122. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

59/2025 FORU DEKRETUA, ekainaren 4koa, Esther Burgui Itoiz andreari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Esther Burgui Itoiz andrea (Billabeta, Longida, 1988ko ekainak 21) Agoitzen bizi izan zen umetan eta nerabezarotik bere jaioterrian finkatu zen, familiaren nekazaritza-ustiategiari lotuta.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ikasi zuen Agoizko ikastetxe publikoan, eta Batxilergoa Iruñeko Eskolapioen ikastetxean. Enpresa eta Ekonomia Zientzietan lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Ikasketak amaituta, finantza-erakunde batean hasi zuen lan-bizitza, eta 2016an nekazaritza-munduan bere ibilbideari ekitea erabaki zuen. Mundu hori umetatik ezagutzen zuen, aitaren aldeko familiatik lotura zuelako.

Bere nekazaritza-ustiategia Billabetako (Longida) eta Irisoko (Itzagaondoa) kontzejuetan dago, eta laborantza estentsiboan aritzen da, batez ere zereal eta lekadunetan. Bere familiak tradizio luzea du nekazaritzan, hainbat belaunalditan zerealen laborantzari lotuta egon baita. Lehen sektorean duen inplikazioa, bokazio pertsonala izateaz gain, familiaren errotzetik eta Nafarroako landa-lurraldearekiko konpromisotik datorkio. Esther Burgui Itoiz andreak ondare horren jarraipena irudikatzen du, XXI. mendeko erronketara egokituta.

Kooperatiben munduan sartu zen nekazaritzan hastearekin batera, eta 2017an Urrotz-Hiriko zereal kooperatibaren zuzendaritza kontseiluko kide hautatu zuten, eta gaur egun ere bertan jarraitzen du. Kooperatiba hori Nafarroako zerealen sektorean ordezkagarritasun handieneko oinarrizko erakunde bat da. Harrezkero, kooperatibismoaren defendatzaile aktiboa izan da, eredu ekonomiko, solidario, efiziente eta lurraldearekin konprometitua delakoan.

2019an, Nafarroako esparrura jo zuen, eta UCANeko (Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Kooperatiben Batasuna) zuzendaritza kontseiluan sartu zen. Hiru urte geroago, kontseiluko lehendakariorde kargua hartu zuen, eta 2023ko martxoan erakunde horretako lehendakari bihurtu zen; hiru hamarkada baino gehiagoko historian lehen aldiz, emakume batek bete zuen postu hori.

UCAN nekazaritzako elikagaien kooperatibismoa ordezkatzen duen erakundea da Nafarroan. 120 kooperatiba biltzen ditu eta guztira, 17.000 bazkide baino gehiago; kooperatiba horiek ia 3.000 enplegu zuzen sortzen dituzte eta 3.000 milioi euro baino gehiago fakturatzen dituzte urtean. Solaskide instituzional gisa jarduten du, prestakuntza, berrikuntza eta jasangarritasuna sustatzen ditu, eta defendatzen du kooperatibismoaren lana funtsezko tresna dela landa garapen orekatu, lehiakor eta bidezko baterako.

Emakume bat UCANeko lehendakari izatea mugarri sinboliko bat ez ezik, eraldaketarako aukera bat ere bada. Esther Burgui Itoiz andreak erabaki-organoetan emakumeen eta gazteen parte-hartzea bultzatu du, eta aukera-berdintasunaren aldeko lantaldeetan eta UCANeko nekazari gazteen taldean aktiboki parte hartu du.

Bere kezka nagusien artean daude lehen sektorearen errentagarritasuna, landa-eremuko despopulazioa, belaunaldi-erreleboa eta lehen sektorea klima-aldaketara egokitzea. Kooperatibismoa defendatzen du erronka horiei aurre egiteko ezinbesteko tresna gisa, eta sektoreak politika publikoen diseinuan parte-hartze handiagoa izatea eskatu du, etorkizuneko arau hauen prestaketan: Landa Garapenari eta Despopulazioari buruzko Foru Legea eta Industriari buruzko Foru Legea, bai eta Espainiako NPEaren Plan Estrategikoaren aldi berrian ere (NPEPE).

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jotzen du Esther Burgui Itoiz andrea saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, horretarako sortu zen kondekorazio hau apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez: Foru Komunitatea garatzen, ezagutarazten eta hari ospea ematen –nor bere jardueraren esparruan– nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bosteko ekainaren lauan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATZEN DUT:

1. Esther Burgui Itoiz andreari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2025eko ekainaren 4an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2508001