1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
1627/2025 EBAZPENA, ekainaren 12koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, Francisco Javier Goldaracena Martín jauna Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionario izendatzen duena, zerbitzu orokorren lanpostuan aritzeko, eta plaza esleitzen diona.
Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren irailaren 27ko 2475/2022 Ebazpenaren bidez, zenbait sarrera-prozeduraren deialdiak onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko D mailako lanpostu batzuetan, II. eranskinean zerrendatzen direnetan, gehieneko plaza kopuru bat salbuespenez merezimendu-lehiaketa bidez betetzeko, hori guztia enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko egonkortze-prozesuen esparruan. Ebazpen hori 2022ko 201. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 10ekoan.
Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 9ko 152/2023 Ebazpenaren bidez, deialdian onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onetsi zen. Ebazpen hori deialdiaren web-fitxan argitaratu zen, 2023ko urtarrilaren 23an.
Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren martxoaren 8ko 972/2023 Ebazpenaren bidez, deialdian onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onetsi zen. Ebazpen hori deialdiaren web-fitxan argitaratu zen 2023ko martxoaren 16an, eta izendapenak uztailaren 4ko 2624/2024 Ebazpenaren bidez egin ziren; epearen zenbaketa eten egin zen, besteak beste, Francisco Javier Goldaracena Martín jaunarentzat, ezinbesteko kausa bat argudiatu baitzuen.
Alegatutako ezinbesteko arrazoia bukatu denez, aurkeztutako dokumentazioa azterturik, eta egin denez lanpostuan jarduteko gaitasunari buruzko txosten medikoa, bidezkoa da izendapena egitea eta dagokion plaza hutsa esleitzea.
Horrenbestez, eta erabiliz otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak,
EBAZTEN DUT:
1. Francisco Javier Goldaracena Martín jauna Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionario izendatzea, zerbitzu orokorren lanpostuan aritzeko, eta plantilla organikoan 35685 zenbakia duen plaza esleitzea, Hezkuntza Departamentuko Lekarozko BHIari atxikia eta destinoa Lekarozen duena. Lanpostu horretan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere.
2. Izendatutako izangaiak 2025eko ekainaren 30ean jabetu beharko du plazaz, Hezkuntza Departamentuko Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuan.
Plazaren jabetza hartzen ez badu, salbu behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan, eskubide guztiak galduko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario izateko.
3. Ebazpen hau igortzea Hezkuntza Departamentuko Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzura, Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzura eta Nominen eta Gizarte Aseguruen Zerbitzura, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzura, Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzura eta Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzura, eta interesdunari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal duela, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat.
4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak.
Iruñean, 2025eko ekainaren 12an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ordezko gisa, hura kanpoan baita (32/2023 Foru Agindua, abenduaren 11koa), Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuko zuzendaria, Raquel San Martín Ederra.
Iragarkiaren kodea: F2508532