122. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

61/2025 FORU DEKRETUA, ekainaren 4koa, Tomás Muñoz Asensio jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Tomás Muñoz Asensio jauna (Iruña 1964) eszenografoa, eszena-zuzendaria, pintorea eta irakaslea da.

Aita zuen César Muñoz Sola pintore eta bildumazalearen eskutik jaso zuen lehen heziketa artistikoa.

Arte Ederretan eta Geografia eta Historian lizentziaduna da. Arte Ederretan doktorea da, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Sari Bereziarekin. Carlos Citrinovskyrekin eszenografia eta Simón Suárezekin operaren eszena-zuzendaritza ikasi zuen. Arte eszenikoen modalitateko bekaduna izan da Erromako Espainiako Akademian.

Eszena-zuzendari, eszenografo edo argitzaile gisa lan egin du Espainiako agertoki nagusietan estreinatutako hirurogeita hamarretik gora antzerki, dantza, zarzuela eta operatan.

Eszena-zuzendari gisa, operan espezializatu da, eta arreta berezia jarri du XX. mendeko lanetan eta sortu berrietan. Eszenaratze hauek aipatu daitezke, beste batzuen artean: Schoenberg-en "Pierrot Lunaire" (Gayarre antzokia), Sciarrinoren "Vanitas" (Gayarre antzokia eta Sevillako Maestranza antzokia), Bernsteinen "Trouble in Tahiti" (Gayarre antzokia eta Teatro Realen amaitu zen bira), Conrado del Camporen "Fantochines" (Juan March fundazioa / Zarzuela antzokia), Pérez Masedaren "Bonhomet y el cisne" (Madrilgo Abadiaren antzokia), Gómezen "El Pelele" eta Stravinskiren "Mavra" programa bikoitza (Juan March fundazioa / Zarzuela antzokia), Alfredo Aracilen "Dos delirios sobre Shakespeare" (Teatro Real / Teatros del Canal), Menottiren "The telephone" (Teatro Real) edo berriena, "Cabaré Pierrot" (Palau de Les Arts, Valentzia).

Ia erabat ezezagunak diren lanak ere berreskuratu ditu, hala nola: Musorgskiren "Zhenit'ba" (Teatro Real) edo Literesen "Los elementos" (Juan March fundazioa / Zarzuela antzokia). Ekoizpen horietan guztietan eszenografia eta argiztapena egin ditu.

Eszenografo eta argitzaile gisa lan egin du Gayarre antzokian estreinatutako hainbat lanetan. Zuzendari gisa, errepertorioko opera hauek erakutsi ditu: "Die Entführung aus dem Serail" (Gayarre antzokia), "La Favorite" (Baluarte, koprodukzioa Oviedoko Campoamor antzokiarekin) edo "Don Pasquale" (Baluarte, koprodukzioa Madrilgo Teatro Realekin); Nafarroako Unibertsitate Museoko auditorioan "La vida vivida y por vivir" partaidetzazko antzezlana taularatu du. Iruñeko ganbera-koralarekin batera, "Tripthyco", korurako lan garaikideekin, eta Manuel de Fallaren "Atlántida" ikuskizunak zuzendu ditu.

Pintore gisa hainbat erakusketa egin ditu eta Nafarroako Gobernuko eta Parlamentuko lehendakarien erretratu ofizialen egilea da. Ezaguna da, halaber, 1999ko sanferminetako Zezen Feriarako egin zuen kartela edo Tuterako Aingeruaren Jaitsierarako tenpletea.

Jarduera profesional horrekin batera, irakaskuntza-jarduera jarraitua ere egin du. Gaur egun, eszenografiako irakaslea da Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Arte Ederretako fakultatean. Eskolak eman ditu hainbat masterretan, eta eszenografiari buruzko hitzaldi ugari eman ditu foro akademikoetan, Espainian eta atzerrian.

Nafarroako Gobernuari bere aitaren bildumako 180 obra eman dizkio dohaintzan. Bilduma hori XIX. mendeko margolan frantsesek osatzen dute, eta Tuterako César Muñoz Sola museoan daude ikusgai.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jotzen du Tomás Muñoz Asensio jauna saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, horretarako sortu zen kondekorazio hau apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez: Foru Komunitatea garatzen, ezagutarazten eta hari ospea ematen –nor bere jardueraren esparruan– nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bosteko ekainaren lauan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATZEN DUT:

1. Tomás Muñoz Asensio eszenografo, eszena-zuzendari, pintore eta irakasleari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2025eko ekainaren 4an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2508003