122. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ATARRABIA

Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko informazioko ofizial lanpostu bat, Herritarrendako Laguntza Zerbitzuari atxikia

Atarrabiako Udaleko Gobernu Batzarrak, 2025eko apirilaren 14an egindako bilkuran, jarraian ageri diren oinarriak onetsi zituen. Oinarriak deialdi honi dagozkio: deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko informazio ofizial lanpostu bat, Atarrabiako Udalaren Herritarrendako Laguntza Zerbitzuari atxikia.

1. Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea informazioko ofizial lanpostu bat, C mailakoa eta Atarrabiako Udalaren Herritarrendako Laguntza Zerbitzuari atxikia. 10 07 01 / 01 identifikazio-kodea du plantillan.

1.2. Deialdiko lanposturako nahitaezkoa da euskaraz jakitea. Zehazki, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko hizkuntza-eskakizun hauek ditu ezarrita: C1 ahoz eta B2 idatziz.

1.3. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazioko organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.4. Lanpostuak bere mailari dagozkion ordainsariak izanen ditu, jarraikiz uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan eginiko sailkapenari, bai eta Udaleko plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere.

1.5. Hauek dira hautaturiko izangaiak izanen dituen zeregin nagusiak: herritarrei arreta ematea (presentziala zein telefono bidezkoa), argibideak emateko; izapideak kudeatzea; iradokizunak bideratzea eta dagokien zerbitzuei helaraztea bulegoak konpondu ezin dituen herritarren eskaerak edo premiak; eguneraturik edukitzea datu-baseetan zein hedatzeko kanaletan dagoen informazioa eta, orobat, arestian deskribatutakoen antzekoak, baldin eta agintzen bazaizkio zerbitzua dela eta.

2. Aplikatu beharreko araudia.

Prozesu hau gauzatuko da honako araudi honetan xedatutakoaren arabera: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua, 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, zeinaren bidez arautzen baitira Toki Araubidearen Oinarriak, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

3. Baldintzak.

3.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Izatea Espainiako nazionalitatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa, jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuei.

Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo titulu baliokide bat izatea edo eskuratzeko moduan egotea.

Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da egoki den baliozkotzea, edo homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko euskara maila hauek izatea: C1 maila ahoz eta B2 idatziz.

e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

f) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.

Izangaiek betebehar horiek frogatu beharko dituzte deialdiaren oinarrietan ezartzen den unean. Bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean, eta indarrean egon beharko dute lanpostuaren jabetza hartu arte.

4. Eskabideak.

4.1. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak telematikoki aurkeztu behar dira, eskabide orokorra erabiliz Atarrabiako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez: https://sedeelectronica.villava.es/.

Deialdian parte hartu nahi dutenek nahitaez erabili behar dute, eskabiderako, eranskinean ageri den eredu normalizatua.

Eskabidearekin batera honako hauek aurkeztu beharko dira:

a) Behar den tasa ordaindu izana egiaztatzen duen gordekina.

b) Desgaitasun maila bat izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta/edo bitartekoetan, komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete justifikatzeko.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.2. Eskaerak aurkezteko epea.

Hilabete bateko epea izanen da eskabideak aurkezteko, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.3. Tasak.

Funtzio publikoan sartzeko eta bertan jarduteko hautapen-prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik, 11,33 euroko tasa ordaindu behar da.

Eskabidea formalizatzean ordainduko da tasa, dirua kontu honetan sartuz: ES70 3008 0069 1926 2997 4524.

Ezinbertzekoa da nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen identifikazio zenbakia bat etortzea tasa ordaindu izanaren agirian emandako identifikazio zenbakiarekin.

Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

5. Izangaien onarpena.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Atarrabiako Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

Bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda.

5.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

Erreklamazioak telematikoki aurkeztu behar dira, Atarrabiako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez: https://sedeelectronica.villava.es/.

5.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta erreklamazioei erantzun ondoan, Atarrabiako Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5.4. Prozeduran parte hartzeko eskubideen tasa ez da itzuliko baldin izangaiak bazterturik gelditzen badira izangaiei berei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.

5.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

6. Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Mikel Oteiza Iza, Atarrabiako Udaleko alkate udalburua. Ordezkoa: Diana Bruño Artazcoz, Atarrabiako Udaleko alkateordea.

Epaimahaikidea: José Sánchez Uribarri, Atarrabiako Udaleko Herritarrendako Harrera Zerbitzuko arduraduna. Ordezkoa: Arantza Antoñana Bermejo, Antsoaingo Udaleko Herritarrendako Harrera Zerbitzuko arduraduna.

Epaimahaikidea: Eduardo Moler Mancho, Atarrabiako Udaleko Giza Baliabideetako zuzendaria. Ordezkoa: Yolanda Álvarez López, Burlatako Udaleko Giza Baliabideetako zuzendaria.

Epaimahaikidea: Langileen Batzordeko ordezkari bat.

Epaimahaikide idazkaria: Francisco Gil Izco, Atarrabiako Udaleko idazkaria. Ordezkoa: Aitor Garralda Iriarte, Atarrabiako Udaleko kontu-hartzailea.

6.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia, eta ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, baldin gutxienez kideen gehiengo osoa biltzen ez bada.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, bertan egon behar dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

6.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta abstenitzeko egoera batean badaude, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7. Hautapen-prozeduraren nondik norakoa.

7.1. Oposizio-lehiaketak aldi hauek izanen ditu.

a) Oposizioaldia. Hiru proba eginen dira:

a.1) Lehenbiziko proba galde-sorta teoriko-praktikoa izanen da, gaztelaniaz, II. eranskinean agertzen den gai zerrendari buruz. Erantzun okerrek puntuak kenduko dituzte, epaimahaiak proba hasi aurretik ezarritako proportzioan. Proba honetan gehienez ere 30 puntu lortzen ahal dira, eta bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.

a.2) Bigarren proban, praktikoa baita, ariketa bat edo batzuk ebatzi beharko dira mikroinformatikako tresnen erabilerari buruz: Word, Excel, Outlook eta Edge. Gehienez ere 20 puntu lortzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.

a.3) Hirugarren proban, galdetegi batzuk bete beharko dira izangaien nortasun orokorra eta lanerako gaitasunak eta/edo trebetasunak ezagutzeko, eta elkarrizketa pertsonalak eta/edo talde-lanekoak eginen dira; haien bidez zehaztuko da izangaiak zenbateraino diren egokiak lanpostuaren profil profesiografikoak eskatzen dituen ezaugarrietarako. Proba honetan gehienez ere 20 puntu lortzen ahalko dira, eta bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.

Hirugarren proba Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Atalak eginen du, eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako.

Lanpostuaren profil profesiografikoari dagokionez, NAPIko Psikologia Aplikatuaren Atalak aholkularitza emanen die kalifikazio-epaimahaiari edo hark izendatzen dituen langileei (lanpostuko eskakizunak ezagutu behar dituzte) lanpostuaren azterketari buruz, helburua baita ebaluatu beharreko faktoreak edo gaitasunak zehaztea eta lanpostuko zereginak behar bezala aurrera eramateko behar diren trebetasunak ezartzea. Profil profesiografikoaren proposamena epaimahaiari helaraziko zaio, probak hasi aurretik onar dezan.

b) Merezimenduen balorazioko fasean edo lehiaketaldian, baloratuko dira izangaiek alegatu dituzten merezimenduak, gero azalduko den baremoaren arabera.

Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatutakoan, lehiaketaldia.

7.1.1. Prozeduran onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten denean adieraziko dira probak egiteko eguna, tokia eta ordua.

7.1.2. Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertu eginen dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

7.1.3. Probak kalifikatutakoan, epaimahaiak argitara emanen du aurkeztutako izangaien zerrenda, lortutako behin-behineko kalifikazioekin, Atarrabiako Udalaren web-orrian (www.villava.es), eta 5 egun balioduneko epea irekiko du, interesdunek telematikoki alega dezaten eskubidekotzat jotzen duten guztia. Alegazioak aurkezteko epea bukatuta, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.

7.1.4. Oposizioaldiko behin betiko emaitzak argitaratutakoan, 10 egun balioduneko epea emanen zaie fase hori gainditu duten izangaiei, aurkez ditzaten alegatzen dituzten merezimendu guztien frogagirien kopiak.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.2. Lehiaketaldia ez da baztertzailea eta haren helburua da izangaien merezimenduak baloratzea, betiere zuzenean loturik daudenak deialdiko lanpostuaren berezko egitekoekin.

Gehienez 30 puntu lor daitezke. Honako merezimenduak baloratuko dira:

7.2.1. Egindako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen jardueretan: 20 puntu gehienez.

7.2.1,1. Administrazio edo sozietate publiko batean egindako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen jardueretan: 2 puntu, zerbitzu egindako urte oso bakoitzeko.

7.2.1,2. Administrazio publikoetatik kanpo egindako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen jardueretan: 1,5 puntu, zerbitzu egindako urte oso bakoitzeko.

Kontratua egin duen administrazio edo sozietate publikoaren ziurtagiriaren bidez frogatuko dira egindako zerbitzuak, edo, enpresa pribatuen kasuan, kontratuaren eta lan-bizitzaren ziurtagiriaren bidez. Bertan jasoko dira honako hauek: lanpostuaren izena, kategoria profesionala, lanaldi mota (lanaldi partziala izanez gero, ehunekoa adieraziko) eta lan egindako aldiaren hasiera eta bukaera datak.

Oharrak:

1. Deialdia argitaratu arte egindako zerbitzuak baloratuko dira.

2. Urte kopurua osoa ez bada edo zerbitzuak lanaldi partzialean egin badira, araberan dagokion puntuazioa emanen da.

7.2.2. Prestakuntza osagarriarengatik, baldin zuzenean loturik badago lanpostuaren eginkizunekin, 10 puntu emanen dira gehienez, honako irizpide hauen arabera:

20 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzagatik: 0,5 puntu.

20 ordu edo gehiagoko ikastaro bakoitza, 100 ordura iritsi gabe: puntu bat.

100 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitzeko, 2 puntu.

Oharrak:

1. Iraupena behar bezala frogatzen ez bada, ikastaroa baloratuko da 20 ordutik beherakoa balitz bezala.

2. Lanbide Heziketako bigarren mailako teknikari tituluagatik (administrazio arloa), Administrazio eta Finantzetako goi mailako teknikari tituluagatik edo horien baliokide den beste bategatik, 4 puntu emanen dira, baldin eta ez bada titulu horietako bat eskatzen hautapen-prozesuan parte hartzeko.

7.3. Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean zerrendatuta, alegatuta eta egiaztatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio-epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala egiaztatuta.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, apartatuan adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

7.3.1. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaien behin-behineko puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea emanen da, interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, telematikoki, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.

7.3.2. Behin epaimahaiak ebatzita behin-behineko emaitzen aurka aurkeztutako erreklamazioak, argitara emanen dira merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak.

7.4. Azken kalifikazioa.

7.4.1. Azken kalifikazioa izanen da oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako puntuazioen batura.

7.4.2. Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, ebatziko da oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde.

Berdinketak bere horretan badirau, ebatziko da egindako zerbitzuetan puntuazio handiena lortu duenaren alde, eta, bat baldin badatoz, kontuan hartuko da apartatu horretako azpiapartatu bakoitzean lortutako puntuazio handiena, zerrendatzen diren hurrenkeran.

7.4.3. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen du prozesua gainditu dutenen zerrenda, hautapen-prozesuan guztira eskuratu duten puntuazioaren arabera, eta organo eskudunari igorriko dio, egin daitezen baldintzak egiaztatzeko eta lanpostu hutsak hautatzeko izapideak.

8. Baldintzak frogatzea, izendapen proposamena eta agiriak aurkeztea.

8.1. Organo eskudunak hamar egun balioduneko epea irekiko du, lanpostua eskuratzen duten proposatutako izangaiek aurkez dezaten dokumentazioa, honako baldintza hauek betetzen dituztela frogatzeko:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Deialdian eskatzen diren titulu akademikoen kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan egotea frogatzen duen ziurtagiria.

c) Eskatutako euskara maila egiaztatzen duen tituluaren edo egiaztagiriaren kopia, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean aipatzen diren titulu edo ziurtagirietako edozein (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

d) Txosten mediko ofiziala, frogatzen duena ez dutela karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dien eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik.

e) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dutela kendu administrazio publikoren baten zerbitzutik.

f) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko dutela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

g) Hala behar badu, Atarrabiako Udalak eskatzen dituen agiri osagarriak.

8.2. Baldintzak frogatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko proposamena. Proposamenean egonen dira, puntuazio handiena izateagatik, eskainitako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak.

Kontratazio proposamen hori Atarrabiako Udalaren atariko deialdiaren web fitxan argitaratuko da.

8.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten pertsonak eta, orobat, deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintzetako bat betetzen dutela egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

8.4. Aurreko apartatuan jasotako kasuan, hutsik geratu den lanpostua beteko da 7. eta 8. oinarrietan aipatzen den izangaien zerrendaren arabera lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

9. Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

9.1. Atarrabiako Udaleko funtzionario izendatuko dira, lanpostuan aritzeko, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak.

9.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak funtzionario bilakatuko ditu izendatuak, eta indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen dituzte. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo segitzea martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean. Hori hala da, aplikatuz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua).

9.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).

9.4. Hautatutako izangaiak izendapen-ebazpenean finkatzen den egunean jabetuko dira lanpostuaz.

9.5. Emandako epean jabetza hartzen ez dutenek (ezinbesteko kasuetan salbu) galduko dituzte Atarrabiako Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak. Kasu horretan, jarraikiko zaio deialdiaren 8.4 apartatuan ezarritakoari.

10. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak.

10.1. Hautapen-prozesu honetan plaza lortzen ez duten izangaiekin zerrenda bat eginen da, puntuazio-ordenaren arabera, aldi baterako kontratazioak egiteko.

10.2. Izangaiei dei eginen zaie jarraikiz "Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak kudeatzeko arauei". Arau horiek 2016ko ekainaren 28an onetsi zituen Atarrabiako Udalak, eta www.villava.es web-orrian daude.

11. Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez ofizialki argitaratu beharreko izapideak, Atarrabiako Udalaren web-orrian (www.villava.es) argitaratuko dira proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen informazioa eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den guztia ere.

12. Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Atarrabian, 2025eko apirilaren 14an.–Alkatea, Mikel Oteiza Iza.

I. ERANSKINA.–DEIALDIAN PARTE HARTZEKO ESKABIDEA

https://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005_Local_solicitud_proceso_selecc_E.pdf

II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

1.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

2.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: atariko titulua: I. kapitulua. II. kapitulua. III. kapitulua. IV. kapitulua. V. kapitulua.

3.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, arautzen dituena Toki Araubidearen Oinarriak: I. titulua. II. titulua. V. titulua. VI. titulua: II. kapitulua: Jarduerak eta zerbitzuak.

4.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

5.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki-erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duena: Atariko titulua. II. titulua: I. kapitulua. III. titulua. IV. titulua. VI. titulua. VII. titulua.

6.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: Atariko titulua. I. titulua: Adjudikazio botereak. Kontratistak. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. Publizitate arauak eta adjudikazio prozedurak.

7.–2/1995 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: I. titulua. Toki Ogasunen baliabideak. II. titulua. Udal zergak.

8.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa: I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Datu babesaren printzipioak.

9.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: II. titulua, I. eta III. kapituluak; III. titulua, I., II. eta III. kapituluak.

10.–Tresna ofimatikoak erabiltzea: Windows, Office (Word eta Excel), Outlook eta Edge.

11.–Berdintasuna: Atarrabiako udal esparruan komunikazio barneratzailea eta hizkuntza ez-sexista erabiltzea eta sustatzea arautzen duen udal ordenantza (dokumentu publikoa; udalaren web orrian eskuratzen ahal da: https://www.villava.es/eu/).

12.–Udal Erroldaren araudia.

13.–Abenduaren 29ko 21/2005 Foru Legea, Politika publikoak eta zerbitzu publikoen kalitatea ebaluatzeari buruzkoa.

14.–Herritarrentzako Arreta Bulegoaren funtzionamenduaren araudia (dokumentu publikoa; udalaren web orrian eskuratzen ahal da: https://www.villava.es/eu/).

15.–Zerbitzu-kartak: kalitatea segurtatzeko sistema (AENOR markaren A-58 erregelamendu partikularra, zerbitzu-kartetarako zerbitzu ziurtatuari buruzkoa).

Iragarkiaren kodea: L2507727