13. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

14280E/2024 EBAZPENA, abenduaren 27koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez prestakuntza beka baten deialdia egiten baita Zuzenbideko lizentziadun edo gradudunentzat, Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzuan aritzeko. DDBN identifikazioa: 804864.

Barne Zuzendaritza Nagusiko Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzuaren ustez, interesgarria da Zuzenbideko lizentzia edo gradua egin duten unibertsitate-tituludunen prestakuntza sustatzea, zuzendaritza nagusi honetan aurrera eramaten diren politikak zuzenean ezagut ditzaten. Tituludun horiek espedienteen kudeaketarekin, espedienteen analisi juridikoarekin eta araudiaren aplikazioarekin lotutako laguntza-eginkizunak izanen dituzte, bai eta agintzen zaien beste edozein ere.

Bekaren deialdiaz eta hura emateaz oinarri arautzaileetan ezarrita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua eta, osagarri gisa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

Halaber,Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea aplikatuko da. Foru lege horrek adierazten du Nafarroako Administrazio Publikoek deitzen dituzten dirulaguntzen, beken eta beste edozein laguntza publikoren oinarri arautzaileetan berdintasun klausulak sartuko direla genero berdintasuna benetan gauzatzeko jarduketak baloratzeko edo, bestela, jarduketa horiek nahitaez betearazteko.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta adierazitakoarekin bat etorriz, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Zuzenbideko lizentziadun edo gradudunentzako prestakuntza beka baten deialdia onestea, ebazpen honen eranskinean bildu diren oinarri arautzaileei jarraikiz. Bekaduna Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzuan arituko da.

2. 13.700 euroko gastua erreserbatzea eta baimentzea, prestakuntza bekaren hasierako aldiari dagokiona, 2025eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan "Bekak" izena duen F40000 F4500 4800 131100 partidaren kargura, edo gaitzen den partida baliokidearen kargura, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago.

3. 13.700 euroko gastua erreserbatzea, prestakuntza bekaren 2026ko luzapen aldiari dagokiona, 2026ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan "Bekak" izena duen F40000 F4500 4800 131100 partidaren kargura, edo gaitzen den partida baliokidearen kargura, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. eta 122. artikuluetan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin.

5. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta igortzea Barneko Kontabilitate Zentrora, Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzura eta Nafarroako Dirulaguntzen Datu-basera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko abenduaren 27an–Barneko zuzendari nagusia, Salvador Díez Zapata.

ERANSKINA.–ZUZENBIDEKO LIZENTZIADUN EDO GRADUDUNENTZAKO PRESTAKUNTZA BEKA BATEN DEIALDIA, 2025. URTEAN BARNE ZUZENDARITZA NAGUSIKO BARNEKO ARAUBIDE JURIDIKOAREN ZERBITZUAN ARITZEKO. OINARRIAK

1. oinarria. Xedea.

Deialdi honen xedea da Zuzenbideko lizentziadun edo gradudunentzako prestakuntza beka bat emateko oinarriak ezartzea. Beka Barne Zuzendaritza Nagusiko Barne Araubide Juridikoaren Zerbitzuan aritzeko da eta norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen da.

Deialdiaren helburua da unibertsitateko lizentziadunen edo gradudunen prestakuntza bultzatzea, Barne Zuzendaritza Nagusian egiten diren jarduketak modu praktiko eta zuzenean ezagut ditzaten.

2. oinarria. Aurrekontuko diru erabilgarria.

Bekaren hasierako aldiarentzat bideratutako zenbatekoa 13.700 eurokoa da, eta Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Prestakuntza bekak" izeneko 900000 90200 4809 233100 partidaren kargura ordainduko da, edo 2025eko aurrekontuetan horretarako onesten den antzeko partidaren kargura. Gorde beharreko gehieneko zenbatekoaren barnean Gizarte Segurantzaren enpresa kuota ordaintzeko zenbatekoa dago.

3. oinarria. Bekaren iraupena.

Esleitzeko ebazpenean adierazten den egunean hasiko da beka; aurreikuspenen arabera, 2025eko urtarrilaren 1ean hasiko da, eta 2025eko abenduaren 31n bukatuko.

Beka sei hilabetez behin luzatzen ahalko da, Barneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez. Horretarako, aldez aurretik eskaera egin beharko du bekaren tutoreak eta konforme egon beharko du bekadunak. Luzapena aurrekontuetan horretarako kreditu nahikoa egotearen mende izanen da.

Bekak hogeita lau hilabete iraunen du gehienez, luzapenak barne, eta 2026ko abenduaren 31n bukatuko da beranduenez.

Bekak luzatzen badira, ez da inola ere aldatuko haien izaera.

4. oinarria. Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.

Bekaren zuzkidura hilero 1.080 euro gordinekoa izanen da, edo dagokion zati proportzionala, hala behar bada. Kopuru horretatik bekadunari dagokion Gizarte Segurantzaren kuota deskontatuko da. Diru kopuru horri pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokion konturako atxikipena eginen zaio, indarra duten arauei jarraikiz hala egin behar baldin bada.

Bekaren onuraduna besteren konturako araubidean dauden langileen parekoa izanen da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzearen ondorioetarako, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala; dekretu horrek prestakuntza programetan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean nola eta zein baldintzatan sartzen diren arautzen du, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatuz.

Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzeko (bertan kidetzeko eta/edo alta hartzeko), eta araubide horretatik ateratzeko ere, kontuan hartuko da onuraduna noiz hasten den prestakuntza programan eta noiz uzten duen, enpresak Gizarte Segurantzan inskribatzeko eta langileak kidetzeko, alta eta bajak hartzeko eta haien datuak aldatzeko Erregelamendu Orokorrean ezarritako modu, epe eta ondorioekin.

Onuradunari ematen zaion dirua ez da inolaz ere soldata edo lansaritzat hartuko, laguntza ekonomiko publikotzat baizik.

5. oinarria. Bateraezintasunak.

Prestakuntza beka bateraezina izanen da administrazio beraren eta beste administrazio publiko batzuen bekekin.

6. oinarria. Izangaiek bete beharreko baldintzak.

6.1. Dokumentazioa aurkezteko epea bukatzen den egunean honako betebehar hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoak soilik izaten ahal dira onuradunak:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaz behar adina badakitela frogatu beharko dute.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta desgaitua ez egotea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluarekin.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdia argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) 1. oinarrian aipatzen den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua.

f) Eskatutako unibertsitateko titulu ofiziala bekaren deialdi hau argitaratu aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.

g) Beharrezkoa bada, beka emateko ebazpenaren aurretik frogatzea zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela. Horrekin batera, adierazpen edo hitzemate idazki bat aurkeztu beharko du, aditzera emateko ez duela kobratzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu baten edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu baten beste edozein laguntza publiko, helburu bera duena eta bekarekin bateraezina dena.

h) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galarazten ahal dionik.

6.2. Betebehar horiek guztiak bekak irauten duen denbora osoan bete beharko dira.

7. oinarria. Balorazio baremoa.

1. Ebaluazio batzordeak aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratuko ditu; gero, beka emateko proposamena eginen du, lortutako puntuazioaren araberako ordenari jarraikiz. Gehienez ere 25 puntu lortzen ahalko dira.

Baremo honi jarraituz baloratuko dira eskaerak:

a) Ikasketa espedientea. 10 puntu gehienez.

Espedientearen batez besteko nota baloratuko da.

Ez dira baloratuko 6,5 puntutik beherako batezbestekoa duten espedienteak (10 puntuko eskalan).

Puntuazio hauek emanen dira: nahikoa, 6 puntu; oso ongi, 8 puntu; bikain, 9 puntu; eta ohorezko matrikula, 10 puntu.

b) Deialdi honetan eskatutakoaz bestelako lizentzia edo gradu tituluak. 2 puntu gehienez.

Zuzenbidekoa ez den lizentziako edo graduko unibertsitate titulu bakoitzeko puntu bat emanen da. Bakoitzeko puntu bat emanen da.

c) Unibertsitateko master titulua Zuzenbideko espezializazioan. 2 puntu gehienez.

Espezializazio juridikoko unibertsitateko master titulu bakoitzeko puntu bat emanen da, baldin eta horietan sartzeko Zuzenbideko gradu edo lizentzia izatea derrigorrezkoa bada.

d) Hizkuntzak jakitea: euskara, ingelesa, frantsesa eta alemana. 4 puntu gehienez.

Hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo C2 titulua edo ofizialki baliokidea den titulua edukiz gero, 1 puntu gehienez hizkuntza bakoitzarengatik, baremo honen arabera:

HEOko MAILA

ZIURTAGIRIA

PUNTUAK

1.

A1

0,10

2.

A2

0,20

3.

B1

0,40

4.

B2

0,60

5.

C1

0,80

6.

C2

1,00

Hizkuntza eskola ofizialetatik kanpoko ikastetxeetan egindako ikasketen kasuan, berariaz aipatu beharko da egindako ikasketak zein ziurtagiriren baliokideak diren, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren gomendioei jarraikiz. Aipatutako titulua berariaz aurkeztu beharko da.

e) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko prestakuntza: 4 puntu gehienez. 20 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko.

–600 ordutik gorako prestakuntza: 4 puntu.

–400 ordutik 600 ordura bitarteko prestakuntza: 3 puntu.

–200 ordutik 400 ordura bitarteko prestakuntza: 2 puntu.

–20 ordutik 200 ordura bitarteko prestakuntza: 1 puntu.

Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitate publikoek nahiz pribatuek antolatutako edo emandako prestakuntza baino ez da baloratuko. Prestakuntza zentroak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko da prestakuntza, eta bertan eskola-orduen kopurua adierazi beharko da. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei 0 puntuko balorazioa emanen zaie.

f) Elkarrizketa pertsonala. 3 puntu gehienez.

Puntu gehien lortzen duten hiru pertsonei dei eginen zaie ebaluazio batzordearen aurrean elkarrizketa pertsonala egin dezaten.

Baloraziorako honako hauek hartuko dira kontuan: motibazioa, ekimena, erantzunen argitasuna eta ordena, gaiak beren artean lotzeko gaitasuna, talde-lanerako gaitasuna eta beste gaitasun sozial batzuk.

Aipatu a) letratik e) letrara bitarteko balorazioetan puntuaziorik handiena lortzen duten hiru eskatzaileei dei eginen zaie telefonoz eta posta elektronikoz, gutxienez ere 72 ordu lehenago. Elkarrizketa egitea nahitaezkoa da, eta hautapen prozesutik baztertu eginen da agertzen ez dena; halakoetan, puntuazio handiena duen hurrengoari deituko zaio.

2. Puntu-berdinketak hausteko irizpideak: Bekarako izangaien merezimendu guztiak batu ondoren puntu-berdinketa gertatuz gero, a) atalean puntuaziorik altuena lortu duenaren alde eginen da. Berdinketa horrela hausten ez bada, b) eta c) atalen zenbaketaren arabera ebatzi beharko da. Berdinketak jarraituz gero, zozketa bidez erabakiko da.

8. oinarria. Eskaerak.

8.1. Interesdunek dagokion eskabidea aurkeztu beharko dute, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 15 egun balioduneko epean, Nafarroako Gobernuaren erregistro bulegoetatik edozeinetan, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan.

Telematika bidez ere aurkezten ahal dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

8.2. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskabidea, eredu normalizatuaren araberakoa, https://www.nafarroa.eus web-orrian eskuragarri dagoena.

b) Eskatzailearen curriculum vitaea, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, lortutako merezimendu guztiak.

c) Zuzenbideko lizentziaren edo graduaren tituluaren fotokopia.

d) Ikasketa espedientearen ziurtagiria (jatorrizkoa edo fotokopia), non agertu behar baitira maila bakoitzeko ikasgai guztien kalifikazioak, berariaz aipatuta zein deialditan gainditu zituen, eta lortutako batez besteko nota.

e) Alegatutako merezimenduak frogatzeko agiriak. Hizkuntzen kasuan, korrespondentzia-taulak web honetan daude ezarrita:

https://formainap.navarra.es/inapidiomas_web/es/acreditaciones/tabla-resumen-de-equivalencias-de-ttulos-de-idiomas

f) Nortasun agiri nazionalaren edo baliokidea den identifikazio agiri baten kopia.

g) Nafarroako erroldatze-ziurtagiria, antzinatasuna zehazten duena, gehienez bi hilabete lehenago egina.

h) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluaren arabera.

8.3. Epearen barrenean aurkeztutako eskaerak aurreko zenbakietan finkatutako dokumentuak ez baditu, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko zaio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela; ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

Eskatzaileek helbide elektroniko bat emanen dute, behar diren komunikazioak edo jakinarazpenak egiteko.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.

8.4. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

9. oinarria. Ebaluazio batzordearen osaera eta bekak emateko prozedura.

9.1. Ebaluazio batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz eta bekak eskatzen dituztenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz. Ebaluazio batzordeak ebazpen proposamena prestatuko du, non izangai onartuei guztira emandako puntuak adieraziko baitira.

Ebaluazio batzordeak honako kide hauek izanen ditu:

–Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzuko titularra.

–Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzuko Araubide Juridikoaren Ataleko titularra.

–Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzuko Zehapen Prozeduraren Ataleko titularra.

Batzordeko kideren bat kanpoan edo gaixorik badago, haren ordez, deialdi honetan eskatzen den titulazio berdina duen Barne Zuzendaritza Nagusiko langile bat arituko da.

Ebaluazio batzordeak Barne Zuzendaritza Nagusiko langileen laguntza izanen du.

9.2. Prozedura ofizioz hasiko da interesdunen eskaerak jasotakoan.

9.3. Ebaluazio batzordea instrukzio organoa da, eta ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.

Elkarrizketa pertsonalerako dei egin baino lehen, deialdiaren web-orrian argitaratuko dira izangaien zerrenda eta lortutako puntuazioa, eskaeren baremoa egin ondokoa.

Beka eman aurretik, ebaluazio batzordeak txosten bat prestatuko du, non adieraziko baita eskatzaileek laguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten ala ez. 6. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko.

9.4. Ebaluazio batzordeak aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratuko ditu; gero, puntuazio handiena lortu duen izangaiari beka emateko proposamena eginen du, eta izangaien zerrenda bat eginen du, lortutako puntuazioaren araberakoa.

9.5. Barneko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen da beka, ebaluazio batzordeak proposamena egin ondotik. Ebazpena https://www.nafarroa.eus argitaratuko da, instrukzio organoak emandako puntuazioaren arabera eskatzaileek duten lehentasun hurrenkeran egindako zerrendarekin batera.

Ebazpenean, gutxienez, beka eskuratzen duen pertsonaren izena eta eskatzaileen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, jaso beharko dira, eta berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla, halakorik baldin bada.

Ebazpena Nafarroako Gobernuaren web-atarian argitaratuko da, bekaren deialdiaren fitxan. Argitaratzeak jakinaraztearen ondorio berberak izanen ditu, 39/2015 Legearen 45. artikuluarekin bat.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik argitaratzen ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

10. oinarria. Tutoretza.

10.1. Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzuko titularra arduratuko da bekaren onuradunak egiten dituen jardueren tutoretza, zuzendaritza eta ikuskapen lanez.

10.2. Tutoreak egin beharreko lan zehatzak aginduko ditu, ordutegiak finkatuko, eta bekadunak bere eginbehar orokor eta berariazkoak betetzen dituen begiratuko du.

11. oinarria. Justifikatzeko epea eta modua.

Onuradunak txosten edo memoria bat aurkeztu beharko du egindako jarduerei buruz eta deialdian ezarritako helburuen betetze mailari buruz. Txosten hori tutoreak baloratuko du. Txostena 2025eko abendua baino lehen aurkeztuko da, eta bekaldia luzatuz gero, urte bakoitza bukatu baino lehen.

12. oinarria. Onuradunen betebeharrak.

a) Bekaren xedeko prestakuntza jarduera betetzea.

b) Organo emaileari justifikatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan den jarduera egin duela eta helburua bete dela.

c) Eskumena duten organoek eman den bekaren gainean egiten ahal dituzten egiaztapen lan guztiak onartzea.

d) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

e) Emandako bekari berariaz uko eginez gero, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez jakinaraztea organo eskudunari.

f) Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzuko bekaduna dela adieraztea bekaren zuzeneko ondorio den edozein argitalpen edo jardueratan.

g) Prestakuntzan ari zela ezagutu duen eta isilpekotzat jo daitekeen informazio tekniko edo administratiboaren gainean sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea bekak irauten duen bitartean, eta ondoren ere bai.

h) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne- edo funtzionamendu-araudia betetzea.

i) Bekaren garapenari buruzko txostenak aurkeztea, 11. oinarrian azaldu den moduan.

13. oinarria. Prestakuntza jardueraren hasiera eta ukoak.

Onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du jarduera. Ebazpenean adierazitako egunean onuraduna ez bada jardunean hasten, organo eskudunari horren berri eman gabe, eta baldin eta organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez baditu, bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da.

Emandako bekari berariaz uko egiten bazaio, Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, beka baliatzen hasi ondoren. Ukoaren berri ematea jarduera utzi baino hamabost egun natural lehenago egin beharko da gutxienez.

Eskuratutako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da beka instrukzio organoak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak betetzea uko egin arte sortu diren betebeharrak.

14. oinarria. Prestakuntza jarduera egitea.

Bekaduna Barne Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan arituko da, astean gehienez ere 30 orduz. Halaber, bekadunak prestakuntzarako behar diren joan-etorriak eginen ditu.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia emanen zaio bekadunari.

15. oinarria. Jabetza intelektuala.

Beka jasotzeko hautatzen diren pertsonek jabetza intelektualaren gainean dituzten eskubideak, bekaldia bitartean Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzuan egindako jardueraren ondorioz eskuratzen dituztenak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izaten ahal diren asmakarien gainean legokiokeen jabetzari.

16. oinarria. Lan edo administrazio harremanik eza.

16.1. Beka jasotzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, harreman administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

16.2. Prestakuntza bekaren onuradunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak Barne Zuzendaritza Nagusiko langileek –funtzionario nahiz kontratudunek– gainbegiratuko dituzte, eta haiek izanen dira lan horien erantzuleak. Bekaren onuradunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoko kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

17. oinarria. Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

Bekadunak, prestakuntza zer administrazio publikorekin egiten ari den, administrazio horrekin duen harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen du zerbitzuagatik eta bidaiengatik izaten dituen gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.

18. oinarria. Beka bukatzea.

Honako hauek dira beka bukatzeko arrazoiak:

a) Bekaren epea bukatzea, luzapenik izan gabe.

b) Luzapenaren gehieneko epea bukatzea.

c) Bekari probetxurik ez ateratzea.

d) Bekadunak ez betetzea haren gain utzitako betebehar eta eginkizunak, jarduerak egitean ardurarik ez jartzea, prestakuntzari errendimendu edo probetxu eskasa ateratzea edo prestakuntza batere ez aprobetxatzea, edo lanak kalitate gabekoak izatea.

19. oinarria. Ez-betetzeak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, zilegi izanen da jasotako dirua itzultzeko eskatzea. Zehazki, honako egoeretan itzuli beharko da dirua:

a) Bekadunak ez betetzea haren gain utzitako betebehar eta eginkizunak, jarduerak egitean ardurarik ez jartzea, prestakuntzari errendimendu edo probetxu eskasa ateratzea edo prestakuntza batere ez aprobetxatzea, edo lanak kalitate gabekoak izatea.

b) Prestakuntza beka emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzea, aldez aurretik administrazio baimena lortu gabe. Horretaz gain, aldi berean jasotzea horrekin bateragarria ez den beste beka edo dirulaguntza bat.

c) Azken hilean jasotakoa itzuli beharko da amaierako memoria ez aurkezteagatik.

20. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien eta deialdia aplikatzeko emandako egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluarekin eta hurrengoekin, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

21. oinarria. Aplikatzekoa den legedia.

Agertzen ahal diren gorabehera guztiak honako hauetan ezarritakoarekin bat ebatziko dira: deialdi honetako oinarriak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua, eta, osagarri, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

Iragarkiaren kodea: F2500021