1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
425E/2025 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita proiektu honi buruz, ingurumen ukipenik eragiten ez duela adierazita: "Erriberriko Udal Plan Orokorraren determinazio egituratzaileak aldatzea, hirigintzako araudi partikularraren 54.2.2, 57. eta 58.3 artikuluak". Sustatzailea Nabadia ENSa da (707 NA).
"Erriberriko Udal Plan Orokorraren determinazio egituratzaileak aldatzea, hirigintzako araudi partikularraren 54.2.2, 57. eta 58.3 artikuluak" izeneko proiektuari dagokionez, zeina Nabadia ENSak (707 NA) sustatu baitu:
2024ko apirilean, "Erriberriko Udal Plan Orokorraren determinazio egituratzaileak aldatzea, hirigintzako araudi partikularraren 54.2.2, 57. eta 58.3 artikuluak" izeneko espedientea jaso zen Ingurumen Ebaluaziorako Atalean. 2024ko maiatzean, aipatu atalak errekerimendu bat egin zuen. Haren erantzuna 2025eko maiatzean jaso zen eta, dokumentazio hori aztertu ondoren, honako hau dioen txostena eman da:
Erriberriko Udal Plan Orokorraren aldaketaren helburua da hirigintza araudi partikularrean ezarritako hirigintza-determinazio batzuk aldatzea, zehazki 54.2.2, 57. eta 58.3 artikuluen testuaren zati bat, lurzoru urbanizaezineko eraikinen eta, bereziki, nekazaritzako biltegien baldintza orokorrei buruzkoa. Aldaketak nekazaritzako biltegien tamaina aldatzea proposatzen du, eraikitako azalera (ustiategiaren azaleraren %1 eta gehienez 3.500 m²) eta teilatu-hegalaren gehieneko altuera handiagoa izan dadin, egungo ustiategietara eta makineriara hobeki egokitzeko. Hori guztia, Erriberriko katastroko 10. poligonoko 1157. lurzatian dagoen eraikina handitu ahal izateko.
Lurzati hori gorde beharreko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta dago, natura aldetik ustiatzeko balioa duen lurzoru kategoria du (Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriak), eta bat dator lehorreko erregimenean lantzen eta ustiatzen den eremuarekin, zeina batez ere zerealetarako eta mahastietarako erabiltzen baita. Lur horiek Nafarroako Ubidearen udalez gaindiko proiektu sektorialean sartuak daude eta haren eraginpean daude, eremu ureztagarri gisa.
Lurzati horretan nekazaritzako biltegi gisa erabiltzeko nabe bat dago eraikita, 993 m²-ko azalera duena, udal lizentziarekin eraikia eta Lurralde Antolamenduko Departamentuak aurretik baimendua Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren uztailaren 3ko 168E/2019 Ebazpenaren bidez. Gaur egun, nabe hori nekazaritzako makineria, lanabesak eta tresnak gordetzeko eta alea biltegiratzeko erabiltzen da.
Errekerimenduari kasu eginez, Erriberriko Udal Plan Orokorraren aldaketak ez die honako eremu hauei eraginen, estepako hegaztiak kontserbatzeko garrantzitsuak diren eremu kritikoak baitira: alde batetik, Miranda Arga-Tafalla-Erriberri AC 11 eremu kritikoa, zeina mendebaldean baitago, eta bestetik, Caparroso-Faltzes-Martzilla-Erriberri AC 13 eremu kritikoa, hegoaldean. Hala, eremu horiek orain dauden bezala utziko dira, eta aldaketak udal mugarteko gainerako lehorreko lurrei eraginen die.
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela, eta proposatu du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren txostena ematea, ingurumen ukipen nabarmenik sortzen ez dela iritzita.
Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Ingurumen baimen estrategikoa ematea "Erriberriko Udal Plan Orokorraren determinazio egituratzaileak aldatzea, hirigintzako araudi partikularraren 54.2.2, 57. eta 58.3 artikuluak" izeneko proiektuari buruz, ingurumen ukipenik eragiten ez duela iritzita. Sustatzailea Nabadia ENSa da (707 NA).
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 20an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2507558