Iragarkia
127. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 26a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
IRUÑA
Deialdia, desinfekzio parkeko zerbitzuburuaren 1 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura aritzeko
Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, 2025eko ekainaren 9an, deialdia onestea erabaki zuen, oinarri hauekin bat:
OINARRIAK
1. Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da Desinfekzio Parkeko zerbitzuburuaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea, Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura aritzeko, funtzionario araubidekoa eta B mailakoa. Deialdia honako arau hauetan xedatutakoaren arabera eginen da: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onetsi zuena; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honetako oinarriak.
1.2. Lanpostua Hiri Kontserbazioko eta Osasuneko Alorrari atxikita dago, eta plantilla organikoan honako zenbaki honen bidez identifikatuta: 1-219000-1. Honako txanda honetan banatuko da:
–1 lanpostu txanda irekian.
Lanpostu hori aldatu ahal izanen da Iruñeko Udalaren Giza Baliabideetako zuzendariak 2025eko ekainaren 3an ebazpen bidez onetsitako Desinfekzio Parkeko zerbitzuburuaren lanpostu baterako lekualdatze-lehiaketaren emaitzaren arabera.
1.3. Izendapenak eta lanpostuaz jabetzeak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dute izendatua, Iruñeko Udaleko funtzionarioei buruz indarrean dauden xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatu, eta bertan alta emanen zaio, aipatu araubidean aurreikusitako babesaren pean.
Aurrekoa gorabehera, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko Bederatzigarren Xedapen Gehigarriaren 3. puntuan ezarritakoarekin bat, baldin eta Montepio bateko eskubide pasiboen araubidean afiliatuta badago, aukeratzen ahalko du Montepio horretan geratzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeak araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.
2. Betekizunak.
2.1. Oposizio-lehiaketan onartuak izateko, izangaiek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:
2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estatu batekoa, edo Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio langileen zirkulazio librea aplikatzen ahal den eremuko estatu batekoa.
Halaber, parte hartzen ahalko dute Espainiako nazionalitatea, Europar Batasuneko estatu batekoa edo aipatu nazioarteko itunak sinatutako beste estatuetako nazionalitatea duten herritarren ezkontideek ere, betiere zuzenbidez bereizita ez badaude, eta, orobat, beren ondorengoek eta ezkontideenek –zuzenbidez bereizita ez badaude–, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak izanda independizatu ez badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.
c) Unibertsitateko Gradu-titulua edo baliokidetzat jotako titulazioa edukitzea, espezialitate hauetakoren batean: Kimika Zientziak, Biologia Zientziak, Farmazia, Medikuntza, Albaitaritza, Ingurumen Zientziak, Erizaintza, Ingeniaritza Kimikoa, Biokimika, Biologia, Kimika Teknologikoa edo Elikagaien Teknologia, Nekazaritza, Mendi, Industria edo Bideetako Ingeniaritza Teknikoak edo Goi Mailakoak. Eta horrez gain, bi ikastaro hauek izatea:
–Produktu oso toxikoekin (T+) eta kartzinogenoekin, mutagenoekin eta ugalketarako toxikoekin (CMR) tratatzeko maila berezia.
–Gasak diren edo sortzen dituzten produktuekin tratatzeko maila berezia.
Atzerrian eskuratutako titulazioen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria eduki beharko dute.
d) Behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar dituzten eginkizunetan aritzeko.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaiturik edo gabeturik ez egotea, ezta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizita ere.
2.2. Betekizun horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteta eduki beharko dituzte izangaiek, eta lanpostuaren jabetza hartu arte mantendu beharko dituzte.
2.3. Izendatuak izateko proposatutako izangaiek deialdi honen oinarriek zehazten duten unean egiaztatu beharko dituzte aurreko betekizun horiek.
3. Eskabideak.
3.1. Eskabideak aurkezteko epea.
Deialdian parte hartzeko eskabideak hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.
3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea modu telematikoan aurkeztu beharko dute, Internet bidez, www.pamplona.es/eu webgunean, honako nabigazio-bide honi jarraikiz: "Izapideak eta lizitazioak", "Lan-eskaintzak", "Enplegu publikoa", "Enplegu publikoko deialdiak", deialdi honi dagokion aipamena.
Desgaitasunen bat duten izangaiek denboraren nahiz bitartekoen egokitzapenak eskatuz gero horiek beharrezkoak diren probetarako, hala jakinarazi beharko dute eskabidean, eta zehaztu, horretarako prestatutako tokian, zein den eskatutako egokitzapena edo zein diren eskatutako denboraren edo bitartekoen doikuntzak. Horretarako, izangaiak egoki jotzen dituen agiriak aurkezten ahalko ditu eskabidea aurkezteko unean, 3.4 apartatuan ezarritakoarekin bat.
3.3. Tasak.
Azterketa-eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa 22,40 eurokoa da. Tasa modu telematikoan ordainduko da, eskabidea formalizatzeko unean, modu telematikoan ordaintzeko sistema seguru baten bidez.
3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabidea online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
–Unibertsitateko Gradu-titulua, edo baliokidetzat jotako titulazioa, espezialitate hauetakoren batean: Kimika Zientziak, Biologia Zientziak, Farmazia, Medikuntza, Albaitaritza, Ingurumen Zientziak, Erizaintza, Ingeniaritza Kimikoa, Biokimika, Biologia, Kimika Teknologikoa edo Elikagaien Teknologia, Nekazaritza, Mendi, Industria edo Bideetako Ingeniaritza Teknikoak edo Goi Mailakoak. Eta horrez gain, bi ikastaro hauek izatea:
- Produktu oso toxikoekin (T+) eta kartzinogenoekin, mutagenoekin eta ugalketarako toxikoekin (CMR) tratatzeko maila berezia.
- Gasak diren edo sortzen dituzten produktuekin tratatzeko maila berezia.
Nahi duenak, eskabidea aurkezteko unean, kontsultaren kudeatzaileari baimena eman ahal izanen dio titulua Hezkuntza Ministerioaren datuak egiaztatzeko zerbitzuan bilatzeko, baina aukera horrek ez du beti bermatzen egiaztapena, batzuetan titulua ez baitago Ministerio horretan jasota.
Atzerrian eskuratutako tituluen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria aurkeztu beharko dute.
–Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek hori frogatzeko agiria -organo eskudunak emana- aurkeztu beharko dute.
3.5. Agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta baliorik gabe geldituko dira haiek gauzatutako egintza guztiak, eskabidean egindako faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.
3.6. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea; hala ere, emandako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, horrek berekin ekarriko du horrelako kasuetarako ezarritako erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatzea.
4. Izangaien onarpena.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Udalaren webgunean deialdiaren fitxan argitara dadin aginduko du.
4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute hamar egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda deialdiaren web-fitxan argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina zenbatuta, erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea amaituta eta haien gainean ebatzi ondoren, Giza Baliabideetako zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta deialdiaren web-fitxan argitara dadin aginduko.
4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa-eskubideak itzuliko baldin eta baztertuak izan badira beraiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako betekizunak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela betekizunen bat betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiak, ezertan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5. Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia kide hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Carlos Eguizábal Villanueva, Iruñeko Udaleko Osasuneko idazkari teknikoa.
Epaimahaiburu ordezkoa: Patxi Iriarte Echenique, Iruñeko Udaleko Hiri Kontserbazioko eta Osasuneko Alorreko zuzendaria.
Epaimahaikidea: María Dolores Albero Amorós, kimikako eta ingurumen-osasuneko zikloko irakaslea. Nafarroako Osasun Eskola Tekniko Profesionala.
Epaimahaikide ordezkoa: Alberto García Zabalegui, Iruñeko Udaleko Elikagaien Ikuskaritza eta Zoonosi Zerbitzuko kudeatzailea.
Epaimahaikidea: María José Guindeo García, Iruñeko Udaleko Laborategiko Zerbitzuko farmazialaria.
Epaimahaikide ordezkoa: María Ángeles Medrano Perez, Elikagaien Ikuskaritza eta Zoonosi Zerbitzuko albaitaria.
Epaimahaikidea: Salvador Tarazona Cabezón, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.
Epaimahaikide ordezkoa: M.ª José Elverdín Garcés, Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.
Epaimahaikide idazkaria: Raquel Pérez García, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria.
Idazkari ordezkoa: Beatriz Martínez Buldain, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria.
5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, edo, hala behar izatera, haien ordezkoek, kontuan harturik ordezko izaten ahal direla, baita ere, epaimahaikide ordezko gisa izendatutakoak, bigarren ordezkapen bat egitea beharrezkoa izanez gero.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako ezarriak dauden arrazoiak suertatzen badira.
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6. Oposizio-lehiaketaren garapena.
6.1. Oposizioaldia 2025eko urrian hasiko da.
6.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira oposizioko proba egiteko tokia, eguna eta ordua.
6.3. Oposizioak proba bat izanen du. Bi atal izanen ditu, eta egun berean eginen dira:
a) I. atala: test erako galdetegia.
Ariketa teorikoa izanen da. Izangaiek deialdi honen I. eranskinean jasotako gai-zerrendako gaiei buruzko gehienez 100 galdera –test erakoak– erantzun beharko dituzte, idatziz, 120 minutuko tartean, gehienez. Galdera bakoitzak erantzun posible batzuk izanen ditu aukeratzeko, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Proba egin aurretik zehaztuko dira proba hori balioesteko irizpideak eta hainbat erantzun-aukera dituzten galderetan nola zigortu akatsak.
Ariketa honetan gehienez ere 60 puntu eskuratzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 30 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.
b) II. atala: bi kasu teoriko-praktiko ebaztea.
Ariketa teoriko-praktikoa: idatziz ebatzi beharko dira epaimahaiak deialdi honen I. eranskineko gaitegiari buruz proposatutako bi kasu praktiko. Garatzeko galderak izanen dira. Epaimahaiak ariketaren hasieran zehaztuko du izangaiek zenbat denbora izanen duten ariketa egiteko.
Bigarren ariketa honetan gehienez ere 40 puntu eskuratzen ahalko dira.
6.4. Oposizioko probetarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunean, orduan eta tokian agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.5. Oposizioko proba deialdiko I. eranskinean zehazten den gaiei buruzkoa izanen da.
Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako egunean indarrean dagoen araudiaren arabera erantzutea eskatuko da gai guztietan.
6.6. Hautaproba egin bitartean, beharrezko egokitzapenak ezarriko zaizkie, probak egiteko denboraren eta bitartekoen aldetik, desgaitasunen bat aitortua eduki eta eskabidean hala eskatu duten izangaiei.
6.7. Proba amaituta, epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu), deialdiaren laburpenean, argitaratuko ditu izangaiek erdietsitako puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea emanen du interesdunek balioespenei buruz erreklamazioak egin ditzaten eta eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten.
6.8. Lehiaketaldia: gehienez, 10 puntu.
Oposizioaldia gainditu dituztenei II. eranskinean agertzen den baremoaren arabera baloratuko zaizkie merezimenduak.
Lehiaketaldiaren behin-behineko emaitzen aurka erreklamazioa paratzen ahalko da, 5 egun balioduneko epean, emaitzak Udalaren webgunean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Udalaren edozein erregistrotan eskabidea aurkeztuta.
7. Gainditu dutenen zerrenda.
7.1. Behin hautaprobak bukatuta, kalifikazio-epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) argitaratuko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin eta eskuratutako puntuazio-hurrenkerarekin bat, eta zerrenda hori Giza Baliabideetako zuzendariari helaraziko dio, betekizunak egiaztatu eta lanpostu hutsak aukeratzeko izapideak egin ditzan.
7.2. Amaierako emaitzetan puntu berdinketarik gertatuz gero, probaren II. atalean puntuazio handiagoa lortu dutenen alde ebatziko da.
Halere berdinketa ez bada hausten, zozketa bakar batez ebatziko da, horretarako deituko den ekitaldi publikoan.
8. Izendapen-proposamena eta agirien aurkezpena.
8.1. Aitzineko izapidea bukatu ondoren, epaimahaiak Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dio izendapen-proposamena, espediente osoarekin batera, proba gainditu eta puntuazio handiena erdietsi duen izangaia izendatze aldera.
Aipatutako izendapen-proposamena Udalaren webgunean argitaratuko da, deialdiaren fitxan.
8.2. Proposatzen den izangaiak honako agiri hauek aurkeztuko ditu Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez, izendapen-proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 10 egun balioduneko epean:
8.2.1. Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiak:
a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidearena.
b) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikoek egindako txostena, lanpostuaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun edo arazo fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatuta.
c) Zinpeko edo zinezko adierazpena, eginkizun publikoetarako ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan ez dela adierazita.
e) Zin egiteko edo hitza emateko agiria Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela adierazita.
8.2.2. Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiak. Desgaitasun hori deialdi honen xede den lanpostuarekin bateragarria dela egiaztatzen duen agiria ofizioz eginen dute balioespen- eta orientazio-talde eskudunek, eta espedienteari erantsiko zaio.
8.3. Agiri horiek aipatu epean –behar bezala justifikatuta egon behar duten ezinbesteko kasuetan salbu– aurkezten ez dituztenak eta deialdiaren 2. oinarrian eskatutako betekizunen bat betetzea egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatuak izan, eta haien egintza guztiak baliogabeturik geldituko dira, betiere ezertan galarazi gabe haien eskabideetan egindako faltsukeriagatik legokiekeen erantzukizuna.
8.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, Tokiko Gobernu Batzarrak hutsunea beteko du oposizioa gainditu dutenen zerrendan, hots, 7. oinarrian aipatzen den horretan, hurren dagoen eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin, aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera baliatuta.
8.5. Deialdiaren xedezko lanposturako betekizunak eta baldintzak egiaztatzekoa ez den baina Iruñeko Udalak bere eskumenak gauzatuz eskatzen ahal duen beste edozein agiri eskatuko zaio proposatutako izangaiari, eta hark aurkeztuko du, deialdiaren 8.2. apartatuan ezarritakoarekin bat.
9. Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.
9.1. Tokiko Gobernu Batzarrak, erabaki bidez, Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko du, lanpostuan aritzeko, eta lanpostu hutsa esleituko dio aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaiari.
9.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutakoak izendapen-ebazpenean horretarako ezartzen den egunean hartu beharko du lanpostuaren jabetza.
Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez dutenek Iruñeko Udaleko funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, deialdiaren 8.4 apartatuan ezarritakoari jarraituko zaio.
9.3. Izangaia funtzionario bihurtu eta, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio lanpostuaren jabetza hartzen duen egunetik beretik –indarreko araudian ezarritako kasuetan–, kasuan kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 8.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.
9.4. Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautua, eta funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie zuzenean.
10. Jarduketen publikotasuna.
Ezertan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, www.pamplona.es/eu udal-webgunean argitaratuko dira, deialdiaren fitxan, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak eman beharreko ebazpenen eta jarduketen gaineko informazioa eta interesdunendako jakingarriak izaten ahal diren argibide orokor guztiak.
11. Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak.
11.1. Bat etorrita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin, oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, eta 2017-2019 aldirako Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen eta administrazio-araubidean kontratatutako langileen lan-baldintzei buruzko Hitzarmenaren III. eranskinean jasotako prozedurarekin –non arautzen baita Iruñeko Udaleko langileen administrazio-araubideko kontratazioa–, Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpenaren bidez onetsiko dira aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek, hautapen-prozesuan parte hartu eta lanposturik eskuratu ez duten izangaiekin:
a) Lanposturik lortu ez, baina proba gainditu duten izangaien zerrenda.
b) Lanposturik lortu ez, oposizioa gainditu ez, baina hautaprobetako I. atala gainditu duten izangaien zerrenda.
c) Hautapen-prozesuko probako I. atalean ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.
Aldi baterako kontratazio-zerrendak Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpenaren bidez onetsiko dira.
Kontrataziorako deitutako izangaiek egiaztatu beharko dute deialdian eskatutako betekizunak betetzen dituztela kontratua egiteko unean.
11.2. Deialdian eskatutako betekizunak sarrera-prozedurako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bertan bete behar direla ulertuko da, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio-aldiak iraun bitartean.
11.3. Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak Iruñeko Udalaren webgunean argitaratuko dira.
11.4. Probak gainditu baina lanposturik lortu ez dutenen zerrendan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazio altuenaren araberakoa izanen da izangaien hurrenkera.
Halaber, lanposturik eskuratu ez eta proba gainditu ez dutenen zerrendan izangaien hurrenkera probaren I. atalean erdietsitako puntuaziorik handienaren arabera zehaztuko da.
Berdinketarik bada, deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat ebatziko dira.
11.5. Aurreko apartatuan ezarritako hurrenkerari dagokionez, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari men eginen zaio, eta, horrenbestez, aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendan, hiru lanpostutik bat (lehena) gordeko da %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten zerrendako pertsonendako, baldin eta dagozkien hautaprobak gainditu eta dagozkien zeregin eta funtzioekin bateragarri direla egiaztatzen badute, betiere lortutako puntuazioa kontuan hartuta.
11.6. Halaber, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko hogeita zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari men eginen zaio, eta, horrenbestez, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan hamar lanpostutik bigarrena gordeko da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek beteak izateko, betiere haiek kasuko hautaketa-probak gaindituz gero eta beren izaera frogatuz gero.
12. Errekurtsoak.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.
Deialdi honen, bere oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta dei egiteko.
Iruñean, 2025eko ekainaren 9an.–Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, Garbiñe Bueno Zabalza.
I. ERANSKINA.–GAITEGIA
Gaitegi orokorra:
1. gaia.–1978ko Espainiako Konstituzioa: printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubide eta betebeharrak.
2. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: atariko titulua eta II. titulua. Nafarroaren ahalmenak eta eskumenak.
3. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituena. Beharrezko udal-organoen antolakuntza eta jarduera (X. titulua, II. kapitulua). Iruñeko Udalaren Udal Antolaketari buruzko Dekretua.
4. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena: Atariko titulua. Xedapen orokorrak, sektore publikoaren jarduketa-printzipioak eta funtzionamendua, IV. kapitulua (Administrazio publikoen ondare-erantzukizuna). III. titulua, Administrazioen arteko harremanak.
5. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Funtzionario publikoak. III. titulua: Aldi baterako langileak. IV. titulua: Kontratatutako langileak.
6. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Administrazio-prozedurari buruzko xedapen orokorrak. I. titulua: Prozeduran interesdun direnak. II. titulua: Administrazio publikoen jarduera: jarduketa-arau orokorrak; zehaztapenak eta epeak. III. titulua: Administrazio-egintzak: Administrazio-egintzen betekizunak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. IV. titulua. Administrazio-prozedura erkideari buruzko xedapenak: Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betetzea. V. titulua. Egintzak administrazio-bidetik berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio-errekurtsoak.
7. gaia.–113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko erregelamendua onesten duena.
8. gaia.–Iruñeko Udaleko Administrazio prozedura erkidea eta araubide juridiko elektronikoa arautzen dituen Ordenantza.
9. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Gardentasuna: Gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. III. titulua: Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratze-araubidea. VI. titulua. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.
10. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestu eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Datuak babesteko printzipioak. III. titulua: Pertsonen eskubideak.
11. gaia.–Genero-berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarrirako. Atariko titulua. I. titulua: Berdintasun-printzipioa eta diskriminazioaren kontrako babesa. II. titulua: Berdintasunerako politika publikoak. Printzipio orokorrak. V. titulua: Berdintasun-printzipioa enplegu publikoan (I., II. eta III. kapituluak).
12. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Atariko titulua eta I. titulua: Kontratistak. Kontratu-tipologia eta araubide juridikoa. Kontratu publikoen kontratu-kudeaketaren printzipioak eta arauak. Publikotasun-arauak eta esleipen-prozedurak. Kontratuak gauzatzea. II. titulua: Administrazio publikoek egiten dituzten kontratuen arau berariazkoak.
13. gaia.–Iruñeko Udalaren Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako 2030 Estrategia. Diagnostikoa eta Ekintza Plana.
Gaitegi espezifikoa:
1. gaia.–Bektore, barreiatzaile eta izurri kontzeptuak: arrisku nagusiak, lotutako arriskuak eta gaixotasunak kutsatzea.
2. gaia.–Izurrien eragina ekosistemen orekan.
3. gaia.–Laginak hartzeko eta ondoren izurria identifikatzeko behar diren materialak eta tresnak.
4. gaia.–Hiri-izurri motak. Izurriak kontrolatzea hiri-eremuetan. Diagnostikoa eta tratamendua eraikinen kanpoaldean, barruan eta estolderia-instalazio eta -sistemetan.
5. gaia.–AEDES eta CULEX generoetako eltxoak. Kutsatzen dituzten gaixotasunak eta horien garrantzia Osasun Publikoan.
6. gaia.–Akainak. Kutsatzen dituzten gaixotasunak eta horien garrantzia Osasun Publikoan.
7. gaia.–Liztor edo liztortzar asiarra. Biologia. Sarrera, banaketa eta bilakaera. Kontrolatzeko estrategia.
8. gaia.–Eltxo tigrea. Biologia. Prebentzioa eta kontrola.
9. gaia.–Karraskariak. Biologia. Kontrola.
10. gaia.–Organismo xilofagoak. Egur-tratamenduak horiek agertzea eta hedatzea ekiditeko.
11. gaia.–Izurri eta bektoreen kontrol integratua. Bektoreak eta izurriak kontrolatzeko erabiltzen diren prozedura ez-kimikoak. Izurriak prebenitzeko eta kontrolatzeko praktika egokiak.
12. gaia.–Izurriak prebenitzea eraikinaren diseinua baliatuta.
13. gaia.–Udal-esparruan izurriak kudeatzeko plana.
14. gaia.–Biozidak: kontzeptua, konposizioa, formulazioa, taldeak eta baimenduta dauden motak. Bioziden eta produktu fitosanitarioen arteko desberdintasunak.
15. gaia.–Segurtasun-datuen fitxak. (SDF).
16. gaia.–Biozidak: biltegiratzea eta garraioa. Segurtasun-aholkularia. Salgai arriskutsuak garraiatzea izurriak kontrolatzera bideratutako ibilgailuetan.
17. gaia.–Biozidak aplikatzeko teknikak eta ekipoak identifikatzea. Motak eta funtzionaltasunak. Biozidak aplikatzeko prozedurak. Ekipoak mantentzea eta kontserbatzea.
18. gaia.–Hondakinei buruzko Legea. Hondakin arriskutsuak. Jardueran sortutako hondakinak kudeatzea.
19. gaia.–31/1995 Legea, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa; xedea, aplikazio-eremua eta definizioak. Eskubideak eta betebeharrak.
20. gaia.–Jarduerari lotutako arriskuak identifikatzea. Lan-istripuak eta laneko gaixotasunak. Arriskuen prebentzioa eta lehen sorospenak. Babes kolektiboa eta norbanakoena. Norbera babesteko ekipamenduak.
21. gaia.–830/2010 ED, ekainaren 25ekoa, Tratamendu biozidak egiteko gaitzeari buruzko araudi erregulatzailea ezartzen duena.
22. gaia.–EB 528/2012 Erregelamendua, bioziden merkaturatzeari eta erabilerari buruzkoa:
a) Helburua eta xedea.
b) Aplikazio-eremua eta definizioak.
c) Merkaturatzea eta bioziden erabilera.
d) Modu jasangarrian erabiltzeko neurriak.
e) Biozidak sailkatzea, ontziratzea eta etiketatzea.
f) Bioziden erregistroa.
23. gaia.–Establezimendu eta Zerbitzu Bioziden Erregistro Ofiziala (EZBEO). Bioziden Mugimenduen Liburu Ofiziala (BMLO).
II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA
1. Lan-esperientzia (10 puntu, gehienez).
1.1. Lan-esperientzia Desinfekzioko, Arratoi-garbiketako eta Desinfektatzeko burutza-lanpostuetan, titulartasun publikoko organismo edo erakundeetan.
(Esperientzia hori egiaztatzeko, enpresaren ziurtagiria beharrezkoa izanen da, lanpostua eta betetako eginkizunak adierazita). (1 puntu lan horretan egindako urte bakoitzeko).
Zenbat hilabeteko esperientzia: ........................ Puntu-kop.: ........................
1.2. Lan-esperientzia Desinfekzioko, Arratoi-garbiketako eta Desinfektatzeko burutza-lanpostuetan, titulartasun pribatuko organismo edo erakundeetan.
(Esperientzia hori egiaztatzeko, enpresaren ziurtagiria beharrezkoa izanen da, lanpostua eta betetako eginkizunak adierazita). (0,5 puntu lan horretan egindako urte bakoitzeko).
Zenbat hilabeteko esperientzia: ........................ Puntu-kop.: ........................
1.3. Lan-esperientzia Desinfekzioarekin, Arratoi-garbiketarekin eta Desinfektatzearekin lotutako beste lanpostu batzuetan, titulartasun publiko edo pribatuko organismo edo erakundeetan.
(Esperientzia hori egiaztatzeko, enpresaren ziurtagiria beharrezkoa izanen da, lanpostua eta betetako eginkizunak adierazita). (0,2 puntu lan horretan egindako urte bakoitzeko).
Guztira (1.1. + 1.2. + 1.3.): ........................ (10 puntu, gehienez).
Oharrak:
1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio.
2. Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak benetan bete duen lanpostuan egindako zerbitzuak balira bezala kontatuko dira. Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.
Iragarkiaren kodea: L2508392
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
