Iragarkia
127. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 26a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
350/2025 EBAZPENA, maiatzaren 30ekoa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako, Lehen Hezku™ntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Hezkuntza Bereziko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua 2025-2026 ikasturtean arautuko dituzten jarraibideak.
Ebazpen honen xedea da jarraibide batzuk onestea, indarreko araudiko zenbait alderdiren xehetasunak eman eta garatzeko balio dutenak, ikastetxeen antolaketa egokia eta funtzionamendu ona lortzeko, 2025-2026 ikasturtean.
Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendariak aurreko puntuan adierazitako jarduketak arautzeko ebazpen hau onestearen aldeko txostena aurkeztu du.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Ebazpen honen eranskinetan ageri diren jarraibideak onestea. Jarraibide horiek arautuko dituzte, 2025-2026 ikasturtean, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Hezkuntza Bereziko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua.
2. Ebazpen honetan aipatutako jarraibideak ikastetxe pribatuei eta ikastetxe pribatu itunduei aplikatuko zaizkie, dagozkien afera orotan, ikastetxe horien titularrek dituzten eskumenen kalterik gabe.
3. Ebazpen honen eta eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egun baliodunetik zenbatzen hasita.
4. Ebazpen hau eta haren eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Langileriaren eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira; Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusira; Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura; Haur Eskolen Zerbitzura; Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura; Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura; Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura; Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzura; Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura; Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzura eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Atalera.
5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 30ean.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
I. ERANSKINA.–HAUR HEZKUNTZAKO ETA LEHEN HEZKUNTZAKO IRAKASKUNTZAK EMATEN DITUZTEN IKASTETXEEN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA 2025-2026 IKASTURTEAN ARAUTZEKO JARRAIBIDEAK
Ikasturte hasierako jarraibideek indarreko araudiaren alderdi batzuk zehaztu eta argitzen dituzte, eta arautu gabeko beste batzuk arautzen, ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko. Horrez gain, ikasturtean lehentasunez landu behar diren ildoak ezartzen dituzte.
Jarraibideak hiru kapitulutan daude bereizita:
Lehenbizikoa, urteko programazio orokorrari buruzkoa da. Hor, beste batzuen artean, ikastetxearen hobekuntza planak prestatzeko argibideak ematen dira, bai eta ebaluazioetan duten parte-hartzearen gainekoak ere, hobetu daitezkeen arloak detektatzeko.
Bigarrenean, antolaketaren alderdi batzuk zehazten dira, ikastetxearen funtzionamendurako beharrezkoak direnak.
Hirugarrenean, gehien erabiltzen diren LOEren ondoriozko arauak zerrendatzen dira.
I.–URTEKO PROGRAMAZIO OROKORRA
A) Alderdi orokorrak.
1. Xedapen orokorrak.
Urteko programazio orokorra (UPO) ikastetxearen plangintzarako, antolaketarako eta funtzionamendurako oinarrizko tresna da. Haren bidez, ikasturtean zehar garatuko diren hezkuntza proiektua, antolaketa eta funtzionamendu arauak eta kudeaketa proiektua zehaztea errazten da.
Dokumentu hori prestatzeko orduan, zorroztasuna, erraztasuna eta erabilgarritasuna hartuko dira kontuan.
UPOa prestatzeko, haren segimendua egiteko eta ebaluatzeko orientazio gida eskola kudeaketako EDUCA sisteman egonen da eskuragai (adibideak jasotzen ditu).
2025-2026 ikasturtean, proiektu pilotu bat martxan jarriko da, Burlatako Hilarión Eslava Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxean Haur Hezkuntzako lehen zikloa eskaini dadin.
Ikastetxe horretan Haur Hezkuntzako lehen zikloa sartuko dute hezkuntza proiektuan eta UPOan, eta, betiere, bete eginen dute Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak eman maiatzaren 23ko 312/2025 Ebazpenean ezarritakoa (ebazpen horren bidez jarraibide batzuk onesten dira 2025-2026 ikasturteko egutegia eta ordutegia prestatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetarako).
2. Informazioa biltzeko iturriak.
UPOa prestatzeko, iturri hauek aztertzearen ondoriozko jarduketa ildoak hartuko dira kontuan:
a) Aurreko ikasturte bukaerako memorian proposatutako hobekuntza arloak.
b) Barneko eta kanpoko proben emaitzen analisia, baita hobetzeko proposamenak ere.
c) 2023-2026 aldirako hobekuntza plana, autoebaluazio prozesutik eratorria.
d) Zuzendaritza proiektua edo plan estrategikoa.
e) Aurreko ikasturteko gainbegiratze prozesuen ondorioz Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak nabarmendutako alderdiak eta gomendioak.
f) Hezkuntza Departamentuak ematen dituen ikasturte hasierako jarraibideak.
g) Ikastetxean ezarritako bestelako programak. Bereziki jorratuko dira ikastetxeko berrikuntzako eta eraldatze orokorreko programak.
h) Ikastetxearen kalitatea kudeatzeko sistemaren autodiagnostikoa, halakorik bada.
i) Ikastetxearen plan digitala.
3. Edukia: atalak eta garapena.
Urteko programazio orokorrean honako alderdi hauek formalizatu beharko dira, indarreko araudiarekin bat:
a) Sarrera.
b) Ikastetxearen urteko plana.
c) Zikloetako eta beste talde batzuetako planak.
d) Urteko inklusio plana.
e) Urteko tutoretza plana / orientazio akademikoaren urteko plana.
f) Urteko bizikidetza plana.
g) Hezkidetza plana.
h) Ikastetxearen hizkuntza proiektua, ikasturtekoa.
i) Irakaskuntza programazioak.
j) Ikastetxearen beste plan batzuk.
k) Proiektu eta programa instituzionalak.
l) Ikastetxearen prestakuntza plana.
m) Ikastetxearen plan digitala.
n) Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen programazioa.
o) Urteko programazio orokorraren jarraipena eta ebaluazioa.
p) Eranskinak.
Ikastetxearen urteko plana da UPOaren elementu garrantzitsuenetako bat; izan ere, hortik abiatuta, organo eta taldeen jarduketa ildo nagusiak ezarri behar dira. Ikasturterako lehentasunez lortu nahi diren helburuak jasoko ditu, baita proposatutako helburuak eta jomugak lortzeko abian jarri behar diren ekintza garrantzitsuenak ere. Gauzatu beharreko ekintza edo zeregin horiek konponbide teknikoak eta neurri zehatzak eskaintzen dizkiete zikloei.
Zikloek eta gainerako lantaldeek (Hezkuntzarako Laguntza Unitatea, ikastetxeko Bizikidetza Batzordea eta abar) helburuen eta ekintzen plan propioa izanen dute, eta, horren bidez, urteko planean zehaztutako lehentasunezko helburuak ez ezik, ikastetxearen beste plan espezifiko batzuetatik ateratako helburuak ere formalizatuko dituzte.
Horrez gainera, ikastetxean ikasturtean ezarri gogo diren beste jarduketa plan espezifiko batzuk jasoko dira, bai eta ezarri behar diren beste proiektu eta programa propio batzuk ere.
Planen egitura operatiboari dagokionez, haien gauzatzea eta segimendua errazteko modukoa izanen da, eta honako hauek zehaztuko ditu: helburuak, adierazleak, noraino iritsi nahi den, ekintzak, arduradunak, denbora-plangintza eta ebaluazioa.
Ikastetxearen plan digitala kanpoan aurkezteko esportatu behar den dokumentua denez, EDUCAn horretarako prestatu den txantiloian sartu beharko da.
4. Prestaketa.
Zuzendaritza-taldea arduratuko da UPOaren prestaketa koordinatzeaz, eta zeregin hori beste pertsona edo batzorde batzuen esku uzten ahalko du.
Dokumentuaren eskema bat emanen da, parte hartu behar duten taldeak eta pertsonak erabakiko dira, talde bakoitzaren eginkizunak zehaztuko dira, tresna eta baliabideak jarriko dira eta epeak finkatuko dira.
Kasuan kasuko ikasturtean dauden beharrak eta aurreikuspenak azterturik, eta kontuan harturik organo bakoitzaren deliberoak eta erabakiak eta egindako oharrak eta ekarpenak, UPOaren atalak idatziko dira.
UPOa EDUCA aplikazioarekin eginen da; horretarako, ikastetxearen plan digitalaren eta hobekuntza planaren antzeko txantiloia eta jardunbidea izanen ditu. Kalitatea kudeatzeko sistema ezartzeko eta mantentzeko programan parte hartzen duten ikastetxeek Kadinet programa erabiltzen ahalko dute UPOa prestatzeko.
5. Tramitazioa, jarraipena eta ebaluazioa.
Behin onetsirik, UPOa EDUCA aplikazioan argitaratuko da, urriaren 31 baino lehen. Ikastetxean ere utziko da, hezkuntza komunitateak eskura izan dezan.
Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak eta arduradunek aldizka eginen dute, EDUCA aplikazioaren bidez –edo, hala badagokio, Kadinet programaren bidez–, UPOa osatzen duten planen, proiektuen eta programen garapen mailaren jarraipena.
Hori baino lehen, bete beharreko prozedura ezarriko da (nola), informazioa biltzeko irizpideak zehaztuko dira (zer), arduradunak izendatuko dira (nork) eta epeak finkatuko dira (noiz).
Aztertu eta baloratuko da zenbateraino garatu diren proposatutako ekintzak, erantzukizunak nola bete diren, denbora-plangintza konplitu den eta proposatutako helburuak lortu diren.
Ikasturtea amaitzean, ikastetxeko eskola kontseiluak, irakasleen klaustroak eta zuzendaritza-taldeak UPOaren betetze mailari buruzko amaierako ebaluazioa eginen dute. Horretarako, arduradun bakoitzak dagokion planaren, proiektuaren edo programaren emaitzak aztertuko ditu.
Atal bakoitzaren ebaluazio prozesuan, datu esanguratsuak jasoko dira bateko eta besteko iturrietatik (datuak, iritziak, ohartarazpenak eta abar), eta gero, datu horiek aztertu eta interpretatuko dira ezarritako irizpideei jarraikiz.
Amaierako hausnarketa eta balorazioa ez da kuantitatiboa soilik izanen, emaitza horien arrazoiak baloratuko baitira.
EDUCA aplikazioan bertan –edo, hala badagokio, Kadinet programaren bidez–, ikasturte bukaerako memorian bilduko dira UPOaren jarraipen eta ebaluazio prozesuan lortutako ondoriorik eta proposamenik garrantzitsuenak.
Dokumentuak bi dimentsio izanen ditu. Lehenik, ebaluazioaren dimentsioa, ikastetxearen urteko plangintzaren garapenari buruzko balantzea erakutsiko duena. Honako alderdi hauek nabarmenduko dira: proposatutako ekintzak zenbateraino bete diren, erantzukizunak nola bete diren, denbora-plangintza egokia izan den, aldizkako jarraipena egin den eta helburuak zenbateraino bete diren (adierazleen eta jomugen arabera). Bigarrenik, dimentsio proiektiboa izanen du, etorkizunean esku hartzeko ildoak eskainiko baititu, zentzuzko hobekuntza proposamenak zehaztuta.
Azkenik, ikasturte bukaerako memoriaren eranskin gisa, txosten bat gehituko da, barne ebaluazioetan (emaitza akademikoak) eta kanpo ebaluazioetan (diagnostikoak eta abar) ikasleek lortutako ikaskuntza-emaitzen analisi zehatza biltzen duena, eta, horrekin batera, hausnarketa bat eginen da emaitza horiek eragin dituzten zergatiei buruz eta, hala badagokio, curriculum-elementuen, materialen, antolaketa-elementuen eta baliabide pertsonalen funtzionamenduan atzeman diren gabezia eta disfuntzioei buruz.
Behin onetsita, ikasturte bukaerako memoria ikastetxeko erreferentziazko ikuskatzailearen eskura jarriko da, EDUCA plataformaren bidez, uztailaren 10a baino lehen.
6. Gainbegiratzea.
Ikastetxeko erreferentziazko ikuskatzaileak UPOa eta ikasturte bukaerako memoria gainbegiratuko ditu, egiaztatzeko bat datozela indarreko araudiarekin eta ikastetxearen behar eta emaitzekin, eta, hala badagokio, behar diren zuzenketak eta doikuntzak egitea eskatuko du.
7. UPOari erantsi beharrekoak.
Eranskin gisa sartuko dira irakaskuntza programazioen adostasun agiriak.
UPOarekin batera, irakaskuntza programazioen adostasun agiriak aurkeztuko dira, ziurtatzearren programazioak egoki jaso dituela eskatzen diren atal guztiak. Hortaz, programazio horiek gordetzeko ardura ikastetxeei dagokie. Dena dela, beharrezkoa den kasuetan, Hezkuntza Departamentuko dagokion zerbitzuak programazioa berariaz eskatzen ahalko du, irakaskuntza ikuskatzeko prozesuetan sartzen direlako, kalifikazioen erreklamazio kasuetan, analisi estatistikoak egiteko edo beste arrazoi batzuengatik.
Irakaskuntza programazioen adostasun ereduak eskuragarri egonen dira, eranskin gisa, UPOan, EDUCAn.
B) UPOari buruzko argibideak.
1. Autoebaluazioa eta ikastetxearen hobekuntza plana.
2022-2023 ikasturtean zehar, autoebaluazioaren esparruan, ikastetxeetan baterako hausnarketako prozesu bat egin zen, eta horren ondorioz, haien jarduna hobetzeko zenbait arlo detektatu ziren. Ondoren, eta hautemandako beharrei erantzunez, hobekuntza planak egin ziren. Plan horiek EDUCA plataforman erregistratu ziren (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Hobekuntza plana).
Plan horiek prestatu ondoren, bai ikastetxearen hobekuntza orokorreko plana, bai zikloetako hobekuntza planak, 2023-2026 aldia da horiek abian jarri, eta haien jarraipena eta ebaluazioa egiteko garaia.
Horretarako, 2023-2024 eta 2024-2025 ikasturteetan, ikastetxeak UPOaren planen bidez ase zituen hobekuntza planetan adierazitako beharrak. Planak abian jartzeko hirugarren ikasturte honetan, ikastetxeko zuzendaritzak, 2025-2026 ikasturteko urteko programazio orokorrean ikastetxearen urteko planaren urteko helburuak ezartzeko garaian, hobekuntza orokorreko planean ezarritako helburuak hartuko ditu kontuan, besteak beste. Bestalde, UPOan sartutako zikloen urteko planetan, lantaldeek jaso beharko dituzte, helburuak zehaztean, autoebaluazio-prozesutik eratorritako zikloen hobekuntza planen helburuak.
Halaber, aipatzekoa da hobekuntza orokorreko planen eta zikloen hobekuntza planen ebaluazioa egin beharra dagoela 2023-2026 aldiko ikasturte bakoitzaren amaieran, 2024., 2025. eta 2026. urteetan. Hau da, baloratu beharko da noraino lortu diren helburuak nahiz noraino gauzatu diren planteatutako ekintzak, eta hobetzeko proposamenak eginen dira. Ebaluazio hori EDUCAn erregistratuko da, horretarako diseinatutako txantiloi digitaleko ataletan (ebaluazioa, balorazioa eta hobekuntzak).
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak 2025-2026 ikasturtean gainbegiratuko du ikastetxearen urteko planak eta zikloen planek jasotzen dituztela hobekuntza planean ikasturterako adostutako helburuak.
Hezkuntza Departamentuak lagunduko du ikastetxeen hobekuntza planaren helburuak garatzen eta lortzen, departamentuko zerbitzuen bidez, orientabideak, proposamenak, jardunbide egokien adibideak eta, hala badagokio, prestakuntza emanez irakasle-taldeari.
Ikastetxearen prestakuntza plana funtsezko elementua da prestakuntza instituzionalerako. Zuzendaritza-taldeak ezarriko du haren edukia eta, betiere, hobekuntza planaren ondoriozko premiei erantzun beharko die. Landa eskoletan, zuzendaritza-taldeek adostuko dute Eremuko Prestakuntza Planaren edukia. Eremuko koordinatzaileari dagokio zuzendaritzek onetsitako jarduerak eta ekintzak kudeatzea.
2. Irakurtzeko konpetentzia indartzeko plana.
Abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoaren (LOMLOE) bidez aldatutako Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak garrantzi handia ematen dio irakurmena sustatzeari, ikaskuntzaren kalitatea bultzatzen duen faktore bat baita. Ezinbestekoa da ikastetxearen hezkuntza-proiektuan (121.2 artikulua) irakurketa plan bat egotea; gainera, ikastetxearen arlo guztiak barne hartzen ditu. Irakurketa plana tresna dinamiko bat da, zeinak ikastetxearen jarduera guztiak barne hartzen baititu irakurmena sustatzeko. Hari esker, posible da irakurtzeko konpetentzia irakasteko plangintza zorrotz eta sistematikoa egitea, eta, era berean, barne hartzea ikasleek irakurtzeko ohitura izan dezaten sustatzeko beharrezko neurri eta jarduketak.
Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Kiroletako Ministerioak, lurralde arteko lankidetza planen bidez, zenbait baliabide bideratu ditu irakurtzeko konpetentzia indartzeko, eta plan horien barnean autonomia-erkidegoek gauzatu beharreko jarduketak ezarri ditu. Esparru horretan, hauek dira Nafarroako Foru Komunitateak gauzatu beharreko jarduketak:
–Irakurtzeko konpetentziaren aholku talde bat sortzea; kideak gaian adituak izanen dira, 2024-2025 ikasturtean zehar Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioko adituek prestatutakoak, hain zuzen ere.
–HLHIP guztiei jarduketak gauzatzeko zenbait koordinazio-ordu esleitzea: bi ordu AG edo BD ereduak dituzten ikastetxeendako; lau ordu AG eta BD ereduak dituztenendako. Bi ordu horiek pertsona bakarrari esleituko zaizkio; hura koordinatzaile gisa identifikatuko da EDUCAn, eta haren funtzioak irakurketa planaren kudeaketari lotuta egonen dira.
–Irakurketa plana ikasgelan gauza dadin, ikastetxeek bi orduko esleipen hori ostegunetako lehenengo bi saioetan izan dadin bermatu beharko dute, arduraduna eskuragarri egon dadin, beharrezkoa denean, aurrez aurre zein telematika bidez eta ordutegi orokorraren barruan, parte hartzeko prestakuntza jardueretan, esperientzia eta jarraipen trukaketetan eta prozesu komunen ebaluazioan.
2025-2026 eta 2026-2027 ikasturteetan zehar, ikastetxearen irakurketa plana prestatuko dute ikastetxeek, eta hori UPOan dauden planetara gehituko dute. Planaren jarraipena zuzendaritza-taldeak hautatutako arduradunak egin beharko du. 2025-2026 ikasturtean, lana bereziki zuzenduta egonen da Haur Hezkuntzako 2. zikloko 3. mailara eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetara.
Ikastetxearen irakurketa plana etengabe aztertu eta eguneratu behar da, eta horretarako ikastetxeak eskuragarri izanen du irakurtzeko konpetentziaren aholku batzordea. Batzordeak irakasle-taldeen eskura jarriko du erabili beharreko txantiloia, baita planen ereduak, materialak eta, beharrezkoa izanez gero, irakasle-taldea prestatzeko bestelako baliabideak ere.
Aholku batzordeak ikastetxeen planak berrikusi eta baliozkotuko ditu; horretarako, lehenik, ikastetxeek Haur Hezkuntzari eta Lehen Hezkuntzako 1. zikloari dagozkion atalak amaituta izan beharko ditu bigarren hiruhilekoa amaitzerako. Orobat, aholku batzordeak emandako txantiloian adierazi bezala, ikasgelan egin beharreko lana antolatzea izanen da helburu nagusi.
3. Matematika konpetentzia indartzeko plana.
Lehen Hezkuntzako arlo guztietan matematika konpetentzia hobetzearren, Hezkuntza Departamentuak matematika konpetentzia indartzeko plan bat sustatuko du 2025-2026 ikasturtean zehar. Planen testuingurua zera da, Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Kiroletako Ministerioak sustatutako matematika konpetentzia indartzeko lurralde arteko lankidetza programak, zeinak irailaren 5eko Estatuko Aldizkari Ofizialeko 2024/18008 Ebazpenaren bidez onetsi baitziren.
Hala, 2025-2026 ikasturtean zehar, Lehen Hezkuntzako 40 ikastetxek eginen dituzte programa horiei lotutako jarduketak; horretarako, eskuragarri izanen dituzte irakasleei laguntzeko hezkuntza baliabide, matematika eskolak ematen dituzten irakasleei zuzendutako prestakuntza jardueren eskaintza eta irakasgaiko irakasle espezialistek Hezkuntza Departamentuaren eskutik emandako aholku espezifikoak.
Horrez guztiaz gain, ikastetxe bakoitzeko zuzendariak arduradun bat hautatu beharko du, matematika konpetentzia indartzeko plana (MKIP) koordinatu dezan. Arduradun hori orotariko irakasle bat izan beharko da, ahal dela, ikastetxean behin betiko destinoa duena eta irakasgai horretan irakasle lanetan aritutakoa. Hizkuntza eredu bakoitzean, MKIPeko koordinatzaile bakoitzak 4 eskola saioko lanaldi-murrizketa izanen du, plana ezartzeko. Eginkizun hauek izanen ditu:
–Ikastetxeko irakasleei laguntzea baliabideak prestatzen, bai eta etengabeko prestakuntzari dagokienez ere; halaber, irakasle berriei arreta berezia ematea.
–Proposatutako praktika eta baliabideak egokitzea, ikastetxearen errealitatearekin eta beharrekin bat etortzeko.
–Planifikatutako estrategia didaktikoak ikasgelan zuzenean aplikatzea koordinatzea, prestatutako hezkuntza baliabideak erabiliz.
–Beharrezko etengabeko prestakuntza dinamizatzea.
–Ikastetxeko gainerako matematika irakasleekin koordinatzea, irakasleen eta Hezkuntza Departamentuko aholkularien arteko lotura izateko.
MKIPeko koordinatzaileek prestakuntza espezifikoa jasoko dute lana behar bezala egin ahal izateko, eta ikastetxeek prestakuntza instituzionaleko orduen barnean sartuko dute prestakuntza hori. Halaber, aholku espezifikoak jasoko dituzte beharrezkoa dutenean.
Ikastetxeek ordubeteko esleipen hori asteazkenetako lehenengo bi saioetan izan dadin bermatu beharko dute, arduraduna eskuragarri egon dadin, beharrezkoa denean, aurrez aurre zein telematika bidez eta ordutegi orokorraren barruan, parte hartzeko prestakuntza jardueretan, esperientzia eta jarraipen trukaketetan eta prozesu komunen ebaluazioan.
Azkenik, 2025-2026 ikasturtean zehar, Hezkuntza Departamentuak prestakuntza jarduera espezifikoak eskainiko ditu, matematikako irakasleei zuzendutakoak, matematikaren ikasgelan zuzenean aplikatzen ahal diren irakaskuntza-prozesuak eguneratzeko tresnak emateko.
4. Aniztasunari erantzutea.
Ikastetxea da, bere osotasunean, bertako ikasle guztien aniztasunari erantzun inklusiboa eta hezkidetzan oinarritua emateko arduraduna, haien presentzia, parte-hartzea eta ikaskuntza bermatuz, eta, horretarako, konpromiso irmoa erakutsi behar du bikaintasunaren, ekitatearen eta genero-berdintasunaren printzipioekin, hezkuntza inklusiboaren oinarri diren aldetik.
Ikasleen aniztasunari ahalik eta egokien erantzuteko, funtsezkoa da irakasle-talde osoaren lana. Ikaskuntzarako sarbidea oztopatzen duten trabak hautematea izanen du ardatz, eta horiek ezabatzeko helburuak zein diren adierazi behar du (inklusio planean eta hobekuntza planean jaso beharko dira helburuok). Erantzun hori ikasturtea antolatzeko alderdi nagusietako bat izan behar da.
HLBPIen hezkuntza premiaren bat asetzeko ezarriko diren sarbide neurriak eta jarduketak jaso beharko dira, eta familien eskura egon beharko dira.
Inklusio planaren zehaztapena Hezkuntza Departamentuko Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura bidaliko da, urriaren 31 baino lehen.
Arreta handiz zainduko da Hizkuntzaren Estimulazio eta Prebentzio Programa garatzea haur hezkuntzako etapan eta lehen hezkuntzako lehen zikloan.
4.1. Antolaketari dagozkion alderdiak.
Ikastetxeak koordinazio bide eraginkor bat ezarriko du bermatzeko irakasle-talde osoak modu koherentean jokatzen duela ikasleei hezkuntza arreta inklusiboa eta hezkidetzan oinarritutakoa ematean, eskola-ibilbide osoan. Arreta inklusiboa ikastetxeen antolaketa egitura guztietan landu beharko da.
Ikaskuntza eta irakaskuntza prozesuetako hasierako ebaluazioa baterako berrikuspen tresna da, ikasleendako hezkuntza erantzun inklusiboa eta hezkidetzakoa planifikatzeko eta diseinatzeko. Irakasle-taldeak zehaztuko ditu, tutorea haren buru izanik eta elkarren artean ados jarrita, hezkuntzaren arloko esku-hartzeari erantzuna emanen dioten hezkuntza neurriak, neurri metodologikoak, antolamendukoak edo curriculumekoak.
Koordinazioa jarraitua izanen da, garatutako jarduketen jarraipen xehea, doikuntza eta ebaluazioa egiteko, kontuan hartuz edozein unetan detektatzen ahal direla ikasle guztiek aurrera egitea eragozten duten oztopoak.
Neurrien ezarpenak testuinguruko paradigmari erantzunen dio Ikaskuntzaren Diseinu Unibertsalaren (IDU) ikuspegitik, hala, curriculumaren malgutasuna sustatuz, curriculuma irekia eta inklusiboa izateko hasieratik, etorkizuneko beharrezko eta ekidin ezinezko egokitzapenak murrizten saiatuz.
Salbuespenezkoagoak diren bestelako neurriak antolatuko dira jarduketa oso zehatz eta justifikatuei erantzuna emateko soilik, ohiko testuinguruan egin ezin daitezkeenak, hain zuzen ere.
Premiak goiz hauteman ahal izateko, gomendatzen da Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroak horren beharra duten ikasleendako prestatutako protokoloak erabiltzea.
Espezialistek (PT, EH, Lehen Hezkuntzako laguntza irakasleak) partekatutako irakaskuntza gauzatuko dute, zenbait helburu indartzeaz gain, ikasle guztiek parte hartzeko. Partekatutako irakaskuntza koordinatzeko plan bat ezarriko da, ikaskuntza prozesuan profil bakoitzari esleitutako funtzioak eta zereginak zedarrituko dituena, eta Inklusio Planean jasoko da.
Salbuespen gisa ikasgela arruntetik kanpo laguntza ezarri beharra justifikatu behar denean, erabaki horren arrazoia edo xedea, lortu nahi diren helburuak eta testuinguru arruntean premia horiei erantzuteko dagoen ezintasunaren zergatia zehaztuko dira. Era berean, zehaztu egin behar da zenbat denborarako aurreikusten den esku-hartze hori, kontuan hartuta ikasgelatik kanpoko saioen kopurua ahalik eta txikiena izan behar dela.
Ikasle sartu berrien kasuan, ikasturte honetarako kendu ezin direnean ikaskuntzan sartzeko egun dauden hezkuntzako oztopo zehatzak, aztertuko da, ezarritako prozedurari jarraituz, ea ikasleak eskolatu daitezkeen ikastetxearen egituretan. Egitura horiek (Egitura Espezifikoak) aukera ematen dute hezkuntzaren arloko oztopo horiek murrizteko, testuinguruak ematen baitu ikasleei egokitutako erantzun bat. Ikastetxeek bultzatuko dute egitura horietako ikasleak sar daitezen bai erreferentziazko taldeetan baita ikastetxeko jarduera guztietan ere.
Kasu horietan guztietan, bideratze txostenetan zehaztu beharko da proposatutako egiturak zer eskaintzen dien ikasleei, ohiko eremuan bete ezin dena, hain zuzen ere.
Ikastetxea aldatzea dakarren neurri edo egitura bat proposatzeko, kasu oso berezia izan behar da, eta aniztasunari erantzuteko bide arrunt guztiak agortu ondoren ezarriko da hori. Eskolatze-aldi arruntean kudeatu beharko da, horretarako ezarritako protokoloak zehatz-mehatz beteta.
Egitura espezifikoen programazio didaktikoak ikasgelako tutoreen erantzukizuna dira.
Curriculumaren egokitzapen esanguratsuak arlo bakoitzeko irakasleen erantzukizuna dira; horien berri eman behar diote egokitzapenak dituzten ikasleen taldeko tutoreari.
Hezkuntza orientazioko langileek programazioak eta curriculum egokitzapenak egiten lagunduko diete irakasleei, eta aholkuak emanen dizkiete.
Irakasle-talde osoari dagokio ikasleen autonomia garatzea. Ingurunean oztopo zehatz batzuk egoteagatik, zenbait ikaslek talde osoaren laguntza behar dute.
Hezkuntza laguntzako langile espezialistekin elkarlanean definituko eta aplikatuko da Autonomia pertsonaleko eta gizarte integrazioko programa, ikaslearen autonomia, garapen pertsonala eta curriculumean sartzeko aukerak sustatze aldera. Programa horretan ikastetxe osoa dago sartuta.
Ikasle horien autonomia behar bezala garatzeko, koordinazio egokia egin beharko da hezkuntza laguntzako espezialisten eta irakasle-taldea osatzen duten gainerako kideen artean. Horretarako, astean behin koordinazio saio bat ezarriko da profesionalendako, eskolaldian.
Oro har, lanaldi osoa ez duten hezkuntza laguntzako espezialisten ordutegiaren eguneroko saioak jarraian antolatuko dira, zerbitzuaren beharrizanengatik behar bezala justifikatzen diren ohiz kanpoko kasuetan izan ezik.
Hezkuntza laguntzako langile espezialistek, lanaldi partzialeko administrazio-kontratudunak badira baina urtean haien kontratuaren lanaldia baino gehiago egiten badute, lanaldia handituko zaie, benetan eginiko lanaldira iritsi arte. Edonola ere, aurretiaz, ikastetxeak txosten bat prestatu beharko du eta Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak oniritzia eman beharko dio txosten horri.
Hezkuntza laguntzako langile espezialista berriei dagokienez, ikastetxeak harrera eginen die, lan egiteko behar dituzten dokumentu nahikoak emateko eta eraikina erakusteko.
Espezialista horien ordutegia EDUCAn jakinarazi behar da, AZLei esleitutako postua deskribatzeko atalean.
Ikasleen beharrei aurre egiteko, sareko bilera bat egin behar da osasuneko eta eskubide sozialetako hezkuntza eragileen artean, osasun-diagnostikoa duten kasuak aztertzeko, edo zaintza edo arreta espezifikoak behar dituzten gizarte-kalteberatasunekoak eta/edo ikastetxeetan prestakuntza jarduerak egitekoak, 2025-2026 ikasturtean.
Informazio-trukea eginen da datu pertsonalak babesteko protokoloak kasu hauetarako ezarritakoaren arabera.
4.2. Esku hartzea absentismoaren aurrean.
Absentismoari aurre egin behar zaio lehen zantzuak agertzen direnean, epe laburrean arrakasta izateko bermeren bat izan nahi badugu. Eskolatzea erabatekoa izan dadila lortzeko eta derrigorrezko hezkuntzaren etapan absentismoa murrizteko, batera eta testuinguruari helduta jardun behar dute hezkuntza komunitate osoak, oinarrizko gizarte zerbitzuek, Adingabearen Babes eta Sustapenerako Atalak eta Fiskaltzak.
Arazoa diagnostikatu eta hari aurre egiteko tresnetako bat da ikastetxeek erabili behar duten absentismoaren protokoloa. Bertan, esku hartzeko lau maila zehazten dira, absentismoaren larritasunaren edo jarraitutasunaren arabera, baita maila bakoitzean gauzatu beharreko ekintzak ere. Esku hartzeko maila guztietan, ikastetxeak kasuen jarraipena egin beharko du, aldian behin egoeraren berri emanez eta koordinazio bilerak eginez sareko kideekin.
Jarraipen hori eraginkorra izan dadin, oso garrantzitsua da EDUCAn erregistra daitezela, ikasturte osoan, bidezko arrazoirik gabe ikastetxera ez agertzeak. Era berean, protokoloan ezarritako 2. mailara igarotzean, horren berri emanen zaio Inklusio Proiektuetarako Bulegoari helbide elektroniko honen bidez: proyectos.de.inclusion@navarra.es.
4.3. Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroa (NHEBZ).
Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroa (NHEBZ) hezkuntza inklusioaren arloko erreferentziazko kalifikazio handiko zentroa izanen da.
Arlo eta programetan egituratuta egoteak lagundu eta sustatuko ditu ikasle guztiek ikastetxeetan duten presentzia, parte-hartzea eta ikaskuntza.
Hezkuntza orientazioko langileen bitartez eskatuko da aholkularitza, eskaera hezkuntza komunitateetako zeinek egiten duen kontuan izan gabe.
Baliabide zentroa osatzen duten programek erantzun desberdinak emanen dizkiete ikastetxeen eskaerei, eta lagun eginen diete haien eraldaketan, aldaketa metodologikoetan, Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsaleko (IDU) tresnen aurrerapenean eta beharrezkoa den banakako arreta espezializatuan.
5. Inklusio, berdintasun eta bizikidetza programak.
5.1. Inklusioa: PROA+ programa.
PROA+ programaren helburu nagusia da hezkuntza konplexutasun handieneko ikastetxeei laguntza instituzionala ematea, eta ikastetxe hauek dira programaren hartzaileak: funts publikoekin mantentzen diren eta Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Oinarrizko Hezkuntza (Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta oinarrizko mailako heziketa zikloak) eta Batxilergoa ematen dutenak.
Horretarako, berrogeita hamalau ikastetxe hautatu dira, publikoak zein itunduak, deialdi bidez. Ikastetxe horiek aparteko zuzkidura jasotzen dute, sareetan biltzen dira eta aholkularitza eta prestakuntza jasotzen dute Hobekuntza Plan Estrategiko bat eta zenbait jarduera garatzeko eta ezartzeko. Jarduera horiei palanka-jarduerak deritze, eta helburu dute antolakuntza-kulturan beharrezkoak diren aldaketak bultzatzea, bermatu ahal izateko ikasle guztiek eskola arrakasta izanen dutela, arreta jarrita, bereziki, ikasle guztien artetik egoera ahulenean dauden horietan.
5.2. Berdintasuna eta hezkidetza: Hezkidetza Plana eta SKOLAE Programa.
SKOLAE programaren helburua da hezkidetza eraldatzea ikastetxeetan. Hezkuntza Departamentuak prestakuntza, baliabideak eta laguntza ematen ditu prozesu hori errazteko, eta, horrela, bermatzen du, hezkuntza etapa guztietan, irakasleek eskuratzen dutela hezkidetzarako konpetentzia profesionala, eta ikasleek, berdintasunez bizitzeko konpetentzia.
2025-2026 ikasturtean, programa orokortzen jarraituko da, ikastetxe berriak sartuko baitira. Ikastetxeen egoera honako hau izanen da, zer fasetan dauden:
a) Programaren nahitaezko etapetan dauden ikastetxeak (1., 2., 3. eta 4. faseak).
SKOLAE Programa ikastetxe batean ezartzeko, antolaketa-egitura bat sortu behar da ikastetxe barnean, eta, horretarako, nahitaezko prestakuntza egin beharra dago, lau ikasturtez, gutxienez ere, eta bete beharko dira araudian ezarritako lau faseak.
Ikastetxe bakoitzean hezkidetza bultzatzeko talde bat sortuko da; 3 eta 8 kide artean izanen ditu, ikastetxearen ezaugarrien arabera, eta kide horien artean egonen dira zuzendaritza-taldeko pertsona bat eta hainbat ziklo eta arlotako irakasleak. Pertsona horietako bat koordinatzailea izanen da, eta sarean eginen diren bost saiotara bertaratu beharko du; hain zuzen, astearteetan, 12:00etatik 14:00etara, izanen dira, Hezkuntza Departamentuko SKOLAE taldeak adierazitakoaren arabera.
Bertaratu izanaren egiaztagiria jasotzeko, beharrezkoa izanen da sarean deitutako saioen %85era aurkeztu izana. Koordinatzailea ezin bada bertaratu, hezkidetza sustatzeko taldeko beste kide bat joaten ahalko da, ahal dela, zuzendaritza-taldekoa. Orobat, zuzendaritza-taldeak erraztasunak emanen dizkio koordinatzaileari ikastetxeko sarearen bileretara joateko. Horrenbestez, bilera horiek aintzat hartu behar dira ikastetxeko ordutegiak prestatzeko, ikastetxe publiko zein itunpekoetan.
Bestalde, ikastetxeko zuzendariak ordutegi bat ezarriko du, astean behin bil daitezen talde bultzatzaileko irakasle guztiak.
Klaustroa osatzen duten irakasle guztiek, ikastetxea 1., 2., 3. eta 4. faseetan badago, prestakuntza instituzionaleko 12 ordu gorde beharko dituzte hezkidetzari buruzko prestakuntza jasotzeko. Ikastetxea programa ezartzeko zer fasetan dagoen, prestakuntza hori banakakoa edo taldekoa izan daiteke, eta tutoretza online edo ikastetxean bertan egiten ahalko da. Edonola ere, dagokion informazioa bidaliko die Baterako Hezkuntzaren Bulegoak ikastetxe bakoitzari.
Hezkidetza bultzatzeko taldeko irakasleek, lehenengo urtean zehar, prestakuntza edo aholkularitza espezifikoa jasoko dute, ikastetxearen diagnostikoa eta hezkidetza identitatearen plan bat diseinatu eta garatzeko.
b) Ebaluazio fasea.
Lau faseak amaitutakoan, ikastetxea ebaluazio fasera igaroko da. Bertan, horretarako emandako tresnaren bidez, ikastetxearen hezkidetza identitatearen plana ebaluatuko da, eta ebaluazio horretan oinarrituta hurrengo lau ikasturteetako plana diseinatuko da. Bi ekintza horiek ikasturte berean zehar eginen dira.
Hartara, koordinatzaileak eskola-ordu bat izanen du liberatuta; izan ere, ikasturtean zehar Baterako Hezkuntzaren Bulegoak deitutako sareko bileretara bertaratu.
Ikastetxe bakoitzeko hezkidetza bultzatzeko taldearen ardura izanen da ekintza horiek guztiak gauzatzea, eta, horrenbestez, ikastetxeko zuzendariak astean behin bilera bateratu bat egiteko ordua ezarriko du hezkidetza bultzatzeko taldea osatzen duten irakasle guztiendako.
c) Programaren nahitaezko etapak amaitu dituzten ikastetxeak.
Ebaluazio fasea amaitu eta hezkidetza identitatearen plan berria prestatu duten ikastetxeek, 72/2021 Foru Dekretuan jasotakoari jarraikiz, hezkidetza bultzatzeko taldearen egitura eta funtzioak mantenduko dituzte, plana modu autonomoan garatzeko. Koordinatzaileak ez du ordurik izanen. Ikastetxe hauetan, SKOLAE I edo SKOLAE II banakako prestakuntza egin ez duten irakasleek horiek egiteko beharrezkoak diren 12 ordu gorde beharko dituzte. Nahiz eta ez den ikastetxeko irakasle guztiendako nahitaezko prestakuntza, nahitaezkoa izanen da hori jaso ez dutenendako. Ordea, bakoitzari dagozkion prestakuntza ikastaroetarako izen-ematea ikastetxeak berak kudeatu beharko du (zuzendaria, prestakuntzako arduraduna, ikasketaburua).
5.3. Bizikidetza: Laguntza programa.
Hezkuntza Departamentuak, Laguntza programaren eta ikastetxeen eskura jartzen diren beste baliabide batzuen bidez, bizikidetza planak egiteko orientazioa, prestakuntza eta aholkularitza emanen du.
Laguntza programak pixkanaka trebatuko ditu irakasleak honako gai hauetan: hezkuntza emozionala, gatazken konponketa eta eskolako bitartekotza, praktika errestauratiboak, disrupzioa ulertzea eta esku hartzea eta bestelako edukiak. Hala, kalitate oneko prebentziozko esku-hartzea sustatuko da tratu ona falta eta ondoeza aurrez aurre ditugunean.
Trebakuntza bi modutara egiten ahalko da: Alde batetik, Laguntza programara batzen diren ikastetxeek prestakuntza jasotzen ahalko dute; lehenik, prestakuntza orokorra jasotzen ahalko dute bi urtez, eta, bigarrenik, hirugarren urte batez prestakuntza espezifikoagoa jasotzen ahalko dute.
Bestetik, Red Laguntza Sareak ikasturte bakoitzean emanen dituen saioen bidezko prestakuntza egonen da. Red Laguntza Sarea programako prestakuntza amaitu duten ikastetxeek osatzen dute.
Ikastetxe bakoitzaren Bizikidetza Planean curriculum eta antolaketa neurriak jasoko dira bizikidetza, tratu ona eta eskola giroa hobetzeko. Nabarmenduko da zein garrantzitsua den hezkuntza komunitate osoa inplikatzea arlo horretan prebentzio lana egin eta tratu onak eta hezkuntza emozionala ikasteko, gatazkak konpontzeko, emozioen aldetik seguruak eta osasungarriak diren inguruneak sortzeko eta eskola jazarpena eta indarkeria modu guztiak desagerrarazteko konpromisoaren ikuspegitik.
Abenduaren 16ko 204/2010 Foru Aginduarekin bat, ikastetxe guztietan egon beharko da bizikidetzako arduradun bat, aipatu foru aginduan adierazitako funtzioak izanen dituena.
Arduradunak, ikastetxeko zuzendaritza-taldeak erabakitakoari jarraikiz, eta, hala badagokio, hark ikuskatuta, ongizatearen eta ikasleak babestearen koordinatzaile funtzioak bereganatzen ahalko ditu, funtzio horiek arautzen dituzten estatuko eta autonomia-erkidegoko araudiekin bat.
Ongizaterako eta babeserako koordinatzaileak, jardutean, bete eginen du datuen babesaren arloan indarrean dagoen araudian ezarritakoa.
Bizikidetzaren arloko Aholkularitza Bulegoaren webguneak zenbait baliabide, eredu, protokolo eta iradokizun jartzen ditu ikastetxeen eskura beren jarduketa plana zehazten laguntzeko eta berariazko erantzuna bideratzeko zenbait kasuren aurrean (suizidioak, dolua, ziberbizikidetza eta abar). Ikastetxe guztietan, bizikidetza plana eta haren urteko zehaztapena eguneratu beharko dira, eta egokituko dira bizikidetzari eta indarkeriaren prebentzioari buruzko indarreko araudira.
2025-2026 ikasturtean zehar, Laguntza programa ezartzen eta horri buruzko prestakuntza ematen jarraituko dugu; gehienez ere eskatu duten eta hautatuak izan diren hamabost Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan eginen da hori.
Era berean, 2024-2025 ikasturtean programa ezartzen hasi ziren ikastetxeek 2025-2026 ikasturtean zehar jarraituko dute prestakuntza egiten.
2025-2026 ikasturtean Laguntza programako prestakuntza egiten jarraitzen duten zein horretara batzen diren ikastetxeek eskura izanen dute Bizikidetzarako Aholkularitzaren laguntza, baita programan aurretiaz prestakuntza eta esperientzia duten tutoreen laguntza ere.
Laguntza programako prestakuntza eskaintzeaz gain, Hezkuntza Departamentuak ikastetxeetako langileei prestakuntza espezifikoa eskaintzen die, ideiagintza autolitikoak dituzten ikasleei laguntzeko, ikastetxeetako krisialdiak landu eta kokatzeko, bai eta ikasle transexualei laguntzeko ere.
Prestakuntza espezifikoa ikastetxeen prestakuntza instituzionaleko planen baitan egin daiteke, edo ikasturtean zehar aurreikusi gabeko behar gisa antolatu daiteke.
6. Ebaluazio diagnostikoak.
Ebaluazioa etengabeko hobekuntzari lotuta dago, eta funtsezko laguntza eta baliabidea da, gainera, errealitatea eta ikastetxeetan aurrera eramaten diren hezkuntza jarduketen ondorioak hobeki ezagutzeko. Alde horretatik, hobekuntza ildoak ezartzeko orduan, ikasleen barneko emaitzak (behar diren neurriak hartzeko informazio eta hausnarketa iturri izan beharko baitira) eta hurrengo puntuetan zehaztuko diren ebaluazioen emaitzak hartuko dira kontuan.
6.1. Lehen Hezkuntzako 4. mailako ebaluazio diagnostikoa.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 144. artikuluan xedatutakoaren arabera, Hezkuntza Departamentuak Lehen Hezkuntzako 4. mailan diagnostiko helburua duen ebaluazio bat garatzea ezarri du.
Ikastetxeek ebaluazio diagnostikoa eginen diete Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasle guztiei. Konpetentziak ebaluatzeko probak kanpoan prestatuko dira, eta ikastetxeetan aplikatu eta zuzenduko. Ebaluazio Atalak koordinatuko du ebaluazio hori.
Ikastetxeek egin beharreko lehenengo jarduketa galdetegi bat izanen da, ikastetxeko ISEKa kalkulatzeko. Urtarrilaren 19a eta martxoaren 6a bitarte egin beharko dute galdetegia ikasleek. Zuzendaritza-taldeak ikuskatu eta bermatu beharko du prozesua zorrotz eta adierazitako epean betetzen dela; behar diren neurriak hartuko ditu ikasle guztiek bete dezaten galdetegia, eta nahikoa denbora emanen die edozein gertakari ebazteko.
Halaber, ikastetxeko zuzendaritza-taldea plangintzan arituko da eta behar diren neurriak hartuko ditu, bai proben aplikazioan bai zuzenketan, datu grabaketan eta txostenak entregatzean parte hartu behar duten irakasleek zeregin horiek beren lan ordutegian bete ahal izan ditzaten.
Ebaluazio horrek ikastetxeendako prestakuntza eta orientazio izaera duela kontuan hartuta, proben eta emaitzen azterketaren erantzukizuna irakasle guztiena da. Azterketa horretatik informazio garrantzitsua aterako da hezkuntza arretan detektatutako premietara egokitzeko.
Probak, oro har, maiatzaren 7, 8, 11 eta 12an eginen dira eta horien ordena behar adina denborarekin zehaztuko da. Hezkuntza Departamentuak jarraibideak emanen ditu proben aplikazioa eta zuzenketa arautzeko.
Ebaluazio diagnostikoan lortutako emaitzak ikastetxeen eskura jarriko dira, EDUCAn, bi informazio iturriren bitartez:
1. Emaitzen urteko txostena: txosten horri esker, ikastetxeak aztertu ahal izanen du zer puntuazio lortu duen konpetentzia bakoitzean eta zein izan den item bakoitzaren erantzun zuzenen ehunekoa. Gainera, ISEKaren arabera zenbatetsitako puntuak ezagutzen ahalko ditu.
2. Azken ikasturteetako emaitzen bilakaerari buruzko txostena: grafiko horiei esker ikastetxeak ikusi ahal izanen du zein izan den gaitasun bakoitzaren emaitzen joera azken ikasturteotan.
Ikasturtea bukatu aurretik, behar bezalako aurrerapenaz, zuzendaritza-taldeak iturri horietatik bildutako informazioa transmitituko du koordinazio pedagogikorako batzordearen bileran, gerora, zikloko koordinatzaileek ikastetxeko emaitzen berri eman diezaieten gainerako irakasleei.
Konpetentziak hobetzeko ardura ez da Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleak zuzenean prestatzen dituzten irakasleena soilik, guztiena baizik. Horregatik, ziklo guztiek aztertuko dituzte emaitzak, eta egoki irizten dizkioten hobekuntza proposamenak bilduko. Azterketa hori errazago egiteko, item bakoitzari buruzko informazio gehigarria egonen da horretarako prestatutako zuzenketa koadernoetan.
Hautemandako hobekuntza eremuak zein diren adieraziko da bai ikastetxearen hobekuntza planean bai eta zikloetako urteko lan planetan ere.
Eskola kontseiluari emanen zaio horren guztiaren eta hartutako neurrien berri.
Ikastetxeek erabakiko dute noiz eta nola helarazi ikasleen txosten indibiduala familiei ikasturtea amaitu baino lehen. Gomendagarria da hori tutoretzaren testuinguruan egitea.
6.2. Barneko ebaluazioak ikasturtea bukatzean.
Aipatu ebaluazioez gainera, ikastetxeek barneko ebaluazio probak egin ahal izanen dituzte, etapa bukaerakoak Haur Hezkuntzan, eta ikasmaila bukaerakoak Lehen Hezkuntzan. Ikastetxeek pixkanaka-pixkanaka beteko dute barne ebaluazioa Hezkuntza Departamentuak mailaren edo etaparen ebaluaziorik egiten ez duen mailetan, eta aurreko ikasturteetan erabilitako probak egokitu ahal izanen dituzte.
Proba horiek bi helburu izanen dituzte:
–Alde batetik, ikaskuntzen koherentzia eta progresioa bermatuko dira etapan zehar.
–Bestetik, hiru hilean behin eginen den etengabeko ebaluazioaren ondorioz eta ikasturte bukaerako ebaluazio horien ondorioz, identifikatuko da zein ikasle dauden arriskuan eta jarraipen zorrotza eginen zaie etapan zehar.
7. Eskolako liburutegia, Abies+ plataforma.
Abies+ plataformaren bidez kudeatuko dira eskolako liburutegiak; AbiesWeb plataforma zahar eta euskarririk gabekoa ordezten du. Abies+ erabiltzeko oinarrizko ikastaro bat programatuko da, ikastetxe bakoitzak eskolako liburutegia kudeatzeko arduradun izendatutakoei zuzendutakoa. Ikastetxe batzuek ez dituzte datuak AbiesWebetik migratu, eta, beraz, datuak modu seguruan migratzeko laguntza jasotzeaz gain, Abies+ plataformaren funtzio berrienak erabiltzeko ikastaro aurreratu bat eskainiko zaie.
Era berean, informazio saioak antolatuko dira "Odisea" plataformaren erabilerari eta aukera pedagogikoei buruz (eskolako liburutegi digitala).
Eskolako liburutegiaren kudeaketaren arduradunei eskola-ordu gisa kontatuko zaizkien ordu batzuk esleitu ahal izanen zaizkie eskola liburutegiarekin loturiko kudeaketa informatikoa eta dinamizatze proiektuak egiteko, betiere, ikastetxeko ordutegia kontuan hartuta.
Eskolako liburutegiko arduradunen eginkizuna izanen da honako zeregin hauek egitea:
–Funts bibliografikoak eta bestelako materialak automatizatzea eta antolatzea.
–Mailegu sistema antolatzea.
–Irakurketaren sustapenari eta irakurzaletasuna bultzatzeko ikastetxearen planari lotutako ekintzen sustapena.
–Liburutegiaren aldetik laguntza ematea ikastetxean antolatzen diren programak eta proiektuak egiteko orduan.
–Liburutegiko ordutegia antolatzea bai eskola-orduetan bai eskolaz kanpokoetan.
–Ikasleen eta irakasleen artean sustatzea formatu digitaleko irakurketa eta irakurriaren ulermenaren hobekuntza "Odisea" eskolako liburutegi digitalaren bidez.
8. Ikastetxearen hizkuntza-proiektua.
Otsailaren 19ko 16/2019 Foru Aginduak Ikastetxearen Hizkuntza Proiektua arautzen du, eta lau urteko epea ezarri zuen proiektua prestatzeko. Epe hori amaitzean, ikastetxearen hizkuntza proiektua etengabe berrikusi eta eguneratu beharreko dokumentua izanen da; horretarako, ikastetxeek Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuaren laguntza izanen dute. Era berean, honako esteka honetan orientazio gida bat izanen dute eskura:
https://sites.google.com/educacion.navarra.es/plcnavarra/plcihp
Curriculumeko hizkuntzei dagokienez, ikastetxeek EDUCA kudeaketa sisteman honako hauek zehaztu beharko dituzte:
–Maila bakoitzean arlo bakoitza zein hizkuntzatan ematen den (Ikastetxea menua > Ikasketa plana > Irakasgaiaren hizkuntza).
–IHPa nork koordinatzen duen (Langileak menua > Irakasleak > Lanpostu osagarriak).
–Atzerriko hizkuntzak ikasteko programa nork koordinatzen duen: Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programa (Langileak menua > Irakasleak > Lanpostu osagarria).
9. Atzerriko hizkuntzak ikasteko programak.
Apirilaren 26ko 43/2023 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, Lehen Hezkuntzako etapa amaitzean ikasleei beren hizkuntza konpetentziari buruzko orientaziorako aholku bat emanen zaie, DBHn hautatu beharreko atzerriko hizkuntzetan ikasteko programei dagokienez (foru dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen oinarrizko alderdiak arautzen ditu). Berariaz horretarako diseinatutako tresna bat, EDUCAn txertatua, erabiliko dute atzerriko hizkuntzetan ikastetxeko programak dituzten Lehen Hezkuntzako ikastetxeek erabiliko dute horretarako diseinatzen eta EDUCAn txertatzen den tresna, Bigarren Hezkuntzako aurreinskripzioak egiteko prozesuaren aurreko epe batean. Orobat, familiei orientazioko aholku horren berri emanen zaie, tutoretzen bitartez.
II.–ANTOLAKETA ALDERDIAK
1. Lehen Hezkuntzako etaparen antolamendua: zikloak, arloak eta esparruak.
Lehen Hezkuntzako etapa ziklotan antolatuta dago, eta horiek ikastetxeko zuzendariak hautatutako koordinatzaile batek zuzenduko ditu.
Ziklo bakoitzeko koordinatzaileak, ikasketaburuak gainbegiratuta, hartan irakasten duten irakasleen talde lana sustatu, koordinatu eta garatuko du.
Zikloko koordinatzaileak ziklo horretan irakasten duten irakasleak izanen dira, eta, lehentasunez, ikastetxe horretan behin betiko destinoa eta ordutegi osoa dituztenak.
Oro har, etapako ikasmailak arloka antolatuko dira. Hala ere, ikastetxeek, beren autonomia baliatuta, esparruka lan egin ahal izanen dute, irakasleen klaustroak aldez aurretik onetsita. Ondorio horietarako, 2026-2027 ikasturtean curriculum antolaketa esparruka hasi nahi duten ikastetxe guztiek Ikasketak Antolatzeko Atalari jakinarazi beharko diote 2026ko apirilaren 15a baino lehen (ordenacion.academica@navarra.es), honako hauek kontuan izanik:
–Esparruka lan egiteko modalitate horri heltzen dioten ikastetxeek ezarri beharko dituzte, batera ezarri ere, "Esparru Linguistikoa" edo, hala badagokio, "Esparru Linguistikoa, Atzerriko Bigarren Hizkuntzarekin", eta "Esparru Matematikoa eta Zientzietakoa".
–Esparruka lan egiteko aukera etapako edozein ikasmailatan aplikatzen ahalko da, eta ikasmaila bereko talde guztietan aplikatu beharko da.
–Ikasketak Antolatzeko Atalari zuzendutako jakinarazpenean, adierazi beharko da zein den ikastetxearen izena eta zer ikasmailan edo ikasmailatan eginen duten lan esparruka.
Era berean, eta arestian deskribatutako baldintza berberei jarraikiz, 2025-2026 ikasturtean antolamendua esparruka ezarrita duten ikastetxeek, epe berean eta modu berean jakinarazi beharko dute horri buruzko edozein aldaketa. Horren gaineko berririk jasotzen ez bada, ulertuko da ez dela aldaketarik izan antolamenduan, eta 2026-2027 ikasturtean aplikatuko da.
2. Programazio didaktikoak.
Programazio didaktikoak prestatzeko, orientatzeko gida bat eta programazio-eredu irekiak izanen dira eskura eskola kudeaketako EDUCA sisteman (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Ikuskapen-dokumentuak > Programazioak).
Programazio didaktikoak, ahal dela, EDUCAren aplikazioan bertan eginen dira, horretarako prestatutako txantiloi bat erabiliz.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak arloen eta, hala badagokio, arloen programazio didaktikoen prestaketa gainbegiratuko du, eta bereziki begiratuko du LOMLOEn aurreikusten diren elementu berriak sartzen diren (konpetentzia espezifikoak, oinarrizko jakintzak, ikaskuntza-egoerak, etab.).
3. Gainditu gabeko arloak eta barrutiak berreskuratzeko prozesuen kalifikazioen eskala.
Gainditu gabeko arloei, eta, hala badagokio, barrutiei dagokienez, jarritako kalifikazioak bat etorri beharko du Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 12ko 52/2023 Foru Aginduaren 11. artikuluan jasotako kalifikazioen eskalarekin. Hala, kalifikazioen eskala hori ezin izanen da ez mugatu ez murriztu, eta ikasleei ondoren adierazitako kalifikazioen eskalako terminoei jarraikiz jarri beharko zaie dagokien nota: gutxiegi (G), kalifikazio negatiboetarako; nahikoa (N), ongi (O), oso ongi (OO) eta bikain (B), kalifikazio positiboetarako.
4. Lanaldia.
225/1998 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioendako finkatzen den lanaldi bera izanen dute, beren eginkizunetara egokitua.
Ekaineko eta iraileko eskola gabeko lan egunetan, egunean ikastetxean egon beharreko bost orduko lanaldi jarraitua egin beharko dute irakasleek.
Ekitatean eta hezkuntza kalitatean aurrera egiteko itunak jasotzen duenez, Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleek eta antzekoek, lanaldi osoa egiten badute, astean gehienez ere 19,5 zuzeneko irakaskuntza-ordu izanen dituzte ikasleekin. Irakastordutzat jotako gainerako orduak honelakoetarako baliatuko dira: tutoreen arteko koordinaziorako Haur eta Lehen Hezkuntzan, koordinazioak egiteko, bizikidetzarako, liburutegirako, teknologia berrietarako eta beste eginkizun, plan eta proiektu batzuetarako, izan Hezkuntza Departamentuak proposaturikoak izan ikastetxearenak berarenak, zikloko taldeetatik edo irakasle taldeetatik datozenak barne hartuta, baldin eta horrek ez badakar astean denbora gehiago ematea.
5. Irakasleen ordutegia prestatzea eta onartzea.
Uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuak, zeina aldatu baitzuen uztailaren 16ko 60/2014 Foru Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarriak, ezartzen du ezen irakasleen ordutegiak ikasketaburuak prestatu behar dituela, ikastetxeko zuzendariak onetsi behar dituela eta EDUCA kudeaketa programaren bitartez jakinarazi behar direla irailaren 30erako. Horren gaineko erreklamazio guztiak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko ditu, eta, horretarako, hamabost eguneko epea izanen du.
Ordutegiak prestatzeko, eskola kudeaketako EDUCA sisteman eskuragarri daude laguntza dokumentuak, kontratuen ordutegi-taula eta irakasleen ordutegiaren kontzeptuak (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Ikuskapen-dokumentuak > Irakasleen ordutegia).
Halaber, eskola kudeaketako EDUCA sisteman zehaztuko da egoitzaren ordutegia, zenbaketa moten erlaitzean "denbora erreala" hautatuta (Ikasturtea > Ordutegia > Egoitza zehaztea > Ordutegiak kudeatzea > Zenbaketa mota > Denbora erreala).
Irakasleen asteko ordutegia antolatzeko, aintzat hartuko dira zuzeneko irakaskuntza-orduak, eskola-ordu gisa kontatzen direnak eta osagarriak; zehazki, eskolaldiaren modalitatearen araberako ohar hauek hartu beharko dira kontuan:
–Irakasleen asteko lanaldia, eskolaldi zatitu eta malguko modalitatean:
Irail eta ekainean, irakasleek 25 orduko asteko lanaldia izanen dute: eskola-ordutzat hartutako 20 ordu, eta asteko lanaldiko 5 ordu osagarri.
Urritik maiatzera bitarte, irakasleek 31 orduko asteko lanaldia izanen dute: eskola-ordutzat hartutako 26 ordu, eta asteko lanaldiko 5 ordu osagarri.
IRAKASLEEN LANALDIAREN LABURPEN TAULA (lanaldi osoa): Haur eta Lehen Hezkuntza, eskolaldi zatitu eta malgua | ||
ZUZENEKO IRAKASKUNTZA: 50 minutuko 23 saio | ESKOLA-ORDU GISA KONTATZEN DIREN ORDUAK 50 minutuko 5 saio + jolasaldiko 2,5 ordu | ASTEAN ZENBATU BEHARREKO ORDU OSAGARRIAK 5 ordu |
–Ikasleei eskola edo irakaskuntza emateko. (225/1998 Foru Dekretuaren 6. a) artikuluan zehaztutako lanetarako). | 225/1998 Foru Dekretuaren 6. b) artikuluan zehaztutako lanetarako. | –2 ordu: ikasketa-proiektua prestatu eta berrikustea, eta prestakuntza (curriculum-proiektua). –1 ordu: bilerak eta elkarrizketak familiekin (TP). –1 ordu: koordinazio bilerak (KOOR). –1 ordu: klaustroak eta ebaluazio saioak (K+E). |
Asteko ordutegia:26 eskola-ordu [23 saio (ZI) + 5 saio (EKO) + 2,5 ordu (jolasaldiak] + 5 ordu osagarri: astean 31 ordu.
–Irakasleen asteko lanaldia, eskolaldi jarraituko modalitatean:
Ikasturte osoan zehar, irakasleek 30 orduko asteko lanaldia izanen dute: eskola-ordutzat hartutako 25 ordu, eta asteko lanaldiko 5 ordu osagarri.
Ikastetxeek ikasleei arratsaldez arreta emateko jardueren programa bat garatu beharko dute, irailerako eta ekainerako izan ezik. Jarduerok astelehenetik ostegunera eginen dira, 45 minutuko saio bakar batean. Ikastetxe publikoetako irakasleek ikasleei arratsaldez arreta emateko jardueretako arduradun eta dinamizatzaile gisa ematen dituzten orduak eskola-ordutegiak izanen dira. EDUCAn IAAEJ (ikasleei arratsaldez arreta emateko jarduera) gisa erregistratuko dira.
IRAKASLEEN LANALDIAREN LABURPEN TAULA (lanaldi osoa): Haur eta Lehen hezkuntza, eskolaldi jarraitua | ||
ZUZENEKO IRAKASKUNTZA: 19,5 ordu | ESKOLA-ORDU GISA KONTATZEN DIREN ORDUAK: 5,5 ordu 45 minutuko 4 saio + jolasaldiko 2,5 ordu | ASTEAN ZENBATU BEHARREKO ORDU OSAGARRIAK 5 ordu |
–Ikasleei eskola edo irakaskuntza emateko. (225/1998 Foru Dekretuaren 6. a) artikuluan zehaztutako lanetarako). | 225/1998 Foru Dekretuaren 6. b) artikuluan zehaztutako lanetarako. | –2 ordu: ikasketa-proiektua prestatu eta berrikustea, eta prestakuntza (curriculum-proiektua). –1 ordu: bilerak eta elkarrizketak familiekin (TP). –1 ordu: koordinazio bilerak (KOOR). –1 ordu: klaustroak eta ebaluazio saioak (K+E). |
Asteko ordutegia:25 eskola-ordu [19,5 saio (ZI) + 4 saio (EKO) + 2,5 ordu (jolasaldiak] + 5 ordu osagarri: astean 30 ordu.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak irakasleen asteko ordutegiaren banaketa zuzena den ikuskatuko du (zuzeneko irakaskuntzan emandako orduak, eskola-orduak eta jarduera osagarrien orduak).
6. Zuzendaritza-taldeen koordinazioa.
Ikastetxeen arteko koordinazioa handitzeko eta prestakuntza programetan parte hartzea areagotzeko, zuzendariak, ikastetxeko aukeren arabera, astearte goizak eskola-ordurik gabe izan ditzake, zeregin horiek gauzatzeko.
7. Irakasleak eta ikastetxeko langileak lanera ez agertzea.
Aldi baterako ezintasun batengatik inor lanera agertzen ez denean ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrolak Hezkuntza Departamentuko web-orrian ezarritakoari jarraituko dio:
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal
Aldi baterako ezintasun egoeran dauden MUFACEko langileek bajaren frogagiria aurkeztu behar dute gehienez ere 3 eguneko epean, lanera huts egindako lehen egunetik zenbatzen hasita. Hurrengo berrespen agiriak hamabostean behin edo hilean behin aurkeztuko dira, medikuak zer erabakitzen duen. Alta-agirien kasuan, agiria egin eta gehienez 24 orduko epean jakinaraziko da.
MUFACEko langileen jatorrizko parteak Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez bidal daitezke Hezkuntza Departamentura, aurrez aurre aurkeztu Nafarroako Gobernuaren Erregistro Ofizialeko edozein bulegotan, edo posta arrunta erabili.
Era berean, nahitaezkoa da ikastetxeko zuzendaritza-taldeari kopia bat bidaltzea edo aurkeztea ahalik eta lasterren, ikastetxeak jakin dezan zehatz-mehatz bajak zenbat iraunen duen, bajaren bilakaera edo bukaeraren berri izan dezan eta, orobat, ordezkapen bat eskatu ahal izan dezan.
Alta agiriari dagokionez, horren berri emateko epea betetzen ez bada irakaslea ikastetxera itzultzen den egunetik hasita 2 egun naturaleko epean, zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko. Irakasleari ere jakinaraziko zaio idatziz.
Ordezkapenetarako, kotizazioetarako eta nominan eragina duten bestelako elementuetarako dauden epeak ongi betetzearren, proposatzen da komunikazioak Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez egitea.
Parteak bidaltzean izandako edozein gorabeheraren berri emateko, helbide elektroniko hau erabil daiteke modu osagarrian: planificacionrheducacion@navarra.es.
Gaixotasuna edo istripua dela-eta aldi baterako ezintasuna duten Gizarte Segurantzako langileek ikastetxeko zuzendaritza-taldeari jakinarazi behar diote zer iraupen duen baja-agiriak lanera joaten ez diren lehen egunetik. Baja berresteko parteak medikuak erabaki bezain maiz jakinarazi beharko dira. Halaber, baja amaitutzat emateko eta langilea bere lanpostura itzultzeko, ezinbestekoa da alta medikoaren partea jakinaraztea lantokiari egun berean. Hala, zuzendaritza-taldeak zehatz-mehatz jakinen du noiz egon den langilea kanpoan, bajaren eboluzio eta/edo amaiera, eta beharraren ordezkapena kudeatzen ahalko du.
Ikastetxeetan ezarriko da zer bidetatik eginen dituzten jakinarazpenak MUFACEko nahiz Gizarte Segurantzako langileek, zuzendaritza-talde bakoitzak zehazten duen funtzionamenduaren arabera.
Garrantzitsua da adieraztea ezen, gaixotasun bajengatiko egoerak jakinarazteaz gainera, erditzeagatiko lizentzia edo ama ez den gurasoarendako lizentzia tramitatzeko komunikazioa bost eguneko epean egin behar dela gehienez, ezarritako prozedurari jarraikiz.
Ordezkapen egoeretan, ordezkoa ez bada egokitu zaion lanpostuan hasten, eta Kontrataziorako Atalari ez badio erregistro orokorraren bidez jakinarazi lanpostuari uko egin diola, ikastetxeko zuzendaritzak hutsegitearen txosten bat bidaliko du contratoseducacion@navarra.es helbidera, lanpostua berriz eskain dadin. Ordezkapen kontratuaren Gizarte Segurantzako afiliazioaren alta tramitatu bada, Gizarte Aseguruen Atalak eskatuta, zuzendaritza-taldeak hutsegiteari buruzko txosten bat egin beharko du, alta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian alta baliogabetzeko. Ondoren, seccion.seguros.sociales@navarra.es helbide elektronikora bidali beharko du.
Ikastetxeetan EDUCA aplikazioko kudeaketa sisteman erregistratu beharko dira ikastetxeak berak emandako baimenak. Norberaren aferetarako baimen bat emateko, EDUCA kudeaketa sisteman ikus daitezke irakasle bakoitzak hartutako orduak (Langileak menua > Irakasleak > Berria / Hutsegiteak ikusi). Irakasle ibiltariei eta ikasturte bakoitzean ikastetxe batean baino gehiagotan kontratua duten irakasleei dagokienez, pantaila horretan ikusiko dira ikastetxe bakoitzean eta kontratu bakoitzeko hartutako orduak (Langileak > Irakasleak > Norberaren aferak).
8. Guardiak.
Hona hemen zaintzako irakasleen eginkizun nagusiak:
–Arreta ematea irakasleak huts egiteagatik edo beste edozein arrazoirengatik libre gelditzen diren ikasleei.
–Korridoreetan ordena zaintzea, eta, oro har, ikasleek gelaz kanpo duten portaera zaintzea. Horrek ez du esan nahi beste irakasleek eginkizun hori bete behar ez dutenik.
–Beren zaintza-orduetan sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, bai eta ikastetxeko norbait mediku beharrean gertatuz gero hartarako kudeaketak egitea ere, eta ikasketaburua lehenbailehen jakinaren gainean jartzea.
–Beren zaintza-orduetan, irakasleak eskoletara, zaintza txandetara, liburutegira edo bestelako jardueretara berandu joan izanaren edo joan ez izanaren berri ematea ikasketaburuari, idatziz.
–Ikastetxeko zuzendariak bere eskumeneko esparruan agintzen dion beste edozein eginkizun.
Ikastetxeko zuzendaritzak baimena eman dezake irakasleren baten zaintza-orduak berariazko beste jarduera batzuekin trukatzeko, baldin eta zaintza-ordu guztiak beteta badaude.
EDUCA aplikazioak modulu bat du irakasleen zaintza-orduak kudeatzeko, eta hura erabiltzea gomendatzen dugu. Ikasgelako koadernoaren agendarekin lotuta dago, egin beharreko jarduerak jakinaraztea errazten du, zaintzako irakasleak izendatzeko aukera ematen dio zuzendaritza-taldeari eta prozesuaren estatistika bat eskaintzen du.
9. Irakasle ibiltarien joan-etorrien gastuak.
Oinarrizko ikastetxeetako zuzendaritzek Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari jakinaraziko diote, epe barruan jakinarazi ere, zer joan-etorri egiten dituzten beren irakasle ibiltariek (irakasleek, orientatzaileek eta logopedek) ikastetxekoaz bestelako herrietara, funtzionamenduaren txantiloian jasotako plangintzari jarraikiz.
Egoera orria edo fitxa urriaren 31 baino lehen igorriko da, oinarrizko ikastetxeko zuzendariak eta irakasle ibiltariak beteta.
Irakasleen ibiltaritzak jakinarazteko dokumentazioa, jarraibideak eta hileko joan-etorrien fitxa eta formularioa eskuragarri egonen dira eskola kudeaketako EDUCA sisteman (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Ikuskapen-dokumentuak > Ibiltaritzak).
Gainerako joan-etorriak bilerak deitzen dituen zerbitzuaren bidez kudeatuko dira. Joan-etorri horien barnean egonen dira orientazioa koordinatzeko bilerak, Landa Eskolen Sareko bilerak eta landa eskolen koordinazio taldeen bilerak.
10. Hezkuntza digitalizatzea.
Hezkuntza Departamentuak irakasle sartu berrien eskura jarriko du 15 orduko prestakuntza, zeinetan irakaskuntzan aritzeko oinarrizko tresna digitalak landuko baitira. Zuzendaritza-taldeak prestakuntza instituzional gisa ezartzen ahalko du hori irakasle sartu berriendako.
10.1. Konpetentzia digitala eta hezkuntza teknologia.
Ikastetxearen plan digitala UPOan dauden planetako bat da, eta zuzendaritza-taldeak hautatutako arduradun batek egin beharko du haren jarraipena. Arduradun hori ikastetxearen plan digitalaren arduradun gisa identifikatuta egonen da EDUCAn.
Ikastetxe guztiek SELFIE galdetegia bete beharko dute ikastetxearen plan digitalean jasotako ekintzak ebaluatzeko.
Ikastetxe publiko bakoitzak hezkuntza teknologiaren koordinatzailea izanen du, eta pertsona hori hala identifikatuta egonen da EDUCAn. Komeni da hezkuntza teknologiaren koordinatzaile postuan aritzen denak irakaskuntzako konpetentzia digitalean (IKD) B2 maila izatea gutxienez.
Hauek dira hezkuntza teknologiaren koordinatzaileak izanen dituen funtzio nagusiak:
–Beste irakasle batzuei laguntzea aplikazioak, ekipoak, wifia, kontuak, etab. kudeatzen, eta ikastetxean IKTen erabilera sustatzea.
–Kontrolatzea ekipo guztiak behar bezala etiketatuta eta inbentariatuta daudela GLPIan.
–Ikastetxearen zerbitzu-eskariak iragazi eta egitea.
–"Ikastetxearen panela" izeneko tresna erabiltzea.
–Chromebooken matxurak eta hausturak kudeatzea, betiere ikastetxe txikietan (< 200 chromebook).
–Ikastetxeko tutoreekin chromebooken banaketa eta bilketa antolatzea (udako berrikuspena, 1:1 eredua, berritu beharrekoak, etab.).
–Zuzendaritza-taldeari aholku ematea IKTekin lotutako gaietan.
–Ikastetxeak edo Hezkuntza Departamentuak erositako ordenagailu berrika instalatzea.
–Hezkuntza Departamentuak bidalitako kanpoko enpresekin lan egitea IKTekin lotutako egitekoetan.
–Kontsumigarriak ordeztea (tonerra, fusorea, tinta-kartutxoak eta proiektagailuen lanparak aldatzea).
–Irakasleendako IKTen prestakuntza plan bat diseinatzea, tutorialak eskaintzea eta prestakuntza gauzatzea (hori dena ikasNOVAko arduradun bat ez duten ikastetxeetan bakarrik eginen da).
–ikasNOVAk eskainitako baliabide teknologikoen mailegu-zerbitzua kudeatzea (ikasNOVAko arduradun bat ez duten ikastetxeetan bakarrik).
–Zuzendaritza-taldearekin batera adostutako gainerako funtzioak.
Ikastetxeei gomendatzen zaie asteazkenak 9:00etatik 10:30era erreserbatzeko, arduraduna eskuragarri egon dadin, beharrezkoa denean, aurrez aurre zein telematika bidez eta ordutegi orokorraren barruan, parte hartzeko prestakuntza jardueretan, esperientzia eta jarraipen trukaketetan eta prozesu komunen ebaluazioan. Edonola ere, prestakuntza guztiak grabatuko dira, edozein momentutan ikusi ahal izateko.
Ikastetxeek ikasNOVA programako arduradun bat izaten ahalko dute, eta pertsona hori hala identifikatuta egonen da EDUCAn. Komeni da ikasNOVAko arduradun postuan aritzen denak irakaskuntzako konpetentzia digitalean (IKD) B1 maila izatea gutxienez.
IkasNOVAko arduradunak ikaskuntza eta irakaskuntza prozesuak landuko ditu eta honako arlo hauetan teknologiaren integrazio pedagogikoa gauzatuko du:
a) Konpetentzia digitala:
–Gailu eta tresna digitalen erabilera pedagogikoari buruz aholku ematea.
–Ikasleak dituzten chromebooken erabilera sustatzea, gaitasun digitalaren garapenaren oinarri gisa.
–Ikastetxearen plan digitala prestatzeko zuzendaritza-taldearekin lanean aritzea, plana ikastetxeko hezkuntza beharretara egokitu dadin, betiere Hezkuntza Departamentuko jarraibideak eta hezkuntza teknologian egun dauden joerak barne hartuta.
–Plan digitalaren ezarpenari etengabeko jarraipena egitea, eta irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuan duen inpaktua ebaluatzea. Baliteke horren ondorioz ikasleen eta irakasleen feedbacka jaso behar izatea, baita hezkuntza datuak aztertu behar izatea ere.
–Irakasleak laguntzea eta aholku ematea konpetentzia digitaleko maila bakoitzean ematen dituzten aurrerapausoetan.
–Ikasleek konpetentzia digitalean egiten dituzten aurrerapenak eta hobekuntzak koordinatu eta ikuskatzea.
b) STREAM-AI pentsamendu konputazionalaren sarea.
–Pentsamendu konputazionala garatzea, robotika, errealitate zabalduak, adimen artifiziala eta STEAM arloak sustatzera bideratutako ekintzak lideratzea.
–Ikastetxea STREAM-AI sarean badago, lantaldeari jakitera ematea sarearen prestakuntzan landutako edukiak.
–Irakasleei aholku ematea eta lagun egitea, beharrezkoa izanez gero, ikasleekin martxan jartzen pentsamendu konputazionala ardatz duten proposamenak.
–STEAM-AI proiektuak bultzatzea eta dinamizatzea; horretarako, ikastetxeari esleitutako irakasle aholkulari-teknikariaren aholkuak eta orientazioa izanen ditu.
–STREAM-AI sarean egonez gero, sareko beste ikastetxe batzuetako arduradunekin koordinatzea eta elkarlanean aritzea.
–Curriculum-proiekturako materialaren erosketak kudeatzea, ikastetxeko idazkariarekin batera.
–ikasNOVAk eskainitako baliabide teknologikoen mailegu-zerbitzua kudeatzea.
c) IkasNOVA ikasgelak.
–Konpetentzia digitala barne hartzen duten metodologia aktiboak garatzea sustatzera bideratutako ekintzak lideratzea.
–ikasNOVA ikasgelen jarraipena eta kudeaketa koordinatzea.
d) Eduki digitalak.
–Hezkuntzako eduki digitalen sorrera eta erabilera koordinatzea.
–Tresna eta eduki digitalen gidaritza koordinatzea.
–Ikastetxeak egiten dituen tresna digitalen eskaerak tramitatzea, horiek probatzeko.
–Klaustroko kideei eskuragarri dauden tresna digitalei buruzko informazioa eta aholku ematea.
–Irakasleak laguntzea eta aholku ematea konpetentzia digitaleko maila bakoitzean ematen dituzten aurrerapausoetan.
–Ikasleek konpetentzia digitalean egiten dituzten aurrerapenak eta hobekuntzak koordinatu eta ikuskatzea.
IkasNOVA ikasgela bat duten ikastetxeek, haren arduradun bat hautatu beharko dute EDUCAn. ikasNOVA ikasgelaren arduradun gisa izendatuko da postua. ikasNOVA ikasgelaren arduraduna ikasNOVAko arduraduna izaten ahalko da.
IkasNOVAko arduradunari dagokionez, ikastetxeek, ordu horiek esleitzean, proposatutako ordutegia errespetatu beharko dute (ostegun goizetan 09:00etatik 10:30era), bermatu beharra baitago, beharrezkoa denean, hizpide dugun arduradun horrek parte har dezan, aurrez aurre edo telematika bidez, bai prestakuntza jardueretan, bai esperientzia trukeetan bai eta prozesu komunen jarraipena eta ebaluazioa egiteko jardueretan ere.
IkasNOVAko arduraduna ordu batzuez izanen duten ikastetxeek justifikatu beharko dute zer arlo landuko den. IkasNOVAko irakaskuntza arloko aholkulari teknikoak harremanetan jarriko dira ikastetxearekin ikasturte hasieran informazio hori jasotzeko. Ikasturtea amaitzean, ikastetxeek eginiko ekintzen justifikazio memoria bat aurkeztu beharko dute.
Hezkuntza teknologiaren koordinatzaileak eta ikasNOVAko arduradunak izanen dituzten funtzio zehatzak argitaratuko dira ikasNOVAren webgunean (https://ikasNova.digital).
Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren (SEM) edo antzeko beste programa batzuen funtsekin finantzatutako ekipamendu digitala jasotzen duten ikastetxeetako irakasleek konpromisoa hartuko dute ekipamendu hori erabiltzeko gaitzen duen prestakuntza egiteko.
Ikastetxearen plan digitalaren barnean eta bizikidetza planarekin bat, ikastetxeek zerrenda bat eginen dute ikasleei erabiltzen utziko dieten gailu digital pertsonalekin (telefono adimendunak, tabletak, erloju adimendunak, entzungailuak, etab.). Nolanahi ere, horiek erabiltzea posible izanen da soilik ikastetxeak baimendutako eta programatutako jardueretan.
Hezkuntza digitalizazioko jarduketen koherentzia bermatzeko, bai eta beste ikastetxe batzuekin partekatzekoak izaten ahal diren jardunbide egokiak identifikatzeko ere, ikastetxeek Hezkuntza Departamentuari jakinarazi beharko diote, aurretiaz, Hezkuntza Departamentukoak ez diren beste eragile batzuek digitalizazioarekin lotuta sustatutako edozein kolaborazio, jarduera, prestakuntza, esku-hartze edo jarduketa. Betebehar hori ikasNOVA Hezkuntza Digitalizatzeko Planean barne hartutako jarduketa-ildo eta arlo batzuei eragiten die; honako hauei, besteak beste: konpetentzia digitala, gailu eta plataforma berriak erabiltzea, adimen artifiziala, robotika, pentsamendu konputazionala, zibersegurtasuna, datuen babesa...
10.2. IKT zerbitzuen katalogoa.
Hezkuntza teknologiako koordinatzaileak edo zuzendaritza-taldeak ikastetxeko langile guztiei –irakasleei eta AZLei– ezagutaraziko diete IKT zerbitzuen katalogoa. IKT zerbitzuen katalogora sartzeko, zuzeneko sarbide bat izanen da ordenagailu guztien mahaigainean. Eskola kudeaketako EDUCA sistemaren "Aplikazioak" izeneko menutik ere sartzeko modua izanen da.
10.3. Erabiltzailearen Laguntza Zentroa (CAU).
Erabiltzailearen Laguntza Zentroak (CAU) erantzunen die ekipamendu informatikoen, sarearen eta konektagarritasunaren gorabeherei, bai eta IKT zerbitzuen katalogoan adierazitako zerbitzu-eskaerei ere.
IKT zerbitzuen katalogoko "Hardwarearekin, softwarearekin edo sarearekin loturiko gorabeherak" izeneko atalean azalduta dago CAUren funtzionamendua eta haiei nola jakinarazi arazoak. Halaber, "Zerbitzuaren eskaerak CAUri" atalean jakinarazpenak egiteko inprimakiak daude.
10.4. IKT ekipamenduaren inbentarioa.
Ikastetxeetako ekipo informatiko guztiek etiketa izanen dute eta inbentariatuta egonen dira dagokien etiketa edo identifikazio serigrafiarekin.
Eranskailu horiek desagertzen badira, ikastetxeak zenbaki berdineko beste batzuk jarri beharko ditu, edo errotuladore ezabaezin batekin idatzi beharko du ekipamendu zenbakia (zenbaki hori inbentarioaren online aplikazioan bila daiteke).
Inbentarioko online aplikazioan (GLPI), edo horretarako gaitzen den aplikazio baliokidean, ikastetxe bakoitzak bere ekipamendu informatikoen inbentarioa ikusi ahal izanen du, baita horien gorabeherak ere, berriak zein amaitutakoak, eta egokitzat jotzen duen informazioa gehitu edo jarraipena egin ahal izanen du.
IKT zerbitzuen katalogoko "Inbentarioa" atalean dago aplikaziorako sarbidea eta hori erabiltzeko eskuliburu laburra. Halaber, EDUCAn (Ikastetxea > Ekipamendua > Ikastetxearen inbentarioa), EDUCAko kudeatzaileek, hezkuntza teknologiako koordinatzaileak eta ikasNOVAko arduradunek sarbidea dute GLPIan dauden ekipoen zerrendara, eta ikasleen ekipamendu-esleipena ikusten ahal dute.
Ikastetxeko hezkuntza teknologiako koordinatzaileak aldizka berrikusi beharko du online aplikazioaren inbentarioa, eta bermatuko du ez dela falta ekipamendu bat ere eta ez dela ageri aurretiaz kendutako ekipamendurik.
10.5. IKT ekipamenduko matxurak konpontzeko kontratua.
Kontratu bat dago ikastetxeetako IKT ekipamenduko matxurak konpontzeko, eta haren bidez egunean bertan edo hurrengo egunean konpontzen dira gorabeherak, edo ordezko ekipamendu bat uzten da ikastetxean, inolako kosturik gabe.
IKT zerbitzuen katalogoko "Hardwarearekin, softwarearekin edo sarearekin loturiko gorabeherak" atalean daude jasota konpondutako arazoak eta oraindik konpondu gabe daudenak. Gainera, kontratuaren laburpen bat ere badago, ikastetxeak hori ezagutu behar baitu kontratua bete dezan exijitu ahal izateko zerbitzua eskaintzen duen enpresari.
10.6. Ekipamendua erostea. IKT zerbitzuen kontratuak, lizentzia digitalenak eta bestelako IKT hornidurenak.
Ekipamendu informatikoa eta softwarea erosteko, aintzat hartu behar da Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendari Nagusiaren urtarrilaren 28ko 8/2025 Ebazpena.
Ebazpen horretan ezarritako erosketa-prozedura azalduta dago; izan ere, IKT zerbitzuen katalogoko "Ikastetxeak ekipo informatikoak eta softwarea erostea" apartatuan.
Ikastetxeak ezin izanen du onartu dohaintzan emandako bigarren eskuko ekipamendurik, arazoak sortzen baitituzte mantentze-lanetan eta segurtasunean, Hezkuntzako Sistemen, Sareen eta Euskarrien Atalak baimendutako salbuespenak izan ezik.
10.7. Softwarea.
Gogorarazten da ezen ikastetxeek obligazioa dutela ekipamenduetan erabiltzen duten eta haietan instalatuta dagoen softwarea legezkoa dela ziurtatzeko.
Ikastetxe batek software jabeduna erabiltzen badu ekipamenduren batean, dagokion lizentzia eta hori egiaztatzen duten agiriak izan beharko ditu.
Hezkuntza Departamentuak prestatutako Windowsak instalatutako aplikazio asko ditu. Ikastetxeak ekiporen batean beste aplikazioren bat instalatzea behar badu, eskaera bat egin beharko du IKT zerbitzuen katalogoaren bidez, edo hezkuntza teknologien koordinatzaileak instala dezake, ordenagailu guztien mahaigainean dagoen "Ikastetxearen panela" izeneko aplikazioaren bidez.
10.8. Chromebookak.
Baldin ikastetxeak 1:1 ereduaren alde egin badu, zeinetan ikasleek chromebooka etxera eramaten duten, talde bakoitzeko tutoreak arduratuko dira gailuak eta horien kargagailuak emateaz, baita ikasturte bukaeran horiek jasotzeaz ere.
Hezkuntza teknologiaren koordinatzailea ez da arduratuko ikastetxearen gailuak gordetzeaz eta kargatzeaz. Eskoletan chromebookak edo beste gailu batzuk erabiltzen dituen irakaslea arduratuko da horiek biltzeaz eta kargatzeaz, beharrezkoa bada.
Ikasleen chromebookak noizean behin berrikusi beharko dira (lehentasunez, tutoretza-saioetan), hautemandako akatsak konpontzeko, ikasturtea amaitu arte zain egon gabe.
Ikasleen chromebookekin lotutako trataera orokorrari buruzko jarraibideak eskuragarri daude ikasNOVAren webgunean (https://ikasNova.digital) zein IKT zerbitzuen katalogoko "chromebookak" atalean.
10.9. Hezkuntza teknologien koordinatzaileen prestakuntza.
Ikasturte hasieran, lehenengo aldiz hezkuntza teknologien koordinatzaile lanpostuan arituko diren irakasleek, prestakuntza egin beharko dute, berdin aurrez aurre edo telematika bidez izan. Prestakuntza saio horietan azalduko zaie, beste eduki batzuen artean, zein den haien egitekoa, zer tresna dauden, nola jokatu beharra dagoen eta Hezkuntza Departamentuko zer baliabide jarri diren ikastetxeen eskura.
Era berean, prestakuntza saio horietara joan daitezke, hala nahi izanez gero, lanpostu horretan ari diren pertsonetatik aurreko ikasturteetan eginkizun hori bete izan dutenak.
Prestakuntza horretarako deia eginen da Irakasleendako Laguntza Zentroetako hezkuntza teknologiaren arloko aholkularitzen bitartez.
10.10. Ikastetxearen prozesuetan datu pertsonalak babestea eta praktika onak gauzatzea.
Hezkuntza teknologietako koordinatzaileak DBEDBLO (3/2018 Lege Organikoa) bete dadin ere sustatuko du, ikastetxeko prozesuetan datu pertsonalak babesteari dagokionez.
Hezkuntza Departamentuan web-orri bat dago datu pertsonalak babesteari buruzko informazio espezifikoarekin, eta informazio hori zuzendaritza-taldeek jakin behar dute, ikastetxeetako prozeduretan datu pertsonalak tratatzeko arduradunak baitira, eta, horrez gain, datu pertsonalak kudeatu behar dituzten ikastetxeko langileen artean ere hedatu behar da:
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/informacion-sobre-proteccion-de-datos
Web-orri horretan honako atal hauek daude:
a) Datu pertsonalak babesteari buruzko informazioa: atal honetan Hezkuntza Departamentuak tratatutako datu pertsonalak babesteari buruzko araudiak eskatzen duen informazio guztia dago jasota.
b) Tratamendu jardueren erregistroa: atal honetan tratamenduko jardueren erregistro bat zer den azaltzen da eta Hezkuntza Departamentuak sortu eta argitaratutakoarekin lotzen da.
c) Ohiko galderak. Ohiko galderak: atal honetan azaltzen dira ikastetxeetan datu pertsonalak jasotzeari eta tratatzeari buruz egin ohi diren galderak.
d) Intereseko agiriak: atal honetan datuen babesarekin lotutako ereduak eta intereseko agiriak deskargatu daitezke, bereziki hezkuntzaren alorrekoak.
Horrez gain, irakasleak prestatzeko planaren baitan, online ikastaro bat eskainiko da, "Nafarroako Administrazio Publikoetarako datuak babesteari buruzko oinarrizko ikastaroa" izenekoa, zeinetan irakasle guztiek parte hartu ahal izanen duten. Prestakuntza hori sartuko da, era berean, zuzendaritza-taldeen akreditaziorako ikastaroan.
Ikasturtean zehar, ikastetxeek segurtasun politika aktiboak ezarri beharko dituzte; horien artean, autentifikatzeko bigarren faktore bat (2FA) ezartzea zenbait funtzio eta postutarako. Nahi izanez gero, noski, edozein erabiltzailek ezartzen ahalko du autentifikatzeko bigarren faktore hori EDUCAko egiaztagiriekin. Horrez gain, ekipoetan egiten diren lan guztiak (Windows ekipoak barne) autentifikatuta egin beharko dira. Izan ere, hala inguru segurua bermatuko da eguneroko datuak eta operatiboa kudeatzeko.
10.11. Ikastetxeen webguneak.
Kode irekiko edukien kudeatzaile bat jarri da ikastetxe guztien eskura, webgunean argitaratzeko. Webgune berri bat sortzea eskatzen ahal da formulario honen bitartez:
https://ikasNova.digital/group/guest/solicitud-sitio-web-de-centro-con-liferay
Webgune berriak sortzeko, txantiloi korporatibo bat erabiliko da, eta ikastetxe bakoitzak nahi bezala pertsonalizatu ahal izanen du.
Hezkuntza komunitatea EDUCAko kredentzialak erabilita sartu ahal izanen da ikastetxeen webgunera.
Bada tresna bat, zeinak errazten baitu webguneetako edukietako batzuk, lehendik daudenak, plataforma berri honetara ekartzea.
Plataformari eta txantiloiari buruzko informazio gehiago lor daiteke artikulu honetan:
https://ikasnova.digital/w/nueva-plataforma-para-los-sitios-web-de-centro
Ikastetxe batek departamentuak haren eskura jartzen dituen plataformez bestelakoetan daukanean bere webgunea, laguntza emanen zaio aurrerantzean ere, webgunearen segurtasuna eta erabilgarritasuna bermatzeko. Kasu horretan, mantentze-lan zuzentzailea eginen da, baina ez da eginen mantentze-lan ebolutiborik, eta ez da emanen arreta pertsonalizaturik.
11. Eskola informazioaren kudeaketa: EDUCA. Kontabilitate sistema: ECOEDUCA.
11.1. Eskola informazioaren kudeaketa: EDUCA.
Ikastetxeetan, eskola informazioa EDUCA aplikazioaren bidez kudeatuko da.
Hezkuntza Departamentuaren webgunean, EDUCAri eta posta elektronikoari buruzko atalaren barnean, bai eta IKT zerbitzuen katalogoan ere, zenbait jarraibide eta bideotutorial argitaratzen dira, aplikazioaren moduluetara ohitzen laguntzen dutenak. Halaber, EDUCA taldearekin harremanetan jartzeko prozedura azaltzen da, funtzionalitate berriak eskatu, gorabeherak jakinarazi edo laguntza eskatzeari begira. EDUCA aplikaziotik bertatik egin daitezke eskaerak, goiburuko gorabeheren (@) ikonoan klik eginez. Atari horretatik bilaketak egiten ahalko dira ohiko prozedurei, zalantzei eta tutorialei dagokienez.
Hezkuntza Departamentuak prestakuntza eta informazio saioak antolatuko ditu koordinatzaileei, zuzendaritza-taldeei, irakasleei eta administrazioko langileei EDUCA plataformaren berri emateko.
Zuzendaritza-taldeak edo hark eskuordetutako pertsonak aholkuak emanen dizkie ikastetxeko erabiltzaileei EDUCA kudeaketa sistemari buruz. Horrez gain, sistema horren aldaketen eta funtzionalitate berrien informazioa jasoko du, eta haiek ikastetxean erabil daitezen sustatu eta koordinatuko du.
Zuzendaritza-taldeak bermatu beharko du, horretarako bideak jarriz, ikasturtea hasi ondoren ikastetxean kudeaketa eta irakaskuntza lanetan hasten diren pertsonek EDUCA ezagutzen dutela eta badakitela hura erabiltzen.
Ikastetxeetan EDUCAren koordinatzaile lanetan ariko direnen erregistro bat izateko, zuzendariak EDUCAren ikastetxeko koordinatzailea izendatuko du, eta, aplikazioan, "EDUCA koordinatzailea" lanpostu osagarria esleituko dio.
Zuzendariak berrikusiko ditu EDUCAtik ikastetxeen direktorioan (Ikastetxearen menua > Ikastetxearen datuak > Ikastetxearen informazioa) argitaratzen diren datuak (hala nola helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta webgunea), eta aurkitzen dituen akatsen berri emanen dio EDUCAren laguntza zerbitzuari. Gogorarazi nahi da beste datu interesgarri batzuk gehi ditzakeela, adibidez, ikastetxearen helburuak, balioak, sariak eta abar.
Ikastetxeen ardura da eguneratuta edukitzea ikastetxeko langileen –irakaskuntza nahiz kudeaketa lanetan aritzen direnen–, ikasleen eta familien datu pertsonalak. Aplikazioak Cl@ve sistemaren bidez sartzeko aukera ematen badu ere (ziurtagiri elektronikoa, NAN elektronikoa, Cl@ve Iraunkorra), gogoan izan oso garrantzitsua dela, EDUCA egiaztagiria lortzeko, helbide elektroniko pertsonal bat erregistratzea fitxan.
Era berean, ikastetxe bakoitzaren ardura izanen da bere informazio akademikoa eskuratzeko asmoz programara jotzen dutenen sarbidea kudeatzea. Horrela, bada, ikasleek eta haien familiakoek informazio hori eskuratzeko dituzten arazoei ikastetxeak erantzunen die lehenbizi; eta arazo horiek ezin baditu modu autonomoan konpondu, EDUCA euskarriarekin harremanetan jarriko da.
Komeni da ikastetxeetako langileek jakin dezaten nola erabili EDUCAk gaiturik dituen funtzio guztiak; horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: ikasgelako koadernoa, ikasleen jarraipena, ebaluazio saioaren kudeaketa (informazio fluxua, akta), emaitzak (Kudeaketa akademikoa > Kalifikazioak > Ebaluazio txosten berriak), zaintzen kudeaketa, informazio garrantzitsua, ikasturte bukaerako txostenak, elkarrizketak, bizikidetzaren kudeaketa eta abar.
EDUCA aplikazioaren barruan, mezularitza sistema bat dago hezkuntza komunitateko kideen artean informazioa trukatzeko. Dena dela, posta elektronikoko kontuak erabili beharra dagoenean, oroitarazten da sare publikoko irakasleek eta ikasleek @educacion.navarra.es kontuak erabili behar dituztela jarduera akademikoan, tutoretza lanetan eta harreman profesionaletan.
Ikastetxe publikoek funtzio espezifikoetarako dituzten posta elektronikoko kontuak EDUCAren bitartez kudeatzen dira (Ikastetxea > ikasNOVA posta eta zerbitzuak > Kontuen kudeaketa). Kontu korporatibo horiek karguei lotutako zereginetarako dira, eta ez dira eskoletan baliatuko ikasleekin. Kontu gehiago sortu behar badira, komeni da unitate partekatuak eta Googleko taldeak erabiltzea.
EDUCA Ataria aplikazio bat da, zeina prestatu baita herritarrek beren datu akademikoak eskuratu eta kudeaketa telematikoak egin ditzaten: behin-behineko izen-ematea, esaterako, ikasleak onartzeko prozesuan. Komeni da ikastetxeek susta dezatela familiek eta ikasle adinez nagusiek aplikazioa erabiltzea; horretarako, ikastetxeak beren datu akademikoetarako sarbidea emanen die ikasturtean zehar (Ikastetxea > Sarbidea > Erabiltzaileen kudeaketa).
11.2. Kontabilitate sistema: ECOEDUCA.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ikastetxe publiko guztiek, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan jasotako irakaskuntzak ematen dituztenek, ECOEDUCA kontabilitate aplikazioa erabiliko dute aurrekontua egiteko, onesteko, aldatzeko eta betearazteko. Aurrekontuan jasoko dira ikastetxearen ohiko funtzionamendua, mantentzea eta kontserbazioa bermatzeko diru-sarrerak eta gastuak.
Ikastetxearen kudeaketa ekonomikoari eragiten dioten kontabilitate-eragiketa guztiak irailaren 6ko 153/2023 Foru Dekretuaren arabera eginen dira (foru dekretu horrek arautzen du Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen kudeaketa ekonomikoa).
12. Zerbitzu osagarriak.
Garraioko eta jantokiko zerbitzu osagarriak dituzten ikastetxeek zerbitzu horiei buruzko informazioa etengabe eguneratuko dute EDUCA aplikazioaren bidez eta horretarako gaitutako sistema informatikoen bidez.
–Eskualdeko eskola jantokia: EDUCAren bidez konfiguratuko da jantokiaren modulua eta jantokira doazen ikasleen datuak etengabe eguneratuko dira, ikasleek dirulaguntza jasotzen duten zein ez.
–Eskola jantoki arrunta: EDUCAren bidez konfiguratuko da jantokiaren modulua eta jantokira doazen eta dirulaguntza jasotzen duten ikasleen datuak etengabe eguneratuko dira.
–Eskola garraioa: EDUCAren bidez konfiguratuko da eskola garraioa erabiltzen duten edo/eta garraiorako banako laguntzak jasotzen dituzten ikasleen garraioaren modulua.
13. Nahitaezko prestakuntza.
Etengabeko prestakuntza irakasleen eskubide eta betebehar bat da, baita Hezkuntza Departamentuaren eta ikastetxeen ardura bat ere; izan ere, azken helburua da Nafarroako hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzea irakasleen lanbidea garatuz.
Hala, ikastetxeetako zuzendaritza-taldeak ikastetxeko prestakuntza instituzionaleko plan bat prestatuko du. Horretarako, Hezkuntza Departamentuak proposatutako proiektu estrategiko, plan eta lehentasunezko ildoen ondorioz sortutako prestakuntzarako beharrak aintzat hartuko ditu, baita ikastetxeko klaustroetan eta irakasle-taldeetan eginiko lanaren ondorioz sortutako prestakuntzarako beharrak eta Irakasleendako Laguntza Zentroek eginiko hautemate prozesuetan jasotako prestakuntzarako beharrak ere.
Prestakuntza ekintzak klaustro osoari edo irakasle-talde jakin bati zuzentzen ahalko zaizkio. Hezkuntza Departamentuaren edo ikastetxeen proiektu estrategikoak, programak, planak eta lehentasunezko ildoak gauzatzeko prestakuntza ekintzen proposamenak lehentasunezkoak izanen dira eta irakasleek nahitaez egin beharko dituzte.
Nahitaezko prestakuntza instituzionala ikasturte bakoitzean 25 ordukoa izanen da, baina ordu gehiagokoa izaten ahalko da ikastetxeak edo Hezkuntza Departamentuak ezarritako beharrak asetzeko beharrezkoa bada. Kasu horretan, nahitaezko prestakuntza instituzional horretako 25 orduez gaindiko ekintzak borondatezkoak izanen dira.
Ikastetxe bakoitzak Irakasleendako Laguntza Zentro (ILZ) bat du esleituta eta erreferentziazko aholkulari bat du, ikastetxeko prestakuntza instituzionaleko plana egiten laguntzeko. Ikastetxeek prestakuntzaren arduradun bat izendatuko dute, Irakasleendako Laguntza Zentroko (ILZ) aholkulariarekin harremanetan egon dadin. Ez bada inor izendatzen, ikasketaburuak bere gain hartuko du zeregin hori.
Ikasturte beraren barnean, ikastetxez aldatzen diren irakasleek ikastetxe berriko zuzendariari aurkeztu beharko diote eginiko prestakuntza instituzionalari dagokion ziurtagiria. Prestakuntza instituzionaleko ekintzaren bat hasi eta amaitu gabe izanez gero, ez da dagokion ziurtagiria jasoko. Hala, irakasleak, egin dituen prestakuntza-orduen kopurua egiaztatu ondoren (jatorrizko ikastetxeko zuzendariak emandako ziurtagiri baten bidez), prestakuntza-orduak osatzen ahalko ditu jatorrizko ikastetxean hasitako prestakuntzarekin jarraituz edo, bestela, destinoko ikastetxeko prestakuntza ekintzak eginez.
Kontratu partziala duten irakasleek egin beharreko nahitaezko prestakuntza instituzionaleko orduak ezartzeko, nahitaezko prestakuntza instituzionaleko 25 orduei kontratuaren ehunekoa aplikatuko zaie.
Ez dute nahitaezko prestakuntza egin beharko lanaldiaren hereneko edo gutxiagoko kontratua duten irakasleek. Halere, prestakuntza hori borondatez egiteko aukera izanen dute. Interesdunak ez badu prestakuntza egiten, indarrean dagoen araudian jasotako zereginak egiteko erabiliko ditu bere kontratuari dagozkion ordu osagarriak.
Nahitaezko prestakuntza instituzionaleko orduen zenbaketa malgutzeko, ikasturte bakoitzean gutxienez 20 ordu egin beharko dira, eta, beraz, elkarren segidako bi ikasturteko aldian egiten ahalko dira gainerako orduak. Edonola ere, bi urte horietan nahitaezko prestakuntza instituzionalari dagozkion 50 orduak bete beharko dira. Nolanahi ere, Hezkuntza Departamentuaren edo ikastetxeen proiektu estrategikoei, programei, planei eta lehentasunezko ildoei buruzko prestakuntza bete beharko da.
Derrigorrezko prestakuntzarako 10 orduko murriztapena ikasturtean zehar dituen beharrizan profesionalen arabera erabiliko du irakasle bakoitzak.
Irakasleek ikastetxeko zuzendaritzaren aurrean akreditatu beharko dituzte eginiko prestakuntza ekintzak, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratu beharko ditu.
25 orduko prestakuntza instituzionalaz gain, irakasleek prestakuntzarako eskubideaz baliatzen segitzen ahalko dute, nahi izanez gero.
14. Unibertsitateko ikasleen praktikak ikastetxeetan.
Hezkuntza Departamentuak zenbait hitzarmen sinatu ditu hainbat unibertsitaterekin curriculumeko unibertsitateko praktikak egin ahal izateko Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxeetan.
Unibertsitateko ikasle batek curriculumeko praktikak egin ahal izateko, indarrean egon behar da Hezkuntza Departamentuaren eta dagokion unibertsitatearen arteko lankidetza hitzarmena.
Ikasturte bakoitzean ikasle horien tutoretza lana egiten duten irakasleek aintzatespen bikoitza izanen dute Hezkuntza Departamentuaren aldetik:
–Tutoretza: ikasturteko tutoretza lana ziurtagiri bidez jasoko da. Lekualdatze-lehiaketetan merezimendutzat jotzen da.
–Prestakuntza: praktiken tutoretza lana norberaren prestakuntza-ordu gisa kontabilizatuko da. Orduak kalkulatzeko, tutoretzapeko praktiken ikasketa planean aipatzen diren ECTS kredituen kopurua hartuko da aintzat.
Praktiken tutoretzagatiko eta prestakuntzagatiko ziurtagiriak lortu ahal izateko, beharrezkoa da prestakuntza zentro gisa aitortutako ikastetxeko zuzendariak tutore lanetan aritu diren irakasleen datuak jakinaraztea Hezkuntza Departamentuari, Hezkuntzaren atarian dagoen inprimakia betez (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/estudios-universitarios), ekainaren 1a baino lehen.
Adingabea Babesteko Legearen arabera, curriculumeko praktikak egiten dituzten ikasleek sexu-izaerako delituen ziurtagiri negatiboa izan beharko dute. Baldintza hori betetzea Hezkuntza Departamentuak unibertsitate bakoitzarekin sinatzen duen hitzarmenean jasota dago, eta ikastetxeak agiri hori eskatzen ahalko dio ikasleari praktikak hasi baino lehen.
15. Kalitatea kudeatzeko sistema.
Kalitatea kudeatzeko sistemak (KKS) ezarri eta mantentzeko programa, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak gidatzen duena, Nafarroako unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoei dago zuzendua.
Programaren jarduketetan parte-hartzea sustatzearren, kalitate arduradunak, ikastetxearen aukerak aintzat hartuta, astearte goizetako eskola-ordutegia erabiltzen ahalko du jarduketa horietarako.
15.1. Ikastetxeen konpromisoak eta erantzukizunak.
Programan parte hartzen duten ikastetxeek klaustroko kide bat izendatuko dute kalitate arduradun. Kalitate arduraduna EDUCAn erregistratuko da.
Programan kalitate sareko mintegiaren bidez parte hartzen duten ikastetxeen kasuan, zuzendariak eta kalitatearen arduradunak gutxienez 6 prestakuntza-saio laburretara eta koordinazio presentzialerako 2 bileretara joan beharko dute.
Programan modu autonomoan parte hartzen duten ikastetxeen kasuan, zuzendariak eta kalitatearen arduradunak gutxienez 5 prestakuntza-saio laburretara joan beharko dute.
Zuzendaritza-taldean kide berriak badaude edo kalitate arduradun berri bat badago, pertsona horiek prestakuntza egin beharko dute ikastetxeko autodiagnostikoari, prozesuei/sistemei eta dokumentuen kudeaketari buruz, ikasturteko lehen hiruhilekoan.
15.2. Aholkularitza eta baliabideak.
Programaren informazio eta baliabide eguneratuak Kadineten web-orrian argitaratuko dira.
IKKS-2020 Arauaren atal bakoitzari lotutako dokumentuak, tresnak eta bideotutorialak "Baliabideak" site-an argitaratuko dira.
Baliabide horiek eskura izanen dituzte programan parte hartzen duten ikastetxeetako langileek.
15.3. Eskaerak.
Ikastetxeek, Programan sartu, geratu edo hori utzi nahi badute, eta, hala badagokio, KKSaren kanpo ebaluazioa jaso nahi badute, 71/2020 Foru Aginduan onetsitako dagozkion eranskinak erabili beharko dituzte.
Eskaerak Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuari bidaliko zaizkio, sofceduca@navarra.es helbide elektronikora, 2026ko martxoaren 31 baino lehen.
16. Eskolak sarean.
Hezkuntza Departamentuak lankidetza hitzarmenak ditu Nafarroako Gobernuko hainbat departamenturekin. Hitzarmen horietan ezarritako gomendioei jarraikiz, honako sare hauek sortu dira:
–Osasuna Sustatzen duten Eskolen Sarea.
–Eskola Jasangarrien Sarea.
–Eskola Solidarioen Sarea.
–Eskolak eta Memoria, Bakearen eta Bizikidetzaren Aldeko Sarea.
Ikastetxe guztiek jasangarritasun koordinatzaile bat izan beharko dute, zeina ikastetxeko irakasle-taldeko kideetako bat izanen baita. Zuzendariak edo ikastetxeko titularrak ikuskatuko du koordinatzailearen lana.
17. Egokitzapen aldia, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan.
Halaber, duten autonomia baliaturik, ikastetxeek Haur Hezkuntzako bigarren zikloko lehen mailan sartzen diren ikasleak egokitzeko aldia programatu ahal izanen dute, eta hori urteko programazio orokorrean sartuko da.
Programazio horrek honako alderdi hauek hartu beharko ditu aintzat, besteak beste: egokitzea errazteko berariazko jarduerak diseinatzea, banakako beharrak kontuan hartzea, familiakoen parte-hartzea eta laguntza, ordutegien malgutasuna eta ikastetxearen antolaketa.
Ikasleak pixkana sartzea erabakitzen bada, gehienez ere hiru asteko epea izanen dute horretarako, eta, betiere, bermatu beharko da ikasleei arreta denbora guztian ematea, hala eskatzen duten familien kasuan.
18. Landa eskolak.
Landa eskolatzat hartzen dira 9 unitate baino gutxiago dituzten eta nekazaritza eremuetan kokatuta dauden Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak.
Landa eremu bakoitzean erreferentziazko eskola bat izendatuko da, eta haren kontu korrontearen bidez eginen dira eremuari dagozkion kudeaketa ekonomikoak.
Eremu guztietako landa eskolek Landa Eskolen Sarea osatuko dute, eta hor Haur Eskolen eta Landa Eskolen Atalak ere parte hartuko du. Parte-hartze hori eremu bakoitzeko koordinatzailearen bidez eginen da, eta hura sareko bileretara joanen da (online edo aurrez aurre), zeinak gutxi gorabehera hilean bi ostegunetan izanen baitira. Hori aintzat hartuko da ordutegiak antolatzean, eta, ahal dela, ostegun goiza gordeko da eremuko koordinatzailearen eginkizunetarako.
Halaber, koordinatzaileak eta parte hartzen duten gainerako eskolen zuzendariek eremuko koordinazio taldea osatuko dute; aldian behin bilduko dira eremuko lan proiektu komuna sortu, martxan jarri eta horren jarraipena egiteko. Bilera horiek taldeak berak ezarritako ordutegian eta maiztasunarekin eginen dira.
Eremu bakoitzeko landa eskolek urteko programazio orokor (UPO) partekatu bat egin ahal izanen dute eskola guztiendako edo batzuendako. Programazio horretan parte hartzen duten ikastetxe guztien izena adierazi beharko da. Berariaz aipatuko dira eskola guztiek partekatzen ez dituzten plangintza edo antolamendu irizpideak agertzen dituzten atalak, ikastetxeen arabera bereizita. Programazioa egitearen ardura parte hartzen duten zuzendaritza guztiena da, nahiz eta horietako bat Hezkuntza Departamentuaren solaskide izendatu daitekeen. Halaber, adieraziko da zein den eremuko landa eskolak koordinatzen dituen pertsonaren izena eta zenbat ordu eskaintzen dizkion zeregin horri.
Urteko programazio orokor bera partekatzen duten eskolek berariazko plan komun bat izanen dute, esperientzien eta jardueren trukea sustatzeko ikasleen, irakasleen eta, oro har, hezkuntza komunitateko kideen artean. Eremuko koordinazio taldeak, halaber, eremuko koordinazio pedagogikorako batzordea osatuko du, eta planaren garapena bermatuko du.
Eremu bakoitzeko landa eskolek ikasleen emaitzen baterako ebaluazioa eginen dute, bai eta ikastetxe bakoitzaren ebaluazio bereizia ere. Programazioak berrikusi eta eguneratuko dituzte, antolaketa premietara egokitzeko, koordinazio pedagogikorako batzordearen bidez.
UPOa partekatzen duten edo zeregin koordinatuak egiten dituzten eskoletan, eremurako antolatu ahal izanen da ikastetxearen prestakuntza. Prestakuntza planaren edukia ikastetxeetako zuzendaritzen eta eremuaren koordinatzailearen artean adostuko da.
Zaintzako irakaslerik ez duten landa eskoletan ikastetxeko zuzendaritzari dagokio irakasleen absentziak konpentsatzeko behar diren aldaketak antolatzea.
19. Laneko arriskuen prebentzioa.
Arriskuen ebaluazioren bat egin bada, ikasturte bukaerako memorian azaldu beharko dira Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalak proposaturik hartu diren prebentzio neurriak, eta, horrekin batera, bete ez diren eta aurreikusitako gauzatze-epea iraungita duten neurriak arrazoituko dira.
Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako irakaskuntzako eta irakaskuntzaz kanpoko langileren bati eraso egiten diotenean, ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoen aurkako protokoloa jakinarazi eta ofizioz aktibatuko dute.
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/riesgos-laborales/protocolos-de-actuacion
Ikastetxeetako zuzendaritzek klaustroetan jakinaraziko dute, nahitaez, badagoela kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokoloa. Halaber, horren berri emanen zaie irakaskuntzaz kanpoko langileei ikasturtean hasierako berariazko bilera batean.
Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztien webguneetan kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo hori bistaratuko da erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean. Era berean, ikastetxeen barne-agirietan agertuko da: Internet, Drive eta abar.
Hezkuntza Departamentuko prebentzioko ordezkarien eginkizunei eta harremanetarako datuei buruzko informazioa Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztien webguneetan argitaratuko da, erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean.
Ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo horren berri eman beharko dute familiekin egindako bileretan.
20. Irakasle erretiratuak borondatez aritzea unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan.
Ikastetxeen autonomia baliatuta, irakasle erretiratuak borondatez aritzen ahalko dira bertan, bat eginez Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 12ko 113/2024 Foru Aginduan ezarritako erabilera-arauekin (113/2024 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitateko irakasle erretiratuen borondatezko lankidetza arautzen duena unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen jardueretan eta Esperientziaren Sarean).
21. Irakasle ez diren langileen oporrak ordaintzea.
Irakasle ez diren langileek sortutako oporrak hartzeko eskubidea dute, baita urtean zehar edo kontratu-aldian zehar eskatzeko betebeharra ere. Halaber, ikastetxeak oporrak hartzea ahalbidetu behar die, ikastetxea ixten den aldietan edo, eskolaldian bada, bost egunez gehienez. Hori guztia, bat eginez otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren 6. artikuluarekin (11/2009 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena).
Hartu gabeko oporrak ordainduko dira soilik, baldin eta kontratatutako irakasle ez den langileak ez badu egunen bat hartu ahal izan kontratua amaitzean, eta horretarako justifikatutako arrazoiren bat egon bada. Ordainketa bideratzeko, ikastetxeko zuzendariak Nominen Atalera mezu bat bidali beharko du, nominaseducacion@navarra.es helbidera, hain zuzen ere. Bertan, txosten bat erantsi beharko du, non adieraziko baitu langileak dagokion epean hartutako opor egunak, eta ikastetxeak zergatik ez dion ahalbidetu sortutako gainerako egunak hartzen.
22. Irakasle ez diren langileen gaueko osagarria.
Irakasle ez diren langileek, gaueko osagarria badute ikasturtean zehar, irailetik ekainera bitarte bakarrik jasoko du; ondorioz, lanaldi orokorraren barnean antolatu beharko du udako hilabeteetan lanaldia.
III.–ARAUDIA
1.–Orokorra.
1/2004 Lege Organikoa, genero indarkeriaren aurka babes integrala emateko neurriei buruzkoa.
3/2007 Lege Organikoa, Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzkoa.
14/2015 Foru Legea, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa.
8/2017 Foru Legea, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzkoa.
17/2019 Foru Legea, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
47/2010 Foru Dekretua, Bizikidetza eta Ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzkoa.
66/2010 Foru Dekretua, Ikasketa eta lanbide orientazioari buruzkoa.
72/2021 Foru Dekretua, Hezkidetzari buruzkoa.
1/2023 Foru Dekretua, Curriculumari buruzkoa.
43/2023 Foru Dekretua, Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programari buruzkoa.
58/2024 Foru Dekretua, Eskola jantokiei buruzkoa.
139/2009 Foru Agindua, Programa eleaniztunetan ingelesez irakasteko behar diren hizkuntza betebeharrei buruzkoa.
204/2010 Foru Agindua, Bizikidetzari buruzkoa.
49/2013 Foru Agindua, Erreklamazioei buruzkoa.
112/2013 Foru Agindua, Banatze, dibortzio edo desadostasun egoeran dauden gurasoei buruzko jarraibideei buruzkoa.
71/2020 Foru Agindua, Kalitatearen kudeaketari buruzkoa.
35/2022 Foru Agindua, Eskola garraioari buruzkoa.
69/2023 Foru Agindua, Hezkuntza inklusioari buruzkoa.
106/2023 Foru Agindua, Eskola-ordutegi motei buruzkoa.
113/2024 Foru Agindua, Irakasle erretiratuen borondatezko lankidetzari eta Esperientziaren Sareari buruzkoa.
329/2019 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Landa Eskolen Sarea sortzeko oinarriei buruzkoa.
2.–Haur Hezkuntza.
28/2007 Foru Dekretua, Haur Hezkuntzako lehenengo zikloari buruzkoa.
61/2022 Foru Dekretua, Haur Hezkuntzako curriculumari buruzkoa.
62/2022 Foru Agindua, Haur Hezkuntza ezartzeari eta ordutegiari buruzkoa.
59/2023 Foru Agindua, Haur Hezkuntzako ebaluazioari buruzkoa.
Hona hemen ziklo honetako araudia eta baliabideak dituen webgunerako helbidea:
https://sites.google.com/educacion.navarra.es/curriculos-de-navarra-eu/etapak/haur-hezkuntza
3.–Lehen Hezkuntza.
67/2022 Foru Dekretua, Lehen Hezkuntzako curriculumari buruzkoa.
63/2022 Foru Agindua, Lehen Hezkuntza ezartzeari eta ordutegiari buruzkoa.
52/2023 Foru Agindua, Lehen Hezkuntzako ebaluazioari eta mailaz igotzeari buruzkoa.
Hona hemen etapa honetako araudia eta baliabideak dituen webgunerako helbidea:
https://sites.google.com/educacion.navarra.es/curriculos-de-navarra-eu/etapak/lehen-hezkuntza
II. ERANSKINA.–DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZA ETA BATXILERGOA EMATEN DITUZTEN IKASTETXEEN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA 2025-2026 IKASTURTEAN ARAUTZEKO JARRAIBIDEAK
Ikasturte hasierako jarraibideek indarreko araudiaren alderdi batzuk zehaztu eta argitzen dituzte, eta arautu gabeko beste batzuk arautzen, ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko. Horrez gain, ikasturtean lehentasunez landu behar diren ildoak ezartzen dituzte.
Jarraibideak hiru kapitulutan daude bereizita:
Lehenbizikoa, urteko programazio orokorrari buruzkoa da. Hor, beste batzuen artean, ikastetxearen hobekuntza planak prestatzeko argibideak ematen dira, bai eta ebaluazioetan duten parte-hartzearen gainekoak ere, hobetu daitezkeen arloak detektatzeko.
Bigarrenean, antolaketaren alderdi batzuk zehazten dira, ikastetxearen funtzionamendurako beharrezkoak direnak.
Hirugarrenean, gehien erabiltzen diren LOEren ondoriozko arauak zerrendatzen dira.
I.–URTEKO PROGRAMAZIO OROKORRA
A) Alderdi orokorrak.
1. Xedapen orokorrak.
Urteko programazio orokorra (UPO) ikastetxearen plangintzarako, antolaketarako eta funtzionamendurako oinarrizko tresna da. Haren bidez, ikasturtean zehar garatuko diren hezkuntza proiektua, antolaketa eta funtzionamendu arauak eta kudeaketa proiektua zehaztea errazten da.
Dokumentu hori prestatzeko orduan, zorroztasuna, erraztasuna eta erabilgarritasuna hartuko dira kontuan.
UPOa prestatzeko, haren segimendua egiteko eta ebaluatzeko orientazio gida eskola kudeaketako EDUCA sisteman egonen da eskuragai (adibideak jasotzen ditu).
2. Informazioa biltzeko iturriak.
UPOa prestatzeko, iturri hauek aztertzearen ondoriozko jarduketa ildoak hartuko dira kontuan:
a) Aurreko ikasturte bukaerako memorian proposatutako hobekuntza arloak.
b) Barneko eta kanpoko proben emaitzen analisia, baita hobetzeko proposamenak ere.
c) 2023-2026 aldirako hobekuntza plana, autoebaluazio prozesutik eratorria.
d) Zuzendaritza proiektua edo plan estrategikoa.
e) Aurreko ikasturteko gainbegiratze prozesuen ondorioz Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak nabarmendutako alderdiak eta gomendioak.
f) Hezkuntza Departamentuak ematen dituen ikasturte hasierako jarraibideak.
g) Ikastetxean ezarritako bestelako programak. Bereziki jorratuko dira ikastetxeko berrikuntzako eta eraldatze orokorreko programak.
h) Ikastetxearen kalitatea kudeatzeko sistemaren autodiagnostikoa, halakorik bada.
i) Ikastetxearen plan digitala.
3. Edukia: atalak eta garapena.
Urteko programazio orokorrean honako alderdi hauek formalizatu beharko dira, indarreko araudiarekin bat:
a) Sarrera.
b) Ikastetxearen urteko plana.
c) Departamentuen eta beste talde batzuen planak.
d) Urteko inklusio plana.
e) Urteko tutoretza plana / orientazio akademikoaren urteko plana.
f) Urteko bizikidetza plana.
g) Hezkidetza plana.
h) Ikastetxearen hizkuntza proiektua, ikasturtekoa.
i) Irakaskuntza programazioak.
j) Ikastetxearen beste plan batzuk.
k) Proiektu eta programa instituzionalak.
l) Ikastetxearen prestakuntza plana.
m) Ikastetxearen plan digitala.
n) Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen programazioa.
o) Urteko programazio orokorraren jarraipena eta ebaluazioa.
p) Eranskinak.
Ikastetxearen urteko plana da UPOaren elementu garrantzitsuenetako bat; izan ere, hortik abiatuta, organo eta taldeen jarduketa ildo nagusiak ezarri behar dira. Ikasturterako lehentasunez lortu nahi diren helburuak jasoko ditu, baita proposatutako helburuak eta jomugak lortzeko abian jarri behar diren ekintza garrantzitsuenak ere. Gauzatu beharreko ekintza edo zeregin horiek konponbide teknikoak eta neurri zehatzak eskainiko dizkiete departamentuei.
Departamentuek eta gainerako lantaldeek (Orientazio Departamentua, ikastetxeko Bizikidetza Batzordea, eta abar) helburuen eta ekintzen plan propioa izanen dute, eta, horren bidez, urteko planean zehaztutako lehentasunezko helburuak ez ezik, ikastetxeko beste plan espezifiko batzuetatik ateratako helburuak ere formalizatuko dituzte.
Horrez gainera, ikastetxean ikasturtean ezarri gogo diren beste jarduketa plan espezifiko batzuk jasoko dira, bai eta ezarri behar diren beste proiektu eta programa propio batzuk ere.
Planen egitura operatiboari dagokionez, haien gauzatzea eta segimendua errazteko modukoa izanen da, eta honako hauek zehaztuko ditu: helburuak, adierazleak, noraino iritsi nahi den, ekintzak, arduradunak, denbora-plangintza eta ebaluazioa.
Ikastetxearen plan digitala kanpoan aurkezteko esportatu behar den dokumentua denez, EDUCAn horretarako prestatu den txantiloian sartu beharko da.
4. Prestaketa.
Zuzendaritza-taldea arduratuko da UPOaren prestaketa koordinatzeaz, eta zeregin hori beste pertsona edo batzorde batzuen esku uzten ahalko du.
Dokumentuaren eskema bat emanen da, parte hartu behar duten taldeak eta pertsonak finkatuko dira, talde bakoitzaren eginkizunak zehaztuko dira, tresna eta baliabideak jarriko dira eta denbora emanen da.
Kasuan kasuko ikasturtean dauden beharrak eta aurreikuspenak azterturik, eta kontuan harturik organo bakoitzaren deliberoak eta erabakiak eta egindako oharrak eta ekarpenak, UPOaren atalak idatziko dira.
UPOa EDUCA aplikazioarekin eginen da; horretarako, ikastetxearen plan digitalaren eta hobekuntza planaren antzeko txantiloia eta jardunbidea izanen ditu. Kalitatea kudeatzeko sistema ezartzeko eta mantentzeko programan parte hartzen duten ikastetxeek Kadinet programa erabiltzen ahalko dute UPOa prestatzeko.
5. Tramitazioa, jarraipena eta ebaluazioa.
Behin onetsirik, UPOa EDUCA aplikazioan argitaratuko da, urriaren 31 baino lehen. Ikastetxean ere utziko da, hezkuntza komunitateak eskura izan dezan.
Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak eta arduradunek aldizka eginen dute, EDUCA aplikazioaren bidez –edo, hala badagokio, Kadinet programaren bidez–, UPOa osatzen duten planen, proiektuen eta programen garapen mailaren jarraipena.
Hori baino lehen, bete beharreko prozedura ezarriko da (nola), informazioa biltzeko irizpideak zehaztuko dira (zer), arduradunak izendatuko dira (nork) eta epeak finkatuko dira (noiz).
Aztertu eta baloratuko da zenbateraino garatu diren proposatutako ekintzak, erantzukizunak nola bete diren, denbora-plangintza konplitu den eta proposatutako helburuak lortu diren.
Ikasturtea amaitzean, ikastetxeko eskola kontseiluak, irakasleen klaustroak eta zuzendaritza-taldeak UPOaren betetze mailari buruzko amaierako ebaluazioa eginen dute. Horretarako, arduradun bakoitzak dagokion planaren, proiektuaren edo programaren emaitzak aztertuko ditu.
Atal bakoitzaren ebaluazio prozesuan, datu esanguratsuak jasoko dira bateko eta besteko iturrietatik (datuak, iritziak, ohartarazpenak eta abar), eta gero, datu horiek aztertu eta interpretatuko dira ezarritako irizpideei jarraikiz.
Amaierako hausnarketa eta balorazioa ez da kuantitatiboa soilik izanen, emaitza horien arrazoiak baloratuko baitira.
EDUCA aplikazioan bertan –edo, hala badagokio, Kadinet programaren bidez–, ikasturte bukaerako memorian bilduko dira UPOaren jarraipen eta ebaluazio prozesuan lortutako ondoriorik eta proposamenik garrantzitsuenak.
Dokumentuak bi dimentsio izanen ditu. Lehenik, ebaluazioaren dimentsioa, ikastetxeko urteko plangintzaren garapenari buruzko balantzea erakutsiko duena. Honako alderdi hauek nabarmenduko dira: proposatutako ekintzak zenbateraino bete diren, erantzukizunak nola bete diren, denbora-plangintza egokia izan den, aldizkako jarraipena egin den eta helburuak zenbateraino bete diren (adierazleen eta jomugen arabera). Bigarrenik, dimentsio proiektiboa izanen du, etorkizunean esku hartzeko ildoak eskainiko baititu, zentzuzko hobekuntza proposamenak zehaztuta.
Azkenik, memoriaren eranskin moduan, txosten bat sartuko da, xeheki aztertzen dituena ikasleek barneko (emaitza akademikoak) eta kanpoko (diagnostikoak, USE, etab.) ebaluazioetan izandako ikaskuntza emaitzak. Horrez gain, emaitza horiek eragin dituzten arrazoiei buruzko hausnarketa eginen da, eta, hala badagokio, curriculumeko elementuen, materialen eta alderdi pertsonalen eta antolamendukoen funtzionamenduan hautemandako gabeziei eta disfuntzioei buruzko gogoeta.
Behin onetsita, ikasturte bukaerako memoria ikastetxeko erreferentziazko ikuskatzailearen eskura jarriko da, EDUCA plataformaren bidez, uztailaren 10a baino lehen.
6. Gainbegiratzea.
Ikastetxeko erreferentziazko ikuskatzaileak UPOa eta ikasturte bukaerako memoria gainbegiratuko ditu, egiaztatzeko bat datozela indarreko araudiarekin eta ikastetxearen behar eta emaitzekin, eta, hala badagokio, behar diren zuzenketak eta doikuntzak egitea eskatuko du.
7. UPOari erantsi beharrekoak.
Eranskin gisa sartuko dira irakaskuntza programazioen adostasun agiriak.
UPOarekin batera, irakaskuntza programazioen adostasun agiriak aurkeztuko dira, ziurtatzearren programazioak egoki jaso dituela eskatzen diren atal guztiak. Hortaz, programazio horiek gordetzeko ardura ikastetxeei dagokie. Dena dela, beharrezkoa den kasuetan, Hezkuntza Departamentuko dagokion zerbitzuak programazioa berariaz eskatzen ahalko du, irakaskuntza ikuskatzeko prozesuetan sartzen direlako, kalifikazioen erreklamazio kasuetan, analisi estatistikoak egiteko edo beste arrazoi batzuengatik.
Irakaskuntza programazioen adostasun ereduak eskuragarri egonen dira, UPOaren eranskin gisa, EDUCAn.
B) UPOari buruzko argibideak.
1. Autoebaluazioa eta ikastetxearen hobekuntza plana.
2022-2023 ikasturtean zehar, autoebaluazioaren esparruan, ikastetxeetan baterako hausnarketako prozesu bat egin zen, eta horren ondorioz, haien jarduna hobetzeko zenbait arlo detektatu ziren. Ondoren, eta hautemandako beharrei erantzunez, hobekuntza planak egin ziren. Plan horiek EDUCA plataforman erregistratu ziren (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Hobekuntza plana).
Plan horiek prestatu ondoren, bai ikastetxearen hobekuntza orokorreko plana, bai zikloetako hobekuntza planak, 2023-2026 aldia da horiek abian jarri, eta haien jarraipena eta ebaluazioa egiteko garaia.
Horretarako, 2023-2024 eta 2024-2025 ikasturteetan, ikastetxeak UPOaren planen bidez ase zituen hobekuntza planetan adierazitako beharrak. Planak abian jartzeko hirugarren ikasturte honetan, ikastetxeko zuzendaritzak, 2025-2026 ikasturteko urteko programazio orokorrean ikastetxearen urteko planaren urteko helburuak ezartzeko garaian, hobekuntza orokorreko planean ezarritako helburuak hartuko ditu kontuan, besteak beste. Bestalde, UPOan sartutako zikloen urteko planetan, lantaldeek jaso beharko dituzte, helburuak zehaztean, autoebaluazio-prozesutik eratorritako zikloen hobekuntza planen helburuak.
Halaber, aipatzekoa da hobekuntza orokorreko planen eta zikloen hobekuntza planen ebaluazioa egin beharra dagoela 2023-2026 aldiko ikasturte bakoitzaren amaieran, 2024., 2025. eta 2026. urteetan. Hau da, baloratu beharko da noraino lortu diren helburuak nahiz noraino gauzatu diren planteatutako ekintzak, eta hobetzeko proposamenak eginen dira. Ebaluazio hori EDUCAn erregistratuko da, horretarako diseinatutako txantiloi digitaleko ataletan (ebaluazioa, balorazioa eta hobekuntzak).
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak 2025-2026 ikasturtean gainbegiratuko du ikastetxearen urteko planak eta zikloen planek jasotzen dituztela hobekuntza planean ikasturterako adostutako helburuak.
Hezkuntza Departamentuak lagunduko du ikastetxeen hobekuntza planaren helburuak garatzen eta lortzen, departamentuko zerbitzuen bidez, orientabideak, proposamenak, jardunbide egokien adibideak eta, hala badagokio, prestakuntza emanez irakasle-taldeari.
Ikastetxearen prestakuntza plana funtsezko elementua da prestakuntza instituzionalerako. Zuzendaritza-taldeak ezarriko du haren edukia eta, betiere, hobekuntza planaren ondoriozko premiei erantzun beharko die. Landa eskoletan, zuzendaritza-taldeek adostuko dute Eremuko Prestakuntza Planaren edukia. Eremuko koordinatzaileari dagokio zuzendaritzek onetsitako jarduerak eta ekintzak kudeatzea.
2. Irakurtzeko konpetentzia indartzeko plana.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako arlo guztietan irakurriaren ulermena hobetzeko, Hezkuntza Departamentuak irakurriaren ulermena hobetzeko plan bat ezarri du; 2025-2026 ikasturtean, DBHko 1. eta 2. mailetara egonen da bideratuta.
Hobetzeko planean, honako hauek daude jasota:
–Gaztelania eta literaturako / euskal hizkuntza eta literaturako zortzi irakaslek emandako prestakuntza; irakasle horiek zuzeneko irakaskuntza-orduetan 9 orduko lanaldi-murrizketa dute, beren gain dauden ikastetxe gutxi batzuetan tutore lanetan aritu ahal izateko. Prestakuntza horretan, parte hartu beharko du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutu publiko eta HLHIP –baldin eta DBHko 1. eta 2. mailak badaude– bakoitzeko arlo eta departamentu didaktikoetako ordezkari banak. Xedea da ikastetxe guztietako ikasleek jasotzea plan honen onurak.
Irakasleen zeregina izanen da aurrez aurreko prestakuntzara joatea (batez ere urrian izanen da), eta hainbat arlotan testuak lantzeko ereduak sortzea. Eredu horiek ikastetxeari esleitutako tutoreak aztertuko ditu, eta, ondoren, nahitaez aplikatu beharko dira ikasgelan, ikasleekin. Planak, ikasturte amaieran, nahitaezko prestakuntza instituzionaleko 25 ordu ziurtatuko ditu. Testuak berrikusi eta batzuk hautatu ondoren, ikastetxe guztien eskura jarriko dira, jardunbide egokien trukerako plataforma digital baten bidez.
–Ikastetxe bakoitzak, ikasturtean zehar, DBHko etapan irakurriaren ulermena lantzeko praktikak sistematizatu beharko ditu, ikastetxearen errealitateari eta beharrei hobekien zaien moduan. Hala, prestakuntzaren eragina ikasturte bakarretik harago joanen dela bermatu nahi da. Hartara, hainbat jarduketa ezarriko dira irakurketa planetan, inklusio planetan edo ikastetxearen beste plan batzuetan.
–Ikastetxe bakoitzean, zuzendaritza-taldeak koordinatzaile izendatzen duen langileak 2 eskola-orduko murriztapena izanen du. Ikastetxeak AG eta BD hizkuntza ereduak baditu, eredu bakoitzeko koordinatzaile bakoitzak 2 orduko murriztapena izanen du; hau da, ikastetxeak 4 ordu izanen ditu esleituta.
Bi ordu horietako bat koordinatzailearen ordutegian finkatu beharko da, astearteetan, 9:00etatik 10:00etara bitarte, hain zuzen ere.
Koordinatzaileen lehenengo funtzioa izanen da prestakuntza planeko parte-hartzaileei lagun egitea haien zereginak gauzatzeko. Koordinatzailea jarraian bi urtez aritzen bada koordinazio lanetan, bigarren urtean ez du prestakuntza orokorra berriz egin beharko. Lehenengo aldia bada koordinazio lanetan, koordinatzaileak aurrez aurreko saioetara joan beharko du, eta bertako zereginak ere egin beharko ditu, gainerako parte-hartzaileek bezala.
Koordinatzaileen bigarren funtzioa izanen da, zuzendaritza-taldearekin eta irakasle-taldearekin batera, irakurriaren ulermena lantzeko praktikak sistematizatzea, ikastetxearen irakurketa planen bidez edo ikasgelaren ikuspegi metodologikoan eragiten duen ikastetxearen beste edozein planen bidez (adibidez, inklusio plana). Horretarako, prestakuntza espezifikoko saio bat jasoko du, baita, beharrezkoa izanez gero, aholkuak ere.
3. Matematika konpetentzia indartzeko plana.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako arlo guztietan matematika konpetentzia hobetzearren, Hezkuntza Departamentuak matematika konpetentzia indartzeko plan bat sustatuko du 2025-2026 ikasturtean zehar. Plan horien testuinguruan, Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Kiroletako Ministerioak matematika konpetentzia indartzeko lurralde arteko lankidetza programak sustatu zituen, irailaren 5eko Estatuko Aldizkari Ofizialeko 2024/18008 Ebazpenaren bidez.
Hala, 2025-2026 ikasturtean zehar, Bigarren Hezkuntzako 22 ikastetxek eginen dituzte programa horiei lotutako jarduketak; horretarako, eskuragarri izanen dituzte irakasleei laguntzeko hezkuntza baliabide, matematika eskolak ematen dituzten irakasleei zuzendutako prestakuntza jardueren eskaintza eta irakasgaiko irakasle espezialistek Hezkuntza Departamentuaren eskutik emandako aholku espezifikoak.
Horrez guztiaz gain, ikastetxe bakoitzeko zuzendariak arduradun bat hautatu beharko du, matematika konpetentzia indartzeko plana (MKIP) koordinatu dezan. Arduradun hori Matematika Departamentuko irakasle bat izan beharko da, ahal dela, ikastetxean behin betiko destinoa duena eta irakasgai horretan irakasle lanetan aritutakoa. Hizkuntza eredu bakoitzean, MKIPeko koordinatzaile bakoitzak 4 eskola-orduko lanaldi-murrizketa izanen du, plana ezartzeko. Eginkizun hauek izanen ditu:
–Ikastetxeko matematika irakasleei laguntzea baliabideak prestatzen, bai eta etengabeko prestakuntzari dagokienez ere; halaber, irakasle berriei arreta berezia ematea.
–Proposatutako praktika eta baliabideak egokitzea, ikastetxearen errealitatearekin eta beharrekin bat etortzeko.
–Planifikatutako estrategia didaktikoak ikasgelan zuzenean aplikatzea koordinatzea, prestatutako hezkuntza baliabideak erabiliz.
–Beharrezko etengabeko prestakuntza dinamizatzea.
–Ikastetxeko gainerako Matematika Departamentuko irakasleekin koordinatzea, irakasleen eta Hezkuntza Departamentuko aholkularien arteko lotura izateko.
Ikastetxeek ordubeteko esleipen hori asteazkenetako lehenengo bi saioetan izan dadin bermatu beharko dute, arduraduna eskuragarri egon dadin, beharrezkoa denean, aurrez aurre zein telematika bidez eta ordutegi orokorraren barruan, parte hartzeko prestakuntza jardueretan, esperientzia trukaketetan eta prozesu komunen jarraipenean eta ebaluazioan.
MKIPeko koordinatzaileek prestakuntza espezifikoa jasoko dute lana behar bezala egin ahal izateko, eta ikastetxeek prestakuntza instituzionaleko orduen barnean sartuko dute prestakuntza hori. Halaber, aholku espezifikoak jasoko dituzte beharrezkoa dutenean.
Ikastetxeek ordubeteko esleipen hori astearteetan (9:00etatik 10:00etara bitarte) izan dadin bermatu beharko dute, arduraduna eskuragarri egon dadin, beharrezkoa denean, aurrez aurre zein telematika bidez eta ordutegi orokorraren barruan, parte hartzeko prestakuntza jardueretan, esperientzia trukaketetan eta prozesu komunen ebaluazioan eta jarraipenean.
Azkenik, 2025-2026 ikasturtean zehar, Hezkuntza Departamentuak prestakuntza jarduera espezifikoak eskainiko ditu, matematikako irakasleei zuzendutakoak, matematikaren ikasgelan zuzenean aplikatzen ahal diren irakaskuntza-prozesuak eguneratzeko tresnak emateko.
4. Aniztasunari erantzutea.
Ikastetxea da, bere osotasunean, bertako ikasle guztien aniztasunari erantzun inklusiboa eta hezkidetzan oinarritua emateko arduraduna, haien presentzia, parte-hartzea eta ikaskuntza bermatuz, eta, horretarako, konpromiso irmoa erakutsi behar du bikaintasunaren, ekitatearen eta genero-berdintasunaren printzipioekin, hezkuntza inklusiboaren oinarri diren aldetik.
Ikasleen aniztasunari ahalik eta egokien erantzuteko, funtsezkoa da irakasle-talde osoaren lana. Ikaskuntzarako sarbidea oztopatzen duten trabak hautematea izanen du ardatz, eta horiek ezabatzeko helburuak zein diren adierazi behar du (inklusio planean eta hobekuntza planean jaso beharko dira helburuok). Erantzun hori ikasturtea antolatzeko alderdi nagusietako bat izan behar da.
HLBPIen hezkuntza premiaren bat asetzeko ezarriko diren sarbide neurriak eta jarduketak jaso beharko dira, eta familien eskura egon beharko dira.
Inklusio planaren zehaztapena Hezkuntza Departamentuko Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura bidaliko da, urriaren 31 baino lehen.
4.1. Antolaketari dagozkion alderdiak.
Ikastetxeak koordinazio bide eraginkor bat ezarriko du bermatzeko irakasle-talde osoak modu koherentean jokatzen duela ikasleei hezkuntza arreta inklusiboa eta hezkidetzan oinarritutakoa ematean, eskola-ibilbide osoan. Arreta inklusiboa ikastetxeen antolaketa egitura guztietan landu beharko da.
Ikaskuntza eta irakaskuntza prozesuetako hasierako ebaluazioa baterako berrikuspen tresna da, ikasleendako hezkuntza erantzun inklusiboa eta hezkidetzakoa planifikatzeko eta diseinatzeko. Irakasle-taldeak zehaztuko ditu, tutorea haren buru izanik eta elkarren artean ados jarrita, hezkuntzaren arloko esku-hartzeari erantzuna emanen dioten hezkuntza neurriak, neurri metodologikoak, antolamendukoak edo curriculumekoak.
Koordinazioa jarraitua izanen da, garatutako jarduketen jarraipen xehea, doikuntza eta ebaluazioa egiteko, kontuan hartuz edozein unetan detektatzen ahal direla ikasle guztiek aurrera egitea eragozten duten oztopoak.
Neurrien ezarpenak testuinguruko paradigmari erantzunen dio Ikaskuntzaren Diseinu Unibertsalaren (IDU) ikuspegitik, hala, curriculumaren malgutasuna sustatuz, curriculuma irekia eta inklusiboa izateko hasieratik, etorkizuneko beharrezko eta ekidin ezinezko egokitzapenak murrizten saiatuz.
Salbuespenezkoagoak diren bestelako neurriak antolatuko dira jarduketa oso zehatz eta justifikatuei erantzuna emateko soilik, ohiko testuinguruan egin ezin daitezkeenak, hain zuzen ere.
Irakasleek partekatutako irakaskuntzaren bidez hartuko dute parte, helburu jakin batzuk indartzeaz gain, ikasle guztien parte-hartzea ahalbidetzeko. Partekatutako irakaskuntza koordinatzeko plan bat ezarriko da, ikaskuntza prozesuan profil bakoitzari esleitutako funtzioak eta zereginak zedarrituko dituena, eta Inklusio Planean jasoko da.
Salbuespen gisa ikasgela arruntetik kanpo laguntza ezarri beharra justifikatu behar denean, erabaki horren arrazoia edo xedea, lortu nahi diren helburuak eta testuinguru arruntean premia horiei erantzuteko dagoen ezintasunaren zergatia zehaztuko dira. Era berean, zehaztu egin behar da zenbat denborarako aurreikusten den esku-hartze hori, kontuan hartuta ikasgelatik kanpoko saioen kopurua ahalik eta txikiena izan behar dela.
Ikasle sartu berrien kasuan, ikasturte honetarako kendu ezin direnean ikaskuntzan sartzeko egun dauden hezkuntzako oztopo zehatzak, aztertuko da, ezarritako prozedurari jarraituz, ea ikasleak eskolatu daitezkeen ikastetxearen egituretan. Egitura horiek (egitura espezifikoak, curriculum bereziko unitateak –CBU–) aukera ematen dute hezkuntzaren arloko oztopo horiek murrizteko, testuinguruak ematen baitu ikasleei egokitutako erantzun bat. Ikastetxeek bultzatuko dute egitura horietako ikasleak sar daitezen bai erreferentziazko taldeetan baita ikastetxeko jarduera guztietan ere.
Kasu horietan guztietan, bideratze txostenetan zehaztu beharko da proposatutako egiturak zer eskaintzen dien ikasleei, ohiko eremuan bete ezin dena, hain zuzen ere.
Ikastetxea aldatzea dakarren neurri edo egitura bat proposatzeko, kasu oso berezia izan behar da, eta aniztasunari erantzuteko bide arrunt guztiak agortu ondoren ezarriko da hori. Eskolatze-aldi arruntean kudeatu beharko da, horretarako ezarritako protokoloak zehatz-mehatz beteta.
Egitura espezifikoen programazio didaktikoak ikasgelako tutoreen erantzukizuna dira.
Curriculumaren egokitzapen esanguratsuak arlo bakoitzeko irakasleen erantzukizuna dira; horien berri eman behar diote egokitzapenak dituzten ikasleen taldeko tutoreari. Horrez gain, irakasle-taldearen ardura izanen da sarbide, ebaluazio eta egokitzapen neurriak hautatzea eta martxan jartzea.
Hezkuntza orientazioko langileek irakasleekin lan eginen dute eta aholku emanen diete programazioak, curriculum-egokitzapen esanguratsuak eta sarbide programazioak prestatzeko.
Irakasle-talde osoari dagokio ikasleen autonomia garatzea. Ingurunean oztopo zehatz batzuk egoteagatik, zenbait ikaslek talde osoaren laguntza behar dute.
Hezkuntza laguntzako langile espezialistekin elkarlanean definituko eta aplikatuko da Autonomia pertsonaleko eta gizarte integrazioko programa, ikaslearen autonomia, garapen pertsonala eta curriculumean sartzeko aukerak sustatze aldera. Programa horretan ikastetxe osoa dago sartuta.
Ikasle horien autonomia behar bezala garatzeko, koordinazio egokia egin beharko da hezkuntza laguntzako espezialisten eta irakasle-taldea osatzen duten gainerako kideen artean. Horretarako, astean behin koordinazio saio bat ezarriko da profesionalendako, eskolaldian.
Oro har, lanaldi osoa ez duten hezkuntza laguntzako espezialisten ordutegiaren eguneroko saioak jarraian antolatuko dira, zerbitzuaren beharrizanengatik behar bezala justifikatzen diren ohiz kanpoko kasuetan izan ezik.
Hezkuntza laguntzako langile espezialistek, lanaldi partzialeko administrazio-kontratudunak badira baina urtean haien kontratuaren lanaldia baino gehiago egiten badute, lanaldia handituko zaie, benetan eginiko lanaldira iritsi arte. Edonola ere, aurretiaz, ikastetxeak txosten bat prestatu beharko du eta Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak oniritzia eman beharko dio txosten horri.
Hezkuntza laguntzako langile espezialista berriei dagokienez, ikastetxeak harrera eginen die, lan egiteko behar dituzten dokumentu nahikoak emateko eta eraikina erakusteko.
Espezialista horien ordutegia EDUCAn jakinarazi behar da, AZLei esleitutako postua deskribatzeko atalean.
Ikasleen beharrei aurre egiteko, sareko bilera bat egin behar da osasuneko eta eskubide sozialetako hezkuntza eragileen artean, osasun-diagnostikoa duten kasuak aztertzeko, eta/edo zaintza edo arreta espezifikoak behar dituzten gizarte-kalteberatasunekoak eta/edo ikastetxeetan prestakuntza jarduerak egitekoak, 2025-2026 ikasturtean.
Informazio-trukea eginen da datu pertsonalak babesteko protokoloak kasu hauetarako ezarritakoaren arabera.
4.2. Esku hartzea absentismoaren aurrean.
Absentismoari aurre egin behar zaio lehen zantzuak agertzen direnean, epe laburrean arrakasta izateko bermeren bat izan nahi badugu. Eskolatzea erabatekoa izan dadila lortzeko eta derrigorrezko hezkuntzaren etapan absentismoa murrizteko, batera eta testuinguruari helduta jardun behar dute hezkuntza komunitate osoak, oinarrizko gizarte zerbitzuek, Adingabearen Babes eta Sustapenerako Atalak eta Fiskaltzak.
Arazoa diagnostikatu eta hari aurre egiteko tresnetako bat da ikastetxeek erabili behar duten absentismoaren protokoloa. Bertan, esku hartzeko lau maila zehazten dira, absentismoaren larritasunaren edo jarraitutasunaren arabera, baita maila bakoitzean gauzatu beharreko ekintzak ere. Esku hartzeko maila guztietan, ikastetxeak kasuen jarraipena egin beharko du, aldian behin egoeraren berri emanez eta koordinazio bilerak eginez sareko kideekin.
Jarraipen hori eraginkorra izan dadin, oso garrantzitsua da EDUCAn erregistra daitezela, ikasturte osoan, bidezko arrazoirik gabe ikastetxera ez agertzeak. Era berean, protokoloan ezarritako 2. mailara igarotzean, horren berri emanen zaio Inklusio Proiektuetarako Bulegoari helbide elektroniko honen bidez: proyectos.de.inclusion@navarra.es.
4.3. Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroa (NHEBZ).
Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroa (NHEBZ) hezkuntza inklusioaren arloko erreferentziazko kalifikazio handiko zentroa izanen da.
Arlo eta programetan egituratuta egoteak lagundu eta sustatuko ditu ikasle guztiek ikastetxeetan duten presentzia, parte-hartzea eta ikaskuntza.
Hezkuntza orientazioko langileen bitartez eskatuko da aholkularitza, eskaera hezkuntza komunitateetako zeinek egiten duen kontuan izan gabe.
Baliabide zentroa osatzen duten programek erantzun desberdinak emanen dizkiete ikastetxeen eskaerei, eta lagun eginen diete haien eraldaketan, aldaketa metodologikoetan, Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsaleko (IDU) tresnen aurrerapenean eta beharrezkoa den banakako arreta espezializatuan.
5. Inklusio, berdintasun eta bizikidetza programak.
5.1. Inklusioa: PROA+ programa.
PROA+ programaren helburu nagusia da hezkuntza konplexutasun handieneko ikastetxeei laguntza instituzionala ematea, eta ikastetxe hauek dira programaren hartzaileak: funts publikoekin mantentzen diren eta Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Oinarrizko Hezkuntza (Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta oinarrizko mailako heziketa zikloak) eta Batxilergoa ematen dutenak.
Horretarako, berrogeita hamalau ikastetxe hautatu dira, publikoak zein itunduak, deialdi bidez. Ikastetxe horiek aparteko zuzkidura jasotzen dute, sareetan biltzen dira eta aholkularitza eta prestakuntza jasotzen dute Hobekuntza Plan Estrategiko bat eta zenbait jarduera garatzeko eta ezartzeko. Jarduera horiei palanka-jarduerak deritze, eta helburu dute antolakuntza-kulturan beharrezkoak diren aldaketak bultzatzea, bermatu ahal izateko ikasle guztiek eskola arrakasta izanen dutela, arreta jarrita, bereziki, ikasle guztien artetik egoera ahulenean dauden horietan.
5.2. Berdintasuna eta hezkidetza: Hezkidetza Plana eta SKOLAE Programa.
SKOLAE programaren helburua da hezkidetza eraldatzea ikastetxeetan. Hezkuntza Departamentuak prestakuntza, baliabideak eta laguntza ematen ditu prozesu hori errazteko, eta, horrela, bermatzen du, hezkuntza etapa guztietan, irakasleek eskuratzen dutela hezkidetzarako konpetentzia profesionala, eta ikasleek, berdintasunez bizitzeko konpetentzia.
2025-2026 ikasturtean, programa orokortzen jarraituko da, ikastetxe berriak sartuko baitira. Ikastetxeen egoera honako hau izanen da, zer fasetan dauden:
a) Programaren nahitaezko etapetan dauden ikastetxeak (1., 2., 3. eta 4. faseak).
SKOLAE Programa ikastetxe batean ezartzeko, antolaketa-egitura bat sortu behar da ikastetxe barnean, eta, horretarako, nahitaezko prestakuntza egin beharra dago, lau ikasturtez, gutxienez ere, eta bete beharko dira araudian ezarritako lau faseak.
Ikastetxe bakoitzean hezkidetza bultzatzeko talde bat sortuko da; 3 eta 8 kide artean izanen ditu, ikastetxearen ezaugarrien arabera, eta kide horien artean egonen dira zuzendaritza-taldeko pertsona bat eta hainbat ziklo eta arloetako irakasleak. Pertsona horietako bat koordinatzailea izanen da, eta sarean eginen diren bost saiotara bertaratu beharko du; hain zuzen, astearteetan, 12:00etatik 14:00etara, izanen dira, Hezkuntza Departamentuko SKOLAE taldeak adierazitakoaren arabera.
Bertaratu izanaren egiaztagiria jasotzeko, beharrezkoa izanen da sarean deitutako saioen %85era aurkeztu izana. Koordinatzailea ezin bada bertaratu, hezkidetza sustatzeko taldeko beste kide bat joaten ahalko da, ahal dela, zuzendaritza-taldekoa. Orobat, zuzendaritza-taldeak erraztasunak emanen dizkio koordinatzaileari ikastetxeko sarearen bileretara joateko. Horrenbestez, bilera horiek aintzat hartu behar dira ikastetxeko ordutegiak prestatzeko, ikastetxe publiko zein itunpekoetan.
Bestalde, ikastetxeko zuzendariak ordutegi bat ezarriko du, astean behin bil daitezen talde bultzatzaileko irakasle guztiak.
Klaustroa osatzen duten irakasle guztiek, ikastetxea 1., 2., 3. eta 4. faseetan badago, prestakuntza instituzionaleko 12 ordu gorde beharko dituzte hezkidetzari buruzko prestakuntza jasotzeko. Ikastetxea programa ezartzeko zer fasetan dagoen, prestakuntza hori banakakoa edo taldekoa izan daiteke, eta tutoretza online edo ikastetxean bertan egiten ahalko da. Edonola ere, dagokion informazioa bidaliko die Baterako Hezkuntzaren Bulegoak ikastetxe bakoitzari.
Hezkidetza bultzatzeko taldeko irakasleek, lehenengo urtean zehar, prestakuntza edo aholkularitza espezifikoa jasoko dute, ikastetxearen diagnostikoa eta hezkidetza identitatearen plan bat diseinatu eta garatzeko.
b) Ebaluazio fasea.
Lau faseak amaitutakoan, ikastetxea ebaluazio fasera igaroko da. Bertan, horretarako emandako tresnaren bidez, ikastetxearen hezkidetza identitatearen plana ebaluatuko da, eta ebaluazio horretan oinarrituta hurrengo lau ikasturteetako plana diseinatuko da. Bi ekintza horiek ikasturte berean zehar eginen dira.
Hartara, koordinatzaileak eskola-ordu bat izanen du liberatuta; izan ere, ikasturtean zehar Baterako Hezkuntzaren Bulegoak deitutako sareko bileretara bertaratu.
Ikastetxe bakoitzeko hezkidetza bultzatzeko taldearen ardura izanen da ekintza horiek guztiak gauzatzea, eta, horrenbestez, ikastetxeko zuzendariak astean behin bilera bateratu bat egiteko ordua ezarriko du hezkidetza bultzatzeko taldea osatzen duten irakasle guztiendako.
c) Programaren nahitaezko etapak amaitu dituzten ikastetxeak.
Ebaluazio fasea amaitu eta hezkidetza identitatearen plan berria prestatu duten ikastetxeek, 72/2021 Foru Dekretuan jasotakoari jarraikiz, hezkidetza bultzatzeko taldearen egitura eta funtzioak mantenduko dituzte, plana modu autonomoan garatzeko. Koordinatzaileak ez du ordurik izanen. Ikastetxe hauetan, SKOLAE I edo SKOLAE II banakako prestakuntza egin ez duten irakasleek horiek egiteko beharrezkoak diren 12 ordu gorde beharko dituzte. Nahiz eta ez den ikastetxeko irakasle guztiendako nahitaezko prestakuntza, nahitaezkoa izanen da hori jaso ez dutenendako. Ordea, bakoitzari dagozkion prestakuntza ikastaroetarako izen-ematea ikastetxeak berak kudeatu beharko du (zuzendaria, prestakuntzako arduraduna, ikasketaburua).
5.3. Bizikidetza: Laguntza programa.
Hezkuntza Departamentuak, Laguntza programaren eta ikastetxeen eskura jartzen diren beste baliabide batzuen bidez, bizikidetza planak egiteko orientazioa, prestakuntza eta aholkularitza emanen du.
Laguntza programak pixkanaka trebatuko ditu irakasleak honako gai hauetan: hezkuntza emozionala, gatazken konponketa eta eskolako bitartekotza, praktika errestauratiboak, disrupzioa ulertzea eta esku hartzea eta bestelako edukiak. Hala, kalitate oneko prebentziozko esku-hartzea sustatuko da tratu ona falta eta ondoeza aurrez aurre ditugunean.
Trebakuntza bi modutara egiten ahalko da: Alde batetik, Laguntza programara batzen diren ikastetxeek prestakuntza jasotzen ahalko dute; lehenik, prestakuntza orokorra jasotzen ahalko dute bi urtez, eta, bigarrenik, hirugarren urte batez prestakuntza espezifikoagoa jasotzen ahalko dute.
Bestetik, Red Laguntza Sareak ikasturte bakoitzean emanen dituen saioen bidezko prestakuntza egonen da. Red Laguntza Sarea programako prestakuntza amaitu duten ikastetxeek osatzen dute.
Ikastetxe bakoitzaren Bizikidetza Planean curriculum eta antolaketa neurriak jasoko dira bizikidetza, tratu ona eta eskola giroa hobetzeko. Nabarmenduko da zein garrantzitsua den hezkuntza komunitate osoa inplikatzea arlo horretan prebentzio lana egin eta tratu onak eta hezkuntza emozionala ikasteko, gatazkak konpontzeko, emozioen aldetik seguruak eta osasungarriak diren inguruneak sortzeko eta eskola jazarpena eta indarkeria modu guztiak desagerrarazteko konpromisoaren ikuspegitik.
Abenduaren 16ko 204/2010 Foru Aginduarekin bat, ikastetxe guztietan egon beharko da bizikidetzako arduradun bat, aipatu foru aginduan adierazitako funtzioak izanen dituena.
Arduradunak, ikastetxeko zuzendaritza-taldeak erabakitakoari jarraikiz, eta, hala badagokio, hark ikuskatuta, ongizatearen eta ikasleak babestearen koordinatzaile funtzioak bereganatzen ahalko ditu, funtzio horiek arautzen dituzten estatuko eta autonomia-erkidegoko araudiekin bat.
Ongizaterako eta babeserako koordinatzaileak, jardutean, bete eginen du datuen babesaren arloan indarrean dagoen araudian ezarritakoa.
Bizikidetzaren arloko Aholkularitza Bulegoaren webguneak zenbait baliabide, eredu, protokolo eta iradokizun jartzen ditu ikastetxeen eskura beren jarduketa plana zehazten laguntzeko eta berariazko erantzuna bideratzeko zenbait kasuren aurrean (suizidioak, dolua, ziberbizikidetza eta abar). Ikastetxe guztietan, bizikidetza plana eta haren urteko zehaztapena eguneratu beharko dira, eta egokituko dira bizikidetzari eta indarkeriaren prebentzioari buruzko indarreko araudira.
Era berean, 2024-2025 ikasturtean programa ezartzen hasi ziren ikastetxeek 2025-2026 ikasturtean zehar jarraituko dute prestakuntza egiten.
2025-2026 ikasturtean Laguntza programako prestakuntza egiten jarraitzen duten zein horretara batzen diren ikastetxeek eskura izanen dute Bizikidetzarako Aholkularitzaren laguntza, baita programan aurretiaz prestakuntza eta esperientzia duten tutoreen laguntza ere.
Laguntza programako prestakuntza eskaintzeaz gain, Hezkuntza Departamentuak ikastetxeetako langileei prestakuntza espezifikoa eskaintzen die, ideiagintza autolitikoak dituzten ikasleei laguntzeko, ikastetxeetako krisialdiak landu eta kokatzeko, bai eta ikasle transexualei laguntzeko ere.
Prestakuntza espezifikoa ikastetxeen prestakuntza instituzionaleko planen baitan egin daiteke, edo ikasturtean zehar aurreikusi gabeko behar gisa antolatu daiteke.
6. Ebaluazio diagnostikoak.
Ebaluazioa etengabeko hobekuntzari lotuta dago, eta funtsezko laguntza eta baliabidea da, gainera, errealitatea eta ikastetxeetan aurrera eramaten diren hezkuntza jarduketen ondorioak hobeki ezagutzeko. Alde horretatik, hobekuntza ildoak ezartzeko orduan, ikasleen barneko emaitzak (behar diren neurriak hartzeko informazio eta hausnarketa iturri izan beharko baitira) eta hurrengo puntuetan zehaztuko diren ebaluazioen emaitzak hartuko dira kontuan.
6.1. Ebaluazio diagnostikoa DBHko 2. mailan.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 144. artikuluan xedatutakoaren arabera, Hezkuntza Departamentuak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailan diagnostiko helburua duen ebaluazio bat garatzea ezarri du.
Ikastetxeek ebaluazio diagnostikoa eginen diete Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren ikasturteko ikasle guztiei. Konpetentziak ebaluatzeko probak kanpoan prestatuko dira, eta ikastetxeetan aplikatu eta zuzenduko. Ebaluazio Atalak koordinatuko du ebaluazio hori.
Ikastetxeek egin beharreko lehenengo jarduketa galdetegi bat izanen da, ikastetxeko ISEKa kalkulatzeko. Urtarrilaren 19a eta otsailaren 13a bitarte bete beharko dute galdetegia ikasleek. Zuzendaritza-taldeak ikuskatu eta bermatu beharko du prozesua zorrotz eta adierazitako epean betetzen dela; behar diren neurriak hartuko ditu ikasle guztiek bete dezaten galdetegia, eta nahikoa denbora emanen die edozein gertakari ebazteko.
Halaber, ikastetxeko zuzendaritza-taldea plangintzan arituko da eta behar diren neurriak hartuko ditu, bai proben aplikazioan bai zuzenketan, datu grabaketan eta txostenak entregatzean parte hartu behar duten irakasleek zeregin horiek beren lan-ordutegian bete ahal izan ditzaten.
Ebaluazio horrek ikastetxeendako prestakuntza eta orientazio izaera duela kontuan hartuta, proben eta emaitzen azterketaren erantzukizuna irakasle guztiena da. Azterketa horretatik informazio garrantzitsua aterako da hezkuntza arretan detektatutako premietara egokitzeko.
Probak, oro har, apirilaren 17, 20 eta 21ean eginen dira eta horien ordena behar adina denborarekin zehaztuko da. Hezkuntza Departamentuak jarraibideak emanen ditu proben aplikazioa eta zuzenketa arautzeko.
Ebaluazio diagnostikoan lortutako emaitzak ikastetxeen eskura jarriko dira, EDUCAn, bi informazio iturriren bitartez:
1. Emaitzen urteko txostena: txosten horri esker, ikastetxeak aztertu ahal izanen du zer puntuazio lortu duen konpetentzia bakoitzean eta zein izan den item bakoitzaren erantzun zuzenen ehunekoa. Gainera, ISEKaren arabera zenbatetsitako puntuak ezagutzen ahalko ditu.
2. Azken ikasturteetako emaitzen bilakaerari buruzko txostena: grafiko horiei esker ikastetxeak ikusi ahal izanen du zein izan den gaitasun bakoitzaren emaitzen joera azken ikasturteotan.
Ikasturtea bukatu aurretik, behar bezalako aurrerapenaz, zuzendaritza-taldeak iturri horietatik bildutako informazioa transmitituko du koordinazio pedagogikorako batzordearen bileran; horrela, gerora, saileko edo arloko buruek ikastetxeko emaitzen berri emanen diete irakasleei.
Gaitasunak hobetzea ez da DBHko 2. mailako ikasleak zuzenean prestatzen dituzten irakasleena soilik, guztiena baizik. Horregatik, sail edo arlo guztiek aztertuko dituzte emaitzak, eta egoki irizten dizkioten hobekuntza proposamenak bilduko. Azterketa hori errazago egiteko, item bakoitzari buruzko informazio gehigarria egonen da horretarako prestatutako zuzenketa koadernoetan.
Hautemandako hobekuntza arloak zein diren adieraziko da bai ikastetxearen hobekuntza planean bai eta sailetako edo arloetako urteko lan planetan ere.
Eskola kontseiluari emanen zaio horren guztiaren eta hartutako neurrien berri.
Ikastetxeek erabakiko dute noiz eta nola helarazi ikasleen txosten indibiduala familiei ikasturtea amaitu baino lehen. Gomendagarria da hori tutoretzaren testuinguruan egitea.
7. Eskolako liburutegia, Abies+ plataforma.
Abies+ plataformaren bidez kudeatuko dira eskolako liburutegiak; AbiesWeb plataforma zahar eta euskarririk gabekoa ordezten du. Abies+ erabiltzeko oinarrizko ikastaro bat programatuko da, ikastetxe bakoitzak eskolako liburutegia kudeatzeko arduradun izendatutakoei zuzendutakoa. Ikastetxe batzuek ez dituzte datuak AbiesWebetik migratu, eta, beraz, datuak modu seguruan migratzeko laguntza jasotzeaz gain, Abies+ plataformaren funtzio berrienak erabiltzeko ikastaro aurreratu bat eskainiko zaie.
Era berean, informazio saioak antolatuko dira "Odisea" plataformaren erabilerari eta aukera pedagogikoei buruz (eskolako liburutegi digitala).
Eskolako liburutegiaren kudeaketaren arduradunei ordu osagarri gisa kontatuko zaizkien ordu batzuk esleitu ahal izanen zaizkie eskola liburutegiarekin loturiko kudeaketa informatikoa eta dinamizatze proiektuak egiteko, betiere, ikastetxeko ordutegia kontuan hartuta.
Eskolako liburutegiko arduradunen eginkizuna izanen da honako zeregin hauek egitea:
–Funts bibliografikoak eta bestelako materialak automatizatzea eta antolatzea.
–Mailegu sistema antolatzea.
–Irakurketaren sustapenari eta irakurzaletasuna bultzatzeko ikastetxearen planari lotutako ekintzen sustapena.
–Liburutegiaren aldetik laguntza ematea ikastetxean antolatzen diren programak eta proiektuak egiteko orduan.
–Liburutegiko ordutegia antolatzea bai eskola-orduetan bai eskolaz kanpokoetan.
–Ikasleen eta irakasleen artean sustatzea formatu digitaleko irakurketa eta irakurriaren ulermenaren hobekuntza "Odisea" eskolako liburutegi digitalaren bidez.
8. Ikastetxeko hizkuntza proiektua.
Otsailaren 19ko 16/2019 Foru Aginduak Ikastetxearen Hizkuntza Proiektua arautzen du, eta lau urteko epea ezarri zuen proiektua prestatzeko. Epe hori amaitzean, ikastetxearen hizkuntza proiektua etengabe berrikusi eta eguneratu beharreko dokumentua izanen da; horretarako, ikastetxeek Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuaren laguntza izanen dute. Era berean, honako esteka honetan orientazio gida bat izanen dute eskura:
https://sites.google.com/educacion.navarra.es/plcnavarra/plcihp
Curriculumeko hizkuntzei dagokienez, ikastetxeek EDUCA kudeaketa sisteman honako hauek zehaztu beharko dituzte:
–Maila bakoitzean irakasgai bakoitza zein hizkuntzatan ematen den (Ikastetxea menua> Ikasketa plana> Irakasgaiaren hizkuntza).
–Ikastetxeko hizkuntza proiektua nork koordinatzen duen (Langileak menua > Irakasleak > Datu profesionalak).
–Atzerriko hizkuntzak ikasteko programa nork koordinatzen duen: Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programa (Langileak menua > Irakasleak > Lanpostu osagarria).
9. Atzerriko hizkuntzak ikasteko programak.
Apirilaren 26ko 43/2023 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, Lehen Hezkuntzako etapa amaitzean ikasleei beren hizkuntza konpetentziari buruzko orientaziorako aholku bat emanen zaie, DBHn hautatu beharreko atzerriko hizkuntzetan ikasteko programei dagokienez (foru dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen oinarrizko alderdiak arautzen ditu). Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek EDUCAn kontsultatu ahal izanen dute zer txosten egin dituzten, horretarako berariaz, atzerriko hizkuntzetan ikasteko programak dituzten Lehen Hezkuntzako ikastetxeek.
II.–ANTOLAKETA ALDERDIAK
1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etaparen antolamendua: ikasgaiak eta esparruak.
Oro har, etapako ikasmailak ikasgaika antolatuko dira. Hala ere, ikastetxeek, beren autonomia baliatuta, esparruka lan egin ahal izanen dute, irakasleen klaustroak aldez aurretik onetsita. Ondorio horietarako, 2026-2027 ikasturtean curriculum antolaketa esparruka hasi nahi duten ikastetxe guztiek Ikasketak Antolatzeko Atalari jakinarazi beharko diote 2026ko apirilaren 15a baino lehen (ordenacion.academica@navarra.es), honako hauek kontuan izanik:
–Esparruka lan egiten duten ikastetxeek "hizkuntzaren eta gizartearen esparrua" edo "esparru zientifiko eta matematikoa" bietako bat aplikatu beharko dute, edo, bestela ere, bi esparruak aldi berean.
–Esparruka lan egiteko aukera etapako edozein ikasmailatan aplikatzen ahalko da, eta ikasmaila bereko talde guztietan aplikatu beharko da.
–Ikasketak Antolatzeko Atalari zuzendutako jakinarazpenean, adierazi beharko da zein den ikastetxearen izena eta zer ikasmailatan eginen den lan esparruka ("hizkuntzaren eta gizartearen esparrua" edo "esparru zientifiko eta matematikoa", edo biak aldi berean).
Era berean, eta arestian deskribatutako baldintza berberei jarraikiz, 2025-2026 ikasturtean antolamendua esparruka ezarrita duten ikastetxeek, epe berean eta modu berean jakinarazi beharko dute horri buruzko edozein aldaketa. Horren gaineko berririk jasotzen ez bada, ulertuko da ez dela aldaketarik izan antolamenduan, eta 2026-2027 ikasturtean aplikatuko da.
2. Programazio didaktikoak.
Programazio didaktikoak prestatzeko, orientatzeko gida bat eta programazio-eredu irekiak izanen dira eskura eskola kudeaketako EDUCA sisteman (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Ikuskapen-dokumentuak > Programazioak).
Programazio didaktikoak, ahal dela, EDUCAren aplikazioan bertan eginen dira, horretarako prestatutako txantiloi bat erabiliz.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak arloen eta, hala badagokio, irakasgaien programazio didaktikoen prestaketa gainbegiratuko du, eta bereziki begiratuko du LOMLOEn aurreikusten diren elementu berriak sartzen diren (konpetentzia espezifikoak, oinarrizko jakintzak, ikaskuntza-egoerak, etab.).
3. Gainditu gabeko irakasgaiak eta barrutiak berreskuratzeko prozesuen kalifikazioen eskala.
Gainditu gabeko irakasgaiei, eta, hala badagokio, barrutiei dagokienez, jarritako kalifikazioak bat etorri beharko du Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 12ko 53/2023 Foru Aginduaren 12. artikuluan jasotako kalifikazioen eskalarekin. Hala, kalifikazioen eskala hori ezin izanen da ez mugatu ez murriztu, eta ikasleei ondoren adierazitako kalifikazioen eskalako terminoei jarraikiz jarri beharko zaie dagokien nota: gutxiegi (G), kalifikazio negatiboetarako; nahikoa (N), ongi (O), oso ongi (OO) eta bikain (B), kalifikazio positiboetarako.
4. Lanaldia.
225/1998 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldi bera izanen dute, beren eginkizunetara egokitua.
Ekaineko eta iraileko eskola gabeko lan egunetan, egunean ikastetxean egon beharreko bost orduko lanaldi jarraitua egin beharko dute irakasleek.
Ekitatean eta hezkuntza kalitatean aurrera egiteko itunak jasotzen du Bigarren Hezkuntzako irakasleek, araubide bereziko irakaskuntzetakoek eta Lanbide Heziketakoek, lanaldi osoan arituz gero, astean 18 orduko eskola-ordutegia izanen dutela. Asteko zenbaketako ordu osagarrien barnean, ordu bat ikastetxea koordinatu eta plangintza instituzionaleko dokumentuak eratzeko bilduko da; eta beste ordu bat, berriz, irakasle taldeek edo departamentu didaktikoek proposatutako ataza, plan eta proiektuetarako, baldin eta astean denbora gehiago sartzea ez badakar horrek berekin.
Jarraian agertzen den taulan lanaldi osoko irakasleen lanaldiaren laburpena azaltzen da.
IRAKASLEEN LANALDIAREN LABURPEN TAULA (lanaldi osoa): BIGARREN HEZKUNTZA | ||||
URTEKO LANALDIA 1592 ordu | 30 ordu. IKASTETXEAN BERTAN EMAN BEHARREKO ORDUAK, | ZUZENEKO + ESKOLA-ORDU GISA | Ikasleei eskola edo irakaskuntza emateko. 225/1998 Foru Dekretuaren 22. artikuluan zehaztutako lanetarako. | |
7 ordu. | ASTEAN ZENBATU | Guardiak. Departamentua. Tutoretzak. Koordinazio bilerak. Horien artean, ebazpen honen "Lanaldia" apartatuan jasotako zereginak barne hartuko dira. | ||
5 ordu. | HILABETEAN ZENBATU BEHARREKO ORDU | Klaustroa. Ebaluazioko eta irakasleen taldeko bilerak. Familiak. Beste jarduera osagarri eta ikasketez kanpoko batzuk. Plangintza instituzionaleko tresnak. 25 ordu prestakuntzan. | ||
URTEKO | Irakaskuntza jarduerak prestatzea eta irakasleen lanbide gaitasunak perfekzionatzea, hautaketa batzorde eta epaimahaietan edo antzeko jardueretan parte hartzeko irakasleek duten betebeharraren kalterik gabe, jarduera horietarako izendatu badituzte. | |||
5. Irakasleen ordutegia prestatzea eta onartzea.
Uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuak, zeina aldatu baitzuen uztailaren 16ko 60/2014 Foru Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarriak, ezartzen du ezen irakasleen ordutegiak ikasketaburuak prestatu behar dituela, ikastetxeko zuzendariak onetsi behar dituela eta EDUCA kudeaketa programaren bitartez jakinarazi behar direla irailaren 30erako. Horren gaineko erreklamazio guztiak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko ditu, eta, horretarako, hamabost eguneko epea izanen du.
Ordutegiak prestatzeko, eskola kudeaketako EDUCA sisteman eskuragarri daude laguntza dokumentuak, kontratuen ordutegi-taula eta irakasleen ordutegiaren kontzeptuak (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Ikuskapen-dokumentuak > Irakasleen ordutegia).
Halaber, eskola kudeaketako EDUCA sisteman zehaztuko da egoitzaren ordutegia, zenbaketa moten erlaitzean "denbora erreala" hautatuta (Ikasturtea > Ordutegia > Egoitza zehaztea > Ordutegiak kudeatzea > Zenbaketa mota > Denbora erreala).
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak irakasleen asteko ordutegiaren banaketa zuzena den ikuskatuko du (zuzeneko irakaskuntzan emandako orduak, eskola-orduak eta jarduera osagarriak).
6. Zuzendaritza-taldeen koordinazioa.
Ikastetxeen arteko koordinazioa handitzeko eta prestakuntza programetan parte hartzea areagotzeko, zuzendariak, ikastetxeko aukeren arabera, astearte goizak eskola-ordurik gabe izan ditzake, zeregin horiek gauzatzeko.
7. Departamentuko burutza.
Departamentu bakoitzeko buruak 25/1997 Foru Dekretuan eta 258/1998 Foru Aginduan aipatzen diren eginkizunak bere gain hartuko ditu, eta departamentuko urteko lan plana gidatu eta garatzeaz arduratuko da; plan horretan zuzeneko eta zeharkako eragina duten hobekuntza arloen gaineko jarduketak sartuko dira.
8. Irakasleak eta ikastetxeko langileak lanera ez agertzea.
Aldi baterako ezintasun batengatik inor lanera agertzen ez denean ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrolak Hezkuntza Departamentuko web-orrian ezarritakoari jarraituko dio:
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal
Aldi baterako ezintasun egoeran dauden MUFACEko langileek bajaren frogagiria aurkeztu behar dute gehienez ere 3 eguneko epean, lanera huts egindako lehen egunetik zenbatzen hasita. Hurrengo berrespen agiriak hamabostean behin edo hilean behin aurkeztuko dira, medikuak zer erabakitzen duen. Alta-agirien kasuan, agiria egin eta gehienez 24 orduko epean jakinaraziko da.
MUFACEko langileen jatorrizko parteak Hezkuntza Departamentura helarazteko, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez bidal daitezke, aurrez aurre aurkeztu Nafarroako Gobernuaren Erregistro Ofizialeko edozein bulegotan, edo posta arruntaren bidez bidali.
Era berean, nahitaezkoa da ikastetxeko zuzendaritza-taldeari kopia bat bidaltzea edo aurkeztea ahalik eta lasterren, ikastetxeak jakin dezan zehatz-mehatz bajak zenbat iraunen duen, bajaren bilakaera edo bukaeraren berri izan dezan eta, orobat, ordezkapen bat eskatu ahal izan dezan.
Alta agiriari dagokionez, horren berri emateko epea betetzen ez bada irakaslea ikastetxera itzultzen den egunetik hasita 2 egun naturaleko epean, zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko. Ukitutako irakasleari ere jakinaraziko zaio idatziz.
Ordezkapenetarako, kotizazioetarako eta nominan eragina duten bestelako elementuetarako dauden epeak ongi betetzearren, proposatzen da komunikazioak Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez egitea.
Parteak bidaltzean izandako edozein gorabeheraren berri emateko, helbide elektroniko hau erabil daiteke modu osagarrian: planificacionrheducacion@navarra.es.
Gaixotasuna edo istripua dela-eta aldi baterako ezintasuna duten Gizarte Segurantzako langileek ikastetxeko zuzendaritza-taldeari jakinarazi behar diote zer iraupen duen baja-agiriak lanera joaten ez diren lehen egunetik. Baja berresteko parteak medikuak erabaki bezain maiz jakinarazi beharko dira. Halaber, baja amaitutzat emateko eta langilea bere lanpostura itzultzeko, ezinbestekoa da alta medikoaren partea jakinaraztea lantokiari egun berean. Hala, zuzendaritza-taldeak zehatz-mehatz jakinen du noiz egon den langilea kanpoan, bajaren eboluzio eta/edo amaiera, eta beharraren ordezkapena kudeatzen ahalko du.
Ikastetxeetan ezarriko da zer bidetatik eginen dituzten jakinarazpenak MUFACEko nahiz Gizarte Segurantzako langileek, zuzendaritza-talde bakoitzak zehazten duen funtzionamenduaren arabera.
Garrantzitsua da adieraztea ezen, gaixotasun bajengatiko egoerak jakinarazteaz gainera, erditzeagatiko lizentzia edo ama ez den gurasoarendako lizentzia tramitatzeko komunikazioa bost eguneko epean egin behar dela gehienez, ezarritako prozedurari jarraikiz.
Ordezkapen egoeretan, ordezkoa ez bada egokitu zaion lanpostuan hasten, eta Kontrataziorako Atalari ez badio erregistro orokorraren bidez jakinarazi lanpostuari uko egin diola, ikastetxeko zuzendaritzak hutsegitearen txosten bat bidaliko du contratoseducacion@navarra.es helbidera, lanpostua berriz eskain dadin. Ordezkapen kontratuaren Gizarte Segurantzako afiliazioaren alta tramitatu bada, Gizarte Aseguruen Atalak eskatuta, zuzendaritza-taldeak hutsegiteari buruzko txosten bat egin beharko du, alta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian alta baliogabetzeko. Ondoren, seccion.seguros.sociales@navarra.es helbide elektronikora bidali beharko du.
Ikastetxeetan EDUCA aplikazioko kudeaketa sisteman erregistratu beharko dira ikastetxeak berak emandako baimenak. Norberaren aferetarako baimen bat emateko, EDUCA kudeaketa sisteman ikus daitezke irakasle bakoitzak hartutako orduak (Langileak menua > Irakasleak > Berria / Hutsegiteak ikusi). Irakasle ibiltariei eta ikasturte bakoitzean ikastetxe batean baino gehiagotan kontratua duten irakasleei dagokienez, pantaila horretan ikusiko dira ikastetxe bakoitzean eta kontratu bakoitzeko hartutako orduak.
9. Guardiak.
Hona hemen zaintzako irakasleen eginkizun nagusiak:
–Arreta ematea irakasleak huts egiteagatik edo beste edozein arrazoirengatik libre gelditzen diren ikasleei.
–Korridoreetan ordena zaintzea, eta, oro har, ikasleek gelaz kanpo duten portaera zaintzea. Horrek ez du esan nahi beste irakasleek eginkizun hori bete behar ez dutenik.
–Beren zaintza-orduetan sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, bai eta ikastetxeko norbait mediku beharrean gertatuz gero hartarako kudeaketak egitea ere, eta ikasketaburua lehenbailehen jakinaren gainean jartzea.
–Beren zaintza-orduetan, irakasleak eskoletara, zaintza txandetara, liburutegira edo bestelako jardueretara berandu joan izanaren edo joan ez izanaren berri ematea ikasketaburuari, idatziz.
–Ikastetxeko zuzendariak bere eskumeneko esparruan agintzen dion beste edozein eginkizun.
Ikastetxeko zuzendaritzak baimena eman dezake irakasleren baten zaintza orduak berariazko beste jarduera batzuekin trukatzeko, baldin eta zaintza ordu guztiak beteta badaude.
EDUCA aplikazioak modulu bat du irakasleen zaintza-orduak kudeatzeko, eta hura erabiltzea gomendatzen dugu. Ikasgelako koadernoaren agendarekin lotuta dago, egin beharreko jarduerak jakinaraztea errazten du, zaintzako irakasleak izendatzeko aukera ematen dio zuzendaritza-taldeari eta prozesuaren estatistika bat eskaintzen du.
10. Irakasle ibiltarien joan-etorrien gastuak.
Oinarrizko ikastetxeetako zuzendaritzek Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari jakinaraziko diote, epe barruan jakinarazi ere, zer joan-etorri egiten dituzten beren irakasle ibiltariek (irakasleek, orientatzaileek eta logopedek) ikastetxekoaz bestelako herrietara, funtzionamenduaren txantiloian jasotako plangintzari jarraikiz.
Egoera orria edo fitxa urriaren 31 baino lehen igorriko da, oinarrizko ikastetxeko zuzendariak eta irakasle ibiltariak beteta.
Gainerako joan-etorriak bilerak deitzen dituen zerbitzuaren bidez kudeatuko dira, orientazioa koordinatzeko bilerak barne.
Irakasleen ibiltaritzak jakinarazteko dokumentazioa, jarraibideak eta hileko joan-etorrien fitxa eta formularioa eskuragarri egonen dira eskola kudeaketako EDUCA sisteman (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Ikuskapen-dokumentuak > Ibiltaritzak).
11. NUHEOko irakasle laguntzaileak.
Irakasle laguntzaileak dira Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialarekiko lankidetza programa Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan ematen dutenak.
Irakasle laguntzaileek eginkizun eta betebehar hauek izanen dituzte:
–Programan matrikulatutako ikasleak prestatzea kasuan kasuko hizkuntza irakaskuntzen ziurtagiria lortzeko.
–Koordinazio jardueretan parte hartzea eta programatutako estandarizazio lanak egitea.
–Ikasleen ebaluazioan parte hartzea, bai proba orientagarrietan (idatzizkoak eta ahozkoak), bai ziurtapen probetan (zaintza, idatzizko proben zuzenketa eta ahozko probetarako epaimahaiak).
–Ikasleei matrikulazio eta ebaluazio prozesuetan informazioa emateko lanean laguntzea.
Programa honetan lankidetzan aritzeak konpentsazio hauek ekarriko ditu, taula honekin bat:
MAILA BAKOITZEKO | |
10 ikasletik 25 ikaslera bitarte | ordu bat |
26 ikasletik 50 ikaslera bitarte | + ordu bat |
51 ikasletik 75 ikaslera bitarte | + ordu bat |
76 ikasletik 100 ikaslera bitarte | + ordu bat |
Horrela, hurrenez hurren, 25 ikasletik behin | + ordu bat |
Arestian adierazitakoa gorabehera, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialarekin lankidetzan aritzen diren eta 10 ikaslera iristen ez diren hizkuntza departamentuetan, gutxienez eskola-ordu bat emanen da hizkuntza bakoitzeko.
Azkenik, hizkuntza batean bi hizkuntza maila baino gehiago ematen badira, ezin izanen ditu bi eskola-ordu baino gutxiago izan.
Sare publikoko ikastetxeetako irakasle laguntzaile guztiek, gutxienez ere, 5 lanordu eman beharko dituzte urtean HEOren ziurtagiria lortzeko probetan (zainketa lana ziurtapen azterketetan, idatzizko ziurtapen azterketen zuzenketa eta ahozko ziurtapen proben epaimahaiko lana) bakoitzak konpentsatua duen asteko eskola-ordu bakoitzeko.
Nafarroako Gobernuaren epaimahaiei buruzko araudian ezarritakoaren arabera konpentsatuko dira ekonomikoki gutxieneko kopuru hori gainditzen duten orduak.
NUHEOren departamentu bakoitzeko buruak bere irizpidearen arabera esleituko ditu goian aipatutako zereginak.
12. Hezkuntza digitalizatzea.
Hezkuntza Departamentuak irakasle sartu berrien eskura jarriko du 15 orduko prestakuntza, zeinetan irakaskuntzan aritzeko oinarrizko tresna digitalak landuko baitira. Zuzendaritza-taldeak prestakuntza instituzional gisa ezartzen ahalko du hori irakasle sartu berriendako.
12.1. Konpetentzia digitala eta hezkuntza teknologia.
Ikasturte honetan jarraipena emanen zaio Hezkuntza Eraldaketa Digitalerako estrategiari (ikasNOVA), 1:1 ereduan (ikasle bat, gailu bat).
Ikastetxearen plan digitala UPOan dauden planetako bat da, eta zuzendaritza-taldeak hautatutako arduradun batek egin beharko du haren jarraipena. Arduradun hori ikastetxearen plan digitalaren arduradun gisa identifikatuta egonen da EDUCAn.
Ikastetxe guztiek SELFIE galdetegia bete beharko dute ikastetxearen plan digitalean jasotako ekintzak ebaluatzeko.
Ikastetxe publiko bakoitzak hezkuntza teknologiaren koordinatzaile bat izanen du, baita ikasNOVAko arduradun bat ere, eta pertsona horiek hala identifikatuta egonen dira EDUCAn. Komeni da hezkuntza teknologiaren koordinatzaile postuan aritzen denak irakaskuntzako konpetentzia digitalean (IKD) B2 maila izatea gutxienez, eta ikasNOVAko arduradun postuan aritzen denak B1 maila izatea gutxienez.
Bi figura horien egitekoa da hezkuntzako teknologiak txertatzea ikastetxeko eta ikasgelako prozesuetan, helburu nagusi izanik, betiere, tresna horiek ikaskuntzaren zerbitzura jartzea.
Hauek dira hezkuntza teknologiaren koordinatzaileak izanen dituen funtzio nagusiak:
–Beste irakasle batzuei laguntzea aplikazioak, ekipoak, wifia, kontuak, etab. kudeatzen, eta ikastetxean IKTen erabilera sustatzea.
–Kontrolatzea ekipo guztiak behar bezala etiketatuta eta inbentariatuta daudela GLPIan.
–Ikastetxearen zerbitzu-eskariak iragazi eta egitea.
–"Ikastetxearen panela" izeneko tresna erabiltzea.
–Chromebooken matxurak eta hausturak kudeatzea, betiere ikastetxe txikietan (< 200 chromebook).
–Ikastetxeko tutoreekin chromebooken banaketa eta bilketa antolatzea (udako berrikuspena, 1:1 eredua, berritu beharrekoak, etab.).
–Zuzendaritza-taldeari aholku ematea IKTekin lotutako gaietan.
–Ikastetxeak edo Hezkuntza Departamentuak erositako ordenagailu berrika instalatzea.
–Hezkuntza Departamentuak bidalitako kanpoko enpresekin lan egitea IKTekin lotutako egitekoetan.
–Kontsumigarriak ordeztea (tonerra, fusorea, tinta-kartutxoak eta proiektagailuen lanparak aldatzea).
–Zuzendaritza-taldearekin batera adostutako gainerako funtzioak.
Ikastetxeei gomendatzen zaie asteazkenak 9:00etatik 10:30era erreserbatzeko, arduraduna eskuragarri egon dadin, beharrezkoa denean, aurrez aurre zein telematika bidez eta ordutegi orokorraren barruan, parte hartzeko prestakuntza jardueretan, esperientzia trukaketetan eta prozesu komunen jarraipenean eta ebaluazioan. Edonola ere, prestakuntza guztiak grabatuko dira, edozein momentutan ikusi ahal izateko.
IkasNOVAko arduradunak ikaskuntza eta irakaskuntza prozesuak landuko ditu eta honako arlo hauetan teknologiaren integrazio pedagogikoa gauzatuko du:
a) Konpetentzia digitala:
–Gailu eta tresna digitalen erabilera pedagogikoari buruz aholku ematea.
–Ikasleak dituzten chromebooken erabilera sustatzea, gaitasun digitalaren garapenaren oinarri gisa.
–Ikastetxearen plan digitala prestatzeko zuzendaritza-taldearekin lanean aritzea, plana ikastetxeko hezkuntza beharretara egokitu dadin, betiere Hezkuntza Departamentuko jarraibideak eta hezkuntza teknologian egun dauden joerak barne hartuta.
–Plan digitalaren ezarpenari etengabeko jarraipena egitea, eta irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuan duen inpaktua ebaluatzea. Baliteke horren ondorioz ikasleen eta irakasleen feedbacka jaso behar izatea, baita hezkuntza datuak aztertu behar izatea ere.
–Irakasleak laguntzea eta aholku ematea konpetentzia digitaleko maila bakoitzean ematen dituzten aurrerapausoetan.
–Ikasleek konpetentzia digitalean egiten dituzten aurrerapenak eta hobekuntzak koordinatu eta ikuskatzea.
b) STREAM-AI pentsamendu konputazionalaren sarea.
–Pentsamendu konputazionala garatzea, robotika, errealitate zabalduak, adimen artifiziala eta STEAM arloak sustatzera bideratutako ekintzak lideratzea.
–Ikastetxea STREAM-AI sarean badago, lantaldeari jakitera ematea sarearen prestakuntzan landutako edukiak.
–Irakasleei aholku ematea eta lagun egitea, beharrezkoa izanez gero, ikasleekin martxan jartzen pentsamendu konputazionala ardatz duten proposamenak.
–STEAM-AI proiektuak bultzatzea eta dinamizatzea; horretarako, ikastetxeari esleitutako irakasle aholkulari-teknikariaren aholkuak eta orientazioa izanen ditu.
–STREAM-AI sarean egonez gero, sareko beste ikastetxe batzuetako arduradunekin koordinatzea eta elkarlanean aritzea.
–Curriculum proiekturako materialaren erosketak kudeatzea, ikastetxeko idazkariarekin batera.
–IkasNOVAk eskainitako baliabide teknologikoen mailegu-zerbitzua kudeatzea.
c) IkasNOVA ikasgelak.
–Konpetentzia digitala barne hartzen duten metodologia aktiboak garatzea sustatzera bideratutako ekintzak lideratzea.
–ikasNOVA ikasgelen jarraipena eta kudeaketa koordinatzea.
d) Eduki digitalak.
–Hezkuntzako eduki digitalen sorrera eta erabilera koordinatzea.
–Tresna eta eduki digitalen gidaritza koordinatzea.
–Ikastetxeak egiten dituen tresna digitalen eskaerak tramitatzea, horiek probatzeko.
–Klaustroko kideei eskuragarri dauden tresna digitalei buruzko informazioa eta aholku ematea.
–Irakasleak laguntzea eta aholku ematea konpetentzia digitaleko maila bakoitzean ematen dituzten aurrerapausoetan.
–Ikasleek konpetentzia digitalean egiten dituzten aurrerapenak eta hobekuntzak koordinatu eta ikuskatzea.
IkasNOVA ikasgela bat duten ikastetxeek, haren arduradun bat hautatu beharko dute EDUCAn. ikasNOVA ikasgelaren arduradun gisa izendatuko da postua. IkasNOVA ikasgelaren arduraduna ikasNOVAko arduraduna izaten ahalko da.
IkasNOVAko arduradunari dagokionez, ikastetxeek, ordu horiek esleitzean, proposatutako ordutegia errespetatu beharko dute (ostegun goizetan 09:00etatik 10:30era), bermatu beharra baitago, beharrezkoa denean, hizpide dugun arduradun horrek parte har dezan, aurrez aurre edo telematika bidez, bai prestakuntza jardueretan, bai esperientzia trukeetan bai eta prozesu komunen jarraipena eta ebaluazioa egiteko jardueretan ere.
IkasNOVAko arduraduna ordu batzuez izanen duten ikastetxeek justifikatu beharko dute zer arlo landuko den. IkasNOVAko irakaskuntza arloko aholkulari teknikoak harremanetan jarriko dira ikastetxearekin ikasturte hasieran informazio hori jasotzeko. Ikasturtea amaitzean, ikastetxeek eginiko ekintzen justifikazio memoria bat aurkeztu beharko dute.
Hezkuntza teknologiaren koordinatzaileak eta ikasNOVAko arduradunak izanen dituzten funtzio zehatzak argitaratuko dira ikasNOVAren webgunean (https://ikasNova.digital).
Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren (SEM) edo antzeko beste programa batzuen funtsekin finantzatutako ekipamendu digitala jasotzen duten ikastetxeetako irakasleek konpromisoa hartuko dute ekipamendu hori erabiltzeko gaitzen duen prestakuntza egiteko.
Ikastetxearen plan digitalaren barnean eta bizikidetza planarekin bat, ikastetxeek zerrenda bat eginen dute ikasleei erabiltzen utziko dieten gailu digital pertsonalekin (telefono adimendunak, tabletak, erloju adimendunak, entzungailuak, etab.). Nolanahi ere, horiek erabiltzea posible izanen da soilik ikastetxeak baimendutako eta programatutako jardueretan.
Hezkuntza digitalizazioko jarduketen koherentzia bermatzeko, bai eta beste ikastetxe batzuekin partekatzekoak izaten ahal diren jardunbide egokiak identifikatzeko ere, ikastetxeek Hezkuntza Departamentuari jakinarazi beharko diote, aurretiaz, Hezkuntza Departamentukoak ez diren beste eragile batzuek sustatutako edozein kolaborazio, jarduera, prestakuntza, esku-hartze edo digitalizazioarekin lotutako beste edozein jarduketa. Betebehar hori ikasNOVA Hezkuntza Digitalizatzeko Planean barne hartutako jarduketa-ildo eta arlo batzuei eragiten die; honako hauei, besteak beste: konpetentzia digitala, gailu eta plataforma berriak erabiltzea, adimen artifiziala, robotika, pentsamendu konputazionala, zibersegurtasuna, datuen babesa...
12.2. IKT zerbitzuen katalogoa.
Hezkuntza teknologiako koordinatzaileak edo zuzendaritza-taldeak ikastetxeko langile guztiei –irakasleei eta AZLei– ezagutaraziko diete IKT zerbitzuen katalogoa. IKT zerbitzuen katalogora sartzeko, zuzeneko sarbide bat izanen da ordenagailu guztien mahaigainean. Eskola kudeaketako EDUCA sistemaren "Aplikazioak" izeneko menutik ere sartzeko modua izanen da.
12.3. Erabiltzailearen Laguntza Zentroa (CAU).
Erabiltzailearen Laguntza Zentroak (CAU) erantzunen die ekipamendu informatikoen, sarearen eta konektagarritasunaren gorabeherei, bai eta IKT zerbitzuen katalogoan adierazitako zerbitzu-eskaerei ere.
IKT zerbitzuen katalogoko "Hardwarearekin, softwarearekin edo sarearekin loturiko gorabeherak" izeneko atalean azalduta dago CAUren funtzionamendua eta haiei nola jakinarazi arazoak. Halaber, "Zerbitzuaren eskaerak CAUri" atalean jakinarazpenak egiteko inprimakiak daude.
12.4. IKT ekipamenduaren inbentarioa.
Ikastetxeetako ekipo informatiko guztiek etiketa izanen dute eta inbentariatuta egonen dira dagokien etiketa edo identifikazio serigrafiarekin.
Eranskailu horiek desagertzen badira, ikastetxeak zenbaki berdineko beste batzuk jarri beharko ditu, edo errotuladore ezabaezin batekin idatzi beharko du ekipamendu zenbakia (zenbaki hori inbentarioaren online aplikazioan bila daiteke).
Inbentarioko online aplikazioan (GLPI), edo horretarako gaitzen den aplikazio baliokidean, ikastetxe bakoitzak bere ekipamendu informatikoen inbentarioa ikusi ahal izanen du, baita horien gorabeherak ere, berriak zein amaitutakoak, eta egokitzat jotzen duen informazioa gehitu edo jarraipena egin ahal izanen du.
IKT zerbitzuen katalogoko "Inbentarioa" atalean dago aplikaziorako sarbidea eta hori erabiltzeko eskuliburu laburra. Halaber, EDUCAn (Ikastetxea > Ekipamendua > Ikastetxearen inbentarioa), EDUCAko kudeatzaileek, hezkuntza teknologiako koordinatzaileak eta ikasNOVAko arduradunek sarbidea dute GLPIan dauden ekipoen zerrendara, eta ikasleen ekipamendu-esleipena ikusten ahal dute.
Ikastetxeko hezkuntza teknologiako koordinatzaileak aldizka berrikusi beharko du online aplikazioaren inbentarioa, eta bermatuko du ez dela falta ekipamendu bat ere eta ez dela ageri aurretiaz kendutako ekipamendurik.
12.5. IKT ekipamenduko matxurak konpontzeko kontratua.
Kontratu bat dago ikastetxeetako IKT ekipamenduko matxurak konpontzeko, eta haren bidez egunean bertan edo hurrengo egunean konpontzen dira gorabeherak, edo ordezko ekipamendu bat uzten da ikastetxean, inolako kosturik gabe.
IKT zerbitzuen katalogoko "Hardwarearekin, softwarearekin edo sarearekin loturiko gorabeherak" atalean daude jasota konpondutako arazoak eta oraindik konpondu gabe daudenak. Gainera, kontratuaren laburpen bat ere badago, ikastetxeak hori ezagutu behar baitu kontratua bete dezan exijitu ahal izateko zerbitzua eskaintzen duen enpresari.
12.6. Ekipamendua erostea. IKT zerbitzuen kontratuak, lizentzia digitalenak eta bestelako IKT hornidurenak.
Ekipamendu informatikoa eta softwarea erosteko, aintzat hartu behar da Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendari Nagusiaren urtarrilaren 28ko 8/2025 Ebazpena.
Ebazpen horretan ezarritako erosketa-prozedura azalduta dago, halaber, IKT zerbitzuen katalogoko "Ikastetxeak ekipo informatikoak eta softwarea erostea" apartatuan.
Ikastetxeak ezin izanen du onartu dohaintzan emandako bigarren eskuko ekipamendurik, arazoak sortzen baitituzte mantentze-lanetan eta segurtasunean, Hezkuntzako Sistemen, Sareen eta Euskarrien Atalak baimendutako salbuespenak izan ezik.
12.7. Softwarea.
Gogorarazten da ezen ikastetxeek obligazioa dutela ekipamenduetan erabiltzen duten eta haietan instalatuta dagoen softwarea legezkoa dela ziurtatzeko.
Ikastetxe batek software jabeduna erabiltzen badu ekipamenduren batean, dagokion lizentzia eta hori egiaztatzen duten agiriak izan beharko ditu.
Hezkuntza Departamentuak prestatutako Windowsak instalatutako aplikazio asko ditu. Ikastetxeak ekiporen batean beste aplikazioren bat instalatzea behar badu, eskaera bat egin beharko du IKT zerbitzuen katalogoaren bidez, edo hezkuntza teknologien koordinatzaileak instala dezake, ordenagailu guztien mahaigainean dagoen "Ikastetxearen panela" izeneko aplikazioaren bidez.
12.8. Chromebookak.
Baldin ikastetxeak 1:1 ereduaren alde egin badu, zeinetan ikasleek chromebooka etxera eramaten duten, talde bakoitzeko tutoreak arduratuko dira gailuak eta horien kargagailuak emateaz, baita ikasturte bukaeran horiek jasotzeaz ere.
Hezkuntza teknologiaren koordinatzailea ez da arduratuko ikastetxearen gailuak gordetzeaz eta kargatzeaz. Eskoletan chromebookak edo beste gailu batzuk erabiltzen dituen irakaslea arduratuko da horiek biltzeaz eta kargatzeaz, beharrezkoa bada.
Ikasleen chromebookak noizean behin berrikusi beharko dira (lehentasunez, tutoretza-saioetan), hautemandako akatsak konpontzeko, ikasturtea amaitu arte zain egon gabe.
Ikasleen chromebookekin lotutako trataera orokorrari buruzko jarraibideak eskuragarri daude ikasNOVAren webgunean (https://ikasNova.digital) zein IKT zerbitzuen katalogoko "chromebookak" atalean.
12.9. Hezkuntza teknologien koordinatzaileen prestakuntza.
Ikasturte hasieran, lehenengo aldiz hezkuntza teknologien koordinatzaile lanpostuan arituko diren irakasleek, prestakuntza egin beharko dute, berdin aurrez aurre edo telematika bidez izan. Prestakuntza saio horietan azalduko zaie, beste eduki batzuen artean, zein den haien egitekoa, zer tresna dauden, nola jokatu beharra dagoen eta Hezkuntza Departamentuko zer baliabide jarri diren ikastetxeen eskura.
Era berean, prestakuntza saio horietara joan daitezke, hala nahi izanez gero, lanpostu horretan ari diren pertsonetatik aurreko ikasturteetan eginkizun hori bete izan dutenak.
Prestakuntza horretarako deia eginen da Irakasleentzako Laguntza Zentroetako hezkuntza teknologiaren arloko aholkularitzen bitartez.
12.10. Ikastetxearen prozesuetan datu pertsonalak babestea eta praktika onak gauzatzea.
Hezkuntza teknologietako koordinatzaileak DBEDBLO (3/2018 Lege Organikoa) bete dadin ere sustatuko du, ikastetxeko prozesuetan datu pertsonalak babesteari dagokionez.
Hezkuntza Departamentuan web-orri bat dago datu pertsonalak babesteari buruzko informazio espezifikoarekin, eta informazio hori zuzendaritza-taldeek jakin behar dute, ikastetxeetako prozeduretan datu pertsonalak tratatzeko arduradunak baitira, eta, horrez gain, datu pertsonalak kudeatu behar dituzten ikastetxeko langileen artean ere hedatu behar da:
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/informacion-sobre-proteccion-de-datos
Web-orri horretan honako atal hauek daude:
a) Datu pertsonalak babesteari buruzko informazioa: atal honetan Hezkuntza Departamentuak tratatutako datu pertsonalak babesteari buruzko araudiak eskatzen duen informazio guztia dago jasota.
b) Tratamendu jardueren erregistroa: atal honetan tratamenduko jardueren erregistro bat zer den azaltzen da eta Hezkuntza Departamentuak sortu eta argitaratutakoarekin lotzen da.
c) Ohiko galderak. Ohiko galderak: atal honetan azaltzen dira ikastetxeetan datu pertsonalak jasotzeari eta tratatzeari buruz egin ohi diren galderak.
d) Intereseko agiriak: atal honetan datuen babesarekin lotutako ereduak eta intereseko agiriak deskargatu daitezke, bereziki hezkuntzaren alorrekoak.
Horrez gain, irakasleak prestatzeko planaren baitan, online ikastaro bat eskainiko da, "Nafarroako Administrazio Publikoetarako datuak babesteari buruzko oinarrizko ikastaroa" izenekoa, zeinetan irakasle guztiek parte hartu ahal izanen duten. Prestakuntza hori sartuko da, era berean, zuzendaritza-taldeen akreditaziorako ikastaroan.
Ikasturtean zehar, ikastetxeek segurtasun politika aktiboak ezarri beharko dituzte; horien artean, autentifikatzeko bigarren faktore bat (2FA) ezartzea zenbait funtzio eta posturako. Nahi izanez gero, noski, edozein erabiltzailek ezartzen ahalko du autentifikatzeko bigarren faktore hori EDUCAko egiaztagiriekin. Horrez gain, ekipoetan egiten diren lan guztiak (Windows ekipoak barne) autentifikatuta egin beharko dira. Izan ere, hala inguru segurua bermatuko da eguneroko datuak eta operatiboa kudeatzeko.
12.11. Ikastetxeen webguneak.
Kode irekiko edukien kudeatzaile bat jarri da ikastetxe guztien eskura, webgunean argitaratzeko. Webgune berri bat sortzea eskatzen ahal da formulario honen bitartez:
https://ikasNova.digital/group/guest/solicitud-sitio-web-de-centro-con-liferay
Webgune berriak sortzeko, txantiloi korporatibo bat erabiliko da, eta ikastetxe bakoitzak nahi bezala pertsonalizatu ahal izanen du.
Hezkuntza komunitatea EDUCAko kredentzialak erabilita sartu ahal izanen da ikastetxeen webgunera.
Bada tresna bat, zeinak errazten baitu webguneetako edukietako batzuk, lehendik daudenak, plataforma berri honetara ekartzea.
Plataformari eta txantiloiari buruzko informazio gehiago lor daiteke artikulu honetan:
https://ikasnova.digital/w/nueva-plataforma-para-los-sitios-web-de-centro
Ikastetxe batek departamentuak haren eskura jartzen dituen plataformez bestelakoetan daukanean bere webgunea, laguntza emanen zaio aurrerantzean ere, webgunearen segurtasuna eta erabilgarritasuna bermatzeko. Kasu horretan, mantentze-lan zuzentzailea eginen da, baina ez da eginen mantentze-lan ebolutiborik, eta ez da emanen arreta pertsonalizaturik.
13. Eskola informazioaren kudeaketa: EDUCA. Kontabilitate sistema: ECOEDUCA.
13.1. Eskola informazioaren kudeaketa: EDUCA.
Ikastetxeetan, eskola informazioa EDUCA aplikazioaren bidez kudeatuko da.
Hezkuntza Departamentuaren webgunean, EDUCAri eta posta elektronikoari buruzko atalaren barnean, bai eta IKT zerbitzuen katalogoan ere, zenbait jarraibide eta bideotutorial argitaratzen dira, aplikazioaren moduluetara ohitzen laguntzen dutenak. Halaber, EDUCA taldearekin harremanetan jartzeko prozedura azaltzen da, funtzionalitate berriak eskatu, gorabeherak jakinarazi edo laguntza eskatzeari begira. EDUCA aplikaziotik bertatik egin daitezke eskaerak, goiburuko gorabeheren (@) ikonoan klik eginez. Atari horretatik bilaketak egiten ahalko dira ohiko prozedurei, zalantzei eta tutorialei dagokienez.
Hezkuntza Departamentuak prestakuntza eta informazio saioak antolatuko ditu koordinatzaileei, zuzendaritza-taldeei eta administrazioko langileei EDUCA plataformaren berri emateko.
Zuzendaritza-taldeak edo hark eskuordetutako pertsonak aholkuak emanen dizkie ikastetxeko erabiltzaileei EDUCA kudeaketa sistemari buruz. Horrez gain, sistema horren aldaketen eta funtzionalitate berrien informazioa jasoko du, eta haiek ikastetxean erabil daitezen sustatu eta koordinatuko du.
Zuzendaritza-taldeak bermatu beharko du, horretarako bideak jarriz, ikasturtea hasi ondoren ikastetxean kudeaketa eta irakaskuntza lanetan hasten diren pertsonek EDUCA ezagutzen dutela eta badakitela hura erabiltzen.
Ikastetxeetan EDUCAren koordinatzaile lanetan ariko direnen erregistro bat izateko, zuzendariak EDUCAren ikastetxeko koordinatzailea izendatuko du, eta, aplikazioan, "EDUCA koordinatzailea" lanpostu osagarria esleituko dio.
Zuzendariak berrikusiko ditu EDUCAtik ikastetxeen direktorioan (Ikastetxearen menua > Ikastetxearen datuak > Ikastetxearen informazioa) argitaratzen diren datuak (hala nola helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta webgunea), eta aurkitzen dituen akatsen berri emanen dio EDUCAren laguntza zerbitzuari. Gogoan izan beste datu interesgarri batzuk gehi ditzakeela, adibidez, ikastetxearen helburuak, balioak, sariak eta abar.
Ikastetxeen ardura da eguneratuta edukitzea ikastetxeko langileen –irakaskuntza nahiz kudeaketa lanetan aritzen direnen–, ikasleen eta familien datu pertsonalak. Aplikazioak Cl@ve sistemaren bidez sartzeko aukera ematen badu ere (ziurtagiri elektronikoa, NAN elektronikoa, Cl@ve Iraunkorra), gogoan izan oso garrantzitsua dela, EDUCA egiaztagiria lortzeko, helbide elektroniko pertsonal bat erregistratzea fitxan.
Era berean, ikastetxe bakoitzaren ardura izanen da bere informazio akademikoa eskuratzeko asmoz programara jotzen dutenen sarbidea kudeatzea. Horrela, bada, ikasleek eta haien familiakoek informazio hori eskuratzeko dituzten arazoei ikastetxeak erantzunen die lehenbizi; eta arazo horiek ezin baditu modu autonomoan konpondu, EDUCA euskarriarekin harremanetan jarriko da.
Komeni da ikastetxeetako langileek jakin dezaten nola erabili EDUCAk gaiturik dituen funtzio guztiak; horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: ikasgelako koadernoa, ikasleen jarraipena, ebaluazio saioaren kudeaketa (informazio fluxua, akta), emaitzak (Kudeaketa akademikoa > Kalifikazioak > Ebaluazio txosten berriak), zaintzen kudeaketa, informazio garrantzitsua, ikasturte bukaerako txostenak, elkarrizketak, bizikidetzaren kudeaketa eta abar.
EDUCA aplikazioaren barruan, mezularitza sistema bat dago hezkuntza komunitateko kideen artean informazioa trukatzeko. Dena dela, posta elektronikoko kontuak erabili beharra dagoenean, oroitarazten da sare publikoko irakasleek eta ikasleek @educacion.navarra.es kontuak erabili behar dituztela jarduera akademikoan, tutoretza lanetan eta harreman profesionaletan.
Ikastetxe publikoek funtzio espezifikoetarako dituzten posta elektronikoko kontuak EDUCAren bitartez kudeatzen dira (Ikastetxea > ikasNOVA posta eta zerbitzuak > Kontuen kudeaketa). Kontu korporatibo horiek karguei lotutako zereginetarako dira, eta ez dira eskoletan baliatuko ikasleekin. Kontu gehiago sortu behar badira, komeni da unitate partekatuak eta Googleko taldeak erabiltzea.
EDUCA Ataria aplikazio bat da, zeina prestatu baita herritarrek beren datu akademikoak eskuratu eta kudeaketa telematikoak egin ditzaten: behin-behineko izen-ematea, esaterako, ikasleak onartzeko prozesuan. Komeni da ikastetxeek susta dezatela familiek eta ikasle adinez nagusiek aplikazioa erabiltzea; horretarako, ikastetxeak beren datu akademikoetarako sarbidea emanen die ikasturtean zehar (Ikastetxea > Sarbidea > Erabiltzaileen kudeaketa).
13.2. Kontabilitate sistema: ECOEDUCA.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ikastetxe publiko guztiek, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan jasotako irakaskuntzak ematen dituztenek, ECOEDUCA kontabilitate aplikazioa erabiliko dute aurrekontua egiteko, onesteko, aldatzeko eta betearazteko. Aurrekontuan jasoko dira ikastetxearen ohiko funtzionamendua, mantentzea eta kontserbazioa bermatzeko diru-sarrerak eta gastuak.
Ikastetxearen kudeaketa ekonomikoari eragiten dioten kontabilitate-eragiketa guztiak irailaren 6ko 153/2023 Foru Dekretuaren arabera eginen dira (foru dekretu horrek arautzen du Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen kudeaketa ekonomikoa).
14. Zerbitzu osagarriak.
Garraioko eta jantokiko zerbitzu osagarriak dituzten ikastetxeek zerbitzu horiei buruzko informazioa etengabe eguneratuko dute EDUCA aplikazioaren bidez eta horretarako gaitutako sistema informatikoen bidez.
–Eskualdeko eskola jantokia: EDUCAren bidez konfiguratuko da jantokiaren modulua eta jantokira doazen ikasleen datuak etengabe eguneratuko dira, ikasleek dirulaguntza jasotzen duten zein ez.
–Eskola jantoki arrunta: EDUCAren bidez konfiguratuko da jantokiaren modulua eta jantokira doazen eta dirulaguntza jasotzen duten ikasleen datuak etengabe eguneratuko dira.
–Eskola garraioa: EDUCAren bidez konfiguratuko da eskola garraioa erabiltzen duten edo/eta garraiorako banako laguntzak jasotzen dituzten ikasleen garraioaren modulua.
15. Nahitaezko prestakuntza.
Etengabeko prestakuntza irakasleen eskubide eta betebehar bat da, baita Hezkuntza Departamentuaren eta ikastetxeen ardura bat ere; izan ere, azken helburua da Nafarroako hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzea irakasleen lanbidea garatuz.
Hala, ikastetxeetako zuzendaritza-taldeak ikastetxeko prestakuntza instituzionaleko plan bat prestatuko du. Horretarako, Hezkuntza Departamentuak proposatutako proiektu estrategiko, plan eta lehentasunezko ildoen ondorioz sortutako prestakuntzarako beharrak aintzat hartuko ditu, baita ikastetxeko klaustroetan eta irakasle-taldeetan eginiko lanaren ondorioz sortutako prestakuntzarako beharrak eta Irakasleendako Laguntza Zentroek eginiko hautemate prozesuetan jasotako prestakuntzarako beharrak ere.
Prestakuntza ekintzak klaustro osoari edo irakasle-talde jakin bati zuzentzen ahalko zaizkio. Hezkuntza Departamentuaren edo ikastetxeen proiektu estrategikoak, programak, planak eta lehentasunezko ildoak gauzatzeko prestakuntza ekintzen proposamenak lehentasunezkoak izanen dira eta irakasleek nahitaez egin beharko dituzte.
Nahitaezko prestakuntza instituzionala ikasturte bakoitzean 25 ordukoa izanen da, baina ordu gehiagokoa izaten ahalko da ikastetxeak edo Hezkuntza Departamentuak ezarritako beharrak asetzeko beharrezkoa bada. Kasu horretan, nahitaezko prestakuntza instituzional horretako 25 orduez gaindiko ekintzak borondatezkoak izanen dira.
Ikastetxe bakoitzak Irakasleendako Laguntza Zentro (ILZ) bat du esleituta eta erreferentziazko aholkulari bat du, ikastetxeko prestakuntza instituzionaleko plana egiten laguntzeko. Ikastetxeek prestakuntzaren arduradun bat izendatuko dute, Irakasleendako Laguntza Zentroko (ILZ) aholkulariarekin harremanetan egon dadin. Ez bada inor izendatzen, ikasketaburuak bere gain hartuko du zeregin hori.
Ikasturte beraren barnean, ikastetxez aldatzen diren irakasleek ikastetxe berriko zuzendariari aurkeztu beharko diote eginiko prestakuntza instituzionalari dagokion ziurtagiria. Prestakuntza instituzionaleko ekintzaren bat hasi eta amaitu gabe izanez gero, ez da dagokion ziurtagiria jasoko. Hala, irakasleak, egin dituen prestakuntza-orduen kopurua egiaztatu ondoren (jatorrizko ikastetxeko zuzendariak emandako ziurtagiri baten bidez), prestakuntza-orduak osatzen ahalko ditu jatorrizko ikastetxean hasitako prestakuntzarekin jarraituz edo, bestela, destinoko ikastetxeko prestakuntza ekintzak eginez.
Kontratu partziala duten irakasleek egin beharreko nahitaezko prestakuntza instituzionaleko orduak ezartzeko, nahitaezko prestakuntza instituzionaleko 25 orduei kontratuaren ehunekoa aplikatuko zaie.
Ez dute nahitaezko prestakuntza egin beharko lanaldiaren hereneko edo gutxiagoko kontratua duten irakasleek. Halere, prestakuntza hori borondatez egiteko aukera izanen dute. Interesdunak ez badu prestakuntza egiten, indarrean dagoen araudian jasotako zereginak egiteko erabiliko ditu bere kontratuari dagozkion ordu osagarriak.
Nahitaezko prestakuntza instituzionaleko orduen zenbaketa malgutzeko, ikasturte bakoitzean gutxienez 20 ordu egin beharko dira, eta, beraz, elkarren segidako bi ikasturteko aldian egiten ahalko dira gainerako orduak. Edonola ere, bi urte horietan nahitaezko prestakuntza instituzionalari dagozkion 50 orduak bete beharko dira. Nolanahi ere, Hezkuntza Departamentuaren edo ikastetxeen proiektu estrategikoei, programei, planei eta lehentasunezko ildoei buruzko prestakuntza bete beharko da.
Derrigorrezko prestakuntzarako 10 orduko murriztapena ikasturtean zehar dituzten beharrizan profesionalen arabera erabiliko du irakasle bakoitzak.
Irakasleek ikastetxeko zuzendaritzaren aurrean akreditatu beharko dituzte eginiko prestakuntza ekintzak, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratu beharko ditu.
25 orduko prestakuntza instituzionalaz gain, irakasleek prestakuntzarako eskubideaz baliatzen segitzen ahalko dute, nahi izanez gero.
16. Unibertsitateko ikasleen praktikak ikastetxeetan.
Hezkuntza Departamentuak zenbait hitzarmen sinatu ditu hainbat unibertsitaterekin curriculumeko unibertsitateko praktikak egin ahal izateko Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxeetan.
Unibertsitateko ikasle batek curriculumeko praktikak egin ahal izateko, indarrean egon behar da Hezkuntza Departamentuaren eta dagokion unibertsitatearen arteko lankidetza hitzarmena.
Ikasturte bakoitzean ikasle horien tutoretza lana egiten duten irakasleek aintzatespen bikoitza izanen dute Hezkuntza Departamentuaren aldetik:
–Tutoretza: ikasturteko tutoretza lana ziurtagiri bidez jasoko da. Lekualdatze-lehiaketetan merezimendutzat jotzen da.
–Prestakuntza: praktiken tutoretza lana norberaren prestakuntza-ordu gisa kontabilizatuko da. Orduak kalkulatzeko, tutoretzapeko praktiken ikasketa planean aipatzen diren ECTS kredituen kopurua hartuko da aintzat.
Praktiken tutoretzagatiko eta prestakuntzagatiko ziurtagiriak lortu ahal izateko, beharrezkoa da prestakuntza zentro gisa aitortutako ikastetxeko zuzendariak tutore lanetan aritu diren irakasleen datuak jakinaraztea Hezkuntza Departamentuari, Hezkuntzaren atarian dagoen inprimakia betez (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/estudios-universitarios), ekainaren 1a baino lehen.
Adingabea Babesteko Legearen arabera, curriculumeko praktikak egiten dituzten ikasleek sexu-izaerako delituen ziurtagiri negatiboa izan beharko dute. Baldintza hori betetzea Hezkuntza Departamentuak unibertsitate bakoitzarekin sinatzen duen hitzarmenean jasota dago, eta ikastetxeak agiri hori eskatzen ahalko dio ikasleari praktikak hasi baino lehen.
17. Kalitatea kudeatzeko sistema.
Kalitatea kudeatzeko sistemak (KKS) ezarri eta mantentzeko programa, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak gidatzen duena, Nafarroako unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoei dago zuzendua.
Programaren jarduketetan parte-hartzea sustatzearren, kalitate arduradunak, ikastetxearen aukerak aintzat hartuta, astearte goizetako eskola-ordutegia erabiltzen ahalko du jarduketa horietarako.
17.1. Ikastetxeen konpromisoak eta erantzukizunak.
Programan parte hartzen duten ikastetxeek klaustroko kide bat izendatuko dute kalitate arduradun. Kalitate arduraduna EDUCAn erregistratuko da.
Programan kalitate sareko mintegiaren bidez parte hartzen duten ikastetxeen kasuan, zuzendariak eta kalitatearen arduradunak gutxienez 6 prestakuntza-saio laburretara eta koordinazio presentzialerako 2 bileretara joan beharko dute.
Programan modu autonomoan parte hartzen duten ikastetxeen kasuan, zuzendariak eta kalitatearen arduradunak gutxienez 5 prestakuntza-saio laburretara joan beharko dute.
Zuzendaritza-taldean kide berriak badaude edo kalitate arduradun berri bat badago, pertsona horiek prestakuntza egin beharko dute ikastetxeko autodiagnostikoari, prozesuei/sistemei eta dokumentuen kudeaketari buruz, ikasturteko lehen hiruhilekoan.
17.2. Aholkularitza eta baliabideak.
Programaren informazio eta baliabide eguneratuak Kadineten web-orrian argitaratuko dira.
IKKS-2020 Arauaren atal bakoitzari lotutako dokumentuak, tresnak eta bideotutorialak "Baliabideak" site-an argitaratuko dira.
Baliabide horiek eskura izanen dituzte programan parte hartzen duten ikastetxeetako langileek.
17.3. Eskaerak.
Ikastetxeek, Programan sartu, geratu edo hori utzi nahi badute, eta, hala badagokio, KKSaren kanpo ebaluazioa jaso nahi badute, 71/2020 Foru Aginduan onetsitako dagozkion eranskinak erabili beharko dituzte.
Eskaerak Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuari bidaliko zaizkio, sofceduca@navarra.es helbide elektronikora, 2026ko martxoaren 31 baino lehen.
18. Eskolak sarean.
Hezkuntza Departamentuak lankidetza hitzarmenak ditu Nafarroako Gobernuko hainbat departamenturekin. Hitzarmen horietan ezarritako gomendioei jarraikiz, honako sare hauek sortu dira:
–Osasuna Sustatzen duten Eskolen Sarea.
–Eskola Jasangarrien Sarea.
–Eskola Solidarioen Sarea.
–Eskolak eta Memoria, Bakearen eta Bizikidetzaren Aldeko Sarea.
Ikastetxe guztiek jasangarritasun koordinatzaile bat izan beharko dute, zeina ikastetxeko irakasle-taldeko kideetako bat izanen baita. Zuzendariak edo ikastetxeko titularrak ikuskatuko du koordinatzailearen lana.
19. Laneko arriskuen prebentzioa.
Arriskuen ebaluazioren bat egin bada, ikasturte bukaerako memorian azaldu beharko dira Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalak proposaturik hartu diren prebentzio neurriak, eta, horrekin batera, bete ez diren eta aurreikusitako gauzatze-epea iraungita duten neurriak arrazoituko dira.
Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako irakaskuntzako eta irakaskuntzaz kanpoko langileren bati eraso egiten diotenean, ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoen aurkako protokoloa jakinarazi eta ofizioz aktibatuko dute.
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/riesgos-laborales/protocolos-de-actuacion
Ikastetxeetako zuzendaritzek klaustroetan jakinaraziko dute, nahitaez, badagoela kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokoloa. Halaber, horren berri emanen zaie irakaskuntzaz kanpoko langileei ikasturtean hasierako berariazko bilera batean.
Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztien webguneetan kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo hori bistaratuko da erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean. Era berean, ikastetxeen barne-agirietan agertuko da: Internet, Drive eta abar.
Hezkuntza Departamentuko prebentzioko ordezkarien eginkizunei eta harremanetarako datuei buruzko informazioa Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztien webguneetan argitaratuko da, erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean.
Ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo horren berri eman beharko dute familiekin egindako bileretan.
20. Irakasle erretiratuak borondatez aritzea unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan.
Ikastetxeen autonomia baliatuta, irakasle erretiratuak borondatez aritzen ahalko dira bertan, bat eginez Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 12ko 113/2024 Foru Aginduan ezarritako erabilera-arauekin (113/2024 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitateko irakasle erretiratuen borondatezko lankidetza arautzen duena unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen jardueretan eta Esperientziaren Sarean).
21. Matrikulen bateragarritasuna.
21.1. DBHrekin bateragarri egitea.
Gerta daiteke DBHko graduatu titulua ez duten eta erdi mailako heziketa ziklo batean matrikulaturik dauden ikasleek aldi berean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak egin nahi izatea. Hori egitea posible izanen dute baldin eta, sartzeko baldintza guztiak betetzeaz gain, "Félix Urabayen" Nafarroako Helduendako Bigarren Hezkuntzako Institutuan matrikulatzen badira, urrutiko araubidean.
21.2. Batxilergoarekin bateragarri egitea.
Teknikari edo goi mailako teknikari irakaskuntzak egiten ari diren ikasleek, baldin eta 2025-2026 ikasturtea hastean ez badute Batxilergoko titulua nahiz eta ikasketa horiek eginak izan, Batxilergoa egiten ahalko dute helduendako irakaskuntza eskaintzen duten zentroetan, betiere adinari dagozkion baldintzak betetzen badituzte. Arteen modalitateko ikasleek hura amaitzen ahal dute 24. puntuan aipatzen diren proba libreen bidez (Araubide arrunteko egonaldia agortu duten ikasleek edo adin nagusiko ikasleek Batxilergoko titulua lortzea).
22. DBHko eta Batxilergoko ikasgai batzuk Musikako lanbide irakaskuntzetako irakasgai jakin batzuekin baliozkotzea.
Musikako lanbide irakaskuntzak baliozkotzean, otsailaren 27ko 242/2009 Errege Dekretuan xedatutakoa beteko da (urtarrilaren 17ko 14/2023 Errege Dekretuak aldatu zuen). Baliozkotze-prozeduran ekainaren 1eko 123/2009 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio, eta honako atal hauei egokituko zaie:
22.1. DBHko baliozkotzeak.
BALIOZKOTZEN DEN DERRIGORREZKO BIGARREN | MUSIKAKO LANBIDE IKASKETETAKO ZEIN |
1. mailako eta 3.eko Musika (biak baliozkotzen dira). | Musika-tresna nagusiaren edo ahotsaren irakasgaiaren lehen maila. |
4. mailako Musika. | Musika-tresna nagusiaren edo ahotsaren irakasgaiaren bigarren maila. |
Lehen mailako aukerako irakasgaiak: Atzerriko Bigarren Hizkuntza, Kultura Klasikoa edo ikastetxeak diseinatutako irakasgaia. | Beste baliozkotze batean erabili ez den edozein irakasgai. |
Bigarren mailako aukerako irakasgaiak: Atzerriko Bigarren Hizkuntza, Kultura Klasikoa edo ikastetxeak diseinatutako irakasgaia. | Beste baliozkotze batean erabili ez den edozein irakasgai. |
Hirugarren mailako aukerako irakasgaiak: Atzerriko Bigarren Hizkuntza, Kultura Klasikoa, Konpetentzia Digitala edo ikastetxeak diseinatutako irakasgaia. | Beste baliozkotze batean erabili ez den edozein irakasgai. |
Laugarren mailako aukerako irakasgaiak: Atzerriko Bigarren Hizkuntza, Filosofia edo ikastetxeak diseinatutako irakasgaia. | Beste baliozkotze batean erabili ez den edozein irakasgai. |
22.2. Baliozkotzeak Batxilergoan.
Batxilergoko 1. maila. | |
BALIOZKOTZEN DEN BATXILERGOKO IRAKASGAIA | MUSIKAKO LANBIDE IKASKETETAKO ZEIN IRAKASGAIREKIN |
Musika Analisia I. | Harmoniako lehenengo maila. |
Arte eszenikoak I. | Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila. |
Ikus-entzunezko Kultura. | Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila. |
Musika Hizkuntza eta Praktika. | Musika Hizkuntzako bigarren maila. |
Korua eta Ahots Teknika I. | Lehengo mailako Korua edo antzeko edukia duen irakasgaia. |
Literatura Unibertsala. | Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila. |
1. blokeko aukerako irakasgaia (*) (2 ordu). | Ez DBHn ez Batxilergoan beste baliozkotze baterako erabili gabeko edozein irakasgai. |
2. blokeko aukerako irakasgaia (*) (4 ordu). | Ez DBHn ez Batxilergoan beste baliozkotze baterako erabili gabeko edozein irakasgai. |
(*) Ikasleek aukerako irakasgai bakar bat baliozkotzen ahalko dute, 1. blokekoa edo 2. blokekoa. A ereduko ikasleek, G/A ikastetxe batean, 1. blokekoa baino ezin izanen dute baliozkotu. | |
Batxilergoko 2. maila. | |
BALIOZKOTZEN DEN BATXILERGOKO IRAKASGAIA | MUSIKAKO LANBIDE IKASKETETAKO ZEIN IRAKASGAIREKIN |
Musika Analisia II. | Harmoniako bigarren maila. |
Arte Eszenikoak II. | Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila. |
Korua eta Ahots Teknika II. | Bigarren mailako Korua edo antzeko edukia duen irakasgaia. |
Artearen Historia. | Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila. |
Musikaren eta Dantzaren Historia. | Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila. |
Literatura Dramatikoa. | Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila. |
Aukerako irakasgaiak (*). | Ez DBHn ez Batxilergoan beste baliozkotze baterako erabili gabeko edozein irakasgai. |
(*) Aukerako irakasgai gisa ikasitako edozein irakasgai baliozkotzen ahalko da, Euskal Hizkuntza eta Literatura II irakasgaia izan ezik, irakasgai komuna baita. | |
Baliozkotzen diren irakasgaiak ez dira kontuan hartuko batez besteko notaren kalkuluan.
2025eko azaroaren 15a izanen da baliozkotze horien eskariak aurkezteko azkeneko eguna.
23. Ikastetxeek diseinatutako irakasgaiak.
DBHren kasuan, ikastetxeek diseinatutako ikasgaiak eratu ahal izanen dira baita lan monografiko, diziplinarteko proiektu edo komunitatearendako zerbitzu batekiko lankidetza-proiektu gisa ere. Ikastetxeek, beraiek diseinatutako ikasgaien programazio didaktikoetan, curriculumeko terminologia berria baliatuko dute: helburuak, funtsezko konpetentziak, konpetentzia espezifikoak, oinarrizko jakintza moduan adierazitako edukiak, metodo pedagogikoak, ebaluazio irizpideak eta ikaskuntza egoerak. Terminologia hori ekainaren 29ko 71/2022 Foru Dekretuan ezarri da, zeinaren bidez ezartzen baitira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etaparen irakaskuntzak Nafarroako Foru Komunitatean.
Batxilergoaren kasuan, ikastetxeek, beraiek diseinatutako ikasgaien programazio didaktikoetan, curriculumeko terminologia berria baliatuko dute: helburuak, funtsezko konpetentziak, konpetentzia espezifikoak, oinarrizko jakintza moduan adierazitako edukiak, metodo pedagogikoak, ebaluazio irizpideak eta ikaskuntza egoerak. Terminologia hori ekainaren 29ko 72/2022 Foru Dekretuan ezarri da, zeinaren bidez ezartzen baitira Batxilergoko etaparen irakaskuntzak Nafarroako Foru Komunitatean.
Ikastetxeek, beren autonomia baliatuta, beraiek diseinaturiko ikasgaiak eskaini ahal izanen dituzte, inolako mugarik gabe, eskaini daitezkeen ikasgaien kopuruari dagokionez. Eskaintza hori ikastetxearen ezaugarrien eta ikasleen behar eta itxaropen orokorren araberakoa izanen da.
Ikasgai horiei EDUCAn alta eman ahal izateko, nahikoa izanen da ikastetxeek 2026-2027 ikasturterako planifikatutako ikasgaien eskaintzaren berri ematea Ikasketak Antolatzeko Atalari. Informazio hori posta elektronikoz igorriko da, ordenacion.academica@navarra.es helbidera, 2026ko apirilaren 1ean beranduenez. Ikasgai bakoitzeko honako hauek zehaztu beharko dira:
–Zer etapa eta ikasmailatan eginen den.
–Irakasgaiaren izena (EZIN dira izen bereko bi ikasgai izan etapa bateko ikasketa planean(txorizoa hain luzea ez izateko).
–Zer hizkuntza-eredutan emanen den.
–Aukerako irakasgairen zer bloketan emanen den (Batxilergoko 1. ikasmailarako besterik ez).
–Zer departamentu arduratuko den koordinazio didaktikoaz edo, halakorik izan ezean, zer espezialitatetakoak diren hura emateaz arduratuko diren irakasleak.
Ikastetxeak onartuta daukan eskaintzan aldaketaren bat egiten bada, nahitaezkoa izanen da Ikasketak Antolatzeko Atalari horren berri ematea. Horren gaineko berririk jasotzen ez bada, ulertuko da ez dela aldaketarik izan ikasgai horien eskaintzan, eta 2026-2027 ikasturtean aplikatuko da.
24. Araubide arrunteko egonaldia agortu duten ikasleek edo adin nagusiko ikasleek Batxilergoko titulua lortzea.
Ikasleek agortzen dutenean araubide arrunteko egonaldia Batxilergoko titulua lortu gabe, edo agortu gabe ere adin nagusikoak direnek ikasten jarraitu ahal izanen dute helduendako Batxilergoko ikasketak eskaintzen dituzten ikastetxeetan.
Baldin ikasle batek ezin baditu ikastetxe horietan Batxilergoko ikasketak amaitu ez delako eskaintzen araubide arrunteko bere egonaldiari lotutako modalitatearen nahitaezko irakasgairik, Felix Urabayen NHBHIn matrikulatzeko aukera izanen du ikastetxe horretan eskaintzen diren eta gainditu gabe dituen irakasgaiak gainditzeko. Gainera, bere espedientea dagoen ikastetxean proba libreak egiteko aukera izanen du, Felix Urabayen NHBHI ikastetxean eskaintzen ez diren irakasgaiak gainditzeko. Era berean, helduen etengabeko hezkuntzan eskumena duen zerbitzuak, interesdunak aurretiaz eskatuta eta eskaera baloratu eta aztertu ondoren, baimentzen ahalko du ikasle hori matrikulatzea Felix Urabayen NHBHI ez den eta helduendako Batxilergoko irakaskuntzak eskaintzen dituen ikastetxe batean.
Beste aukera bat proba libreak egitea litzateke, bere espedientea dagoen ikastetxean gainditu gabe dituen irakasgai guztien probak eginez. Proba libre horietan deialdi arrunta eta aparteko deialdia izanen dira, eta eguneko araubide ofizialaren deialdiekin batera izan daitezke.
Proba libreak egiteko, haren espedientea dagoen ikastetxean egin beharko du matrikula. Matrikula apirilaren 1etik 15era bitartean egin beharko da, eta inolaz ere ez du eskubidea emanen ikasturtean laguntza akademikoa jasotzeko.
25. Batxilergoko batez besteko nota.
25.1. Modalitatea, edo, arteen kasuan, bidea, aldatu ez duten ikasleak.
a) Tituluaren batez besteko nota:
Batxilergoko tituluaren batez besteko nota zehazteko, etapa horretan eginiko eta gainditutako irakasgai guztien kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa kalkulatuko da, Erlijio irakasgaia ere barne hartuz, berau egin bada, eta hurbilen dagoen ehunenera biribilduko da; distantziak berdinak izanez gero, gora. EDUCA aplikazioak batez besteko nota hori automatikoki kalkulatuko du.
Salbuespenez, amaierako ebaluazio saio berezian, proposatzen ahalko da ikasleak titulua jasotzea, irakasgai guztiak bat izan ezik gainditurik baditu, men eginik 45/2023 Foru Aginduaren 15.2 artikuluan ezarritako baldintzei. Kasu horretan, batez besteko nota lortzeko, aintzat hartu beharko da, halaber, gainditu gabeko irakasgaian lortutako zenbakizko nota. EDUCA aplikazioak batez besteko nota hori automatikoki kalkulatuko du.
b) Espedienteen konkurrentziarako batez besteko nota:
Berdintasunaren printzipioa eta konkurrentzia librea bermatu beharrez, Erlijio irakasgaiaren ebaluazioan lortutako kalifikazioa ez da kontuan hartuko beste ikasketa batzuetan sartzeko, ez eta bekak eta ikasteko laguntzak lortzeko deialdietan ere, horietan ikasketa espedienteen arteko konkurrentzia egin behar denean. EDUCA aplikazioak batez besteko nota hori automatikoki kalkulatuko du.
25.2. Modalitatea, edo, arteen kasuan, bidea, aldatu duten ikasleak.
a) Tituluaren batez besteko nota:
Batxilergoko tituluaren batez besteko nota zehazteko, Batxilergoko ikasketak amaitutako modalitateko irakasgai guztien kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa kalkulatuko da, edo, hala badagokio, bideko irakasgaiena, Erlijio irakasgaia ere barne hartuz, berau egin bada, eta hurbilen dagoen ehunenera biribilduko da; distantziak berdinak izanez gero, gora.
Eragiketa horretatik bazter geratuko dira utzitako modalitatean, edo arteen kasuan, bidean, gainditutako irakasgaiak, ez badira erabili hautazko gisa. Horretarako, eta batez besteko nota kalkulatzeko, baztertutako irakasgaiak EDUCAn markatu beharko dira, "baliogabe" gisa, eta batez besteko nota eskuz kalkulatu beharko da.
b) Espedienteen konkurrentziarako batez besteko nota:
Berdintasunaren printzipioa eta konkurrentzia librea bermatu beharrez, Erlijio irakasgaiaren ebaluazioan lortutako kalifikazioa ez da kontuan hartuko beste ikasketa batzuetan sartzeko, ez eta bekak eta ikasteko laguntzak lortzeko deialdietan ere, horietan ikasketa espedienteen arteko konkurrentzia egin behar denean.
25.3. Beste irakaskuntza batzuetan Batxilergoko titulua lortu duten ikasleak (irakasgai komunak soilik egiten dituzten ikasleak).
Bat etorriz 45/2023 Foru Aginduaren 18. artikuluan ezarritakoarekin, eta Batxilergoko titulua beste irakaskuntza batzuetan lortuko duten ikasleei dagokienez, aintzat hartu beharko da Batxilergoko tituluan agertuko den nota ponderazio honen arabera kalkulatuko dela:
–Batxilergoan ikasitako ikasgai komunetan lortutako kalifikazioen batezbestekoaren %60.
–Titulua lortzeko erabiltzen diren irakaskuntzetan lortutako batez besteko notaren %40, irakaskuntza horiek antolatzeko errege dekretuetan ezarritakoaren arabera kalkulatuta.
Ikastetxeak eskuz kalkulatuko du batez besteko nota.
25.4. Salbuespenak eta baliozkotzeak.
Irakasgaien salbuespena (SA) eta/edo baliozkotzea (BL) eginez gero, ez dira aintzat hartuko tituluaren batez besteko nota kalkulatzeko, ezta espediente akademikoen konkurrentziarako deialdietan ere.
26. Ohorezko matrikula.
Ohorezko matrikula emateko prozedura 45/2023 Foru Aginduaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera eginen da.
Hizkuntza eredu bakoitzeko (D, G/A) modalitate bakoitzean ematen ahal den matrikula kopurua kalkulatzeko, kontuan hartu beharko da matrikula bat emanen dela 25 ikasleko, edo Batxilergoko 2. mailan dagokion modalitatean eta hizkuntza ereduaren arabera matrikulatutako ikasleen zatiki bakoitzeko.
Orobat, aintzat hartu beharko da ezen, ohorezko matrikula (OM) jasotzeko proposatuko den Batxilergoko 2. mailako ikasle kopurua zehazteko, ez dela aintzat hartuko Erlijioa irakasgaiaren ebaluazioan lortutako kalifikazioa, bat etorriz aipatu foru aginduaren bigarren xedapen gehigarriko 2. apartatuan xedatutakoarekin.
27. USEa prestatzea.
Helduendako ikastetxe batean matrikulatzen ahalko dira, USEa prestatzeko, 2025-2026 ikasturtea hastean honako tituluren bat duten ikasleak: Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako Goi Mailako Teknikari titulu ofiziala, Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako Teknikari titulu ofiziala, Goi Mailako Kirol Teknikari titulu ofiziala edo ondorio akademikoetarako baliokidetzat deklaratutako beste edozein.
Ikastaro horretan matrikulatzen diren ikasleek eskubidea izanen dute ikaskuntzaren bilakaera egiaztatzeko ebaluazio prozesuan parte hartzeko. Edonola ere, ebaluazio prozesu horretan lortutako kalifikazioek ez dute eskubidea emanen dagokion titulua lortzeko eginiko ikasketen espedientea aldatzeko.
Hezkuntza Departamentuak egutegi bat ezartzen du urtero, USEa prestatzeko ikastarorako, Batxilergoko irakaskuntzen ordutegi orokorra eta eskola-egutegia prestatzeko ematen duen ebazpenean. Egutegi horri segitu beharko diote hizpide ditugun irakaskuntzek.
28. 25 urtetik gorakoak unibertsitatera sartzeko proba prestatzea.
Iruñeko Félix Urabayen NHBHIk 25 urtetik gorakoak unibertsitatera sartzeko proba prestatzeko ikastaroa eskainiko du urrutiko irakaskuntzaren araubidean.
Ikastaro horretan matrikulatu ahal izanen dira 2025ean 25 urte dauzkaten edo beteko dituzten eta unibertsitate ikasketak egitea ahalbidetzen duen titulurik ez duten pertsonak.
Ikastaro horretan prestatu daitezke bai fase orokorreko ariketak bai eta borondatezko fasearen aukeretako ariketak ere.
Hezkuntza Departamentuak egutegi bat ezartzen du urtero, prestakuntza ikastarorako, Batxilergoko irakaskuntzen ordutegi orokorra eta eskola-egutegia prestatzeko ematen duen ebazpenean. Egutegi horri segitu beharko diote hizpide ditugun irakaskuntzek.
29. Erdi mailako heziketa zikloetan eta goi mailako heziketa zikloetan sartzeko ikastaroak.
Iruñeko Félix Urabayen NHBHIak erdi mailako zein goi mailako heziketa zikloetan sartzeko ikastaro bana eskainiko du, aurrez aurre edo urrunetik egiten ahalko direnak, Gizarte Zientziak, Zientzia eta Ingeniaritza eta Osasun Zientziak modalitateetan.
Tuterako Benjamin BHIk erdi mailan sartzeko ikastaro bat eskainiko du irakaskuntza presentzialaren araubidean.
30. Irakasle ez diren langileei oporrak ordaintzea.
Irakasle ez diren langileek sortutako oporrak gozatzeko eskubidea dute, baita urtean zehar edo kontratu-aldian zehar eskatzeko betebeharra ere. Halaber, ikastetxeak oporrak gozatzea ahalbidetu behar die, ikastetxeak ixten duen aldietan edo eskolaldian, bost egun gehienez. Hori guztia, bat eginez otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren 6. artikuluarekin (11/2009 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena).
Hartu gabeko oporrak ordainduko dira soilik, baldin eta kontratatutako irakasle ez den langileak ez badu egunen bat gozatu ahal izan kontratua amaitzean, eta horretarako justifikatutako arrazoiren bat egon bada. Ordainketa bideratzeko, ikastetxeko zuzendariak Nominen Atalera mezu bat bidali beharko du, nominaseducacion@navarra.es helbidera, hain zuzen ere. Bertan, txosten bat erantsi beharko du, non adieraziko baitu langileak dagokion epean gozatutako opor egunak, eta ikastetxeak zergatik ez dion ahalbidetu sortutako gainerako egunak gozatzen.
31. Irakasle ez diren langileen gaueko osagarria.
Irakasle ez diren langileek, gaueko osagarria badute ikasturtean zehar, irailetik ekainera bitarte bakarrik jasoko du; ondorioz, lanaldi orokorraren barnean antolatu beharko du udako hilabeteetan lanaldia.
III.–ARAUDIA
1.–Orokorra.
1/2004 Lege Organikoa, genero indarkeriaren aurka babes integrala emateko neurriei buruzkoa.
3/2007 Lege Organikoa, Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzkoa.
14/2015 Foru Legea, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa.
8/2017 Foru Legea, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzkoa.
17/2019 Foru Legea, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
47/2010 Foru Dekretua, Bizikidetza eta Ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzkoa.
66/2010 Foru Dekretua, Ikasketa eta lanbide orientazioari buruzkoa.
72/2021 Foru Dekretua, Hezkidetzari buruzkoa.
1/2023 Foru Dekretua, Curriculumari buruzkoa.
43/2023 Foru Dekretua, Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programari buruzkoa.
58/2024 Foru Dekretua, Eskola jantokiei buruzkoa.
139/2009 Foru Agindua, Programa eleaniztunetan ingelesez irakasteko behar diren hizkuntza betebeharrei buruzkoa.
204/2010 Foru Agindua, Bizikidetzari buruzkoa.
49/2013 Foru Agindua, Erreklamazioei buruzkoa.
112/2013 Foru Agindua, Banatze, dibortzio edo desadostasun egoeran dauden gurasoei buruzko jarraibideei buruzkoa.
71/2020 Foru Agindua, Kalitatearen kudeaketari buruzkoa.
35/2022 Foru Agindua, Eskola garraioari buruzkoa.
69/2023 Foru Agindua, Hezkuntza inklusioari buruzkoa.
113/2024 Foru Agindua, Irakasle erretiratuen borondatezko lankidetzari eta Esperientziaren Sareari buruzkoa.
2.–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.
71/2022 Foru Dekretua, DBHko curriculumari buruzkoa.
64/2022 Foru Agindua, DBH ezartzeari eta ordutegiari buruzkoa.
79/2022 Foru Agindua, DBHko eta Batxilergoko hautazko irakasgaiei buruzkoa.
53/2023 Foru Agindua, DBHren ebaluazioari, mailaz igotzeari eta titulazioari buruzkoa.
Hona hemen etapa honetako araudia eta baliabideak dituen webgunerako helbidea:
https://sites.google.com/educacion.navarra.es/curriculos-de-navarra-eu/hasiera
3.–Batxilergoa.
72/2022 Foru Dekretua, Batxilergoko curriculumari buruzkoa.
67/2022 Foru Agindua, Batxilergoa ezartzeari eta ordutegiari buruzkoa.
79/2022 Foru Agindua, DBHko eta Batxilergoko hautazko irakasgaiei buruzkoa.
15/2023 Foru Agindua, Helduendako Batxilergoa ordenatzeari, antolatzeari, ezartzeari eta ordutegiari buruzkoa.
45/2023 Foru Agindua, Batxilergoan diharduten ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei tituluak emateari buruzkoa.
Hona hemen etapa honetako araudia eta baliabideak dituen webgunerako helbidea:
https://sites.google.com/educacion.navarra.es/curriculos-de-navarra-eu/hasiera
III. ERANSKINA.–HEZKUNTZA BEREZIKO IKASTETXEEN ANTOLAMENDUA ETA FUNTZIONAMENDUA 2025-2026 IKASTURTEAN ARAUTUKO DITUZTEN JARRAIBIDEAK
Hezkuntza bereziko ikastetxeen errealitatea ikasle eskolatuen beharrek markatzen dute, eta behar horiek zehazten dute zer elementu behar diren kalitate goreneko hezkuntza-erantzuna diseinatzeko: irakaskuntzen antolamendua, curriculuma, profesionalen profilak, ratioak, antolaketa pedagogikoa, hezkuntza-kudeaketa, etab.
Honako hauek dira jarraibide hauek egiterakoan erreferente gisa balio duten printzipioak:
–Estatuko eta autonomia erkidegoko lege-esparrua errespetatzea.
–Ikastetxeak antolatzea egungo errealitatera egokituta eta ikasleen premiekin bat etorriz.
–Espezializazio-maila handiko hezkuntza-proiektuak eta ikastetxe-planak diseinatzea.
–Eraginkortasuna kudeaketan eta erabakiak hartzean.
–Hezkuntza-komunitateko pertsona guztiek eskubide osoko kide gisa parte hartzea, taldean lan egitea eta bizikidetza-giro ona izatea.
Jarraibide hauek erreferenteak dira hezkuntza bereziko ikastetxeen autonomiaren garapen koherentea lortzeko, lege orokorrak ikastetxe guztiendako ezartzen duenetik abiatuta.
Autonomia horren arabera, hezkuntza bereziko ikastetxeek koordinazio-organoen osaera eta funtzionamendua egokitzen ahalko dituzte. Horretarako, proposamen arrazoitua eginen diote hezkuntza-administrazioari, ikastetxearen hezkuntza-proiektuaren esparruan.
1. Hezkuntza bereziko ikastetxeetako lana zuzendu behar duten printzipioak.
Hezkuntza bereziko ikastetxeetako lana planifikatzeko orduan, printzipio hauek hartuko dira kontuan:
–Ikasleen bizi-kalitatea sustatzea.
–Ikasleen garapen integral handiagoa ahalbidetuko duen arreta pertsonalizatua gauzatzea.
–Ikasleek testuinguru guztietan ahalik eta parte-hartze osoena izan dezaten bultzatzea.
–Bide eraginkorrak eta egokiak bermatzea hezkuntza-komunitateko kide guztiei (ikasleei, senideei eta profesionalei) parte hartzeko eta komunikatzeko.
–Hezkuntza-administrazioarekin koordinatuta lan egitea hezkuntza espezializatuko ikastetxeak izateko, ikastetxe arruntendako erreferentzia eta sostengu izan daitezen, inklusio-prozesuak erraztuz, komunitate osoarendako ate irekiko zentroak izanik, printzipio hori bateragarri eginez ikastetxeko ikasleen hezkuntza-arretarekiko errespetuarekin.
–Bertako profesionalen etengabeko prestakuntza sustatzea. Etengabeko hobekuntzarako metodologiak garatzea, ikastetxearen urteko programazio orokorraren eta urteko memoriaren bidez, lan-tresna erabilgarriak eta praktikoak baitira.
2. Irakaskuntzen antolaketa.
Honako irakaskuntza hauek ematen dira hezkuntza bereziko ikastetxeetan:
–Haur Hezkuntzako etapa: 3-6 urte (3 ikasmaila).
–Derrigorrezko Oinarrizko Hezkuntzako etapa: 6-16/18 urte (10/12 ikasmaila):
- Derrigorrezko Oinarrizko Hezkuntza 1: 6-12 urte (6 ikasmaila).
- Derrigorrezko Oinarrizko Hezkuntza 2: 12-16 urte (4 ikasmaila).
Ikastetxeek, beren autonomia pedagogikoaren esparruan, curriculuma garatzeko proposamen bat diseinatuko dute, ikasleen premietara eta ezaugarrietara egokitua eta egungo ildo pedagogikoekin bat datorrena.
–Derrigorrezko Hezkuntzaren ondoko etapa. 16 eta 21 urte bitartean izanik sartzen ahalko da, etapa hasten den urteko abenduaren 31 baino lehen betez gero:
- Helduarora Igarotzeko Programa desgaitasun intelektualagatik eta garapenaren desgaitasunagatik hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleendako da; ikasle horiek bestelako desgaitasuna ere izan dezakete, edo zenbait kasutan, jokabidearen nahasmendu larriak edo bestelako adimen nahasmenduak. Ikasle horiek euskarri handiak eta orokorrak behar dituzte moldatze-portaeraren arlo guztietan edo ia guztietan: komunikazioa, ikaskuntza esanguratsuak eta funtzionalak, osasuna eta segurtasuna, aisia eta astialdia, etxeko bizitza, komunitateko bizitza, norberaren zainketa, autodeterminazioa, harreman sozialak eta izaera okupazionaleko trebetasunak. Programa horietarako curriculumaren garapena NHBBZren webgunean argitaratuta dago.
- Lanbide Heziketa Bereziko zikloak: B modalitatea da hezkuntza bereziko ikastetxeetan ematen dena. Derrigorrezko etaparen ondotik desgaitasunari lotutako hezkuntza behar bereziak dituztenendako da, haien egokitzeko abileziek, autonomiak eta desgaitasun mailak laguntza orokor eta jarraituak eskatzen dituztelako, lanerako ikastegi batean, enplegu zentro berezi batean edo beste enplegu modalitate batzuetan sartzeko aukera arrazoizkoak izanik.
3. Curriculum-proposamenak.
Hezkuntza-proiektuaren esparruan, ikastetxe bakoitzak zehaztuko ditu hezkuntza-etapa bakoitzerako curriculumak.
Ikastetxeek curriculuma zehaztu ahal izateko jarraibideak ezartzean, erreferentziazko 3 printzipio hartu behar dira kontuan:
–Curriculum-zehaztapenak egin behar dira, hezkuntza bereziko ikastetxeetan eskolatutako ikasleen beharrei, ezaugarriei eta aukerei behar bezala erantzuteko, eta horrek proposamen oso espezializatuak diseinatzea eskatuko du.
–Beharrezkoa da koherentzia eta jarraitutasuna gordetzea curriculumaren funtsezko elementuetan hezkuntza-etapa guztietan, horietako bakoitzaren ezaugarri bereizgarriak zainduz.
–Legeria orokorrak eta autonomikoak Oinarrizko Hezkuntzarako ezarritakoa.
Oinarrizko Hezkuntzako curriculumaren zehaztapena diseinatzeko, kontuan hartuko dugu Adimen eta Garapen Desgaitasunen Amerikako Elkartearen (AAIDD) adimen-desgaitasunaren kontzeptua, zeinak zehazten baitu adimen-desgaitasuna dela adimen-funtzionamenduko eta egokitze jokabideko muga esanguratsuak dituena eta islatzen dena egokitze trebetasun kontzeptual, sozial eta praktikoetan. Desgaitasun hori 18 urte bete baino lehen hasten da.
Desgaitasuna pertsonaren eta ingurunearen arteko interakzioaren adierazpentzat hartu behar dugu. Interakzioaren ikuspegi horretatik, harreman estuan dauden hiru elementu planteatzen dira:
–Haurraren trebetasunak, normalean parte hartzen duen inguruneei dagokienez.
–Ingurune horietan funtzionalki parte hartzeko aukerak.
–Jendeak eman diezaiekeen sostengua egokia izatea.
Funtsezko garrantzia hartzen du pertsona horiei eman diezaiekegun sostenguak; izan ere, haren bidez, ingurune bakoitzean duten parte-hartze funtzionala optimizatzen lagun dezakegu.
Adimen-desgaitasunaren definizioan, mugak aipatzen dira adimen-funtzionamenduan eta egokitze-portaeran (kontzeptuala, soziala eta praktikoa).
Adimen-desgaitasuna ez da pertsonaren ezaugarri absolutu bat; aitzitik, osatuta dago pertsonaren eta testuinguruaren alderdi desberdinak barne hartzen dituzten 5 dimentsioz. Dimentsio anitzeko ikuspegia da, adierazten duena giza funtzionamenduan eta adimen-desgaitasunean interakzio dinamikoa eta elkarrekikoa dutela trebetasun intelektualak, egokitze jokabideak, osasunak, parte-hartzeak, testuinguruak eta banakako laguntzek. Dimentsio horien gainean ebaluatuko dira ikaslearen gaitasunak eta mugak, eguneroko funtzionamendua hobetuko duten beharrezko laguntzak planifikatzeko.
Beraz, ikasleen banakako funtzionamendua hobetzeko curriculum bat ezarri behar da, adierazitako 5 dimentsioek markatuko dutena:
–I. dimentsioa: Funtzionamendu intelektuala.
–II. dimentsioa: Egokitze jokabidea.
–III. dimentsioa: Parte-hartzea, interakzioa eta rol sozialak.
–IV. dimentsioa: Osasuna.
–V. dimentsioa: Testuingurua.
I. eta II. dimentsioak. Banakako funtzionamendua eta egokitze jokabidea. Arreta ikasleengan jartzen duten dimentsioak dira. Zer ikasi behar dute ikasleek?
III. dimentsioa. Parte-hartzea, interakzioak eta rol sozialak. Ikasleek parte hartzeko dituzten inguruneak aztertzen dira, eta, horretarako, era guztietako neurriak hartzen dira parte hartzeko aukerak errazteko eta zailtasunak konpontzeko.
IV. dimentsioa. Osasuna. Garrantzitsua da ikasleek ikasi behar duten horretan ere agertzea, banakako funtzionamenduari eragiten baitio. Gainera, kontuan hartu eta partekatu behar dira osasunaren alderdi garrantzitsuak, norberaren funtzionamenduan eragin dezaketenak eta esku-hartzea hobetzen laguntzen dutenak.
V. dimentsioa. Testuingurua. Testuinguru ulergarria eta aurreikusgarria diseinatu behar da. Hezkuntza-jardueran honako hauek eduki behar dira: denboraren egituraketa eta espazioaren egituraketa, ikasle guztiendako laguntza egokiekin, lan-sistemen egituraketa eta beharrezko egokitzapen fisikoak.
Planteamendu hori guztiz koherentea da Nafarroan helduarora igarotzeko programetarako curriculum-proposamenarekin; izan ere, curriculum-proposamen horren helburua da egokitze trebetasunak garatzea, beharrezkoak direnak ikasleen garapen pertsonala eta ongizate fisiko, emozional eta soziala errazteko, ikasleen bizi-kalitatea hobetu dadin. Beraz, curriculuma bizi-kalitateko eredu batetik garatzen da, zeinaren edukia antolatzen baita egokitze trebetasunak garatzen diren ikaskuntza-eremuetan.
3.1. Egokitze jokabidearen antolaketa eta haren curriculum-egituraketa.
Haur Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Oinarrizko Hezkuntzarako legeria orokorrak ezarritakoa kontuan hartuta, proposatzen da egokitze jokabidea garapen-eremuen arabera antolatzea.
EGOKITZE JOKABIDEAREN ANTOLAKETA | |
GARAPEN KONTZEPTUALAREN EREMUA | Eskola-trebetasun funtzionalen arloa Autogidaritzaren arloa Komunikazioaren arloa |
GARAPEN SOZIALAREN EREMUA | Aisiaren eta denbora librearen arloa Trebetasun sozialen arloa Jokabidearen arloa |
GARAPEN PRAKTIKOAREN EREMUA | Komunitatearen erabileraren arloa Etxebizitzan bizitzeko arloa Eguneroko bizitzako jardueren arloa Osasunaren eta segurtasunaren arloa Lanaren arloa |
Eremukako antolaketa horretan, hura osatzen duten arloetako bakoitzaren curriculum-garapenak honako elementu hauek izanen ditu: konpetentzia espezifikoak, ebaluazio irizpideak eta horiek osatzen dituzten arloen oinarrizko jakintzak.
Ulertu behar da arloei edo, hala dagokionean, esparruei esleitutako eskola-orduak direla haietako bakoitzean lan egiteko beharrezkoa den denbora, etaparen izaera globala eta integratzaileari kalte egin gabe. Ondorio horietarako, esparru bakoitzaren eskola-ordutegia hura osatzen duten arlo guztien batura izanen da.
4. Ratioak.
Araudi orokorraren arabera, ikastetxe arruntetan aniztasunari erantzuteko neurrien esparruan erantzun ezin zaien premiak dituzten ikasleak eskolatzen dira hezkuntza bereziko ikastetxeetan; oso arreta espezializatua behar duten ikasleak dira.
Taldekatzeen konfigurazioan, normalean, talde beraren barruan sartzen diren ikasleek desberdinak dituzte laguntza-premia handiak, adinak, ikaskuntza-estiloak eta abar.
Alderdi horiek kontuan hartuta, gutxieneko eta gehieneko ratioak ezartzen dira hezkuntza bereziko ikastetxe publikoetako ikasle-talde bakoitzeko:
–Haur Hezkuntzan, DOH 1en eta DOH 2n, gutxienez hiru eta gehienez bost.
–Helduarora igarotzean, gutxienez hiru eta gehienez bost.
–LHBan, gutxienez hiru eta gehienez zortzi.
5. Barne koordinazioa.
Araudi orokorrak ikastetxeei ematen dien autonomiaren arabera, hezkuntza bereziko ikastetxe publikoek koordinazio-organoen osaera eta funtzionamendua egokitzen ahalko dituzte. Horretarako, proposamen arrazoitua eginen diote hezkuntza-administrazioari, ikastetxearen hezkuntza-proiektuaren esparruan.
Hezkuntza bereziko ikastetxe publikoetako profesionalen plantilla zabala eta askotarikoa da. Errealitate horren konplexutasuna dela eta, zuzendaritza-taldeek ahalegin handiena egin behar dute diziplinaz gaindiko lana behar bezala koordinatua, errespetuzkoa eta eraginkorra izanen dela bermatuko duen barne-antolamendua ezartzeko. Horretarako, zuzendaritza-taldeek lidergo positiboa izan behar dute, profesional bakoitzak bere onena eman dezan, ikasleen hezkuntza-arretaren kalitatea ardatz nagusitzat izanen duten helburu komunak lortzeko.
Barne koordinaziorako organo hauek proposatzen dira (gainera, ikastetxeek beste talde batzuk izan ditzakete beren hezkuntza-proiektuaren arabera):
–Hezkuntza laguntzako unitatea.
–Koordinazio Pedagogikorako Batzordea.
–Tutoretzen taldeak.
–Etapako taldeak: DOH I; DOH II, HIP eta LHB.
–Hezkuntza laguntzako espezialisten taldea eta zuzendaritza-taldea.
–Lantaldeak eta/edo hezkuntza berrikuntzakoak.
Lantaldeak eta/edo hezkuntza berrikuntzako taldeak eratzen ahalko dira ikastetxe bakoitzaren hezkuntza-proiektuekin eta planekin bat etorriz. Adibidez, entzumen eta hizkuntzako talde bat eratzen ahalko da, arlo horretako profesional espezialista guztiak bilduko dituena eta helburua izanik ikastetxeko ikasle guztiendako komunikazio-proiektu orokor bat garatzea. Bestalde, diziplinarteko lantaldeak eratzen ahalko dira, hezkuntza-espezializazioko proiektuak egiteko eta garatzeko, beharren profil bera duten ikasleendako, hala nola askotariko desgaitasuna eta laguntza orokorreko premiak dituzten ikasleendako.
Bileren osaera, arduradunak, eginkizunak eta maiztasuna ezartzeko, kontuan hartuko dira legeria orokorra, araudi autonomikoa, hezkuntza bereziko ikastetxe publiko bakoitzaren hezkuntza-proiektuak eta planak, eta helburu izanen dute talde-lan erabat koordinatua, errespetuzkoa eta eraginkorra lortzea, ikastetxearen hezkuntza-kalitatea eta espezializazioa hobetzeko.
6. Bizikidetza.
Hezkuntza bereziko ikastetxe publikoetako plantillak konplexuak direnez, ezinbestekoa da bizikidetza-giro positiboa eta errespetuzkoa lortzea, diziplinaz gaindiko lan egokia errazteko. Horretarako, ikastetxe bakoitzak bere Bizikidetzaren Plan Orokorra egin behar du, lasaitasunez, hausnarketaz, sakontasunez, zintzotasunez eta eskuzabaltasunez, bai eta haren urteko zehaztapena ere. Plan hori urteko programazio orokorrean txertatuko da, eta ikastetxean bizikidetza-giro ona sustatzeko programatzen diren jarduera guztiak jasoko ditu.
Era berean, ikastetxeek, araudi orokorrarekin bat etorriz, bizikidetzarako erregelamendu bat prestatuko dute, ikastetxean bizikidetza-giro ona sustatzeko. Erregelamendu horretan jasota geldituko dira bizikidetza-arauak, ikasleen eskubideen eta betebeharren zehaztapena eta, horiek betetzen ez badira, indarrean dagoen araudiaren arabera aplikatu beharreko neurri zuzentzaileak, kontuan hartuta ikasleen egoera eta baldintza pertsonalak, bai eta gatazkak modu baketsuan konpontzeko jarduerak egitea ere, genero-indarkeria, berdintasuna eta diskriminaziorik eza prebenitzeko jarduerei arreta berezia eskainiz. Ikastetxeetako bizikidetza- eta jokabide-arauak nahitaez bete beharko dira.
Neurri zuzentzaileak hezitzaileak eta lehengoratzaileak izanen dira, bermatu beharko dute gainerako ikasleen eskubideak errespetatzen direla, eta, ahal dela, hezkuntza-komunitateko kide guztien harremanak hobetuko dituzte.
Neurri zuzentzaileak proportzionalak izanen dira egindako faltekiko. Falta oso astuntzat joko dira hezkuntza-komunitateko beste kide batzuen duintasun pertsonalaren aurka egiten duten jokabideak, jatorri edo ondorio dutenak generoan, sexu-orientazioan edo sexu-identitatean, arrazan, etnian, erlijioan, sinesmenetan edo desgaitasunetan oinarritutako diskriminazio edo jazarpen bat, edo egiten direnak ezaugarri pertsonalak, sozialak edo hezkuntzakoak direla-eta ahulenak diren ikasleen aurka. Neurri zuzentzailea ikastetxetik kanporatzea izan daiteke.
Berehala betearaziko dira falta arinak egiteagatik neurri zuzentzaileak hartzeko erabakiak.
Hezkuntza-administrazioak protokoloak arautzen ditu jarduteko eskola-jazarpenaren, ziberjazarpenaren, sexu-jazarpenaren, genero-indarkeriaren eta beste edozein indarkeria-motaren zantzuen aurrean, bai eta ongizatearen eta babesaren koordinatzaileak bete behar dituen baldintzak eta eginkizunak ere. Koordinatzaile hori ikastetxe guztietan izendatu behar da, titulartasuna edozein dela ere. Ikastetxeetako zuzendariak edo titularrak arduratuko dira hezkuntza-komunitateak dauden jarduteko protokoloen berri izateaz, bai eta protokolo horietan aurreikusitako jarduerak gauzatzeaz eta horien jarraipena egiteaz ere.
IV. ERANSKINA.–NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAREN LURRALDE-EREMUAN 2025-2026 IKASTURTEAN HAUR ESKOLEN ANTOLAERA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEKO JARRAIBIDEAK
Haur eskolak Haur Hezkuntzako lehen zikloko irakaskuntzak ematen diren ikastetxeak dira.
Ikastetxe baimenduak dira martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera (foru dekretu haren bidez Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen da), eta horietan aplikatzekoa izanen da ekainaren 1eko 61/2022 Foru Dekretuan ezarritakoa, bertan arautzen baita Haur Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma Nafarroako Foru Komunitatean.
1. Hezkuntza proiektua eta proposamen pedagogikoa Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan.
Haur eskolek, beren autonomia pedagogikoaren esparruan, eguneratuta izanen dute ikastetxearen hezkuntza proiektua.
2025-2026 ikasturtean, haur eskolek EDUCA kudeaketa sisteman sartuko dute (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Ikastetxearen hezkuntza proiektua).
2025-2026 ikasturtean zehar, haur eskolek beren proposamen pedagogikoa lantzen jarraituko dute, curriculumean ezarritakoari jarraikiz, eta haur bakoitzaren ezaugarri pertsonaletara zein haren gizarte- eta hezkuntza-egoerara egokitzeko; gainera, proposamenean txertatuko dute konpetentziak bereganatu eta garatzeko ikaskuntza egoeren diseinua.
2. Antolaketari dagozkion alderdiak.
2.1. Haur Hezkuntzako lehen zikloan matrikulatutako ikasleen egokitzapen aldia.
Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako Haur Hezkuntzako lehenengo zikloan matrikulatutako haurren egokitzapen aldia Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren maiatzaren 23ko 312/2025 Ebazpenean ezarritakoaren araberakoa izanen da (ebazpen horren bidez jarraibide batzuk onesten dira 2025-2026 ikasturteko egutegia eta ordutegia prestatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetarako).
2.2. Matrikula berriak eta bajak ikasturtean zehar.
Ikasturtean zehar gertatzen diren matrikula berriak eta bajak EDUCA kudeaketa programan sartu beharko dira gertatzen diren momentuan bertan. Matrikula berriak dagozkion taldeari esleituko zaizkio.
2.3. Langileen ordutegia.
2025-2026 ikasturtean, hezkuntzako langileen ordutegia EDUCA kudeaketa programan sartuta egon beharko da.
Horretarako, Hezkuntza Departamentuak dagozkien jarraibideak helaraziko dizkie ikastetxeetako zuzendariei.
3. Creciendo/Hazten proiektua.
Creciendo/Hazten proiektuak antolatu egiten du Haur Hezkuntzako lehen zikloan (0-3 urte) haurrei hezkuntza orientazioko irakasleek ematen dieten arreta Hezkuntza Departamentuaren zazpi haur eskoletan, eta 2025-2026 ikasturtean martxan jarraituko du.
Iragarkiaren kodea: F2507940
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
