123. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LESAKA

Autokarabanen eta karabanen aparkalekua eta prezio publikoen ezarpena arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Lesakako Udalak, 2025eko otsailaren 27an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza hau: Autokarabanen eta karabanen aparkalekua eta prezio publikoen ezarpena arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2025eko 54. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 18an, eta jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. Artikuluan xedatuari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Aditzera ematen da, orok jakin dezan eta ondorioak izan ditzan.

Lesakan, 2025eko maiatzaren 12an.–Alkatea, Ladis Satrustegui Alzugaray.

AUTOKARABANEN, KARABANEN, KANPERREN ETA ATOIEN APARKALEKUA ETA PREZIO PUBLIKOEN EZARPENA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Zioen azalpena

Lesakako herriguneak ez du autokarabanak aparkatzeko plazarik. Bestalde, kontuan hartuta Udala egiten ari den ahalegina ibilgailuen trafikoa murrizteko, beharrezkotzat jotzen da autokarabana, karabana, kanper eta atoietarako aparkaleku bat ezartzea Bekoerrota inguruan, herrigunera sartu aurretik (Zambrako instalazio zaharren ondoan), ibilgailu horiek bertan aparkatuta gera daitezen, herrigunetik zirkulatu beharrik gabe.

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da arautzea autokarabanen, karabanen, kanperren eta atoien aparkalekuaren erabilera Lesakako Zambra aldean, eta kontzeptu horrengatik prezio publikoa ezartzea.

2. artikulua. Oinarria.

Ordenantza hau xedapen hauei jarraikiz onetsi da: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 99. eta 262. artikuluak; Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen bigarren xedapen gehigarria; eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduaren 93. artikulua eta hurrengoak.

3. artikulua. Ordenantza honen eremu objektiboa.

Ordenantza honetako arauak aplikatuko zaizkio Bekoerrotan, Zambra ondoan, dagoen autokarabana, karabana, kanper eta atoien aparkalekuari. Bertan, plazak behar bezala seinaleztatuta daude.

I. KAPITULUA.–APARKALEKUAREN ERABILERARI BURUZKO ARAUAK

4. artikulua. Ordenantza honetan arautzen den aparkalekua soilik autokarabanek, karabanek, kanperrek eta atoiek erabiltzeko izanen da. Aparkaleku hau jabari publikoko ondasuna da, eta haren titulartasuna Lesakako Udalari dagokio.

5. artikulua. Aparkalekua erabiltzeko interesa dutenek Udalaren lizentzia eskuratu beharko dute. Lizentzia hori emanen da plaza bakoitzaren erabilera pribatibo arrunterako, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduaren 93. artikuluak arautzen duen bezala, erabileraren intentsitatearen arabera.

Lizentziak urtebeterako emanen dira, luzatzeko aukerarekin, prekarioan eta hirugarrenei kalterik egin gabe. Emakidadunak ezinbestean bete beharreko baldintzak finkatuko dira, eta lizentzia horiek noiznahi baliogabetu ahalko dira, aipatu baldintzak betetzen ez badira edo interes publikoa tartean badago.

6. artikulua. Lizentzia ematearekin batera, eta dagokion urteko prezioa ordaindu ondotik, ibilgailuaren eta dagokion plazaren identifikazio-txartel bat emanen zaio emakidadunari.

7. artikulua. Lesakan udal-zirkulaziorako zergan alta emanda dauden ibilgailuek bakarrik lortu ahalko dute lizentzia, baldin eta aparkaleku gisa erabiltzeko moduko lursailik ez badute. Plaza hutsik bada, behar den lizentzia esleitu ahalko da, nahiz eta eskatzailea aparkalekurako egokitutako lurzati baten jabe izan.

8. artikulua. Lizentzia eskuratzen duten eskatzaileek aparkalekuaren izaera eta xedea kontuan hartuz erabili beharko dute lizentzia hori, inolako kalterik edo galerarik ez eragiteko, zertarako eskatu zen, helburu horrexekin egindako erabilera ohikoa, egokia eta arrazoizkoa dela-eta gerta daitekeen higadura izan badaiteke ere.

9. artikulua. Udal aparkalekua ezin izanen da inola ere erabili eskuratutako lizentziaren helburua ez den beste baterako.

10. artikulua. Aparkalekua erabili nahi duten norbanakoek edo entitateek Udalari egin beharko diote eskaera, idatziz egin ere. Datu pertsonalak eta ibilgailuari dagozkionak zehaztu beharko dituzte.

11. artikulua. Lizentziaren indarraldia amaitu ondoren, emakidadunak horren berri eman beharko dio Udalari.

Udalak egoki juzgatzen dituen egiaztatze lan guztiak eginen ditu, ordenantza honetan eta kontzesiodunen lizentzietan ezarritako betebehar eta baldintzak bete ote diren ikusteko.

II. KAPITULUA.–ERANTZUKIZUNAK, ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

12. artikulua. Autokarabana, karabana, kanper eta atoien aparkalekua erabiltzeko kontzesio hartzaileek eta/edo lizentziaren titularrek erantzun beharko dute, maltzurkeria edo utzikeria direla medio bertan eragiten dituzten kalte-galerengatik.

13. artikulua. Aparkalekuan plaza bera erabiltzeko lizentziaren titularrak bat baino gehiago badira, denek elkarrekin eta solidarioki erantzun beharko dute, ordainduz prezio publikoak, aparkalekuan eta instalazioetan eragindako kalte-galerak eta ezartzen diren zehapenak, halakorik gertatuz gero.

14. artikulua. Arau-haustetzat hartuko da autokarabana, karabana, kanper eta atoien aparkaleku izatea ez den bestelako edozein jarduera, eta bereziki ingurunea hondatu eta ingurumena kaltetzen dutenak. Arau-hauste astuntzat hartuko dira, besteak beste, aparkalekua zikintzen duen edozein gai bertan utzi edo lagatzea eta edozein jarduera mekaniko egitea.

15. artikulua. Goian adierazitako arau-hausteak eginez gero, honako zehapen hau ezarriko da: lizentzia kentzea Lesakako Bekoerrota inguruko autokarabana, karabana, kanper eta atoien aparkalekua erabiltzeko.

16. artikulua. Aurreko artikuluetan xedatutakoaren ondorioz ezarriko diren zehapenak kalte-galeren bidezko ordainaz aparte ezarriko dira.

Aurreko artikuluetan aipatutako erantzukizun eta zehapenak betearazpen-bidetik bideratu eta gauzatuko dira.

III. KAPITULUA.–AUTOKARABANA, KARABANA, KANPER ETA ATOIEN UDAL APARKALEKUA ERABILTZEAGATIKO PREZIO PUBLIKOAK

17. artikulua. Zerga-egitatea da pertsona fisiko edo juridikoek autokarabana, karabana, kanper eta atoien udal aparkalekua erabiltzeagatiko prezio publikoaren zenbatekoa, udal lizentzia eskuratu ondotik.

18. artikulua. Subjektu pasiboa.

Prezio publiko hauen subjektu pasiboak izanen dira, Udalak lizentzia eman ondoren, autokarabana, karabana, kanper eta atoien aparkalekua erabiltzen duten pertsona fisiko edo juridikoak.

19. artikulua. Karga-oinarria. Karga-oinarria izanen da autokarabana, karabana, kanper eta atoien aparkalekua erabiltzen den hilabeteen kopurua.

20. artikulua. Tarifak.

Ordenantza honen eranskinean agertzen dira.

21. artikulua. Sortzapena.

Autokarabana, karabana, kanper eta atoien aparkalekua erabiltzeko lizentzia eskatzen den unean sortuko dira prezio publikoak.

IV. KAPITULUA.–KUDEAKETA ARAUAK

22. artikulua. Aparkaleku-tasaren kuota udal-gordailuzaintzan ordainduko da, udaleko kontu-hartzaileak ordainagiria eman ondoren.

23. artikulua. Ordainarazpena zer motatakoa den kontuan hartuz, ez da inoiz kuotaren zenbatekorik itzuliko eta ez da onartuko beste erabiltzaile batzuei eskualdatzea ordainagiriak.

V. KAPITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

24. artikulua. Arau-hausteei eta zigorrei dagokien orotan, jarraituko zaio 1997ko irailaren 12an Udalbatzak onetsitako Ordenantza Fiskal Orokorrean xedatutakoari.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako baldintzak betetakoan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

TARIFEN ERANSKINA

1.–Udalerri honetan zirkulazioaren gaineko zerga ordaintzen duten ibilgailuak: 300 euro urtean.

Iragarkiaren kodea: L2506877