120. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

437E/2025 EBAZPENA, maiatzaren 26koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen eraginaren txostena egiten baita Nedgia Navarra SLk Caparroso eta Alesbes udalerrietan sustatutako «Sarea eraikitzea eta hura egokitzea HTN Biogas industriatik biometanoa injektatzeko egungo RAA-E02 sarera» proiekturako.

Proiektuaren ezaugarriak direla-eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinaren barnean sartzen da proiektua. Beraz, bertan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen duenez, ingurumen organoak ebazpen arrazoitu batez erabakiko du proiektuak ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta ala ingurumen eraginaren txostena behar duen, txosten honetan ezartzen denarekin bat etorriz.

–Proiektuaren deskribapena:

Gas natural biometanoaren kanalizazio berri bat proiektatu da, Nedgiaren banaketa sarean injektatzeko. Hodia Caparrosoko udal mugapean hasiko da, zehazki 17. poligonoko 103. lurzatian, eta Alesbesen bukatuko da, 1. poligonoko 20. lurzatian. Lurpeko hodiak 6.051 m-ko luzera izanen du, eta ezaugarri desberdinetako zatiak izanen ditu: 6"-ko diametro izendatuko (DI) hodia, 5.858 metro, sareari dagozkionak; 10"-ko diametro izendatuko babes hodia, 186 metro; eta 4"-ko diametro izendatuko hodia, 7 metro, moduluaren irteeran.

Proiektatutako instalazioen barruan, kanalizazioak honako osagai hauek izanen ditu: biometano modulu bat, Caparrosoko 17. poligonoko 103. lurzatian dagoen HTN Biogas upgrading instalazioko (UTM koordenatuak: X = 608.572 Y = 4.681.780) gasa iragazi, erregulatu eta usaina emateko; eta bukaera Alesbesko 1. poligonoko 20. lurzatian (UTM koordenatuak: X= 604.173 Y=4.681.561), egungo «RAA-E02» sarera konektatuz.

Injekzio moduluak, ekoizpen instalazioarekin konektatuta egonen denak, 6,1 m x 2,44 m-ko oinplano angeluzuzena izanen du eta 2,5 m-ko altuera, eta perimetroan 1 metroko espaloia.

Kondizio normaletan, gutxienez metro bateko sakonerako zanga bat egitea eta hodian, luzetara, balbulak jartzea proiektatzen da, bereziki sarbide errazeko zonatan. Lanak egiteko, 3 eta 7 metro bitarteko zabalera behar da, aldi baterako, hodiaren alde bakoitzean, eta, trazadurak uzten duenean, ahalik eta txikiena izan behar du okupazioak.

Hodiaren abiapuntua HTN Biogas injekzio moduluan dago, Caparroso udalerriaren hegoaldean, Alesbesko udalerriarekin mugan. Altzairuz eraikitako 6"-ko diametro izendatuko sarea hego-ekialderantz joanen da hasieran, «Pasada número 9» abelbidetik. Gero, Alesbes udalerrian sartuko da, eta mendebalderantz joko du, Bardeako bidetik. «La Estanca» bazkalekuaren paretik igaro ondoren, «Escorredero de la Bardena» ubidearen ibilgua zeharkatuko du (hormigoiz lastatutako bidegurutzea), eta, eraikitzen ari diren abiadura handiko trenbidea zeharkatu ondoren, bidea utzi eta ureztatutako laborantza lurren gainean dago proiektatuta. Azkenik, trazadurak berriro 275 metro inguru eginen ditu Bardeako bidean, Badina Escudera KBEren mendebaldeko mugan, horri eragin gabe. Tarte horretatik, eroanbideak «Ramal número 13» abelbidearen trazadura hartzen du,«RAA-E02» sarearekin konektatu arte, X = 604.173,91 Y = 4.681.561,94 koordenatuak dituen puntuan.

–Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren tramitazioa:

21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera, kontsultak egin zaizkie ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Kontsulta egin zaie Caparrosoko Udalari, Alesbesko Udalari eta zenbait talde ekologistari, bai eta instalazio berriak ukituriko lurretan edo zerbitzuetan eskumenak dituzten Nafarroako Gobernuko atalei ere (Ondare Historikoaren Zerbitzua). Legean aurreikusitako epean, Caparrosoko Udalak eta Sustrai Erakuntza Fundazioak kontsulta horiei erantzun diete. Caparrosoko Udalak txosten bat aurkeztu du, lurralde antolamenduaren inguruko gaiei buruzkoa, eta Sustrai Erakuntza Fundazioak ingurumen ebaluazio honen xede diren zenbait alderdi alegatu ditu, aztertu eta kontuan hartuko direnak, hala badagokio, eta alegatu ditu, halaber, ingurumen organoaren eskumenetatik kanpokoak eta gasbide proiektuaren ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren oraingo tramitetik kanpokoak.

Bestalde, eta laburpen gisa, Sustrai Erakuntzak honako hau alegatu du ingurumen gaiei buruz:

–Ez dago gas hornidurarako baimen administratiborik HTN jatorrizko puntuan. Alegatu da HTNren egungo ingurumen baimen integratuak ez duela gas hornidurarako baimenik eta, beraz, proiektuak zatikatu egiten direla.

–Alternatiben azterketa eskasa. Aipatu du proiektua, neurri batean, Natura 2000 Sarean dagoen Badina Escudera KBEren barruan dagoela, eta alternatiben azterketak kontuan hartu behar dituela han dauden espezieak. Proiektuari ingurumen eraginaren ebaluazioa arrunta egin behar zaio. Zaratak abifaunarengan duen eraginaren azterketa akustikorik ez dago. Ez dago konpentsazio neurririk Natura 2000 Sareari eragiteagatik. Zuhurtasun printzipioaren beharra. Proiektuak Natura 2000 Sarearen osotasunari ez diola negatiboki eraginen ziurtatu beharko da.

Horri dagokionez, jakinarazten da ingurumen eraginaren txosten honen xede den proiektuak badituela organo substantibo bat eta sustatzaile bat, eta azken hori Sustrai Erakuntza Fundazioak bere idatzian aipatzen duena ez dela, baizik eta beste bat. Aipatu ingurumen baimen integratuaren parte ez den gasbide baten ingurumen eragina aztertzen du txosten horrek. Halaber, adierazi behar da txosten honetan, besteak beste, faunan, floran eta Natura 2000 Sarean izanen lituzkeen eraginak aztertzen direla, bereziki, Badina Escuderako gasbide proiektuak eraginen lituzkeenak.

Jasotako txostenak kontuan hartu dira ingurumen eraginaren txosten hau egiteko, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluaren ondorioetarako.

–Proiektuaren ingurumen analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan harturik:

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluaren arabera, ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen du aipatu legearen III. eranskineko irizpideen arabera, argitzeko ea proiektuari ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egin behar zaion, edo ingurumen eraginaren txostena egin behar den, proiektuak ingurumenean eragin nabarmenik izan ez dezan prebenitzeko beharrezkoak diren alderdiak zehazteko.

Aurkeztutako ingurumen agiria bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten den edukiarekin. Alternatiben azterlana, eragin nabarmena pairatzen ahal duten ingurumen faktoreen deskribapena, proiektuaren ekintzek faktore horietan dituzten ondorioen balorazioa eta agirian minimizatzailetzat jotzen diren zenbait neurri, bai eraikuntza fasean, bai funtzionamendu fasean, ingurumenean eragiten ahal diren ondorio negatibo garrantzitsuak prebenitu eta zuzentzeko. Ingurumen jarraipeneko programa bat ere sartu behar da.

Ingurumen gaiei buruz aurkeztutako dokumentazioak barnean hartzen du alternatiben analisi bat, 0 alternatibaz gain beste hiru aukera jasotzen dituena. Bakoitzaren baldintzatzaileak aztertu ondoren, 3. alternatiba hautatu da. Alternatiba horrek beste alternatiba batzuen eraikuntza baldintzatzaileak saihesten ditu, Badina Escudera KBErekiko mugak luzera txikiagoa du planteatutako 2. alternatibaren kasuan baino, eta, KBEtik hurbil dagoen 200 metroko zatian (ez da haren mugetan sartzen), pistaren zabalera eta lan eremu gehigarria kontserbazio bereziko eremuaren kontrako noranzkoan dauden lurzatietatik lortzen dira.

Trazadurak sare hidrografikoari eragiten dio, Bardeako uhaldietarako erretena (escorredero de la Bardena) 18 metroko luzeran gurutzatuko baitu, aire zabalean, hormigoizko biderakuntza lastatua instalatuz. Aldi baterako ubide horretan agorraldiak egoten dira, jarduketak egiteko erabiliko direnak, eta kontuan hartuko dira beste baldintza batzuk ere bai, batez ere faunari ez eragiteko aldi kritikoetan eta egin beharreko lanen ondoren lehengoratzeko.

Badina Escudera lekune naturaletik eta izen bereko kontserbazio bereziko eremutik hurbil dago jarduketa eremua. Proiektua, hasiera batean, lekuneko putzu nagusietatik urrunduz diseinatu zen, eta, azkenean, kontserbazio bereziko eremuarekin mendebaldean muga egiten duen pistan barrena doa. Trazadura ez doa ezein zatitan KBEren barruan, eta ez eta ez die eragiten KBEko lursailei. Ezartzen diren baldintzen helburua da KBE horretako elementuetan izaten ahal diren balioak eta afekzioak babestea. Hala ere, trazaduraren zati bat KBEko arro hidrografikoaren barruan dago, muga egiten duen sail ureztatua bezalaxe, eta hori kontuan hartu behar da.

Kontserbazio bereziko eremuan eragiten ahal diren kalterik garrantzitsuenak faunari eragindakoak eta faunari sortzen ahal zaizkion trabak dira.

Hala ere, proiektua inguru hurbilean egiten ari da bere ibilbide osoan, baina Badina Escudera KBEren mugetatik kanpo. Beraz, ez da espero proiektuaren exekuzioak, ustiapenak eta, hala badagokio, bertan behera uzteak kontserbazio bereziko eremu hori izendatzeko erabili ziren balio naturalei eragitea.

Obraren tipologia kontuan hartuta, lur mugimenduak dira lurzoruan inpaktu handiena sortzen duten jarduketak. Hala ere, inpaktu hori minimizatu eginen da, trazaduraren zati handiena gaur egun dauden pistetatik eta laborantza lurretatik eginen baita. Lur mugimendu horrek, era berean, makineria astuna lekualdatzea ekarriko du, eta horrek, batez ere, faunari eragiten ahal dio. Horretan arreta berezia jarri beharko da baldintzetan eta obra gauzatzean.

Obrak direla eta, hoditeriaren inguruko eremuak okupatuko dira, eta horrek hodiaren ondoko landarediari (halakorik baldin badago) kalte puntuala eragin diezaioke, betiere lanek dirauten bitartean.

Aurkeztutako azterketak moderatutzat jotzen ditu eraikuntza faseko flora, lurzoru, aire, paisaia eta biztanleriari iraupen jakin batean eragindako kalteak, eta, ondoren, inpaktu guztiak bateragarritzat edo positibotzat jotzen ditu ustiapen fasean. Ingurumen organoak ezarritako baldintzek zainduko dute kalifikazio hori errealitatearekin bat etor dadin.

Azkenik, ingurumena zaintzeko programa bat ere ezartzen du ingurumen agiriak, plangintzaren, obraren eta ustiapenaren faseetarako. Plan horretan ezarritako neurriez gain, ingurumen organoak neurri berriak ezarri ditu baldintzetan.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertuta eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen eragina aztertuta, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak ebatzi du ezen, kontsulten emaitza kontuan izanda eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen eraginaren txosten honetan jasotako zehaztapenak betetzen badira.

Hala, Caparroso eta Alesbes udalerrietan Nedgia Navarra SL enpresak sustatutako «Sarea eraikitzea eta hura egokitzea HTN Biogas industriatik biometanoa injektatzeko egungo RAA-E02 sarera» proiektuaren aldeko txostena egitea proposatzen da, txosten honetan jasotako baldintzak betez; halaber, adierazten da ez dela bidezkoa ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egitea. Dena den, horrek ez du galarazten indarreko legediaren arabera behar diren gainerako baimenak lortzeko betebeharra.

Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura egoki bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura oinarrizkoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua;

EBAZTEN DUT:

1. Caparroso eta Alesbes udalerrietan Nedgia Navarra SL enpresak sustatutako «Sarea eraikitzea eta hura egokitzea HTN Biogas industriatik biometanoa injektatzeko egungo RAA-E02 sarera» proiektuak ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen eraginaren txosten honetan ezarrita dagoen moduan, eta, beraz, ez da beharrezkoa 21/2013 Legearen II. tituluko II. kapituluko 1. apartatuan aurreikusitako ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egitea.

Hala ere, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:

–Obrak hasi aurretik, lan eremuak, hargunearen trazadura eta makinak igarotzeko eta materialak biltzeko eremuak zehaztuko dira argiki. Nahitaezkoa den azalera txikiena izanen dute eremu horiek.

–Materialak pilatzeko eremuak eta makinentzako parkeak nekazaritzako eremuetan jarriko dira, eta inola ere ez dira paratzen ahalko landaredi naturalak estalitako eremuetan.

–Egin beharreko obrak bukatu ondotik ukitutako eremuak leheneratuko dira. Horretarako, obrak hasten direnean, landare-lurreko geruza bat kendu (30 cm gutxienez) eta aparte pilatuko da, hondeaketa lanen gainerako materialetatik bereiz, irekitzen diren zangen gainazala estaltzeko eta obrek ukitutako eremuak leheneratzeko lanetan erabili ahal izateko, obrak bukatzen direnean. Landare lur hori zoruan zabaldu eta profilatu eginen da inguruko lurrarekin doitze fisiografiko egokia lortu arte.

–Leheneratze lanak egitean, makinek zapaldutako lurra destrinkotu eginen da, ereiteko prestatu, eta aldez aurretik landaredi naturala duten eremuetan ereiteko lanak ere eginen dira, horretan ohikoak diren belar eta zuhaixka hazien nahasketa bat erabiliz.

−Ukitutako ureztatze azpiegitura guztiak leheneratuko dira, baita pistak eta horien azpiegitura osagarriak ere.

−Bardeako uhaldietarako erretena (escorredero de la Bardena) agorraldian zeharkatuko du, ibilgura hormigoia duen urik isuri gabe. Era berean, debekatuta dago ibilgu horretan inolako isurketarik egitea.

−Sakan horren bidegurutzean, tarte horretako obrak bukatu eta berehala, lursaila obren aurreko egoera orografikoetara itzuli beharko da, behar bezala funtzionatzen duela bermatzeko.

−Obra egiten den bitartean, garatu beharreko ingurumen zaintzak interes berezia jarriko du Badina Escuderako KBEri eta haren ingurumen balioei ez eragiteko. Ez zaie eraginik sorraraziko, ezein kasutan, Badina Escudera KBEren barnean dauden lurzatiei.

−Honako espezie hauen intereseko habitatak dituzten eremuetan, eta, bereziki, zeharkatzean Bardeako uhaldietarako erretena (escorredero de la Bardena), gainerako zangak eta Badina Escudera KBEren mugakide den zatia, baldintza hauek beteko dira:

  • Apoarmatu istilzalea:
    • Apoarmatu istilzalearen aktibitate baxuko eta hibernazioko aldietan jarduketak egitea saihestuko da. Jarduketak kokaleku horietan programatuko dira, ahal dela martxoa eta urria bitartean egiteko. Jarduera baxuko aldietan obrak egin behar izanez gero, aldez aurretik jarduketa-eremua aztertuko duen espezialista baten laguntza behar da (Ingurumen Zaintzarekin harremanetan jarriko da bisitan laguntzeko). Lanak hasi aurretik, espeziea eremuan ugaltzen ari dela baztertu beharko du, eta zehaztu beharko du zer kondizio diren egokienak espezieari inpakturik ez eragiteko. Jarraipen horiek txosten batean jasoko dira; txostena Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari igorriko zaio, eta haren onespena beharko da lanak hasi ahal izateko.
    • Nolanahi ere, atzerakako hondeamakinaren makinistaz gain, beste langile bat izanen da makinaren ondoan, espezie horretako edozein ale detektatzeko.
    • Jarduerak kontu handiz eginen dira hezeguneetan, goiko geruzan palaz harrapatutako lurra irauli gabe, harekin aleren bat harrapatu bada, hura ez lurperatzeko.
    • Aleren bat detektatuz gero, Ingurumen Zaintzari jakinaraziko zaio, eta hark dagokion tokira eramanen du.
  • Bisoi europarra:
    • Jarduketa-eremuak bisoi europarraren berezko habitat puntualak ditu; horrenbestez, bisoi europarrari kalteak eragitea saihesteko, puntu horietan irailaren 1etik martxoaren 31ra bitartean eginen dira lanak, hots, espezie hori ugaltzeko garai kritikotik kanpo. Salbuespen gisa, eta faunan eskumena duen teknikariak prestatutako justifikazio txostena aurkeztu ondoren, lanak egiten ahalko dira, inguruan belar sastrakak garbitzen badira apirilaren 1a baino lehen. Obrak ez badira berehala hasten, belar sastrakak garbitu beharko dira aldian-aldian, landare estaldura ez dadin hazi obrak hasi arte. Belar sastrakak ez badira garbitu apirilaren 1a baino lehen, espezie babestuetan eskumena duen unitatearen berariazko baimena beharko da. Kasu horretan, belar sastrakak eskuz garbitzea bakarrik izanen da bideragarria. Landare estalkia kendu eta 48 ordura hasten ahalko dira lanak.

–Lanak egin bitartean espezie mehatxatuen katalogo nazional edo autonomikoetan bildutako flora edo fauna espezieren baten presentzia hautemanez gero eta lanek espezie horrengan kalterik eragiteko aukera egonez gero, berehala emanen zaio horren berri Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, eta zerbitzutik xedatzen dena bete beharko da.

–Obrak egitean, saihestu eginen da solidoak edo sedimentuak bertan dagoen edozein ur-lasterretatik arrastatzea.

–Obran bertan berrerabiltzen ez diren hondeaketako soberako harriak eta lurrak bertatik kenduko dira, eta baimendutako hondakinen kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu. Sortzen diren gainerako hondakin guztiak era egokian kudeatu behar dira, haien ezaugarrien arabera, bat etorriz hondakinei buruz indarrean den araudiarekin.

–Arreta berezia jarriko da edozein ibilgailuk 20 km/h baino abiadura handiagoan zirkulatzeko duen mugan.

–Faunari eragiten dioten gaueko lanak ez dira eginen X605294, Y4681238 eta X604971, Y4681126 puntuen artean. Puntu horiek bidegurutzeetan daude, Badina Escudera KBEren inguruan behar bezala kokatzeko.

–Proiektuaren V35 puntuan proiektatutako balbula (koordenatuak: X605062 eta Y4691085), proiektatutako kokalekutik gutxienez 50 metro mugituko da mendebalderantz, balbulak Badina Escuderako KBErekin muga egin ez dezan eta, horrela, etorkizuneko lanetan haren gaineko eraginak eragozteko, halakorik eginen balitz.

–Zangan zehar, tarteka, arrapalak jarriko dira distantzia jakin batetik behin, eraikuntza fasean bertara istripuz erortzen den fauna askatzeko. Zanga estali aurretik, berrikusi eginen da eta, hala badagokio, barruan dagoen fauna askatuko da.

–Ondare arkeologikoaren gaineko eraginei dagokienez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak egindako aldeko txostena lortu beharko da administrazio baimena eskuratu aurretik.

–Lanak egin bitartean lur azpian aztarna arkeologikoren bat agertuko balitz, ordura arte ezezaguna, sustatzaileari gogorarazi behar zaio legezko betebeharra dela horren berri berehala ematea Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari.

–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 16ko 222/2016 Foru Agindua (sua lurzoru urbanizaezinean nola erabili arautzen duena, oihaneko suteak prebenitzeko) edo obra egiteko unean indarrean dagoen araudia beteko da. Arreta berezia jarriko da soldadura lanen eta inguruko landaredian suteak eragiten ahal dituzten lan guztien prebentzioan.

–Obrak hasi baino astebete lehenago, gutxienez, abisua eman beharko zaio Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari (seguimiento.ambiental@navarra.es).

–Astebete lehenago, gutxienez, beharrezkoa izanen da sustatzaileak Ingurumen Zaintzari jakinaraztea. Horretarako, mezu elektronikoa bidali behar dio Tuterako barrutiari (gmatudela@navarra.es) edo 609904957 telefonora deitu.

–Txosten honek ez du sustatzailea salbuesten indarreko legediaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk eskuratzetik.

2. Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua baimentzeko egintzaren aurka, hala badagokio, auzibidean jartzen ahal direnak, hala badagokie.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau helaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Azpiegitura Energetikoen Atalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera, Tuterako Koordinazio Unitatera eta interesdunari.

Iruñean, 2025eko maiatzaren 26an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2507707