1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
407E/2025 EBAZPENA, maiatzaren 19koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita, entitate pribatuei eta pertsona fisikoei dirulaguntzak emateko, uholde-arriskuaren aurrean egokitzeko, Ebro Resilience Estrategiaren barruan, Europar Batasunak-Next Generation EBk finantzaturiko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. 2025-2026 urteak. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 834695.
Irailaren 6ko 731/2022 Errege Dekretuak Aragoi eta Errioxako autonomia erkidegoei eta Nafarroako Foru Komunitateari zuzeneko dirulaguntzak ematea arautzen du, Ebro ibaiaren erdiko tartean eta harekin lotutako ibaiadar nagusietan dauden eraikuntza, ekipamendu eta instalazio edo ustiategiak uholde-arriskura egokitzeko jarduketak garatzeko, Ebro Resilience Estrategiaren barruan eta Europar Batasunak-Next Generation EBk finantzaturiko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Nafarroako Foru Komunitateari 4.000.000 euro esleitu zitzaizkion.
Errege dekretu horren 6. artikuluan xedatutakoaren arabera, esleitutako aurrekontuaren %25 gutxienez sektore pribatura bideratu behar da, horretarako baliatuta norgehiagokako prozedura bidezko deialdiak. Haien bidez, errege dekretu horretan zehaztutako lurralde-eremuko ondasun pribatuak uholde-arriskuaren aurrean egokitzeko neurriak finantzatuko dira, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoarekin eta Europar Batasuneko zuzenbidea betez.
Baldintza hori betetzeko, laguntzak emateko bi deialdi egin dira:
–607E/2023 Ebazpena, ekainaren 16koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, deialdi hau onesten duena: "Dirulaguntzak Ebroko arroko eraikinak, ekipamenduak, instalazioak edo ustiategiak uholde-arriskura egokitzeko jarduketetarako, Europar Batasunak-Next Generation EBk finantzaturiko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan." Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 703657. 2023ko 142. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa.
–404E/2024 Ebazpena, maiatzaren 28koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi hau onesten baita: "Entitate pribatu eta pertsona fisikoentzako dirulaguntzak, uholde-arriskuaren aurrean egokitzeko, Ebro Resilience Estrategiaren barruan, Europar Batasunak-Next Generation EBk finantzaturiko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. 2024-2025 urteak." Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 765032. 2024ko 129. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 24koa.
Bi deialdiak batuta emandako laguntzak ez dira iritsi Nafarroako Foru Komunitateari esleitutako aurrekontuaren %25era; beraz, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari luzapen bat eskatu zaio, laguntzen hirugarren deialdi bat egin ahal izateko eta, horrela, aipatutako baldintza betetzeko. 2024ko azaroaren 18an, Ingurumeneko Estatu Idazkaritzaren ebazpena onetsi zen. Ebazpen horren bidez, erabaki zen 6 hilabetez luzatzea Aragoiko eta Errioxako autonomia erkidegoei eta Nafarroako Foru Komunitateari zuzeneko prozeduraren bidez emandako dirulaguntza batzuk gauzatzeko epea, 2026ko martxoaren 6ra arte; dirulaguntza horien helburua da Ebro ibaiaren erdiko tartean eta lotutako adar nagusietan dauden eraikin, ekipamendu eta instalazio edo ustiategiak uholde-arriskura egokitzeko jarduketak egitea, Ebro Resilience Estrategiaren barruan eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.
Deialdi berri honetatik eratorritako konpromisoei aurre egiteko, 306.323,93 euroko kreditu baimendua dago, 2026ko gastuen aurrekontuan 2025eko gastuen aurrekontu partida honen baliokidea den kargura: 740004 74400 2276 414204 [PEP: E-22/000568-01]: SEM, Ebro Resilience egokitzapena, entitate pribatuentzako dirulaguntza.
Espedientea Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuak eta Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atalak aztertu dute.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Deialdi bat onestea, entitate pribatuei eta pertsona fisikoei dirulaguntzak emateko, uholde-arriskuaren aurrean egokitzeko, Ebro Resilience Estrategiaren barruan, Europar Batasunak-Next Generation EBk finantzaturiko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. 2025-2026 urteak.
2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, aurrekontuko ondoko kredituak baimentzea, baldin aurrekontuko kreditua nahikoa bada; betiere, aldaketak egiten ahal dira, jasotako eskaeren arabera:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
740004-74400-7701-456203 [PEP: E-22/000568-01]: SEM Ebro Resilience Egokitzapena. Entitate pribatuentzako dirulaguntzak | 2026 | 306.323,93 |
4. 150.000 euroko gehieneko zenbateko gehigarria ezartzea. Zenbateko hori dirulaguntzak emateko aplikatzerakoan ez da beste deialdi bat egin beharko, eta aurrekontu-kreditu erabilgarriaren zenbatekoa handituz gauzatuko da. Zenbateko hori erabili ahal izateko, kreditua dagoela adierazi beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Foru Legea aplikatzeko erregelamenduaren 58.2 artikuluan adierazten diren egoeraren bat gertatzen delako. Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez du berekin ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.
5. Deialdi hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN) bidaltzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa betetzeko.
6. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.
7. Ebazpen hau igortzea Nafarroako Klima Aldaketarako Bulegoaren Zerbitzura, departamentuko Ekonomia Aferetarako Bulegora, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Suspertze Planaren Koordinazioaren eta Kontabilitate Nazionalaren Zerbitzura eta GAN-NIKeko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren Funtsak Koordinatzeko Unitatera.
8. Ohartaraztea ezen ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute jurisdikzio-ordena eskudunari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, hori guztia Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egiten ahal dela ukatu gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako modu eta epeetan.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 19an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2507573