122. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IGANTZI

Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu huts bat

Alkatetzaren ekainaren 2ko 87/2025 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi da, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, Igantziko Udalean, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu huts bat, eta izangaien zerrenda bat osatzeko, ordezkapen, baja edo errefortzu-beharrei erantzuteko.

Igantzin, 2025eko ekainaren 2an.–Alkatea, Juankar Unanua Navarro.

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea plantilla organikoan hutsik dagoen zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat, Igantziko Udalen aritzeko. D mailakoa da, funtzionarioen araubidekoa, eta lanaldi osokoa. Hartan aritzeko nahitaezkoa da euskaraz jakitea, hizkuntza-eskakizun hau du eta: B1 ahoz eta B1 idatziz. Plaza jasota dago Igantziko Udalaren 2025eko lan publikoaren eskaintzan (argitaratu zen 2025eko 107. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 29an).

Hizkuntza-eskakizuna Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialaren baremoaren arabera eskatuko da, edo ofizialki baliokidetzat onartutako beste titulazio bat aurkeztuta, edo izangaiak gainditu beharko du hizkuntza maila egokia duen zehazteko proba bat, bat etorriz 103/2017 Foru Dekretuaren 23. artikuluan ezarritakoarekin (foru dekretu horren bidez arautzen da euskararen ezagutza, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoetan).

1.2. Lanpostua txanda irekiari dagokio, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bateginaren 15.3 artikuluan ezarritako formularen arabera (testu bategina abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

1.3. Era berean, eta 9. oinarrian ezarritakoarekin bat, deialdi honen xedea da zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostua aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda bat eratzea, probak gainditu baina hautapen-prozeduran lanposturik lortzen ez duten izangaiekin; hori guztia, jarraikiz ezarrita dagoenari abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan.

1.4. Hauek dira eginkizunak:

–Udaleko beste zerbitzu batzuei laguntzea, eskatzen zaionean, eta kanpoko zerbitzuekin koordinatzea, langile espezializatuak behar direnean.

–Segurtasun eta higiene arauak betetzea, behar bezala baliatuz lan bakoitzean erabiltzen diren babes-ekipamendu (norbera babesteko ekipamendua) egokiak.

–Ezagutzea eta aplikatzea lanerako ezarritako arauak, prozedurak eta zehaztapenak.

–Kasuren batean behar izanez gero, egoerara egokitzea, lanorduekin malgu jokatuz, bete ahal izateko ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak.

–Kontrolatzea eta begiratzea ea betetzen diren Udalaren ordenantzak, eta ikuskapena egitea hirigintza eta ingurumen gaietan, begiratuta eta jasota ea betetzen den araudia honako hauen gainean: lizentziak eta obrak, bide publikoaren okupazioa, isurketak eta abar.

–Bide eta eremu publikoak egoera onean ote dauden begiratzea, bai eta udal eraikinak ere, eta haien mantentze-lan eta/edo hobekuntzarako proposamenak egitea; barnean dira lanak gauzatzea eta laguntza-lanak egitea goragoko mailetan.

–Udal azpiegitura, lokal eta ekipamenduetan atzemandako gabezia, matxura eta kalteen berri ematea Udaleko arduradunari edo nagusi hierarkikoari hala behar denean, eta zerbitzuen hobekuntza bultzatzea eta horretan laguntzea, ekintza eta aldaketa lagungarriak proposatuz hobekuntza horretarako.

–Materialaren edo tresnen erosketa aurreikustea eta egitea, edo zerbitzuak kontratatzea, organo eskudunak ikus-onetsi ondoan, eta erosketak kontrolatzea.

–Banatzea eta jartzea iragarkiak, bandoak, eta Udalaren publizitatea, agiriak eramatea eta haien legezko jakinarazpenak egitea, gauzak garraiatzea.

–Era guztietako udal zerbitzuak egitea, eta hala Alkatetzak nola eskuordetza duten organoek haren esku uzten dituzten zereginak, guztiak ere haren eskumen, maila eta kategoriaren barnean.

–Dagokion mailaren barnean, eskatzen zaizkion instalazio berriak eta hobekuntzako jarduketak egitea.

–Instalazio eta obretako mantentze-lan orokorren brigadaren jarduerekin lotutako zerbitzu anitzak, eta jarraipena egitea horiei nahiz gehitzen diren beste batzuei (gehituz gero), egokiak izan daitezen haien funtzionamendua, kontserbazioa eta mantentzea.

–Kontrolatzea Udalaren azpiegitura, lokal eta ekipamenduetan ikusten diren gabeziak, matxurak eta kalteak, eta zerbitzuen hobekuntza bultzatzea eta horretan laguntzea, ekintza eta aldaketa lagungarriak proposatuz hobekuntza horretarako.

–Iturgintza-lanak. Azpiegituretan oinarrizko mantentze- eta konpontze-lanak egitea: ura, saneamendua (iturgintza, elektrizitatea, mekanika, pintura, igeltserotza, soldadura, zurgintza, garbiketa, zangak ireki eta ixtea, bai eta, halakorik gehituz gero, beste zeregin batzuk ere...).

–Igeltserotza lanak, oro har, eta oinarrizko mantentze-lanak egitea Udalaren lokal, instalazio eta biltegietan, bai eta pintura lanak ere.

–Mekanika-lanak. Zerbitzuak berezko dituen Udalaren makinak, erremintak eta lanabesak erabiltzea, mantentzea, ikuskatzea eta konpontzea (atoiak, sasi-garbitzeko makina eta beste batzuk).

–Garbiketa-lanak. Mantentze-, garbiketa- eta zaintza-lanak egitea Udalaren zerbitzu eta lokaletan: hilerria, pilotalekua, eskolak, bideak, udaletxea, kontsultategia eta beste batzuk.

–Lorezaintza-lanak. Hiriguneko berdeguneetako mantentze-lanak (belardiak, zuhaixkak, landareak, zuhaitzak, lore-konponketak eta ureztatze-sistemak). Oro har, kale, plaza eta basoetako lorategi eta zuhaitzetan aritzea, eta beraz erein, landatu, ureztatu, inausi, lurra lantzea, ongarritzea eta tratamendu fitosanitarioak egitea, eta parke, lorategi eta basoetako mantentze-lanen esparruko beste batzuk. Sastrakaz garbitzea, lurra prestatzea, jorratzea, berrereitea eta behar diren gainerako lanak. Zeregin horiek dakarte honako hauek erabiltzea: eskuzko erremintak, makineria astuna, inauskailuak, sasi-garbitzeko makinak, altuerako inausketarako eskailerak, plataforma jasotzaileak, eta hiriguneko eta basoetako landarediaren mantentze-lanetarako erremintak eta makinak.

–Mantentze-lanak Igantziko Udalaren herri-lurretan: landa-bideak, kaleak, hiri-bideak eta abeltzaintzako instalazioak.

–Ibilgailuak gidatzea (hondeamakina, traktorea, plataforma jasotzailea eta abar, bai eta gehitzen direnak ere) eta Udalaren makineria, lanabesak eta tresnak maneiatu, mantendu eta konpontzea. Oinarrizko mantentze- eta zaintza-lanak egitea lanean erabiltzen diren ibilgailuetan.

–Mantentze-, garbiketa-, kontrol- eta zaintza-lanak Udalaren zerbitzu eta bulegoetan eta instalazioetan: pilotalekua, bideak, udaletxea (eta hango bulego guztiak), kontsultategia, liburutegia eta abar (lorezaintzako, iturgintzako, elektrizitateko, pinturako, igeltserotzako, soldadurako, arotzeriako eta abarretako lanak).

–Mantentzea eta kontrolatzea ur-hornidurako instalazioak, kloratzeko eta tratatzeko deposituak eta sistemak eta, orobat, saneamendu-sistemak eta -sarea. Zaintzea eta kontrolatzea uren harguneak eta ura deposituetara bideratzeko sareak. Egunero neurtzea kontsumo puntuetan uraren kloro mailak. Kontsumo puntuetako ur-kontagailuen irakurketa egitea hiru hilean behin.

–Udal igerilekuetako instalazioen mantentze-lanak eta iragazte-sistema eta ura tratatzeko sistema zaintzea eta kontrolatzea udan.

–Laguntzea Igantziko Udalak programatzen dituen jaietarako eta kultur ekitaldietarako prestakuntzan eta garbiketan, bai eta Igantziko Udalak laguntzen edo babesten dituen ekitaldietan ere.

–Altzariak eta gauzak lekualdatzea eta paratzea. Agertokiak, hesiak, karpa eta gainerakoak muntatzea eta desmuntatzea, jai eta ekitaldi publikoetan.

–Agindutako bide garbiketa egitea, Igantziko Udalak dauzkan baliabideak erabiliz horretarako.

–Hiri-altzariak instalatzea eta mantentzea: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak eta gisakoak.

–Herriko garbigunean laguntzea.

–Biltegiko kontrola.

Eta, oro har, berezkoa duen kategoriaren barrenean agintzen zaizkion lan guztiak.

1.5. Izendapenaren ondorioz hautatzen dena Igantziko Udaleko funtzionario bihurtuko da, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartu eta kidetuko da.

1.6. Lanpostuaren ordainsariak izanen dira Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan D mailako lanpostuetarako oro har ezarritakoak, baita Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduari buruzko uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan ezarritakoak ere, eta ordainsari osagarriak, halakorik balego, aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan ezartzen badira eta plantilla organikoan zehazten badira.

1.7. Lanaldia eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira, eta administrazioko organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dituzte. Gainera, alor edo zeregin jakin bati atxikitzeak ez dakar kontratatuaren mugiezintasuna, administrazioaren zuzendaritza ahalmenarekin bat etorriz. Ahalmen hori baliatuz, kontratatutakoak alor batean baino gehiagotan egin dezake lan lanaldi berean, lanaldiaren ordutegia kasuan kasuko zerbitzuen beharren arabera banatuz.

1.8. Deialdia eta haren oinarriak lotesleak izanen dira Administrazioarentzat, hautaproben epaimahaientzat eta parte-hartzaileentzat.

1.9. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda honek indarrik gabe eta ondoriorik gabe uzten du Igantziko Udalaren zerbitzuko zerbitzu anitzetako lanposturako aldi baterako kontratazioak egiteko beste edozein zerrenda. Bost urtez egonen da indarrean eta haren kudeaketa eginen da aldi baterako kontratazioak kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoari jarraituz.

2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) 16 urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

b) Espainiar nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izaki, haien kontura bizi badira.

c) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

d) Lanpostuaren egitekoa betetzeko gai egiten duen titulazioa izatea (edo hura eskuratzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean); titulu hori, gutxienez, izanen da Eskola Graduatuarena, DBHkoa (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza) edo Lanbide Heziketako lehen mailakoa edo baliokide batekoa.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea, ez eta diziplinazko kaleratze bidez despeditua ere.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko deklarazioa edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

f) Ibilgailuak gidatzeko baimena izatea, B motakoa.

g) Epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere:

h) Eskatutako euskara maila egiaztatzea. Hori frogatzeko, aurkeztu beharko da B2 titulua, jarraikiz gaur egun Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialean indarrean den baremoari, bai eta NAPIn (Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua) indarrean den baremoari ere, edo maila horretako beste tituluren bat aurkeztu beharko da, ofizialki baliokidetzat aitortutakoa.

Orobat, izangaiak berariazko proba bat eginez frogatzen ahal du baduela maila hori. Horren bidez frogatuko du baduela nahikoa hizkuntza maila (deialdi honen 1.1 oinarrian adierazia). Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak eginen du proba hori, edo Nafarroako Gobernuan arlo honetan eskumena duen erakunde eskudunak. Halaber, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak edo Nafarroako Gobernuan arlo horretan eskumena duen erakundeak ezin badu egin aipatutako proba, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak edo erakunde baliokide batek egiten ahal dute.

2.2. Baldintza horiek guztiak agiri bidez egiaztatu beharko dituzte hautatzen diren eta aldi baterako kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek, adierazten zaien unean, kontratua formalizatu aurretik.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta bete beharko dira hautapen-prozesuak eta kontratazioak dirauen bitartean.

3. oinarria.–Eskabideak eta haiek aurkezteko epea.

3.1. Deialdiko hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabidea aurkeztu beharko da Igantziko Udalaren Erregistro Nagusian (Karrika Nagusia), 09:00etatik 14:00etara bitartean, edo telematikoki, Igantziko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez (https://sedeelectronica.igantzi.eus/carpetaciudadana/tramite.aspx?idtramite=1017), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein baliabideren bidez. Aurkezteko, 20 egun naturaleko epe luzaezina izanen da, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera zenbatzen hasita. Azken eguna baliogabea bada, epea luzatu eginen da, hurrengo lehen egun baliodunera arte.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztu behar da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, hura ziurtatu aurretik. Horrez gain, frogagiria bidali beharko da helbide elektroniko honetara: idazkari@igantzi.eus. Baldintza horiek betetzen ez badira, ez da eskabidea onartuko.

3.2. Eskabidea I. eranskinean argitaratzen den ereduari lotu beharko zaio.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute 2.1 oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Izangaiek telefono zenbaki bat eta helbide elektroniko bat adierazi beharko dituzte parte hartzeko eskabidean, jakinarazpenak jasotzeko.

Eskabidearekin batera, izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

b) Eskatzen den titulazioaren kopia, edo eskabideak aurkezteko epea amaitzen denerako hura erdiesteko moduan egotea ziurtatzen duen agiriarena.

c) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren fotokopia.

d) Izangaiak lehiaketaldian aurkezten dituen merezimenduak. Ez dira kontuan hartuko, ezta baloratuko ere, eskabideak aurkezteko epea amaitzean alegatuta ez dauden merituak.

Lehiaketaldian alegatutako merezimenduen ziurtagiriei dagokienez, eta, zehazki, laneko eskarmentua frogatzeko, entitate kontratugileek emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, eta horietan datu hauek agertu beharko dute zehatz-mehatz: egindako lan mota, maila, lanaldi mota eta haren iraupena, eta kontratuaren iraupena edo zer zerbitzutarako kontratatu zuten, zerbitzu horien iraupena; hori guztia, bat etorriz oinarri hauetako merezimenduen baremoari buruzko atalean (III. eranskina) adierazitakoarekin. Orobat, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako lan bizitzaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, aldez aurreko laneko eskarmentua frogatzeko.

Puntu honetan adierazitako agiriak aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuko. Salbuespena da D apartatua. Izan ere, D apartatuan eskatutako agiriak ez aurkezteak ez du ekarriko izangaia deialditik kanpo uztea, baina bai ekarriko duela lehiaketaldian puntuazioa eskuratzeko eskubidea galtzea. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

3.3. Deialdiaren oinarrriak Igantziko Udalaren web-orriko iragarki-taulan argitaratuko dira.

3.4. Desgaitasun aitortua (%33koa edo handiagoa) duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko, denboran edo baliabideetan, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta, hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasun bat dutela frogatzeko agiria, organo eskudunak emana.

3.5. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.

4. oinarria.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Igantziko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

Argitaratu ondoko bost egun baliodunetan, izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituzte edo eskabidean egindako akatsak zuzendu. Erreklamazioak Igantziko udalaren Erregistro Orokorraren bidez egin beharko dira (fisikoki zein telematikoki).

Bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda.

4.2. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta haiek ebatzi ondoan, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

Behin betiko zerrenda onesteko ebazpen berean zehaztuko dira 6. oinarrian jasotako probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi interesdunei aitortu zaienik deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Kontratazioa egiteko deia egiten zaielarik, izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertutakoan, ikusten bada baldintzaren bat ez dela betetzen denborari edo formari dagokionez, interesdunek galduko dituzte deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak, halakorik bada.

5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Juan Carlos Unanua Navarro, Igantziko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: hark izendatzen duena.

–1. epaimahaikidea: Edurne Huitzi Eratsun, Igantziko Udaleko alkateordea.

Ordezkoa: hark izendatzen duena.

–2. epaimahaikidea: Jokin Zabaleta Zabaleta, Igantziko Udaleko zerbitzu anitzetako arduraduna.

Ordezkoa: hark izendatzen duena.

–3. epaimahaikidea: Ángel Urtxegi Telletxea, Arantzako Udaleko zerbitzu anitzetako arduraduna.

Ordezkoa: hark izendatzen duena.

–Epaimahaikide idazkaria: Nagore Madariaga Iriarte, Igantziko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: hark izendatzen duena.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Igantziko Udalari hala jakinarazi, baldin suertatzen badira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako ezarrita dauden arrazoiak.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada abstenitzeko edo errekusatzeko legezko arrazoiengatik, Igantziko Udalaren web-orrian argitaratuko da aldaketa hori.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria.–Hautaketa-prozesuaren nondik norakoa eta balorazioa.

6.1. Lehenbizi, euskara maila frogatzeko proba bat eginen da, eta, ondoren, hautaketa-prozesuak bi fase izanen ditu, ordena honetan: lehiaketaldia eta oposizioaldia. Aurreikusten da 2025eko iraila edo urria aldea hastea, baldin eta bi hilabete igaro badira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik.

6.2. Euskararen ezagutza maila frogatzeko proba egitea.

Eskabidearekin batera euskararen ezagutza maila egiaztatu ez eta hori lortzeko proba egin nahi dutela adierazi dutenen artean, eskatutako maila lortzeko proba eginen da. Probak Euskarabidea-Nafarroako Euskara Zerbitzuaren bidez eginen dira, edo, bestela, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen bidez edo erakunde baliokideren baten bidez. Proben kalifikazioa "gai" edo "ez gai" izanen da. Idatzizko proba bat eta ahozko beste bat egin beharko dira. Erakundeak zehaztuko du zenbat denbora beharko den probak egiteko.

6.3. Ondoren, lehiaketaldia eta oposizioaldia eginen dira. Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, lehiaketaldia, eta, ondoren, oposizioaldia.

Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak Udalaren iragarki-tauletan eta web-orrian emanen dira argitara, 48 ordu lehenago.

Epaimahaiak zehaztuko du oposizioko ariketa bakoitzaren iraupena, ariketa bakoitza egiterakoan.

6.4. Lehiaketaldia (30 puntu).

Lehiaketaldia ez da baztertzailea, eta haren helburua da izangai bakoitzaren merezimenduak baloratzea. Betiere, merezimenduek zuzeneko lotura izan behar dute deialdiko lanpostuaren berezko egitekoekin, bat etorriz III. eranskineko merezimenduen baremoarekin. Fase horretan, gehienez, 30 puntu emanen dira.

Izangaiek eskabidea aurkezten duten unean berean alegatu eta frogatu beharko dituzte merezimendu guztiak, bestela ez aurkeztutzat joko baitira.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu aurkeztu gabeko edo agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik.

Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

6.5. Oposizioaldia (70 puntu).

Oposizioaldian 70 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta honako ariketa hauek izanen ditu:

–Lehenbiziko ariketa: teorikoa. Ariketa honetan erantzun beharko zaio II. eranskineko gaiei buruzko galde-sorta bati. Zenbait aukera emanen dira erantzuteko, baina bakarra izanen da zuzena. Ariketa gutun-azal itxien sistema erabiliz eginen da. Ariketa honetan 30 puntu lortzen ahal dira gehienez ere. Epaimahaiak erabakiko du proba hau egiteko zer denbora izanen den. Erantzun okerrak zigortuko dira; zehazki, erantzun zuzenari dagokion %25 kenduko da. Galderaren bat baliogabetzen bada, guztizko puntuazioa hainbanatuko da galdera baliodunen artean.

–Bigarren ariketa: praktikoa (baztertzailea). Proba praktiko batzuk egin beharko dira, egun batean edo zenbait egunetan, lanpostuarekin zerikusia dutenak, 1.4 oinarrian zerrendatutako zereginei edo II. ranskinean aipatutako gaiei buruzkoak. Gehienez ere 40 puntu emanen ditu ariketa honek, eta gutxienez 20 puntu erdietsi beharko dira; baztertuta geldituko dira puntuazio hori lortzen ez duten izangaiak. Epaimahaiak erabakiko du proba hau egiteko zer denbora izanen den.

Ariketa bi fasetan eginen da, eta faseok baztertzaileak izanen dira:

1. fasea (20 puntu gehienez). Elektrizitateko eta igeltserotzako ohiko lanekin lotutako bi proba egitea (erremintak eta materialak erabiltzea eta ezagutzea, oinarrizko eraikitze tenikak, eta abar). Proba praktiko bakoitzean gehienez ere 10 puntu emanen dira. Baztertuta geldituko dira fase honetako bi probetan, guztira, gutxienez 10 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

2. fasea (20 puntu gehienez). Lorezaintzako ohiko lanekin lotutako proba bat egitea (makinak ezagutzea eta erabiltzea, landareak inaustea, landatzea, sastrakak eta belar txarrak kentzea, ureztatzeak instalatzea eta programatzea eta abar). Proba honetan gehienez 20 puntu lortzen ahalko dira. 2. faseko proba egiteko, nahitaez gainditu behar da 1.a. Gainditzeko, 10 puntu gutxienez eskuratu behar dira bigarren fasean.

Oposizioaldiko ariketa bakoitzaren zuzenketa burututakoan, behin-behineko kalifikazioen zerrenda emanen du argitara epaimahaiak, udalaren web-orrian (www.igantzi.eus). Alegazioak aurkezteko 5 egun baliodun emanen dira, eta, haiek ebatzirik, behin betiko kalifikazioak argitaratuko dira webgunean eta iragarki-taulan, bai eta hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere.

Probak egiteko, deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek agertu beharko dute nortasun agiri nazionala aldean dakartela, edo, bestela, izangaiaren nazionalitatea eta nortasun datuak frogatzen dituen beste agiri baliokideren bat. Orobat, bolaluma urdina edo beltza eraman beharko dute. Probetara agertzen ez diren hautagaiak bazterturik geldituko dira.

6.6. Lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazioa, gehienez, ehun (100) puntukoa izanen da.

6.7. Hautaprobak egiteko, bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7. oinarria.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

7.1. Ariketen zuzenketa amaituta, eta erreklamaziorik izanez gero horiek ebatzi eta gero, epaimahaiak Igantziko Udalaren web-orrian argitaratuko du gainditutakoen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, eta alkateari igorriko dio prozesu osoan puntuaziorik handiena lortu duen hautagaiaren aldeko izendapena egiteko proposamena. Guztizko puntuazioa kalkulatzeko, lehiaketaldian eta oposizioaldian erdietsitako puntuazioak batuko dira.

Berdinketarik izanez gero, puntuazio handiena lortu dutenen alde joko da, ordena honetan: lehenik, oposizioaldiko bigarren ariketan puntuaziorik handiena eskuratu duenaren alde, eta, bigarrenik, oposizioaldiko lehen ariketan puntuaziorik handiena eskuratu duenaren alde. Berdinketak bere horretan segitzen badu, zozketa publikoa eginen da.

Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek erakutsi edo aurkeztu beharko ditu Igantziko Udalaren Erregistro Orokorrean:

a) Erakutsi beharko du nortasun agiri nazionala, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea egiaztatzen dituen beste agiri ofizial baliokideren bat.

b) Erakutsi beharko du deialdiaren 2.1.d) oinarrian eskatzen den titulua edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

c) Erakutsi beharko du ibilgailuak gidatzeko B motako baimenaren kopia.

d) Aurkeztu beharko du zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

–Proposatutako izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, agiri bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela zehapenik edo zigor penalik, eragozten dienik sartzea beren estatuko funtzio publikoan.

e) Aukeztu beharko du osasun ziurtagiria, frogatzen duena ez duela eritasunik edo akats fisikorik, galarazten dionik karguaren eginkizunetan aritzea, deialdiko lanpostuan egin beharreko jardueretarako ezarritako osasun protokoloen arabera; frogatuko da Udaleko Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak egiten duen osasun azterketaren bidez.

–Desgaitasunen bat duten izangaiek, gainera, frogagiri bat aurkeztu beharko dute, dioena desgaitasuna bateragarria dela deialdiko lanpostuarekin; balorazio eta orientazio talde eskudunek eman beharko dute.

–Osasun azterketa horretan "gai" kalifikazioa ez duten izangaiak ezin izanen dira funtzionario izendatu.

f) Aurkeztu beharko du zin egitea edo hitzematea Nafarroako foru eraentza begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

g) Hala behar badu, Igantziko Udalak eskatzen dituen agiri osagarriak aurkeztu beharko ditu.

7.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbertzeko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituena ezin izanen da funtzionario izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe deialdian parte hartzeko bere eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna.

7.4. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, 7.1 apartatuan aipatzen den zerrendan hurrengoa den izangaiak beteko du lanpostua, eta harekin ere aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

7.5. Administrazio dei egilearen funtzionario publiko direnek ez dituzte berriz aurkeztu beharko beren lehengo izendapena lortzeko frogatu behar izan zituzten betekizun eta baldintzak; funtzionario direla eta haien espedienteko inguruabarrak frogatzen dituzten agiriak baizik ez dituzte aurkeztu beharko.

8. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Hautapen-prozesua bukaturik eta izendatua izateko proposatutako izangaiak 7.2 oinarriak aipatzen dituen agiriak aurkezturik, alkateak behar den izangaia Igantziko Udaleko funtzionario izendatuko du, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostua bete dezan.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean jabetu beharko du lanpostuaz, izendapena jakinarazten zaionetik hasita. Epe horretan eta ezinbertzeko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badu, Igantziko Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala gertatuz gero, 7.3 eta 7.4 oinarrietan ezarritakoari jarraituko zaio.

9. oinarria.–Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.

9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, eta deialdi honen 1.3 oinarrian ezarritakoarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda eratuko da, probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin.

9.2. Igantziko Udalaren egoitza elektronikoan (www.igantzi.eus) argitaratuko da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda, deialdiaren aipamenean.

9.3. Lortutako azken puntuazioaren arabera ezarriko da zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.

9.4. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda arautuko da Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduaren bidez (haren bidez onesten dira aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak) deialdi honen xedeari eta eremuari aplika dakiokeen heinean.

9.5. Deitutako izangaiak kontratua sinatu beharko du (beste epe bat ezarri ezean) abisua eman eta bost eguneko epean (edo beranduenez 15 egunekoan, une horretan duen lanpostuan aurreabisua eman behar badu); eskatutako agiriak aurkeztu beharko ditu, eta zinpeko aitorpena, horren bidez adierazteko ez dutela baztertu Estatuko, autonomia erkidegoetako, probintzietako, udalerrietako edo toki erakundeetako inolako kargu, lanpostu edo eginkizunetatik, eta ez dagoela ezgaitua eginkizun publikoetan aritzeko.

Oinarri honetan zehaztutakoa aipatu epe horien barrenean betetzen ez bada, ezin izanen da kontratazioa egin, eta indarrik gabe geldituko dira dagozkion eskubideak.

Halakoetan, zerrendan hurrengo puntuazio handiena duen izangaiari deituko zaio.

9.6. Izangaiei lanerako deia egiten zaienean, aintzat hartuko da, orobat, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginean ezarritakoa, hain zuzen, zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan (257/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa), non arautzen baitira desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeko moduaren xehetasunak Nafarroako Foru Komunitaterako. Egin behar diren zereginak eta eginkizunak betetzeko bateragarritasuna frogatzen duten agiriak egiaztatzea Igantziko Udalari dagokio.

9.7. Lokalizatuak izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), bai eta helbide elektroniko bat ere. Informazio hori une oro eguneratua eduki behar dute.

9.8. Aldi baterako kontratazioa egin behar denean lanpostu baterako, dei eginen zaio une horretan zerrendako lehen lekuan dagoen izangaiari. Izangai bakoitza lokalizatzeko bi saiakera eginen dira telefonoz bi lanegun jarraitutan, eta dei horien frogak jasoko dira; alegia, eguna, ordua eta inguruabarrak. Telefonozko harremana izateko lehenbiziko saiakerarekin batera, mezu elektroniko bat bidaliko da izangaiak emandako helbide elektronikora. Mezu elektroniko hori bidaltzen denetik egun bateko epean erantzunik lortzen ez bada, eta telefonoz hitz egiterik ere ez bada, zerrendako hurrengoari deituko zaio.

Izangai batekin harremanetan jarri eta, kontrataziorako eskaintza bat eginik, izangaiak erantzuten ez badu edo uko egiten badio, zerrendako azkeneko postura igaroko da, salbu frogatzen badu arrazoi justifikatuengatik uko egiteko kasu batean dagoela, 9.1.9. apartatuan xedatutakoarekin bat.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan duen lehentasunari eutsiko dio eta zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.

Izendapena eginda, toki-erakunde eskatzaileak aldi baterako kontratatuko du proposaturiko izangaia.

Deia eginda kontratu bat onartzen dutenei ez zaie zerrenda bereko beste lanposturik eskainiko kontratua indarrean den bitartean.

9.9. Honako hauek onartuko dira arrazoi justifikatu gisa eskainitako lanpostuan kontratatzeari uko egiteko, eta, beraz, ez dute izangaiaren lehentasun ordena aldatuko aldi baterako kontratazioko izangaien zerrendetan:

a) Aldi baterako ezintasuna.

b) Amatasun edo aitatasun baimena.

c) Hiru urtez azpiko haurra zaintzea, edo hiru urtez azpiko adingabea harrera iraunkorrean edo adoptatua izatea.

d) Zaindu behar izatea bigarren mailara arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena adina, istripua edo eritasuna dela kausa.

e) Norberaren ezkontza edo parekatutako egoera, jarraikiz uztailaren 3ko 6/2000 Legeari (Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko Legea), baldin eskainitako kontratazio administratiboaren hasiera eguna badago hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturaleko epearen barnean.

f) Kontratazioren bat indarrean izatea, izan administrazio-araubidekoa edo lan-araubidekoa.

g) Desgaitasunen bat behar bezala aitortua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren berariazko ezaugarriekin.

Aipatu egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, errefusatu duten lanpostuaren kontratua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta modu fede-emailean frogatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean segituko dute.

Baldin ez bada epe barrenean aurkezten kontratazio eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikatua frogatzen duen dokumentazioa, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

Uko egiteko arrazoi justifikatua dagoenean, idatziz adierazi beharko dute berriz prest daudela lanean jarduteko, uko egitea ekarri zuen egoera bukatzen den egunetik hasita. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

9.10. Izangaiak honako kasuetan geratuko dira deia ekarri duen zerrendatik kanpo:

a) Kontratazio eskaintza onartu eta gero, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoi batengatik.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu eta horren arrazoia baldin bada beste kontratu bat sinatu dela beste entitate publiko edo pribatu batekin. Agiri bidez eta modu fede-emailean frogatu beharko da hori, ukoaren formalizaziotik 7 egun naturaleko epean. Kasu horretan, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

c) Justifikaziorik gabe lanpostua uztea.

d) Probaldia ez gainditzea.

e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko bi dei, gutxienez, eginda ere.

f) Deialdiaren 2. oinarrian ezarritako baldintzak ez egiaztatzea edo horiek egiaztatzeko agiriak ez edukitzea edo galtzea.

9.11. Deia jasotzen duten izangaiek aurkeztu beharko dute deialdian eskatutako titulazioaren betebeharrak eta bestelakoak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako betetzen dituztela frogatzeko agiriak, honako hauen fotokopia konpultsatua aurkeztuz: DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Lehen Mailako edo Erdi Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Gidabaimenaren kasuan, kontratua sinatzen duten egunerako izan beharko dute.

9.12. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak hautapen prozesutik baztertuko dira, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

9.13. Kontratuduna Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartuko da, eta bertan kidetuko; beraz, haren kargu izanen da dagokion kuota eta PFEZaren atxikipena (pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga), behar diren kopuruetan.

10. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 3/2018 Legearekin bat, izangaiek, deialdira aurkeztu hutsez, baimena emanen dute beren datu pertsonalak tratatzeko, eta jakinaren gainean geldituko dira badela "langileen kudeaketa" izeneko fitxategi bat, langileak hautatzeko prozesuak egiteko, besteak beste.

Orobat izangaiei aditzera ematen zaie bildutako datuak hirugarrenei lagatzen ahal zaizkiela, legean berariaz aurreikusten den kasuetan, edo lagapena beste administrazio publiko batzuei egiten zaienean, haien eskumenetan ari daitezen.

Hautapen prozesuaren emaitzak jendaurrean jarriko dira, ez bakarrik aplikatzekoak diren arauetan ezartzen diren tokietan, baita Igantziko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian ere.

Udala da fitxategiaren arduraduna, eta udal egoitzan baliatzen ahalko dira fitxategietan sartzeko, datuak zuzentzeko eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak.

11. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat jar daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.

39/2015 Legearen 112. artikuluan aipatzen diren kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA.–HAUTAPEN PROZESUAN ONARTUA IZATEKO ESKABIDEA

Izen-deiturak:

NANa edo agiri baliokidea:

Jaioteguna:

Jaioterria (herria, probintzia, herrialdea):

Nazionalitatea:

Helbidea (kalea, zenbakia, solairua, posta kodea, herria):

Posta elektronikoko helbidea:

Telefonoa:

AZALTZEN DUT:

Betetzen ditudala deialdi honetan eskatzen diren baldintza guzti-guztiak, ezarritako denboran eta moduan: deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, Igantziko Udalean, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu huts bat, eta izangaien zerrenda bat osatzeko.

Erantsi ditudala deialdian parte hartzeko eskatutako dokumentazioaren kopiak.

  • Nortasun agiri nazionala.
  • Eskatzen diren ikasketen tituluak.
  • Merezimenduak, lehiaketaldirako.

Deialdian eskatutako euskararen ezagutza frogatzeari dagokionez (markatu bidezkoa dena):

Eskabide honi gehitzen diot ziurtagiri baten kopia bat, agertzen duena badudala deialdian eskatutako euskararen ezagutza.

Eskatzen dut egitea deialdi honetan eskatutako euskararen ezagutza maila frogatzeko proba.

Aldi baterako kontratu baterako deitzen banaute, lanaldi partzialeko kontratu bat ere onartuko nuke.

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisiko nahiz psikikorik.

Ez dudala indarrean dauden xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espedientearen bidez bereizia izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik, ez eta diziplinako kaleratzearen bidez bidalia ere, eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Desgaitasuna dudala eta, hortaz, behar ditudan egokitzapenak eskatzen ditudala, haietarako arrazoiak adierazita (beste orri batean zehaztuko dira eskatutako egokitzapenak eta eskaeraren arrazoiak).

Aurkeztu dudala minusbaliotasuna dudala frogatzen duen agiria, erakunde eskudun batek emana.

Horrenbestez, ESKATZEN DUT onar nazatela aipatutako hautapen prozesuan.

....................................... (e)n,.................(e)ko....................................aren............(e)(a)n

(Sinadura)

Datuen babesa. Bete beharrez 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak soilik erabiliko direla hautapen prozesuan Udalak dituen eskumenak erabiltzeko, eta batuko zaizkiela Udalaren edo entitatearen datu basea osatzen duten fitxategiei. Erabiltzen ahalko dituzu fitxategietan sartzeko, datuak zuzentzeko eta ezabatzeko, eramateko, mugatzeko eta aurka egiteko eskubideak, Udaleko bulegora zuzendurik (Karrika Nagusia 5, 31790 Igantzi; www.igantzi.eus).

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. II. titulua, Udalerria: 11-28 artikuluak. V. titulua, Toki-erakundeei buruzko xedapen orokorrak, I. kapitulua.

2. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Atariko titulua, I. titulua, I. kapitulua: udalerriak: 1-8 atalak. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea, I. kapitulua: 1 eta 2. atalak. IX. titulua: Nafarroako toki-erakundeen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, aurkaratzea eta kontrola. II. kapitulua, 1 eta 2. atalak.

3. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: I. titulua. II. titulua: I., II., III., IV., VI., VIII. eta IX kapituluak.

4. gaia.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa. Xedapen orokorrak.

5. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa: I., II. eta III. tituluak.

6. gaia.–Laneko arriskuen prebentzioa, arau-esparrua: 31/1995 Legea, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa. Laneko segurtasun eta osasunari buruzko ezagutzak: arrisku motak eta horiek prebenitzea; norbera babesteko ekipamenduak. Oinarrizko ezagutzak laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauez eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauez.

7. gaia.–Aritmetikako eta geometriako oinarrizko erregelak. Idazketako eta ortografiako oinarrizko erregelak.

8. gaia.–Igantzi. Kaleen izenak eta kokapena, alderdiak, ibaiak, herritarrak eta geografia. Bide nagusiak. Zerbitzu publikoak. Instalazio eta ekipamendu publikoak. Udal eraikin nagusien kokapena: udaletxea, udalaren kirol instalazioak, ikastetxe publikoak eta abar.

9. gaia.–Oinarrizko elektrizitatea: elektrikariaren oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea (bihurkinak, guraizeak, aliketak...). Eraikinetako banaketa koadroak (potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak, diferentzialak). Hots egiteko zirkuituak (sakagailuak, txirrinak). Oinarrizko argi-zirkuituak (etengailuak, kommutadoreak, entxufe oinak, lur-konexiodunak nahiz gabekoak, lanparak). Argi fluoreszenteko zirkuituak (pitzarazgailuak, erreaktantziak, lanpara fluoreszenteak). Zirkuitu bereziak (alarmak, larrialdiko argiak). Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta-neurriak.

10. gaia.–Oinarrizko mekanika-Metal arotzeria. Mekanikako oinarrizko erremintak (mailuak, bihurkinak, hainbat motatako giltzak, zerrak, eskuko zulagailua eta abar) ezagutu, erabili eta mantentzea. Sarrailagintzako oinarrizko lanak (ate-leihoak doitzea, sarrailak eta sarraila-zilindroak, metalezko altzarien mantentze-lanak). Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta-neurriak.

11. gaia.–Iturgintza-Berokuntza. Iturginaren oinarrizko erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea. Iturgintzako instalazioen mantentze-lanak (komun-ontziak, txorrotak, zisternak, sifoiak). Berokuntzako instalazioen mantentze-lanak (zirkuituak, betetzea eta airea purgatzea. Erradiadoreak. Galdara gelak, elementu nagusiak). Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta-neurriak.

12. gaia.–Zurgintza. Zurgintzako oinarrizko erremintak (mailuak, zerrak, trintxak, zulagailu elektrikoa eta bestelako osagarriak: lixak, lekedak eta abar) ezagutu, erabili eta mantentzea. Zurgintzako oinarrizko eragiketak (ate eta leihoak doitzea). Sarrailak eta sarraila-zilindroak. Pertsianak: motak, mantentze-lanak eta konponketa. Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta-neurriak.

13. gaia.–Lorezaintza. Lorezaintzako oinarrizko tresnak (kimatzeko guraizeak, belarra mozteko makinak, aitzurrak, motozerra, sasi-garbitzeko makina eta abar) ezagutu, erabili eta mantentzea. Lorategiak mantentzeko oinarrizko eragiketak (aspertsoreak jartzea, erregulatzea, funtzionamenduan jartzea, garbitzea eta abar). Lorategirako produktuak (ongarriak, intsektizidak eta abar) aplikatzeko oinarrizko ezagutzak.

14. gaia.–Igeltserotza. Kontzeptu orokorrak; materialak; lanabesak; zolatzea; alikatatzea; kofratzea; hormak jasotzea; hiri-altzariak eta eraikinak pintatzea; hiri-altzarien eta eraikinen mantentze-lanak.

15. gaia.–Soldaduraren ezagutza eta doitze-makineriaren oinarrizko maneiuari buruzko ezagutza.

16. gaia.–Igerilekuetako mantentze-lanak. Kontzeptu orokorrak. Igerilekuen baldintza higieniko-sanitarioak eta segurtasun baldintzak Nafarroako Foru Komunitatean. Urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretua, otsailaren 9ko 6/2022 Foru Dekretua, martxoaren 26ko 27/2025 Foru Dekretua, abenduaren 27ko 742/2013 Foru Dekretua eta ekainaren 21eko 487/2022 Foru Dekretua.

17. gaia.–Eraikinen eta hiri altzarien mantentze-lanak.

18. gaia.–Behar diren materialak eta erremintak eskuratzea. Antolaketa eta mantentze-lanak.

Oharra: gai guztiak eskatuko dira ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legediaren arabera.

III. ERANSKINA–MEREZIMENDUEN BAREMOA (GEHIENEZ ERE, 30 PUNTU)

A) Laneko eskarmentua. 20 puntu gehienez ere.

A.1) Administrazio publikoetan aritu izanagatik zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostuetan edo antzekoetan (E, D, C edo B maila): 1 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 15 puntu.

A.2) Entitate pribatuetan aritu izanagatik zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostuetan edo antzekoetan: 0,50 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 5 puntu.

Administrazio publikoetan egindako lanen kasuan, haiek emandako ziurtagiri bidez frogatu beharko da merezimendu hori. Enpresa pribatuen kasuan, hasiera- eta amaiera-kontratu bisatuaren bidez (autonomoen kasuan, lana egin duten kotizazio-epigrafearen frogagiriaren bidez). Orobat, aurkeztu beharko da Gizarte Segurantzako Diruzaintzak emandako lan bizitzaren txostena. Urteko zatikiak proportzioan baloratuko dira. Orobat, lanaldia osoa ez bada, dagokion proportzioan kalkulatuko da.

B) Prestakuntza osagarria. 10 puntu gehienez ere.

B.1) Deialdian eskatutako titulazioaz bestelako tituluengatik, baldin eta lotura badute lanpostuko zereginekin: 4 puntu gehienez ere.

–Lehen graduko edo gradu ertaineko Lanbide Heziketa: 1 puntu titulu bakoitzeko, eta gehienez ere 4 puntu.

–Bigarren graduko edo goi mailako Lanbide Heziketa: 2 puntu, titulu bakoitzeko; gehienez ere, 4 puntu.

B.2) Lanpostuko eginkizunekin ikusteko duten prestakuntza ikastaroengatik: 4 puntu gehienez ere.

–20 orduko (gutxienekoa) edo gehiagoko ikastaroak: 0,10 puntu, ikastaro bakoitzeko.

–50 orduko edo gehiagoko ikastaroak: 0,25 puntu, ikastaro bakoitzeko.

–100 orduko edo gehiagoko ikastaroak: 0,5 puntu, ikastaro bakoitzeko.

–150 orduko edo gehiagoko ikastaroak: puntu bat, ikastaro bakoitzeko.

–200 orduko edo gehiagoko ikastaroak: 1,50 puntu, ikastaro bakoitzeko.

B.3) Beste gaikuntza batzuk. 2 puntu gehienez ere.

Puntuazio hau ez dago loturik B.2 puntukoarekin, eta ez da onartzen bikoiztasunik puntuazioan.

Jarraian ageri diren puntuazioak elkarren artean metatzen ahal dira.

B.3.1) Mota hauetako gidabaimenak izateagatik:

–B + E motako gidabaimena: elkarri lotutako ibilgailu multzoak, B motako gidabaimenarekin erabil daitekeen trakzio-ibilgailu bat dutenak, eta atoi edo erdiatoi bat, 3500 kg-ko edo gutxiagoko gehieneko masa baimendua duena: 0,75 puntu.

–D motako gidabaimena, barnean duela obra publikoetako makinak erabiltzeko lizentzia edo hondeamakinak eta atzerako hondeamakinak erabiltzen dakiela frogatzen duen agiria. 1,50 puntu.

B.3.2.) Beste titulu batzuk.

–Produktu fitosanitarioen aplikatzaile txartela: oinarrizko maila. 0,25 puntu.

–Produktu fitosanitarioen aplikatzaile txartela: maila kualifikatua. 0,75 puntu.

Iragarkiaren kodea: L2507923