122. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

57/2025 FORU DEKRETUA, ekainaren 4koa, Joaquín Ignacio Mencos Arraiza jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Joaquín Ignacio Mencos Arraiza jauna (Tafalla, 1973) UNICEFeko Nafarroako Batzordeko burua da 2024ko urtarriletik. Prestakuntzaz biologoa da eta gizarte erakundeen kudeaketan espezializatuta dago.

Gaztetatik hirugarren sektoreko erakundeei lotuta egon da. 30 urtetan baino gehiagotan Nafarroako Gurutze Gorriko kide izan da, bai boluntario gisa bai misioen arduradun gisa hainbat herrialdetan. Nafarroako Immigrazio Kontseiluko eta Boluntariotza Kontseiluko kide ere izana da.

Joaquín Ignacio Mencos Arraiza jaunak nazioarteko hainbat misiotan parte hartu du Gurutze Gorriarekin. Lehenengo misioa Kosovon egin zuen, 90eko hamarkadaren amaieran, Balkanetako operazioan. Ondoren, beste askotan parte hartu du, baina honako hauek nabarmendu behar dira: misioetako burua izan da Indian eta Saharan eta larrialdi-operazioetan, hala nola Irango, Indonesiako eta Haitiko lurrikaretan, Indonesiako tsunamian, Guatemalako sumendian, Haitiko, Mozambikeko eta Vanuatuko urakanetan, Zimbabweko kolera-izurritean eta Sierra Leonako ebola-izurritean.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jotzen du Joaquín Ignacio Mencos Arraiza jauna saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, horretarako sortu zen kondekorazio hau apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez: Foru Komunitatea garatzen, ezagutarazten eta hari ospea ematen –nor bere jardueraren esparruan– nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bosteko ekainaren lauan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATZEN DUT:

1. Joaquín Ignacio Mencos Arraiza jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2025eko ekainaren 4an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2507998