125. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

97C/2025 EBAZPENA, maiatzaren 15ekoa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita Integración de Complementos Auxiliares SL enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratzea, gordailutzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Aztertu da Integración de Complementos Auxiliares SL enpresaren hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31100261012015), zeina erregistro honetan sartu baitzen 2025eko maiatzaren 9an, 2025eko maiatzaren 7an enpresaren ordezkaritzak eta enpresako gehiengo sindikalak sinatua, eskatutako zuzenketa egin ondoren.

Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Integración de Complementos Auxiliares SL enpresaren hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31100261012015) inskribatzea Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan-akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan.

Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2025eko maiatzaren 15ean.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

INTEGRACIÓN DE COMPLEMENTOS AUXILIARES SA ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA

ERA ASKOTAKO PRODUKZIO JARDUERA OSAGARRIAK

0. artikulua. Alderdien zehaztapena.

Hitzarmen kolektibo hau alderdi hauek itundu dute: batetik, Integración de Complementos Auxiliares SA (hemendik aurrera IDECA) enpresaren ordezkari gisa, Fermín Elizalde Urmeneta; eta bestetik, langileen legezko ordezkari gisa, Carlos Erasmo Sernaque Cherres, CCOO sindikatuko afiliatua.

1. artikulua. Eremu pertsonala eta funtzionala.

Hitzarmen kolektibo honek IDECA enpresako langile batzuk hartzen ditu bere baitan, hain zuzen, haren indarraldia bitartean KYB Suspension Europe SA (hemendik aurrera KYBSE) bezeroak Ororbian dituen instalazioetan lanean ari direnak.

Honako hauek dira langile horiek egiten dituzten lanak:

–Kakoak aldatzea.

–Kalitatea egiaztatu eta berreskuratzea.

–Hodien hornidura, lerroetara.

–Kartaboien arrabotaketa.

–Euskarri administratiboko lanak, eta bezeroarekin eta hornitzaileekin koordinatzekoak.

–Materialak antolatzea.

–Hodien biltegia antolatzea.

–Hodien biltegiko inbentarioa.

–Hodien kamioiak deskargatzea.

–Tapoien pintura kentzea.

–Kamioiak deskargatzea harreretarako nasan (estandarra); enbalaje hutsa hornitzailearengana kargatzea (alboa lurretik).

–Zamak harreren biltegiko apalategietan kokatzea eskorga erretraktilaren bidez.

–Lan aginduak prestatzea (harreren biltegian), prestakuntza txartelekin, plangintza sekuentziaren arabera.

–Fabrikazio aginduen hornidura, lerroetara (trenez edo eskorgaz).

–Fabrikazio bideen fluxuak (trenez edo eskorgaz).

–Txandakako inbentarioak.

–Stock mugimenduak, transakzioak ERPn (QAD) egozteko barra kodeen irakurketa behar dutenak.

Eta IDECAren helburu sozialaren barrenean izanik, KYBSE bezeroak eskatzen duen beste edozein eginkizun edo lan osagarri.

2. artikulua. Indarraldia.

Hitzarmen Kolektibo hau 2025eko urtarrilaren 1etik 2028ko abenduaren 31ra arte egonen da indarrean.

Indarraldia bukatutakoan, eta hau ordezteko beste akordio bat adostu arte, hitzarmen honen eduki osoak izanen du indarra, eta aurreraeragina aplikatuko da ondorio guztietarako, hau da, hitzarmen kolektiboa berritu eta ordeztu arte aplikatzen segituko da denbora mugarik gabe.

Langileen Estatutuaren 86.2 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hitzarmen kolektibo hau salatutzat jotzen da indarraldia bukatu baino bi hilabete lehenagotik.

Era berean, bi alderdiek hitzartzen dute hitzarmen kolektiboaren indarraldia bitartean, enpresaren eta langileen artean sortzen diren eztabaida, interpretazio-zalantza eta auzi guztiak, ahal dela, adiskidetasunez eta elkarrizketaren bidez konponduko direla, eta adierazten dute "bake sozialari" eusteko asmoa dutela.

3. artikulua. Urteko lanaldia, banaketa eta atsedenaldiak.

Urtean gehienez ere 1736 benetako orduko lanaldia ezartzen da hitzarmen honen indarraldiko urte bakoitzerako.

Kalkulatutako ordu horiek ezartzeko, kasuan-kasuan IDECAko lanen bezeroa den enpresaren lan egutegiaren erreferentzia hartuko da, izan ere, langileak, benetan, hari atxikita egonen dira.

Astean 40 ordu lan eginen da, astelehenetik igandera oro har.

Ordutegia lantokiaren ordutegi-taularen arabera ezarriko da.

Lanaldiak jarraituak (intentsiboak edo txandakakoak) eta zatituak izan ahalko dira, kasuaren arabera.

Lanaldi jarraituak 6 ordutik gorakoak diren kasuetan, 15 minutuko atsedenaldia ezarriko da, benetako lan denboran sartuko dena.

Lanaldi zatituetan, bi blokeren arteko atsedenaldia ordubetekoa izanen da gutxienez.

Kasu guztietan, lanaldi bat bukatu eta hurrengoa hasi bitarteko atsedenaldia 12 ordukoa izanen da gutxienez.

4. artikulua. Ordainsariak.

Itun honen indarraldia bitartean, hauek izanen dira urteko ordainsariak:

Langileak bere lan jarduerari zuzenean lotuta jasotzen dituen diru kopuruak dira soldataren barreneko ordainsariak, dirutan edo gauzatan jaso, eta eranskin honen soldataren egituran zehaztuta daude.

Soldatei lotutako kopuru guztiak edo soldataz bestelako partidei dagozkien ordainketak (garraioa, kilometrajeak, dietak eta abar), gastu ordejarriak direnez, kopuru gordinak izanen dira beti, eta Gizarte Segurantzaren araudiagatik aplikatu beharreko atxikipenei loturik egonen dira.

Hurrengo hilaren 3an ordainduko dira soldatak.

Soldata egitura.

–Oinarrizko soldata: Eranskin honetan finkatutako ohiko lanaldia egiteagatik jasotzen den diru kopurua da, hitzarmen kolektibo honen 1. eranskinaren arabera kasuan kasuko lanbide talderako adierazia.

–Aparteko pagak: Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileek "BI" aparteko paga jasoko dituzte (uztailean eta abenduan). Paga horien zenbatekoa langilearen oinarrizko soldata bat gehi antzinatasuna adinakoa izanen da, baina hilero-hileroko alditan hainbanatuko da, hamabi zati berdinetan.

–Borondatezko hobekuntzak: Enpresak eta langile jakin batzuek kontratuz edo itunez ezarrita duten diru kopurua da, eranskineko tauletako soldataren eta itundutako soldata osoaren arteko diferentzia gisa.

–Antzinatasuna: Bosturtekoetan oinarritutako antzinatasunagatiko osagarri pertsonal bat ezarriko da. Bosturteko bakoitzagatik kategoria bakoitzeko oinarrizko soldataren %2,5 ordainduko da.

–Erantzukizun plusa: Lanbide-kategoria berekoei dagozkien ohiko eginkizunez gain, eta enpresarekin banaka adostuta, bezeroei emandako zerbitzuaren kudeaketan zenbait ardura hartzen dituzten langileei ordainduko zaie (aipatze soilean, hauek izanen dira eginkizun horiek: bezeroekin solaskide aritzea, zerbitzua koordinatzeari eta zerbitzuan gerta daitezkeen aldaketei dagokienez, kategoria bereko langileen koordinazioaren alorreko ardura hartzea, bezeroari emandako zerbitzuari buruzko txostenak osatzea, eta antzeko beste batzuk, garrantzi berekoak). Osagarri hau funtzionala da, eta enpresak agindutako arduretan aritzeari loturik dago erabat, aurretiaz enpresarekin adostuta; horrenbestez ez da finkagarria izanen eta bertan behera geratuko da eskumen horiez arduratzeari uzten zaion unean. Erantzukizun plusa 12 pagatan ordainduko da, hilero 200 euro. Enpresari dagokio, eta ez beste inori, plus hau zein langileri eta zein kasutan emanen den zehaztea.

–Prestutasun plusa Lanbide-kategoria berekoei dagozkien ohiko eginkizunez gain, asteburuetan, jaiegunetan eta/edo ordutegi-malgutasunez lan egin ahal izateko prestasun erabatekoa adostu duten langileei ordainduko zaie, betiere produkzio-beharren eta enpresaren eta bezeroen artean kontratatutako zerbitzuko jardueraren arabera. Enpresak ezarriko du plus hau zerbitzuaren beharrak eskatzen duenean eta beharrak iraun bitartean, eta bertan behera utziko du beharrezko ez denean. Hileko 150 euroko hamabi paga ordainduko dira aipaturiko baldintzetan lanerako prest egoteagatik; orobat, lana egiazki burutu delarik, lanaldi arrunt edo aparteko gisa ordainduko da, egindako asteko lanaldiaren arabera. Plus hau jasotzen duen langileren bat agertuko ez balitz enpresak eskatutako unean, eten eginen da plusaren ordainketa, eta enpresak gertaerari eta haren eraginari dagozkien diziplina neurriak hartzen ahal ditu.

2025. urterako soldatak erantsitako taularen arabera mantenduko dira. Hitzarmenaren indarraldiko urte bakoitzeko igoera honako hau izanen da:

2025: soldata igoera Nafarroako Foru Komunitateko 2024. urteko KPIa izanen da.

2026: soldata igoera Nafarroako Foru Komunitateko 2025. urteko KPIa izanen da.

2027: soldata igoera Nafarroako Foru Komunitateko 2026. urteko KPIa izanen da.

2028: soldata igoera Nafarroako Foru Komunitateko 2027. urteko KPIa izanen da.

Soldataren aurrerakinak:

Langileak eskubidea izanen du, hilabetean behin soilik, aurrerakinak eskatzeko sorrarazitakoaren kontura, ordainketa eguna iritsi baino lehen; horretarako, hilaren 10a baino lehen egin beharko zaio eskaera idatzia enpresari.

Eskaera-eguna bitarte hilabete horretan sorrarazitakoaren ehuneko laurogei (%80) da gehienez eskatzen ahal den diru kopurua.

Eskatutako aurrerakina gehienez bost (5) egun balioduneko epean emanen zaio interesdunari, eskaera Giza Baliabideen Departamentuan aurkezten duenetik aurrera.

Aurrerakin gisa eskatutako dirua hilabete bereko nominatik deskontatuko da.

Likidazioak eta azken kitatzeak.

a) Denbora: Langileen eskubidezko soldatak eskubidea sorrarazten den hilabetea bukatu eta ondoko 5 egunean jasoko dira, hilabete naturaletan kontatuta betiere.

b) Forma: Soldatak banku-transferentzia bidez ordainduko dira, langileak horretarako propio jakinarazten duen kontu korrontean edo aurrezki-libretan. Kontu horren titularra langilea izan beharko da.

Kontuan edo libretan aldaketaren bat egin eta hori berandu edo oker jakinarazteagatik soldaten ordainketa atzeratuz gero, enpresak ez du erantzukizunik hartuko bere gain. Aldatuz gero, idatziz eta garaiz jakinarazi beharko du, jakinarazitako aldaketa eguneratu ahal izateko.

c) Azken kitatzeak: Enpresarekin lan harremana bukatzen denean, enpresak zor dituen soldaten likidazioa banku-taloiaren edo banku-transferentziaren bidez eginen da.

d) Egiaztagiria: Soldaten ordainagiria sinatzerik ez badago, langilearen alde egindako banku-transferentziaren aginduak ordainketa egin izanaren frogagiri gisa balioko du.

Langileak helbide elektroniko bat jakinarazi behar dio enpresari, horren bidez soldaten ordainagiriak jaso ahal izateko; eta horrekin batera baimena emanen dio enpresari komunikazio bide hori erabiltzeko paperezko ordainagiriak eman ordez.

Langileak eskatuz gero, azken kitatzearen proposamen bat emanen zaio, aldez aurretik aztertzeko eta diru-sarreren aurreikuspena egiteko.

5. artikulua. Plusak.

Gaueko lana.

Dagokion lanbide taldeari hitzarmen kolektibo honen 1. eranskinean adierazitakoa ordainduko zaio.

Jaiegunetako lana.

Dagokion lanbide taldeari hitzarmen kolektibo honen 1. eranskinean adierazitakoa ordainduko zaio.

6. artikulua. Aparteko orduak.

Dagokion lanbide taldeari hitzarmen kolektibo honen 1. eranskinean adierazitakoa ordainduko zaio. Aparteko orduen prezioa ezin da izan lanordu arruntaren prezioa baino txikiagoa.

7. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.

Langileari kontingentzia arrunt baten ondoriozko aldi baterako ezintasuna aitortzen badiote, bajako lehenengo hiru egunetan enpresak eguneko ohiko soldata gordinaren %80 ordainduko dio langileari, baina bakar-bakarrik urte natural bakoitzean (urtarrilaren 1etik abenduaren 31 bitarte) gertatzen diren lehenengo hiru bajetan.

4. egunetik 20. egunera, langileak oinarri arautzailearen %60 jasoko du, eta 21. egunetik aurrera, oinarri arautzailearen %75.

Laneko istripua bada, langileak oinarri arautzailearen %100 jasoko du lehenengo egunetik.

8. artikulua. Ugazaben mutualitateak.

Hitzarmen kolektibo honen indarraldia bitartean, kontingentzia arrunten eta eritasunen ondoriozko altak eta bajak enpresak izendatzen duen laneko istripu eta gaixotasun profesionalen mutuaren bidez kudeatuko dira.

9. artikulua. Kontratazio-politika.

a) Probaldia: lan kontratu guztiek izanen dute hasierako probaldi bat; hura gaindituta, kontratuak ondorio guztiak sortuko ditu.

Probaldiaren iraupena aurrerago ezartzen diren lanbide taldeetako bati atxikitzeko eta lanpostura egokitu eta hartan jarduteko behar diren titulazioen araberakoa izanen da.

Horrela, bada, honako hauek ezarri dira:

Langile tekniko tituludunak: sei hilabete.

Gainerako langileak: hilabete.

Probaldia bitartean lan harremanean atzera eginez gero, ez da kalte-ordainik izanen beste alderdiarentzat.

Probaldia bitartean, enpresak lan harremana deuseztatzen ahalko du bere kasa, aurrez abisatu beharrik gabe eta kalte-ordainik eman gabe.

Nolanahi ere, probaldia bitartean, langileak bere kontratuko lanbide kategoriari dagozkion ordainsariak jasoko ditu.

Aldi baterako ezintasun batengatik baja hartuz gero, probaldia eten eginen da, kasu guztietan.

b) Lanean hastea: Langilea Langileen Estatutuan eta haren xedapen osagarrietan arauturiko edozein kontratazio modalitateren bidez sartzen ahalko da.

c) Enpresa uztea: beren borondatez enpresatik alde egin nahi duten langileak behartuak daude aldez aurretik enpresari jakinaraztera, epe hauek betez:

Langile tekniko tituludunak: bi hilabete.

Gainerako langileak: hamabost egun.

Aurreabisu hori idatziz egin beharko da, beti.

Langileak aurreabisua egiteko epea betetzen ez badu, enpresak, azken kitatzea ordaintzeko unean, beretzat atxikitzen ahalko du soldataren egun bateko diru kopurua aurreabisuaren gutxieneko epetik betetzen ez duen egun bakoitzeko, langilea hartara behartua baitago.

9.1. Lanbide sailkapena.

Arduraduna: daukan jakintzagatik eta/edo esperientziagatik, administrazioko, antolakuntzako eta informatikako lanak egiten ditu, baita, oro har, gainbegiratzen dituen lanpostuetako berariazkoak direnak ere.

Langile espezialista: daukan jakintzagatik eta/edo esperientziagatik, produkzioari lotutako lanak egiten ditu, 1. artikuluan zehazten direnak. Kategoria honetan sartzeko, urtebeteko edo gehiagoko antzinatasuna eduki behar da enpresan.

Langilea: daukan jakintzagatik eta/edo esperientziagatik, produkzioari lotutako lanak egiten ditu, 1. artikuluan zehazten direnak.

10. artikulua. Oporrak eta egutegiaren egokitzapena.

Oporrak.

1.–Hitzarmen kolektibo honen indarraldia bitartean, haren eraginpeko langile guztiek hogeita hamar egun naturaleko oporraldia izanen dute urtean. Urte bakoitzeko lan egutegian ezartzen den bezala finkatuko dira opor egun horiek.

2.–Langileek bi hilabete lehenagotik eskatuko dituzte oporrak. Opor eskaeren erantzuna ere idatziz eginen da.

Egutegiaren egokitzapena.

Enpresaren ezaugarri bereziengatik eta kontratu jakin batzuen babesean dauden hirugarrenentzako zerbitzuak emateko hartutako konpromisoengatik, halako askatasun bat behar da lanaldiak finkatzean, kontuan harturik aurreikusitako eta ustekabeko behar zehatzak, produkzioaren gorabeherak, lan handiko uneak, langileen absentziak, presako entregak, jardueraren jaitsiera eta abar. Horregatik, oporren egutegia egokituko da IDECAko langileen lanaren hartzaile den bezeroaren lan egutegira.

Hortaz, aipatutakoaren ondorioz behar adina arrazoi daudenean, hau da, antolaketari, teknikari, produkzioari eta egiturari lotutako arrazoiak daudenean, eguneko lanaldia 12 ordura arte luzatzen ahal da gehienez.

Lehenbailehen jakinaraziko zaizkie langileei egoera horiek; ahal dela, 48 ordu lehenago gutxienez.

"Jarduera faltagatik" lanik egin gabe emandako orduak zuzenean konpentsatzen dira hilabete bereko soberako lanorduekin. Saldo hori negatiboa bada langilearentzat, lansari osoa jasoko du, baina ondoko hiru hilabetean erregularizatzeko zain geldituko dira zor dituen orduak; dena dela, zor den konpentsazio hori betetzeko egiten diren orduak ez dira aparteko ordutzat hartuko. Edozein modutan, saldo hori ekitaldi bakoitzaren bukaeran itxiko da.

Eguneko 24 orduetan etengabeko produkzio prozesuak dituzten enpresetan, bermatu egin beharko da, lan txanden bidez, kontratatutako zerbitzua oso-osorik betetzen dela.

Egunero laneratzeari loturiko plusak "jarduera faltagatik" jasotzen ez direnean, ordu horiek errekuperatzearekin batera ordainduko dira, betiere errekuperatzen diren orduen arabera (egun osoak edo ordu gehiago diren).

Jarduera faltagatik konpentsatzeko hiru hilabeteko epe hori luzatu eginen da enpresarekin zerikusia ez duten arrazoiengatik eteten den denbora berean; esate baterako, langilearen oporrengatik edo medikuak emandako bajagatik.

Hilabetean guztira lan egindako orduen saldoa langilearen aldekoa bada eta soberako ordu horiek ezin badira atsedenaldiekin guztira konpentsatu, aparteko ordu gisa ordainduko zaizkio, baina ez dira 80 ordu baino gehiago izanen urtean.

Langileen ordainsaria hilabetekoa denez, langileak enpresatik alde egiten badu ordu zorra izanik, azken kitatze-likidaziotik kentzen ahalko zaio ordu horiei dagokien dirua.

11. artikulua. Segurtasuna eta higienea.

Bi alderdiek adierazten dute erabateko konpromisoa dutela laneko arriskuei aurrea hartzeari buruz indarra duen legearen edukia oso-osorik bete eta betearazteko, baita honako hauetarako ere:

–Laneko arriskuak eta laneko istripuen arriskuak ezagutzea arriskuen ebaluazioaren bitartez, eta haiei aurrea hartzea indarreko xedapenekin bat. Horretarako, enpresan gertatutako lan istripuei eta laneko eritasunei buruz behar den informazioa jakin behar da, behar den maiztasunarekin.

–Norberaren babeserako baliabide, jantzi edo segurtasun-ekipamenduen erabilera ezagutu, erakutsi eta sustatzea.

–Ludopatia arazoak dituzten edo alkohola edo drogak kontsumitzen dituzten pertsonei arreta ematea, gaiak eskatzen duen konfidentzialtasunaz jokatuz, eta pertsona horiek bideratzea horrelako arazoak konpontzeko egokiak diren elkarte edo pertsonengana.

–Enpresa nagusiarekin enpresa jardueren koordinazioa eginen da, Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 24. artikulua betetzeko.

12. artikulua. Lizentziak eta baimenak.

Lizentzia eta baimenen arloan Langileen Estatutuan eta indarra duten gainerako xedapenetan xedaturikoa izanen da aplikatzekoa.

Behar bezala justifikatzen bada, enpresako langileek, hauetako kasuren bat gertatuz gero eta aurretik abisatuz gero, eskubidea izanen dute lanpostutik alde egiteko edo lanera ez agertzeko, soldata ordainduta:

a) Ezkonduz gero edo izatezko bikote gisa erregistratuz gero, bikotekideen generoa edozein dela ere, 15 egun natural (hamabost) emanen dira, gertaeraren egunetik beretik hasita. Epe hori ezin izanen zaio ohiko oporraldiari gehitu, non ez dagoen berariazko itunik enpresaren eta langilearen artean.

b) Ezkontideak, izatezko bikotekideak edo bigarren mailara arteko odol- edo ezkontza-ahaideek (izatezko bikotekidearen odol-ahaideak barne) edo langilearekin etxe berean bizi den eta haren zaintza behar duen beste edozein pertsonak istripu edo eritasun larria baldin badute, ospitaleratu behar badituzte edo ospitaleratzerik ez baina etxean atseden hartzea eskatzen duen ebakuntza kirurgikoa baldin badute, langileak 5 laneguneko baimena izanen du. Bigarren mailara arteko ahaide bat ospitaleratzen badute eta gaua ospitalean eman behar badu eta/edo ebakuntza kirurgikoa egiten bazaio, langileak 5 eguneko baimena izanen du. Jarraian edo etenekin hartzen ahalko da, baldin eta gertaera eragileak irauten badu.

c) Aurreko atalean aipatutako ahaideak hilez gero, bi (2) egun natural. Arrazoi hori dela-eta langileak 400 kilometro baino gehiagoko bidaia egin behar badu joan-etorriko ibilbide bakoitzean, epea bi egunez luzatuko da.

d) Ohiko bizilekua aldatzeagatik, egun bat (1). Lizentzia hori ezin zaio gehitu ezkontzagatiko lizentziari.

e) Behar-beharrezkoa den denbora, publikoa edo pertsonala den eginbehar saihetsezinen bat betetzeko, boto ematekoa barne. Horri dagokionez, atal honetan sartzen da prozesu penaletan epaimahaikide gisa parte hartzea, epaiketetara joatea, administrazio adiskidetzeetara joatea, hauteskunde mahaietan parte hartzea bertako kide gisa, eta abar.

f) Eginbehar edo kargu publikoa betetzeagatik, langileak kalte-ordaina jasotzen badu, hasieran legokiokeen soldatatik deskontatuko zaio.

g) Sindikatuko eginkizunak edo langileen ordezkari lanak egiteagatik, unean uneko araudiek xedatzen dutenari jarraituko zaio.

h) Jaio aurreko azterketengatik eta erditzea prestatzeko teknikengatik, horretarako ezinbestekoa den denbora, baldin eta lanaldiaren barrenean egin behar badira.

i) 9 hilabetez azpiko seme-alabei esnea emateko, ordu bat (1) egunean, bi zatitan banatzen ahalko dena. Zilegi da ordu horiek pilatzea eta amatasun bajaren ondotik batera hartzea atseden egun gisa; bukatutakoan, bere ohiko lanaldiarekin itzuliko da lanera. Erditzen denetik bederatzi hilabete iragan baino lehen enpresa utziz gero, aurreratutako orduak azken kitatzearekin batera erregularizatuko dira.

j) Aldez aurretik jaiotako seme-alaben kasuan, edo erditu ondoren ospitaleraturik egon behar baldin badira, egunero ordu bat (1).

k) Generoko indarkeria kasuetan, salaketa tramitatzeko, auzitegiko medikuaren azterketak egiteko eta, hala badagokio, abegi zentroetara aldatzeko behar den denbora. Kasu horiek sentsibilitate eta tratamendu berezikoak direnez, enpresak eta ukitutako langileak aztertuko dute kasu bakoitza, beharrak eta lizentziak zein diren erabakitzeko.

l) Langileek urtean gehienez 6 ordu izanen dituzte familia-medikuaren kontsultara joateko.

m) Langileek urtean gehienez 6 ordu izanen dituzte mediku espezialisten kontsultetara joateko.

13. artikulua. Erretiroa.

65 urteko adina ezarri da Integración de Complementos Auxiliares SLko langile guztiek nahitaezko erretiroa hartzekoa, betiere adin hori betetzean langileak betea baldin badu gutxieneko kotizazio-aldia eta kontribuzio-modalitateko erretiro-pentsiorako eskubidea izateko Gizarte Segurantzaren alorreko legediak xedatutako gainerako eskakizunak, Langileen Estatutuaren 10. xedapen gehigarria xedatutako ezertan eragotzi gabe.

65 urte betetzean gutxieneko gabealdia osatu gabe dutenen kasuan, indarreko legedian ezarritako gutxieneko kotizazio-aldia bete arte falta zaien denbora-tartearen arabera zehaztuko da erretiroa hartzeko adina.

Enpresak, enplegu beharren eta berariazko erregulazioen arabera, erreleboko kontratuak egiten ahalko ditu, erretiroa hartzea eta lanean hastea errazteko, hurrenez hurren, edo plantilla egokitu dezake langile berriak kontratatuz enplegu programen bitartez, nahitaezko erretiroagatik edo erretiro partzialagatik sortzen diren bajak konpentsatzeko.

14. artikulua. Laneko arropa ematea.

Urtean behin, enpresak uniformea eta oinetakoak emanen dizkie langile guztiei.

Ezarritako uniformea eta norbera babesteko ekipoak ez erabiltzea desobedientziako diziplina-falta gisa hartuko da.

Uniformea egoera egokian mantentzea langilearen ardura izanen da.

15. artikulua. Lanaldiaren eta ordutegiaren aldaketak.

Hitzarmen kolektibo honetan ezarritako baldintzak aldatzen ahalko dira produkzioari edo antolakuntzari lotutako arrazoiengatik edo arrazoi tekniko zein ekonomikoengatik, indarreko legediaren arabera.

Genero indarkeriaren biktima diren langileek lanaldia murrizteko edo ordutegia zein lanaldia egokitzeko eskatuz gero, enpresak eta langileak zuzenean itundu beharko dute egokitzeko modurik hoberena, kontuan hartuta dauden beharrak eta egoera erreala.

16. artikulua. Diziplina araubidea.

1. Faltak eta zehapenak.

Enpresak zilegi du langileak zehatzea lan arloko betebeharrak ez betetzeagatik, baldin eta ez-betetze hori langileei aplikatu beharreko arauetako batean berariaz agertzen bada, eta, zehazki, hurrengo ataletan aipatzen diren faltetakoren bat eginez gero.

Faltaren garrantzia, ondorioak eta asmoa kontuan hartuta, arinak, astunak edo oso astunak dira.

2. Zehapen-prozedura.

Enpresak zehapenak jartzeko ahalmena du, eta zehapen horiek idatziz jakinarazi behar ditu beti, hitzezko kargu-hartzea izan ezik. Zehatutako langileak jaso izanaren agiria hartu eta sinatu beharko du edo, bestela, langileak horri egiten badio, bi lekukok sinatu beharko dute.

3. Falten mailaketa.

Langileen faltak arinak, astunak edo oso astunak izanen dira, ondoko zerrendaren arabera:

1.–Falta arinak:

a) Hiru puntualtasun falta bitarte hilabeteko epean, bost minututik gorakoak eta hamabost minututik beherakoak, laneko ordutegietan aurreikusitako sarrera orduaren aldean.

b) Egun batean lanera ez joatea arrazoi justifikaturik gabe.

c) Enpresari ez komunikatzea edo jakinaraztea eritasun bajak eta altak, behar den aurrerapenarekin, non ez den horretarako ezusteko ezintasuna frogatzen.

d) Arrazoi justifikaturik izan gabe, lanetik alde egitea denbora gutxirako. Horren ondorioz enpresari edo lankideei kalte larria eragiten bazaie, falta hau astuntzat edo oso astuntzat har daiteke, kasua nolakoa den.

e) Arreta gabezia txikiak materiala zaintzean.

f) Norbere garbitasun eta txukuntasunik eza.

g) Jendeari arreta adeitasunez eta maratz ez ematea.

h) Bizilekuz aldatzearen berri ez ematea enpresari.

i) Lankideekin eztabaidak izatea enpresaren egoitzan, kanpoko inor aurrean ez dela. Eskandalu nabarmena eraginez gero, falta astun edo oso astuntzat har daiteke.

j) Enpresan debekatuta dagoen tokietan erretzea. Toki horiek arriskutsu gisa seinalatuta badaude, falta larria edo oso larria izanen da.

k) Enpresak emandako jantziak eta ekipamendua ez erabiltzea, erabiltzeko jarraibideak eman badira.

l) Enpresaren barneko arau eta zirkularrak aintzat ez hartzea eta agintariei ez obeditzea, garrantzi txikiko kontuetan bada.

m) Enpresaren ekipamendu informatikoak, materiala eta tresnak baimenik gabe erabiltzea norberaren xedeetarako edo aisiarako, lanaldi barrenean edo kanpoan.

n) Laneko arriskuei aurrea hartzeko xedapenak aintzat ez hartzea, ezkutatzea eta ez betetzea kontu arinetan.

o) Aurrekoen antzeko beste edozein falta.

2.–Falta astunak:

a) Hiru puntualtasun falta baino gehiago hilabetean, bost minututik gorakoak.

b) Hilabetean bi egunez huts egitea lanera; horren ondorioz, itundutako zerbitzuei edo bezeroei kaltea eraginez gero, oso astuntzat joko dira.

c) Familian izandako aldaketak behar den garaian ez jakinaraztea, Gizarte Segurantzan edo zergen atxikipenetan eragina izan badezakete. Asmo txarra ageri bada, oso astuntzat hartuko da.

d) Lanorduetan jolasean edo denbora-pasa ibiltzea.

e) Lanaldian lan pertsonalak egitea, irabazi asmoarekin edo gabe.

f) Eritasun edo istripuaren itxurak egitea.

g) Nagusiei desobeditzea lan kontuetan, bete beharreko eginkizunei loturik badago; enpresari kalte egiten badio, oso astuntzat jo daiteke.

h) Beste langile baten presentzia simulatzea, ordutegi kontrolean haren ordez fitxatuz, erantzunez edo sinatuz.

i) Axolagabekeria edo zabarkeria lanean, horren ondorioz justifikatu gabeko atzerapena, akatsak edo kaltea eragiten bazaie bere ondoko langileei.

j) Lanean zuhurtziarik gabe jokatzea; istripua izateko arriskua sortuz gero langilearentzat edo lankideentzat, edo matxura-arriskua laneko instalazio edo tresnetan, osa astuntzat jotzen ahalko da.

k) Mozkortzea edo substantzia toxikoekin antzeko egoeran jartzea lantokian, edo lantokitik kanpo, enpresaren jantziak soinean dituela.

l) Liskar eta borroketan aritzea, lantoki barrenean zein kanpoan, enpresa identifikatzen duen arropa jantzita.

m) Falta arinak egitea behin eta berriz, mota desberdinetakoak izanik ere, hiru hilabetean, aurretik idatzizko jakinarazpena egin zaionean.

n) Laneko arriskuei aurrea hartzeko xedapenak aintzat ez hartzea, ezkutatzea eta ez betetzea, kalte larriak eragiten badira langileen segurtasunean eta osasunean.

o) Aldi baterako ezintasunei buruzko baja-agiriak eta baja berrestekoak ez jakinaraztea bost eguneko epearen barrenean, baita altak ez jakinaraztea ere berrogeita zortzi orduko epean, non ez den horretarako ezintasuna frogatzen.

p) Lizentzia eta baimenak emateko arrazoiak faltsutzea.

q) Garbitasunik eta txukuntasunik ez izatea ohituraz eta etengabe, halakoa non lankideen edo bezeroak diren enpresen arduradunen arrazoizko kexak sortzen dituen.

r) Aurrekoen antzeko beste edozein falta.

3.–Falta oso astunak:

a) Bost minututik gorako hamar puntualtasun falta baino gehiago sei hilabeteko epean, edo hogei urtebetean.

b) Hilabetean bi egunetan baino gehiagotan ez agertzea lanera, justifikatu gabe, hogeita hamar eguneko epean.

c) Kontratuko onustea haustea, eta desleialtasuna edo konfiantza-abusua agindu zaizkion kudeaketetan.

d) Enpresari edo beste lankideei ebastea edo lapurtzea, baita beste edozein pertsonari ere, lantokian denean edo beste edozein lekutan lanean aritzean.

e) Enpresaren zein haren bezeroak diren enpresen lehengai, lanabes, tresna, makineria, aparatu, instalazio, eraikin, altzari eta dokumentuak desagerrarazi, erabilezin utzi, suntsitu edo hondatzea. Estaltzea eta konplizitatea parekatuko dira jokabide horiek behar adina egiaztatzen direnean.

f) Justizia Auzitegiek emandako kondena irmoa, askatasuna galtzea dakarrena.

g) Mozkortasuna eta toxikomania, eragin kaltegarria badute norberaren lanean edo taldearenean.

h) Enpresaren zein bezeroak diren enpresen posta, dokumentu edo datu ezagun eta erreserbatuen sekretua urratzea.

i) Hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea eta agintekeria edo errespetu falta larria erakustea nagusiei edo haien ahaideei, lankideei edo mendekoei.

j) Istripu larriak eragitea zabarkeriagatik edo zuhurtasunik ezagatik.

k) Lantokitik alde egitea, erantzukizuneko postuak direnean.

l) Ohiko lan-errendimendua nahita eta etengabe gutxitzea, bai eta lanbide-kategoriako eginkizunak alde batera uztea ere.

m) Lankideekin liskarrak eta borrokak maiz sortzea.

n) Falta astun bat egin eta hurrengo sei hilabeteetan, falta errepikatzea, nahiz eta bestelako falta izan.

o) Lanean diziplinarik ez izatea edo desobeditzea, horrek eragin garrantzitsua duenean beste langileengan, kalte nabariak sortzen dituenean edo agindua eman duena iraintzen denean.

p) Enpresaburua edo enpresan lan egiten duten beste pertsona batzuk jazartzea haien arraza edo jatorri etnikoagatik, erlijio edo sinesmenengatik, adinagatik edo sexu-joerengatik.

q) Norberaren helburuetarako abusuz erabiltzea enpresak langileen esku uzten dituen baliabideak, hala nola telefonoa, posta elektronikoa, Internet eta beste edozein.

r) Nagusiak agintekeriaz aritzea falta oso astuna izanen da beti. Agintekeria pairatzen duenak berehala jakinaraziko dio enpresako Zuzendaritzari.

s) Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 29. artikuluan ezarritako eginbeharrak ez betetzea, langileen segurtasunerako kalte larriak eta berehalakoak izateko arriskua badakar.

t) Bezeroen edo kanpoko beste entitate batzuen aurrean IDECAk duen irudia larriki hondatzen duten jarduketak.

u) Aurrekoen antzeko beste edozein.

4. Zehapenen mailaketa.

Langileen ez-betetzeei aplikatu beharreko zehapenetan haien asmoa, garrantzia, ondorioak, fede txarra, zabarkeria eta eragindako kaltea hartuko dira kontuan, besteak beste. Zehazki, hauek dira enpresak ezartzen ahalko dituen zehapenak:

1. Falta arinak: kargu-hartzea, edo enpleguz eta soldataz gabetzea egun bat (1).

2. Falta astunak: enpleguz eta soldataz gabetzea bi (2) eta hamabost (15) egun bitartean.

3. Falta oso astunak: enpleguz eta soldataz gabetzea hamasei (16) eta hirurogei (60) egun bitartean, eta kaleratzea.

5. Preskripzioa.

Falta arinak hamar egun naturaleko epean preskribatuko dira; astunak hogei egun naturaleko epean; eta oso astunak hirurogei egun naturaleko epean, enpresak faltaren berri jakin duen egunetik aitzina. Nolanahi ere, gertatu eta handik sei hilabetera preskribatuko dira.

17. artikulua. Zuzenbide osagarria.

Hitzarmen kolektibo honetan aurreikusia ez dagoen guztian, Langileen Estatutuan xedatutakoari jarraituko zaio.

18. artikulua. Batzorde paritarioa.

Alderdi sinatzaileek erabaki dute batzorde paritario bat ezartzea, hitzarmen kolektibo honetan ezarritakoaren interpretazio, bitartekaritza eta ikuskapen organo gisa, indarreko araudiak hitzarmen kolektiboen batzorde paritarioei esleitzen dizkien gai guztiei heltzeko eta, halaber, hitzarmen kolektibo honetan esleitzen zaizkien gaiez eta geroko akordioetan esleitzen ahal zaizkien gaiez arduratzeko eta, hala balegokio, horien gainean ebazteko.

1.–Batzordeko kideak. Batzorde paritarioak enpresaren bi ordezkari izanen ditu, enpresako zuzendaritzak hautatuak, eta langileen bi ordezkari: langileen delegatua eta enpresan antzinatasun handiena duten langileetako bat.

2.–Helbidea. Ondorio guztietarako, batzordearen helbidea enpresaren helbidea izanen da.

3.–Eskumenak. Besteak beste, eginkizun hauek izanen ditu:

–Hitzarmen kolektibo hau interpretatzea, itundutakoa betetzen den begiratzea eta haren segimendua egitea.

–Enpresan hitzarmen hau aplikatzeagatik sortzen diren gatazkez nahitaez arduratzea, auzia bide administratiboan, judizialean edo organo eskudunean formalizatu aurretik.

–Negoziazio alderdiek eskatuta, bitartekari lana egitea mota guztietako gatazka kolektiboetan.

–Alderdiak ados egonda, beharrezkoak edo komenigarriak diren beste eginkizun batzuk, hitzarmen kolektibo honen eraginkortasun praktikoa handiagoa izan dadin.

4.–Prozedura. Kontsulta erregistratu eta biharamunetik aurrera, batzorde paritarioak gehienez 15 egun naturaleko epean hartu beharko du erabakia planteatzen zaizkion kontuei buruz. Batzorde paritarioak hura osatzen duen alderdi bakoitzaren (langileena eta enpresarena) gehiengoarekin hartuko ditu erabakiak. Batzorde paritarioak esku hartzeko tramitea agortutzat joko da adierazitako epea iragaten denean berariazko ebazpenik eman gabe. Hortaz, libre geldituko da bide administratiboa edo judiziala, kasuaren arabera.

19. artikulua. Hitzarmena ez aplikatzea eta lan-baldintzak aldatzea.

Enpresak ezin izanen dio inola ere heldu hitzarmen hau ez aplikatzeko aukerari Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluko prozeduraz baliatuz, eta saiatu beharko da muga-eguna baino lehen hitzarmena berriz ere negoziatzen, beste hitzarmen bat lortzeko edo hura berrikusteko Langileen Estatutuaren 86.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Hitzarmen honen parte dira, eranskin gisa, honako hitzarmen honetan ezarritakoari kontra egiten ez dioten lehenagoko akordio kolektibo guztiak, langileek eta enpresako zuzendaritzak sinatuak dituztenak.

AZKEN XEDAPENA

Hitzarmena erregistratzea: hitzarmen hau sinatzen denetik zazpi eguneko epean, enpresak Nafarroako Gobernuko Lan Departamentuan erregistratuko du, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, eta sinatzen duen langileen ordezkaritzari departamentu horretako erregistroaren kopia bat igorriko dio.

Enpresaren aldetik: Fermín Elizalde Urmeneta. Langileen aldetik: Carlos Erasmo Sernaque Cherres.

1. ERANSKINA.–2025EKO SOLDATA TAULA

KATEGORIA

SOLDATA GORDINA EURO / HILABETEA 14 PAGATAN

GUZTIRA, URTEAN

GAUEKO LANA

JAIEGUNEKO PLUSA

APARTEKO ORDUA

JAIEGUNEKO APARTEKO ORDUA

BOSTURTEKOA

1. ETA 2. ARDURADUNA

1.554,91

21.768,74

1,77

1,77

11,56

13,88

38,87

LANGILE ESPEZIALIZATUA / ORGA JASOTZAILEKO GIDARIA

1.435,30

20.094,20

1,77

1,77

11,56

13,88

35,88

LANGILEA / ORGA JASOTZAILEKO GIDARIA

1.196,09

16.745,26

1,77

1,77

11,56

13,88

29,90

2026an, Nafarroako Foru Komunitateko 2025eko KPIa.

2027an, Nafarroako Foru Komunitateko 2026ko KPIa.

2028an, Nafarroako Foru Komunitateko 2027ko KPIa.

Iragarkiaren kodea: F2507204