Iragarkia
123. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 20a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ZANGOZAKO ESKUALDEKO ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA
Ordenantza, larrialdietako laguntzak arautzen dituena larrialdi sozialean dauden pertsonentzat eta/edo familientzat. Behin betiko onespena
Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateak, 2024ko abenduaren 12an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen honako ordenantza hau: Ordenantza, larrialdietako laguntzak arautzen dituena larrialdi sozialean dauden pertsonentzat eta/edo familientzat (2025eko 60. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 25ean).
Jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsi, eta argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz xedatuta dagoenarekin Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan, zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.
Zangozan, 2025eko ekainaren 9an.–Mankomunitateko burua, Aitor Sola Ochotea.
OINARRI ARAUTZAILEAK, ZUZENEKO PRESTAZIO EKONOMIKOAK EMATEKO LARRIALDI SOZIALEAN DAUDEN PERTSONA ETA/EDO FAMILIEI
1.–Xedea eta helburua.
Oinarri hauen xedea da gizarte zerbitzuen arloko dirulaguntzak emateko prozedura garatzea, banakako ebaluazioaren araubidean.
Zuzeneko prestazio ekonomikoak dira (ZPE) pertsonentzat eta/edo familientzat diren laguntza ekonomiko batzuk, horien baliabideak aski ez direnean ohiz kanpoko gastu jakin batzuei aurre egiteko, baldin beharrezkoak badira gizarte-bazterketako egoerak saihesteko edo arintzeko.
Oinarri hauek bideraturik daude diruz laguntzera, ekonomiaren aldetik eta/edo gizarte eta osasunaren aldetik gabezia frogatuak izanda, gizarteratzeko oinarrizko beharrak estaltzeko zailtasun handiak dituzten pertsonei eta/edo familiei, betiere Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko udalerrietako bizilagunak badira. Hala, prestazio ekonomikoen bidez babesa emateko bitartekoak sortzen dira, bateragarriak oinarrizko gizarte zerbitzuek (OGZ) ematen dituzten programen jardun profesionalekin.
Prestazio horien bidez krisi egoeretan esku hartzen ahal da, egoera horiek okerragora egin ez dezaten edo kroniko bilaka ez daitezen. Apartekoak izanen dira, haien izaera baita puntuala eta subsidiarioa, ez-aldizkakoa eta borondatearen arabera ematekoa beste prestazio batzuekin batera.
Prestazioek honako ezaugarri hauek dituzte:
Helburu finalista dute; hau da, zertarako ematen diren, hartarako bakarrik izanen dira.
Pertsonalak eta besterenezinak dira, familia-unitate batentzat diren aldetik.
Berehala izapidetzekoak dira; hala, laguntzak ahalik eta azkarren jasotzeko moduan kudeatuko dira.
Profesionalen jardunaren osagarri dira; hau da, Gizarte Zerbitzuak familia-unitatean egiten duen esku-hartzeari laguntzeko neurri bat dira.
Laguntza horien helburua da:
–Udalak, bere ardura soziala aintzat harturik, tresna espezifiko bat eskaintzea, egoera arindu diezaien pobrezia endemiko edo koiunturalean dauden eta beren kabuz baliatzeko gaitasun gutxi dutenei, tresna hori erabiliz gainerako prestazio sozialen osagarri.
–Deserrotzea edo gizarte-bazterketa eragiten edo larritzen duten egoerak arintzea.
–Laguntza ematea pobrezia endemikoa nahiz koiunturala edo behar larria jasaten duen pertsonei edo familiei, laguntza hori erabiliz gainerako prestazio sozialen osagarri.
–Jardun profesionalerako tresna izatea eta sostengutzat baliatzea OGZaren programetan taxuturiko gizarteratze prozesuetan.
2.–Definizioak.
2.A.–Bizikidetzako familia-unitatea:
Aurreikusitako ondorioetarako, bertan sartzen dira eskatzailea eta, hala badagokio, harekin bizi diren pertsonak –bat edo gehiago–, zehazki, hari elkartuta daudenak ezkontzaren bidez edo pareko afektibitate-harreman baten bidez, edo daukatenak bigarren gradurainoko odol-ahaidetasuneko lotura edo lehen gradurainoko ezkontza-ahaidetasuneko lotura.
2.B.–Familia-unitatearen baliabide ekonomikoak:
Familia-unitateari egozteko moduko diru-sarrerak eta ondarea (ondasun higigarriak eta ondasun higiezinak).
Familia-unitatearen diru-sarreratzat hartuko dira eskaera egiten denean unitateko edozein kidek dituenak, honako hauen bidez eskuratutakoak:
–Besteren konturako lan etekinak edo enpresa edo lanbide jardueren bidezkoak (zenbateko gordinak, behin kenduta Gizarte Segurantzako kotizazioak eta ordaindu dena eskubide pasiboengatik, nahitaezko mutualitateengatik eta antzekoengatik), prestazioak eta pentsioak, eta hilero jasotzen den beste edozein diru-sarrera.
–Ohiko bizilekutik aparteko ondasun higiezinek emandako etekin garbiak (alokairuak, errentak...).
Ondasun higigarriak baloratuko dira azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legean ezarritakoaren arabera (Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak arautzen dituen Foru Legea).
Familia-unitateko kide guztien ondasun higiezinen katastro-balioa, ohiko bizilekua kenduta, ezin da izan handiagoa kide bateko familia-unitateentzako urtebeteko errenta bermatua halako hamar baino. Baldintza hori ez da bete beharko justifikatzen denean ezinezkoa izan dela ondare hori diru bihurtzea.
3.–Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
Norbanakoek edo bizikidetza-unitateek prestazioa eskatzen ahalko dute, baldin honako baldintza hauek betetzen badituzte:
1.–Eskatzailea 18 urtetik gorakoa izatea, edo ardurapean adingabeak dituen adingabe emantzipatua.
2.–Erroldaturik egotea Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko udalerrietako batean, gutxienez hiru hilabeteko antzinatasunarekin. Salbuespenez, eta egoera behar larrikoa denean (OGZak aurretiaz baloraturik), ez da kontuan hartuko antzinatasuna, eta aski izanen da jardun-eremuan erroldaturik egotea eskaera egiten den unean.
3.–Mankomunitateko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren erabiltzaile izatea eta esku-hartze sozialeko prozesu batean sarturik egotea, edo, bestela, espresuki onartzea OGZak horretarako berariaz prestatzen duen esku-hartze sozialeko prozesuan jasoriko baldintzak.
4.–Eskaera egiten denean, bizikidetzako familia-unitateko kide guztien hileroko diru-sarrerak –3.c puntuan adierazitakoaren araberakoak–, ez izatea hurrengo eskala progresiboan jasotzen diren kopuruak baino handiagoak (familia-unitateko kide kopuruaren arabera):
FAMILIA-UNITATEKO KIDE KOPURUA | HILEKO DIRU-SARREREN GEHIENEKO |
1 | 1.580,56 euro familia-unitateko |
2 | 2133,76 euro familia-unitateko |
3 | 2528,90 euro familia-unitateko |
4 | 2765,98 euro familia-unitateko |
5 | 3003,06 euro familia-unitateko |
6 edo gehiago | 3161,12 euro familia-unitateko |
5.–Familia-unitateko kide guztien ondasun higigarriak ez izatea azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legean ezarritako ondasun higigarri konputagarriak baino handiagoak (Gizarteratzerako eta Errenta Bermaturako Eskubideak arautzen dituen Foru Legea).
6.–Familia-unitateko kide guztien ondasun higiezinen katastro-balioa, ohiko bizilekua kenduta, ez izatea kide bateko familia-unitateentzako urtebeteko errenta bermatua halako 10 baino handiagoa. Baldintza hori ez da bete beharko justifikatzen denean ezinezkoa izan dela ondare hori diru bihurtzea.
Eskaera egiten denean, kapital higigarria ez izatea 5000 eurotik gorakoa.
7.–Gastu zehatz batzuei aurre egiteko zailtasunak izatea, eta gastu horiek ordaintzea beharrezkoa izatea gizarte-bazterketako egoerak prebenitzeko edo halakoak saihestu edo arintzeko.
Baldin familia-unitate eskatzailea errenta bermatua jasotzen ari baldin bada, ulertuko da betetzen duela 4., 5. eta 6. puntuetan eskatutakoa.
8.–Prestazioak eskatu beharra eragiten duten kontzeptuak ez egotea jasorik Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuaren aparteko laguntzetan. Baldin eta aparteko laguntza horietan jasorik badaude, laguntza horiexek eskatu beharko dira aurretiaz.
9.–Esku-hartze sozialeko prozesu batean sarturik egotea Zangozako Eskualdeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren programaren baten bidez.
10.–Eskaera egin aurretik, familia-unitateko kide guztiek eskatua izan beharko dute aukeran eskubidez dagokien edozein laguntza eta/edo prestazio publiko edo pribatu: bonu soziala, alokairurako laguntzak, konpentsazio-pentsioa, mantenu-pentsioa...
11.–Enplegu-eskatzailea izatea, langabezian egonez gero.
12.–Zorrik ez izatea Mankomunitatearekin, ez eta Gizarte Zerbitzuak emaniko aurrerakinik itzultzeke ez izatea, itzultzeko konprometituriko epeak iraungi, eta itzulketa gauzatu ez denean.
Eskatzaileak zorrik badu ordaintzeke Mankomunitatearekin, itzulketa-plan bat egin beharko du: ordainketa zatikatua eskatu beharko du, eta hura betetzen ari dela frogatu. Hura betetzeko eskatuko da laguntza ekonomikoen eskaera egiten duen aldiro.
Hala eta guztiz ere, salbuespen gisa, Mankomunitateak baldintza hori betetzea alde batera uzten ahalko du larrialdi sozialeko egoera berezietan; horretarako, txosten tekniko batek frogatu beharko du zer arrazoi dagoen edo dauden salbuespenezko neurri hori hartzeko.
Salbuespenez, laguntzen onuradun izaten ahalko dira, nahiz eta ez bildu apartatu honetan jasoriko baldintzetako bat ere, arrazoi larriak edo premia handia daudela frogatzen dutenek, horiek ezin konponduzko kalteak eragin baditzakete; betiere, OGZko teknikariek baloratu beharko dute egoera hori.
Ordainagiri, faktura edo egiaztagiri baten bidez justifikatzea zorra kitatu edo ordainketa egin dela, bi hilabeteko epean, laguntza hartzen denetik hasita. Ez badira agiri horiek aurkezten, horrek eragotziko du geroagoko laguntzak izapidetzea.
4.–Eskabideak aurkeztea.
1.–Eskaerak aurkezteko tokia.
Eskabideak eta eskatzen den dokumentazioa aurkeztuko dira Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuan; aurretiaz, hitzordua eskatu beharko da Gizarte Zerbitzuko gizarte-langileekin edo gizarte-hezitzaileekin biltzeko.
Zuzeneko prestazio ekonomikoak jaso ahal izateko, OGZko profesionalek kasua ezagutu eta baloratu egin behar dute, eta azaldutako kasuen artean sailkatu.
2.–Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea urte osoan egonen da zabalik.
3.–Eskabideak. Dokumentazioa.
Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuari dagokio laguntzak izapidetu eta ebaztea.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:
a) Eskabidea, betea eta OGZak emanen duen eredu normalizatuarekin bat.
b) Eskatzailearen NANa / pasaportea edo bizileku- edo lan-baimena eta, kasua bada, haren izenean ari den ordezkariarena.
c) Eskatu aurreko 6 hilabeteetan bizikidetza-unitateak izan dituen diru-sarrera guztien frogagiria (nominak, pentsioak, prestazioak, lan-bizitza, etab.). Ezkutuko ekonomiaren kasuan, diru-sarreren zinpeko deklarazioa. Horrez gain, banku-entitatearen egiaztagiria, laguntza eskatzen den egunean kontuan dagoen saldoari buruz.
d) Mankomunitatean diren herrietako erroldatze-ziurtagiria eta bizikidetza-agiria.
e) Langabeek enplegu-eskaeraren txartela erantsi beharko dute.
f) Banantze edo dibortzio kasuan, aurkeztu behar da banantze-epaiaren kopia eta ezkontide ohiak egin beharreko ekarpenak zehazten dituen hitzarmen arauemailearen kopia.
g) Laguntza emateko beharrezkoak diren eta egoera soziosanitarioa eta/edo ekonomikoa egiaztatzen duten intereseko beste agiri batzuk.
h) Gizarte Zerbitzuko profesionalen iritziz laguntzak baloratzeko beharrezkoak diren agiriak.
Gizarte Zerbitzuak ofizioz egiaztatuko du erroldatzea edo bizikidetza, bai eta eskatzaileek Mankomunitatearekin dituzten zorrak ere; hala, eskabidea aurkezteak berekin ekarriko du baimena ematea deialdian aipatzen den ofiziozko egiaztapenerako.
Era berean, Gizarte Zerbitzuak ofizioz egiaztatuko du errenta bermatutik, kotizazio gabeko pentsioetatik eta beste laguntza ekonomiko batzuetatik datozen diru-sarrerak, eta horien zenbatekoa jasoko du balorazio-txostenean.
Laguntza eskatzeko kasua hartzen duen OGZko profesionalak hura eskatzea justifikatzen duen eskabidea igorriko dio Mankomunitateko Burutzari, bai eta, hala behar badu, laguntza ematea onesteko proposamena ere.
5.–Kontzeptu diruz lagungarriak.
Ondotik zehazten diren taldeak daude aparteko laguntza jaso dezaketen kontzeptuen barnean:
5.1. Ohiko etxebizitzari loturikoak (bizitokia eta oinarrizko hornidurak):
–Errentamendu zorrak: Baldintza izanen da Nafarroako Gobernuaren etxebizitzen erroldan izena emanda egotea. Bai eta, orobat, Etxebizitzako Departamentuaren alokairurako laguntzaren bat eskatzea ere (DAVIZ edo EMANZIPA), baldintzak betetzen badituzte.
–Gela ordaintzeko zorrak etxebizitza partekatuetan edo bestelako bizitoki-mota batean (ostatu-etxeak, hotelak...).
–Bestelako bizitokiak. Ostatu-etxeak, hostalak, gela partekatuak eta abar ordaintzea, larrialdi egoerak badakar ohiko bizitokitik berehala atera beharra edo hura galtzea, edo gerora sortutako egoera batengatik bizitoki berri bat bilatu behar bada.
–Ohiko etxebizitza erosteko maileguen amortizazioengatik eta interesengatik sortutako zorrak.
–Alokairuko etxebizitza berria eskuratzea (lehen hilabetea), bideragarria bada pertsona edo familia eskatzailearentzat.
Kontzeptu hauetarako, gehieneko zenbatekoaren muga izanen da urtean 3000 euro familia-unitate bakoitzeko (Nafarroako Gobernuak ezarritako gehienekoa).
–Hornidura orokorrei loturiko zorrak.
–Argindarra. Nahitaezko baldintza izanen da konpainia hornitzailearen bonu soziala eskatu izana, baldintzak betetzen badira.
–Gasa.
–Beste erregai batzuk: egurra, gasolioa...
Prestazioaren gehieneko zenbatekoa 100 euro izanen da energia-horniduraren arloko zorretarako.
–Erkidegoko gastuak, baldin eta errentamendu-kontratuan ezartzen bada gastu hori ordaindu behar dela..
Kontzeptu hauetarako, gehieneko zenbatekoaren muga izanen da urtean 2000 euro familia-unitate bakoitzeko (Nafarroako Gobernuak ezarritako gehienekoa).
Berariaz uzten dira kanpoan ur hotzaren banaketari eta beste zerbitzu batzuei dagozkien zorrak (estolderia, zabor-bilketa...), bai eta telefonia-gastuak ere.
5.2. Oinarrizko beharrak estaltzeko diru faltari loturikoak (nutrizioa eta higienea):
–Familia-unitateko kideen eguneroko elikaduraren eta higienearen gastuak (oinarrizko elementuak norberaren eta etxearen higienerako). Gehienez ere 500 euro urtean.
5.3. Hezkuntzari loturiko laguntzak:
Gizarte zerbitzuetako lantaldeak baloratuko du ea kontzeptu honengatik laguntzarik eman behar zaien honelako familiei:
–Adingabeak dituztenak, herriko ikastetxe publikoetan eskolatuak.
–Adingabeek laguntza eskatzen ahalko dute baldin udalerritik kanpo egiten ari badira Erdi-mailako Lanbide Heziketa, Batxilergo Artistikoa, CEP (curriculum egokituko programa) edo Oinarrizko LH; betiere, baldintzak betez gero.
–Sostengu soziofamiliarrik ez dutenak, egoerari edo arazoei aurre egiteko.
–Oinarri hauetako baremo ekonomikoaren barnean daudenak.
–Kontziliaziorako zailtasun handienak dituztenak, guraso bakarreko familiak eta/edo genero-indarkeriaren biktimak direlako.
–Nafarroako Gobernuan eskatu dituztenak prestazio hauek (bekak, guraso bakarreko familientzako laguntza...), enpresetako gizarte onurak edo beste batzuk.
–Ikastetxe bakoitzeko ekonomia ahulekoen erroldan izena emanda daudenak. Horretarako, errenta-aitorpena aurkeztua izanen dute dagokien ikastetxean.
Kontzeptu hauengatik ematen den laguntza dagokion ikastetxean sartuko da zuzenean, eskatzaileak aurretiaz baimena emanik.
–Ikastetxean beste urte batzuetako zorrik ez dutenak, eta/edo zor hori ordaintzeko konpromisoa hartu dutenak.
–Eskola-jantokia.
Eskola-jantokia erabiltzeko beharra dutela adierazten dutenak, arrazoi hauek direla-eta:
–Norberaren etxean elikadura egokia bermatu ezin izatea.
–Kontziliatzeko zailtasunak izatea (lana, prestakuntza arautua...).
–Adingabeen nahitaezko eskolatzea indartzea.
Jantokirako laguntza eskatzeko, epea izanen da uztailetik irailaren 15era arte. Gizarte Zerbitzuak aukeran izanen du ikasturtean zehar eskatzaileei zerbitzuan bertan ager daitezen galdegitea, bai eta frogagiriak aurkez ditzaten ere, baldin eta uste badu emandako datuak aldakorrak izan daitezkeela denbora-tarte horretan, bereziki aldeko balorazioa eragiten duten datuak.
Dirulaguntzaren xede da Hezkuntza Departamentuak kudeatutako jantokia, astelehenetik ostegunera, urritik maiatzera.
–Liburuak/ikasmateriala.
Eskolako liburuetarako eta materialerako laguntzak eskatzeko epea irekita egonen da uztailean, abuztuan eta irailean. Epea bukaturik, irailaren 30ean, ez dira onartuko epe horretatik kanpo aurkezten diren eskaerak.
–Eskolako eta eskolaz kanpoko jardueren gastuak.
Balorazio profesionala eginen da, egoera bakoitzaren arabera.
Gizarte prebentzio eta sustapenari loturikoak:
Laguntzak egonen dira isolatze egoerak eta gizarte-bazterketako arriskua dakarten egoerak prebenitzeko; hala, dirulaguntzak emanen dira kultura, kirol eta bestelako jardueretan parte hartzeko.
Geroago, eskaerak bildu eta baloratzen ahalko dira, baldin eta alegatzen badute ez zeudela eskatzeko moduan eskaerak egiteko ohiko epea bitartean.
5.4. Osasun arloari loturiko laguntzak (oinarrizko beste behar batzuk):
Laguntzak egonen dira gizartearen eta osasunaren aldetik arazoren bat duten pertsonak gizarteratzeko eta normalizatzeko, arazo horrek lanean nahiz gizartean aurrera egitea zailtzen badie, horren kostua Nafarroako Gobernuak edo beste batzuek beren gain hartzen ez dutenean.
–Betaurrekoak behar izatea: 100 euro, 200 euro bifokaletarako.
–Audifonoak, elementu ortopedikoak.
–Sendagaiak, botikako gastu puntualak.
–Mediku espezialistengana bideratzea.
–Beste batzuk, balorazio teknikoaren arabera.
5.5. Beste egoera batzuk, aurreko apartatuetan jaso ez direnak, aintzat harturik salbuespena norainokoa den eta familia-unitate eskatzaileari zer kalte konponezin ekar diezazkioketen.
Gastu diruz lagungarriaren eskuratze-kostuak ez du inoiz izan behar merkatu-balioa baino handiagoa.
Kontzeptu beragatik, pertsona bakoitzak eskubidea izanen du laguntza gehienez urtean bitan eskatzeko.
6.–Onuradunen betebeharrak.
Deialdi honen ondorioetarako, pertsona edo entitate onuradunaren betebeharrak izanen dira indarreko legedian jasorikoak eta apartatu honetan ezarritakoak.
a) Erreferentziako profesionalarekin hitzartutako helburua betetzea eta hitzartutako jarduera edo zeregina egitea, konpon dadin dirulaguntza eskatzea ekarri duen egoera. Dirulaguntza zer helburutarako eman den, horrexetarako erabiltzea.
Ordainagiri, faktura edo egiaztagiri baten bidez justifikatzea zorra kitatu edo ordainketa egin dela. Ez badira agiri horiek aurkezten, horrek eragotziko du geroagoko laguntzak izapidetzea.
b) Zangozako Eskualdeko Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuari frogatzea betetzen direla betekizunak eta baldintzak; orobat, justifikatzea egin direla dirulaguntza emateko edo izateko arrazoi izan diren jarduerak, eta helburuak bete direla.
c) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
Honako kasu hauetan itzuli beharko dira jasotako zenbatekoak:
–Justifikatzeko betebeharra ez betetzea.
–Eskatzen diren baldintzak bete gabe eskuratzea dirulaguntza.
–Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak ez betetzea.
–Prestazioa osorik edo zati batean itzuliko da, hura emateko arrazoi izan diren baldintzak aldatzen badira.
7.–Eskabideak ebaztea eta prestazioak ordaintzea.
Eskabideak aurkezten diren ordenan ebatzi eta izapidetuko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean.
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak aurkezturiko eskabidea eta dokumentazioa aztertu, eta prestazioa emateko edo ukatzeko proposamena eginen du.
Dirulaguntza emateko ebazpenean aipatuko da dirulaguntza zein eskatzaileri eman zaion edo zaien, zein den horren zenbatekoa, eta zer ehuneko egiten duen guztira eskatu denarekin alderaturik, salbu eta eskaturikoa dirulaguntzatzat eman daitekeen gehieneko zenbatekoa baino handiagoa bada, orduan dagokion gehienekoaren arabera zehaztuko baita ehunekoa. Azalduko da, halaber, nola ordainduko den eta dirulaguntza ematean zer aldaketa egonen diren aurkeztutako frogagirien arabera.
Dirulaguntza emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio bideari, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan agindutakoarekin bat (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
8.–Aurrekontu-kreditua, dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa guztira, eta dirulaguntzen banakako zenbatekoa.
8.1. Zenbatetsitako gehieneko zenbatekoa, guztira:
Uneko deialdia 2024. urterako da.
Horretarako, 2024ko ekitaldiko 2311 48000 partidak 15.000 euroko zuzkidura du.
Betiere, kreditu egokia eta behar adinakoa izan beharko da dirulaguntza emateko ebazpena egiten denean.
Goian adierazitakoa ezertan galarazi gabe, aurrekontuko kontsignazioa agortuz gero, hura handitzen ahalko da Gizarte Zerbitzuen Alorraren 2024ko beste partidaren batean gauzatu gabe dagoen aurrekontu-kredituarekin, deialdi berririk egin beharrik gabe, bat etorriz uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 58. artikuluarekin (errege dekretu horren bidez onetsi zen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua). Betiere, kopuru osagarri hori izateko, nahitaezkoa izanen da deklaratzea badagoela kreditu erabilgarria, eta, kasua bada, aldez aurretik behar den aurrekontu-aldaketa onetsi beharko da; horrek guztiak izan beharko du dirulaguntza emateko ebazpenaren aurretik.
8.2. Banakako gehieneko zenbatekoa, eta hura zehazteko irizpideak.
Honako hauek zehaztuko dute eskaera bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko zenbatekoa:
–Familia-unitatearen hileroko baliabide ekonomikoak eta horien egonkortasuna; halakoak frogatuko dira diru-sarrera guztien justifikazioekin: (kontuan hartuko dira diru-sarrera garbiak) nominak, prestazioak, pentsioak, subsidioak, etab. Nominarik ez dagoenetan, zinpeko aitorpena eskatuko da familiaren hileko diru-sarreren gainean.
–Kontuan hartuko dira azken sei nomina edo diru-sarrerak, aparteko ordainsaria tartean dela.
–Banantzearen gaineko hitzarmen arauemailea daukaten familiek hura aurkeztu beharko dute, kontuan hartuko baitira seme edo alaba bakoitzeko 231,00 eurotik gorakoak diren mantenu-pentsioak.
Seme edo alaba bakoitzeko 231,00 eurotik aurrerako zenbatekoa baizik ez da kontuan hartuko.
–Haurrei laguntzeko osagarria.
Ez dira kontuan hartuko:
–Familia-unitateko kideen mendekotasun-prestazioak.
–Laguntza ekonomiko finalistak. Honako hauek hartzen dira "laguntza ekonomiko finalistatzat": familia-unitateko kideetako edozeinen behar berariazko bati erantzuteko eman direnak.
–Gizarteratzeko zentro okupazionaletako jardueretan parte hartzeagatik emandako pizgarriak edo haborokinak.
Laguntza hauek jasotzen dituzten pertsonak edo familiak urte natural osoan izaten ahalko dira kontzeptu guztien onuradun, aurrekontuko kontsignazioa dagoen bitartean; hala, urtean gehienez jasotzen ahalko dute hileko gehieneko zenbatekoaren %100 gehi errenta bermatuaren %20 bider familia-unitateko kideen kopurua. 2024ko datuen arabera, ondotik ageri den koadroa osatu da. 2025eko datu berriak onesten direnean, datuok eguneratu eginen dira.
FAMILIA-UNITATEKO KIDEEN | ERRENTA | %20 | GEHIENEKOA | GEHIENEKOA |
Kide bat | 762,01 euro | 152,40 euro | 914,41 euro | 381 euro |
2 kide | 1028,71 euro | 205,74 euro | 1234,45 euro | 514,35 euro |
3 kide | 1219,22 euro | 243,84 euro | 1463,06 euro | 609,61 euro |
4 kide | 1333,52 euro | 266,70 euro | 1600,22 euro | 666,76 euro |
5 kide | 1447,82 euro | 289,56 euro | 1737,38 euro | 723,91 euro |
6 kide edo gehiago | 1524,02 euro | 304,80 euro | 1828,82 euro | 762,01 euro |
Eskatzaile bakoitzeko, hileko gehieneko zenbatekoa izanen da hileko gehieneko errenta bermatuaren %50, familia-unitateko kide kopuruaren arabera legokiokeena aintzat harturik.
Eman beharreko hileko laguntzaren gehieneko zenbatekoa izanen da:
–Eskatutako zenbatekoaren %100, kozientea 1 bada.
–Dirulaguntzatzat eman daitekeen gehieneko zenbatekoaren halako ehuneko bat, kozientea 1,5 baino gutxiago bada, eta eskaturiko zenbatekoa hileko gehieneko zenbatekoa baino handiagoa denean, ehunekoa hileko gehieneko zenbatekoari aplikatuko zaio.
Ehuneko hori lortzeko oinarria izanen da bi hauen arteko zatidura: eskatzailearen eta familia-unitateko kideen baliabide ekonomikoak zati familia-unitate horren osaera dela-eta legokiokeen errenta bermatuaren zenbatekoa.
Horri dagokionez eta orokorrean, tarte hauek ezarri dira:
a) Ateratzen den zatidura 1 edo gutiago baldin bada, aplikatu beharreko ehunekoa %100 izanen da.
b) Zatidura 1 baino gehiago bada eta 1,5 baino gutxiago, aplikatu beharreko ehunekoa eragiketa honen emaitza izanen da: familia-unitate eskatzailearen kide kopuruari dagokion errenta bermatua bider 100, eta horren emaitza zati familia-unitate horren diru-sarrerak.
c) Zatidura 1,5 baino gehiago bada, laguntza ukatuko da.
8.3. Laguntzaren zenbateko egiazkoa.
Eskaera bakoitzagatik eman beharreko laguntzaren zenbateko egiazkoa, orokorrean ez da hauek baino handiagoa izanen:
–8.2 puntuan ezarritako urteko gehieneko zenbatekoak.
–Apartatu berean ezarritako prozeduraren arabera ezarri den hileko gehieneko zenbatekoa.
Kasu bakoitzean aplikatu beharreko gehieneko zenbatekoa aldatzen ahalko da, honako hauen arabera:
–Aurrekontuetan dagoen dirua.
–Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak egiten duen balorazioa sortutako beharraz, horrek duen garrantziaz bazterketa egoeran dauden pertsonak gizarteratzen laguntzeko, edo beharraren lehentasunaz.
9.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, bai eta oinarri hauen aurka eta berauek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka ere, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, hautara:
1. Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintza egin duen udal-organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
2. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoari jarraikiz, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita, edo bestela,
3. Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazten denetik hasita.
Iragarkiaren kodea: L2508404
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
