2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
LIZARRA
Aldaketa, honako deialdi honen oinarrietan: "Deialdia, Udaltzaingoko agente lehenaren bi lanpostu betetzeko, kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez"
Deialdi hori argitaratu zen 2025eko 62. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 27an.
Epe barruan, eta bat etorriz deialdiaren hamabigarren oinarrian ezarrita dagoenarekin, gora jotzeko errekurtso bat jarri da deialdiaren oinarrien aurka.
Errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegiari igorri zaio, izapidetzeko, bete beharrez xedatuta dagoena urriaren 18ko 279/1990 Foru Dekretuaren 12.2.a) artikuluan (foru dekretu horren bidez partez garatzen da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako toki-erakundeen egintzak eta erabakiak aurkaratzeari dagokionez).
Hori guztia gorabehera, eta kontuan hartuta prozedura zer aurreratuta dagoen, errekurtsoaren idazkia aztertu da, eta ikusi da deialdiko merezimenduen baremoa ez datorrela bat abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretuan ezarrita dagoenarekin (Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onetsi zuen). Hortaz, zilegi da deialdiaren oinarriak zuzentzea, eta zuzenketa horren berri ematea interesdunei oposizioaldiko proba egiteko aurreikusita dagoen egunaren aurretik.
Hala, 2025eko maiatzaren 12ko 522 Ebazpenaren bidez, aldatu egiten da deialdi honen seigarren oinarria, bai eta oinarrien bigarren eranskinean jasota dagoen merezimenduen baremoa ere: deialdia, bete daitezen Lizarrako Udaltzaingoko agente lehenaren bi plaza, kategoriaz igotzeko lehiaketaren bidez. Lanpostuak funtzionario araubidekoak dira, C mailakoak, eta 7.4 eta 7.30 zenbakiak dituzte plantilla organikoan. Honela geratzen dira idatzita:
6. oinarria.–Kategoriaz igotzeko lehiaketa nola eginen den.
6,1. Mailaz igotzeko lehiaketak hiru fase izanen ditu:
1. Lehiaketaldia.
2. Oposizioaldia.
3. Gaikuntza ikastaroa.
Ariketak 2025eko ekainetik aurrera eginen dira. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da hautaprobak non, noiz eta zer ordutan eginen diren. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak argitara emanen dira, 48 ordu lehenago, Udalaren Interneteko atarian (deialdiaren web fitxan) eta iragarki-taulan.
Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den araudiaren arabera.
Proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Prozesutik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak. Probak hasita daudela bertaratzen direnak ere kanporatu eginen dira.
6.2. Lehiaketaldia.
Baloratuko dira izangaiek alegatu eta behar bezala frogatutako merezimenduak:
–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak:
–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk, poliziaren eginkizunekin zerikusia dutenak:
–Hizkuntzak jakitea: frantsesa, ingelesa eta alemana:
–Euskaraz jakitea: 5,25 puntu, gehienez.
–Ohoreak eta sariak: 2,5 puntu, gehienez.
Epaimahaiak kalifikatu eta puntuatuko ditu aurreko apartatuetarako aurkeztu eta justifikatutako merezimenduak, deialdi honen II. eranskineko baremoaren arabera. Lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezteko unean aurkeztu eta frogatu beharko dira merezimendu horiek, agiri bidez. Epaimahaiak inola ere ezin izanen du frogatutzat hartu aurkeztu ez den eta agiri batez frogatu ez den merezimendurik, eta ezin izanen du eman, apartatu bakoitzeko, adierazitako gehieneko puntuazioa baino puntu gehiago.
Epaimahaiak eskatzen ahalko ditu lehiakideek aurkeztutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.
Fase hau bukatutakoan, epaimahaiak Lizarrako Udaleko iragarki-taulan eta Interneteko atarian (deialdiaren web fitxan) argitaratuko ditu behin-behineko puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du erreklamazioak aurkezteko, argitaratzen diren egunetik hasita, izangaiek beren eskubideen arabera komeni zaiena alegatu dezaten.
Behin epaimahaiak ebatzirik behin-behineko emaitzen aurka aurkeztutako erreklamazioak, onetsiko ditu merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak, eta argitaratuko ditu Lizarrako Udalaren iragarki-taulan eta Interneteko atarian (deialdiaren web fitxan).
6.3. Oposizioaldia.
6.3.1. Proba teoriko-praktikoa.
Gehienez 150 puntu lortzen ahalko dira. Hartan, ariketa bat izanen da lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruz, eta idatziz erantzun beharko zaie test motako 50 galderari. Galdera bakoitza erantzuteko lau aukera eskainiko dira, eta bakarra izanen da zuzena. Ongi erantzundako galdera bakoitzeko 3 emanen dira, eta gaizki erantzundako bakoitzeko 0,60 puntu kenduko dira.
Epaimahaiak finkatuko du probaren gehieneko iraupena, hura hasi baino lehen.
Proba hau egiteko ezin da inolako testurik kontsultatu, ez eta kalkulagailurik edo bestelako material edo gailu elektronikorik ere, ez bada bolaluma urdina edo beltza.
Proba hau baztertzailea izanen da eta, gainditzeko, 75 puntu lortu beharko dira gutxienez.
6.3.2. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren (NAPI) proba psikoteknikoa. Horren helburua da zehaztea zenbateraino egokitzen diren izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara.
Proba teoriko-praktikoa gainditu dutenek bakarrik eginen dute proba hau.
Psikologia Aplikatuaren Atalak (Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua) eginen du proba hori. Proba horretan 70 puntu lortzen ahal dira gehienez, eta ez da baztertzailea izanen. Lortutako puntuazioa loteslea izanen da kalifikazio-epaimahaiarentzat.
Profil profesiografikoa zehaztea: proposatuko dute NAPIko Psikologia Aplikatuaren Atalak eta deialdiko kalifikazio-epaimahaiak, edo hark izendatutako langileek. Azken kasu horretan, lanpostuaren beharrak eta eskakizunak ezagutu beharko dituzte. Azterketa horretatik abiatuta, zehaztuko dira ebaluatu beharreko faktoreak edo gaitasunak, baita eginkizunak behar bezala gauzatzeko beharrezkoak diren eskakizunak ere. Profil profesiografikoaren proposamena epaimahaiari helaraziko zaio, probak hasi aurretik onar dezan.
Kalifikazio-epaimahaia, probak egin aurretik, arduratuko da garrantzizkotzat jotzen diren gai guztiak baliabide egokien bidez argitaratzeaz. Horretarako, NAPIko arlo psikoteknikoko teknikariekin koordinatuko da, eta horiek emanen dizkiote profilean jasotako eta baloratu beharreko faktoreak eta zuzentzeko eta kalifikatzeko irizpideak.
Probak bi zati hauek izanen ditu:
–Lehenbizikoan, 2 galdera-sortari erantzun beharko zaie; nortasunari eta/edo lanerako gaitasunari buruzkoak izanen dira.
–Bigarrenean, elkarrizketa bat eginen da, taldeka edo banaka. Kalifikazio bat lortzeko, ezinbestekoa izanen da bi zatietara agertzea.
6.4. Proba bakoitza kalifikatu ondoren (proba teoriko-praktikoa eta proba psikoteknikoa), epaimahaiak parte-hartzaileek lortutako puntuazioak paratuko ditu Lizarrako Udalaren iragarki-taulan eta Interneteko atarian (deialdiaren web fitxan), eta 5 egun balioduneko epea emanen du, interesdunek erreklama eta alega dezaten beren eskubidearen arabera komeni zaiena, balorazio horri buruz.
Erreklamazioak aurkezteko epea amaituta eta horiek ebatzi ondoren, epaimahaiak onetsiko du izangaien behin betiko guztizko puntuazioen zerrenda, eta argitaratuko du aipatutako tokietan, gaikuntza ikastarora onartutako izangaien zerrendarekin batera. Betiere, gaikuntza ikastarora onartutakoak ezin dira izan deialdiko lanpostu kopurua baino gehiago.
Berdinketarik bada, lehenetsiko dira administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasun onartu handiena dutenak. Hala ere berdinketak baldin badirau, izangai zaharrenaren alde joko da.
II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA
A) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu, gehienez.
1. Nafarroako polizietakoren batean modu finkoan egindako zerbitzu-urte bakoitzeko: 1,50 puntu polizia-agentearen lanpostuan.
2. Nafarroako polizia kidego batean, bitarteko langile gisa eta deialdiko lanpostuan egindako urte bakoitzeko: 1,65 puntu.
3. Administrazio publiko batean, bestelako Segurtasun Indar eta Kidegoetan, lanpostu finkoan, egindako zerbitzuak: 1,50 puntu, polizia edo agente lanpostuan.
4. Edozein administrazio publikotan, polizia kidegoetakoak ez diren lanpostuetan egindako zerbitzuak: urte bakoitzeko 0,25 puntu.
Oharrak:
1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.
2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.
3. Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.
4. Izangaia zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo aritu bada unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horiek kontatuko dira egoera horietan sartu aurretik zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala.
B) Polizia-eginkizunarekin lotutako formazioa, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu, gehienez.
1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu, kreditu akademiko bakoitzeko (edo horren baliokidea eskola-ordutan): 10 puntu, gehienez.
Oharrak:
1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, eskola-orduen zatikiak hainbanatu eginen dira.
2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.
3. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.
4. Puntuazio berarekin baloratuko da parte hartzea administrazioak agindutako edo baliozkotutako prestakuntza ekintzetan, nahiz eta ez bete erakunde antolatzaileari dagozkion baldintzak. Horien artean, espresuki sartuko dira sindikatuek antolatutakoak, administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean.
5. Apartatu honetan aipatutako merezimenduak baloratuko dira soilik baldin deialdiko lanpostuarekin zerikusia badute. Ez dira inondik ere baloratuko agente lehenaren lanpostua eskuratzeko prestakuntza ikastaroak.
2. Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: 4 puntu, gehienez.
Oharrak:
1. Unibertsitateko lizentzia edo gradua: 2,0 puntu.
2. Unibertsitateko diplomak eta doktoretza: 1,0 puntu.
3. Masterrak: 0,75 puntu.
4. Segurtasun pribatuko zuzendaria: 0,50 puntu.
5. Adituak eta espezialistak: 0,25 puntu.
3. Txostenak edo komunikazioak aurkeztu izana biltzarretan edo jardunaldietan, lan zientifiko edo ikerlan bekadunak edo sarituak egin izana eta haiek aldizkari espezializatuetan argitaratu izana, betiere zerikusirik badute poliziaren eginkizunekin: 3 puntu gehienez, kalifikazio-epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan izanik lana edo jarduera norbanakoak egina den edo taldeka, eta kontuan izanik, orobat, biltzarra edo argitalpena den tokikoa, eskualdekoa, nazionala edo nazioartekoa.
4. Epaimahaiak baloratu beharreko beste merezimendu batzuk, betiere zerikusirik badute poliziaren eginkizunekin: besteak beste, sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako bekak edo egonaldiak, edo parte hartzea kontsulta-, aholkularitza-, partaidetza- edo ordezkaritza-organoetan: 2,50 puntu, gehienez.
5. Sariak: 2,50 puntu gehienez.
–Zerbitzu goraipagarrien plakagatik: 1,25 puntu.
–Zerbitzu goraipagarrien dominagatik: 0,75 puntu.
–Jendaurreko esker onagatik: 0,50 puntu.
–Esker on pribatuagatik: 0,25 puntu.
6. Sektore publikoaren esparruan prestakuntza jardueretan irakasle gisa parte hartzea eta/edo horrelakoak antolatzea, betiere zerikusirik badu poliziaren eginkizunekin: 2 puntu gehienez, kalifikazio-epaimahaiak baloratu beharrekoak, iraupenaren arabera.
C) Hizkuntzak jakitea: ingelesa, frantsesa eta alemana (gehienez ere: 15,00 puntu):
–Ingelesez, frantsesez eta alemanez jakiteagatik (hizkuntza horietako bakoitzeko 5 puntu gehienez).
–A1 maila: 1 puntu.
–A2 maila: 2 puntu.
–B1 maila: 3 puntu.
–B2 maila: 4 puntu.
–C1 maila: 5 puntu.
D) Euskaraz jakitea:
5,25 puntu gehienez:
–7.4 plaza:
- B1 maila: 1,75 puntu.
- B2 maila: 3,50 puntu.
- C1 maila: 5,25 puntu.
Tituluak eta ziurtagiriak baloratuko dira jarraikiz Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailei. Maila horiek jasotzen dira NAPIko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean, horren bidez ezarri baitziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, jarraikiz Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuari (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).
Goragoko mailari dagokion puntuazioa emanen da, eta ez dira inoiz batuko hizkuntza bereko bi maila edo gehiagoko puntuazioak.
Lizarran, 2025eko maiatzaren 29an.–Alkatea, Marta Ruiz de Alda Parla.
Iragarkiaren kodea: L2507792