Iragarkia
122. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 19a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
IRUÑA
Deialdia, kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez betetzeko kulturako, jaietako, hezkuntzako eta kiroleko alorreko mantentze-lanetako arduradunaren lanpostu osagarriduna, c mailakoa
Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendariak deialdia onestea erabaki zuen, 2025eko maiatzaren 28an, honako oinarri hauekin bat:
OINARRIAK
1. Deialdiaren xedea.
1.1 Deialdi honen xedea da kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez betetzea Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko mantentze-lanetako arduradunaren lanpostu osagarriduna, 1-307800-1 zenbakiduna, C mailakoa. Plaza hori Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura aritzeko D mailako 1-402600-1 plaza birmoldatzearen ondorio da.
Deialdi hau honako hauetan xedatutakoaren arabera eginen da: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 215/1985 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duena, eta deialdi honetako oinarriak.
1.2. Deitutako lanpostua eskuratzen duen langileak indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten lansariak jasoko ditu.
Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko, inongo kasutan, parte hartu aurretik lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea; horrenbestez, eskubide pasiboetako eta osasun-laguntzako araubide berberarekin jarraituko dute.
1.3. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazioko organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahalko dute.
1.4. Zerbitzuaren beharrak direla-eta, lanpostu honetan guardia lokalizatuak egiten ahalko dira; horren ondorioz dagokion diru-konpentsazioa eskuratuko da.
2. Izangaien betekizunak eta lanpostuaren funtzioak.
2.1. Indarreko araudian xedatutakoaren arabera, mailaz igotzeko lehiaketa honetan parte hartzen dutenek honako betekizun hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta izendapenaren unetik esleitutako lanpostuaz jabetu arte:
a) Iruñeko Udalaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.
b) C mailakoa izatea.
c) B motako gidabaimena edukitzea.
2.2. Betekizun horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteta eduki beharko dituzte izangaiek, eta lanpostuaren jabetza hartu arte mantendu beharko dituzte.
2.3. Lanpostuaren funtzioak:
2.3.1. Pertsonen kudeaketatik eratorritako ardurak.
–Ikastetxeetako eta Udalaren hezkuntza-zuzkiduretako (Joaquín Maya Musika Eskola eta Catalina de Oscáriz Arte Eskola) langileak kudeatzea; zehazki, mantentze-lanetako laguntzaileak eta ofizialak. Oporrak, bajak eta lanera ez joatea eragiten duen edozein egoera kontrolatzea.
–Zerbitzuko langileek eskatutako ikastaroak kudeatzea.
–Langileen ataria kudeatzea: Eskaerak onartzea edo ukatzea. Langileei aplikaziotik zuzenean gorabeheren edo zalantzen berri ematen uztea.
–Ordezkapenak eta birkokapenak kudeatzea.
–Hauteskunde-prozesuetan langileak antolatzea: lanerako prest dauden langileak identifikatzea. Jarraibide argi eta zehatzak ematea. Ikastetxe bakoitzeko arduradunak izendatzea.
–Ikastorduetatik kanpo ikastetxean egiten diren jarduerak kudeatzea. Langile-beharrak definitzea. Aurretiazko bilerak dinamikak eta ardurak argitzeko.
–Telefono eta posta elektroniko bidez arreta ematea.
–Txandakako ordezko langileak kudeatzea. Zuzeneko komunikazioa txandakako ordezko langileekin, azken orduko aldaketetarako.
–Gatazketan bitartekari izatea. Bitartekaritzarako prozedurak ezartzea, kasu bakoitza dokumentatzea, patroiak eta hobekuntza-arloak identifikatzeko.
–Guraso Elkarteetatik kanpo dauden eskolaz kanpoko ekintzak kudeatzea.
–Zerbitzuburuari laguntza ematea zerbitzuaren menpe dauden eraikinen mantentze- eta garbiketa-lanak kontrolatzen eta kudeatzen.
2.3.2. Erosketen kudeaketatik eratorritako ardurak arropak, garbiketa eta beste material batzuk.
–Barneko beharrak antzematen laguntzea, departamentuekin koordinatuta.
–Hornitzaile potentzialei buruzko oinarrizko informazioa bilatu eta biltzea, eskura dauden baliabideetatik abiatuta.
–Hornitzaileen konparazioan parte hartzea, kalitatea, prezioa, garraio-epeak eta fidagarritasuna kontuan hartuta.
–Hornitzaileekin komunikatzen laguntzea, eskaerak eta entregak behar bezala kudeatzen laguntzeko.
–Gertatzen ahal diren gorabeherak erregistratzea eta jakinaraztea, hala nola atzerapenak edo onartzen ez diren produktuak, horien jarraipena egiteko.
–Udal-baliabideen erabilera hobetzeko iradokizun puntualak, ikuspegi praktikotik eta etengabeko hobekuntzatik.
3. Eskabideak.
3.1. Eskabideak aurkezteko epea.
Deialdian parte hartzeko eskabideak 10 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.
3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea modu telematikoan aurkeztu beharko dute, Internet bidez, www.pamplona.es/eu webgunean, honako nabigazio-bide honi jarraikiz: "Izapideak eta lizitazioak", "Lan-eskaintzak", "Enplegu publikoa", "Enplegu publikoko deialdiak", deialdi honi dagokion aipamena.
Desgaitasunen bat duten izangaiek denboraren nahiz bitartekoen egokitzapenak eskatuz gero horiek beharrezkoak diren probetarako, hala jakinarazi beharko dute eskabidean, eta zehaztu, horretarako prestatutako tokian, zein den eskatutako egokitzapena edo zein diren eskatutako denboraren edo bitartekoen doikuntzak. Horretarako, izangaiak egoki jotzen dituen agiriak aurkezten ahalko ditu eskabidea aurkezteko unean, 3.3 apartatuan ezarritakoarekin bat.
3.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabidea online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
–Deialdi honen I. eranskinean ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztiak egiaztatzeko agiriak.
–Lan-bizitzaren txostena, Gizarte Segurantzako Diruzaintzak emana, eta emandako zerbitzuen ziurtagiria, lan egin duten administrazio publikoek emana, bete dituzten lanpostuak egiaztatzeko. Horretatik salbu geratuko dira Iruñeko Udalean emandako zerbitzuen inguruko merezimenduak, horiek ofizioz egiaztatuko baitira.
–Desgaitasun bat aitortua duten izangaiek hori frogatzeko agiria–organo eskudunak emana– aurkeztu beharko dute.
3.4. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea; hala ere, emandako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, horrek berekin ekarriko du horrelako kasuetarako ezarritako erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatzea.
Administrazioak edonoiz eskatzen ahalko dizkie izangaiei deialdian parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako agirien jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.
Izangaiek behar bezala ordenaturik aurkeztu eta justifikatu beharko dituzte merezimenduak, I. eranskineko baremoan ageri den puntuazio-eskemari jarraituta.
4. Izangaien onarpena.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta deialdiaren web-fitxan argitara dadila aginduko.
4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute bost egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda deialdiaren web-fitxan argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina zenbatuta, erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko. Erreklamazioak izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpenean zehazten den bidetik aurkeztuko dira.
4.3. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendariak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
4.4. Baztertutako izangairik ez balego, behin betiko zerrenda onetsiko da zuzenean, eta deialdiaren web-fitxan argitaratuko da.
4.5. Erreklamazioak aurkezteko epea amaituta eta haien gainean ebatzi ondoren, Giza Baliabideetako zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta deialdiaren web-fitxan argitara dadila aginduko.
5. Kalifikazio-epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia kide hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Iñigo Gómez Eguiluz, Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendaria.
Epaimahaiburu ordezkoa: Víctor Piñero Larrasoaña, Iruñeko Udaleko Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko idazkari teknikoa.
Epaimahaikidea: Xabier Burgui Vergara, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako Alorreko zuzendaria.
Epaimahaikide ordezkoa: Arantxa Campo Mayo, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako Alorreko idazkari teknikoa.
Epaimahaikidea: Cristina Guerra Azcona, Iruñeko Udaleko Laneko Arriskuen Prebentzioko Zerbitzuko laneko erizaina.
Epaimahaikide ordezkoa: Paloma Sánchez Ruiz, Iruñeko Udaleko legelaria.
Epaimahaikidea: Mónica Sánchez Ibáñez, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, Batzordeak berak izendatua.
Epaimahaikide ordezkoa: Leyre Gamboa Ramos, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, Batzordeak berak izendatua.
Epaimahaikide-idazkaria: Raquel Pérez García, Iruñeko Udaleko giza baliabideetako teknikaria.
Idazkari ordezkoa: Beatriz Martínez Buldain, Iruñeko Udaleko giza baliabideetako teknikaria.
5.2. Epaimahaia eratu beharko da onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean.
5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengoa bildu gabe.
5.4. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean horretarako ezarriak dauden arrazoiak suertatzen badira. Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.
5.5. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko du deialdiaren oinarriak aplikatzean sortzen ahal diren arazo guztiei buruz.
5.6. Epaimahaiak aholkulari espezializatuak edukitzen ahalko ditu; aipatu aholkulariak beraien espezialitate teknikoetan soilik ariko dira, eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6. Kategoriaz igotzeko lehiaketaren garapena.
6.1. Merezimenduen kalifikazioa.
Izangai bakoitzak aurreko bi apartatuetan alegatu eta frogaturiko merezimenduak deialdi honen I. eranskinean jasotako baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu Epaimahaiak.
a) apartatua, administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: 35 puntu gehienez ere.
b) apartatua, prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu bitarte.
c) apartatua, puntuazio gehigarria, hizkuntzak ezagutzeagatik: 15 puntu gehienez ere.
Merezimenduen balorazioaren aurka erreklamazioa paratzen ahalko da, 5 egun balioduneko epean, emaitzak Udalaren webgunean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Udalaren edozein erregistrotan eskabidea aurkeztuta.
Merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatu beharko dira lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean.
Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez egiaztatu gabeko merezimendurik, ezta apartatu bakoitzerako ezarritako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.
Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu lehiaketan parte hartzen duten izangaiek alegatu eta egiaztatutako merezimenduen gainean.
6.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira proba teoriko-praktikoa egiteko tokia, eguna eta ordua.
6.3. Kategoriaz igotzeko probarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Kategoriaz igotzeko lehiaketatik baztertuko dira iragarritako egunean, orduan eta tokian agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.4. Kategoriaz igotzeko proba deialdiko II. eranskinean zehazten diren gaiei buruzkoa izanen da.
Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako egunean indarrean dagoen araudiaren arabera erantzutea eskatuko da gai guztietan.
6.5. Hautaproba egin bitartean, beharrezko egokitzapenak ezarriko zaizkie, probak egiteko denboraren eta bitartekoen aldetik, desgaitasunen bat aitortua eduki eta eskabidean hala eskatu duten izangaiei.
6.6. Lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoak: gehienez ere 25 puntu.
a) I. proba: test praktikoa.
Ariketa praktikoa izanen da. Izangaiek deialdi honen II. eranskinean jasotako gai-zerrendako gaiei buruzko gehienez 100 galdera –test erakoak– erantzun beharko dituzte, idatziz, 120 minutuko tartean, gehienez. Galdera bakoitzak erantzun posible batzuk izanen ditu aukeratzeko, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Proba egin aurretik zehaztuko dira proba hori balioesteko irizpideak eta hainbat erantzun-aukera dituzten galderetan nola zigortu akatsak.
Ariketa honetan gehienez ere 15 puntu eskuratzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 7,5 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.
b) II. proba: bi kasu praktiko ebaztea.
Bigarren proban izangaiek kalifikazio-epaimahaiak proposatutako kasu bat edo batzuk ebatzi beharko dituzte ordenagailuan. Horretarako, II. eranskineko gai-zerrendan jasota datozen aplikazioak eta sistema eragileak erabili beharko dituzte. Izangaiek ariketa egiteko izanen duten gehieneko denbora Epaimahaiak zehaztuko du, hura hasi aurretik.
Bigarren proba egiteko, izangaiei behar dituzten baliabide teknikoak emanen zaizkie.
Proba egiteko egoki jotzen duen laguntza teknikoa eskatzen ahalko du kalifikazio-epaimahaiak.
Bigarren proban gehienez ere 10 puntu eskura daitezke. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 5 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.
Aurrez aipatutako bi probak egun bakarrean egiten ahalko dira. Epaimahaiak zehaztuko du eguna.
6.7. Proba amaituta, epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/), deialdiaren laburpenean, argitaratuko ditu izangaiek erdietsitako puntuazioak, eta baloratutako elementu bakoitzaren behin-behineko emaitzen aurka erreklamazioa paratzen ahalko da, 3 egun balioduneko epean, emaitzak Udalaren webgunean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Udalaren edozein erregistrotan eskabidea aurkeztuta.
6.8. Txosten psikoteknikoa: 15 puntu bitarte.
Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuko Zerbitzuak, dagozkion probak egin ondoren, izangai bakoitzaren inguruko txosten psikotekniko bat eginen du, eta bertan izangai bakoitzaren egokitze-maila baloratuko du deialdiak xede duen lanpostuaren izaera eta ezaugarrietarako. Zerbitzu horrek izangai bakoitzari txosten psikoteknikoan ematen dion puntuazioa loteslea izanen da lehiaketaren Kalifikazio-epaimahaiarentzat.
Proba honen emaitzen aurka erreklamazioa paratzen ahalko da, 3 egun balioduneko epean, emaitzak Udalaren webgunean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Udalaren edozein erregistrotan eskabidea aurkeztuta.
7. Izangaien zerrenda, erdietsitako puntuazioaren arabera.
7.1. Kalifikazio-epaimahaiak, aurkezten diren erreklamazioak ebatzi ondoren, Udalaren webgunean argitaratuko ditu izangai guztien behin betiko puntuazioak, eta Giza Baliabideetako zuzendariari igorriko dio izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, espediente osoarekin batera.
8. Lanpostuen esleipena eta jabetza hartzea.
8.1. Giza Baliabideetako zuzendariak plaza esleitu eta dagokion izendapena eginen du, eta hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.2. Izangaiak esleipenari buruzko ebazpena jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, eta deialdia egin duen organoak ebazpenean bertan ezartzen ahalko du lanpostuaz jabetzeko eguna.
9. Errekurtsoak.
Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta haiek aplikatzeko kalifikazio-epaimahaia sorburu ez duten egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.
Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta dei egiteko.
Iruñean, 2025eko maiatzarenaren 28an.–Giza Baliabideetako zuzendaria, Xabier Burgui Vergara.
I. ERANSKINA.–BAREMOA
a) apartatua. Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuak.
1. Edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, deialdian eskatutako maila/talde eta titulazioko lanpostuetan: 1 puntu, urte bakoitzeko.
2. Edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, aurrekoez besteko lanpostuetan: 0,37 puntu urte bakoitzeko.
Oharrak:
1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan emandako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio.
2. Lanaldi partzialean emandako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.
3. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren emandako zerbitzuak.
4. Funtzionarioek zerbitzu berezien egoeran edo eszedentzia berezian eta unitate organiko baten burutzan emandako aldiak halako egoeretara igaro zirenean zeukaten lanpostuan emandako zerbitzu gisara baloratuko dira. Horren ondorioetarako, ez da aintzat hartuko 96/1997 Foru Dekretuaren babesean prestakuntza eta hobekuntzarako jardueretan emandako denbora, apartatu honen 1. puntuan xedatutakoarekin bat baloratuko baita.
5. Honako a) apartatu honi dagokion puntuazioa gehienez ere 35 puntukoa izanen da.
b) apartatua. Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta bestelako merezimenduak.
1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 15 puntu.
Oharrak:
1. Baloratu beharreko prestakuntza-ekintzetan, ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.
2. Ikastorduen kopurua ageri ez den ziurtagiriei 1 kredituko balorazioa emanen zaie.
3. Ikasturte bateko iraupena frogatzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.
4. Puntuazio berarekin baloratuko da erakunde antolatzailearen baldintza bete ez baina Administrazioak aginduta edo haren oniritziarekin eginak diren prestakuntza-saioetan parte hartu izana, halako prestakuntza-saiotzat joko direlarik espresuki sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatutakoak.
5. Apartatu honetan ez dira baloratuko titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, ez unibertsitatekoak ezta unibertsitatez bestekoak ere.
2. Hitzaldien edo komunikazioen aurkezpena biltzarretan edo jardunaldietan, lan zientifiko edo ikerlan bekadunak edo saridunak egin eta lanak aldizkari espezializatuetan argitaratu izana: bi puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoa, kontuan hartuz lana edo jarduera pertsona bakar batek egina den edo taldekoa, eta biltzarra edo argitalpena zer esparrutakoa den (tokikoa, eskualdekoa, naziokoa edo nazioartekoa).
3. Sektore publikoan prestakuntza-saioak antolatu edo/eta halakoetan irakasle jardutea: gehienez ere 2 puntu, epaimahaiak baloratu beharrekoa, haien iraupenaren arabera.
4. Deialdian eskatutako titulazio eta espezialitate akademikoez bestelakoak: gehienez ere 2 puntu.
5. Deialdian eskatutako titulazioaren doktore edo lizentzia gradua: gehienez ere 2 puntu.
6. Beste merezimendu batzuk, Epaimahaiak baloratzekoak: besteak beste, sektore pribatuan egindako lanak, prestakuntza-bekak edo –egonaldiak eta parte hartzea kontsulta–, aholkularitza-, partaidetza- edo ordezkaritza-organoetan: gehienez ere 2 puntu.
Oharrak, b) apartatu osorako:
1. Apartatu honetan, deialdi honen xedea diren lanpostuekin zuzeneko zerikusia duten merezimenduak baloratuko dira, ez besterik.
2. 25 puntukoa izanen da gehienez ere b) apartatu honi dagokion puntuazioa.
c) apartatua. Puntuazio gehigarria, hizkuntzak ezagutzeagatik: 15 puntu gehienez ere.
–Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko lan-hizkuntza baitira, gehienez ere 5 puntu hizkuntza bakoitzeko.
- Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari 5 puntu emanen zaizkio, gehienez ere. Titulu edo ziurtagiri hori eduki ezean, A1, A2, B1, B2 eta C1 mailen baliokidea den titulua edo ziurtagiria baloratuko da, honela: A1: 1 puntu/A2: 2 puntu/B1: 3 puntu/B2: 4 puntu/C1: 5 puntu.
–Euskara jakiteagatik, plantilla organikoaren arabera lanpostuan aritzeko euskara jakitea nahitaezkoa ez denean: 6,9 puntu gehienez.
- Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari 6,9 puntu emanen zaizkio, gehienez ere. Titulu edo ziurtagiri hori eduki ezean, A1, A2, B1, B2 eta C1 mailen baliokidea den titulua edo ziurtagiria baloratuko da, honela: A1: 1,375 puntu/A2: 2,75 puntu/B1: 4,125 puntu/B2: 2,76 puntu/C1: 6,9 puntu.
II. ERANSKINA.–GAITEGIA
1.–68/2009 Foru Dekretua, irailaren 28koa, Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio-araubidean kontratatzea arautzen duena.
2.–158/1984 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 4koa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen ordainsarien behin-behineko erregelamendua onesten duena.
3.–251/1993 Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa. Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena (I., II., III. eta IV. tituluak).
4.–225/2002 Foru Dekretua, azaroaren 4koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek txandaka, gauez eta jaiegunetan lan egiten dutenean hartu beharreko diru-konpentsazioak arautzen dituena.
5.–11/2009 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen Erregelamendua onesten duena.
6.–27/2011 Foru Dekretua, apirilaren 4koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa arautzen duena.
7.–Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako langileen akordio kolektiboa (2017-2019).
8.–Iruñeko Udalaren Hitzarmen Kolektiboa lan-kontratudun langileentzat.
9.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Gardentasuna: Gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. III. titulua: Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratze-araubidea. VI. titulua. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.
10.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Datuak babesteko printzipioak. III. titulua: Pertsonen eskubideak.
11.–132/2010 Errege Dekretua, otsailaren 12koa, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek bete behar dituzten gutxieneko baldintzak ezartzen dituena.
12.–Genero-berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarrirako. Atariko titulua. I. titulua: Berdintasun-printzipioa eta diskriminazioaren kontrako babesa. II. titulua: Berdintasunerako politika publikoak. Printzipio orokorrak. V. titulua: Berdintasun-printzipioa enplegu publikoan (I., II. eta III. kapituluak).
13.–Iruñeko Udalaren Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako 2030 Estrategia: betearazpen-laburpena.
14.–Informatika-kontzeptuak: Word 2016 testuen tratamendua, Excel 2016 kalkulu orriak, espedienteen kudeaketa, Internet eta posta elektronikoa.
15.–Iruñeko Udaleko Hezkuntzako Alorra. Egitura, xedea, eskumenak eta jarduketarako oinarrizko printzipioak.
16.–Udal titulartasuneko ikastetxeak Iruñean. Banaketa geografikoa udalerrian eta bakoitzaren ezaugarri nagusiak.
17.–Joaquín Maya Musika Eskola eta Catalina de Oscáriz Arte eta Lanbideetako Eskola. Antolaketa eta araudia.
18.–31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa.
19.–486/1997 Errege Dekretua, apirilaren 14koa, Lantokietako Segurtasuneko eta Osasuneko Gutxieneko Xedapenak ezartzen dituena.
20.–39/1997 Errege Dekretua, Prebentzioko Zerbitzuen Erregelamendua onesten duena.
21.–Lanbidearen arrisku nagusiak. Segurtasunari eta laneko arriskuen prebentzioari buruzko neurriak, Norbera babesteko ekipamenduak eta babes-ekipamendu kolektiboak Iruñeko Udalarekin loturiko ohiko lanetan.
22.–Iruñeko Udalaren protokoloa, laneko jazarpen moralari (mobbing) eta etsaitasunezko jokabideei aurre egiteko.
23.–Iruñeko Udalaren jarduketa-prozedura erasoei aurre egiteko.
24.–2025eko arau fiskalak. 3. araua. Udalaren ikastetxeetako areto eta instalazioen erabilera.
25.–Lan-parteak. Kontzeptua. Edukia. Erabilgarritasuna.
26.–Barne-komunikazioaren garapena. Komunikazio eraginkorrak sustatzea.
27.–Lana norbanakoaren ikuspegitik: langileen motibazioa. Lana taldearen ikuspegitik.
28.–Nola kudeatu laneko gatazkak. Gatazka motak eta horiek nola konpondu.
Iragarkiaren kodea: L2507860
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
