123. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LESAKA

Ordenantza, Lesakan ezkontza zibilak eta hildakoen aldeko agurrak edo omenaldi zibilak egiteko ordenantza. Behin betiko onespena

Lesakako Udalak, 2025eko martxoaren 27an egindako ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Lesakan ezkontza zibilak eta hildakoen aldeko agurrak edo omenaldi zibilak egiteko ordenantza.

Erabaki hori jendaurrean jarri da hogeita hamar eguneko epean. Aurrez, Udalaren iragarki taulan eta 2025eko apirilaren 15eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (75. zk.) ediktuak argitaratu ziren, eta ez zen alegaziorik aurkeztu jendaurreko epean.

Ondorioz, ordenantza behin betiko onetsi da, eta dagozkion ondoreetarako osorik argitaratzeko agintzen da, hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.

Behin betiko onespen honen kontra errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahal da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo auzi-jartzaileari zuzendua, hots, Udaleko Osoko Bilkurari, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Salari edo Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Lesakan, 2025eko ekainaren 16an.–Alkatea, Ladis Satrustegui Alzugaray.

LESAKAN EZKONTZA ZIBILAK ETA HILDAKOEN ALDEKO AGURRAK EDO OMENALDI ZIBILAK EGITEKO ORDENANTZA

I. TITULUA.–EZKONTZA ZIBILAK

I. KAPITULUA.–PROZEDURAREN HASIERA

1. artikulua. Herritar guztiek, Lesakan erroldaturik egon edo ez, eskatzen ahalko diote Alkatetzari ezkontza zibilak egitea.

Eskaerak zeremonia egiteko egunaren eta orduaren erreserba baizik ez du ekartzen; horregatik, Lesakako Udalaren barnean ezkontza zibila egin ahal izateko nahitaezko baldintza izanen da lehenago titularrek organo judizial eskudunaren (Erregistro Zibila, bake epaile etab.) aldeko auto irmoa lortzea, Kode Zibilean ezartzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen espedientea aldez aurretik haren aitzinean tramitatuta.

Eskaera Lesakako Udalak horretarako ematen duen inprimakian egin beharko da; hura, baldintza guztiak bete ondoan, Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko da, ezkontza egiteko finkaturiko eguna baino hamabost egun lehenago, gutxienez. Eskabidearekin batera, I. eranskinaren arabera eskatutako tasa ordaindu izanaren ordainketa-gutuna aurkeztu beharko da.

Noiz eskatzen diren eguna, ordua eta lokala, ordena horri hertsiki loturik eginen dira erreserbak. Udalak lokal horien erabilerari dagokionez dituen premien arabera emanen da baimena, ordenantza honen 3. artikuluan xedatuarekin bat.

Alkatetzaren ebazpen baten bidez baimenduko dira eguna eta ordua, baita ezkontza zibila egitea zer zinegotziren eskutan utziko den, hala egiten bada.

2. artikulua. Ezkontza egiteko ordutegi finkorik ez badago ere, ezkontza ospakizuna eginen duen alkate edota zinegotziarekin adostu beharrekoa izanen da.

3. artikulua. Ezkontza zibilak egiteko Udalak jarri duen lehentasunezko tokia herriko etxeko bilkura aretoa da. Areto hori okupaturik badago, bertze toki bat utziko da ezkontzen direnen eskura; bertzenaz, bertze egun batean egiteko aukera izanen dute. Ezkontideek hala eskatzen badute, bertzelako udal instalazio bat erabili ahal izanen da alkateak espresuki hala onartzen badu.

Ezkontza eginen den aretoan apaingarriren bat erantsi nahi izanez gero (loreak etab.) ezkontzen direnek egin beharko dute, beren kontura; horretarako, Udalak emanen dizkien oharrei segitu beharko diete.

Udal jarduera dela-eta edo aurreikusi gabeko bertze arrazoiren bat dela-eta ezin bada ezkontza egin finkaturiko egun eta orduan, horren berri emanen zaie ezkontzen direnei, Alkatetzarekin aitzinetik ados jarrita, hura egiteko ordua, eguna edo tokia aldatzeko.

Eskatzaileetariko batek erabakitzen badu ezkontza zibila ez egitea, arlo hau arautzen duen ordenantza fiskalean xedatuari jarraituko zaio.

4. artikulua. Debeku da arras arroza eta gisakoak jaurtitzea herriko etxearen barnean, arkupeetan zein haren inguruetan, arriskua ekartzen baitie jendearen ohiko joan-etorriei; betebehar hori betetzen ez bada, Udala ez da batere erantzulea izanen. Beraz, horren ondorioz istripurik edo gisakorik gertatzen bada, erantzunbeharra ezkontza egiteko eskatu dutenek izanen dute, eskaeran jasorik geldituko baita arau horien berri dutela eta horiek hertsiki betetzeko hitza ematen dutela.

Udalaren barnea erabiltzearen ondorioz edo baldintza hauek ez betetzearen ondorioz kalterik egiten bada, erantzunbeharra ezkontza egiteko eskatu dutenek izanen dute; Udalak haiei pasatzen ahalko die konponketen kostua, baita, hala behar badu, udal barnea beren lehengora itzultzeko lanen kostua ere, aitzinetik behar den espedientea irekita; hartan, hamar eguneko epea izanen da alegazioak egiteko.

II. KAPITULUA.–ZEREMONIA NOLA GAUZATUKO DEN

5. artikulua. Zeremonia alkateak zuzenduko du, edo zinegotzi batek, haren eskutan utzi bada; horiek, ezkontzen direnekin mintzatuta, askatasun osoa izanen dute nola gauzatuko den finkatzeko. Hala ere, ezkontza zibilak izan ditzan legeak ematen dizkion ondorioak, nahitaezkoa izanen da Kode Zibileko artikulu aginduzkoen irakurketa.

6. artikulua. Ekitaldia jasota gera dadin, ezkontzen direnek, lekukoek, alkateak edo zinegotziak, ezkontza egin izanari dagokion akta sinatuko dute, horretarako jasotzen dena.

II. TITULUA.–HILETA ZIBILAK

I. KAPITULUA.–PROZEDURAREN HASIERA

7. artikulua. Araudi honen helburua da hildakoen aldeko hileta eta omenaldi zibiletarako Udalaren baimena eta lokalen eta espazio publikoen erabilera arautzea Lesakako udal-mugartean.

8. artikulua. Alkatetzak edo berak ordezko izendatzen duen zinegotzigoak emanen du hileta edo omenaldi zibiletarako gordetako tokiak erabiltzeko baimena, betiere Lesakako Udaleko Erregistroan eskaera egiten duen pertsona edo senideak bidali beharreko dokumentazioa jaso ondoren.

II. KAPITULUA.–PROZEDURARI HASIERA EMATEA

9. artikulua. Hileta edo omenaldi zibilak egiteko eskaerak erregistro bidez idatziz egin beharko dira, Alkatetzari zuzendutako eskarian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak xedatuaren arabera.

10. artikulua. Hileta eta omenaldi zibilen eskaerak berehalakotasun-printzipioaren arabera tramitatuko dira, egoerak hala eskatzen duelako, eta horiek ebazteko eskumena duen pertsonari bidaliko zaizkio.

11. artikulua. Eskaeran honakoak agertu beharko dira:

a) Hiletarako baimena eskatzen duen pertsonaren izen-abizenak, helbidea eta identifikazioa.

b) Hildako pertsonaren izen-abizenak.

c) Adierazi egin beharko da hileta edo omenaldi zibila zein egun eta ordutan egin nahiko litzatekeen, eta lehentasunez non egin nahi luketen.

d) Eskabidearen lekua eta data.

e) Eskaera egin duenaren sinadura edo, haren nahia benetakoa den froga, horretarako edozein bide erabilita.

f) Ekitaldiaren laburpena eta behar izanen den materiala (megafonia, mahaiak, aulkiak etab.).

g) Administrazioak, ahal duen neurrian, kontuan izanen ditu eskabidean lehenetsitako lekua, eguna eta ordua, betiere eskabideak aurkeztu diren ordena aintzat izanik. Ezohiko kasuetan aldatu ahal izanen da ordena hori, baina betiere arrazoitu egin beharko da aldaketa.

12. artikulua. Eskaerak ez baditu betetzen aurreko artikuluak eskatutako baldintzak, interesdunari ahalik eta lasterren eskatuko zaio akatsa zuzen dezan edo derrigorrezko dokumentuak ekar ditzan, ekitaldia egin baino lehen edo ondoren.

III. KAPITULUA.–PROZEDURA BIDERATZEA

13. artikulua. Alkatetzak edo berak ordezko izendatzen duen zinegotzigoak zehaztuko du hileta edo omenaldi zibila zein leku, egun eta ordutan eginen den.

Eskatzaileek lehenetsitako egun eta orduen ordena kontuan izanik zehaztuko dira, ahal den neurrian behintzat, lekua, eguna eta ordua. Udal bulegoen erabileraren ondorioz, zenbaitetan ez da eskaeretan eskatutako orduetarako horien erabilera uzterik izanen. Nolanahi ere, horrelakoetan erabakia behar bezala arrazoituta egon beharko da eta eskaera egin dutenekin hitz egin beharko da eskatu dutenaren aldean egon den aldaketari buruz.

14. artikulua. Eskaera ikusita Alkatetzak edo berak ordezko izendatzen duen zinegotzigoak erabakiko du hileta edo omenaldi zibila Udalaren zein lokaletan eginen den; normalean udaletxean eginen dira, Alkatetzak lokal horiek aldatzeko duen eskumenari kalterik egin gabe. Hileta edo omenaldi bakoitzean erabiliko den lokala zehazterakoan, kontuan izanen da, aukeratutako egun eta ordutegiarekin, lokal horietan normalean egiten diren jardueretan ez dela eragozpenik sortu behar.

15. artikulua. Hileta eta omenaldi zibilak astelehenetik igandera ospatu ahal izanen dira. Asteburuetan udal langileen disponibilitatearen arabera moldatu beharko dira ordutegiak. Hiletetan ezin izango da gorputza bertan eduki. Eskatutako egoitzetan dauden baliabideak erabili ahal izanen ditu eskatzaileak. Bertzelako baliabiderik behar izanez gero, norberaren kontura izanen dira, eta Udalaren baimena beharko dute.

IV. KAPITULUA.–ESKUBIDE ETA BETEBEHARRAK

16. artikulua. Udalaren aretoak egoera onean mantentzearren, baimendutako pertsona izanen da Udalaren aretoetan sor daitezkeen kalte edo hondamendien arduradun, eta bere gain hartu beharko ditu eragindako kalteen gastuak.

17. artikulua. Utzitako lokala apaindu edo modu bereziren batean egokitu nahi badute, udal zerbitzuari garaiz jakinarazi beharko diote, honek hartu beharreko erabakia har dezan. Tokiaren harmonia eta ezaugarriak errespetatu egin beharko dira beti eta eurek ordaindu beharko dituzte lokala apaindu eta egokitzeak eragindako gastu guztiak, horrek eragin dezakeen garbitasun berezia barne. Interesduna arduratuko da, bere kontura arduratu ere, ekitaldia ospatzeko zerbitzu osagarriez. Dena dela, Lesakako Udalak zerbitzu horiek ikuskatu ahal izanen ditu.

18. artikulua. Eskaera egin duen pertsonak hileta edo omenaldi zibila egiteko kaleko espazio publikoa erabili behar badu, dagokion eskabidean berariaz adierazi beharko du. Udalak erabiliko den espazio publikoa mugatuko du eta hor lehen aipatu ditugun eskubide eta betebeharrak aplikatuko dira, tartean dagokion tasa ordaintzea.

19. artikulua. Araudi honetan aurreikusi gabeko gainerako guztian udal arduradunen aginduak bete beharko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Lesakako Udaleko alkateari baimena ematen zaio araudi hau aplikatzeko beharrezko diren jarduketa guztiak egin ditzan.

I. ERANSKINA.–TASAK

1.–Ezkontza zibilak:

a) Lesakako Udalean erroldatuta ez dauden eskatzaileak: 100,00 euro.

Iragarkiaren kodea: L2508588