Iragarkia
13. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 21a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
1141E/2024 FORU AGINDUA, abenduaren 12koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez enpresaburuen elkarteentzako eta sindikatuentzako dirulaguntza deialdi bat onesten baita 2025. urtean laneko arriskuei buruzko lankidetza proiektuak egin ditzaten lurraldeko prebentzio-delegatuaren figuraren bidez. DDBN identifikazioa: 802680.
Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 14. artikuluak adierazten du langileek eskubidea dutela laneko segurtasun eta osasun arloan benetako babesa izateko, eta enpresaburuak bere zerbitzupean dauden langileen segurtasuna eta osasuna babestu behar dituela lanarekin zerikusia duten alderdi guztietan.
Laneko arriskuen prebentzioaren kudeaketak arrakasta izateko, hein handi batean premiazkoa da enpresan inplikatutako bi alderdiek, hau da, enpresaburuek eta langileek eta haien legezko ordezkariek, lankidetza egokia izatea. Nafarroan azken urteotan izandako laneko ezbeharren tasa handia eta onartezina izan denez, Administrazioak lankidetza hori sustatu behar du, alderdi guztien ahaleginak bateratzeko asmoz ezbeharren tasa murrizte aldera.
Prebentzio jarduketen eraginkortasunak zerikusi zuzena du laneko arriskuen prebentzioa enpresaren kudeaketan txertatzearekin, eta ikuspegi horrekin bat datoz nazioarteko eta estatuko erakunde garrantzitsuak (ISSA, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Institutu Nazionala), enpresaburuen elkarteak eta sindikatuak.
Une honetan, Nafarroako 2025-2028 Enplegu Plana adosten ari dira Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluaren barruan, organo hori partaidetzarako eta negoziazio instituzionalerako organo gorena den aldetik, eta plan horretan jaso da, hain zuzen ere, lurraldeko prebentzio-delegatuaren figuraren sustapena. Figura horrek, bi alderdien arteko jardun koordinatuaren bidez, landa-lana ahalbidetzen du, prebentzioaren arloko hobekuntzen gainean informatzeko, aholkatzeko eta horiek planifikatzeko; lan hori lagungarria izan daiteke disfuntzioak zuzentzeko eta enpresetan prebentzio kultura handiagoa ezartzeko, bai eta plantilla horietan enpleguaren kalitatea hobetzeko ere. Horregatik, bidezkotzat jotzen da enpresaburuen eta sindikatuen arteko lankidetza sustatzeko laguntzen deialdi bat egitea, laneko arriskuen prebentzioa eraginkortasunez kudeatzeko.
Lurraldeko prebentzio-delegatuaren figuraren izaeragatik beragatik (figura hori Lan Harremanei buruzko Nafarroako Sektorearteko Akordio horren negoziazio legitimotik sortu zen eta Enplegurako Planean jasotzen da), deialdi honek nahitaez bateratua izan behar duen jarduna bultzatzen du enpresaburuen elkarte baten eta sindikatu baten artean, jarduketen plangintza, inplementazioa, jarraipena eta ebaluazioa haien artean adostu daitezen.
Dirulaguntza hau Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartu da, 243 kodearekin ("Enpresaburuen elkarteentzako eta sindikatuentzako dirulaguntza laneko arriskuei buruzko lankidetza proiektuak gauzatzeko, lurraldeko prebentzio-delegatua").
Adierazitakoarekin bat, eta Eskubide Sozialetako Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren 2.2.a) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Dirulaguntzen deialdi bat onestea, 2025. urterako, enpresaburuen elkarteek eta sindikatuek laneko arriskuei buruzko lankidetza proiektuak gauzatu ditzaten lurraldeko prebentzio-delegatuaren figuraren bidez.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko, 410.000 euroko gastua baimentzen da, 2025eko gastu-aurrekontuetako "Lankidetza proiektuak laneko arriskuen prebentzioaren arloan: lurraldeko prebentzio-delegatua'" izeneko 970000 97000 4819 494115 partidaren kargura, betiere horretarako kreditu egokia eta nahikoa baldin badago:
AURREKONTU-PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
970000-97000-4819-494115. Lankidetza proiektuak laneko arriskuen prebentzioaren arloan: lurraldeko prebentzio-delegatua | 2025 | 410.000,00 |
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2024ko abenduaren 12an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Deialdi honetako laguntzen helburua da enpresetan laneko arriskuen prebentzioaren kultura garatzea lurraldeko prebentzio-delegatuaren figurak egindako jarduketen bidez, Nafarroan laneko ezbeharren tasa murrizteko.
Enpresa txikietan ezbeharren tasa handiagoa denez, jarduketak 50 langile baino gutxiagoko enpresetan eginen dira lehentasunez.
2. oinarria.–Onuradunak.
1. Lurraldeko prebentzio-delegatuaren figuraren izaeragatik beragatik (figura hori Lan Harremanei buruzko Nafarroako Sektorearteko Akordioaren negoziazio legitimotik sortu zen, bat etorriz Langileen Estatutuaren 83.3 artikuluarekin, eta horren ondorioz hitzarmen kolektiboaren izaera du), onuradunek egin beharreko jarduketa enpresaburuen elkarte baten eta sindikatu baten artean gauzatu behar da, haien artean ekintzak adosturik. Horregatik, proiektua talde gisa aurkeztu behar da; enpresaburuen elkarte batek eta sindikatu batek osatuko dute taldea, eta onuradun izateko baldintzak bete beharko dituzte:
2. Deialdi honetara honako erakunde hauek aurkezten ahalko dira, talde batean bildurik:
a) Nafarroako Hauteskunde Sindikalen Erregistroan inskribatuta dauden sindikatuak, deialdiaren egunean Nafarroako enpresetan eta administrazio publikoetan guztira ehuneko hamarreko ordezkaritza edo handiagoa dutenak.
b) Nafarroako Foru Komunitatean ordezkagarritasun handiena duten sektorearteko enpresaburuen elkarteak, Langileen Estatutuaren seigarren xedapen gehigarrian araututakoaren arabera.
3. Eskaera egiteko unean, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Taldeetako kide diren erakundeek ezin dituzte urratu Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debekuak. Eskabide-inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da hori.
b) Halaber, ez dute inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen egon behar sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, edo, kasua bada, ez dute arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain egon behar.
Egoera horretan dauden erakundeak laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian aurreikusitako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.
4. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea dirulaguntza ematen duen organoak zuzenean eskura ditzan ziurtagiri telematikoak, egiaztatzen dutenak erakunde eskatzaileak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, dirulaguntza emateko proposamenean eta deialdian araututako ordainketa bakoitza egin aurretik. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.
5. Nortasun juridikorik ez duten taldeek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko ahal aski duena. Dirulaguntza-eskabidean berariaz adieraziko da unitateko kide bakoitzak zer konpromiso hartzen dituen.
6. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.2 artikuluaren arabera, onuradunari elkartutako kideak ere onuraduntzat hartuko dira, baldin eta dirulaguntzaren xede diren jarduera guztiak edo batzuk lehenengoaren izenean eta haren kontura egiteko konpromisoa hartzen badute.
3. oinarria.–Diruz lagunduko diren jarduketen baldintzak.
1. Laguntza eskatzen duten taldeek esku-hartze bateraturako proiektu bat aurkeztu beharko dute, lurraldeko prebentzio-delegatu gisa izendatutako pertsonen bitartez gauzatuko dena eta laneko ezbeharren tasa lankidetzaren bidez hobetzen lagunduko duena. Proiektuak baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Laneko arriskuen prebentzioaren arloko jarduketak bilduko ditu, sentsibilizaziora, aholkularitzara eta informaziora bideratuak, honako hauek barne: enpresetara bisitak egitea, jarduketa-plan bat egitea eta proposatutako neurrien jarraipena egitea adierazle neurgarri eta kuantifikagarrien bitartez.
b) Proiektuan egin beharreko jarduketak 2025eko uztailaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra bitartean eginen dira.
c) Jarduketak, lehentasunez, 50 langile bitarteko plantilla duten Nafarroako enpresetan gauzatuko dira.
d) Proiektuan, deialdi honen aurreko edizioetan parte hartu duten gutxienez 30 enpresa sartuko dira, metodologiaren 6. fasean jasotako xehetasunaren arabera (3. oinarria), eta egindako jarduketak berrikusi, hobekuntzak proposatu eta inplementatutako neurriak ebaluatuko dira, baita neurririk inplementatu ez izanaren arrazoiak ere
e) Proiektuan sartzen diren enpresa berrien kasuan, proiektuko jarduketak banatzean, baldintza hauek beteko dira:
a. Enpresen %20k, gutxienez, 6 langile baino gutxiago izan beharko dituzte.
b. Enpresen %90ek, gutxienez, 50 langile baino gutxiago izan beharko dituzte.
c. Enpresen %40k, gutxienez, Iruñerritik kanpo egon beharko dute. Horretarako, Nafarroako Enpresen Behatokiaren datuak hartuko dira aintzat (https://observatorioempresarial.navarra.es/eu/).
d. Enpresen %50, gutxienez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak 2024an lehentasunezkotzat jo dituen EJSN kodeetako batekoak izanen dira (II. eranskinaren arabera).
e. Lehentasunezkotzat jotako EJSN kode batek ere ezin izanen du enpresen %50 baino gehiago metatu.
2. Dirulaguntza honen ondorioetarako, lurraldeko prebentzio-delegatuek modu mankomunatu eta koordinatuan beteko dituzte beren eginkizunak eta eskumenak, bai enpresaburuek proposatutakoek, bai sindikatuek proposatutakoek. Laguntza honen onuradun diren erakundeek barne koordinazio-organo bat eratu beharko dute, egin beharreko jarduketak eta bisitatu beharreko enpresak planifikatu eta antolatzeko, ahalik eta efizientzia eta efikaziarik handiena bilatuz. Koordinazio organoaren jarduera horren kostua proiektu bakoitzerako ematen den guztizko dirulaguntzaren %15 izanen da gehienez.
Jarduketa diruz lagungarriak dira metodologia honen arabera egiten direnak. Enpresetara egiten diren bisitak nahitaez presentzialak izanen dira:
1. fasea: Analisi eta diagnostikorako bisita:
Enpresek bisita indibidual bat jasoko dute alderdi bakoitzeko (enpresaburuen elkartea eta sindikatua), jarduketa aurkezteko eta informazioa biltzeko. Onuradunek lurraldeko prebentzio-delegatuaren programa aurkezteko gutun bat edukitzen ahalko dute.
2. fasea: Jarduketa-plana prestatzea:
Bisita edo kontaktu horretan lortutako informaziotik abiatuta, alderdiek –enpresaburuek eta sindikatuek– elkarrekin egin beharko dute prebentzioaren arloan atzemandako egoeraren diagnostikoa; egin daitezkeen hobekuntzak eta jarduketak ere adierazi beharko dituzte, eta enpresarentzako prebentzio neurrien proposamena ere egin beharko dute, jarduketa-plan baten barruan bilduak, hobekuntza eta eraginkortasuna lortze aldera. Plan hori bi alderdiek adostu beharko dute, eta jarduketaren xede den enpresan plana ezartzeko egutegi bat ezarri beharko dute, jarraipenaren adierazleak eta emaitzak barne.
3. fasea: Jarduketa-plana aurkezteko bisita:
Lurraldeko delegatuak (enpresaburuarenak eta sindikatuenak) bigarren bisita edo kontaktua eginen du. Bertan, langileen eta enpresaburuaren ordezkariekin batera bilduko da, eta egindako diagnostikoa eta enpresarentzat proposatutako jarduketa-plana aurkeztuko dira.
4. fasea: Neurriak ezartzeko aholkularitza eta laguntza:
Nafarroako laneko arriskuen prebentzioko lurralde-delegatuak, bere eginkizunen barruan, aholkularitza-lanak eginen ditu jarduketa-planean zehaztutako neurriak ezartzeko, sindikatuek edo enpresaburuak eskatuta.
5. fasea: Ebaluatzea eta neurtzea jarduketak zenbateraino ezarri diren eta horien inpaktua:
Azkenik, ezarritako neurrien jarraipena eta ebaluazioa eginen du delegatu bakoitzak, ebaluatu ahal izateko jarduketak enpresan duen inpaktua eta egindako jarduketa-plan bakoitza zenbateraino ezarri den.
6. fasea: Aurreko laguntza-deialdietan sartu diren enpresetan egindako jardueren jarraipena, gehienez ere 10 ordu enpresa bakoitzeko (zehazki, honako hauen bidez onetsitako laguntza-deialdietako jarduerena: Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren apirilaren 25eko 104E/2023 Ebazpenaren bidez eta maiatzaren 22ko 236E/2022 Ebazpenen bidez eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariaren ekainaren 11ko 537E/2024 Foru Aginduaren bidez onetsitakoak).
3. Kudeaketa-organoak 2025ean bisitatu beharreko xede-enpresen zerrendak proposatzen ahalko dizkie onuradunei. Enpresa horiek arrazoi hauengatik hautatuko dira: aurreko hiru urteetan intzidentzia-indize altua izateagatik bere jardueraren sektorean, enpresan aurreko urtean istripu arin bat gertatzeagatik, edo Ekonomia Sozialeko eta Laneko Zuzendaritza Nagusiak edo Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak behar bezala justifikatutako beste arrazoi bategatik.
4. Dirulaguntza honen onuradunek konpromisoa hartuko dute Ekonomia Sozialeko eta Laneko Zuzendaritza Nagusiak, Enplegu Planaren neurria aurkezteko, 2025eko lehen hiruhilekoan antolatu eta eginen duen hasierako jardunaldira joateko eta bertan aktiboki parte hartzeko, eta jardunaldiaren hedapenean lagunduko dute, enpresa gehiago erakartzeko ekitaldi horretara. Era berean, proiektuak gauzatu eta bukatutakoan, onuradun horiek parte hartu beharko dute zuzendaritza nagusi berak 2026ko lehen hiruhilekoan antolatuko duen laneko arriskuen prebentzioaren arloko jardunbide egokiak aitortzeko eta zabaltzeko jardunaldian.
4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa.
1. Aipatu proiektuetako gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak, betiere 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra bitartean fakturatzen badira eta 2026ko otsailaren 28a bitartean ordaintzen badira:
a) Proiektua zuzenean gauzatzera bideratzen diren teknikarien gastuak, hartan diharduten bitartean. Kontzeptu honengatik, gehienez 50.000 euroko soldata-kostua izanen da diruz lagungarria lanaldi osoan urte osorako kontratatzen den pertsona bakoitzeko, eta proportzionalki murriztuko da urte osorako edo lanaldi osokoa ez bada.
b) Erakundeak proiektuan laguntzeko kontratatzen dituen laguntza-langileen gastuak, lan horietan diharduten bitartean.
c) Proiektuko jarduketak aurrera eramateko langile horien joan-etorrien gastuak, joan-etorri horiek kasuan kasuko nominaren bidez ordaintzen direnean.
d) Kanpo enpresak edo aholkulariak kontratatzeko gastuak, aurkeztutako proiektuaren esparruan: gastuaren %70era arte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan aipatzen diren mugak kontuan harturik.
e) Lurraldeko prebentzio-delegatuaren jarduerekin lotutako edukiak sortzeko, editatzeko eta materialen eta komunikabideen bitartez zabaltzeko gastuak, bai eta enpresen eta enpresa-elkarteen artean lurraldeko prebentzio-delegatuaren figura komunikatzeko eta zabaltzeko jardunaldiak, tailerrak eta/edo bilerak antolatzeko eta egiteko berariazko gastuak ere.
Eduki horien zabalkundean ez da emakumea diskriminatzen duen irudirik emanen, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako proiektuaren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.
2. Dirulaguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoaren %70era arteko azpikontratazioa egin daiteke. Ondorio horietarako, ulertuko da azpikontratazioa egiten dela onuradun batek hirugarrenekin hitzartzen duenean diruz lagundutako jardueraren zati bat gauzatzea, onuradun horrek kanpoko baliabideak izanez gero egiten ahal dituen jarduerak izanik. Azpikontratazioa 60.000 eurotik gorakoa bada, kontratu bat egin beharko da idatziz, eta kontratu hori frogagiriekin batera aurkeztu beharko da.
3. Ez dira izanen diruz lagungarriak:
a) Proiektuen xedeko enpresetan laneko arriskuen prebentzioaren arloko jarduketak egiteak eragindako gastuak, baldin eta jarduketa horiek enpresak berak nahitaez egin beharrekoak badira prebentzio lana antolatzeko modalitateren baten bitartez.
b) Gastu diruz lagungarriak justifikatzeko aurkezten dituen fakturen balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) zenbatekoa, salbu eta gastu horiek erakundearen aldetik berreskuratzekoak edo konpentsatzekoak ez badira (berariaz adierazi beharko du).
4. Baldin eta 1. ataleko d eta e letretan aurreikusitako gastu diruz lagungarriren bat 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dutela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dituzte eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman "Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" izeneko inprimakian, laguntzen fitxan dagoen horretan.
Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta, dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik, merkatuan behar adina erakunde hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.
5. Langileen atalean dirulaguntza kalkulatzeko, zenbateko hauek hartuko dira kontuan proiektuan parte hartzen duten bi erakundeetako bakoitzerako:
a) Teknikarien kostua, honela kalkulatuta: 47 euro orduko (kostu sozialak barne), eta, batez beste, 40 orduko dedikazioa enpresa bakoitzeko. Teknikarien kostua guztira, enpresa eta erakunde bakoitzeko: 1.880 euro.
b) Laguntza-langileen kostua, honela kalkulatuta: 30 euro orduko (kostu sozialak barne), eta, batez beste, 15 orduko dedikazioa enpresa bakoitzeko. Administrazioko langileen kostua guztira, enpresa eta erakunde bakoitzeko: 450 euro.
Proiektu bakoitzari gehienez emanen zaion dirulaguntza honela kalkulatuko da:
Proiektuaren barruan bisitatu beharreko enpresen kopurua x 2.330 euro x 2 + joan-etorrien gastuak + kanpo aholkularitzako gastuak + komunikazioko eta zabalkundeko gastuak, 4.1 oinarrian adierazitakoaren arabera.
Horrez gain, proiektuak 6. fase gisa aurreikusitako jarraipen ekintzarik badu, ekintza horietarako diruz lagundu beharreko gehieneko zenbatekoa honela kalkulatuko da: jarraipena egiten zaien enpresen kopurua, eta gehienez ere 10 ordu enpresa bakoitzeko (teknikarien 4 ordu –47 euro orduko– eta laguntza-langileen ordu bat –30 euro orduko–), bi kasuetan kostu sozialak barne daudela.
6. Erakunde bakoitzaren langile-gastu horiei proiektua koordinatzeko gastuen %15 gehitzen ahalko zaie gehienez, orduko 47 euro kalkulatuta, kostu sozialak barne.
5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, horretarako Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.
Laguntza-eskaeran adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskabideak, ez eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ez dira zuzenduko.
3. Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira, bereizita eta behar bezala identifikatuta:
a) Taldea osatzen duten erakundeen legezko ordezkariek sinatutako agiria, non taldearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatzen baita, taldeari, onuradun den aldetik, dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalen jabe.
b) Proiektua, eduki hau izan beharko duena:
–Proiektuaren izena eta talde eskatzailea osatzen duten erakundeen deskribapena.
–Bisitatu asmo diren enpresen kopurua, haien EJSN kodeak adierazita. Datuak jakinez gero, enpresen identifikazioa eta langile kopurua, sexuaren arabera bereizita.
–Jarduketen helburuak.
–Helburuak lortzeko garatuko diren jarduketen deskribapena, aurreikusitako kronograma eta guzti. Aldi horretan bisitatu beharreko enpresen kopurua zehaztuko da, eta ordura arte egin diren jarduketen faseak zehaztuko dira, 3.2 oinarrian jasotakoaren arabera.
–Hala bada, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna bultzatzeko jarduketen deskribapena.
–Adierazleak.
Proiektuaren erredakzioan hizkuntza inklusiboa erabili beharko da. Orobat, pertsonei buruzko datuak sexuaren arabera bereizita eman beharko dira.
c) Memoria ekonomikoa, eduki hau izanen duena:
–Dirulaguntzaren xede diren gastu guztien aurrekontu xehakatua, parte hartzen duen erakunde bakoitzeko, honako hauek adierazita: 4. oinarrian adierazitako gastu bakoitzari egotz dakiokeen ehunekoa eta guztizko zenbatekoa (langile gastuak, joan-etorrietakoak eta jardunaldiak, bilerak eta/edo lantegiak antolatu eta haien zabalkundea egitekoak), proiektuan arituko diren pertsonen kopurua (prebentzioko teknikariak eta/edo laguntza-langileak), pertsona bakoitzaren lanorduak eta kostua, eta, hala badagokio, azpikontratatu asmo diren jarduketak.
d) Eskatzaileak beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa, proiektuak 6. oinarrian ezartzen diren irizpideen arabera baloratzeko.
4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
Eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.
6. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.
1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira lehentasun hurrenkera bat ezartzeko, oinarri arautzaileetan ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz.
Baimendutako kreditua talde eskatzaileen artean banatuko da, laguntzak emateko irizpideetan lortutako puntuazioaren araberako proportzioan, muga izanik talde bakoitzak aurkeztutako proiektuaren gehieneko zenbateko diruz lagungarria. Baimendutako kreditu-gerakinik badago, modu berean banatuko da, baimendutako kreditua agortu arte, kasuan kasuko proiektuaren gehieneko aurrekontu diruz lagungarria baino dirulaguntza txikiagoa esleitu zaien eskatzaileen artean.
2. Hauek dira dirulaguntza emateko irizpideak:
a) Bisitatu beharreko enpresen kopurua: Taldeak proiektuan 30 enpresa baino gehiago biltzen baditu, 25 puntu. Enpresen kopurua 10 eta 30 artekoa bada, 10 puntu. Bisitatu beharreko enpresen kopurua 10 baino txikiagoa bada, 3 puntu.
b) EJSN kodeak: Bisitatu beharreko enpresen %70 baino gehiago baldin badira II. eranskinean jasotako lehentasunezko EJSN kodeetako batekoak, 30 puntu.
c) Langile kopurua: Proiektuan sartutako enpresen %10 edo gehiago 6 langiletik beherakoak badira, proiektuak 10 puntu gehiago jasoko ditu.
d) Lurralde banaketa: Proiektuan sartutako enpresen %60 baino gehiago Iruñerritik kanpo badaude, proiektuak 10 puntu gehiago jasoko ditu.
e) Enpresekin jardunaldiak, tailerrak eta/edo bilerak egiteko konpromisoa, proiektua hedatzeko eta enpresak bertara erakartzeko: proiektuan mota horretako ekintza bat aipatzen bada eta horretarako egutegia ezartzen bada: 10 puntu. Bi ekintza edo gehiago: 20 puntu.
f) Proiektuan, bisitatu beharreko enpresetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari laguntzeko jarduketak sartzen badira: 5 puntu.
7. oinarria.–Dirulaguntza ematea.
1. Lan Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu, eta ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari; bertan adieraziko da onuradunek laguntzak jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.
2. Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da proiektuetako kide den erakunde bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa; kideok ere onuraduntzat joko dira.
3. Epealdi horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.
8. oinarria.–Diruz lagundutako jarduera justifikatzeko modua eta justifikazioa aurkezteko epeak.
1. Hasierako diagnostiko-bisitan ckecklist bat eginen da, non aztertu beharreko puntu hauek jasoko baitira gutxienez: prebentzio plana, prebentzioaren antolamendua, prebentzioaren arloko eginkizunak eta erantzukizunak, arriskuen ebaluazioa, planifikazioa, planifikazioaren jarraipena eta kontrola, istripuen gaineko ikerketa, norbera babesteko ekipamenduak, langileei informazioa emateko modua, langileen prestakuntza, larrialdi plana, osasunaren zaintza, enpresa-jardueren koordinazioa, amatasunaren babesa, langile bereziki sentikorrak, laneko ekipamenduen eta produktu kimikoen adostasun agiriak. Puntu horiek berak jaso beharko dira erakunde onuradunek egiten duten bigarren bisitari dagokion dokumentazioan, bai eta aurreko deialdietan parte hartu duten enpresekin 6. fasearen esparruan egiten diren jarduketetan ere.
2. Konturako ordainketak jaso ahal izateko, onuradunek dokumentazio hau justifikatu beharko dute modu telematikoan, laguntzen fitxaren bidez:
a) 2025eko maiatzaren 30era arte, konturako lehenengo ordainketa bat eskatzen ahalko dute, esleitutako diru-zenbatekoaren %50i dagokiona. Horretarako, txosten tekniko bat aurkeztu beharko da, ordura arte zehaztutako helburuen betetze-mailari buruzkoa. Txostenak enpresa bakoitzean egindako jarduketen laburpen zehatza izan behar du, betetako fase bakoitzari erreferentzia eginez, 3. oinarrian jasotakoari jarraikiz. Era berean, laburpen bat aurkeztuko da eta hartan azalduko da zer jarduketa egin diren enpresa bakoitzean eta zenbateraino inplementatu den proiektua gauzatzean prestatutako jarduketa-plan bakoitza. Txosten horretan lan-parteak sartuko dira, lurraldeko prebentzio-delegatu gisa aritzen diren pertsonek eta jarduketaren xede den enpresak eta/edo, horrelakorik badago, prebentzio-delegatu batek sinatuak. Parte horietan honako hauek jasoko dira nahitaez: bisitan landutako gaiak, aurkeztutako dokumentazioa eta genero-ikuspegiarekin egindako ohar espezifikoak.
b) 2025eko azaroaren 30era arte (egun hori barne), konturako bigarren ordainketa bat eskatzen ahalko da, esleitutako diru-zenbatekoaren gainerako %50ari dagokiona, eta, horretarako, aurreko puntuan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.
3. Dirulaguntzaren errealitatea justifikatzeko, onuradunak 2026ko otsailaren 28ra arte izanen du azken justifikazio teknikoa eta ekonomikoa aurkezteko:
Dokumentazio teknikoari dagokionez, aurreko puntuan adierazitako xehetasuna sartzeaz gain, bisitatutako enpresa berrien kasuan, egikaritze-txosten bat aurkeztu beharko da, banakako adierazleekin, hobekuntzen ezarpen maila aztertu ahal izateko, eta, 6. fasean bisitatutako enpresen kasuan, ezarritako eta ezarri gabeko neurriak ebaluatzeko azterketa analitiko bat.
Horrez gainera, 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte gauzatutako eta fakturatutako eta 2026ko otsailaren 28ra arte ordaindutako gastua biltzen duen dokumentazio ekonomikoa aurkeztuko da, zehazki hau:
–Proiektuko ekintzak egin dituzten pertsonen izen-zerrenda, adierazita haien lanaldia, lan egindako orduak eta proiektuaren kostuari egozten zaion ehunekoa.
–Proiektuari egotzitako nominak, bai eta nominak eta gizarte segurantzako kotizazioak ordaindu direla erakusten duten transferentzien eta banku laburpenaren kopia ere.
–Joan-etorrien gastuen zerrenda, zer nominatan ordaintzen diren adierazita.
–Aurkezten diren fakturen zerrenda zenbakitua, kontzeptuen arabera zehaztuak, eta haien ordainagirien zerrenda korrelatiboa.
–Fakturak eta ordainagiriak.
4. Baldin eta onuraduna salbuetsita badago balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa) ordaintzetik, edo hura ordaindu beharrik ez badu, dagokion dokumentazio ofiziala aurkeztuz frogatuko du egoera hori.
5. Onuradunek aurkezten dituzten frogagiriak hizkera inklusiboan erredaktatu beharko dira. Orobat, pertsonei buruzko datuak sexuaren arabera bereizita eman beharko dira.
9. oinarria.–Laguntza ordaintzea eta dirulaguntza likidatzea.
1. Dirulaguntza konturako bi ordainketatan ordainduko da: Lehenengoa maiatzaren 30a baino lehen eskatzen ahalko da, eta bigarrena azaroaren 30a baino lehen. Horietako bakoitzean, esleitutako zenbatekoaren %50 ordainduko da, eskaera eta txosten teknikoa aurkeztu ondoren, jarraian zehazten den moduan:
Txosten teknikoan, egindako ekintzak zehaztuko dira eta finkatutako helburuek ordura arte izandako betetze-maila adieraziko da. Enpresa bakoitzean egindakoaren laburpen zehatza jasoko da, betetako fase bakoitzari erreferentzia eginez, 3. oinarrian jasotakoaren arabera. Era berean, laburpen bat aurkeztuko da eta hartan azalduko da zein diren enpresa bakoitzean egindako jarduketen ondorioak eta zenbateraino ezarri den proiektua gauzatzeko aldian landutako jarduketa-plan bakoitza. Txostenean laneko parteak sartuko dira, honako hauek sinatuak: lurraldeko prebentzio-delegatu lanetan ari diren pertsonek eta jarduketaren xede den enpresak eta/edo prebentzio-delegatu batek, halakorik badago.
2. Jarduketa diruz lagungarriak bukatu eta 8. oinarrian adierazitako azken justifikazio-dokumentazioa aurkeztu ondoren (jarduketak guztiz egin direla egiaztatzen duena), hiru hilabeteko epean, Ekonomia Sozialeko eta Laneko Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du, eta, haren bidez, dirulaguntza likidatuko da. Konturako ordainketak justifikatutako dirulaguntza gainditzen badu, dirulaguntzaren azken likidazioaren ebazpenean eskatuko da ordaindutako soberakina itzul dadila, kasuan kasuko berandutze-interesekin batera.
10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasunari buruzko adierazpena, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen eredua erabiliz.
Onuradunak ez badu betetzen gardentasunari buruz informatzeko betebehar hori, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.
b) Diruz lagundutako proiektua egitea eta justifikatzea aurreko oinarrietan ezarritako moduan.
c) Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala agertzea zabaltzen den materialean.
d) Jasotako laguntzari buruzko publizitatea egitea, proiektuaren finantzaketa publikoa dela zabalduz, bai web korporatiboan bai diruz lagundutako proiektuaren gainean onuradunak prestatzen duen dokumentazioan.
e) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
Azkenean gauzatzen den proiektu zatiaren aurrekontua onartutakoaren %40tik beherakoa bada, emandako laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
11. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
1. Laguntzen eskabidea eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.
2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez (GEH).
Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da. Gaitutako helbide elektronikoa eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.
12. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.
Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.
13. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egotzi zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
14. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
II. ERANSKINA
Honako hauek dira 2025. urterako lehentasunezko dibisioak, P75-az gora dituztenak laneko istripuen eta pertsona-kopuruen intzidentzia indizeak:
EJSN kodea | |
01 10 24 25 29 33 41 43 45 46 47 49 56 68 74 78 81 87 88 | Nekazaritza, abeltzaintza, ehiza eta horiekin zerikusia duten zerbitzuak Elikagaien industria Burdinazko eta altzairuzko produktuen fabrikazioa Metalezko produktuen fabrikazioa, salbu makineria eta ekipamendua Ibilgailu motordunen eta atoien fabrikazioa Makineriaren eta ekipamenduaren konponketa eta instalazioa Eraikinen eraikuntza Eraikuntza espezializatuko jarduerak Ibilgailu motordunen eta motozikleten salmenta eta konponketa Handizkako merkataritza eta merkataritzako bitartekariak, ibilgailu motordunak eta motozikletak izan ezik Txikizkako merkataritza, ibilgailu motordunak izan ezik Lurreko eta hodi-sare bidezko garraioa Janari eta edari zerbitzuak Higiezinen arloko jarduerak Beste jarduera profesional, zientifiko eta tekniko batzuk Enpleguarekin lotutako jarduerak Eraikinetarako zerbitzuak eta lorezaintzako jarduerak Egoitza-establezimenduetako laguntza Ostaturik gabeko gizarte zerbitzuen jarduerak |
Iragarkiaren kodea: F2418366
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
