1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
56/2025 FORU DEKRETUA, ekainaren 4koa, Carlos Ciriza Vega jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.
Carlos Ciriza Vega jauna (Lizarra, 1964) izen handiko artista bat da. Pintorea eta eskultorea, ezkondua eta zazpi seme-alabaren aita, nazioartean proiekzio handia du, eta bere lanak 28 herrialdetan daude ikusgai. 200 erakusketatan baino gehiagotan parte hartu du, banaka nahiz taldean.
Formatu guztietako lanak egiten ditu, baina arkitekturan txertatuta espazio publiko eta pribatuetarako egiten diren eskultura monumentalen instalazioan espezializatu da (azkenak, adibidez, 23 metroko altuera dauka), bai eta hiri eta natura inguruneetan ere.
Lehen urteetan, bere obra garatzeko gogoetak artista hauen pentsamendutik gertukoak izan ziren: Richard Serra, Julio González, Martín Chirino, Henry Moore, Eduardo Chillida eta Jorge Oteiza. Azken bien kasuan, hurbiltasun geografikoaz gain, bere plastikaren atzean dagoen espiritua ere haiengandik gertu dago, espazioa funtsezko eta ezinbesteko elementua baita XX. mendetik XXI. mendera arteko eskulturan.
1989an, Espainiako Idazleen eta Artisten Elkarteko kide egin zen, eta urte batzuk eman zituen bertan; Nafarroan, beste artista batzuekin batera, "El Punto" kolektiboa sortu zuen, hainbat arte estilotako pintoreak eta eskultoreak bildu zituena. Carlos Ciriza Vega jaunak 40 urtetan landu duen ibilbidean, inoiz bukatzen ez den bilaketa ageri da, ikerketan aurrera egitea etengabe, kolorearen, materiaren, bolumenaren, espazioaren, hutsaren eta orekaren artean gerta daitezkeen aukera mugagabeen inguruan.
1986an, Eskultura eta Pinturako lehen saria irabazi zuen Nafarroako Gobernuaren "Gazteentzako Arte Plastikoen Bigarren Sariketan", eta Nafarroa ordezkatu zuen "Gazteentzako Arte Plastikoen Sariketa Nazionalean". 1987an, Eskulturako hirugarren saria bereganatu zuen Iruñeko Udalaren "Artista Gazteentzako Iruñeko III. Lehiaketan". 1991n, "Urteko Lizarratarra" sarirako izendatu zuten Lizarran (Nafarroa). 1992an, bigarren saria jaso zuen (zilarrezko domina) "L’Ecologia, Ambiente e Natura" nazioarteko lehiaketan, Salernon (Italia), eta bidaia egin zuen New Yorkera, non inpaktu bisual handiko margolan eta artelan batzuk egin zituen, kritikaren aldetik harrera ona eta arrakasta handia jaso zutenak. 1999an, hedabideek "Urteko Lizarratarra" saria eman zioten. 2001ean, bere artelanetako bat hautatu zuten "Eskulturako III. Nafarroa Sarirako". 2002an, "Prix d’Excellence" izenekoa jaso zuen Montargiseko Foire-Exposition erakusketan (Frantzia). 2003an, Pariseko Arteen, Zientzien eta Letren Elkarte Akademikoak Vermeileko Diploma eta Domina eman zizkion, eta 2006an, Barañaingo Udalaren Ondare Historiko, Artistiko eta Kulturalaren Batzordeak "Abrazo entre los Pueblos" (Herrien arteko Besarkada) izeneko proiektu eskultorikoa esleitu zion lehiaketa publikoaren bidez, formatu handiko bi eskultura egiteko, bat Barañainen eta beste bat Caimito de Guayabalen (Kuban) jartzeko.
Nafarroako Kultura Kontseiluko kide izendatu zuten (Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuko kontsulta- eta aholku-organoa, 1996ko hasieratik 1999ko bukaerara) eta Arte eta Kultur Jardueren Batzordeko buru.
1999an, gonbidapena jaso zuen Espainia ordezkatzeko "Slovenia 99 Nazioarteko XII. Pintura Asteak" ekitaldian, Europako artista talde garrantzitsu batekin batera: Ashot Bayandour, Mario Benedetti, Gustav Gnamus, Matjaz Gruden, Andrej Jemec, Tommy Lydon, Valentin Ornan, Rudi Benétik, Hamlet Housepyan, Anna Lobner, Richard Nott, Jann Raisaen eta Sasa Kladnik.
2000. urtean, Godoy argitaletxeak artistari buruzko argitalpen zabal bat plazaratu zuen, biografiaz gain haren eskultore eta pintore alderdiak ere azaltzen dituena, 35 kolaboraziorekin eta 22 argazkilariren lanekin, ingelesez, alemanez eta gaztelaniaz; urte hartan, halaber, Europako Kulturari buruzko VI. Nazioarteko Biltzarrean parte hartu zuen.
2003. eta 2006. urteen artean, Carlos Ciriza Vega jaunak "Los Símbolos del Camino" (Bidearen Sinboloak) izeneko pasabide eskultorikoa eraiki zuen: arte bide bat beste arte bide baten gainean, Donejakue Bideak Nafarroan egiten duen zatian alegia. Obra hori bereziki garrantzitsua da, bakarra eta aparta delako.
2007an, bere eskulturetako bat Ondare Nazionalean sartu eta Espainiako Errege-erreginen etxeko lorategian jarri zuten, Zarzuela Jauregian, Madrilen. Urte berean eman zen argitara "Carlos Ciriza in focus, photographic perception of his work" liburua.
Hainbat sari eta aintzatespen jaso ditu, eta, horiez gain, ohorezko zaldunaren izendapena Orden del Cuto Divino elkartean (2009), eta Orden de la Oliva de Navarra y tostada de Arróniz (2016) elkartean. 2016ko udazkenean, Lufthansa aire konpainiak eta bere filialak, Germanwingsek, gonbidapena egin zioten artistari proiektu bat aurkez zezan, nazioarteko lehiaketa murriztu batean, 4U9525 hegaldiaren biktimen omenezko monumentu bat egiteko, Frantziako Alpeetan jarri beharrekoa. 2017an, Nafarroako Ardoaren Kofradiako ohorezko kide izendatu zuten eta Iruñeko Napardi Elkarteko "Gallico de Oro" (2017). 2018an New Yorkeko CTko ohorezko kide izendatu zuten, eta Erronkariko Gaztaren Kofradiako ohorezko kide. 2023an, Nafarroako Zainzuriaren Kofradiako ohorezko kide izendatu zuten.
Lehiaketa eta sariketa askotako epaimahaietan parte hartu du, eta sari garrantzitsuak diseinatu ditu, besteak beste Felipe VI.a erregeak Antonio Banderas aktoreari, Iparramerikan Espainiaren zabalkundea egiteagatik, eman zion "Camino Real" (Errege Bidea) izeneko saria, Alcalako Unibertsitateko Franklin Institutuaren golardoa, Nafarroako Kazetarien Elkartearena edo Nafarroako Unibertsitate Publikoaren "Jaime Brunet" Nazioarteko Sariketarena.
Bere lanak museo eta erakunde ugaritan egon dira erakusgai, honako hauetan, besteak beste: Nafarroako Museoa, Gustavo de Maeztu museoa, Fermín Etxauri fundazioa; Historisches Rathaus Paderborn (Alemania); Museu Modernista CAN Prunera Sóller (Mallorca); The Institute of Hispanic Culture in Houston (Texas); Gewolbesaal Paderborn-Schldb, Schloss Park Neuhaus; Castejongo museoa; Palacio de Monteada (Huesca); Siglo XXI ( Huelva); Nafarroako Parlamentua; Fondation Carré D’Art Malans France; Fundación del Colegio de Arquitectos de Madrid COAM; Donostia Kutxa; Museo Federico Silva de Escultura Contemporánea (San Luis Potosí, Mexiko); Museo Jorge Rando (Málaga); Europako Parlamentua (Brusela, Belgika); DRT fundazioa, Museo de la Ciudad, Museo Arte Contemporáneo Querétaro (MACQ) (Mexiko).
Argitalpen batean Alejandra Coello de Portugal Erhardt-ek (Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea eta Berlin-Alemaniako Freie Universität) ongi deskribatzen duenez, Carlos Ciriza Vega jaunak isiltasuna bilatzen eta gozatzen du zentzu guztietan; langile nekaezina eta bidaiaria da, eta ez ditu oso gustuko elkarrizketak eta ekitaldi publikoak. Artista zintzoa, kontsekuentea eta adeitsua da, nahiago du bere sorkuntza partekatzea eta bere lanak mintzatu eta solastatzea ikusleekin, mundu osora zabaltzen den nazioarteko proiekzio horretan.
Eskultore eta pintore gisa duen integritatean dautza bere handitasuna eta unibertsaltasuna, bere buruarekin eta bere obrarekin leial baita, bere artelanak estutuko lituzketen efektismoetatik aparte eta kontzeptu iragankorretatik libre. Carlos Ciriza Vega jaunak bihotzaren, memoriaren eta arimaren begiekin begiratzera gonbidatzen gaitu. "Barneko" begi horiek harago ikusteko gaitasuna dute, forman eta materian bermatzen gaituzte, esperientzia estetiko sakonagoetara jauzi egiteko.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jotzen du Carlos Ciriza Vega jauna saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, horretarako sortu zen kondekorazio hau apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez: Foru Komunitatea garatzen, ezagutarazten eta hari ospea ematen –nor bere jardueraren esparruan– nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bosteko ekainaren lauan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,
DEKRETATZEN DUT:
1. Carlos Ciriza Vega jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.
2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.
3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2025eko ekainaren 4an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.
Iragarkiaren kodea: F2507997