagun egiteko eta haien inklusiorako protokoloa enpresentzat: Genero-trantsizioko prozesuan dauden pertsonekin jarduteko irizpideak, helburuak eta neurriak ezarriko dira.

–Prestakuntza eta sentsibilizazioa:

  • Langileentzako prestakuntza: Aldian behin, sexu- eta genero-aniztasunari buruzko prestakuntza saioak antolatuko dira langile guztientzat, erdi mailako kargudunak eta zuzendaritzako kideak barne.
  • Jardunbide egokien gida: Aniztasunari eta LGTBI inklusioari buruzko gida bat egin eta zabalduko da.
  • Prestakuntza espezifikoa giza baliabideetako langileentzat: Giza baliabideetako langileei prestakuntza emanen zaie LGTBI inklusioari eta diskriminazio- edo jazarpen-egoerak detektatzeari buruz.

–Laguntzeko eta kontziliaziorako neurriak:

  • LGTBI pertsonentzako lizentziak: Ordaindutako lizentziak izateko eskubidea bermatuko da genero-identitatearekin eta trantsizio-prozesuekin lotutako izapideetarako.
  • Familia-aniztasuna aitortzea: Guraso-baimenei eta kontziliaziorako neurriei dagokienez, eskubide berberak bermatuko zaizkie familia guztiei, edozein dela ere haien osaera.

–LGBTI pertsonen aurkako jazarpenari eta indarkeriari aurre egiteko protokoloa: Protokolo espezifiko bat ezartzen da sexu-orientazioan edo genero-identitatean edo -adierazpenean oinarritutako edozein jazarpen mota prebenitzeko eta horren aurrean jarduteko, betiere biktimaren konfidentzialtasuna eta babesa bermatuta.

AZKEN KLAUSULA

Hitzarmen honetan aurreikusi ez den orotan, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginean, martxoaren 24ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako hartan, eta aplikatzekoak diren gainerako legeetan xedatutakoa ezarriko da.

2024. URTERAKO ORDAINSARIEN TAULA

MAILA

KATEGORIA

LANSARIA/EGUNA

A

Laguntzailea

33,50 euro

B

Espezialista

34,85 euro

C2

Ofiziala

36,14 euro

C1

Ofizial espezializatua

39,95 euro

D

Taldeburua

54,18 euro

E

Saileko burua

59,37 euro

F

Goi mailako burua

75,93 euro

G

Zuzendariak

83,89 euro

Iragarkiaren kodea: F2507201