1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
362/2025 EBAZPENA, ekainaren 5ekoa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baita 2024-2025 ikasturtean irakasleak prestatzeko banakako laguntzen deialdia, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako irakasleei zuzendua, urriaren 1eko 417/2024 Ebazpenaren bidez onetsi zena.
Laguntzak eskatzeko prozedura argitzeko eta irakasleen parte-hartzea errazteko asmoz, Prestakuntza eta Kalitate Atalak proposatu du ebazpen hori aldatzea.
Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman du deialdi hori alda dadin, helburu duena 2024-2025 ikasturtean banakako laguntzak ematea Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako irakasleak prestatzeko.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Aldatzea 2024-2025 ikasturtean irakasleak prestatzeko banakako laguntzen deialdia, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako irakasleei zuzendua, zeina urriaren 1eko 417/2024 Ebazpenaren bidez onetsi baitzen. Ondorioz, aurrerantzean, ebazpen honen I. eranskinean bildutako oinarriek gobernatuko dute deialdia.
2. Ebazpen honek eta dagokion eranskinak ez dute administrazio bidea amaitzen, eta beren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau eta dagokion eranskina igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzailetza delegatuari, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuari eta Prestakuntza eta Kalitate Atalari.
Iruñean, 2025eko ekainaren 5ean.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
I. ERANSKINA.–2024-2025 IKASTURTEAN IRAKASLEAK PRESTATZEKO BANAKAKO LAGUNTZEN DEIALDIA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO UNIBERTSITATEAZ KANPOKO IKASTETXE PUBLIKOETAKO IRAKASLEEI ZUZENDUA. OINARRI ARAUTZAILEAK
Lehena.–Deialdiaren xedea.
Deialdi honen helburua da ikastetxe publikoetako irakasleak 2024-2025 ikasturtean prestakuntza-jardueretara joateko eta horietan parte hartzeko banakako laguntzak arautzea.
Bigarrena.–Hartzaileak.
Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako irakasleek eskatzen ahalko dituzte laguntza hauek, baldin eta jarduneko egoeran badaude edo administrazio edo lan kontratu bat badute prestakuntza-jarduera hasten den egunean eta/edo matrikula egiten den unean.
Hirugarrena.–Jardueren deskribapena.
3.1. Laguntzak 2024ko irailaren 1etik 2025eko abuztuaren 31ra bitarte egiten diren jardueretara joateko eta haietan parte hartzeko emanen dira. Jarduera horiek eskatzailearen irakasgaiarekin, arloarekin, zikloarekin edo espezialitatearekin loturik egon beharko dira, eta haren gaitasun profesionalak garatzen lagundu beharko dute.
Jarduerak, gainera, hezkuntza administrazio batek edo unibertsitate batek antolatu beharko ditu, edo irabazi-asmorik gabeko erakunde edo instituzio batek, betiere, zortzigarren oinarrian aipatzen den batzordearen iritziz, bermatzen baldin bada jarduerak kalitatezkoak direla eta irakasleak prestatzeko egokiak direla.
3.2. Deialdi honetatik kanpo geratzen dira jarduera hauek:
–Unibertsitate-tituluak lortzera bideratutako ikasketak, hala nola gradua, masterra, aditua, doktorea eta abar.
–Hizkuntza-tituluak lortzera bideratutako ikasketak.
–Nafarroako Foru Komunitateko irakasleen prestakuntza-planean sartuak dauden prestakuntza-jarduerak.
–Nafarroako Foru Komunitateko irakasleen prestakuntza-planean aurreikusitakoen antzekoak diren prestakuntza-jarduera guztiak.
Laugarrena.–Laguntzen deskribapena eta zenbatekoak.
4.1. Laguntzak modalitate hauetan banatuko dira:
–A modalitatea: Espainian egiten diren hitzaldiak, biltzarrak, ikastaroak, mintegiak eta antzekoak. Gehieneko laguntza: 400 euro.
–B modalitatea: atzerrian egiten diren hitzaldiak, biltzarrak, ikastaroak, mintegiak eta antzekoak. Gehieneko laguntza: 800 euro.
Gastuak justifikatzeko, dagozkien fakturak aurkeztu ondoren, honako modulu ekonomiko hauek hartuko dira kontuan:
–Matrikula eta inskripzioa: dagokien kostua.
–Joan-etorriak: txartelen kostua. Hegazkin txartelik ez da ordainduko, salbu eta atzerrira, Kanarietako Autonomia Erkidegora edo Balear Uharteetako Autonomia Erkidegora joateko. Era berean, ez dira ordainduko norberaren autoan egindako bidaiak, ez eta aparkalekuko gastuak, asegurua eta/edo autobideko bidesarien gastuak ere.
–Ostatua eta otorduak: gehienez 150 euro eguneko eta bi kontzeptu horiengatik. Jarduera egiteko, otorduak besterik ez bada egin behar etxetik kanpo, gehienez 50 euro eguneko.
4.2. Irakasle eskatzaileei jarduera baterako edo gehiagotarako laguntza ematen ahalko zaie, 4.1 puntuan jasotako gehieneko zenbatekora iritsi arte, helburu horretarako erabilgarri dauden kredituen barruan.
4.3. Aurrekontu-mugagatik eskaera guztiei erantzutea ezinezkoa bada, hainbanaketa bat aplikatuko da, eta behar den ehunekoa murriztuko zaie eskaera guztiei.
Bosgarrena.–Bateraezintasuna.
Honako egoera hauetakoren batean daudenak ezin izanen dira laguntza hauen onuradun izan:
–Helburu berarekin eta ikasturte bererako, Nafarroako Gobernuak, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak, beste autonomia erkidego batzuek edo beste erakunde batzuek emandako beste laguntza edo bekaren bat jasotzen dutenak.
–Ikasketak egiteko lizentzia bat duten irakasleak.
Seigarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea 2025eko irailaren 1ean hasiko da, eta urte eta hil bereko 15ean bukatuko da.
Zazpigarrena.–Eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea.
Deialdi honetan parte hartzeko, eskabidea elektronikoki bete beharko da web-inprimakiaren bidez. Inprimaki horren URLa deialdiaren web-fitxan emanen da, eskaera egiteko epea hasten den unean.
Inprimaki horretan, besteak beste, deialdi honen bosgarren oinarrian adierazitakoa jasotzen duen erantzukizunpeko adierazpena jasotzen da.
Halaber, eskatzaileak honako dokumentazio hau erantsi beharko du inprimakian bertan:
–Bertaratze-ziurtagiria edo prestakuntza-jarduera gainditu izanaren ziurtagiria, erakunde antolatzaileak emana. Bertan, honako hauek jasoko dira: eskatzailearen izen-abizenak, NANa edo antzekoa, jardueraren izena, jarduera zer egunetan egin den eta ikastaroaren ordu kopurua.
–Dirulaguntzaren xedeko jarduerari dagozkion gastuen fakturak eta egiaztagiriak, deialdi honen laugarren oinarrian ezartzen direnak, eskaneatuak eta dokumentu bakar batean bilduak.
Inprimakia bete eta bidali ondoren, pdf fitxategi bat sortzen da automatikoki, eskatzaileak inprimakian bertan adierazitako helbidean jasoko duena.
Pdf dokumentu hori sinatu eta Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztu beharko da.
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa
Eskaerak Hezkuntza Departamentuko Prestakuntza eta Kalitate Atalari zuzenduko zaizkio.
Hautapen batzordeak jatorrizko agiriak eskatzen ahalko ditu behar diren egiaztapenak egiteko, horrelakorik beharrezkotzat jotzen badu.
Zortzigarrena.–Hautapen Batzordea.
Laguntzak emateko proposamena egiteko, hautapen batzorde bat eratuko da, kide hauek izanen dituena:
–Prestakuntza eta Kalitate Ataleko burua, batzordeburu gisa arituko dena.
–Irakasleentzako Laguntza Zentroen eta Berriztapen Proiektuen Bulegoko burua, idazkari gisa arituko dena.
–Unibertsitateaz kanpoko Irakasleen Batzordeak proposatutako pertsona bat, batzordekide gisa arituko dena.
Kide titular bakoitzari ordezko bat esleitzen ahalko zaio, justifikatutako absentzia-kasuetan haren ordez arituko dena, hitzarekin eta botoarekin.
Bederatzigarrena.–Deialdia ebaztea.
Hautapen batzordeak esleipen prozesuaren behin-behineko emaitzak jakitera emanen ditu honako hauetan argitara emanez:
–Hezkuntza Departamentuaren web-orrian: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio.
–Nafarroako Atarian: www.nafarroa.eus.
Argitaratze horretan honako hauek agertuko dira:
–Behin-behinean esleitu diren eskaeren zerrenda.
–Baztertutako eskaeren zerrenda, arrazoia zein izan den zehaztuta.
Eskatzaileek erreklamazioak eta zuzenketak aurkezten ahalko dizkiote hautapen batzordeari, Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, gehienez ere 10 egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda hori argitaratu eta biharamunetik aurrera. Zuzenketarik bat ere egiten ez badute, horretarako epea bukaturik, eskaerari uko egin diotela ulertuko da.
Erreklamazioak eta zuzenketak aztertu eta ebatzi ondoren, batzordeak laguntzak emateko behin betiko zerrenda argitaratuko du, eta haiek emateko proposamena eginen dio organo eskudunari.
Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak gehienez hiru hilabeteko epean ebatziko du deialdi hau, batzordearen proposamenarekin bat, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Hamargarrena.–Laguntzak ordaintzea.
Esleitutako laguntzak eskaerak ebatzi ondoren ordainduko dira, bederatzigarren oinarrian jasotzen den bezala.
Laguntzaren ordainketa jaso ahal izateko, banku-kontua Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Diruzaintza Atalean erregistratu behar da, Nafarroako Gobernuko Zerbitzuen Katalogoko "Banku-kontuak jakinaraztea, Foru Administrazioaren ordainketak jasotzeko" tramite-fitxaren bidez, esteka honetan:
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta
Hamaikagarrena.–Konpromisoak.
Deialdi honetara aurkezteak berekin dakar deialdiaren oinarriak onartzea.
Deialdi honen babesean dirulaguntzak jasotzen dituzten irakasleek konpromisoa hartzen dute Hezkuntza Departamentuarekin lankidetzan arituko direla prestakuntza-jardueraren xedeko gaiarekin lotuak dauden irakasleen artean zabaltzeko bai eskuratutako ezagutzak, baita jasotako materiala eta dokumentazioa ere.
Hamabigarrena.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka eta hura aplikatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, haiek jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iragarkiaren kodea: F2508325