125. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

30E/2025 EBAZPENA, maiatzaren 22koa, Komunikazio Zerbitzuko zuzendariak emana, deialdi bat onesten duena laguntzak eman dakizkien lurreko telebista digitaleko (TDT) lizentzia pribatuen Nafarroako titularrei, 2025ean haur eta gazteentzako ikus-entzunezkoak euskarara bikoizteko. DDBN identifikazioa: 834828.

2025erako Nafarroako aurrekontu orokorrek gastu-partida berri bat onetsi dute haur eta gazteentzako ikus-entzunezko edukia euskarara bikoizteko, Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren Zuzendaritza Nagusiaren gastu-programaren barnean.

Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen artean daude ikus-entzunezkoen produkzioari laguntzea eta telebistaren alorreko Nafarroako telekomunikazio-zerbitzuen eskaintzaile pribatuekiko harremanak.

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura ere.

Horrenbestez, beharrezkoa da laguntza horien oinarriak ezarri eta argitaratzea deialdi publiko bidez, Nafarroako lurreko telebista digitaleko lizentzien titularren bitartez bermatzeko merkatuan haur eta gazteentzat eskaintzen den ikus-entzunezko eduki urria osatzen dela.

Ikusirik Publizitate Instituzionalaren, Sare Sozialen eta Ikus-entzunezko Baliabideen Atalak egindako txostena, eta Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren zuzendari nagusiaren otsailaren 27ko 11E/2025 Ebazpenak aitortutako eskumenez baliatuz eta Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 238/2023 Foru Dekretuaren bidez esleituak ditudan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1.a Deialdi bat onestea laguntzak eman dakizkien lurreko telebista digitaleko (TDT) lizentzia pribatuen Nafarroako Foru Komunitateko titularrei, 2025ean haur eta gazteentzako ikus-entzunezko edukiak euskarara bikoizteko.

2.a Onestea deialdiaren oinarriak. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3.a Baimentzea 30.000 euroko gastua deialdi hau finantzatzeko, zeina 060003 06100 4709 921504 aurrekontuko partidaren kontura aplikatuko baita; "(E) Haur eta gazteentzako ikus-entzunezko materiala bikoizteko laguntzak" da partidaren izena eta 2025eko gastu-aurrekontuan dago.

4.a Ebazpen hau eta haren eranskin arautzaileak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta nafarroa.eus atariko tramiteen katalogoan argitaratzea.

5.a Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta departamentu horretako kontu-hartzailetza delegatuari.

6.a Ebazpenak ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2025eko maiatzaren 22an.–Komunikazio Zerbitzuko zuzendaria, Javier Solano Marzo, eskumenak eskuordetzan emanda dituela (otsailaren 27ko 11E/2025 Ebazpena, Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren zuzendari nagusiak emana).

2025EAN HAUR ETA GAZTEENTZAKO IKUS-ENTZUNEZKOAK EUSKARARA BIKOIZTEKO LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRIAK

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da Foru Komunitateko haur eta gazteei zuzendutako euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza areagotzea. Horretarako, gastu diruz lagungarriak izanen dira hirugarrenen ikus-entzunezko ekoizpen berriak (2020an eta handik aurrera ekoitzitako obrak) emateko eskubideak erostekoak eta obra horiek euskarara bikoizteko profesionalen lana egin eta azpitituluak euskaraz jartzekoak.

Deialditik kanpo gelditzen dira jatorrian euskaraz ekoitzitako obrak eta dagoeneko euskarara bikoiztutako bertsioa dutenak.

Salbuesten dira, halaber, bikoizteko eta euskarazko azpitituluak jartzeko bestelako dirulaguntza publiko batzuk jaso dituzten ikus-entzunezko obrak.

2. oinarria.–Dirulaguntza jaso dezaketen ikus-entzunezko obren tipologia eta aurrekontua.

Adingabeak telebistaren aurrean babesteko mekanismoen erabilera arautzen duen urtarrilaren 19ko 4/2009 Foru Dekretuaren arabera, dirulaguntza jaso dezaketen obren bi tipologia ezartzen dira.

–1 tipologia, haurrentzakoa: publiko guztientzat gomendatzen diren ikus-entzunezko obrak eta zazpi urtetik beherako haurrentzat gomendatzen ez direnak. Eman daitekeen gehieneko aurrekontua: 15.000 euro. 5.000 euro bitarteko hiru laguntza emanen dira deialdi honen 7. oinarriaren arabera balorazio handiena jasotzen duten hiru edukientzat edo eduki-taldeentzat.

–2 tipologia, gazteentzakoa: hamahiru urtetik beherako haurrentzat gomendatzen ez diren ikus-entzunezko obrak. Eman daitekeen gehieneko aurrekontua: 15.000 euro. 5.000 euro bitarteko hiru laguntza emanen dira deialdi honen 7. oinarriaren arabera balorazio handiena jasotzen duten hiru edukientzat edo eduki-taldeentzat.

Fikziozkoak, animaziokoak eta dokumental erakoak izaten ahal dira diruz laguntzeko aurkeztutako edukiak edo eduki-taldeak.

Telebista-operadoreek ezin izanen dituzte 10.000 euro baino gehiago jaso tipologia bakoitzeko.

Deialdi honetan finantza daitekeen gehieneko aurrekontua 30.000 eurokoa da.

3. oinarria.–Onuradunak.

1. Laguntza horiek jasotzen ahalko dituzte lurreko telebista digitaleko (TDT) lizentzia pribatuen Nafarroako titularrek, bai toki-eremukoek, bai autonomia-eremukoek. Telebista-operadore bakoitzak gehienez ere hiru laguntza-eskaera eskatzen ahalko ditu tipologia bakoitzerako, eta haietako bakoitzaren aurrekontua 5.000 eurokoa izanen da gehienez ere.

2. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako inguruabarren bat duten entitateei.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarritzat jotzen dira dirulaguntzaren xede diren jardueren izaerarekin bat datozenak: ekoizpenak emateko eskubideak erostea, bikoizte- eta azpititulatze-gastuak eta obra iragartzeko publizitate-ekintzak eta autosustapenak.

2. Gainera, sustatzaile bakoitzak pertsonal propioaren gastuak aurkezten ahalko ditu, diruz laguntzeko emisioetarako beharrezko kudeaketa- eta izapidetze-zerbitzu gisa; haien zenbatekoa ez da izanen diruz lagundutako ikus-entzunezko eduki bakoitzaren zenbateko guztiaren %10 baino handiagoa.

3. Dirulaguntzaren onuradunek ezin izanen dute deialdi honen oinarrietako 4.1. eta 4.2 oinarrietan jasotakoez bestelako gasturik (zuzenekoak eta zeharkakoak) erreklamatu.

4. Deialdi honetan laguntzak eskatzen dituztenek, kasua bada, jakinarazi beharko dute beste laguntza publiko batzuk eskatu dituztela diruz laguntzeko eskaeraren xedeko ikus-entzunezko obrarako eskubideak erosteko edo bikoizteko.

5. Telebistek ezin izanen dituzte berriz aurkeztu ikus-entzunezko ekoizpena eta euskara sustatzeko beste dirulaguntza-deialdi publiko batzuetara hitzarmen honen kontura finantzatu daitezkeen pertsonal-gastuak.

6. Deialdi honetan azpikontratazioa egiten ahalko da. Kasu horietan, diruz lagundu daitezkeen gastuak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

5. oinarria.–Laguntzen eskatzeko prozedura.

1. Deialdian interesa duten telebistek deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabeteko epean erregistra ditzakete eskaerak. Eskabideak modu telematikoan aurkeztuko dira, nafarroa.eus atarian deialdia tramitatzeko eskura egonen den fitxaren bidez. Eskabidearen eredua eta aurkeztu beharreko gainerako agiriak fitxan berean egonen dira eskura.

2. Eskabidean, telebista-operadore bakoitzak alderdi hauek adierazi beharko ditu: zer edukitarako (adibidez, film luze bat) edo eduki-multzotarako (adibidez, film laburren bilduma bat edo zenbait ataletako telesail bat) eskubideak erosteko asmoa duen eta obra horren azalpen orokorra; aurreikusitako emanaldi-kopurua eta haien egutegia; eduki hori webgunean eskaripean kontsumitzeko eskainiko duen eta horren egutegia; memoria tekniko bat, unitate kudeatzaileak eskaera 7. oinarriaren arabera baloratzeko adinako informazioa ematen duena; eta beste memoria ekonomiko bat, aurreikusitako gastuak (zuzenekoak eta azpikontratazioarenak) xehatuta jasotzen dituena (gastuak ezin izanen dira izan eskaerako 5.000 eurotik gorakoak).

3. Eskabidea aurkezteak berekin dakar formalki eta espresuki onartzea oinarri arautzaile hauetan eta kasuan kasuko deialdian zehazten diren baldintzak.

4. Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, organo kudeatzaileak berrikusiko ditu eta, akatsik edo hutsik aurkituz gero, telebista operadore interesdunari jakinaraziko dizkio. Interesdunak 10 egun balioduneko epea izanen du eskaera zuzendu edo/eta agindutako agiriak entregatzeko. Errekerimendua betetzen ez bada, laguntza-eskaerari uko egin diola ulertuko da. Prozeduraren tramitazioarekin aurrera jarraituko da, nahiz eta arazo intzidental hori dirulaguntzak emateko azken ebazpenean ebatziko den.

5. Laguntza-deialdi hauei dagozkien jakinarazpen telematikoak telebista-operadoreak eskabidean emandako gaitutako helbide elektronikoaren (GHE) bitartez eginen dira. Horretarako, interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du.

6. oinarria.–Laguntza emateko prozedura.

1. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagoka-araubideari jarraikiz tramitatuko da. Prozedura hau, funtsean, honakoan datza: aurkezturiko eskaeren konparaketa egitea, proiektuak baloratzea haien arteko lehentasun-hurrenkera ezartzeko, eta balorazio onena lortu dutenei dirulaguntzak esleitzea, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

2. Prozeduraren organo kudeatzailea Publizitate Instituzionalaren, Sare Sozialen eta Ikus-entzunezko Baliabideen Atala izanen da. Organo horrek eginen ditu prozedura sustatzeko eta espedientea tramitatzeko beharrezko jardunak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako legaltasunaren, publikotasunaren, objektibotasunaren, gardentasunaren, berdintasunaren eta bereizkeria ezaren printzipioen arabera.

3. Organo kudeatzaileak ebaluatuko ditu ikus-entzunezko edukiak ekoizteko proiektuak. Hark ebazpen-proposamen bat igorriko dio Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren Zuzendaritza Nagusiari. Proposamen horretan, baloratutako proiektuen zerrenda azalduko da (lortutako puntuaziorik handienetik txikienera ordenatuak), baita dirulaguntza hartzeko proposatzen diren eskatzaileen zerrenda ere, esleitu zaien zenbatekoarekin. Proposamenean jasoko da onuradunek betetzen dituztela dirulaguntzarako irispidea izateko eskakizun guztiak; onuradun gisa proposatutako telebistei dagokien dokumentazioa eskatu beharko da aldez aurretik.

4. Oinarri hauetan ezarritako kategoria batean edo bietan funtsak gelditzen badira aplikatu gabe eta zenbateko esanguratsuarekin, dirulaguntza bakar batean metatuko da, zeinaren bidez diruz laguntzen ahalko baitira deialdira aurkeztu eta ezarritako gutxieneko balorazioa gainditu duten proiektuak, programek jasotako puntuazio-ordenaren arabera. Erabilgarri dagoena ez bada aski eskatutako aurrekonturako, aukera emanen zaio telebista-operadoreari aurrekontua birformulatzeko. Horretarako, bi egun balioduneko epea izanen du, proposamen hau bide elektronikotik jakinarazten zaion egunetik hasita. Eskaera horri erantzuten ez badio edo ez zaiola interesatzen adierazten badu, eskaintza hurrengo programari eginen zaio, puntuazio-ordenari jarraituz, eta hala, behin eta berriz, aurrekontu erabilgarria agortu arte. Oinarri hau aplikatuz ematen diren laguntzak ez dira aintzat hartuko kategoria bakoitzean operadore bererako ezarri diren gehieneko zenbatekoetarako.

5. Ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak ebazpena emanen du deialdiaren xedeko dirulaguntzak eman eta esleitzeko, diruz lagunduko den eskaeren zerrenda adieraziz eta bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuz; halaber, prozedurak iraun artean gertatu diren gorabehera guztiak ebatziko ditu.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta harturiko ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti. Dirulaguntza jasoko duen eskatzailea edo jasoko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da ebazpenean, eta espresuki adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

6. Emakidaren ebazpena operadore interesdunei jakinaraziko zaie, gehienez bi hilabeteko epean deialdi honetara eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik. Epe hori ebazpenik espresuki jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute operadore interesdunek.

7. oinarria.–Balorazio-irizpideak eta puntuazioak.

Eskaerak ebaluatzeko, hemen zehazten diren irizpideei jarraituko zaie; guztira, 100 puntu dira:

1. Euskarara bikoizteko eta euskaraz emateko ikus-entzunezko obrari aurreikusten zaion inpaktua, 40 puntu bitarte. Hori neurtzeko, kontuan hartuko dira, besteak beste, obrak jatorriko herrialdean izandako arrakasta (zinema-aretoetako edo bideo-plataformetako ikustaldiak), aurkeztu ahal izan den jaialdietan izandako arrakasta eta zinema-kritikako webgune ezagunetan izandako arrakasta.

2. Ikus-entzunezko lanaren izaera eta hezkuntza-balioak (gehienez 15 puntu). Neurtuko da ikus-entzunezko obrak haurrak eta gazteak balioetan hezteko duen balioa, bai eta beste alderdi batzuetan hezteko duen balioa ere; besteak beste, emakumeen eta gizonen berdintasuna, sexu-dibertsitatea, bizikidetza eta tratu ona, arrazismoaren aurkako borroka eta etorkinei harrera ona egitea, desgaitasun fisiko edo intelektualen bat duten pertsonak errespetatzea eta horri buruzko ezagutza, indarkeria ukatzea eta biktimen errekonozimendua.

3. Proiektuen audientzia. 15 puntu emanen zaizkie deialdira aurkeztutako telebistako eskaeren artean eguneko audientzia handiena duenari Nafarroako Foru Komunitatean 2024an egindako azterketan, zeina CIES SL merkataritza-enpresak egina baita, besteak beste, Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan. Puntuazio hori proportzioan emanen zaie aurkezten diren gainerako telebistei, azterketa horretan ematen zaien audientziaren arabera eta arau hau aplikatuz:

15 puntu telebista-operadorearen eguneko audientziagatik

Gehien ikusi den telebista-operadorearen eguneko audientzia

CIES azterlanak ikuskatzen ez dituen telebista-operadoreen kasuan, edo 1.000 ikusletik beherako datuak dituztenen kasuan, 0 puntu emanen zaie atal honetan.

4. Berrinbertsioa Nafarroako ikus-entzunezko sektorean, 15 puntura arte.

Honako hauek baloratuko dira:

–Azpikontratazioa Nafarroako ikus-entzunezko enpresekin, bikoizketak egiteko eta azpitituluak jartzeko: 7,50 puntura arte. 7,50 puntu emanen zaizkio Nafarroako ikus-entzunezko enpresekin zuzeneko gastuan edo azpikontratazioan kopuru handiena bermatzen duen programari. Kategoria bakoitzeko gainerako programak honako formula honi jarraituz baloratuko dira:

7,5 puntu Nafarroako ikus-entzunezko enpresekiko gastu-portzentajeagatik

Nafarroako ikus-entzuneko enpresetan gastu handiena duen telebistaren ehunekoa

–Nafarroako ikus-entzunezko proiektuen antena- edo emisio-eskubideak eskuratzea: 7,5 puntu bitarte. Nafarroako profesional edo enpresek zuzendu, ekoiztu edo/eta banatutako produktuak dira, hau da, ikus-entzunezko produktu horien eskubideak nagusiki Nafarroako konpainiarenak dira, baldin eta telebista operadoreak sozietatean parte hartzen ez badu. 7,50 puntu emanen zaizkio programaren aurrekontu osoaren gainean kontzeptu horregatik gastu portzentajerik handiena duen programari. Kategoria bakoitzeko gainerako programak honako formula honi jarraituz baloratuko dira:

7,5 puntu Nafarroako ikus-entzunezko produktuen antena-eskubideak eskuratzeko gastuaren ehunekoagatik

Kontzeptu honetan gastu handiena duen programak Nafarroako produktuen antena-eskubideak eskuratzeko gastuaren ehunekoa

5. Diruz lagundutako ikus-entzunezko obraren onlineko eskaintza, 15 puntu bitarte. Telebistak diruz lagundutako obra bere webgunean Nafarroako biztanleek eskaripean kontsumitzeko moduan jartzeko konpromisoa hartzen duen hilabete bakoitzeko (2025eko iraila eta abendua bitartean), 5 puntu emanen zaizkio.

Ez dira onartuko 7.1 eta 7.2 oinarrien baturan 25 puntura iristen ez diren proposamen guztiak, eta ez dira puntuatuko oinarri honetako gainerako irizpideen arabera.

8. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Dirulaguntzaren onuradun diren telebistek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Laguntza ematen duen organoaren aurrean jarduera egin dela justifikatzea eta laguntza emateko finkaturiko betebeharrak, baldintzak eta helburua betetzea.

b) Nafarroako Gobernuak eginen dituen egiaztapenak eta Estatuko nahiz Europar Batasuneko kontrol-organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

c) Organo kudeatzaileari idatziz jakinaraztea onetsitako proiektuan egin nahi den edozein aldaketa. Jakinarazpen hori erregistratu eta 15 egun balioduneko epean organo kudeatzaileak ez baldin badio berariaz aldaketa horri ezezkorik ematen, bai komunikazio betebeharra eta bai proposaturiko aldaketa onartutzat joko dira.

d) Onuradunek zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin zorrik ez izatea.

e) Dirulaguntzaren xedeko programetarako lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dagokion organoari. Horrelakoetan zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueran funts horiek nola erabili diren justifikatu beharko da. Laguntza horiek jaso direla jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

f) Jasotako dirulaguntzaren erabilerari buruzko frogagiriak gutxienez 10 urtez gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze- eta kontrol-jarduketak egin ahal izateko.

g) Saioak entzumen-desgaitasunen bat duten pertsonentzat irisgarriak izatearen inguruko oinarrizko araudia betetzea, dirulaguntzaren xede diren ikus-entzunezko edukiei euskarazko azpitituluak jarriz.

h) Argi eta garbi zehaztea, diruz lagundutako eduki bakoitzaren amaierako kredituetan, Nafarroako Gobernuak ikus-entzunezkoaren eskubideak erosten eta hura bikoizten egin duen finantzaketa, Nafarroako Gobernuaren Iogotipoa sartuz. Kofinantzaketa honek telebista-operadoreak telebista-programa horien zabalkundea eta publizitatea egiteko aurreikusten dituen sustapen- edo autosustapen-espazioetan ere agertu beharko du.

2. Dirulaguntzen onuradunek aplikatu beharreko foru-araudian ezarritako gardentasun-betebeharrak bete beharko dituzte, hau da, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean eta irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarritakoak. Horretarako, dirulaguntza jasoko dela jakinarazten den egunetik hasi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute, laguntzaren fitxaren bitartez, dirulaguntzen onuradunen gardentasun-betebeharrari dagokion adierazpena, eskuragarri dagoen eredu normalizatuarekin bat datorrena, eta, betiere, edozein diru-kopuru jaso baino lehen.

3. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Aurreko betebehar horietakoren bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

4. Oro har, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten entitateak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

9. oinarria.–Diruz lagundutako edukien emankizun eta hedapenerako betebeharrak.

1. Programak lizentziako LTDko kanal nagusiaren bitartez ematea (kanal bat baino gehiago dutenen kasuan).

2. Ikus-entzunezko edukiak eman beharko dira aipatutako urtarrilaren 19ko 4/2009 Foru Dekretuaren 14. artikuluan xedatutako ordutegi babestuan (adingabeak telebistaren aurrean babesteko mekanismoen erabilera arautzen du foru dekretu horrek).

3. Ikus-entzunezko edukiak gutxienez behin eman beharko dira telebista-kanalean, 2025eko irailaren 1etik azaroaren 30era, biak barne; eta eskaripean kontsumitzeko libreki eskaintzen duten operadoreen kasuan, gutxienez hilabetez aldi horren barruan.

10. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Dirulaguntza, oro har, amaierako ordainketa batean emanen da; hau da, diruz lagundutako programak gauzatzeko epea amaitzean, operadoreak hurrengo oinarri arautzailean zehazten den dokumentazioa erregistratu ondotik; horretarako, 2025eko abenduaren 9a arteko epea izanen dute, egun hori barne.

2. Hala ere, dirulaguntzaren onuradun diren telebista-operadoreek emandako laguntzaren %100 aurreratzea eskatzen ahalko dute. Eskaera hilabeteko epean erregistratu beharko da, deialdiaren ebazpena jakinarazi eta hurrengo egun baliodunetik zenbatuta, eta dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsen beharra frogatzen duen dokumentazioa erantsi beharko zaio, finantzaketa-baliabide egokien gabezia frogatzen duten kontabilitateko egoera-orriak ere aurkeztuta. Telebista-operadoreek 2025eko abenduaren 9a arteko epea izanen dute, egun hori barne, hurrengo oinarri arautzailean xedatutako dokumentazioa aurkezteko eta aurreratutako funts publikoak behar bezala erabili direla justifikatzeko.

3. Konpromisoak ez betetzeagatiko zigorrak:

Operadore batek aurrekontuan aurreikusi badu Nafarroako ikus-entzunezko enpresak azpikontratatzea edo Nafarroako ikus-entzunezko lanen antena-eskubideak erostea eta ez baditu aurreikuspenak betetzen, onartutako laguntza murriztuko da programa hori ekoizteko, egin ez den inbertsio horren %50eko zenbatekoarekin.

Operadoreren batek konpromisoa hartu badu diruz lagundutako edukia bere webgunean eskaintzeko eta ez badu halakorik egiten, edo eskainitako denbora-tartean baino tarte txikiagoan egiten badu, dirulaguntzaren %5eko zehapena ezarriko zaio, eduki hori eskaripean kontsumitzeko eskaini ez duen hilabete bakoitzeko.

11. oinarria.–Justifikatzeko modua.

1. Diruz lagundutako jarduera egin ondotik, eta dirulaguntza kobratu edo aurreratutako zenbatekoak justifikatu ahal izateko, operadore onuradunek dokumentazio hau aurkeztuko dute telematika erabiliz (nafarroa.eus atariko laguntzen tramite fitxaren bidez), fitxa horretan zehazten den formatu eta edukiarekin, deialdi bakoitzean ezarritako epeen barnean:

a) Dirulaguntzaren xedeko proiektuaren gauzatze-memoria, aurreikusitako helburuak betetzeari buruzko balorazioa barne.

b) Behin betiko gastuak justifikatzeko taula. Gastu horiek justifikatzeko taularekin batera, fakturen kopiak edo gastuak frogatzeko baliokideak diren bestelako dokumentuak dauzkan karpeta bat aurkeztuko da. Hurrenkeran zenbakituko dira (1, 2, 3... dokumentuak), gastuen justifikaziorako taulan ageri diren ordena berean. Aldi berean, gastua justifikatzen duen faktura edo agiri bakoitzarekin batera, ordainketa edo konpentsazioa izan dela frogatzen duen dokumentua erantsi beharko da.

c) Dagokionean, dirulaguntzen deialdi honi ordainsari-kostuak egotzi behar dizkiotenek, ordainsari-kostuen zerrenda; zerrendako pertsonetako bakoitza diruz lagundutako proiektuari nola egozten zaion zehaztu beharko da. Gizarte Segurantzako gastua justifikatzeko, RLC ofiziala (kotizazioen likidazio-ordainagiria, lehengo TC1a) eta RNT ofiziala (langileen zerrenda nominala, lehengo TC2a) eta haiek ordaindu izanaren frogagiriak aurkeztuko dira.

2. Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren jarduerak azpikontratatuz gero, azpikontratistek egiten dituzten fakturak behar adina xehakatu beharko dira, argi identifikatu ahal izateko zer jarduerari egozten zaizkion kostuak.

Iragarkiaren kodea: F2508164