127. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

AMESKOABARRENA

Deialdia, administrari-ofizialaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko

Ameskoabarrengo Udaleko alkateak, 2025eko ekainaren 10eko 110. Ebazpenaren bidez, honako hau erabaki du:

1. Ameskoabarrengo Udaleko plantillako administrari-ofizialaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdiaren oinarriak onestea.

2. Agintzea oinarri horiek eta eranskinak argitara daitezela Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Ameskoabarrenean, 2025eko ekainaren 10ean.–Alkatea, Estibaliz Erdocia Ormazabal.

PLANTILLAKO ADMINISTRARI-OFIZIALAREN LANPOSTUA OPOSIZIO-LEHIAKETA MURRIZTUAREN BIDEZ BETETZEKO DEIALDIAREN OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen helburua da Ameskoabarrengo Udaleko administrari-ofizialaren lanpostu bat betetzea oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzea.

1.2. Lanaldi osoko lanpostua izanen da. Zerbitzuaren beharretara egokituko dira lanaldiaren araubidea eta ordutegia. Organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.

1.3. Lanpostuak C mailako ordainsariak izanen ditu, bat etorriz Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduarekin (onetsi zen uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez) eta Ameskoabarrengo Udalari aplikatzen zaizkion gainerako xedapenekin. Halaber, izanen ditu plantilla organikoan jasotzen diren osagarri guztiak.

1.4. Lanpostuaren eginkizunak honako hauek dira, aipatze hutsez eta bertzelakoak baztertu gabe:

–Jendearendako arreta, udaleko administrazio-zerbitzuen eta administrazio-lan orokorren kontrola.

–Udaleko alorrendako garatutako datu-baseen aplikazioen kudeaketa, mantentze-lana eta jarraipena.

–Udal ebazpen eta dokumentuen kudeaketa.

–Idazkaritzari laguntzea.

–Eta, oro har, arestian deskribatutakoen antzeko zeregin guztiak egitea, bai eta zerbitzua dela-eta agintzen zaion bertze edozein eginkizun edo zeregin ere, lanpostuari dagokionez eta haren mailaren eta kategoriaren barnean.

2.–Betebeharrak.

Indarrean den araudian xedatutakoaren arabera, oposizio-lehiaketa murriztu honetan parte hartu ahal izateko, ondoko baldintzak bete behar dira, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta esleitutako lanpostuaz jabetzeko orduan:

a) Ameskoabarrengo Udaleko langile finkoa izatea, administrazio-egoera edozein dela ere.

b) Deialdiaren xedeko lanpostua baino maila apalagoan egotea, hau da, E edo D mailan.

c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

d) Gutxienez titulu hauetakoren bat izatea: Batxilergoko titulua, bigarren mailako Lanbide Heziketako titulua edo baliokidea, eta administrazio publikoetan aitortutako bortz urteko antzinatasuna frogatzea.

Ez bada betetzen baldintza hori, zortzi urteko antzinatasun aitortua frogatu beharko da, administrazio publikoetan.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta administrazio publikoaren zerbitzutik kendua ez izatea.

f) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du inolaz ere ekarriko aldatzea parte hartu aurretik lehiakideek zuten araubide juridikoa.

3.–Eskabideak eta aurkezteko epea.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

30 egun naturaleko epea izanen da deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Eskabideak telematikoki aurkeztu behar dira nahitaez, Ameskoabarrengo Udalaren erregistro elektronikoaren bidez, https://amescoabaja.sedipualba.es/carpetaciudadana/tramite.aspx?idtramite=7148, eta hara sartzeko erabili beharko da NAN elektronikoa / ziurtagiri elektronikoa edo Cl@ve sistema. Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela eskatzen diren baldintza guzti-guztiak, hautapen-prozesuan parte hartzeko, eta horrekin batera aurkeztu beharko dituzte 3.3. oinarrian zehaztutako agiriak.

3.3. Eskaerari erantsi beharreko dokumentazioa.

Eskabideari behar bezala bete eta honako agiri hauek erantsi behar zaizkio:

a) Indarreko nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.

b) 2.1. oinarriko b) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren jatorrizkoa edo fotokopia.

c) 9. oinarrian xedatutakoa aplikatzeko, eta denborak eta baliabideak egokitzea eskatzeko, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute, agiri hauetako baten kopiaren bidez:

–Organo eskudunak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Desgaitasuna duten izangaiek eskatzen ahalko dute epeak eta moduak egokitzeko, ariketak egiteko, hala behar izanez gero. Kasu horietan, eskabidean, bertze orrialde batean, adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

d) Lehiaketa-fasean baloratu behar diren alegatutako merezimenduen ziurtagiriak.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, alkateak onetsiko du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, eta ohartaraziko du baztertuek erreklamazioak egin ditzaketela hurrengo bortz egun naturaleko epean eta, akatsik baldin bada, haiek zuzendu.

Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, alkateak ebazpen bat emanen du, lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

Erreklamazioak egiteko epea amaitu eta horiek ebatzirik, Alkatetzak onetsiko du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean berean zehaztuko da proba praktikoa non eta noiz eginen den. Proba baztertzailea izanen da.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:

1.–Epaimahaiburua: Estíbaliz Erdocia Ormazabal, Ameskoabarrengo Udaleko alkatea.

2.–Epaimahaikidea: Ana Sainz Leza, Barbaringo, Lukingo eta Villamayor de Monjardingo udaletako administraria.

3.–Epaimahaikidea: Josune Gurucharri Apesteguía, Iguzkitzako Udaleko idazkaria.

4.–Mahaikidea: Sara Lana Cambra, Eulateko Udaleko idazkaria.

5.–Mahaikide-idazkaria: Ameskoabarrengo Udalean idazkari lanetan ari dena.

Kalifikazio-epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Kalifikazio-epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 39/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Kalifikazio-epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Kalifikazio-epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eskatzen ahal du, proba baterako edo guztietarako. Aholkulari horien laguntza norberaren espezialitate teknikora mugatuko da.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da: lehiaketaldia lehenbizi, eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.1. Lehiaketaldia.

6.1.1. Laneko esperientzia.

Oposizioa gainditu duten izangaiei baloratuko zaie lehiaketaldia, eta 30 puntu izanen ditu gehienez, baremo honen arabera:

–Edozein administrazio publikotan administrari-ofizialaren lanetan emandako urte bakoitzeko: 4 puntu urteko.

–Edozein administrazio publikotan administrari laguntzailearen lanetan emandako urte bakoitzeko: 2 puntu urteko.

Zerbitzu urteak osoak ez badira, zerbitzuak zenbat egunetan egin diren hartuko da kontuan, eta horren arabera esleituko zaie puntuazioa izangaiei.

Aurreko bi atalen batura ez da izanen 20 puntu baino handiagoa.

6.1.2. Prestakuntza.

Deialdiko lanpostuaren edukiarekin lotutako prestakuntza jarduerak edo titulazioak baloratuko dira, eta 10 puntu emanen dira gehienez. Ez da punturik emanen 5 ordutik beherako ikastaroengatik.

–Erakunde ofizialek edo/eta elkargo profesionalek, zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu bakoitzeko (10 eskola-ordu); eta 5 puntu gehienez.

–Lanpostuaren edukiarekin lotutako goi-mailako titulazioak: 4 puntu gehienez.

–Bigarren mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea, baldin haren edukia lanpostuarekin zuzenean loturik badago: 3 puntu gehienez.

–Ofimatikako ikastaroak (Word, Excel, Access, Outlook):

• 0,05 puntu, 5 eta 15 ordu bitarteko ikastaro bakoitzeko.

• 0,10 puntu, 15 eta 30 ordu bitarteko ikastaro bakoitzeko.

• 0,15 puntu, 30 ordutik gorako ikastaro bakoitzeko.

6.2. Oposizioaldia.

Hautapen-prozesua bi proben bidez eginen da. Bata teorikoa izanen da, eta bertzea praktikoa, eta guztiak baztertzaileak izanen dira. Proba hauen puntuazioa, gehienez, 70 puntukoa izanen da.

6.2.1. Proba teorikoa: test motako ariketa izanen da, eta erantzuteko zenbait aukera emanen ditu, baina bat bakarra izanen da zuzena. Gaiak izanen dira deialdiko II. eranskinean ageri direnak. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere, erantzun zuzenaren balioaren laurdena.

Probaren balorazioa 30 puntukoa izanen da gehienez ere, eta kanpoan geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia (15 puntu) gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

6.2.2. Proba praktikoa: idatziz garatu beharko dira II. eranskineko gai-zerrendan jasotakoari buruzko kasu praktiko bat edo batzuk, epaimahaiak horretarako zehaztutako gehieneko denboran.

Probaren balorazioa 40 puntukoa izanen da gehienez ere, eta kanpoan geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia (20 puntu) gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira azterketara agertzen ez direnak edo nortasuna frogatzen ez dutenak arestian aipatutako agirietako baten bidez.

Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Hautapenaldiko proba bakoitzaren kalifikazioa emandakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, eta bortz eguneko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkez ditzaten. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira eta horiek ere iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian argitaratuko; behar denean, proba gainditu duten izangaiak eta baztertuak adieraziko dira –behar dena–, baita hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda.

7.1. Izangaien kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak argitara emanen du probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio-ordenan, eta puntu gehien lortu duen izangaia izendatzeko proposamena eginen dio organo deitzaileari. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar eguneko epean, proposatutako izangaiak aurkeztu beharko ditu deialdiaren 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzen duten agiriak.

7.3. Proposatutakoak ez baditu agiri horiek aurkezten aipatutako epean, eta behar bezala arrazoituriko ezinbertzeko kasuetan izan ezik, ez da izendatuko, eta, orduan, probak gainditu dituztenen zerrendan hurrengo dagoen izangaia izendatuko da.

8.–Adjudikatzea eta lanpostuaz jabetzea.

Alkatetzaren ebazpen baten bidez, lanpostua esleituko zaio puntuazioaren arabera hala dagokion lehiakideari, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

Lanpostuaren jabetza hartuko da esleipena ematen den egunetik eta betiere hilabeteko gehieneko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aitzina.

9.–Datuen babesa.

Izangaiei honako honen berri ematen zaie, jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO) zehazki, haren 13. artikuluari:

–Ameskoabarrengo Udalaren ardura da deialdiko parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamendua.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostuak betetzea.

–Hona hemen oinarri juridikoa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, kontratu bat gauzatzeko, interesduna denean kontratu horren alderdi bat, edo tratamendua beharrezkoa denean kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, berak eskatuta).

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuak komunikatuko dira legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege-Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2. f artikuluarekin.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz edo webgunearen bitartez (www.amescoabaja.org), non informazio gehiago baitago eskura.

–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

10.–Errekurtsoak.

10.1. 39/2015 Legearen 112. artikuluan aipatzen diren kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

10.2. Deialdi honen oinarrien aurka edo aplikatzeko egintzen aurka, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, errekurtso hauetako jar daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari, jarraikiz uztailaren 13ko 29/1998 Legeari (lege horrek arautzen du administrazioarekiko auzien jurisdikzioa), bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hori guztia, bat etorriz ezarrita dagoenarekin urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: langile motak. Funtzionario publikoen hautapena. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. Administrazio egoerak. Eskubideak eta betebeharrak. Ordainsariak. Lan-kontratudunak.

2.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea: prozeduran interesdun direnak; jarduteko gaitasuna eta interesdun kontzeptua; ordezkaritza; administrazio-prozeduran interesdunek beren burua identifikatzea eta sinatzea. Administrazio publikoen jarduera: arau orokorrak, erregistroak, administrazio-isiltasuna, epemugak eta epeak (zenbaketa). Administrazio egintzak: baldintzak. Efikazia, jakinarazpena. Administrazio prozedura erkidea. Bermeak. Faseak. Administrazio errekurtsoak: printzipio orokorrak, gora jotzeko errekurtsoa eta berraztertzeko errekurtsoa.

3.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen Oinarriei buruzkoa: II. titulua: udalerria. I. kapitulua: lurraldea eta biztanleria. II. kapitulua: antolamendua. V. titulua: toki erakundeen funtzionamenduaren araubidea: I. kapitulua: funtzionamenduaren araubidea. IV. kapitulua: herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea.

4.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua: udalerria, Nafarroako toki-erakunde gisa. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarren partaidetza eta informazioa. IV. titulua: toki-erakundeen ondasunak. V. titulua: jarduerak, zerbitzuak eta obrak. IX. titulua: Nafarroako toki-erakundeen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, aurkaratzea eta kontrola: bereziki, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).

5.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. Udal zergak.

6.–Word 2010 testu-prozesadorea: lan eremua; eragiketak dokumentuekin; testuarekin lan egitea; formatua; orrialdearen diseinua; taulak; irudiak; estiloak; estekak txertatzea; goiburuak eta orri-oinak lantzea; edukien aurkibidea; ilustrazioak lantzea; korrespondentzia konbinatzea; eremuekin lan egitea; inprimaketaren konfigurazioa.

7.–Excel 2010 kalkulu-orria: lan eremua; eragiketak liburu eta orriekin; formatuak; eragiketak gelatxoekin eta gelatxo multzoekin; formulak; oinarrizko funtzioak eta funtzio aurreratuak; grafikoak; datuekin lan egitea Excel-en; txantiloiak erabili eta sortzea; taula dinamikoak; inprimaketaren konfigurazioa.

II. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

Eskabidea, Ameskoabarrengo Udaleko administrari-ofizial izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez eta barne igoera murriztuan betetzeko deialdian parte hartzeko (........ zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, data: ..............................).

1.–Datu pertsonalak:

Izen-deiturak: .................................................................................................................................., N.A.N. zenbakia: ............................, egungo helbidea: ..................................................................................., posta kodea: ................., herria: ....................................................................., telefonoa: ...........................

2.–Administrazio datuak:

Zein lanpostutarako izendatu ninduten: ...................................................................................................

Maila edo taldea: ...............................................

3.–Erantzukizuna nirea izanik, honako hau diot:

a) Ameskoabarrengo Udaleko langile finkoa naiz.

b) Deialdiaren xede den lanpostua baino beheragoko maila batean ari naiz.

c) Ez nago borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

d) Batxilergo titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokideren bat dut, eta frogatzen dut 5 urteko antzinatasun onartuta dudala administrazio publikoetan.

e) Ez nago desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez nago kendua administrazio publikoaren zerbitzutik.

f) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa dut, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

4.–Deialdian onartua izateko, eskabidearekin batera behar diren agiriak aurkezten ditut, bai eta Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidea badudala frogatzeko agiriak ere.

Halaber, eskabideari atxiki dizkiot alegatzen ditudan merezimenduen frogagiriak, lehiaketaldian baloratzeko, baremoan ezarritakoaren arabera.

(X batez adierazi dut igoerarako sarbidea).

[ ] Titulazioa eta benetako 5 urteko zerbitzualdia.

[ ] Benetako 8 urteko zerbitzualdia.

Azaldutakoa dela eta,

Eskabidea behar bezala eta epearen barrenean aurkeztu dela onartzeko eskatzen dut, eta hortaz, Ameskoabarrengo Udalaren zerbitzuko administrari-ofizial izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez eta barne igoera murriztuan betetzeko deialdian onartua izan nadila.

(Eguna eta sinadura)

AMESKOABARRENGO UDALEKO ALKATEA.

Iragarkiaren kodea: L2508386