Iragarkia
125. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 24a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
189E/2025 EBAZPENA, ekainaren 13koa, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, onesten duena enpresentzako laguntzak emateko deialdia, ibilgailuak txatar bihurtzeko. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 839868, 840082.
2021eko ekainean onetsi zen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/1119 (EB) Erregelamendua, 2021eko ekainaren 30ekoa, zeinaren bidez ezartzen baita klima-neutraltasuna lortzeko esparrua eta aldatzen baitira 401/2009 (EE) eta 2018/1999 (EB) erregelamenduak.
EB Erregelamendu horrek zuzenbidean jasotzen du Europar Batasunaren helburua, klima-neutraltasuna 2050erako lortzearena, eta horrez gain helburu lotesle bat ezartzen du, hemendik 2030era bitartean berotegi-efektuko gasen isurketa netoak gutxienez %55 jaistea, 1990eko isurketa-mailen aldean. Helburu lotesle hori dela eta, Europar Batasuneko instituzioak eta estatuak, modu kolektiboan, derrigortuta daude behar diren neurriak hartzera.
Nafarroako Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzko Foru Legearen 44.1 artikuluak (Mugikortasun jasangarria bultzatzea) ezartzen duenez, Nafarroako administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumenen esparruan, mugikortasun jasangarria sustatzeko neurriak hartuko dituzte, horien bidez erdietsi ahal izateko zenbait helburu, mugikortasunaren eta garraioaren sektorean, berotegi-efektuko gasen isurketen murrizketari dagokionez, foru legean bertan jasotzen diren helburuekin bat datozenak.
Nafarroako administrazio publikoek zenbait politika garatu dituzte mugikortasun eta garraio arloan, eta politika horien oinarrizko printzipioen artean daude energia kontsumoa jaistea eta zero emisioko ibilgailuetarako trantsizioa egitea, bai eta segurtasuna hobetzea ere.
2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planaren (NEP2030) helburuen artean daude energiaren kontsumo efizientea sustatzea, energiaren amaierako kontsumoan energia berriztagarrien ekarpena handitzea eta erregai fosilen erabilera murriztea.
Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak.
EBAZTEN DUT:
1. Onestea enpresentzako laguntzen 2025eko deialdia, ibilgailuak txatar bihurtzeko.
2. Onestea dirulaguntza arautuko duten oinarriak. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honen konpromisoei erantzuteko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:
AURREKONTU-PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
820001-82500-7701-425207: Industriarako laguntzak trantsizio energetikorako | 2025 | 150.000 |
820001-82500-7709-425200: Jarduera ekonomikoa duten pertsona fisikoentzako laguntzen deialdia, ibilgailuak txatar bihurtzeko | 2025 | 150.000 |
Halaber, gehienez ere 1.000.000 euroko kopuru gehigarria finkatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko dirulaguntzetan erabiltzeko. Gehigarri hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera arautuko da. Kopuru gehigarri hori eraginkortasunez erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da, artikulu horretan xedatutako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz. Hasiera batean, honela banatuko da zenbateko gehigarria: %60, 7701 kode ekonomikoa duen partidan, eta %40, 7709 kode ekonomikoa duen partidan.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2025eko ekainaren 13an.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Garbiñe Basterra Oloriz.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Ebazpen honen xedea da 2025ean enpresei ibilgailuak txatar bihurtzeko laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea.
2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planaren 4. zutabeak (Mugikortasunaren deskarbonizazioa) helburu hauek ditu, deialdi honekin lerrokatuta:
–2030erako, garraioan energia berriztagarriak amaierako kontsumoaren %28 izateko helburua lortzea.
–Garraioaren sektoreari lotutako emisioak murriztea (CO2 t).
2. oinarria.–Onuradunak.
1. Onuradun izaten ahalko dira jarduera ekonomikoa duten pertsona fisiko eta juridikoak, dirulaguntza eskatzeko unean beharkizun hauek betetzen dituztenak:
a) Haien jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta Taxonomiari buruzko 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen du.
b) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskabide-orrian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.
2. Eskaera egiten duten unean, eskatzaileek telematikoki aurkeztu beharko dute dirulaguntzen onuradunen gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxaren bidez. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori jasoko da adierazpenean).
Foru legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ezin izanen dira onuradun izan.
3. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ezin izanen dira onuradun izan zuzenbide publikoko entitateez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta irabazi-asmorik badute eta betetzen ez badituzte Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak.
Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete direla ordainketa-epeak:
a) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan: ordezkaritza-ahal nahikoa duen pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiria, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo behar adinako ordezkaritza-ahala duen organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak. Egoera hori egiaztatzeko, b) letran adierazitako frogabideren bat ere erabil dezakete.
b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoen kasuan, honako hauen bidez frogatzen ahal dute:
1. Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, zeinetan xehaturik jasoko baita auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioa, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila, apartatu honetan zehaztutakoa (%90), oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.
Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.
2. Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako "Adostutako prozeduren gaineko txostena", non adierazten baita ezen aztertu dela sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bat (epeak bete direla ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da) eta ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legean jasotako ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.
Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila %90ekoa edo handiagoa denean (18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan ezarritako ehunekoa).
Dokumentazio hau eskaerarekin batera aurkeztu behar da. Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu eskaera egin aurretik, eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta, lortu ondoren, 2025eko urriaren 31 baino lehen aurkeztuko da.
Epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
4. Atal honetan eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, laguntzaren eskaeran jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da, eta baldintzak betetzen jarraitu beharko da laguntza ordaindu arte.
3. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak, gauzatzeko epea eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
1. Laguntza hauen xedea da ibilgailu batzuk txatar bihurtzea. Hain zuzen ere, baldintza hauek betetzen dituztenak:
–Errekuntzako motorra izatea.
–M1, M2, M3, N1, N2 edo N3 kategoriakoa izatea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/858 (EB) Erregelamenduari jarraikiz.
–M1 eta N1 kategorietako ibilgailuen kasuan, hamar urte edo gehiago izan beharko dituzte, lehen matrikulaziotik, txatar bihurtzen diren unetik zenbatzen hasita.
–M2, M3, N2 eta N3 kategorietako ibilgailuen kasuan, ez dira diruz lagunduko Euro VI edo ondorengo araudia betetzen dutenak.
–Eskatzaileak ibilgailuaren titularra izan beharko du txatar bihurtu aurreko hamabi hilabeteetan gutxienez.
–Ibilgailuak ibilgailuen azterketa teknikoa indarrean izan beharko du txatar bihurtzeko unean.
–Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga Nafarroako udalerri batean ordainduta egon beharko da (indarrean dagoen azkena; 2025ekoa, edo, hala badagokio, 2024koa).
2. Jarduketak diruz lagungarriak gauzatzeko epea 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko urriaren 31ra artekoa izanen da.
3. Txatar bihurtutako ibilgailu bakoitzeko dirulaguntzaren zenbatekoa honako hau izanen da:
KATEGORIA | LAGUNTZAREN |
M1 | 1.000 |
M2 | 9.000 |
M3 | 12.000 |
N1 | 1.000 |
N2 | 5.000 |
N3, 16 tonatik beherako gehieneko masa | 7.000 |
N3, 16 tonatik gorako gehieneko masa | 10.000 |
4. Eskatzailea jarduera ekonomikoa duen pertsona fisikoa bada, hasiera batean laguntza txatar bihurtutako ibilgailu baterako emanen da eskatzaile bakoitzeko. Eskatzailea jarduera ekonomikoa duen pertsona juridikoa bada, hasiera batean txatar bihurtutako 5 ibilgailurako emanen da laguntza eskatzaile bakoitzeko. Eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarria balego, aurreko irizpideari jarraikiz baztertutako eskaerek jasoko dute dirulaguntza, 5. oinarrian laguntzak emateko azaltzen den prozeduraren arabera.
4. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea hasiko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean, eta 2025eko urriaren 31n bukatuko da, egun hori barne.
2. Baldintza hauek bete beharko dituzte laguntza eskaerek:
a) Telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko laguntzen fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).
b) Eskaera interesdunaren ordezkari batek egiten badu, ordezkari izateko ahalmena frogatu beharko du.
3. Eskaera bat egin beharko da txatar bihurtu nahi den ibilgailu bakoitzeko.
4. Eskaera izapidetzean, dokumentu bereizietan eta behar bezala identifikatuetan, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:
a) Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren ordainagiria eta hura ordaindu izanaren egiaztagiria (indarrean dagoen azkena, 2025ekoa edo, hala badagokio, 2024koa).
b) Onuradunak dirulaguntza jaso nahi duen banku-kontuaren eguneraketa. Izapide hori "Kontuen eta ordainketen kontsulta" izapidearen bitartez egiten ahalko du, edo laguntzen fitxan eskuragarri dagoen Transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren inprimakia aurkeztuta.
c) Pertsona juridiko pribatuen kasuan, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, irailaren 11ko 59/2013 Dekretuan arautua, fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.
d) 30.000 eurotik gorako laguntzak eskatzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan, abenduaren 29ko 3/2004 Legean (Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituena) ezarritako ordainketa-epeak betetzen dituztela egiaztatzen duen agiria, 2.3 oinarrian adierazitakoaren arabera.
e) Laguntzak telematikoki eskatzeko inprimakia betetzean, organo kudeatzaileari baimena ematen ahalko zaio informazio hau lortzeko:
i. Ibilgailuaren behin betiko bajaren egiaztagiria (egiaztagiri hau ibilgailuen tratamendurako zentro baimendu batek egin behar du Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren izenean) edo, bestela, kasuan kasuko probintziako trafiko-burutzaren ibilgailuen erregistro orokorraren txostena, behin betiko baja frogatzen duena.
ii. Ibilgailuaren zirkulazio-baimena, non ageri baitira honako datu hauek: lehen matrikulazioaren data, Espainiako matrikulazioaren data eta baimena eman den data. Agiri horietako bat eduki ezean, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak ibilgailuaren historiaz egindako txostena aurkeztu behar da.
iii. Ibilgailuen azterketa teknikoaren txartela, indarrean.
iv. Ibilgailuaren Euro araudiaren egiaztagiria, IAT txartelean jasota ez badago.
Eskatzaileak ez badio organo kudeatzaileari baimenik ematen informazio hori eskuratzeko, eskaeran erantsi beharko du baldintza hori egiaztatzen duen dokumentazioa. Eskatzaileak ez badu baimen hori ematen eta ez badu dagokion dokumentazio guztia aurkezten, ezin izanen da eskaera zuzendu, eta ulertuko da eskatzaileak ezetsi egiten duela eskaera.
5. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. 4.4.b oinarrian adierazitako dokumentua ez aurkeztea ezin izanen da zuzendu.
5. oinarria.–Laguntzak emateko prozedura.
1. Dirulaguntza hau banakako ebaluazioaren araubidean emanen denez, eskaerak aurkezten diren hurrenkeraren arabera ebaluatuko dira, 3. oinarrian ezarritako laguntza aplikatuta, horretarako aurrekontu-kreditua dagoen bitartean.
Aurrekontuan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.
Aipatutako foru legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Gobernuaren ekainaren 4ko 3281/2025 Erabakiaren bidez baimena eman zitzaion Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiari 2025. urtean enpresentzako dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidean, ibilgailuak txatar bihurtzeko.
6. oinarria.–Laguntzak ematea eta ordaintzea.
1. Energia Planaren eta Europako Proiektuen Atalak ebaluatuko ditu eskaerak ezarritako irizpideei jarraituz, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.
Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza eman eta ordaintzeari buruz ebazteko eskumena duen organoa.
Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie eskatzaileei, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan jasoko dira, gutxienez ere, dirulaguntza onartu eta ordaintzen zaien eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontu-baliabideen mugagatik ezetsitakoak.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
7. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Diruz lagundutako jarduketa egitea eta aurreko oinarrian ezarritako moduan justifikatzea.
b) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko, 9. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori.
c) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebehar guztiak betetzen ez badira, ordaindutako dirulaguntza itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
3. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak zilegi izanen du beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen jarduketak egitea, egiaztatzeko benetan gauzatu direla dirulaguntzak jaso dituzten kontzeptuak, bai eta funtsak zertarako eman diren, horretarako erabili direla egiaztatzeko ere.
8. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.
9. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEB). Jakinarazpen edo komunikazio horien bidalketen berri emanen da eskabide-orrian adierazitako helbide elektronikoaren bitartez.
10. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, eta, horretarako, erabiliko du Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionala (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zer aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (https://www.nafarroa.eus).
11. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.
Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntzak kudeatzeko. Era berean, jakinarazten da datuak babesteko eskubideak departamentu horretan balia daitezkeela, laguntzen fitxan adierazitako moduan.
12. oinarria.–"De minimis" laguntzak.
Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, honako erregelamendu hauetan ezarritakoaren arabera:
a) Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa (2023ko abenduaren 15eko L EBAO).
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Horren ondorioetarako, erregelamendu horren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.
b) Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzak nekazaritzaren arloan aplikatzeari buruzkoa.
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 50.000 eurotik gorakoa izan. Horren ondorioetarako, erregelamendu horren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.
Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskaeran.
13. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.
Iragarkiaren kodea: F2508592
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
