1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
289/2025 EBAZPENA, maiatzaren 14koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat egiten baita, 2024-2025 ikasturtean goi mailako arte ikasketak egiteko nazioarteko mugikortasunerako programen laguntza osagarriak emateko.
Arte eta Hizkuntza Ikasketen Ataleko buruak txosten bat aurkeztu du 2025eko apirilaren 15ean, zeinaren bidez proposatzen baita 2024-2025 ikasturteko nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarrien deialdia onetsi eta argitaratzea. Deialdia goi mailako arte irakaskuntzetako ikastetxeek sustatzen dituzten nazioarteko mugikortasunerako programetan parte hartzen duten ikasleei zuzentzen zaie.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea deialdi bat, 2024-2025 ikasturtean goi mailako arte irakaskuntzetan ari diren ikasleen nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarriak emateko. Ebazpen honen I. eranskinean ageri da.
2. 6.000 euroko gehieneko gastua baimentzea, Nafarroako 2025eko Aurrekontu Orokorren "Goi mailako arte irakaskuntzetan ari diren ikasleen nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarriak" izeneko 420001 42400 4800 322500 partidaren kargura.
3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
4. Ebazpen hau eta bere eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalera, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatoriora, Corellako Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolara, Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolara eta "Creanavarra" diseinuko goi mailako ikastetxe pribatu baimendura.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 14an.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
I. ERANSKINA.–GOI MAILAKO ARTE IRAKASKUNTZETAN ARI DIREN IKASLEEN NAZIOARTEKO MUGIKORTASUNERAKO LAGUNTZA OSAGARRIEN DEIALDIA. 2024-2025 IKASTURTEA
OINARRIAK
1. Xedea.
Nazioarteko dimentsioaren garapena gakoetako bat da unibertsitateko ikasketak hobetzeko orduan. Asmo horrekin, Espainiako unibertsitateek eta unibertsitatetik kanpoko goi mailako irakaskuntzetako ikastetxeek mugikortasunerako hainbat programa sustatzen dituzte, zenbait iturri publiko edo pribatutatik datozen funtsei eta baliabide propioei esker finantzatzen direnak. Deialdi honetan proposatzen diren laguntza osagarriak Nafarroako Gobernuak egiten duen ekarpen zuzena dira, goi mailako arte irakaskuntzetan ari diren ikasle nafarren nazioarteko proiekzioa sustatzeko.
2. Laguntzen hartzaileak.
Laguntza hauek goi mailako arte irakaskuntzetan ari diren ikasleek eskatzen ahalko dituzte, baldin eta Espainiako goi mailako arte irakaskuntzetako ikastetxeek nazioarteko mugikortasunerako sustatzen dituzten programetan parte hartzen badute eta deialdiaren baldintzak betetzen badituzte.
Laguntzak onuradun gertatzen diren eskatzaileei esleituko zaizkie zuzenean.
3. Laguntzen zenbatekoa.
Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalak ezarriko du laguntzei aplikatu beharreko hileko modulua. Hori kalkulatzeko, 2025eko aurrekontuko partidan erabilgarri dagoen diru kopuru osoa banatuko da baliozkoak diren eskaeretako hilabete guztien artean. Gehienez ere 200 euroko hileko laguntza emanen da ikasle bakoitzeko. Deialdi honetako aurrekontu esleipena 6.000 eurokoa da goi mailako arte irakaskuntzetako graduko edo masterreko ikasleek eskatutako laguntzetarako.
Azaroaren 30a hartuko da jaso beharreko laguntza kalkulatzeko azken eguntzat. Ez da laguntzarik emanen hiru hilabetetik beherako egonaldietarako.
4. Eskatzaileen betebeharrak.
a) 2024-2025 ikasturtean goi mailako arte irakaskuntzetako Espainiako ikastetxe batean matrikulaturik egotea.
b) Goi mailako irakaskuntzetako ikastetxeen arteko nazioarteko mugikortasunerako programa batean parte hartzea.
c) Egoera hauetako batean izatea:
–Nafarroan jaioa izatea.
–Nafarroan erroldaturik egon izana eskaera egunaren aurreko azken bi urteetan, gutxienez, etenik gabe.
d) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko eskatzen diren betebehar orokorrak betetzea.
5. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.
Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Laguntzaren eskaera eta eskaturiko agiriak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Nafarroako Gobernuaren erregistro-bulegoetako edozeinetan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein tokitan, edo erregistro orokor elektronikoan (ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak arautzen du Nafarroako Foru Komunitateko erregistro orokor elektronikoa).
6. Dokumentazioa.
a) Laguntza eskabidea, deialdiaren II. eranskineko ereduaren araberakoa.
b) Ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa edo Clave izanez gero, erregistratu banku-kontua hemen: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta.
Kontuaren titularra eta laguntzaren onuraduna pertsona bera izan beharko dira. Kontuak aktibo egon beharko du laguntza jaso arte.
c) Ziurtagiri digitalik edo NAN elektronikorik edo Claverik ez duenak transferentzia bidezko ordainketa-eskaera aurkeztu behar du, behar bezala beteta eta bankuak zigilatuta. Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera hemen deskargatzen ahalko da: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/nafarroako-foru-administrazioaren-inprimaki-orokorrak.
Kontuaren titularra eta laguntzaren onuraduna pertsona bera izan beharko dira. Kontuak aktibo egon beharko du laguntza jaso arte.
d) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, bi aldeetatik.
e) Nafarroan jaio ez diren eskatzaileek erroldatze-agiri bat aurkeztuko dute, azken bi urteotan Nafarroan bizi izan direla frogatzeko.
f) 4. oinarriko a) eta b) atalak frogatzeko agiria:
–Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan, Corellako Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan eta Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan matrikulaturik dauden ikasleen kasuan, ikastetxeek beraiek aurkeztuko dute ofizioz ziurtagiri hori.
–Goi mailako arte irakaskuntzetako beste ikastetxe batzuetan matrikulatuta dauden eskatzaileen kasuan, ikastetxe horretan matrikulaturik dagoela ziurtatzen duen eta eskatzailea partaide den truke-programaren edo hitzarmenaren gaineko datu hauek biltzen dituen ziurtagiria aurkeztuko da: destinoko ikastetxea eta egonaldiaren hasiera eta amaiera egunak.
g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzen dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena. Eskabidea aurkeztearen bidez frogatzen da adierazpen hori (II. eranskina).
h) Nafarroatik kanpo dauden goi mailako arte irakaskuntzetako ikastetxeetan ari diren ikasleen kasuan: erantzukizunpeko adierazpena, aditzera ematen duena ez dutela beste laguntza osagarririk hartu nazioarteko mugikortasunerako programetarako, ikastetxea non dagoen kokatuta, bertako autonomia erkidegoaren eskutik. Eskabidea aurkeztearen bidez frogatzen da adierazpen hori (II. eranskina).
i) Egonaldia eskabidea aurkeztu baino lehen amaitu bada, "egonaldiaren amaierako agiria" (III. eranskina) ere aurkeztuko da, behar bezala betea eta destinoko instituzioak zigilatua.
7. Laguntzak emateko irizpideak.
Onartzen den eskaera bakoitzari dagokion zenbatekoa esleituko zaio, kontuan hartuta egonaldiaren hilabete kopurua eta deialdian guztira erabilgarri dagoen zenbatekoa.
8. Ebazpena.
Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalak onartu diren eskatzaileen izenen behin-behineko zerrenda argitaratuko du www.nafarroa.eus atarian, zerbitzuen katalogoan dagokion fitxan, baita baztertutako eskatzaileen izenen zerrenda ere, baztertzeko arrazoiak azalduta. Baztertutakoek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik hasita, baztertzeko arrazoiak zuzentzeko moduko dokumentazioa aurkezteko. Agiriak Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalera igorriko dira, eta eranskin honen 5. oinarrian ezarritako edozein tokitan aurkeztuko dira.
Atal horrek balizko erreklamazioei erantzunen die, eta, ondoren, eskatzaile onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko du, lehenago aipatutako bide berberak erabiliz. Baztertuen kasuan, baztertzeko arrazoia zehaztuko du.
Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez eman edo ukatuko dira laguntzak. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa egiteko organo eskuduna Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atala da, zeinak eskaerak ebaluatuko baititu eta ebazpen proposamena Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiari igorriko baitio.
Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta www.nafarroa.eus atariko zerbitzuen katalogoan argitaratuko da, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritako moduan jakinaraziko zaie interesdunei.
9. Onuradunek bete beharrekoak.
Egonaldia amaituta, laguntzen onuradunek "egonaldiaren amaierako agiria" aurkeztu behar dute (deialdiaren III. eranskina), behar bezala beteta eta destinoko ikastetxeak zigilatuta. Agiri hori "nafarroa.eus" atariko zerbitzuen katalogoan ere eskuratzen ahal da.
Azaroaren 30etik aurrera bukatzen diren egonaldien kasuan, agiria egun hori baino lehen aurkeztuko da, egun hori hartuko baita egonaldiaren azken eguntzat, laguntza justifikatu eta ordaintzeko ondorioetarako.
"Egonaldiaren amaierako agiria" ezinbestekoa da laguntzak ordaintzeko. Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalari zuzenduko zaio, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko Erregistroaren, erregistro elektronikoaren edota edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren bulegoetako baten bitartez. Aipatu agiria igorri baino lehen, eskaneatuta helaraziko da helbide elektroniko honetara: ensearti@navarra.es.
10. Uko egitea.
Laguntzei uko eginez gero, horren berri emanen zaio Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalari ensearti@navarra.es helbidera mezu elektroniko bat bidalita, eta itzuli egin beharko da jasotako dirua.
11. Ez-betetzeak.
Arrazoi hauetako bat gertatzen denean galdu edo murriztuko da laguntza:
a) Egonaldia ez egitea edo hori egin dela egiaztatzen duen "egonaldiaren amaierako agiria" ez aurkeztea. Kasu horretan, laguntza ez da ordainduko.
b) Egiten den egonaldia eskatutakoa eta onartutakoa baino laburragoa izatea, egindako egonalditzat hartuta "egonaldiaren amaierako agirian" agertzen dena. Kasu horretan, laguntzaren onuradunak agirian justifikatutako hilabeteei dagokien zenbatekoa jasoko du soilik, betiere kontuan hartuta justifikatutako egonaldia ezin dela azaroaren 30etik haratago joan, eta betiere egonaldiaren iraupen osoa gutxienez hiru hilabetekoa izan bada.
12. Laguntzaren ordainketa.
Laguntzen onuradunek egonaldia amaitu ondoren jasoko dute zenbateko osoa. Laguntzak ordainketa bakarrean emanen dira, behin onuradun guztiek "egonaldiaren amaierako agiria" aurkeztuta.
Egonaldia azaroaren 30etik aurrera bukatzen duten eskatzaileek laguntza jaso ahal izateko, egun hori baino lehen bidali beharko dute "egonaldiaren amaierako agiria". Ordainketa Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez eginen da.
13. Laguntzaren bateraezintasuna.
Laguntza hauek bateraezinak dira beste autonomia erkidegoek helburu bererako ematen dituzten laguntza osagarriekin.
14. Laguntzen araubide juridikoa.
Oinarri hauetan xedatuta ez dagoen orotan, arau-hausteen eta zehapenen araubidea barne, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoa izanen da.
15. Errekurtsoak.
Oinarrien eta horiek aplikatzeko behin betiko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
16. Informazioa eta harremanak.
Eskabide-orria eta "egonaldiaren amaierako agiria" oinarri hauekin batera argitaratuko dira, "nafarroa.eus" atariko zerbitzuen katalogoan eta "Hezkuntza - Laguntzak eta bekak" atalean.
Edozein zalantza argitzeko, interesdunek honetara jotzen ahalko dute:
–Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atala:
- Hezkuntza Departamentua.
- San Domingo kalea z.g. 31001 Iruña (Nafarroa).
- Telefono zenbakiak: 848 426973 / 848 426218.
- Helbide elektronikoa: ensearti@navarra.es.
Iragarkiaren kodea: F2507132