1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
339/2025 EBAZPENA, maiatzaren 28koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, jarraibideak onesten dituena Zubiarte euskaltegi publikoaren 2025-2026 ikasturteko eskola egutegia prestatzeko, helduentzako euskararen irakaskuntza ez-arautuei dagokienez.
Zubiarte euskaltegia helduak euskalduntzeko ikastegia Hezkuntza eta Kulturako kontseilariaren uztailaren 5eko 365/2002 Foru Aginduak arautzen du, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpe dagoen Zubiarte euskaltegi publikoaren antolamendu eta funtzionamendurako erregelamendua.
Ikusirik Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Euskara Atalak aldeko txostena eman duela onets daitezen Zubiarte euskaltegi publikoaren 2025-2026 ikasturteko eskola egutegia prestatzeko jarraibideak, helduentzako euskararen irakaskuntza ez-arautuei dagokienez.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Jarraibideak onestea helduentzako euskararen irakaskuntza ez-arautuek Zubiarte euskaltegi publikoan 2025-2026 ikasturtean izanen duten eskola egutegia prestatzeko. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
2. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau eta eranskina igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusira, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Euskara Atalera, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora eta Zubiarte euskaltegi publikora.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 28an.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
ERANSKINA.–ARAUAK, NAFARROAKO GOBERNUKO HEZKUNTZA DEPARTAMENTUAREN MENPE DAGOEN ZUBIARTE EUSKALTEGI PUBLIKOAREN 2025-2026 IKASTURTEKO ESKOLA EGUTEGIA PRESTATZEKO, HELDUENTZAKO EUSKARAREN IRAKASKUNTZA EZ-ARAUTUEI DAGOKIENEZ
1.–Egutegia.
2025-2026 ikasturtean, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Zubiarte Euskaltegiaren eskola egutegiak baldintza hauek bete beharko ditu helduentzako euskararen irakaskuntza ez-arautuei dagokienez:
1.1. Ikasturtea 2025eko irailaren 1ean hasiko da, eta 2026ko ekainaren 30ean bukatuko.
1.2. Egutegian 160 eskola egun izanen dira gutxienez, eta bi lauhileko izanen dira. Eskolak goizeko, eguerdiko, arratsaldeko eta gaueko saioetan emanen dira.
1.3. Eskolak, oro har, 2025eko irailaren 22an hasiko dira, ez lehenago, eta ez dira bukatuko 2026ko ekainaren 9a baino lehen. Kanpoko taldeen eskolak urriaren 2an hasiko dira, eta maiatzaren 28an bukatuko. 2026ko maiatzean/ekainean, barnetegi bat egiteko aukera izanen da.
Ekaineko ziurtapen probak ekaineko bigarren hamabostaldian eginen dira. Proba horiek egiten diren egunak eskola eguntzat hartuko dira.
2025-2026 ikasturteko matrikula 2025eko maiatzaren 26tik ekainaren 22ra bitartean eginen da, eta matrikulatik ateratako taldeen osaera Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari jakinaraziko zaio ikasturtea bukatu baino lehen. Matrikulak egiteko beste epe bat egonen da Hezkuntza Departamentuak baimendutako taldeak osatzeko, 2025eko irailean eskolak hasi baino lehen. Eta 2026ko urtarrilean matrikulak egiteko beste epe bat izan daiteke, Hezkuntza Departamentuak baimentzen dituen taldeetako postuak osatzeko. Era berean, A1 mailan talde berri bat sortzeko aukera dago, betiere barne-antolamenduak horretarako aukera ematen badu.
1.4. 2025eko irailaren 1etik eskolak hasi bitarteko aldia, oro har, honako hauek egiteko erabiliko da: ikastaro espezifikoak, azterketak (halakorik egonez gero), prestakuntza jarduerak, programazio lanak, zikloko bilerak, klaustroak eta ikasturtearen antolaketarekin zerikusia duen beste edozein jarduera. Iraileko ziurtapen probak irailaren 2an eta 3an eginen dira, eta egun horiek eskola eguntzat hartuko dira.
1.5. Eskolak bukatzen direnetik 2026ko ekainaren 30era bitartean, irakasleak nahitaez egon beharreko orduak zehaztuko ditu euskaltegiko zuzendaritzak, lan hauek egiten direla bermatzeko: azterketak, ikasturtea berrikusteko eta ebaluatzeko berariazko lanak, klaustroak, programazioak eta ikasmaterialak, mailako memoria didaktikoak, bukaerako memoria eta behar diren egintza administratibo guztiak.
1.6. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak aurretik baimenduta, ikasle talderen batek eskolak bukatzen baditu oro har finkatu diren egunak baino lehen, irakasleek euskaltegiko zuzendaritzak esleitzen dizkien lanak egiten beteko dute beren lanaldia.
1.7. Egutegia moldatu behar bada, hura lehen aldiz prestatzeko erabilitako prozedura berari jarraituko zaio, betiere gutxieneko eskola egunak errespetatuta.
1.8. Eskola egunetan, ezinezkoa izanen da eskolak orokorrean etetea azterketa edo ebaluazio aldiak ezartzeko, ez eta ebaluazio batzordeak edo klaustroak egiteko ere. Eskola eguntzat hartuko da ikasturtearen aurkezpen eguna; hau da, tutoreak, irakasleak, programak, helburuak, ordutegiak eta abar aurkezteko erabiltzen dena. Eskola egun gisa kontatuko dira egiaztapen probak egiteko ekainean eta irailean erabiltzen diren egunak.
1.9. Egun hauek jaiegunak izanen dira, Nafarroako lan egutegi arruntaren arabera: 2025eko abenduaren 3a eta 8a eta 2026ko maiatzaren 1a. Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak beharrezko jarraibideak emanen ditu erabakitzen bada beste jaiegunen bat ezartzea eta, horrenbestez, eskola egutegia aldatzea.
Euskaltegiak finkatuko ditu herriko zaindariari eskainitako jaieguna eta hezkuntza mailaren zaindariari eskainitakoa.
2026ko inauterietako asteko egunak eskolarik gabeko eguntzat hartuko dira.
1.10. Neguko oporrak, hots, eguberrietakoak, 2025eko abenduaren 20an hasiko dira, eta 2026ko urtarrilaren 7an bukatuko, biak barne.
1.11. Udaberriko oporrak, hots, Aste Santukoak, 2025eko apirilaren 2an hasiko dira, eta apirilaren 12an bukatuko, biak barne.
Neguko eta udaberriko oporraldiak (eguberrietakoak eta Aste Santukoak) ezin izanen dira luzatu inola ere.
1.12. Aurreko edozein atalen gaineko salbuespenak, zeinak betiere aparteko arrazoiengatik izanen baitira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eskatu beharko zaizkio, onets ditzan.
2.–Izapidetzea.
2.1. Zuzendaritzak, Eskola Kontseiluari entzun ondoren, 2025-2026 ikasturterako egutegi eta ordutegi proposamena bidaliko du Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, EDUCA kudeaketa programaren bidez. Horretarako azkeneko eguna 2025eko ekainaren 13a izanen da.
Gainera, epe berean, kopia sinatu eta zigilatu bat igorriko dio euskaltegiko ikuskatzaileari.
2.2. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egutegia eta ordutegia onetsi edo ukatuko ditu, aztertu ondoren. EDUCA kudeaketa programak ematen duen informatikako euskarriaren bidez iritsiko zaio euskaltegiari Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren jakinarazpena.
2025eko ekainaren 23rako inolako jakinarazpenik jasotzen ez duten ikastetxeen egutegiak eta ordutegiak onetsitzat joko dira.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egokia ikusten badu, EDUCAz beste bide bat erabiliko da jakinarazpen hori egiteko.
2.3. Euskaltegiak bere egutegi proposamena epe barruan igortzen ez badu, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ofizioz ezarriko dio egutegi bat, 1. puntuan (egutegia) jaso diren baldintzak betetzen dituena.
2.4. Egutegia, behin onartu eta gero, nahitaez bete beharrekoa izanen da. Euskaltegiko zuzendaritzaren ardura da egutegia betetzea eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari dagokio betetzen den ikuskatzea eta kontrolatzea.
2.5. Eskola egutegia ikusgai izanen da euskaltegiko iragarki-taulan, eta ezin izanen da inolaz ere aldatu, non eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ez duen horretarako baimen idatzia ematen, euskaltegiko zuzendaritzak eskatuta.
Iragarkiaren kodea: F2507747