1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
58/2025 FORU DEKRETUA, ekainaren 4koa, Mariano Jiménez Serrano jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.
Mariano Jiménez Serrano (Tutera, 1970) pedagogoa eta konpositorea da. Pianoa, harmonia kontrapuntua, fuga eta konposizioa ikasi zituen Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatorioan.
1999an, "Ave María" motetea saritu zioten Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateak antolatutako konposizio-lehiaketa nazional batean. Ahotserako egin duen obra osoa Bilboko CM Ediciones musicales SL argitaletxeak argitaratu du.
Irakasle eta hizlari gisa lan handia egiten du, bai musika-espezializazioaren arloan, bai dibulgazioaren arloan. Bere jarduera akademiko berriena Nafarroako Unibertsitatean izan da. 2007az geroztik, irakasle gonbidatua izan da "Kulturaren Irakaskuntza" irakasgaian, Gaztelania eta Ingelesa Atzerriko Hizkuntza eta Hizkuntza Berri gisa Masterrean (Filosofia eta Letren Fakultatea), eta hizlaria College of The Holy Crossen (Worcester, Massachusetts, EBak), ikasleentzako udako ikastaroetan. Ikastaro horiek Espainiako Hizkuntza eta Kultura Institutuak (ILCE) antolatzen ditu.
Hainbat "masterclass" eman ditu "Arte eszenikoen hastapenak" irakasgairako, Komunikazio Fakultatean (FCOM): 2016az geroztik, Bachen "Goldberg Bariazioak" lanen konposizio-prozesuaz; musika atonalera hurbiltzeko gakoez; eta, azkenik, Peter Sellars eszenografoak Bachen "Pasioa San Mateoren arabera" antzezteko egindako proposamen eszenikoaren analisiaz, Berlingo Orkestra Filarmonikoaren egoitzan, 2014an.
2010etik Senior Programako musikologia eta zinematografia moduluetako irakaslea da Nafarroako Unibertsitate museoan.
Unibertsitate Hedapeneko Ikastaroak ere ematen ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) 2016-2017 ikasturtetik.
2014tik 2023ra arte, harreman profesional estua izan zuen Bilboko Elkarte Filarmonikoarekin, Konpartitu proiektuaren bidez. Beste jarduera batzuen artean, Glenn Gould eta Vladimir Horowitz pianistei eta Leonard Bernstein orkestra-zuzendariari buruzko monografikoak egin ditu, "Musikaren interpreteak" zikloaren barruan, bai eta "Musika-balorazioko ikastaroa", "Zinema-balorazioko ikastaroa: irudien hizkuntza" eta "Harmonia tonala ulertzea" ikastaroak ere.
Bilboko Zinebiren 60. edizioak gonbidatu zuen (2018ko azaroa) masterclass bat emateko, John Hustonek, 1987an, James Joyceren "Hildakoak" kontakizunaz egin zuen egokitzapen zinematografikoari buruz.
Era berean, "Reflejos en el agua: Monet y Debussy" (Errainuak uretan: Monet eta Debussy) izenburuko tailerra eman zuen Guggenheim Museoak Thannhauser bildumaren erakusketaren harian programatutako jardueren artean.
2009an, David Castillo aktorea protagonista duen "Wendy" film laburra idatzi eta zuzendu zuen.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jotzen du Mariano Jiménez Serrano jauna saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, horretarako sortu zen kondekorazio hau apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez: Foru Komunitatea garatzen, ezagutarazten eta hari ospea ematen –nor bere jardueraren esparruan– nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bosteko ekainaren lauan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,
DEKRETATZEN DUT:
1. Mariano Jiménez Serrano jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.
2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.
3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2025eko ekainaren 4an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.
Iragarkiaren kodea: F2508000