122. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

42/2025 FORU AGINDUA, maiatzaren 19koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, aldatzen duena Hezkuntzako kontseilariaren urtarrilaren 11ko 2/2022 Foru Agindua, zeinaren bidez arautzen baitira Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko behin-behineko ikuskatzaileen lanpostuak betetzeko izangaien zerrenden eraketa, antolamendua eta kudeaketa.

Hezkuntzako kontseilariak urtarrilaren 11n emandako 2/2022 Foru Aginduaren bidez arautzen dira Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko behin-behineko ikuskatzaileen lanpostuak betetzeko izangaien zerrenden eraketa, antolamendua eta kudeaketa.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, 000019/2023 epaiaren bidez, partez baietsi du administrazioarekiko auzi-errekurtso bat, Hezkuntzako kontseilariak urtarrilaren 11n emandako 2/2022 Foru Aginduaren aurka ezarritakoa, eta baliogabetu egin du foru agindu horren 4. artikulua.

Epaia irmo bihurtu denez, bidezkoa da Hezkuntzako kontseilariaren urtarrilaren 11ko 2/2022 Foru Agindua aldatzeko foru agindu bat onestea, oposizioaldiko probaren zati bat edo bi zati gainditu dituzten izangaien zerrendak barnean hartuko dituena, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren 000019/2023 epai horretan arrazoitutakoari egokitzeko. Halaber, zehazten da ezen irakasle funtzionarioak zerbitzu-eginkizunen araubidean arituko direla behin-behineko ikuskatzaileen lanpostuak aldi baterako betetzen, eta irakasle funtzionario horiek egitura organikoari eta eginkizunei dagokienez Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendekoak izanen direla.

Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da aldatzea Hezkuntzako kontseilariaren urtarrilaren 11ko 2/2022 Foru Agindua, zeinaren bidez arautzen baitira Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko behin-behineko ikuskatzaileen lanpostuak betetzeko izangaien zerrenden eraketa, antolamendua eta kudeaketa.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea Hezkuntzako kontseilariaren urtarrilaren 11ko 2/2022 Foru Agindua, zeinaren bidez arautzen baitira Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko behin-behineko ikuskatzaileen lanpostuak betetzeko izangaien zerrenden eraketa, antolamendua eta kudeaketa.

Honela aldatu da Hezkuntzako kontseilariaren urtarrilaren 11ko 2/2022 Foru Agindua:

Bat.–Aldatzen da 3. artikulua, eta testu hau izanen du:

"3. artikulua. Lanpostuetan aritzeko araubidea.

Organikoki eta funtzionalki Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mende dauden irakasle funtzionarioak zerbitzu-eginkizunen araubidean arituko dira behin-behineko ikuskatzaileen lanpostuak aldi baterako betetzen."

Bi.–Aldatzen da 4. artikulua, eta testu hau izanen du:

"4. artikulua. Zerrendak eratzeko prozedurak eta haien arteko lehentasun-ordena.

1. Behin-behineko ikuskatzaileen lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak –Hezkuntza Departamentuak eratzen ahal dituenak organikoki eta funtzionalki Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren mendekoak diren irakasle funtzionarioekin– hizkuntzaren arabera banatuko dira, gaztelaniazko zerrendak eta euskarazko zerrendak sortuz.

2. Hizkuntza bakoitzean eratutako izangaien zerrendak honako lehentasun-ordena honi egokituko zaizkio:

a) Gainditu arren plazarik eskuratu ez dutenen zerrenda, zeina osatuko baitute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko hezkuntzako ikuskatzaileen kidegorako oposizioaldia gainditu bai, baina sartzeko hautapen-prozesua gainditu ez dutenek.

b) Kidegoan sartzeko azken hautapen-prozesutik datozen eta oposizioaldiko probaren bi zati gainditu dituzten izangaien zerrenda.

c) Kidegoan sartzeko azken hautapen-prozesutik datozen eta oposizioaldiko probaren zati bat gainditu duten izangaien zerrenda.

d) Deialdi espezifikoen bidez eratutako izangai-zerrendak.

3. Zerrendak onetsiko dira Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen bidez."

Hiru.–Gehitzen da 5 bis artikulua, testu honekin:

"5 bis artikulua. Kidegoan sartzeko hautapen-prozesutik datozen izangaien zerrendak.

4. artikuluko b) eta c) puntuetako zerrendetako bakoitza honela ordenatuko da: oposizioko proban gainditutako zatietan lortutako puntuen batuketa aritmetikotik ateratzen den puntuazioaren arabera.

Zerrenda horiek indargabetuta geldituko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoan sartzeko hurrengo deialdia ebazten denean."

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2025eko maiatzaren 19an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2507205