Iragarkia
122. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 19a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ZOLINAKO KONTZEJUA
Ordenantza, Zolinako herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Zolinako Kontzejuak, 2025eko martxoaren 14an egin bilkura berezian, hasiera batez onetsi zuen Zolinako herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza aldatzea.
Erabaki hori 2025eko 65. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 5ean. Espedientea 30 egunez izan zen jendaurrean.
Jendaurreko aldia igaro denez eta alegaziorik aurkeztu ez denez, bat etorrita Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoarekin, behin betiko onetsi zen Zolinako herri-lurrak arautzen dituen ordenantzaren aipatu aldaketa 2025eko maiatzaren 14an egin osoko bilkura berezian, eta, ondorio juridikoak izan ditzan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dira inguruabar hori eta ordenantzaren behin betiko testua.
Zolinan, 2025eko maiatzaren 14an.–Kontzejuko burua, Aitor Larrainzar Marco.
ORDENANTZA, ZOLINAKO HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, Zolinako mugarteko herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzeko.
2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.
3. artikulua. Herri-ondasunak dira bertzerenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen.
Haien izaeran eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.
4. artikulua. Hauek dira herri-lurretako ondasunen gaineko arauak: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa; Nafarroako Toki-erakundeen Ondasunen gaineko Erregelamendua; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; Herri-lurren ordenantza hau eta, bertzela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluaren hirugarren apartatuan xedatutakoa.
II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN EGINTZAK
5. artikulua. Herri-ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Zolinako Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den gisan.
Herri-ondasunen inguruan Zolinako Kontzejuak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan (6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa).
6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Zolinako Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela bertze bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.
Herri-ondasunak desafektatu ondoren, bertze batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat jasoko da betiere, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen edo betetzen ez diren kasuetarako.
Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Zolinako Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herri-lurretako ondasun gisa.
Desafektazioa egiteko jarraitu beharreko prozedura Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan ezarritakoa eta Ondasunen gaineko Erregelamenduaren (280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duena) 143. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoa izanen da.
III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATZEA ETA BERRESKURATZEA
7. artikulua. Zolinako Kontzejua herri-lurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bertzelako ekintzei.
8. artikulua. Zolinako Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.
9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Zolinako Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Komunikazio horien gaineko erabakia hartu beharko du Kontzejuak.
10. artikulua. Zolinako Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko berariazko onespena beharko du, transakziorik egin nahi izanez gero ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren.
11. artikulua. Zolinako Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo bertze edozein tituluren kariaz herri-lurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aitzinetik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.
12. artikulua. Zolinako Kontzejuak, herri-ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.
Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala betearaziko dira, galarazi gabe kontratisten eskubidea bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko.
13. artikulua. Zolinako Udalak herri-lurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da; betiere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako eran. Akzio horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie Kontzejuak herritarrei. Udalak berez berreskuratzen ahalko du, noiznahi, herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik abiarazita dagokion prozedura, ofizioz edo salaketa bidez, interesdunari entzunaldia emanda eta txosten juridikoa eginda, non agertuko baitira usurpatu den jabetza egiaztatzeko behar adina agiri eta froga. Hori guztia eginen da toki administrazioari buruzko foru legedian ezarritako prozedurari jarraikiz.
IV. TITULUA.–HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDUA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
14. artikulua. Honako aprobetxamendu hauek arautzen ditu ordenantzak:
a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak.
b) Herri-lurretako bertze aprobetxamendu batzuk.
15. artikulua.
1. Orokorrean, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitatearen titularrak honako baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Adinez nagusi izatea, edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.
b) Aranguren ibarreko Biztanleen Udal Erroldan Zolinako bizilagun gisa inskribatua izatea, hiru urteko antzinatasunaz gutxienez ere.
c) Zolinan urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian eta egiazki bizitzea.
d) Arangurengo Udalean eta Zolinako Kontzejuan ordaindu beharreko zergak ordainduak izatea.
e) Nekazaria edo abeltzaina izatea, nekazaritza araudiarekin bat.
2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren, baldin haien diru-sarrerak apalagoak badira lanbide arteko gutxieneko soldata baino.
3. Espresuki agintzen zaie onuradunei erabat debekatua dutela genetikoki eraldatutako edozein landare mota ereitea herri-lurretan.
4. Herri-lurren onuradunek ongarria edo laborearen landare hondar guztiak (malkarra) bota beharko dituzte, gutxienez 4 urtean behin.
5. Herri-lurren onuradunek lurzatiak mantendu eta zainduko dituzte nekazari on bati dagokion bezala, txukun laboratuta eta harririk gabe.
6. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Zolinako Kontzejuak argituko ditu, banan-banan.
II. KAPITULUA.–LABORANTZAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA
16. artikulua. Zolinako laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:
a) Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduak.
b) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.
c) Enkante publikoaren bidez adjudikatzea edo Zolinako Kontzejuak zuzenean ustiatzea.
Zolinako Kontzejuak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua esleitzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bertzearen ondotik, emandako ordenaren arabera.
1. ATALA.–HERRITARRENDAKO LEHENTASUNEZKO APROBETXAMENDUAK
17. artikulua.
1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia-unitatearen diru-sarrerek guztira soldata eta erdiaren azpitik egon.
2. Familia-unitatean daudenean genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak eta/edo dokumentu bidez egiaztatutako desgaitasunen bat duten kideak, kide horietako bakoitzeko kontuan hartuko den diru-sarrera izanen da lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren parekoa.
3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Hartuko dira kontuan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz bertze edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hiri-lurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako bertze edozein datu ere.
18. artikulua. Kontzejuak laborantzarako herri-lur gutxi duenez, aprobetxamendu mota honetarako loteak eskabideen arabera emanen dira, betiere laborantzako lurren azaleraren %50 gainditu gabe.
19. artikulua. Aprobetxamendua ez da zortzi urtetik beheitikoa izanen. Urte anitzeko laboreak badira, eta Kontzejuak baimena ematen badu, epe hori laborearen balio-bizitzaren arabera luzatzen ahalko da.
20. artikulua. Herri-lurzatien onuradunek kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu modu honetan:
–Lehorreko lurrak: 15,45 euro/erregu/urtea; zenbateko hori 2025. urterako proposatutako kanonari dagokio, eta kanon hori urtero eguneratuko da, KPIaren igoera gehituz gehienez ere. Nolanahi ere, kanonak izan beharko du Zolinako Kontzejuak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa, gutxienez.
Dena dela, prezioa Udalak ezarriko du Aranguren ibarreko laborantzako herri-lur guztietarako, aprobetxamendu mota honetan.
21. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki laboratu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den bertze eraren baten bidez ustiatu.
Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean, betiere ordenantza honetan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.
22. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, adjudikaziodunek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honen 15. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborari pertsonalaren izaera ez da galduko soldatapeko langileak hartzen badira, gerora sortutako eritasun bat, haurdunaldiko arriskua edo aldi baterako bertze arrazoi bat gertatzeagatik, udal honen iritziz lurra norberak lantzea eragozten duena.
Horrelakoetan, hamabortz eguneko epean jakinaraziko zaio Zolinako Kontzejuari, behar den baimena eman dezan.
Ezintasun fisikoa edo bertzeren bat behin betikoa bada Kontzejuaren iritziz, eta herri-lurren zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, 23. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
23. artikulua. Ezintasun fisikoa edo bertzeren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Zolinako Kontzejuak adjudikatu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Kontzejuak lurzatien titularrei adjudikaziotik ateratako etekinak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.
Kontzejuak du eskumena erabakitzeko noiz dagoen ezintasun fisikorik edo bertzeren bat, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.
Lurren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaren epetik gelditzen denerako.
Lurzatiak kendu zaizkien onuradunek Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeriaz edo lagapenaz geroztik eskuraturiko mozkinak.
24. artikulua. Zolinako Kontzejuak egokiak iruditzen zaizkion egiaztaketak egin ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.
Erabakiko da ez duela norberak zuzenean lantzen lurra honako kasu hauetan:
a) Nekazaritzako makineria eduki arren adjudikatutako herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez baditu.
b) Herri-lurren Batzordearen ustean, adjudikatutako lurzatiak, ordenantza honetako artikuluetan xedatzen denaren arabera, norberak zuzenean lantzen ez baditu.
c) Honako alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu, eta agindutako epean aurkezten ez badira: lurra lantzeko lanak, lehengaien erosketa eta produktuen salmenta, berek edo Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak.
d) Nekazaritzako etekinik aitortzen ez bada pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean, horretara beharturik ez egonik ere.
e) Adjudikatutako lurzatiaren %80 bederen ez lantzea.
f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak badituzte.
2. ATALA.–HERRITARREI ZUZENEAN ADJUDIKATZEKO APROBETXAMENDUAK
25. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, zuzenean adjudikatuko dira gelditzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere. Banatuko dira 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitatearen titular diren herritarren artean, baldin Nekazaritzako Gizarte Segurantzan alta emanda badaude.
26. artikulua. Kontzejuak lehentasunezko adjudikazioa egin ondoren zehaztuko du herritarrendako zuzeneko adjudikazioko loteen azalera, gelditzen den azalera eta eskatzaileen kopurua kontuan hartuta.
27. artikulua. Adjudikatzeko aldia 19. artikuluan ezarritako berbera da.
28. artikulua. Herri-lurzatien onuradunek kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu modu honetan:
Lehorreko lurrak: 28,84 euro/erregua/urtea; zenbateko hori 2025. urterako proposatutako kanonari dagokio, eta kanon hori urtero eguneratuko da, KPIaren igoera gehituz gehienez ere.
Dena dela, prezioa Udalak ezarriko du Aranguren ibarreko laborantzako herri-lur guztietarako.
29. artikulua. Adjudikaziodunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, bete beharko da ordenantza honetako 21. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa.
30. artikulua. Zolinako Kontzejuak herri-lurretako lurzatien loteak eginen ditu, aprobetxamendu modu ezberdinetan dauden eskaeren arabera.
Zolinako Kontzejuak beretzat gordeko du herri-lurretako laborantza lurren %5, onuradun berriei adjudikatzeko. Eskaera guztien %20 emakumeei adjudikatu ez bazaie, erreserba hori banatzeko garaian lehentasuna emanen zaie emakumeei.
3. ATALA.–ZOLINAKO KONTZEJUAREN ZUZENEKO USTIAPENA EDO ENKANTE PUBLIKOA
31. artikulua. Zolinako Kontzejuak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondotik, laborantzako lurra sobran baldin badago, adjudikazio berri bat eginen du ibarreko nekazarien artean, azalera txikienetik handienera, edo eskatzaileen arteko zozketa bidez.
Kontzejuak finkatuko du erreguaren hasierako prezioa; inguruko antzeko lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa izanen da. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, KPIaren arabera.
Enkantea egin ondoan laborantzako lurra sobran gelditzen bada, Zolinako Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.
4. ATALA.–ADJUDIKATZEKO PROZEDURA
32. artikulua. Laborantzarako herri-lurrak adjudikatzeko prozedura hasiko da argitaratuz iragarkia Zolinako Kontzejuaren iragarki-taulan eta ediktua Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Bietan adieraziko da 15 egun balioduneko epea egonen dela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eskubidea dutela uste dutenek herri-lurzatiak haiei adjudikatzeko eska dezaten. Hamabortz eguneko epea bukatuta ez da eskabiderik onartuko.
33. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da honako hauen gainean:
a) Zolinako biztanle izatea, gutxienez hiru urteko antzinatasunez, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.
b) Arangurengo Udalean eta Zolinako Kontzejuan ordaindu beharreko zergak ordainduak izatea.
c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduen eskatzaileek adieraziko dute familia-unitateko kideren batek desgaitasun egiaztaturik duen.
d) Familia-unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai udalerri honetan bai bertze batzuetan, zehaztuta lehorreko lurrak diren ala ureztalurrak.
e) Familia-unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz bertzeko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal-mugarte honetan, bai bertze batzuetan; lehorreko lurrak edo ureztalurrak diren zehaztuko da.
f) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektoreko sarrerak, Gizarte Segurantzako pentsioak eta bertzelako errentak.
g) Nekazaritzako Gizarte Segurantzan alta emanda egotea, herritarrendako zuzeneko adjudikazioa eskatzen dutenendako.
Zinpeko deklarazioa egiaztatzeko, Zolinako Kontzejuak ahalmena izanen du beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko, errenta mailak egiaztatu beharrez; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 15. artikuluan zehazten den bezala.
34. artikulua. Zolinako Kontzejuak proposaturik, adjudikazio modu bakoitzera –lehentasuna duten herritarrena nahiz adjudikazio zuzenekoa– onartu direnen zerrenda onetsiko da. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.
35. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzeko behin-behineko zerrenda kontzeju honen iragarki-taulan paratuko da 15 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Adierazi epea iragan eta alegaziorik jaso ezean, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da eta Zolinako Kontzejuaren iragarki-taulan plazaratuko da.
36. artikulua. Alegazioak edo zuzendu beharreko akatsak izanez gero, Kontzejuak horien gaineko ebazpena emanen du, eta modalitate bakoitzean herri-lurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Kontzejuaren iragarki-taulan plazaratuko da.
37. artikulua. Modalitate bakoitzeko behin betiko zerrendaren arabera, Zolinako Kontzejuak loteak adjudikatuko ditu; ordenantza honetan ezarritako ezaugarriak eta azalerak izanen dituzte loteek.
Loteak banatzean, ahalegina eginen da haietaz baliatzeko eskubidea duten bizilagunekin ados jartzeko; desadostasunik bada, zozketa eginen da.
Lurzatien adjudikazioa burututa, onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurretako lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 15 egunean, iragarki-taulan. Erabakia interesdunei jakinaraziko zaie.
15 egun horiek iraganik, Kontzejuak behin betikotzat joko du adjudikazioa.
38. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak eta/edo akats zuzenketak, halakorik bada, behin ebatzita eta akatsak zuzenduta, Kontzejuak behin betikotzat joko du laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.
IV. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
39. artikulua. Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:
a) Lurrak zuzenean eta pertsonalki ez erabiltzea, ordenantza honetan ageri diren salbuespenekin.
b) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Kontzejuak ezarritako epeetan.
c) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrendako aprobetxamendua, modalitatea edozein delarik ere.
d) Hirugarren batzuei azpierrentamenduan ematea edo lagatzea adjudikatutako herri-lurretako loteak, edozein dela ere modalitatea.
e) Herri-lurra ez erabiltzea adjudikazioaren helbururako.
f) Herri-lurrak lantzea Udalak adjudikatu gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak izan, hots, soro utziak.
g) Landaketa iraunkorrak egitea Udalaren baimenik izan gabe.
h) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.
i) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion egitate edo ekintza oro.
j) Agiriak faltsutzea edo ondasunak ezkutatzea, herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduak egiteko eskubidea zehaztu edo justifikatzeko garaian.
k) Bizilagun izateari uztea edo herrian ez bizitzea.
40. artikulua. Adierazitako arau-hausteetan, kontzesioa kenduta zehatuko da.
AZKEN XEDAPENAK
Lehengoa.–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz behin betiko onetsitakoan, ordenantza honek, lege beraren 326. artikuluan xedatuari jarraikiz, ondorio juridikoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, eta Estatuko Administrazioak edo Nafarroako Foru Komunitatekoak toki-erakundeei egintzak eta erabakiak deuseztatzeari begira errekerimendua egiteko ahalmena erabiltzeko epea amaitutakoan.
Bigarrena.–Ordenantza honetan ezartzen ez den guztirako, aplikatuko da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako lege-xedapenetan eta urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduan xedatutakoa. Horiek, nolanahi ere, osagarri gisa aplikatuko dira, bai eta, hala dagokionean, urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Prozedura Erkideari buruzkoa ere.
Iragarkiaren kodea: L2507119
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
