2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Aldaketa Udal Planeko katalogoan (Erorien Monumentua). Hasierako onespena
Iruñeko Udalak, 2025eko ekainaren 5ean egin osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:
PLE 05-JUN-25 (4/CU).
«Iruñeko Udalak, 2025eko otsailaren 6an egin osoko bilkuran, adierazpen bat adostu zuen bultzatzeko honako prozesu hau: Erorien Monumentua deitutakoa bihurtzea memoria demokratikorako eta faxismoaren salaketarako interpretazio-zentro. Akordio horrek jasotzen zuen, batetik, monumentua eraldatzeko eta Lamberto Marabillas Interpretazio Zentroa sortzeko akordio politikoan adierazitakoa, eta, bestetik, haren edukia definitzeko adituen batzorde bat eratzea.
Aipatutako akordioak honako hau jasotzen du:
–Kriptak desagertzea eta eraistea, inaugurazioko marmolak kentzea –gaur egun ezkutatuta dauden inskripzio frankistak barne– eta kanpoko arkuteriak eraistea.
–Kupula ezkutatzea eta eraldatzea, eraikinaren balio sozial berriarekin bat datorren hiri-paisaia sinboliko berri bat sortzeko, Ramón Soltzen pinturak dauden kupularen barne-egiturari eutsita. Aukera egonen da aurreko eta atzeko fatxadan aldaketak egiteko. Aldaketok zentro berriari eman nahi zaion esanahiari lotuta egonen dira, eta bat etorriko dira Askatasunaren Plazaren eta haren ingurunearen hirigintza-berrikuntzarekin.
Martxoaren 20ko 3/2025 Foru Legearen bidez (2025eko 62. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 27an), aldatu zen azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legea, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoa. Lege horren bidez, zortzigarren xedapen gehigarria sartu zen, ("Nafarroak Gurutzadako bere hildakoei" monumentua), honela idatzita:
"1. "Nafarroak Gurutzadako bere hildakoei" monumentuak, "Erorien omenezko Monumentu" ere baderitzon horrek, are desobiratzeen ondoren eta frankismo-garaiaren sinbologia bereizgarririk gehiena kendua izan ondoren ere, totalitarismozko propaganda ispilatzen du, altxamendu faxista eta haren ondorengo ia 40 urteetan zeharreko erregimen frankista gorestekoa.
2. Monumentu horren erabilerak huts-hutsik izan daitezke gerran eta diktaduran izandako giza eskubideen urraketa larrien zergatiak eta aitzin-gibelak ezagutaraztea, hausnarketa egitea, eta faxismo-forma berriek demokraziarekin, aniztasunarekin eta justizia sozialarekin talka egiten duten aldetik dituzten arrisku eta perilei buruz gizartea ohartaraztea. Halaber, elkarbizitzak eta giza eskubideekiko begiruneak duten balioa nabarmenduko da. Hori guztia, ezertan kaltetu gabe foru lege honen helburuekin zerikusia duen udal-autonomia.
3. Kendu beharrekoak dira erregimen frankistaren garaipenaren gorespenerakoak gertatzen diren atal sinbolikoak, eta estali beharrekoak dira kupularen barnealdeko margolanak".
Aurrekoa betez, "erdiko gorputzari" dagokion egungo babes-maila 3. gradura murrizten da, I. eta II. Zabalguneetako BEPBaren determinazioak islatuz, eta "arkuterien" babesa kentzen da, bai lurgainean bai sotoan, (gaur egun 3. gradukoa dute). Era berean, babes-araubide zehatza egokitu nahi da. Asmoa da bertan kriptaren babesa desagertzea, eta kupularen barruko horma-pinturak ezkutatu ahal izatea, baina suntsitu gabe, modu mugatuan ikusteko.
Era berean, I. eta II. Zabalguneetako XV. Unitate Integratua Barne-eraberritzeko Plan Berezian, (Z.O.R.–1 eremua eta 306. Oinarrizko Unitatea) jasotako zehaztapenak kontuan hartuta, proposatzen da erregulazio berria fitxa partikularrean islatzea, erregulazio berria bat etor dadin bi dokumentuetan, hots, Udal Planean (Katalogoa) eta Plan Berezian.
Dokumentua Hirigintzako Udal Gerentziak egin du, eta erakunde autonomo horretako Hirigintza Plangintzako zuzendariak sinatuta dago.
Udal planetan eta plan berezietan jasotako determinazio xehatuen aldaketa izapidetu behar da Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 72. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.
Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 127.1c) artikuluan xedatutakoaren arabera, Tokiko Gobernu Batzarrak, 2025eko maiatzaren 26an egindako bilkuran, aldaketa-proiektua onetsi zuen, eta proiektu horren hasierako onespena Udalaren osoko bilkuran aurkeztu da, berrets dezan.
Bete dadin uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan xedatutakoa (legegintzako foru-dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina), eta bat etorriz apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 123.1i artikuluarekin (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea),
ERABAKITZEN DA:
1. Hasiera batez onestea Iruñeko Udal Planaren Katalogoaren aldaketa xehatuaren dokumentua (Erorien Monumentua) eta XV. Unitate Integratuaren fitxa (Z.O.R.–1 eremua; 306. Oinarrizko Unitatea), Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziak sustatua, adierazitako baldintzetan.
2. Jendaurrean jartzea hilabeteko epean, Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 72. artikuluan xedatutakoaren arabera, interesdunek alegazioak egin ahal ditzaten.
3. Dagozkion nahitaezko txostenak eskatzea, espedientean sartzeko eta aldaketa xehatua behin betiko onetsi aurretik baloratzeko.
4. Erabaki hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta, gutxienez, Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan, bai eta Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan ere».
Hasiera batez onetsitako agiria esteka honetan kontsultatzen ahalko da: https://www.pamplona.es/eu/udala/araudia/tramitazio-bidean-dagoen-araudia.
Iruñean, 2025eko ekainaren 9an.–Alkatea, Joseba Asiron Saez.
Iragarkiaren kodea: L2508326