125. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

24/2025 EBAZPENA, ekainaren 13koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Foru Komunitatean baldintzazkotasun indartuko arau zehatz batzuk salbuestea 2025. urtean.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduak, Batasuneko estatuek nekazaritza politika erkidearen esparruan egin behar dituzten plan estrategikoei laguntzeko arauak ezartzen dituenak, Kudeaketarako Lege Betebeharrak (KLB) eta Nekazaritza eta Ingurumen Baldintza Egokiak (NIBE) ezartzen ditu, baldintzazkotasun indartuaren esparruan aplikatu behar direnak.

Erregelamendu horren 13. artikuluko 2bis apartatuan adierazten denez, 1. eta 2. apartatuen arabera ezarritako gutxieneko arauak aplikatzean, estatu kideek aldi baterako salbuespenak egiten ahalko dituzte, adibidez arauetan ezarritako epeen edo aldien baldintzei dagokienez, baldin eta baldintza meteorologikoek nekazariei eta beste onuradun batzuei eragozten badiete urte zehatz batean baldintza horiek betetzea. Aldi baterako salbuespen horiek nekazariei eta baldintza meteorologiko horiek kaltetutako beste onuradun edo eremu batzuei baino ez zaizkie aplikatuko, eta behar-beharrezkoa den bitartean soilik.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urtarrilaren 17ko 7/2024 Foru Aginduaren bidez, arauak ezartzen dira Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan laguntzak jasotzen dituztenek bete behar dituzten baldintzazkotasun indartua eta gizarte baldintzazkotasuna aplikatzeko, onuradun horiek Nafarroako Foru Komunitatean zuzeneko ordainketak eta landa garapenaren arloko urteko zenbait ordainketa jasotzen badituzte.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren abuztuaren 21eko 68/2024 Foru Aginduaren bidez aldatu zen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urtarrilaren 17ko 7/2024 Foru Agindua. Besteak beste, xedapen gehigarri bakarra (Baldintzazkotasun arauak aplikatzeko aldi baterako salbuespenak) onetsi zen; bertan, gaitu egiten da Landa Garapeneko zuzendari nagusia aldi baterako salbuespenak ezartzeko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 13.2.bis artikuluan jasotako baldintzazkotasun arauetan.

Ikusirik INTIAk aurkeztutako txostena, eta bertan adierazten denez, 2025eko kanpainan, Nafarroan izan diren baldintza meteorologikoak direla-eta, nekazariek eta beste onuradun batzuek ezin izanen dituzte bete 6.1 NIBE (uzta bildu ondoko lantzea) eta 6.4 NIBE (lugorri-lurretako nekazaritza-lanak eta -tratamenduak) arauak, zeinak jasota baitaude Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urtarrilaren 17ko 7/2024 Foru Aginduaren I. eranskinean.

Azaldutako guztiarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak baliatuta, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren abuztuaren 21eko 68/2024 Foru Aginduaren xedapen gehigarri bakarraren bidez gauzatutako gaikuntza erabilita (foru agindu haren bidez aldatu zen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urtarrilaren 17ko 7/2024 Foru Agindua, arauak ezartzen dituena Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan laguntzak jasotzen dituztenek bete behar dituzten baldintzazkotasun indartua eta gizarte baldintzazkotasuna aplikatzeko, onuradun horiek Nafarroako Foru Komunitatean zuzeneko ordainketak eta landa garapenaren arloko urteko zenbait ordainketa jasotzen badituzte),

EBAZTEN DUT:

1.–Nafarroako Foru Komunitatean baldintzazkotasun beharkizunak dituzten nekazariak salbuestea, 2025. urtean bete behar ez ditzaten 6.1 NIBE (uzta bildu ondoko lantzea) eta 6.4 NIBE (lugorri-lurretako nekazaritza-lanak eta -tratamenduak) arauak.

2.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3.–Ebazpen hau igortzea Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzuari eta Nekazaritza Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Halaber, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galaraziko Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2025eko ekainaren 13an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.

Iragarkiaren kodea: F2508587