125. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

426E/2025 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Gen Ovi Artajona ENSak sustatutako esnetarako ardien ustiategi-proiektu baten ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita. Instalazioa lehorraldian, erditze-aurrean eta erditze-aldian dauden ardientzat, eta errapeko arkumeentzat eta aurrerako arkume emeentzat da.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, goian aipaturiko espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri dio Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinean (1. taldea, f) Lehenengoa).

Gen Ovi Artajona ENSak esnetarako ardien jarduera bat du, eta instalazioak ditu Artaxoako 12. poligonoko 505. lurzatian. Instalazio horietan, ekoizten ari diren ardiak, arrak eta errapeko arkumeak daude. Ekimenaren bidez, instalazio berri bat jarri nahi dute, 6.000 ardi heldurentzat (ardi lehorrak eta erditzeak), aurrerako 3.000 ardirentzat eta errapeko 3.500 arkumerentzat. Han, orain beste instalazio batzuetan dituzten ustiategiko aziendako gainerako abereak sartuko lituzkete. Horrez gain, erditze garaian dauden emeak ere hartuko ditu instalazioak, esnealdiko lehen egunetan oritza jezteko. I. eranskinean jaso dira, laburtuta, proiektuaren oinarrizko datuak.

Deskribatutako proiektua, bere ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinaren barnean sartzen da, 1. taldeko f) 1 atalean; beraz, proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

–Ingurumen-ebaluazioaren prozedura:

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren txostena egin aurretik, 2025eko urtarrilaren 10ean Ingurumen Ebaluazioaren Atalak kontsulta egin dio Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari, Abeltzaintza Zerbitzuari eta Artaxoako Udalari, ukitutako administrazio publikoei eta sei pertsona interesduni kontsultak egiteko tramitearen barnean, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzan. Animalien Ekoizpenaren Atalak erantzun du, eta azaldu du Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzura txostena bidali dutela, ingurumen-baimen bateratua emateko espedienteari eta Lurraren (Lurra Babesteko Elkartearen) espedienteari erantzuteko.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak xedatzen duenez, ingurumen-organoak ebazpen arrazoitu batez erabakiko du proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta igaro behar duen edo ingurumenaren gaineko eragin kaltegarri adierazgarririk ez duen, ingurumen-inpaktuaren txostenean ezarritako moduan.

–Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta:

Instalazioa belar-soro batean dago, malda pixka bat du mendebalderantz, eta iparraldean eta hegoaldean hareharrizko tontorrekin egiten du muga. Lurzatia hustubide batek zeharkatzen du erdi-erditik, eremua osatzen duten lurzatien arteko mugatik, hain zuzen ere; morfologikoki ez da ubiderik zehaztu, lursaila etenik gabe landuta dagoelako. Hala ere, drainatze-lerroa eremuko isurketa-sare orokorrarekin lotzen da mendebaldean, sarbidearen azpian.

Ingurumen-baimen bateratuaren espedientean honako hauek aztertuko dira: animalien gorozkien kudeaketak lurzorua eta urak eutrofizatzea, lehengai- eta ur-kontsumoa, emisioak eta isuriak, eta hondakinen kudeaketa. Izan ere, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren helburua da aztertzea, batetik, balio natural berezirik ez duen lurzoru naturala erabiltzeak zer ondorio izan ditzakeen; eta bestetik, instalazio berriak lurzoruaren morfologiara eta haren ingurunera nola egokitzen diren.

Instalazioak edukiera handia du, eta hainbat azaleratako mailatan antolatuta dago. Nabe handi bat izanen du animaliak hartzeko; txikiago bat iparraldean, ustiategia berriz hornitzeko; eta ibiltzeko bi patio handi aire zabalean, nabe nagusiaren iparraldean eta hegoaldean. Isurketa-lerroa behean egonen da, hegoaldeko patioaren ondoan. Instalazioak, halaber, simaurrak kudeatzeko plana eta elementu hauek ditu: simaurtegia eta jezteko gelako ur zuriak biltzeko hobia, aldagelak eta errapeko arkumeek hazteko ezinbestekoa duten eraikina.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura egoki bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Esnetarako ardien ustiategian lehorraldian, erditze-aurrean eta erditze-aldian dauden ardientzako eta errapeko arkumeentzako eta aurrerako arkume emeentzako instalazioak jartzeko proiektuak, Gen Ovi Artajona ENSak sustatuak, ez du eragin nabarmenik natura-ingurunean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritakoaren arabera.

2. Proiektua baimenduz gero, baldintza hauek bete beharra sartuko da:

–Proiektuan jasotako ingurumen-inpaktuak prebenitzeko baldintzak bete beharko dira, bai eta ingurumen-baimen bateratuan instalazioaren tamainaren gainean ezarritakoak eta beste alderdi hauei buruzkoak ere: uren kutsadura eta isuri atmosferiko eta akustikoen ondoriozko ukipenak eragoztekoak, isuriei buruzkoak, sortzen diren hondakinei buruzkoak eta simaurren eta minden kudeaketari buruzkoak.

–Proiektuan jasotako landareztatze-neurriak hartuko dira (lurrazala ereinez tratatzea), eta, gainera, instalazioen perimetroan bertako eta ingurunera egokitutako zuhaitz-espezieak landatuko dira; sail horiek jardueraren balio-bizitza osoan zainduko dira.

–Gainera, jarduera garatzeko behar diren baimen guztiak eduki beharko dira, instalazioak elektrizitatez hornitze aldera dagoen linea bideratzeko baimena barne, horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.

3. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen-txostenaren aurka ezin izanen da inolako errekurtsorik jarri, deusetan galarazi gabe proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jartzen ahal direnak, hala badagokio.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko maiatzaren 20an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA

Proiektuaren xedea da abeltzaintza-instalazio bat eraikitzea, lehorraldian, erditze-aurrean eta erditze-aldian dauden ardientzat, eta errapeko arkumeentzat eta aurrerako arkume emeentzat. Instalazioaren eraikinak eta elementu funtzionalak (patioak, hobia eta simaurtegia) 13. poligonoko 1336. eta 1337. lurzatien artean banatuko dira.

Aurrekoarekin bat etorriz, honako hau aurreikusten da:

–1336. lurzatian:

  • Bi nabe aurrerako arkumeak eta ardi lehorrak jartzeko eta lehengai-biltegi bat. Nabeak erabat irekita egonen dira eta bi isuriko estalkia izanen dute.
  • Esnetegia. Erditzeetan ardiak jezteko nabea, itxia eta ardi lehorren nabeari atxikia.
  • 2.700 m³-ko simaurtegia. Hormigoi armatuzko zola eta 3 metroko altuerako bi horma izanen ditu. Barruan malda izanen du eta lixibiatuak biltzeko putzu bati lotuta egonen da.
  • Ur zurien eta errapeko arkumeen hobia, lurperatua ea 600 m³-ko edukierakoa.
  • 3.750 m²-ko lurrezko patio irekia ardi lehorren nabearen iparraldean.

–1337. lurzatian:

  • Errapeko arkumeen nabea, itxiturekin, zoladurarekin eta estalkiekin, erdigunean etena. Mindak biltzeko sistema izanen du, ur zurien eta errapeko arkumeen hobiari lotua.
  • Aldagela estalia, minda-hobira lotua.
  • 3.750 m²-ko lurrezko patio irekia ardi lehorren nabearen hegoaldean.

Aurreikusitako instalazioaren planoa

Iragarkiaren kodea: F2507554