1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
761E/2025 EBAZPENA, ekainaren 10ekoa, Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2025eko ekainaren 15eko 20:00etatik 2025eko ekainaren 18ko 00:00etara egitekoa den greba dela-eta, SIETESS sindikatuak grebara deitu baitu, erakunde autonomo honen funtsezko gutxieneko zerbitzuen funtzionamendua bermatzen duena eta zerbitzu horiek emateko behar diren langileak zehazten dituena.
Osasuneko goi mailako teknikarien estatuko sindikatuak (SIETESS) grebara deitu ditu Espainiako estatu osoko administrazioetako eta erakunde publiko eta pribatu guztietako osasuneko goi mailako teknikariak.
Nafarroako lurralde eremuan, zehazki, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako, lotutako edo haren mendeko lantokietara zuzentzen da greba.
Deialdian adierazten denez, greba zuzentzen zaie osasuneko goi mailako teknikarien edo teknikari espezialisten lanbide kategoria duten langile guztiei, edozein motatako kontratu harremana izanik ere (estatutupekoa, funtzionarioen araubidekoa edo lan araubidekoa). Aipatu kategorian, goi mailako Lanbide Heziketako tituludun hauek sartzen dira: Diagnosi-irudiko eta Medikuntza Nuklearreko goi mailako teknikariak, Laborategi Kliniko eta Biomedikoko goi mailako teknikariak, Anatomia Patologikoko eta Zitodiagnostikoko goi mailako teknikariak, Erradioterapia eta Dosimetriako goi mailako teknikariak, Aho-hortzetako Higieneko goi mailako teknikariak, Osasun Dokumentazio eta Administrazioko goi mailako teknikariak, Dietetikako goi mailako teknikariak, Audiologia Protesikoko goi mailako teknikariak, Ortoprotesietako eta Laguntza-produktuetako goi mailako teknikariak eta Ingurumen Osasuneko goi mailako teknikariak, Osasun arloko Lanbideen Antolamenduari buruzko Legean (OLAL) jasoak baitaude, eta horien baliokideak diren kategoriak, otsailaren 1eko 40/2019 Errege Dekretuak ezartzen dituenak (errege dekretu horren bidez aldatu baitzen martxoaren 13ko 184/2015 Errege Dekretua –osasun zerbitzuetako estatutupeko langileen lanbide kategorien baliokidetasunen katalogo homogeneoa eta hura eguneratzeko prozedura arautzen dituena–, osasuneko goi mailako teknikarien lanbide kategoriak eransteko).
Greba, SIETESS sindikatuak Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioko Laneko Zuzendaritza Nagusian 2025eko ekainaren 4an aurkeztutako azken jakinarazpenaren eta zuzenketaren arabera, 2025eko ekainaren 16an eta 17an eginen da, egun bakoitzeko 24 orduetan (lanaldi osoa). 2025eko ekainaren 15eko 20:00etan abiatuko da, beren lanaldia grebaren aurreko egunean hasiko duten gaueko txandetakoek ere parte har dezaten (12 orduko txanden modalitatea eta gaueko txanda "klasikoak", 22:00etatik 08:00etarakoak), eta 2025eko ekainaren 18ko 00:00etan bukatuko da.
Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da herritarren funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.
Grebarako deialdia dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan ematen diren zerbitzuak ezin dira erabat gelditu, botere publikoek bermatu beharreko funtsezko zerbitzuak baitira, eta, beraz, beharrezkoa da horiek betetzea. Izan ere, Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan aipatzen den osasuna babesteko eskubidearen barrenean sartzen dira, pertsonen funtsezko eskubideei eragiten dietelako, hala nola herritarren bizitzeko eta osotasun fisikorako eskubideei.
Argudio horiekin, justifikatuta dago zerbitzu horiek funtsezko zerbitzutzat hartzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea deitutako grebak dirauen bitartean.
Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.
Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuak, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian adierazten duenez, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, grebarako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.
Azaldutakoaren ondorioz, ebazpen honek hauxe du xede: 2025eko ekainaren 15eko 20:00etatik 2025eko ekainaren 18ko 00:00etara egitekoa den greba dela-eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen funtsezko gutxieneko zerbitzuak arautzea. Horiek ezartzeko, aintzat hartzen da, funtsean, zerbitzu horiek ezinbestekoak direla herritarrentzako behar bezalako arretari eusteko.
Behar diren jarduketak egin dira USAErekin, Nafarroan ordezkaritza duen sindikatu hori grebara deitu duen sindikatuaren partaidea baita, USAEk SIETTESi jakinarazi dizkio proposatutako gutxieneko zerbitzuak, eta horien aurka SIETTESek alegaziorik aurkeztu ez duenez, gutxieneko zerbitzuak emateko behar diren langileak zehaztu behar dira.
Ezarri behar diren funtsezko gutxieneko zerbitzuei buruz galdetu zitzaien Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko arloetako kudeatzailetzei eta zuzendaritza asistentzialei, grebara deitutako langileak atxikita dituztenei. Ospitaleen eremukoek esan digute haientzat funtsezkoa dela ETE (diagnostikorako irudia), LTE (diagnostikorako laborategia) eta APTE (anatomia patologikoa eta zitologia) kategorietako osasun prestazioa; eta Lizarrako eta Tuterako barrutietakoek, aldiz, funtsezkotzat jotzen dute HHTE (aho-hortzetako higienea) kategoriako prestazioa oinarrizko osasun laguntzan, odontologia lanak laguntzarik gabe ez uzteko. Bestetik, Osasun Mentalean ez dago honelako langilerik atxikita; eta Oinarrizko Osasun Laguntzakoek esan digute HHTEak bakarrik dituztela eta ez dutela beharrezko jotzen gutxieneko zerbitzuak ezartzea.
Hori horrela, proposatutako gutxieneko zerbitzuak egokitzat jo dira, eta haiek ezartzeko orduan erabili den irizpidea bat dator osasunerako eta bizitzeko eskubidea tartean daudenean greba eskubidea mugatzeari buruz hartu diren erabaki jurisprudentzialekin. Era horretan, bi errealitate hauen arteko proportzionaltasun printzipioa betetzen da: batetik, funtsezko zerbitzu horietako erabiltzaile edo hartzaileen sakrifizioak, eta bestetik, greba egin nahi dutenei inposatzen zaizkien sakrifizioak. Izan ere, grebak komunitatearen interesari egindako kalteak ez du gainditu behar sen onak agintzen duena.
Aintzat hartu da grebak zer hedadura duen lurraldeari zein langileei dagokienez eta, orobat, nolako eragina izanen duen Konstituzioak babestutako eskubide edo ondasunetan. Beraz, erabilitako irizpidea izan da, dauden langileak oinarri harturik, osasun laguntzaren sektorean gutxieneko langile kopurua ezartzea biztanleriari funtsezko osasun prestazioak segurtatzeko.
Arlo bakoitzak egindako oharrak ikusirik, beharrezkotzat eta zentzuzkotzat jo dira orain arte proposatutako funtsezko gutxieneko zerbitzuak, eta arlo bakoitzak honela justifikatu du haiek ezartzea:
1. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa (NOU):
Ospitalizazioan, ahalmen logistikoaren %100 bermatu behar da. Izan ere, diagnostikatzeko eta tratatzeko ospitaleratuta dauden paziente horien bizia arriskuan jar liteke prozesuen atzerapenarengatik, eta bermatu egin behar dira osasun laguntzen eta zainketen jarraitutasuna eta pazienteen segurtasuna.
Era berean, eremu horretan aintzat hartu da garrantzi bereziko zerbitzuak daudela, zeinetan ezin baitira eten ez osasun laguntza ez tratamenduak, hala nola onkologiakoak, hematologiakoak eta erradioterapiakoak.
Bestalde, aintzat hartu dira diagnostiko onkologikoei lotutako ebakuntza kirurgikoen gutxieneko zerbitzuak, eta pazienteen tratamenduan eta segurtasun klinikoan eragin handia duten jarduerak.
Kontsulten jarduera %60an ezartzearen arrazoia da prozesu kliniko baten zain dauden baloratu eta diagnostikatu gabeko pazienteek okerrera ez egitea.
Nafarroako Odol eta Ehun Bankuan, bermatuko da odol eta ehunen laginak eta donazioak ateratzen direla eta odol osagaiak eta ehunak lortzen direla hornitu ohi diren zentroei hornidura egiteko, ahalmen logistikoaren %60ra arte gehienez.
Proposatutako gutxienekoak beharrezkotzat jotzen dira, aipatu teknikarien lana kontuan hartuta. Laborategiko teknikari espezialisten (LTE) lana funtsezkoa da pazienteen diagnostikoa, jarraipena eta tratamendua egiteko. Zerbitzu horiek etenez gero, ezin izanen lirateke egin erabaki klinikoak hartzeko ezinbestekoak diren analisiak, eta horrek pazientearen osasunerako eta bizitzarako arriskua ekarriko luke. Hain zuzen, hori saihestu nahi da ospitalizazioan eta paziente onkologikoen tratamenduan "ahalmen logistikoaren %100 bermatuta".
Bestalde, erradiodiagnostikoko teknikari espezialisten (ETE) lana ezinbestekoa da diagnostikorako irudiak lortzeko (erradiografiak, OTAk, ekografiak, etab.), zeinak funtsezkoak baitira larrialdietan balorazioak egiteko, paziente kritikoen jarraipenerako eta tratamenduak planifikatzeko (besteak beste, erradioterapia), bai eta lehentasunezkoak edo atzeratu ezinak diren proba programatuak egiteko ere. Zerbitzu horiek geldiarazteak larriki mugatuko luke diagnostikorako ahalmena eta, ondorioz, "prozesu kliniko baten zain dauden baloratu eta diagnostikatu gabeko pazienteek okerrera ez egiteko" helburuaren aurka doa.
Anatomia patologikoaren arloko teknikari espezialisten (APTE) lana beharrezkoa da hainbat patologia diagnostikatzeko, lagin biologikoak analizatuta, eta garrantzi berezia du onkologiaren arloan. Zerbitzu horiek eteteak hil ala bizikoak izan daitezkeen diagnostikoak atzeratzea ekarriko luke, hau da, eragin zuzena izanen luke diagnostikoan eta pazienteen plangintza terapeutikoan. Haien eginkizuna berez da funtsezkoa "lehentasunezko arreta, ospitaleratutako pazienteentzako arreta eta ohiko arreta" eskaintzeko eta jarduera kirurgiko eta diagnostikorako.
2. Lizarrako Osasun Barrutia:
Lizarrako Osasun Barrutian Oinarrizko Osasun Laguntza, García Orcoyen ospitalea eta Osasun Mentala daude.
NOUk emandako justifikazio gehienak aplikatzen ahal zaizkio esparru honi ere, gutxienekoak berdinak baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzu osoaren jardunerako, dela oinarrizko osasun laguntzan, dela ospitaleko jardueran.
Greba egun guztietan zuzendari kudeatzailearen ebazpenean jasotako jarraibideak beteko dira. Haren txostenean ageri da zenbat profesional izendatzen diren, gutxieneko gisa, greba egunerako.
Adierazi beharra dago ezen, lehentasunezko arreta, paziente ospitaleratuak eta ahalmen logistikoaren %60 bermatu behar direnez, eta plantilla zenbatekoa den ikusirik, batzuetan txandako langile guztiek osatzen dituztela gutxieneko zerbitzuak. Izan ere, bi profesional baldin badaude, gutxienekoa ezin da profesional bat izan, plantilla %50ekoa izanen bailitzateke eta, hortaz, ez da aski ezarri den gutxieneko prestazioa ziurtatzeko.
Bestetik, oinarrizko osasun laguntzan hortzetako higieneko teknikari espezialistak (HHTE) ezinbesteko euskarria dira arreta odontologikoa eraginkortasunez eman ahal izateko, larrialdietakoa eta "atzeratu ezin dena" barne. HHTEen lana ez bermatzeak ekarriko luke laguntzarik gabe uztea odontologoen lana eta, ondorioz, aho-hortzetako funtsezko arretarako ahalmena murriztea.
3. Tuterako Osasun Barrutia:
Tuterako Osasun Barrutian Oinarrizko Osasun Laguntza, Reina Sofía ospitalea eta Osasun Mentala daude.
Kasu honetan ere, NOUk emandako justifikazio gehienak aplikatzen ahal zaizkio esparru honi ere, gutxienekoak berdinak baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzu osoaren jardunerako, dela oinarrizko osasun laguntzan, dela ospitaleko jardueran.
Greba egun guztietan zuzendari kudeatzailearen ebazpenean jasotako jarraibideak beteko dira. Haren txostenean ageri da zenbat profesional izendatzen diren, gutxieneko gisa, greba egunerako.
Adierazi beharra dago ezen, lehentasunezko arreta, paziente ospitaleratuak eta ahalmen logistikoaren %60 bermatu behar direnez, eta plantilla zenbatekoa den ikusirik, batzuetan txandako langile guztiek osatzen dituztela gutxieneko zerbitzuak. Izan ere, bi profesional baldin badaude, gutxienekoa ezin da profesional bat izan, plantilla %50ekoa izanen bailitzateke eta, hortaz, ez da aski ezarri den gutxieneko prestazioa ziurtatzeko.
Bestetik, oinarrizko osasun laguntzan aho-hortzetako higieneko teknikari espezialistak (HHTE) ezinbesteko euskarria dira arreta odontologikoa eraginkortasunez eman ahal izateko, larrialdietakoa eta "atzeratu ezin dena" barne. HHTEen lana ez bermatzeak ekarriko luke laguntzarik gabe uztea odontologoen lana eta, ondorioz, aho-hortzetako funtsezko arretarako ahalmena murriztea.
Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Funtsezko gutxieneko zerbitzuak ezartzea osasuneko goi mailako teknikarien estatuko sindikatuak (SIETESS) egin duen greba deialdiari dagokionez. Greba hori 2025eko ekainaren 16an eta 17an eginen da, egun bakoitzeko 24 orduetan (lanaldi osoa), 2025eko ekainaren 15eko 20:00etan abiatuko da, beren lanaldia grebaren aurreko egunean hasiko duten gaueko txandetakoek ere parte har dezaten (12 orduko txanden modalitatea eta gaueko txanda "klasikoak", 22:00etatik 08:00etarakoak), eta 2025eko ekainaren 18ko 00:00etan bukatuko da. Hauek dira funtsezko gutxieneko zerbitzuak:
I.–Ospitaleak.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ospitaleek ezinbestekotzat jo dute ETE, LTE eta APTE kategorietako osasun prestazioa. Oro har, lan araubidea jaiegunetarako ezarritako bera izanen da. Gainera, zentroen jarduera garatzeko ezinbestekoak diren zerbitzuetan jendeari arreta ematen zaiola bermatuko da, honelaxe:
A) Ospitaleratzea: ahalmen logistikoaren %100 bermatuko da.
B) Jarduera pautatua duten zerbitzuetako arreta bermatuko da:
–Tratamendu onkologikoak eguneko ospitalean.
–Tratamendu hematologikoak eguneko ospitalean.
–Erradioterapiako tratamenduak, simulaziokoak eta plangintzakoak.
–Osasun Mentaleko sareko eguneko ospitaleak.
C) Ebakuntza kirurgiko larri guztiak bermatuko dira, horietan normalean erabiltzen diren baliabideekin, eta, horiez gainera, larrialdietako, Zainketa Intentsiboetako Unitatearen, Erreanimazioaren eta Zainketa Berezien Unitatearen, Zainketa Etengabeko Unitatearen, Kritikoen Unitatearen, Erditzeen Arloaren eta parekagarriak diren beste unitate batzuen jarduera guztia ere bermatuko da.
D) Honako arlo hauetan, lehentasunezko arreta, ospitaleratutako pazienteentzako arreta eta, halakorik bada, ohiko arreta guztiak bermatuko dira, ahalmen logistikoaren %60ra bitarte jarriz:
–Ebakuntza kirurgikoak.
–Zerbitzu zentralak.
–Kontsultak.
E) Nafarroako Odol eta Ehun Bankua: bermatuko da odol eta ehunen laginak eta donazioak ateratzen direla eta odol osagaiak eta ehunak lortzen direla hornitu ohi diren zentroak hornitzeko, ahalmen logistikoaren %60ra arte gehienez.
II.–Oinarrizko Osasun Laguntza.
Tuterako eta Lizarrako barrutietan, aho-hortzetako osasunean HHTE (hortzetako higienista) bat bermatuko da zerbitzu hori duen osasun etxe bakoitzean.
2. Gutxieneko zerbitzuetako langileek bete beharko dituzte aurreko atalean aipatutako funtsezko zerbitzuak, zentroetako kudeatzaileek horretarako izendaturik. Legez kanpokotzat hartuko da funtsezko zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak izanen dira horren erantzule.
3. Aurreko ataletan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.
4. Ebazpen hau jakinaraztea USAEri eta SIETESSek izendatutako greba batzordeari.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea eta honako hauei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan: Profesionalen Zuzendaritzari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren barnean langileriaren arloko eskumenak esleiturik dituzten zuzendaritza eta zerbitzuei, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Lan Harremanen Atalari.
6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) eta 126.3 artikuluekin, eta aintzat hartuta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren abuztuaren 18ko 4/2023 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak.
Iruñean, 2025eko ekainaren 10ean.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Jesús Alfredo Martínez Larrea.
Iragarkiaren kodea: F2508364