1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
69/2025 FORU DEKRETUA, ekainaren 11koa, zeinaren bidez gaitzen eta konfiguratzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barneko informazio-sistema, eta haren kudeaketa xedatzen.
ZIOEN AZALPENA
Erabat demokratikoa den gizarte batean, herritarren lankidetza ezinbestekoa da arauak erabat eraginkorrak izan daitezen. Lankidetza horrek oinarri du pertsona bakoitzari dagozkion betebeharrak behar bezala betetzea, eta are gehiago, erakundeen funtzionamendu egokiarekiko konpromisoa eta administrazio publiko ireki eta garden baten eskakizuna ere bai.
Testuinguru horretan, ezinbestekoa da sektore publikoko langileen eta herritar guztien lankidetza izatea; horretarako, horiek botere publikoei informazioa emateko bide seguruak izan behar dituzte, lehenbailehen erakundeen barruan gertatzen ahal diren jokabide irregularren edo arau-hausleen berri eman ahal izateko. Modu horretan, ospeari eta ekonomiari lotutako kalteak prebenitzen edo saihesten ahalko dira, eta, aldi berean, informatzaileei bermatuko zaie beren jokabide zibikoak ez diela kalterik edo errepresaliarik ekarriko.
Arau-hausteen berri ematen duten pertsonak babestu eta ustelkeriaren aurka borrokatzeari buruzko otsailaren 20ko 2/2023 Legeak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren urriaren 23ko 2019/1937 (EB) Zuzentarauaren –Batasuneko Zuzenbidearen arau-hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonak babestekoa– transposizioa egiten du. Lege horrek zuzentarau horren bi helburu nagusiak gauzatzen ditu arlo juridikoan: informatzaileei babesa ematea eta informazio-kanalen gutxieneko arauak ezartzea. Ildo horretan, otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 13.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa behartuta dago barneko informazio-sistema bat izatera, arau horretan xedatutako baldintzetan.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren urriaren 23ko 2019/1937 (EB) Zuzentaraua eta hura barne zuzenbidera eramatearen ondoriozko Estatuko araua (otsailaren 20ko 2/2023 Legea) arau bidez bere gain hartu behar dituenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak barneko informazio-sistema bat gaitu eta konfiguratu behar du, dagokion informazio-kanalarekin, informazioak edo komunikazioak aurkezteko aukera emateko, anonimoak barne, informatzaileen nortasuna babestuz eta informazio edo komunikazioen xede diren pertsonen errugabetasun presuntzioa zainduz.
Otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 5.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, foru dekretu hau langileen legezko ordezkaritzari kontsulta egin ondoren onetsi da, eta autoantolaketarako tresna da Foru Komunitateko Administrazioan otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 13.1.a) artikuluan xedatutako betebeharra betetzeko eta bere gain hartzeko: barneko informazio-sistema bat izatea, barneko informazio-kanala gaitzea eta hura kudeatzeko oinarrizko arauak ezartzea, sistemaren arduradunak zuzenduta eta gainbegiratuta, otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 8. artikuluari jarraikiz.
Horrenbestez, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bosteko ekainaren hamaikan egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea.
Foru dekretu honen bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen eta zuzenbide publikoko erakundeen barneko informazio-sistema gaitzen eta konfiguratzen da, Arau-hausteen berri ematen duten pertsonak babestu eta ustelkeriaren aurka borrokatzeari buruzko otsailaren 20ko 2/2023 Legeak ezarritakoa betez.
2. artikulua Eremu materiala eta pertsonala.
1. Barneko informazio-sistemaren eremu materialak, hura osatzen duen barne kanalaren bitartez, barnean hartzen du otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 2. artikuluan araututako gaietan gertatzen ahal diren arau-hausteei buruzko informazioen edo komunikazioen tratamendua, baldin eta arau-hauste horien erantzuleak kargu publikoak edo parekoak badira, edo sektore publikoan lan egiten duten pertsonak, Foru Komunitateko Administrazioaren eskumen esparruan.
2. Barneko informazio-sistemaren eremu pertsonalean sartzen dira otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 3. artikuluan jasotako informatzaileak, sektore pribatuko edo publikoko langileak izan, lan arloaren edo arlo profesionalaren testuinguruan informazioa lortu dutenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari, haren erakunde autonomoei eta zuzenbide publikoko erakundeei eragiten dieten arau-hausteei buruz.
3. artikulua Barneko informazio-sistema eta sistemaren arduraduna.
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barneko informazio-sistemak dagokion barneko informazio-kanala eta hura kudeatzeko prozedura izanen ditu.
2. Integritatearen arloan eskumena duen departamentuko titularrak izendatuko du sistemaren arduraduna. Izendatutako pertsonaren izendapena zein kargu-uztea Informatzailea Babesteko Agintaritza Independenteari (AAI) jakinarazi beharko zaizkio, hamar egun balioduneko epean, eta, kargu-uztearen kasuan, hori justifikatu duten arrazoiak zehaztu beharko dira.
Sistemaren arduradunak zuzendu eta gainbegiratuko du informazio-kanalaren kudeaketa, eta bere gain hartuko ditu informazioen edo komunikazioen kudeaketa arduratsua eta tratamendu egokia.
Otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 8.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, sistemaren arduradunak modu independentean eta autonomoan garatu beharko ditu bere eginkizunak, entitateko edo erakundeko gainerako organoetatik bereizita, ezin izanen du inolako jarraibiderik jaso bere jardunean, eta beharrezko giza baliabide eta baliabide material guztiak izan beharko ditu eginkizun horiek gauzatzeko.
4. artikulua Barneko informazio-kanala.
1. Barneko informazio-sisteman integratuta, barneko kanal bat izanen da otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 2.1 artikuluan aipatzen diren ekintzei edo ez-egiteei buruzko informazioak edo komunikazioak jasotzeko. Informazio-kanal horrek lege testu horren 7. artikuluan ezarritako baldintzak beteko ditu.
2. Nolanahi ere, barneko informazio-kanalak komunikazioak idatziz edo ahoz egiteko aukera eman beharko du, eta, hortaz, honako bitarteko hauek gaitzen dira komunikazioak aurkezteko:
–Ahal dela, "barneko informazio-kanala", Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren web-orrian dagoen web-aplikazioaren bidez.
–Posta arruntaren bidez, sistemaren arduradunari zuzenduta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren web-orrian agertzen den helbidean.
–Aurrez aurre, informatzaileak eskatuta, gehienez ere zazpi eguneko epean, eta bilera horren edukia akta batean transkribatuko da.
3. Komunikazioak edo informazioak aurkeztu ahal izanen dira, bai informatzaileak bere identifikazio datuak sartuta, bai modu anonimoan. Nolanahi ere, konfidentzialtasuna bermatuko da, eta informatzailearen eta ukitutako pertsonen nortasuna babestuko da, otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 33. artikuluan xedatutakoaren arabera.
II. KAPITULUA.–INFORMAZIOAK KUDEATZEKO PROZEDURA
5. artikulua Prozedura.
Jasotako informazioak edo komunikazioak kudeatu eta izapidetzeko, prozedura bat zehaztuko da, ikusgai egonen dena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren web-orriko "Barneko informazio-kanala" gunean.
Integritatearen arloan eskumena duen departamentuko titularrak onetsiko du informazioak edo komunikazioak kudeatzeko eta izapidetzeko prozedura, Arau-hausteen berri ematen duten pertsonak babestu eta ustelkeriaren aurka borrokatzeari buruzko otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 9. artikuluan xedatutakoaren arabera.
6. artikulua Lankidetza administratiboa eta pribatua.
1. Organoetako titularrak eta sektore publikoko langile guztiak behartuta daude sistemaren arduradunarekin, haren laguntzaileekin eta instrukzioaz arduratzen diren unitateekin lankidetzan aritzera jakinarazitakoa den egiaztatzeko, eta eskatzen zaien dokumentazio eta informazio guztia ematera –edozein euskarritan–, bai eta eskatzen zaien edozein laguntza ematera ere.
Ikerketaren jarduna eragozten edo zailtzen duten oztopoak edo lankidetzarik eza organo edo pertsona arduradunaren nagusi hierarkikoari jakinarazi behar zaizkio, dagozkion erantzukizunak eskatzeko.
2. Era berean, pertsona pribatuek, fisiko zein juridikoek lankidetzan aritu behar dute sistemaren arduradunarekin, haren laguntzaileekin eta jakinarazitakoa egia den egiaztatzeko instrukzioa egiteaz arduratzen diren unitateekin, baldin eta behar den informazioa badute jakinarazitako datuen egiazkotasuna, koherentzia eta osotasuna berresteko eta haien laguntza ezinbestekoa bada egitateak argitzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 18. artikuluan ezarritako mugekin.
III. KAPITULUA.–BABES-NEURRIAK
7. artikulua Informatzaileak eta ukitutako pertsonak babestea.
1. Foru dekretu honen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera arau-hausteak izaten ahal diren ekintzak edo ez-egiteak jakinarazten dituzten pertsonek babeserako eskubidea izanen dute, Arau-hausteen berri ematen duten pertsonak babestu eta ustelkeriaren aurka borrokatzeari buruzko otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 35. artikuluan ezarritako moduan eta baldintzetan.
2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barneko informazio-sistema informatzailearen babes printzipioaren arabera eratzen da, eta berariaz debekatzen du informatzailearen aurkako errepresalia edo errepresalia saiakera oro.
Errepresaliatzat hartzen da legeak debekatzen dituen ekintza edo ez-egite oro, edo zuzenean edo zeharka tratu kaltegarria eginez beste pertsona batekiko desabantailan jartzen dituztenak, lan arloan edo arlo profesionalean, tratu horiek jasaten dituzten pertsonak, informatzaileak izateagatik edo salaketa publiko bat egin izanagatik, otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 27. artikuluaren arabera .
3. Era berean, ukitutako pertsonek errugabetasun presuntziorako, defentsa eskubiderako eta espedientea eskuratzeko eskubidea izanen dute, otsailaren 20ko 2/2023 Legean xedatutako baldintzetan, eta informatzaileen babes bera izanen dute, haien nortasuna babestuko baita, eta prozeduraren datuen eta egitateen konfidentzialtasuna bermatuko.
8. artikulua Babes-neurriak hartzea.
1. Barneko informazio-sistemaren arduradunak hautematen badu, zuzenean, zeharka, informatzailearen bidez edo otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 3. artikuluan jasotako pertsonen jakinarazpenaren bidez, foru dekretu honen 2.3 artikuluan jasotako pertsonen aurka edozein murrizketa edo errepresalia egin dela barneko informazio-kanalean arau-hausteak jakinarazteagatik, inguruabar horren berri emanen dio idatziz inplikatutako organismoa edo entea atxikita dagoen departamentuko titularrari, eta hark dagokion administrazio eremu publikoko agintaritzari jakinaraziko dio, jarduera hori berehala geldiarazteko. Sistemaren arduradunak, aldi berean, inguruabar horren berri emanen dio integritatearen arloan eskumena duen departamentuko titularrari.
2. Hamabost eguneko epe luzaezinean, kasuan kasuko organismoa edo entea atxikita dagoen departamentuko titularrak barneko informazio-sistemaren arduradunari helaraziko dio zer babes neurri jarri diren martxan eta zer barne jarduketa hartu den egoera horiek errepika ez daitezen.
IV. KAPITULUA.–DATU PERTSONALEN BABESA
9. artikulua Datu pertsonalen babesa.
1. Foru dekretu honen xede diren informazioen tratamenduan esku hartzen duten sektore publikoko agintari eta langile guztiak behartuta egonen dira datu pertsonalak tratatzera, honako hauen arabera: Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua (erregelamendu horren bidez, pertsona fisikoen babesa arautu zen, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta indarrik gabe utzi zen 95/46/EE Zuzentaraua, Datuak babesteko erregelamendu orokorra). Halaber, bete beharko dituzte Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko urriaren 23ko 2019/1937 (EB) Zuzentarauaren VI. kapituluan jasotako neurriak (Batasuneko Zuzenbidearen arau-hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonak babestekoa).
Gainera, datu pertsonalen tratamendua arautuko da Arau-hausteen berri ematen duten pertsonak babestu eta ustelkeriaren aurka borrokatzeari buruzko otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 29. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.
2. Nolanahi ere, informazioa edo komunikazioa jaso eta hiru hilabete igarota ikerketa jarduerarik hasi ez bada, ezabatu egin beharko da, salbu eta gordetzearen helburua bada sistemaren funtzionamenduaren ebidentzia uztea. Bideratu ez diren komunikazioak anonimizatuta baino ezin izanen dira jaso, eta ez da aplikatuko Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 32. artikuluan xedatutako blokeatzeko betebeharra.
Xedapen gehigarri bakarra.–Sektore publikoko beste erakunde batzuen barne-kanala.
Berezko nortasun juridikoa duten sektore publikoko entitateek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari lotuta edo haren organoen mende daudenek, 50 langile baino gutxiago badituzte, harekin partekatu ahalko dute foru dekretu honetan eratzen den barneko informazio-sistema, baldin eta hala eskatzen badute, beren zuzendaritza organoek aldez aurretik hala erabakita eta otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 14.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Azken xedapenetako lehena.–Foru dekretu hau garatzeko gaikuntza.
Integritatearen arloan eskumena duen departamentuko titularra gaitzen da foru dekretu honetan xedatutakoa garatzeko eta betearazteko behar diren ebazpenak eta jarraibideak eman ditzan, Arau-hausteen berri ematen duten pertsonak babestu eta ustelkeriaren aurka borrokatzeari buruzko otsailaren 20ko 2/2023 Legean ezarritako xedapenak betez.
Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2025eko ekainaren 11n.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.
Iragarkiaren kodea: F2508412