1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
633E/2025 FORU AGINDUA, maiatzaren 19koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez lankidetza hitzarmen bat onesten baita Nafarroako Gobernuko Ekonomia Sozialeko eta Laneko Zuzendaritza Nagusiaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea fundazioaren (NUP fundazioa) artean, unibertsitate mikrokredentziala ezartzeko, espazio osasungarriak diren eta prebentzio erronka berriak dituzten erakundeena, unibertsitate mikrokredentzialak garatzeko SEM planaren baitan, Europar Batasunak (Next Generation EB) finantzatutako suspertze, eraldatze eta erresilientzia planaren esparruan.
Lan Zerbitzuak proposatzen du lankidetza hitzarmen bat onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea fundazioarekin (NUP fundazioa), unibertsitate mikrokredentziala ezartzeko, espazio osasungarriak diren eta prebentzio erronka berriak dituzten erakundeena, unibertsitate mikrokredentzialak garatzeko SEM planaren baitan, Europar Batasunak (Next Generation EB) finantzatutako suspertze, eraldatze eta erresilientzia planaren esparruan.
Enpresa osasungarriak dira beren langileen, bezeroen eta komunitateen osasuna eta ongizatea lehenesten dituztenak, eta, aldi berean, jasangarritasuna eta erantzukizun soziala sustatzen dituztenak. Enpresa osasungarriak sustatzea funtsezkoa da herritarren bizi kalitatea hobetzeko eta eskualde bateko garapen ekonomikoan eta sozialean laguntzeko. Enpresa horiek onura asko dakartzate, bai langileentzat bai gizartearentzat oro har. Onura nabarmenetako bat da langileen osasuna eta ongizatea hobetzen direla, bizimodu osasungarriak sustatzen direlako, estresa gutxitu eta laneko gogobetetzea hobetzen delako; horri esker, produktibitatea handitzen da eta absentismoa murrizten. Era berean, lehiakortasunerako zeharkako faktore bat da, areagotzen baitu enpresen produktibitatea, eta enpresa horiek erakargarriago bihurtzen dira enplegu duina bilatzen dutenentzat, erantzukizuna eta jasangarritasunarekiko konpromisoa bere gain hartzen dituen ingurune batean. Horrek laguntzen du talentua erakartzen eta ondoren atxikitzen, eta hori erakundeetan lantalde egonkorrak osatzeko gakoetako bat da. Ez dugu ahaztu behar enpresa horiek gainerakoak baino egoera hobean daudela osasunarekin eta laneko segurtasunarekin lotutako kostuak murrizteko, lan istripuen eta lanbide gaixotasunen kopurua gutxituz, adibidez. Horrez gain, enpresa osasungarriek jardunbide jasangarriak eta erantzukizunekoak sustatzen dituzte, eta hori lagungarria da gure erkidegoaren garapen ekonomiko eta sozialerako.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak 88. artikuluan ezartzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak hitzarmenak sina ditzake beste administrazio publiko batzuekin helburu komun bat lortzeko.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 90.2.b) artikuluak eta Unibertsitateko, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Lankidetza hitzarmen bat onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea fundazioarekin (NUP fundazioa), unibertsitate mikrokredentziala ezartzeko, espazio osasungarriak diren eta prebentzio erronka berriak dituzten erakundeena.
2. 4.410 euroko gastua baimendu eta xedatzea, Nafarroako 2025eko ekitaldiko aurrekontu orokorren "Askotariko beste gastu batzuk" izeneko 970000-97000-2269-494100 partidaren kargura.
3. Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiari ahalmena ematea hitzarmena sinatzeko eta Nafarroako Foru Komunitateko Baterako Jarduketa Planen, Hitzarmenen eta Akordioen Erregistrora bidaltzeko.
4. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko Lan Zerbitzura, Kontabilitatearen Kudeaketarako Bulegora eta Idazkaritza Tekniko Nagusira, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren kontu-hartzailetza delegatura, eta jakinaraztea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea fundazioari (NUP fundazioa).
5. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 19an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.
Iragarkiaren kodea: F2507311