Iragarkia
122. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 19a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
73E/2024 FORU AGINDUA, maiatzaren 20koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez toki entitateentzako dirulaguntza deialdi bat onesten baita esku-hartze arkeologiko eta paleontologikoak egiteko. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 834241.
Nafarroako Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen 87. artikuluak ezartzen du kultur arloko eskumena duen departamentuak Nafarroako kultur ondareko ondasunen ikerketa, dokumentazioa, kontserbazioa, berreskurapena, zaharberritzea eta zabalkundea bultzatuko dituela, dirulaguntzen eta bestelako sustapen neurri ekonomikoen bitartez.
Deialdiaren xedea da ondare arkeologikoan eta paleontologikoan esku hartzeko asmoz Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateek sustatzen dituzten proiektuei laguntzea. Esku-hartze horien sustatzaile diren aldetik, esku-hartze arkeologikorako nahitaezko lizentzia izan beharko dute, Nafarroako Foru Komunitatean 2025ean eginen diren indusketa eta prospekzio arkeologikoen planean onetsitakoa.
Dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, deialdiaren oinarri arautzaileetan adierazitako balorazio irizpideak eta mugak aplikatuz lortzen diren puntuen araberako lehentasun-hurrenkerari jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarrita dagoen bezala.
Aurrekontuko gehieneko zuzkidura 120.000 eurokoa da, eta esku-hartze bakoitzari emanen zaion gehieneko dirulaguntza, berriz, ez da izanen onartutako aurrekontuaren %75etik gorakoa, betiere 14.000 euro gehienez.
Dirulaguntzak justifikatzeko epea 2025eko azaroaren 28an ezarri da.
Horregatik guztiagatik, eskatzen da onets daitezela Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateei zuzendutako dirulaguntza horien deialdiaren oinarri arautzaileak, Nafarroako ondare arkeologiko eta paleontologikoan esku-hartzeak sustatzeko 2025ean. Oinarri horiek espedientean erantsi dira.
Proposatzen da, era berean, 120.000 (ehun eta hogei mila) euroko gastua baimentzea, dirulaguntza horiek aurrera eramateko, 2025eko gastuen aurrekontu orokorreko A20001 A2100 4609 337100 partidaren kargura (Toki entitateentzako laguntzak, ondarearen arloko esku-hartzeetarako).
Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Toki entitateentzako dirulaguntza deialdi bat onestea esku-hartze arkeologiko eta paleontologikoak egiteko.
2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A20001-A2100-4609-337100: Toki entitateentzako laguntzak ondarearen arloko esku-hartzeak egiteko | 2025 | 120.000,00 |
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
6. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete foru agindu honen kontra, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 20an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO TOKI ENTITATEEI 2025EAN ONDARE ARKEOLOGIKO ETA PALEONTOLOGIKOAN ESKU-HARTZEAK SUSTATZEKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA. OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Dirulaguntzen xedea eta araubide juridikoa.
1.1. Oinarri hauen xedea da araubide bat ezartzea toki entitateei laguntzak emateko, 2025ean, Nafarroako Foru Komunitatean esku-hartze arkeologiko eta paleontologikoak egin daitezela sustatzeko.
1.2. Dirulaguntzak ematea oinarri hauetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren bidez arautuko da.
1.3. Dirulaguntzak emanen dira norgehiagokako araubideari jarraikiz, eta 7. oinarrian azaltzen diren balorazio irizpideak aplikatuta, 4. oinarrian ezarritako mugekin.
2.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.
2.1. Dirulaguntza hauen onuradunak izaten ahal dira beren lurraldean esku-hartze arkeologikoak sustatzen dituzten Nafarroako toki entitateak.
2.2. Baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko baldintza orokorrak betetzea.
b) Egunean izatea tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
c) Esku-hartze arkeologiko eta paleontologikorako baimena izatea, Nafarroako Foru Komunitatean 2025ean eginen diren indusketa eta prospekzio arkeologikoen planak emandakoa.
d) Zuzenbidean onartutako edozein bitarteko erabiliz frogatzea esku-hartze arkeologikoa egin gogo den lurraren titularrak baimena emana duela.
e) Frogatzea lortu direla jarduerarako behar diren gainerako baimen eta lizentzia guztiak.
2.3. Dirulaguntza hauetatik propio baztertzen dira honakoak:
a) Lehenagoko kanpainetan eskaeraren xede den aztarnategian edo lurraldean esku-hartze arkeologikoak egiteko baimenak izan dituzten eskatzaileak, baldin eta ez badituzte bete baimen horiek eragindako betebeharrak (memoriak, materialak, erregistroko dokumentazioa eta argitalpen zientifikoa aurkeztea).
b) Aurreko urteko deialdian dirulaguntza baten onuradun izanik, aurrekontu-gastuaren %75 gauzatu ez duten proiektu edo aztarnategiak.
c) Presakotzat hartzen diren esku-hartze arkeologikoak, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen 58.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.
d) Nafarroako Gobernuaren beste laguntza deialdi batzuetan modu egokiagoan edo espresuagoan jasota dauden esku-hartzeak, eta bereziki azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legearen xede diren gorpuzkiak lurpetik ateratzeari dagozkionak (aipatutako foru lege horren helburua da aintzatespena eta ordain morala ematea 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako herritarrei).
e) Zabalkunde arkeologikoa egiteko eta arkeologiaren balioa nabarmentzeko jarduketak, hala nola, hitzaldiak, bisita gidatuak, eskuorriak, etab.
f) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2025eko partidetan xede bererako dirulaguntza izenduna duten landa-lanetako esku-hartzeak.
2.4. Ezin izanen dira onuradun izan zehapen administratibo irmoak edo kondena-epai irmoak betetzen ari diren entitateak, edo zehapen eta kondena-epai bat betetzeko zain daudenak, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak egiteagatik edo onartzeagatik.
3. Jarduera eta gastu diruz lagungarriak.
3.1. Deialdi honen ondorioetarako, diruz lagungarriak dira honako esku-hartze arkeologiko hauek:
a) Azaleko prospekzio arkeologiko/paleontologikoak, era guztietakoak.
b) Zundaketa arkeologikoak/paleontologikoak.
c) Indusketa arkeologikoak/paleontologikoak.
d) Labarreko artearen erreprodukzioa eta zuzeneko azterketa.
e) Balio arkeologikoa/paleontologikoa duten ondasun higiezinak sendotu, zaharberritu, lehengoratu eta babestea.
3.2. Esku-hartzeek Nafarroako Foru Komunitatean 2025ean eginak izan behar dute.
3.3. Deialdi honetan ezarritakoaren ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak dira inolako zalantzarik gabe bat datozenak diruz lagundutako jardueraren izaerarekin. Gastu diruz lagungarrien erosketa kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.
3.4. Honako kontzeptu hauetan egindakoak izanen dira gastu diruz lagungarriak:
a) Diruz laguntzen den jardueran tokian bertan aritzen diren langileen gastuak; horretan emandako denbora adierazi beharko da. Langile mota eta gaikuntza zehaztu beharko dira, eta horien artean egon daitezke arkeologoak, zaharberritzaileak, topografoak, marrazkilariak, laguntzaileak eta peoiak.
b) Jarduera arkeologiko-paleontologikoa betetzeko zuzeneko gastu arruntak, hala nola, ekipoak alokatzea, materialak, kontsumigarriak eta abar erostea, betiere esku-hartzerako baizik ez badira erabiltzen.
c) Indusketaren xede izan diren aztarnategi edo hondar arkeologiko eta paleontologikoak ixteko, babesteko edo lehengoratzeko egindako gastuak.
Izaera horretatik kanpo daude zabalkunde arkeologikoarekin zerikusia duten elementu guztiak (horma-irudiak, seinaleak, argitalpenak, ibilbideetarako materiala, etab.).
d) Esku-hartzean aritzen diren langileen dietak eta joan-etorriak: dirulaguntzak emanen zaizkie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileei bezala, hots, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen dieta eta kilometroetarako kalte-ordainak erregulatzen dituen araudian aurreikusitako kopuru, baldintza eta kasu beretan.
e) Egiaz egiten diren eta esku-hartzerako beharrezkoak diren zeharkako kostuak, baldin eta aurretik berariaz jaso badira gastuen aurrekontuan. Horien zenbatekoa ez da izanen aurrekontuaren %5etik gorakoa.
3.5. Honako gastu hauek ez dira inola ere diruz lagungarriak:
a) Finantza gastuak, aholkularitza juridiko edo finantzarioko gastuak, notario eta erregistro gastuak, diruz lagundutako esku-hartzea gauzatzeko peritu gastuak eta administrazio gastuak.
b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak.
c) Zeharkako zergak, berreskuratzen edo konpentsatzen ahal direnean, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak.
d) Kapital ondasunak edo ondasun inbentariagarriak sortu edo eskuratzeko erabili behar diren ondasunetan egindako inbertsioak.
e) Lurrak eskuratzea.
4. Diruz laguntzen diren jardueren finantzaketa.
4.1. Esku-hartze bakoitzerako onartutako aurrekontuaren %75ekoa izanen da gehienez.
Onartutako aurrekontua izanen da entitateak aurkeztutako aurrekontua, kenduta deialdi honen 3. oinarrian ezarritakoarekin bat diruz lagungarriak ez diren zenbatekoak.
Dirulaguntzaren zenbatekoa ez da inola ere 14.000 eurotik gorakoa izanen.
4.2. Dirulaguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.
4.3. 2.3.b) oinarrian aurreikusitako kasuan, hots, onuradunak gutxienez aurreko urtean aurrekontuko gastuaren %75 gauzatu badu, ez da diruz lagungarria izanen aurreko urteko onuradunak behar bezala justifikatu duen proiektuaren edo esku-hartzearen zatia.
5. Aurrekontu aplikazioa.
Deialdi honetarako baimendutako gastua 120.000 eurokoa da, eta honako partida honi egotziko zaio: 2025eko Gastu-aurrekontu Orokorreko "Toki entitateentzako laguntzak ondarearen arloko esku-hartzeak egiteko" izeneko A20001 A2100 4609 337100 partida.
6. Eskaerak eta beharrezko agiriak aurkeztea.
6.1. Dirulaguntza eskaerak aurkeztu beharko dira I. eranskineko eredu ofizialaren arabera, hurrengo ataletan eskatzen den dokumentazioa erantsita, eskatzaileak berak edo haren lege ordezkariak sinatuta.
Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (www.nafarroa.eus). Laguntza hauei loturik egiten diren jakinarazpen eta komunikazio guztiak telematika bidez eginen dira, eta, horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digital bat eta gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat izatea.
6.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
A) Dokumentazio administratiboa.
a) Entitate eskatzailearen adostasuna, Ondare Historikoaren Zerbitzuak behar diren egiaztapenak egin ditzan organo eskudunetan, ziurtatzeko ezen eskatzaileak zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela, baita deialdia ebazteko beharrezkoa den beste edozein ere.
b) Toki entitatearen idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena ea beste laguntza publiko edo pribaturik eskatu edo jaso den deialdi honen xedeko lanetarako, horren bitartez ziurta dadin aurreikusitako dirulaguntza guztien zenbatekoak ez duela gainditzen aurkeztutako proiektuaren kostu osoa.
c) Esku-hartze arkeologikoa egin gogo den lursailaren titularrak baimena emana duela.
d) Jarduerarako behar diren gainerako baimen eta lizentzia guztiak lortu izanaren frogagiriak.
B) Dokumentazio teknikoa:
a) Dirulaguntza zer esku-hartzetarako eskatzen den, horri buruzko azalpen-memoria. Memoriak honako atal hauek izanen ditu:
–Lursailaren ezaugarriak eta titulartasuna.
–Indusketari edo prospekzio eremuari buruzko argitalpen zientifikoen zerrenda zehatza, 7.2.1.e) puntuan araututakoarekin bat.
–Esku-hartze arkeologikoaren proiektua.
–Kontserbaziorako aurreikusi diren neurriak, eta esku-hartzearen xede den eremuan egiten duten portzentajea (azalerakoa, lineala edo atalka).
Adierazi beharko dira esku-hartzea hartzen duen proiektu orokorraren barneko faseak.
Teknikari arkeologo-paleontologo baten izena eman beharko da esku-hartzearen zuzendari tekniko gisa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren Nafarroako Foru Komunitateko 2025. urterako indusketa eta prospekzio arkeologikoen plana onesten duen Ebazpenean baimendutako titularra izan beharko dena, salbu zuzendaritza nagusi horrek berariaz besterik baimentzen badu.
b) Esku-hartzearen gastuen aurrekontu xehatua, BEZa barne, gutxienez honako hauek jasoko dituena:
–Proiektuaren barruan 2025ean eginen den fasearen guztirako aurrekontua.
–Dirulaguntza zertarako eskatzen den 2025ean, horren kostu zehatza, adieraziz zenbateko horrek zer portzentaje egiten duen gauzatu beharreko aurrekontu osoan, guztira eta kontzeptuz kontzeptu.
C) Toki entitate eskatzailearen legezko ordezkariak izenpetutako konpromisoa, adierazten duena esku-hartzean erabiliko duela diruz laguntzen ez den baina proiektua gauzatzeko beharrezkoa den aurrekontu zatia.
D) Eskaera 7. oinarrian xedatutakoari jarraikiz baloratzeko behar den gainerako dokumentazioa.
6.3. Toki entitate bakoitzak eskaera bakarra aurkezten ahalko du, eta eskaera bakoitzak ikerketa arkeologiko-paleontologikorako proiektu bakarrerako izanen da.
6.4. Dirulaguntza eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio gehienez hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaeran atzera egiten duela ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.
6.5. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
7. Balorazio irizpideak.
7.1. Dirulaguntzak onartu eta haien zenbatekoa zehazteko honako alderdi hauek baloratuko dira, eta gehienez ere 100 puntu emanen dira. 50 puntura iristen ez diren eskaerak ezetsi eginen dira.
7.2. Hauek dira baloratuko diren alderdiak:
7.2.1. Aztarnategiari-lurraldeari dagokienez. 40 puntu, gehienez.
a) Biztanle kopurua. Entitate eskatzaileak 10.000 biztanletik behera izatea, Nafarroako Estatistika Institutuaren indarreko datuen arabera. 10 puntu, gehienez.
10 puntu emanen zaizkie 1.000 biztanletik beherako entitateei, 5 puntu 1.000 biztanletik 5.000ra bitarte dituztenei, eta 2 puntu, azkenik, 5.000 biztanletik gorakoei.
b) Aztarnategiaren puntuazioa Nafarroako Inbentario Arkeologikoan. 10 puntu, gehienez.
Indusketa-zundaketen kasuan, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legean ezarritako babes kategorietan sartzeko Nafarroako Inbentarioan adierazten den puntuazioa edo izaera beharko du aztarnategiak. 10 puntu emanen zaizkie interes kulturaleko ondasunaren izaera duten aztarnategiei, 5 puntu inbentarioko ondasunei, eta 2 puntu garrantzi lokaleko ondasunei edo Inbentario Arkeologikoan ez daudenei. Prospekzioen kasuan, eremua Nafarroako Inbentario Arkeologikoa egiteko prospektaturik dagoen edo ez. 10 puntu emanen zaizkie prospektatu gabe dauden eremuei eta 5 puntu zati batean edo osorik prospektaturik daudenei.
c) Lurren titulartasuna. Esku-hartzea egin behar den eremua titulartasun publikokoa izatea, edo frogagiri bat izatea zeinak adierazten duen haren erabilera berariaz laga dela xede publikoetarako, eta gutxienez 30 urterako. Baldintza hau 5 puntuz baloratuko da.
d) Epe ertain-luzerako jarduketa proiektu bat izatea, toki entitateak eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak onartua. Baldintza hau 5 puntuz baloratuko da.
e) Esku-hartzearen eskaeraren xede den aztarnategian edo eremu geografikoan egindako esku-hartzeei buruzko argitalpenak egotea, izaera arkeologikoa soilik dutenak. Aurkeztutako dokumentazioan berariaz aipatutakoak bakarrik zenbatuko dira. 10 puntu, gehienez.
2 puntu emanen dira monografiako, 0,5 artikuluko (5 orri baino gehiagoko argitalpena) eta 0,25 albisteko (3 eta 5 orri arteko argitalpena). Ez dira baloratuko prentsako argitalpenak, ez eta 3 orrialde baino gutxiagokoak ere. Irizpide berekin baloratuko dira argitalpen elektronikoak, baldin eta ISBNa badute.
Ez dira baloratuko izaera tekniko-arkeologikoa ez duten argitalpenak.
7.2.2. Proiektuaren interesa eta kalitatea. Gehienez ere 30 puntuko balorazioa.
a) Proiektuaren erredundantzia, ondare arkeologiko-paleontologikoaren ikuspuntutik eta bideratu nahi den arazoaren ikuspegitik. Puntuazioa, gehienez ere: 10 puntu.
Puntuazio altuagoa emanen zaie errepikakorrak ez diren esku-hartzeei, kontuan hartuta Nafarroako Inbentario Arkeologikoan jasotako kategorien arabera induskatutako aztarnategiak edo prospekzioen xede izandako eremuak. Horretarako, kontatuko dira Nafarroako Indusketa Planean 2010etik 2020ra onartutako jarduketak, bi urte horiek barne. Horrenbestez, ponderazio hau ezarri da:
–10 puntu. Interes handia. Esku-hartzerik ez.
–5 puntu. Tarteko interesa. Esku-hartze 1etik 5era.
–3 puntu. Interes txikia. 6 esku-hartzetik 15era.
–0 puntu. Batere interesik ez. 15 esku-hartze baino gehiago.
b) Proiektuaren kalitatea. Puntuazioa, gehienez ere: 20 puntu.
Honako kontzeptu hauek baloratuko dira, 4 puntura arte bakoitza.
–Erabilitako metodologia.
–Gastuen eta diru-sarreren aurrekontuaren antolaketa.
–Beharrezkoak diren bitartekoak eta azpiegiturak izatea.
–Taldekideen aniztasun teknikoa eta proiektura egokitzea.
–Proiektuko zuzendariaren ibilbide zientifikoa.
7.2.3. Finantzabideak. Gehienez ere 10 puntuko balorazioa.
Finantzabide osagarriak izatea baloratuko da.
10 puntu. 2025erako onartutako aurrekontuaren %50 baino gehiagoko finantzabide osagarriak dituztela justifikatzen duten aurrekontuak dauzkaten proiektuak.
5 puntu. 2025erako onartutako aurrekontuaren %25etik %50era bitarteko finantzabide osagarriak dituztela justifikatzen duten aurrekontuak dauzkaten proiektuak.
0 puntu. 2025ean finantzabide osagarririk ez duten proiektuak edo finantzabide horiek 2025erako onartutako aurrekontuaren %25etik beherakoak direnean.
7.2.4. Aztarnategiaren kontserbaziorako proposatutako neurriei dagokienez. Gehienez ere 20 puntuz baloratuko da.
a) Aztarnategiari aplikatutako neurriak.
–10etik 6 puntura bitarte. Aztarnategian kontserbaziorako neurri iraunkorrak aplikatzea.
–5 puntutik 0 puntura bitarte. Aztarnategian kontserbaziorako aldi baterako neurriak aplikatzea.
b) Arkeologiako materialei aplikatutako neurriak.
–10 puntu. Arkeologiako material guztiak zaharberritzea.
–5 puntu. Arkeologiako materialetako batzuk zaharberritzea.
7.3. Proposamen bakoitzari dagokion dirulaguntza kalkulatzeko, irizpide honi jarraituko zaio:
a) Eskatutako gutxienekoa, alegia, 50 puntu, lortu duten eskaera guztien puntuak batu, eta eskaera bakoitzari 49 puntu kenduko zaizkio.
b) Baimendutako gastuko 120.000 euroak aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera lortutako puntuen baturaz zatituko dira, puntu/euro ratioa lortzeko.
c) Banaketa zuzenki proportzionala eginen da, aurreko puntuan zehaztutako ratioa kontuan hartuta proposamen bakoitzak lortutako puntuen arabera.
7.4. Aurreko 7.3 puntuan adierazitako kalkulua zein den ere, dirulaguntzaren zenbatekoa ez da izanen, guztira, onartutako aurrekontuaren %75 baino handiagoa. Proposamenetako batek portzentaje hori gainditzen badu, soberakina lortutako puntuazioaren zuzeneko proportzioan banatuko da gainerako esku-hartze diruz lagungarrien artean, nahiz eta aipatutako portzentajera ez iritsi.
8. Tramitazio eta ebaluazio organoak.
8.1. Eskaerak Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak tramitatuko ditu.
Ondare Historikoaren Zerbitzuak txosten justifikatua emanen du eskaera bakoitzari emandako puntuazioez.
8.2. 7. oinarrian ezarritako irizpideen araberako ebaluazioa egin ondoren, Ondare Historikoaren Zerbitzuak ebazpen proposamen bat eginen du eta, horrekin batera, txosten bat, non adieraziko baitu onuradunek betetzen dituztela dirulaguntzak hartzeko baldintza guztiak.
9. Laguntza emateko ebazpena.
9.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko.
Epe hori ebazpenik eman gabe iraganez gero, eskaera ezetsitzat joko da.
9.2. Deialdi honetan ematen diren ebazpen guztiak gaitutako helbide elektronikoaren bidez jakinaraziko zaizkie interesdunei. Laguntzak emateko ebazpena Nafarroako Gobernuaren web-gune honetan ere argitaratuko da: https://www.navarra.es/eu/tramiteak.
Deialdiaren ebazpena Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko iragarki-taulan ere argitaratuko da (Navarrería kalea 39, Iruña).
10. Dirulaguntzen ordainketa.
10.1. Onartutako dirulaguntzak egintza bakar batean ordainduko dira, egin diren lanen frogagiriak aurkeztu eta onetsi ondoren.
10.2. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.
Onartutako aurrekontuaren zenbateko osoa justifikatzen ez bada, eta diruz lagundutako jarduera egin bada, honela kalkulatuko da ordaindu beharreko zenbatekoa: gastu justifikatuen baturari aplikatuko zaio onartutako aurrekontuaren eta emandako dirulaguntzaren artean dagoen portzentaje bera.
11. Dirulaguntzak justifikatzeko epea eta baldintzak.
11.1. Dirulaguntzen onuradunek justifikatu beharko dute bete dituztela ezarritako baldintzak eta lortu dituztela dirulaguntza emateko ebazpenean aurreikusi diren helburuak.
11.2. Frogagiriak aurkezteko epea 2025eko azaroaren 28an bukatuko da.
11.3. Laguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, eta aldez aurretik honako agiri hauek bidali behar dira:
a) Jarduketari buruzko memoria, adierazita egindako jarduerak eta noraino bete den onetsitako proposamena.
b) Fakturak, edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera duten bestelako agiriak. Faktura horiek egin beharko dira Fakturazio Betebeharrak arautzeko Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.
Fakturak hurrenez hurren zenbakituta egonen dira, eta partiden arabera antolatuta, adierazita hartzekoduna, zenbatekoa eta jaulkipen data.
Fakturak ordaindu direla frogatu behar da, ordainagiriekin.
Langileria gastuak frogatuko dira langileen eguneroko parteen kopien bidez; esku-hartze arkeologikoaren titular teknikoak eta aitortzaileak sinatuko dituzte, eta bertan jasoko dira egiaz lan horretan emandako orduak.
c) Diruz lagundutako jardueraren gastuen zerrenda.
Zerrendarekin batera, excel taula bat aurkeztuko da, nahitaez. Honako hauek jasoko dira bertan: fakturaren edo frogagiriaren zenbakia, jaulkitzailea, kontzeptua, gastu mota (3.4 oinarriaren arabera), ordainketaren eguna eta zenbateko konputagarria.
d) Testu zientifiko bat, 3 eta 5 orrialde artekoa (orrialdeko 350 hitz gehienez ere), eta gehienez ere lau irudi, argitara dadin "Trabajos de Arqueología Navarra" aldizkariaren urteko albistegian. Testua Word dokumentu batean aurkeztuko da nahitaez; eta irudiak, bereizmen handiko jpg formatuan.
Dokumentazioa helbide honetara bidali behar da:
–Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala, arqueologia@navarra.es helbidera:
–Trabajos de Arqueología Navarra aldizkaria, bertako albistegian argitara dadin, honako honetan ezarritako baldintzei jarraikiz: https://revistas.navarra.es/index.php/TAN/envio-originales.
Agiri zientifikoaren ordez artikulu luzeago bat aurkezten ahalko da. Horretarako, aurrez "Trabajos de Arqueología Navarra" aldizkariaren erredakzio kontseiluaren adostasuna beharko da, zeina idatzizko agiri baten bidez frogatu beharko baita, bertan testuaren izenburua eta luzera adierazita. Artikuluaren edukiak zerikusi zuzena izan beharko du diruz lagundutako landa-jarduketarekin.
11.4. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuak txosten bat erantsiko dio gastuaren justifikazioari, adierazten duena bete direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta hura kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak; ondorio horietarako beharrezkoak izan daitezkeen frogagiriak eskatzen ahalko dizkio onuradunari.
12. Onuradunek bete beharrekoak.
12.1. Onuradunak betebehar hauek ditu:
12.1.1. Administratiboak.
a) Organo emaileari justifikatzea bete direla betebeharrak eta baldintzak, egin dela dirulaguntzaren xedeko esku-hartzea eta lortu dela dirulaguntza eman eta jasotzeko helburua, deialdi honen 11. oinarrian aipatzen den moduan.
b) Onartzea organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta beste kontrol organo eskudun batzuek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.
c) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Dirulaguntza onartu dela jakin eta 15 egun naturaleko epean eman beharko da horren berri, eta jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen betiere.
d) Emandako dirulaguntzaren ziurtagiriak aurkeztea, 11. oinarrian aipatzen diren datan eta moduan.
e) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak onuradunari kasu bakoitzean aplikatu behar zaion legedian agindu bezala edukitzea, Egiaztapenak eta kontrolak egiteko ahalmenak erabil daitezen bermatzeko asmoz.
f) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztapenen eta kontrolen xede izan daitezkeen artean.
g) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.
12.1.2. Teknikoak.
a) Dirulaguntzak emateko oinarria izan den proiektua onetsitako moduan eta epean gauzatzea.
b) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari idatziz jakinaraztea esku-hartze arkeologikoa hasteko eta amaitzeko datak.
c) Proiektuan egin nahi den edozein aldaketaren berri ematea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari, erakunde horren onarpena beharko baita.
d) Esku-hartze arkeologikoa garaiz amaitzea, oinarri hauetako 11.2 puntuan ezarritako dirulaguntza justifikatzeko epea betetzeko.
12.1.3. Bestelakoak.
Jarduerei buruzko publizitate guztian adieraztea jaso dutela Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren laguntza.
12.2. Hemen adierazitako edo Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharretako edozein bete ezean, emandako dirulaguntza itzuli egin beharko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.
13. Diruz laguntzen diren proiektuen edo jardueren interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.
1. Maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuaren 27.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak edo jarduerak interes sozialekotzat hartuko dira, foru lege horretan aurreikusitako zerga-pizgarriak aplikatzearen ondorioetarako (2/2023 Legegintzako Foru Dekretua, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez onesten baita fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateen zerga-araubide bereziko xedapenen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien testu bategina).
2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek bete egin beharko dituzte aipatutako 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuan eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22. artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak (foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen).
14. Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Dirulaguntza hauek bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuek, nazionalek nahiz nazioartekoek, emandako beste edozeinekin; betiere, laguntzek, guztira, ez dute gaindituko aurkezten den esku-hartzearen proiektuaren guztirako kostua. Kostu hori gainditzen bada, zenbat gainditzen den proiektuaren guztirako kostua, zati hori kenduko zaio deialdi honen babesean emandako dirulaguntzari, eta onuradunek hura itzuliko dute.
15. Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa (42. artikulua eta hurrengoak) aplikatuko da.
Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluaren III. kapituluan.
ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA
Izen-deiturak: ………………………………………………………………......................................……
NANa/IFZa: .......................................................................................................................................
Helbidea: ...........................................................................................................................................
Kalea: ................................................................................................................................................
P. kd. .......................................................................................................................................................
Telefonoa: ..........................................................................................................................................
Helbide elektronikoa: ........................................................................................................................
HONAKO HONEN IZENEAN:
Udala/Kontzejua/Entitatea ................................................................................................................
IFKa: .................................................................................................................................................
Helbidea: ...........................................................................................................................................
Kalea: ................................................................................................................................................
P. kd. .....................................................................................................................................................
Telefonoa: .........................................................................................................................................
Helbide elektronikoa: ........................................................................................................................
Honako hau aurkezten du,
eskaera parte hartzeko, 2025ean, ondare arkeologiko eta paleontologikoan esku-hartzeak egiteko asmoz Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateei emanen zaizkien dirulaguntzen deialdian.
Eta oinarri arautzaileetan ezarritakoarekin bat:
1. Haietan agindu bezala, agiri hauek aurkezten ditu:
1.1. Dokumentazio administratiboa:
a) Entitate eskatzailearen adostasuna, Ondare Historikoaren Zerbitzuak behar diren egiaztapenak egin ditzan organo eskudunetan, eskatzailea zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela ziurtatzeko.
b) Toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena deialdi honen xedeko lanetarako beste laguntza publiko edo pribaturik eskatu edo jaso ote den ala ez.
c) Lurren titularraren baimena.
d) Beharrezkoak diren gainerako baimenak eta lizentziak.
1.2. Dokumentazio teknikoa.
a) Azalpen memoria.
b) Aurrekontu zehaztua.
c) Aurreikusitako babes eta kontserbazio neurriak.
d) Toki entitatearen legezko ordezkariaren konpromisoa, adierazten duena esku-hartzean erabiliko duela diruz laguntzen ez den baina lanak gauzatzeko beharrezkoa den aurrekontu zatia.
e) Eskaera baloratzeko behar den gainerako dokumentazioa.
2. Adierazten du ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekurik.
3. Adierazten du ez dagoela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez dagoela zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.
4. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.8 artikuluko betebeharrei dagokienez, adierazten du:
Aurrekontu gisa aurkeztutako gastuetan (eta, dirulaguntza emanez gero, gastu gisa aurkezten direnetan ere) ez dagoela sartuta balio erantsiaren gaineko zerga, ez eta antzeko zergarik ere, berreskuratu edo konpentsatzen ahal direlako.
Aurrekontu gisa aurkeztutako gastuetan (eta, dirulaguntza emanez gero, gastu gisa aurkezten direnetan ere) sartuta dagoela balio erantsiaren gaineko zerga, edo antzeko zergak, ezin direlako berreskuratu edo konpentsatu.
Iragarkiaren kodea: F2507318
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
