125. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

172E/2025 EBAZPENA, ekainaren 6koa, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita dirulaguntza honen deialdia: Ibilgailuak txatar bihurtzeko laguntzak, pertsona fisikoei zuzenduak. DDBN kodea: 838295.

2021eko ekainean onetsi zen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/1119 (EB) Erregelamendua, 2021eko ekainaren 30ekoa, zeinaren bidez ezartzen baita klima-neutraltasuna lortzeko esparrua eta aldatzen baitira 401/2009 (EE) eta 2018/1999 (EB) erregelamenduak.

EB Erregelamendu horrek zuzenbidean jasotzen du Europar Batasunaren helburua, klima-neutraltasuna 2050erako lortzearena, eta, horrez gain, helburu lotesle bat ezartzen du: hemendik 2030era bitartean berotegi-efektuko gasen isurketa netoak gutxienez %55 jaistea, 1990eko isurketa-mailen aldean. Helburu lotesle hori dela eta, Europar Batasuneko instituzioak eta estatuak, modu kolektiboan, derrigortuta daude behar diren neurriak hartzera.

Nafarroako Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzko Foru Legearen 44.1 artikuluak (mugikortasun jasangarria bultzatzea) ezartzen duenez, Nafarroako administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumenen esparruan, mugikortasun jasangarria sustatzeko neurriak hartuko dituzte, horien bidez erdietsi ahal izateko zenbait helburu, mugikortasunaren eta garraioaren sektorean, berotegi-efektuko gasen isurketen murrizketari dagokionez, foru legean bertan jasotzen diren helburuekin bat datozenak.

Nafarroako administrazio publikoek zenbait politika garatu dituzte mugikortasun eta garraio arloan, eta politika horien oinarrizko printzipioen artean daude energia kontsumoa jaistea eta zero emisioko ibilgailuetarako trantsizioa egitea, bai eta segurtasuna hobetzea ere.

2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planaren (NEP2030) helburuen artean daude energiaren kontsumo efizientea sustatzea, energiaren amaierako kontsumoan energia berriztagarrien ekarpena handitzea eta erregai fosilen erabilera murriztea.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak.

EBAZTEN DUT:

1. Onestea dirulaguntza honen 2025eko deialdia: "Ibilgailuak txatar bihurtzeko laguntzak, pertsona fisikoei zuzenduak.

2. Laguntza horien oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jasotzen dira.

3. Deialdi honen konpromisoei erantzuteko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTU-PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

820001-82500-7809-425202: Pertsona fisikoei zuzendutako ibilgailuak txatar bihurtzeko laguntzen deialdia

2025

300.000

Halaber, gehienez ere 1.000.000 euroko kopuru gehigarria finkatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko dirulaguntzetan erabiltzeko. Gehigarri hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera arautuko da. Kopuru gehigarri hori eraginkortasunez erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da, artikulu horretan xedatutako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2025eko ekainaren 6an.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Garbiñe Basterra Olóriz.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Deialdi honen xedea da 2025. urteko dirulaguntza deialdi honen oinarri arautzaileak ezartzea: Ibilgailuak txatar bihurtzeko laguntzak, pertsona fisikoei zuzenduak.

2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planeko 4. oinarriaren (mugikortasuna deskarbonizatzea) helburuetako batzuk bat datoz deialdi honetako helburu hauekin:

–2030erako, garraioan energia berriztagarriak amaierako kontsumoaren %28 izateko helburua lortzea.

–Garraioaren sektoreari lotutako emisioak murriztea (CO2 t).

Laguntza deialdi honen xedea da adierazitako helburuak erdiesten laguntzea, txatar bihurtzearen bidez 10 urte baino zaharragoak diren ibilgailuak.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Pertsona fisikoak izan daitezke onuradun. Espainiako nazionalitatea izan beharko dute, edo Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estaturen batekoa edo Suitzakoa. Europar Batasunetik kanpoko atzerritarren kasuan, Espainian izan beharko dute legezko bizilekua. Zehazki, Nafarroan izan beharko dute ohiko bizilekua.

2. Hauek dira onuradun izateko betebeharrak:

a) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

b) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren, hura berreskuratzeko agindu bat, oraindik bete gabea, ezarria ez izatea.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskabide-orrian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

3. Apartatu honetan eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, laguntza-eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, eta baldintzak betetzen jarraitu beharko da laguntza ordaindu arte.

3. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak, gauzatzeko epea eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntza hauen xedea da ibilgailu batzuk txatar bihurtzea. Hain zuzen ere, baldintza hauek betetzen dituztenak:

–Errekuntzako motorra izatea.

–M1 edo N1 kategoriakoa izatea, Europako Paramentuaren eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/858 (EB) Erregelamenduari jarraikiz.

–Hamar urte edo gehiago igaro izana ibilgailua lehenengoz matrikulatu zenetik txatar bihurtzen den arte.

–Eskatzaileak ibilgailuaren titularra izan behar du hura txatar bihurtu baino hamabi hilabete lehenagotik gutxienez.

–Ibilgailuak ibilgailuen azterketa teknikoa indarrean izan beharko du txatar bihurtzeko unean.

–Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga Nafarroako udalerri batean ordainduta egon beharko da (indarrean dagoen azkena; 2025ekoa, edo, hala badagokio, 2024koa).

2. Jarduketa diruz lagungarriak gauzatzeko epea 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko urriaren 31ra artekoa izanen da.

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa 1.000 euro izanen da txatar bihurtutako ibilgailu bakoitzeko.

4. Hasiera batean, eskatzaile bakoitzak ibilgailu bakarrerako laguntza jasoko du. Eskaera guztiei erantzun ondoren kreditua eskuragarri badago, aurreko irizpideari jarraikiz baztertutako eskaerek jasoko dute dirulaguntza, 5. oinarrian azaldutako laguntzak emateko prozeduraren arabera.

4. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hasiko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean, eta 2025eko urriaren 31n bukatuko da, egun hori barne.

2. Baldintza hauek bete beharko dituzte laguntza-eskaerek:

a) Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko laguntzen fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

b) Eskaera interesdunaren ordezkari batek egiten badu, ordezkari izateko ahalmena frogatu beharko du.

3. Eskaera bat egin beharko da txatar bihurtu nahi den ibilgailu bakoitzeko.

4. Eskaera izapidetzean, dokumentu bereizietan eta behar bezala identifikatuetan, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren ordainagiria (indarrean dagoen azkenekoa; 2025ekoa, edo, hala badagokio, 2024koa).

b) Onuradunak dirulaguntza jaso nahi duen banku-kontuaren eguneraketa. Izapide hori "Kontuen eta ordainketen kontsulta" izapidearen bitartez egiten ahalko du, edo laguntzen fitxan eskuragarri dagoen Transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren inprimakia aurkeztuta.

c) Laguntzen eskaera inprimaki telematikoa betetzean, organo kudeatzaileari baimena ematen ahalko zaio informazio hau lor dezan:

i. Ibilgailuaren behin betiko bajaren egiaztagiria (egiaztagiri hau ibilgailuen tratamendurako zentro baimendu egin behar du Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren izenean) edo, bestela, kasuan kasuko probintziako trafiko-burutzaren ibilgailuen erregistro orokorraren txostena, behin betiko baja frogatzen duena.

ii. Ibilgailuaren zirkulazio-baimena; honako datu hauek agertu behar dira: lehen matrikulazioaren data, Espainiako matrikulazioaren data eta baimena eman den data. Agiri hori eduki ezean, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak ibilgailuaren historiaz egindako txostena aurkeztu behar da.

iii. Ibilgailuen azterketa teknikoaren txartela, indarrean.

Eskatzaileak ez badio organo kudeatzaileari baimenik ematen informazio hori eskuratzeko, eskaeran erantsi beharko du txartela indarrean dagoela egiaztatzen duen dokumentazioa. Eskatzaileak ez badu baimen hori ematen eta ez badu dagokion dokumentazio guztia aurkezten, ezin izanen da eskaera zuzendu, eta ulertuko da eskatzaileak ezetsi egiten duela eskaera.

5. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

5. oinarria.–Laguntzak emateko prozedura.

1. Dirulaguntza hau banakako ebaluazioaren araubidean emanen denez, eskabideak aurkezten diren hurrenkeraren arabera ebaluatuko dira, 3. oinarrian ezarritako laguntza aplikatuta, horretarako aurrekontu-kreditua dagoen bitartean.

Aurrekontuan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

Aipatutako foru legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Gobernuaren apirilaren 30eko 3282/2025 Erabakiaren bidez baimena eman zitzaion Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiari 2025. urtean ibilgailuak txatar bihurtzeko dirulaguntzak emateko pertsona fisikoei, banakako ebaluazioaren araubidean.

6. oinarria.–Laguntzak ematea eta ordainketa.

1. Energia Planaren eta Europako Proiektuen Atalak ebaluatuko ditu eskaerak ezarritako irizpideei jarraituz, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza emateari eta ordaintzeari buruz ebazteko organo eskuduna.

Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie eskatzaileei, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan jasoko dira, gutxienez ere, dirulaguntza ematen zaien, eta beraz, jasoko duten, eskatzaileen zerrenda, eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, bai eta, horien artean, aurrekontu-baliabideen mugagatik ezetsitakoak ere.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

7. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diruz lagundutako jarduketa egitea eta aurreko oinarrian ezarritako moduan justifikatzea.

b) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko, 9. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori.

c) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebehar guztiak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

3. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak zilegi izanen du beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen jarduketak egitea, egiaztatzeko benetan gauzatu direla dirulaguntzak jaso dituzten kontzeptuak, bai eta funtsak zertarako eman diren, horretarako erabili direla egiaztatzeko ere.

8. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

9. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEB). Jakinarazpen edo komunikazio horien bidalketen berri emanen da eskabide-orrian adierazitako helbide elektronikoaren bitartez.

10. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, eta, horretarako, erabiliko du Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionala (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zer aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (https://www.nafarroa.eus).

11. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.

Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntzak kudeatzeko. Era berean, jakinarazten da datuak babesteko eskubideak departamentu horretan balia daitezkeela, laguntzen fitxan adierazitako moduan.

12. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.

Iragarkiaren kodea: F2508307