122. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

60/2025 FORU DEKRETUA, ekainaren 4koa, José Julián Garciandía Pellejero jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

José Julián Garciandía Pellejero jauna industria-sektorean berrogei urtetik gorako ibilbidea duen enpresaburu nafar bat da, Lacunza Kalor Group enpresaren burua. Enpresa hori egur berogailuak eta tximiniak fabrikatzen dituen familia-enpresa bat da.

Bere ibilbidean inplikazio aktiboa izan du Nafarroako garapen ekonomiko, sozial eta instituzionalean.

1994an Sakanako Enpresen Elkartea (AES) sortu zuten kideetako bat izan zen, eta 2021eko irailetik da elkarteko lehendakaria.

AESetik funtsezko proiektuak bultzatu ditu eskualderako, hala nola Sakanako 2021-2027 Plan Estrategikoa, Sakana LH IBParen proiektu estrategikoaren garapena, bai eta funtsezko zerbitzuak ere, hala nola langileak hautatzea, lan-arriskuen prebentzioan laguntzea, berdintasun-planak, hondakinen kudeaketa, mugikortasun jasangarria eta etxebizitza eskuragarria lortzea.

2021etik Nafarroako Enpresarien Konfederazioko (CEN) batzorde betearazleko kide da, eta 2024ko maiatzetik konfederazio horretako lehendakariordea.

2005etik 2009ra bitartean, ANELeko (Nafarroako Lan Enpresen Elkartea) zuzendaritza batzordeko kide izan zen, eta lehendakariorde aritu zen 2007tik.

2005ean, AEFECC (Asociación Española de Fabricantes de Estufas, Cocinas y Chimeneas) elkartea sortzea bultzatu zuen. Elkarte horretako lehendakariorde izan zen 2023ko otsailera arte, eta zuzendaritza batzordean parte hartzen jarraitzen du gaur egun.

Gaur egun, Josefina Arregui klinikako aholku batzordeko kide da. Erreferentziako zentroa da Nafarroan adinekoen zaintzan, bereziki osasun mentala eta zenbait gaixotasun tratatzean, Alzheimerra, adibidez. Batez ere espazio horretatik, gure adinekoen bizi-kalitatea hobetzen laguntzen du, gizartean gero eta garrantzi handiagoa duen arlo bat baita.

Enpresa-alderdiaz gain, bere inguruko elkarte- eta kultura-sarearekin konprometituta egon da beti.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jotzen du José Julián Garciandía Pellejero jauna saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, horretarako sortu zen kondekorazio hau apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez: Foru Komunitatea garatzen, ezagutarazten eta hari ospea ematen –nor bere jardueraren esparruan– nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bosteko ekainaren lauan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATZEN DUT:

1. José Julián Garciandía Pellejero jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2025eko ekainaren 4an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2508002